
120. zk., 2023ko ekainaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (562 KB - 25 orri.)
- EPUB (489 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3016
AGINDUA, 2023ko ekainaren 13koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2023an dirulaguntzak emateko elkarte jakin batzuei; hain zuzen ere, emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten elkarteei. Era berean, agindu honen bidez, dirulaguntza horiek arautzen dira.
Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak zehazten du Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela EAEko jarduera ekonomikoa sustatzeko, garatzeko eta planifikatzeko, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera. Aldiz, 9. artikuluak ezartzen du euskal botere publikoek, beren eskumenen eremuan, bereziki bultzatuko dutela bizi- eta lan-baldintzen hobekuntza ekar dezakeen politika, eta neurriak hartuko dituztela enpleguaren hazkundea eta ekonomiaren egonkortasuna sustatzen laguntzeko.
Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak 27.3 artikuluan jasotzen duenez, EAEko administrazio publikoek lege honetan aurreikusten diren helburuak lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarte eta erakundeei lagunduko diete.
Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 7/2021 Dekretuaren 13.j) artikuluaren arabera, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzaren eginkizunen artean dago enpresaren eta hezkuntzaren munduarekin lankidetzan aritzea enpleguari eta prestakuntzari buruzko ikerketarako, eta arlo horretan konponbide berritzaileak aplika daitezen sustatzea.
Hori horrela, deialdi honen bidez bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, dirulaguntza-deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun-, konkurrentzia- eta publikotasun-printzipioak bermatzeko gutxieneko legezko oinarriak ezartzea; bestetik, Lan eta Enplegu Sailak funts publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.
Lan eta Enplegu Sailaren arabera, agindu honen bidez Autonomia Erkidegoan enplegu-arloan lortu nahi den laguntza beste tresna bat da emakumeen ekintzailetza sustatzen eta enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzen laguntzeko.
Agindu hau Lan eta Enplegu Sailaren Dirulaguntza Plan Estrategikoan dago jasota, zeina 2023ko ekitaldirako onartu baitzen, beste agindu honen bitartez: Agindua, 2023ko martxoaren 2koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, Lan eta Enplegu Sailaren 2023ko Dirulaguntza Plan Estrategikoa onartzen duena.
Helburu hori betetzeko eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 51.2 artikuluan jasotzen duen eskumena erabiliz eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuan oinarrituta,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honen xedea da deialdia egitea 2023an dirulaguntzak emateko entitate jakin batzuei –hain zuzen ere, emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten entitateei–, norgehiagoka-araubidean. Era berean, agindu honen bidez, dirulaguntza horien oinarri arautzaileak ezartzen dira.
Deialdi honen ondorioetarako, hauek izango dira emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta laguntzeko eta enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten jarduerak:
– Emakumeen ekintzailetza sustatzea eta emakumeak buru dituzten enpresak edo enpresa berriak bultzatzea.
– Enpresetako zuzendaritzan eta zuzendaritza-organo eta -postuetan emakumeak sar daitezen laguntzea.
– Emakumezko enpresaburu edo zuzendarien asoziazionismoa garatzea.
– Entitateen eta emakumeen arteko lankidetza-sareak sortzea, eta gizartean parte har dezaten eta elkarteak garatu ditzaten erraztea.
– Emakumezko enpresaburu, zuzendari eta profesionalen ikusgarritasuna sustatzea erabaki-eremuetan.
Jarduerok egiaztatzeko, azaldutako helburuek gutxienez bi urte lehenagotik jasota egon beharko dute entitatearen sozietate-xedean edo estatutuetan. Hori horrela ez bada, entitateek (elkarteek) jarduketaren justifikazio-memoria baten bidez egiaztatu beharko dute xede horiek beren jardueren eta helburuen parte direla. Memorian, azaldutako helburuei lotuta zer jarduera egin diren zehaztuko da (0.1 eranskina). Memoriarekin batera, erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztuko da.
2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasota dagoen aurrekontu-kredituaren kontura finantzatuko dira. Adierazitako kreditua 175.000 eurokoa da 2023an.
2. artikulua.– Erakunde (elkarte) onuradunak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke egoitza soziala eta ezarpen nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan duten elkarteak, baldin eta emakumeen ekintzailetza sustatzea eta emakumeen talentua enpresa eta erakundeen zuzendaritza-organoetan sartzea helburu badute, irabazi-asmorik ez badute eta administrazio publikoarekiko independenteak badira, agindu hau argitaratzen den egunean legez eratuta badaude eta Elkarteen Euskal Erregistroan inskribatuta badaude, eta deialdia argitaratu baino gutxienez bi urte lehenagotik eratuta badaude.
2.– Ezingo dira agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden entitateak.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.5 artikuluan ezartzen duenez, ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluak xedatzen duenarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasi bazen eta oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da entitate (elkarte) onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
4.– Eskatzaileek eskabidea aurkeztean egiaztatu beharko dute arestian azaldutako betekizun guztiak betetzen dituztela.
5.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betekizuna, bai eta itzulketa-betebeharrak egunean izatekoa ere, bete egin behar dira bai laguntza ematean bai hura ordaintzean.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Deialdi honen bidez, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egindako gastuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta dirulaguntzaren xedearekin lotuta badaude. Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira entitate onuradunen instalazio eta egoitza sozialen mantentzeari eta funtzionamenduari zuzenean lotutako gastuak, entitateak (elkarteak) exekuzio-aldian egindakoak, hau da, hornidura-gastuak (argia eta ura, esaterako), lokalaren alokairu-gastuak, bai eta zerbitzu profesional independenteen gastuak, soldata-, publizitate- eta propaganda-gastuak eta harreman publikoen gastuak ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren helburuak betetzeko balio badute eta erakundea finkatzen, sendotzen eta garatzen laguntzen badute. Entitateek, dirulaguntzaren xede diren jarduerak ez ezik, beste izaera bateko jarduerak ere egiten dituztenean, dirulaguntzaren xedea betetzeko erabiltzen den gastu horien ehunekoa baino ez da aplikatuko.
3.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, hauek barnean direla: ordainketetan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.
4.– Artikulu honetan zehazten ez diren gaietarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 31. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da oinarrizko legeriatzat.
4. artikulua.– Dirulaguntza-lerro espezifikoak eta dirulaguntzak jasotzeko gutxieneko puntuazioa.
1.– Bi dirulaguntza-lerro ezartzen dira baliabide ekonomikoak esleitzeko, helburuaren arabera:
a) 1. dirulaguntza-lerroa: Deialdi honen 1. eta 3. artikuluetan aipatzen diren gastuak, Dirulaguntzen Aginduaren xede orokorraren ondoriozkoak.
b) 2. dirulaguntza-lerroa: Tamaina edo finantza-nahikotasun txikieneko entitateei (elkarteei) laguntzea, haien garapena bultzatzeko.
2.– Eskabideek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte 1. dirulaguntza-lerroan, agindu honen 5., 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren irizpide, baremo eta puntuazioen arabera. Gainerakoak ezetsi egingo dira.
5. artikulua.– Balorazio-irizpideak, dirulaguntza-lerroka.
Baliabide ekonomikoak helburuaren arabera esleitzeko, balorazio-irizpide hauek ezartzen zaizkie aurreko artikuluan jasotako dirulaguntza-lerroei:
1.– Lehenengo dirulaguntza-lerroa baloratzeko irizpideak:
a) Lurralde-ezarpena.
Lehenik eta behin, baloratuko da entitatearen jarduketa-eremua lurralde historikoa edo EAE izatea, eta horietan presentzia instituzionala izatea. Horretarako, estatutuetan zer lurralde-eremu ageri den egiaztatuko da.
Bigarrenik, tokiko jarduketa-eremua baloratuko da.
b) Sare-lana: beste entitate batzuekin lankidetzan egindako jarduerak.
Baloratuko da entitateak (elkarteak) ahalik eta sareko jarduera gehien egitea. Horretarako, 2022. urtea, aurreikusitako jarduera-plana eta 2023an egindako jarduerak hartuko dira erreferentziatzat. (III. eranskina).
Jarduera kolaboratiboak hartuko dira kontuan, dirulaguntzaren xedeari lotuta daudenak; zehazki, emakumeen ekintzailetza sustatzeari eta enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeari lotuta daudenak. Jarduerak beren osotasunean kontuan hartuko dira, hau da, prestakuntza-programa bat bada, behin zenbatuko da, eta ez prestakuntza-programaren saio bakoitza.
Entitatearekin (elkartearekin) sarean aritzen diren entitate (elkarte) motei dagokionez, zenbaketatik kanpo utziko dira Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak, hiru entitate horien organismo autonomoak eta finantza-entitateak.
c) Espezializazioa: dirulaguntzaren xede diren jardueretan aritzea.
Baloratuko da entitatea (elkartea) dirulaguntzaren xedeari lotutako jarduketetan aritzea batez ere, eta, beraz, entitateei puntuazio handiagoa emango zaie baldin eta egiaztatzen badute 2023ko programa eta jarduera guztiek lotura zuzena dutela dirulaguntzaren xede den gaiarekin: emakumeen ekintzailetza sustatzea eta enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzea. (IV. eranskina)
d) Afiliatuak.
Entitatearen (elkartearen) bazkide-kopurua baloratuko da. Zenbaketan kontuan hartzeko, afiliatuek eskubide osoko kide gisa inskribatuta egon behar dute elkartean 2022ko abenduaren 31n, eta beren partaidetza-kuota ordaindu behar dute. Kuota ordaintzetik salbuetsita dauden bazkideak ere zenbatuko dira, baldin eta elkarteak salbuespena eta haren arrazoiak egiaztatzen baditu.
Bazkide-kopurua egiaztatzeko, hori legez frogatzen duen edozein dokumentu aurkeztu beharko da, edo, bestela, legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, entitatean 2022ko abenduaren 31n zenbat bazkide ziren zehazten duena. Administrazioak bazkideen datuak eskatu ahal izango ditu, emandako informazioa egiazkoa dela frogatzeko.
e) Boluntarioak.
Dirulaguntzaren xede diren helburuak betetzeko boluntario diharduten pertsonen kopurua baloratuko da. Borondatezko zer jarduketa egin dituzten zehaztuko da.
Baloratu ahal izateko, puntuazioaren banaketa zehaztuko da, tarte bakoitzean zenbat boluntario dauden aintzat hartuta. Datu hori legez egiaztatzen duen edozein dokumentu aurkeztu beharko da balorazioa egiteko, edo, bestela, legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, entitatean 2022ko abenduaren 31n zenbat boluntario ziren zehazten duena.
f) 2022an egindako jarduerak.
2022an egindako jarduerak baloratuko dira; bereziki, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia dutenak. Eskabidean, deskripzio-memoria bat aurkeztu beharko da (II. eranskina), informazio hau jasoko duena urte horri begira:
– Helburuak.
– Egindako jarduerak.
– Jardueren ebaluazioa, helburuaren eta emaitzen adierazleen bidez.
– Aurrekontua.
– Aurrekontuaren finantzaketa: diru-sarreren jatorria eta xedea.
– Emakume ekintzaileak eta, orobat, zuzendaritza-, informazio- eta zabalkunde-postuetan, bazkideei eta bazkide ez direnei aholkularitza emateko postuetan eta merkataritza- eta marketin-ekintzetako postuetan dauden emakumeak ikusarazteko jardueren kopurua, bazkide berriak eta beste finantzaketa-iturri pribatu batzuk erakartzeko.
g) 2023ko jarduketa-programa.
Eskabidean, 2023 urterako deskripzio-memoria aurkeztu beharko da (II. eranskina):
2023an egindako eta urte horretarako planifikatutako jarduerak baloratuko dira; bereziki, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia dutenak.
– Helburuak.
– Jarduketa-plana (jarduerak, proiektuak...).
– Jardueren jarraipena egiteko eta emaitzak ebaluatzeko plana.
– Aurrekontua.
– Aurrekontuaren finantzaketa: diru-sarreren jatorria eta xedea.
– Emakume ekintzaileak eta, orobat, zuzendaritza-, informazio- eta zabalkunde-postuetan, bazkideei eta bazkide ez direnei aholkularitza emateko postuetan eta merkataritza- eta marketin-ekintzetako postuetan dauden emakumeak ikusarazteko jardueren kopurua, bazkide berriak eta beste finantzaketa-iturri pribatu batzuk erakartzeko.
Dirulaguntza justifikatzeko memoria 2023ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da, eta koherentea izan beharko du 2023ko jarduera-planarekin. Aldaketarik egonez gero, arrazoiak azaldu beharko dira.
h) Finantza-kontrola.
Elkarteei buruzko legeriak ezartzen dituen kontabilitate- eta finantza-betekizunak konplitzen diren baloratuko da. (VI. eranskina)
Positiboki baloratuko da entitateak (elkarteak) efizientziako, legezkotasuneko, berrikuspeneko eta finantza-kontroleko jardueren mende jartzea bere kudeaketa. Eremu honetan, balorazio-maila hauek definitzen dira:
– Gehieneko puntuazioarekin baloratuko da entitateak azken 2 urteetan kanpoko auditoretza independente bat izan duela egiaztatzea.
– Kanpoko entitate (elkarte) batek ikuskatzen ez badu, kontabilitate-arauen araberako barne-kontrol ekonomiko-finantzarioa egitea baloratuko da, bigarren puntuazio-mailan.
2.– Bigarren dirulaguntza-lerroa baloratzeko irizpideak:
Lehenengo dirulaguntza-lerroan 50 puntu edo gehiago lortu dituzten entitateek (elkarteek) baino ez dute sarbidea izango partida ekonomiko horretara, eta horiei bakarrik aplikatu zaizkie balorazio-irizpideak. Zenbatekoa oinarri sozial txikiena eta finantza-nahikotasun txikiena duten entitateei (elkarteei) banatuko zaie, hazkunderako pizgarri gisa, hauen arabera:
– Kuoten eta baliabide propioen ekarpena.
– Elkartearen afiliatu-kopurua, kuotarekin eta kuotarik gabe.
– Entitatearen 2023ko aurrekontuari esleitutako kanpoko baliabide pribatuak.
– Entitatearen 2023ko aurrekontuari esleitutako baliabide publikoak.
6. artikulua.– Dirulaguntza-lerroka esleitutako baliabide ekonomikoak:
Agindu honen 4. artikuluan jasotako dirulaguntza-lerroei esleitutako baliabide ekonomiko hauek ezartzen dira:
1.– Lehenengo lerroa: Deialdi honen 1. eta 3. artikuluetan aipatzen diren gastuak, Dirulaguntzen Aginduaren xede orokorraren ondoriozkoak.
Lerroaren guztizkoa 165.000,00 euro da, eta oinarrizko zenbateko batez eta zenbateko aldakor batez osatuta dago:
a) Oinarrizko zenbatekoa:
Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren 115.000,00 euro bideratzen dira lerro honetara, eta kopuru hori modu ekitatiboan banatuko da (zati berdinetan) 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten entitateen (elkarteen) artean, 1. dirulaguntza-lerrorako 7. artikuluan adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioetatik abiatuta.
50 puntu edo gehiago dituzten entitateen (elkarteen) kopurua 7tik gorakoa bada, puntuazio handiena lortu duten 7 entitateen artean banatuko da oinarrizko zenbatekoa. Zazpigarren postuan geratu diren entitateak (elkarteak) puntutan berdinduta badaude, bakoitzari zati proportzionala banatuko zaio (guztizkoaren 1/7).
b) Zenbateko aldakorra:
Gainerako zenbatekoa, 50.000,00 euro, puntuazio onenak dituzten 5 entitateen (elkarteen) artean banatuko da, 1. dirulaguntza-lerrorako 7. artikuluan adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioetatik abiatuta, ehuneko hauek oinarri hartuta:
– % 30 emango zaio puntuaziorik handiena lortu duen entitateari.
– % 25, bigarren puntuaziorik handiena lortu duenari.
– % 20, hirugarren puntuaziorik handiena lortu duenari.
– % 15, laugarren puntuaziorik handiena lortu duenari.
– % 10, bosgarren puntuaziorik handiena lortu duenari.
5 entitate (elkarte) parte-hartzaile baino gutxiago badira 50 puntu edo gehiago lortu dituztenak, soberakina gutxieneko puntuazioa lortu duten entitateen (elkarteen) artean banatuko da modu ekitatiboan.
Puntuazioetan berdinketarik gertatzen bada, ezin izango da gainditu balorazio aldakorreko fasean esleitutako gehieneko zenbatekoa (50.000,00 euro). Berdinketa badago, honela banatuko da zenbatekoa: bi entitate (elkarte) puntuaziorik handienean (% 30) berdinduta badaude, adibidez, ehuneko hori egokitu egingo da, eta % 27,5ekoa izango da entitate horietako bakoitzarentzat. Ondorioz, hurrengo sailkatua 3. postura igaroko da eta % 20 egokituko zaio, eta horrela hurrenez hurren.
2.– Bigarren lerroa: tamaina edo finantza-nahikotasun txikieneko entitateei (elkarteei) laguntzea, haien garapena bultzatzeko. Zenbateko aldakorra (10.000,00 euro)
Dirulaguntza-lerro honen zenbatekoa (10.000,00 euro) bakarrik aplikatuko zaie lehenengo dirulaguntza-lerroan 50 puntu edo gehiago lortu dituzten entitateei (elkarteei). Zenbateko hori oinarri sozial eta finantza-nahikotasun txikieneko entitateei (elkarteei) banatuko zaie, pizgarria izan dadin bai bazkide-kopuruari dagokionez bai beste finantzaketa-iturri pribatu batzuk lortzeari dagokionez hazteko. Baliabideak esleitzeko, 2. dirulaguntza-lerrorako 7. artikuluan adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan.
Zenbatekoa banatzea:
– 5.000,00 euro, puntuaziorik handiena lortzen duen entitateari.
– 3.500,00 euro, bigarren puntuaziorik handiena lortzen duenari.
– 1.500,00 euro, hirugarren puntuaziorik handiena lortzen duenari.
7. artikulua.– Balorazio-irizpide orokorrak eta espezifikoak: baremoak eta puntuazioak.
Dirulaguntza esleitzeko, agindu honek 1. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen duen aurrekontu-kredituaren zenbatekoaz gain, balorazio-irizpideen baremo eta puntuazio hauek hartuko dira kontuan.
1. lerroa: Oinarrizko zenbatekoa eta zenbateko aldakorra zehazteko irizpideak eta puntuazioak.
(Ikus .PDF)
2. lerroa: Zenbateko aldakorra zehazteko irizpideak, graduazioa eta puntuazioak.
(Ikus .PDF)
8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Laguntzak emateko deialdi honetako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz egingo dira.
2.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: https://euskadi.eus/zerbitzuak/1112303.
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
3.– Espedientea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren «Nire Karpeta» atalean egongo da eskuragarri (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta haren bidez egingo dira errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta agindu honen eraginpean dauden eskabidea aurkeztu ondorengo gainerako kudeaketak.
9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.
3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Laguntza-eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzen direla.
10. artikulua.– Dokumentazioa.
1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen inprimakian beteko da. (I. eranskina)
2.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira:
a) Sinatzailearen identifikazioa, edo, hala badagokio, deialdi honen organo kudeatzaileari hura egiaztatzeko baimena, eta daukan ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentua, edo erakundearen (elkartearen) organo eskudunaren ziurtagiria, sinatzaileak haren izenean betebeharrak bere gain hartzeko gaitasuna duela egiaztatzen duena.
b) Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
c) Estatutuak, behar bezala legeztatuta.
d) 2022ko jardueren memoria eta 2023ko aurreikuspen-memoria. (II. eranskina)
3.– Eskabide-inprimakian, erantzukizunpeko adierazpena sartuko da (V. eranskina), eta haren bidez egiaztatuko da betekizun hauek konplitzen direla:
a) Helburu bererako diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuen egoera (eskatuta, jasota edo izapidetzen), edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduren egoera, halakorik izapidetzen ari bada.
c) Entitate (elkarte) eskatzaileari ez zaiola ezarri, epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik, edo bestelako zigorrik prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen erabilera bidegabea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak direla-eta.
d) Entitate (elkarte) eskatzaileak dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duela, erregelamenduz ezarritako eran.
e) Entitate (elkarte) eskatzaileari ez zaiola ezarri, epai irmo bidez, lege honen edo beste lege batzuetan zehaztutakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapenik.
f) Entitate (elkarte) eskatzaileari ez zaiola ezarri dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapen penal edo administratiborik sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik, eta, orobat, ez zaiola debeku hori dakarren zehapenik ezarri Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.
g) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan ageri diren datuak, eta betetzen direla dirulaguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
4.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, laguntzak eskatzen dituzten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta ez du entitateen baimena beharko horretarako. Hala ere, entitate eskatzaileak espresuki uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du entitatea Elkarteen Erregistroan inskribatuta dagoela.
11. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
Dirulaguntza-eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentuak aurkezten ez badira, errekerimendua egingo zaio erakunde eskatzaileari, hamar eguneko epean hutsa zuzendu dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezarritako ondorioak izango ditu.
12. artikulua.– Eskabideak baloratzeko batzordea.
1.– Balorazio-batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Hura arduratuko da proiektuak baloratzeaz, aurreko artikuluetan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta dirulaguntzen ebazpen-proposamena aurkezteaz.
2.– Hauek dira balorazio-batzordeko kideak:
– Francisco Pedraza Moreno, Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendaria. Batzordeburua izango da.
– Edurne Barañano Etxebarria, Enplegu eta Gizarteratze Zerbitzuko arduraduna.
– María Sanz de las Heras, Lan eta Enplegu Saileko berdintasun-teknikaria.
– Nagore Garzón Ventades, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu.
3.– Jarraipen-batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 15.etik 22.era bitarteko artikuluetan kide anitzeko organoetarako ezarritakoaren araberakoa izango da.
13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek xede eta helburu bererako ematen dituztenekin. Edonola ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundu den jardueraren guztizko kostua.
2.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eta entitate (elkarte) onuradunak beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik xede eta helburu bererako jasotzen dituen bestelako dirulaguntzak metatzen badira, eta dirulaguntza horien baturak dirulaguntzaren xede den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta murriztu egingo da Eusko Jaurlaritzak Lan eta Enplegu Sailaren bidez emango duen dirulaguntzaren zenbatekoa.
14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.
1.– Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritza izango da agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordetzako titularraren ebazpenaren bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Enplegu Saileko titularrari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Ebazpena gehienez ere 4 hilabeteko epean eman beharko da, baita entitate (elkarte) interesdunei jakinarazi ere, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie elkarte interesdunei, elektronikoki, eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian entitate (elkarte) onuradunen zerrenda eta emandako laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira urtean behin, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
15. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.
Dirulaguntza emateko xedea bete bada eta entitate (elkarte) onuradun izateko agindu honetan ezartzen diren betekizunak konplitu badira, dirulaguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero edo beste administrazio batzuek edo beste entitate (elkarte) publiko edo pribatu batzuek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk metatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate (elkarte) onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.
16. artikulua.– Erakunde (elkarte) onuradunen betebeharrak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluarekin bat, laguntzak jasotzen dituzten entitateek (elkarteek) betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate (elkarte) onuradunek dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da, eta aipatutako epea igaro ondoren ordainduko da.
b) Dirulaguntza ematea dakarren jarduera egitea edo dirulaguntza ematea dakarren egoeran egotea, eta dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan.
d) Beste administrazio edo entitate (elkarte) publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea entitate esleitzaileari.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien entitateari (elkarteari).
f) Dirulaguntzen zertarakoa eta aplikazioa garantizatzea, berme erlazionalen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorriz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate (elkarte) laguntzaileek konplitu beharreko betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dira.
2.– Entitate (elkarte) onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak konplitu beharko dituzte.
3.– Era berean, entitate (elkarte) onuradunek dirulaguntzaren xede diren jarduketen sustapenari eta finantzaketari publizitate egokia eman beharko diete, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren lankidetza eta laguntza jaso dutela adierazi beharko dute. Betebehar hori gauzatzeko, sailaren irudi instituzionala jarriko da karteletan, inprimatutako materialetan, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezkoetan eta bestelako euskarrietan, bai eta komunikabideetan egindako aipamenetan ere. Horrez gain, testu bat jarriko da aipatutako materialetan, esku-hartze publikoko programak finantzaketa publikoa duela azaltzen duena eta haren helburuaren berri ematen duena.
17. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluari lotuta, entitate onuradunek Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko dute, 2023ko abenduaren 31 baino lehen, bete egin dela dirulaguntzak ematea eragin zuen helburua. Horretarako, egindako jardueren azalpen-memoria aurkeztu beharko dute.
Gainera, justifikazio-kontu bat erantsi beharko da (VIII. eranskina), kontabilitate-arauak betetzen dituena eta 2023. urtean egindako gastuak zehazten dituena. Han, gastu arrunten eta funtzionamendu-gastuen zerrenda jasoko da, kontuan hartuta eskuratze-kostua ezin dela izan merkatuko balioa –nominak, fakturak eta abar– baino handiagoa. Gastuen originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, hala badagokio, baita kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten TC kotizazio-buletinak eta ordainketa egin dela egiaztatzeko bankuko agiriak ere.
18. artikulua.– Ordaintzeko modua.
Ordainketa zatika egingo da, honela:
a) Lehenengo ordainketa dirulaguntzaren % 50 izango da, eta onuradunak dirulaguntza onartu ondoren ordainduko da. Agindu honen 16.a) artikuluan jasotzen denez, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean, elkarteak dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.
b) Bigarren ordainketa dirulaguntzaren guztizko gastua justifikatu ondoren egindako likidazioaren emaitzari dagokio, eta 2023ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.
19. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Dirulaguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako berandutze-interesak, hala agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.
2.– Erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.
3.– Era berean, dirulaguntza itzultzeko arrazoiei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
20. artikulua.– Datuak babestea.
Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.
Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/informazioa/datuak-babesteko-erregelamendu-orokorrak/.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 13a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
RSS