Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2023ko ekainaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3017

63/2023 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Mondragon Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza-hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko gehigarria, unibertsitateko ikasketak amaitu dituztenak lan-merkatuan sartzekoa eta hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeari buruzko informazio-sistema bat garatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du aipatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko gehigarri hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Mondragon Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza-hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko gehigarria, unibertsitateko ikasketak amaitu dituztenak lan-merkatuan sartzekoa eta hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeari buruzko informazio-sistema bat garatzekoa. Gehigarri hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 20a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 20KO 63/2023 EBAZPENARENA
MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN ETA LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA ALDATZEKO ETA LUZATZEKO GEHIGARRIA, UNIBERTSITATEKO IKASKETAK AMAITU DITUZTENAK LAN-MERKATUAN SARTZEKO ETA HEZKUNTZA- ETA ENPLEGU-POLITIKAK GARATZEARI BURUZKO INFORMAZIO-SISTEMA BAT GARATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Vicente Atxa Uribe jauna, Mondragon Unibertsitateko errektorea, unibertsitatearen izenean eta ordezkari gisa, Artezkaritza Kontseiluak 2014ko irailaren 8an hartutako erabakiaren bidez izendatu zuelako, eta horretarako behar besteko ahalmena duelako.

Eta bestetik, Idoia Mendia Cueva, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko presidentea eta legezko ordezkaria, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bi aldeek, dagokien ordezkaritza baliatuz, obligazioak hartzeko eta hitzarmenak egiteko ahalmena aitortzen diote elkarri, eta hauxe

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– 2019ko uztailaren 8an, bi alderdiek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko. Hitzarmena 2019ko urriaren 10eko EHAAn argitaratu zen.

Hitzarmenaren xedea zen informazio-sistema bat ezartzea, inkestak oinarri hartuta horretarako, Mondragon Unibertsitateko egresatuak lan-munduan txertatzeak eta lan-merkatura igarotzeak dituen ezaugarriak identifikatu ahal izateko eta haien kualifikaziorako eta enplegagarritasunerako hezkuntza- zein enplegu-politikak garatu ahal izateko.

Bigarrena.– Hitzarmenaren 8. klausularen arabera, hitzarmenaren indarraldia 2023ko uztailaren 8ra arte luzatuko da, eta urtero luzatu ahal izango da, indarraldia amaitu baino lehen, bi alderdiek hala adosten badute, gehienez ere beste 4 urtez.

Bi erakundeek hala adostuta, hitzarmenaren edukiaren zati bat aldatzea eta indarraldia beste 4 urtez luzatzea erabaki da.

Hori horrela, bi aldeek

ADOSTU DUTE:

Lehenengoa.– Hitzarmenaren edukia aldatzea.

1.– Egin beharreko jarduerei buruzko bigarren klausulan dagoen «Faseak eta epeak» ataleko 5. puntua aldatzen da. Honela idatzita geratuko da:

«5. Hedapena. Ezinbestekoa da egindako lanari merezi duen balioa ematea eta azterketaren emaitzak gizarteari helaraztea. Horretarako, hona hemen jarduerak:

Datuak jaso ostean, Lanbidek ezarriko du nola zabaldu eta argitaratu behar diren emaitza nagusiak, aldez aurretik Mondragon Unibertsitatearekin hitz eginda.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute emaitzak jaso eta hurrengo hamabost egunetan ez argitaratzeko.

Txostenak jaso ondorengo epea igarota, inplikatutako alderdiek emaitzak argitaratu ahal izango dituzte, egokitzat jotzen dituzten bitartekoen bidez.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak azterlanaren datu garrantzitsuenak aurkeztuko dizkio Mondragon Unibertsitateari, hark eskatuz gero.»

2.– Aldatu egin da hitzarmenaren iraupenari buruzko klausula, zortzigarrena, eta ezabatu egin da «urtero» hitza. Honela idatzita gertuko da:

«Hitzarmen honek 4 urteko indarraldia izango du hasieran, sinatzen den egunetik hasita.

Indarraldia amaitu aurretik, edozein unetan, aldeek aho batez adostu dezakete indarraldia urtebetez luzatzea –gehienez beste lau urtez–, edo hitzarmena azkentzea.»

Hitzarmenaren gainerako klausulak ez dira aldatu.

Bigarrena.– Mondragon Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren iraupena 4 urtez luzatzea, unibertsitate-ikasketak amaitu dituzten pertsonen lan-merkatuan sartzeari eta hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeari buruzko informazio-sistema bat garatzeko.

Onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak luzapen honek.

Aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, bertaratuek adenda honen bi ale sinatu dituzte, ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Mondragon Unibertsitatearen aldetik,

Mondragon Unibertsitateko errektorea,

VICENTE ATXA URIBE.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik,

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lehendakaria

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala