
118. zk., 2023ko ekainaren 22a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (122 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
2981
AGINDUA, 2023ko ekainaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bitartez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkariak bere kargua uztea eta haren ordezkoa izendatzea, eta aipatutako Arbitraje Batzordearen egoitza finkatzea.
Maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak Arbitraje Batzorde bat arautzen du, eta, Itunaren 66. artikuluaren 1. apartatuak ezarritakoaren arabera, eginkizun hauek ditu batzorde horrek:
a) Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean edo foru-aldundien eta beste autonomia-erkidegoetako administrazioen artean sortzen diren gatazkak ebaztea, bai tributu itunduen lotuneen aplikazioari dagokionez, bai administrazio bakoitzari zenbateko zatia dagokion zehazteko, sozietateen gaineko zergaren edota balio erantsiaren gaineko zergaren baterako tributazioaren kasuetan.
b) Banakako tributu-harremanetako arazo zehatzetan Ekonomia Itun hau interpretatzeko eta aplikatzeko orduan administrazio interesdunen artean sor litezkeen gatazkak erabakitzea.
c) Zergadunen egoitza dela-eta sor litezkeen desadostasunak ebaztea.
Bestetik, abenduaren 28ko 1760/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Arbitraje Batzordearen Erregelamenduak, maiatzaren 24ko 392/2022 Errege Dekretuak emandako idazkeran, honako hau ezartzen du 7. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan:
1.– Arbitraje Batzordeak idazkari bat izango du. Idazkari hori ezin da Batzordeko kide izan, eta hauetako baten zerbitzuko pertsona izango da: Estatuko Administrazioa edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa edo foru-aldundiak.
2.– Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak izendatuko dute, txandaka, Arbitraje Batzordeko idazkaria, hiru urterako izendatu ere.
(...).
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, 2021eko uztailaren 29an, akordio bat onartu zuen, Arbitraje Batzordearen baliabideak egokitzeko eta esleitutako funtzioak betetzeko gaitasuna hobetzeko. Akordio horretan, besteak beste, aholkularitza teknikoaz arduratuko diren bi pertsona izendatzea baimendu zen, horietako bat Estatuko Administrazioak izendatzekoa eta bestea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak. Aholkulari horiek txandaka izendatuko dira, hiru urteko aldietarako, Arbitraje Batzordeko Idazkaritzaren eginkizunak betetzeko, Arbitraje Batzordearen Erregelamenduaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Horren ondorioz, eta aipaturiko arauak betez, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– José Antonio Cayero Bilbao Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusten duen Arbitraje Batzordeko idazkari kargutik kentzea.
Bigarrena.– Pablo Urrecha Benguria izendatzea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusten duen Arbitraje Batzordeko idazkari.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak aurreikusitako Arbitraje Batzordeari egoitza hau jartzea: Olagibel kaleko 5-7. zenbakian dagoen higiezina (01001 Vitoria-Gasteiz).
Laugarrena.– Agindu hau Ogasuneko ministroari eta Arbitraje Batzordeko lehendakariari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek izan dezaten horren berri.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau 2023ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 15a.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
RSS