Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2946

AGINDUA, 2023ko ekainaren 9koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, langileek, dagozkien ordainsariak jasota, 2023ko uztailaren 23ko Gorte Nagusietarako hauteskundeetan parte hartzeko arauak ematen dituena.

Maiatzaren 29ko 400/2023 Errege Dekretuaren bidez, 2023ko uztailaren 23an Gorte Nagusietarako hauteskundeak deitu direnez gero, beharrezkoa da Sailak neurriak ezartzea langileek kontsulta horretan parte hartu ahal izan dezaten, beren ordainsariak jasota.

Horretarako, eta urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 37.3.d) artikuluan zehazten dena aintzat hartuta, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedatuaren arabera indarrean dagoen legedia gauzatuko da.

Ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena, hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena ez duten langileentzat.

1.– 2023ko uztailaren 23an hautesle, hauteskunde-mahaiko kide, kontu-hartzaile edo ahaldun izanik, egun horretan 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren –urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duena– 37.1 artikuluan xedaturiko asteko atsedenik hartzerik ez dutenek eskubidea izango dute egun horretan dagokien lanaldian ordainduriko baimen bat hartzeko, deitutako Gorte Nagusietarako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintzetan.

2.– Adierazitako baimena ezin da berreskuratu, hauteslekuak irekita dauden orduen barruan baliatu behar da, eta langileak zerbitzuak normaltasunez eman balitu bezala jasoko lukeen soldata pagatuta ordaindu behar du enpresak.

3.– Baldin eta prima edo pizgarri batez osatua badago berreskuratu ezin den ordainduriko baimenerako eskubidea duten langileek jaso beharreko soldataren zati bat, aurreko azken sei hilabeteetan adierazitako kontzeptuagatik langileak jaso duen batez bestekoaren arabera kalkulatu behar da aipatutako zatia.

2. artikulua.– Bozkatzeko eskubideaz balia daitezkeen langileentzako baimenaren iraupena.

1.– 2023ko uztailaren 23an bozkatzeko eskubideaz baliatu nahi dutenek, baldin eta egun horretan dagokien ohiko lanaldia hauteslekuak irekitzeko ordutegiarekin lau ordutan edo gehiagotan bat badator, lau orduko baimen ordaindua izango dute, hauteslekuak irekita dauden ordutegiaren barruan hartzeko.

2.– Baldin eta ohiko lanaldiarekiko kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena, eta hauteslekuak irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko da.

3.– Baimen horien iraupena proportzionalki txikituko da, baldin eta egun horretan ohiko, legezko edo hitzartutako lanaldia baino lanaldi laburrago bat aitortua baldin badute bozkatzeko eskubidea baliatu nahi duten langileek.

3. artikulua.– Baimena erabiltzeko unea zehaztea eta haren erabilera justifikatzea.

1.– Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetan, enpresaren zuzendaritzak zehaztuko du bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimena hartzeko ordutegia, lanaren antolamenduaren arabera; nolanahi ere, hauteslekuen irekitzeko ordutegiaren barruan izan beharko da ordutegi hori.

2.– Baliatutako baimenaren denboraren soldata ordaintzeko, enpresaren zuzendaritzak eskubidea du bozkatu izanaren egiaztagiria aurkezteko eskatzeko bere langileei, dagokion hauteskunde-mahaiak emana.

4. artikulua.– Hauteskunde-mahaietako kideen eta kontu-hartzaile funtzioak betetzen dituztenen baimena hauteskundeen egunean.

1.– 2023ko uztailaren 23an, lanaldi osoko baimena emango zaie Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedena baliatzen ez duten eta hauteskunde-mahaietako kide direla edo bertan kontu-hartzaile funtzioak bete behar dituztela egiaztatzen duten langileei; bai eta hurrengo eguneko lanaldiaren lehenengo bost orduetako baimen bat ere.

2.– Asteko nahitaezko atsedena bozketa-egunean baliatzen duten eta mahaiko kide edo kontu-hartzaile direla egiaztatzen duten langile guztiei aplikatzen zaie aurreko paragrafoan in fine ezartzen den lehenengo bost orduen baimena, adierazitako paragrafoak ezartzen dituen baldintza berberetan.

3.– Baimen horiek, berreskuratu ezin direnak, enpresak ordaindu behar ditu, hauteskunde-mahaiko kide gisa edo kontu-hartzaile gisa jardun izana justifikatu ondoren.

5. artikulua.– Hauteskundeen egunean ahaldun funtzioak betetzen dituzten pertsonentzako baimena.

Hauteskundeen egunean ahaldunak direla egiaztatzen duten eta Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusten den asteko atsedena baliatzerik ez duten langileek berreskuratu ezin den baimen bat baliatuko dute bozketa-egunean, eta enpresak ordaindu egin beharko du, langileek justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Txanda-aldaketak.

Baldin eta, hauteskunde-egunaren aurreko egunean, gaueko txandan lan egin behar badu agindu honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako langileren batek, enpresaren zuzendaritzak gau horretako txanda aldatu beharko du, interesdunak hala eskatuz gero.

7. artikulua.– Posta bidezko botoa emateko ziurtagiriaren eskaera egiteko baimena.

1.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimen bat eman behar zaie, gehienez ere lau ordu librekoa, dagokien lanaldiaren barruan, beren lana ohiko etxebizitzatik urrun garatzen dutenei edo 2023ko uztailaren 23an botoa emateko eskubidea gauzatzeko zailtasunak dakartzaten bestelako baldintza batzuetan lan egiten dutenei, beren botoa posta bidez eman ahal izateko behar den ziurtagiriaren eskaera pertsonalki egin ahal izan dezaten.

2.– Posta bidezko botoa emateko eskubidea gauzatzeko legez gaitzen diren egunetan zehar baliatu ahal izango da adierazitako baimena; kasu horretan, agindu honen 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa aplikatzen da; eta, Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkaritzei edo Posta Zerbitzuko bulegoei egindakotzat hartu behar dira hauteslekuei edo hauteskunde-mahaiei egindako erreferentzia guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 9koa.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala