
116. zk., 2023ko ekainaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (405 KB - 31 orri.)
- EPUB (655 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2919
AGINDUA, 2023ko ekainaren 7koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez onesten baitira Euskal Autonomia Erkidegoko entitateei bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza plana egiteko laguntza ekonomikoak emateko oinarriak, eta 2023rako deialdia egiten baita.
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuko 13.1.m) artikuluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, kendu eta aldatzeari eta horien funtzioak eta ekintza-eremuak mugatzeari buruzkoak– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio, beste funtzio eta ekintza-eremu batzuen artean, familia babesteari eta lana eta familia kontziliatzeari dagozkionak.
12/2021 Dekretuak, urtarrilaren 19koak, –Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egiturari eta funtzioei buruzkoak– sail horren funtzioen artean ezartzen ditu alde batetik, politika publikoetan familia- eta erkidego-ikuspegiak bultzatzea, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko familiarako, haurtzarorako eta nerabezarorako politiken plangintza, koordinazio eta ebaluazio orokorra egitea.
Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburu nagusietako bat da familia-eredu jakin bat sendotzea, non betekizun lagaezinak kontsideratzen baitira autonomia, kide guztien arteko errespetua eta bi bikotekideen arteko berdintasuna, biek ala biek ere lanbidean eta bizitza pertsonalean aurrera egiteko aukera berberak eduki eta partekatzen baitituzte. Azken batean, gure gizartearen balore demokratikoekin bat datorren eredua.
Lege honetan sustatzen da laguntzea familiako eta laneko ardurak kontziliatzen eta emakumea lan-merkatuan sartzen eta karrera profesionala garatzen laguntzea. Halaber, ezartzen da lagundu behar dela familia arloan gizonen eta emakumeen ardura partekatua sendotzen, batez ere haur adingabeen zainketan eta hezkuntzan eta mendekotasuna duten pertsonen edo osasun-egoera larrian dauden pertsonen arretan.
2018. urtean euskal erakundeek Familien eta Haurren Aldeko Ituna sinatu zuten. Itun horretan honako konpromiso hauek biltzen dira, besteak beste: «gurasoek seme-alabentzako beharrezkoa den bezain besteko astia izatea erraztea, familien premiei aurre egiteko denbora sozialaren antolaketa egokiago bat, eta antolaketa sozial erantzunkidea bultzatzea» eta «gai hauekiko harremana duten eragile pribatuak sentsibilizatzea, bereziki lan-harremanetan zuzeneko inplikazioa dutenak, adibidez, sindikatu eta ugazaben elkarteak, beharrezko gertatzen delako eragile publiko eta pribatuen arteko lotura hori».
2018-2022 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Planaren 2. ardatza «Bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea» da; ardatz horretan lehentasuneko helburu hau ezartzen da: «Erraztasunak ematea gurasoek beren seme-alabei behar duten denbora guztia eskain diezaieten, denbora sozialaren antolaketa egokiagoa sustatuta familien beharrei begira, eta ardura partekatuko antolaketa soziala ahalbidetzea». Horretarako, zenbait ekimen proposatzen ditu, eta horietako batzuen xedea da enpresei ohartaraztea ezinbestekoa dela langileen kontziliazioa erraztea (kontziliaziorako ardura hartzen duten entitateak ziurtatzea eta aintzatestea; enpresetan bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko proiektu pilotuak eta planak bultzatzea; dirulaguntzen ildo espezifikoa ezartzea enpresetan kontziliazio-planak finantzatzeko).
Ez da erraza helburu horiek lortzea. Gaur egun, gizarte-eragile guztiak, enpresak, administrazio publikoak bereziki barneratzen ari dira kontziliazioa ez dela eremu pertsonalera eta familiarrera mugatzen, eta onartzen ari dira kontziliazioa ez sustatzeak kostu handia eragiten duela, gizartean zein ekonomian, eta ondorio kaltegarriak sortzen dituela pertsonentzat eta familientzat zein entitateentzat. Kontziliatzeko arazoek ondorio txar asko sortzen dituzte: gaixotasunak, estresa, eskola-porrota, umeak babesik gabe gelditzea, lanean gutxi errenditzea, lanera ez agertzea eta lan-aldaketa ugari izatea.
Gizartea aldatzen ari da. Langileek beharrak aldatu dira, eta lehentasunak ere bai. Geroz eta agerikoagoa da euskal enpresek arazoak dauzkatela langile kualifikatuak erakartzeko eta atxikitzeko. Dagoeneko ez da aski diru-soldata; behar berrietara moldatu behar da eta langileen ongizatean inbertitu behar da. Hori egiteko modu bat langileen bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren alde egitea da.
Errealitateak agerian ipini du funtsezkoa dela bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lana hobeto orekatzen laguntzea, eta hori eginez eragozpenak saihestu daitezkeela eremu guztietan.
Lan-eremura etorrita, behar pertsonalak eta familia-beharrak kontziliatzen laguntzea onuragarria da motibaziorako eta produktibitaterako; izan ere, talentua hobeto mantentzeaz gainera eta langile-aldaketa gutxiago sortzeaz gainera, langileak pozago daude beren bizi-kalitatearekin.
Familien eta Haurren Aldeko Itunak, 2018ko urtarrilean Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta EUDELek sinatu zutenak, eta 2018-2022 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Planak, Itunaren 2018-2022 aldirako plangintza-tresna nagusia denak, ideia hau indartzen dute, eta helburu eta neurri zehatzak proposatzen dituzte kontziliazioa sustatzeko zenbait mailatan, besteak beste enpresa-plantilla harremanetan.
2018-2022 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Plana 2018ko ekainaren 19an onartu zuen Gobernu Kontseiluak, eta 2018ko irailaren 13an aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean. Planaren 2. ardatza «Bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea» da; ardatz horretan lehentasuneko helburu hau ezartzen da: «Erraztasunak ematea gurasoek beren seme-alabei behar duten denbora guztia eskain diezaieten, denbora sozialaren antolaketa egokiagoa sustatuta familien beharrei begira, eta ardura partekatuko antolaketa soziala ahalbidetzea». Horretarako, proposatzen du zenbat neurri abian jartzea, eta horien artean 21. neurria nabarmentzen da: «Enpresetan bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko proiektu pilotuak eta planak gara daitezen bultzatzea». Hori lortzeko enpresetako kontziliazio planak finantzatzeko berariazko dirulaguntza-lerro bat ezartzea proposatzen du Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeak enpresetan berdintasun planak ezartzeko garatzen dituen dirulaguntza-lerroekin batera.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren uztailaren 6ko agindu baten bidez Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei laguntza ekonomikoak emateko oinarriak onartzen dira bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioari buruzko egoeraren diagnostikoa eta ekintza plana egiteko, eta 2022rako deialdia egiten da. Agindu horrek abian jarri zuen dirulaguntza-lerro bat EAEn establezimenduren bat duten entitateek aholkularitza-zerbitzuak egiten dituen enpresa bat kontratatu ahal izateko bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza plana egiteko.
Agindu hori 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu zen, eta 392.857,15 euroko aurrekontuarekin onartu zen (275.000 euro 2022ko ordainketa-kredituaren kargura eta 117.857,15 euro 2023ko konpromiso-kredituaren kargura). Ondorioz 44 entitatek jaso zituzten kontziliazioaren diagnostikoa eta plana egiteko aholkularitza-zerbitzua kontratatzeko finantzabideak.
Aginduaren bigarren deialdia 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da (plan hori honen bidez onartu da: Agindua, 2023ko urtarrilaren 20koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren 2023. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena). Deialdi horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 8.1 artikuluan ezartzen duena betetzeko, eta Familia eta Haurren Zuzendaritzak legealdi honetarako ezarritako lehentasuneko ildoei jarraikiz, entitate gehiagori eman nahi zaie dirulaguntza, EAEn establezimenduren bat duten enpresa gehiagok egin dezaten kontziliazioaren alde beren langileen inguruabarrak hobetzeko kontziliazioaren arloko diagnostikoa eta plana eginez.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak izapidetzeko nahikoa aurrekontu-kreditu dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean (2022ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.).
Dirulaguntza hau Dirulaguntzen Plan estrategikoan dago, eta plan hori Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren web-orrian argitaratuta dago. Planean Familia eta Haurren Zuzendaritzarentzat ezarritako dirulaguntza-lerro honen bidez sustatu nahi da enpresetan bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren arloko egoeraren diagnostikoak eta ekintza planak egitea, 2018-2022 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Planaren 2. ardatzaren ildotik: Bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea.
Dirulaguntzen agindu honen arau-esparrua honako hauek ezartzen dute: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, horen garapen-araudiak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, lehen aipatu dugunak.
Azaldutakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen bidez entitateei bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza plana egiteko aholkularitza-zerbitzuak kontratatzeko laguntza ekonomikoak emateko oinarriak onartzen dira, eta 2023ko deialdia egiten da.
2.– Dirulaguntzak EAEn lantokiren bat daukaten entitateentzat da, oraindik kontziliaziorako planik ez daukatenentzat hain zuzen ere.
3.– Entitate bakoitzak jasotzen duen dirulaguntzak diagnostikoa eta lehen ekintza plana egiteko kontratatutako aholkularitza-zerbitzuak eragiten duen kostua baino ez du estaliko. Beraz, dirulaguntzatik kanpo geratuko dira hurrengo diagnostikoak eta ekintza planak egiteak eragiten duen kostua, baita planean ezartzen diren neurriak ezartzeak eragiten duena ere.
2. artikulua.– Hautapena eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da.
2.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen deialdirako zuzkidura ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko da.
3.– Aurreko ondorioetarako, aurreko paragrafoan aipatzen diren dirulaguntzak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean (2022ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.) laurehun eta hogei mila (420.000) euroko kreditua ezarri da; 294.000 euro 2023ko ordainketa-kredituaren kargura emango dira eta 126.000 euro 2024ko konpromiso-kredituaren kargura.
3. artikulua.– Dirulaguntzarako onartuko diren jarduketak.
1.– Dirulaguntzak emango dira aholkularitzako entitateak kontratatzeko, 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko apirilaren 30era bitartean (egindako jarduketen frogagiriak aurkezteko aldiko azken eguna) honako bi elementu hauek prestatzen lagundu dezaten:
a) Entitatearen bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa.
b) Bizitza pertsonala, lana eta familia-bizitza kontziliatzeko ekintza plana.
2.– Diagnostikoan eta ekintza planean entitate eskatzaileak EAEn dauzkan establezimenduak hartu behar dira kontuan.
3.– Diagnostikoa eta plana osagarriak dira; beraz, biak egin behar dira. Ez da emango dirulaguntzarik bietako bat bakarrik egiteko.
4.– Diagnostikoan aztertu behar da nolakoa den bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren arteko kontziliazioa entitate eskatzailean honako eremu hauetan gutxienez:
– Entitatearen abiaburuko egoera: entitatearen eta beraren inguruabarren analisi zehatza (entitate-mota; lanpostu-motak; plantillaren profila; entitatearen ezaugarri eta muga bereziak ekoizpen-sektorearen, egiten duen jardueraren edo bezeroen beharren arabera; komunikatzeko eta erabakitzeko moduak; sindikatuak; langilearen beharrak, eta abar).
– Kontziliazioak entitatearen barne-politikan daukan garrantzia.
– Entitateak kontziliaziorako onartzen eta sustatzen dituen neurriak (nahitaez bete beharreko neurriak, hitzarmenean adostutako neurriak, norberaren neurriak, hobekuntzak); entitatearen jarrera eta motibazioa neurriak eskaintzeko...).
– Langileen bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioa hobetzeko beste laguntza-baliabiderik dagoen/eskaintzen den.
– Langileei dauden kontziliazio-neurriak eta horiek eskatzeko moduak jakinarazteko prozedurak dauden. Ezagutza-maila, onarpen-maila eta erabilpen-maila. Proposamenak egiteko aukera.
– Entitatearen kontziliazio-neurriak ebaluatzeko, horien jarraipena egiteko eta hobetzeko adierazleak edo prozedurak dauden.
5.– Diagnostikoa eta ekintza plana eskabide-orrian adierazten diren EAEko establezimenduetan bakarrik aplikatzeko egin behar dira.
6.– Plana entitate kontratatzailearentzat berariaz egin behar da, eta hark EAEn dauzkan establezimenduen ezaugarrietara moldatu behar da. Abiaburutzat aurreko diagnostikoaren emaitzak hartu behar dira, eta horien arabera ildo estrategikoak eta helburu eta neurri zehatzak proposatu behar dira; gainera, horien guztien egutegia finkatu behar da ezartzen diren lehentasunak kontuan hartuz.
Orobat, eragile arduradunak zehaztu behar dira, neurri bakoitzerako erabiliko den aurrekontua zenbatetsi behar da, eta emaitzak neurtzeko aukera ematen duten jarraipen-formulak ezarri behar dira.
4. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa kontziliazioaren egoeraren diagnostikoa eta plana egiteko kontratatzen den aholkularitza-zerbitzuaren kostuaren % 70 izango da (BEZ gabe), gehienez 10.000 euro entitate onuraduneko.
Gainera, gehieneko kopuruak ezartzen dira proiektuaren kosturako, plantillako pertsonen kopuruaren arabera:
Hartara:
Plantillan 20 pertsona baino gutxiago dauden entitateentzako proiektuak: 7.000 euro + BEZa.
Plantillan 21-50 pertsona dauden entitateentzako proiektuak: 8.000 euro + BEZa.
Plantillan 51-100 pertsona dauden entitateentzako proiektuak: 10.000 euro + BEZa.
Plantillan 101-250 pertsona dauden entitateentzako proiektuak: 15.000 euro + BEZa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko erreferentzia plantillaren arabera esleitutako gehieneko kostua izango da. Aurkezten den proiektuaren kostua plantillako langileen kopuruaren araberako kategoriari dagokion gehieneko kopurua baino gehiago bada, dirulaguntza kategoriarako ezarritako gehieneko kopuruaren arabera kalkulatuko da.
Plantillan 250 langile baino dauzkan entitate batek eskaera aurkezten badu plantillan 250 langile baino gehiago ez dauden EAEko lantoki bateko diagnostikoa egiteko, aurreko irizpide berak aplikatuko dira, plantillaren adierazletzat entitatean lanean ari diren pertsona guztien kopurua gabe eskatzen den laguntza erabiliko den lantokian ari diren pertsonen kopurua harturik.
Entitate eskatzailea BEZaren aitorpenetik salbuetsita badago, eta BEZa jasanarazi ezin badu, dirulaguntzaren zenbatekoa kostuaren arabera kalkulatuko da, BEZa sartuta.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Laguntza hau eskatu nahi duten pertsona juridikoek modu telematikoan egin behar dituzte izapide guztiak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 14.2.a) artikulua).
2.– Eskabide-eredua (agindu honen I. eranskinean dago) eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa
3.– Agindu honetako administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2022/euskal-autonomia-erkidegoko-erakundeei-laguntza-ekonomikoak-bizitza-pertsonalaren-familiaren-eta-lanaren-kontziliazioari-buruzko-egoeraren-diagnostikoa-eta-ekintza-plana-egiteko-2022/web01-tramite/eu/
4.– Eskabidearen ondoko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean dagoen espediente digitalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta sinatzeko onartzen diren baliabideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
6.– Prozedura ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da.
Ordezkaria ez badago inskribatuta EAEko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan, entitate eskatzaileak beraren ordezkaritza modu sinesgarrian frogatu beharko du Zuzenbidean onartutako modu baten bidez.
EAEko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoa helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
6. artikulua.– Entitate eskatzaileen baldintza espezifikoak.
Agindu honetako dirulaguntza baten onuraduna izateko, entitateek, eskaera aurkezten den egunean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete behar dituzte, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Testu Bateginean ezartzen direnak ere, eta, gainera:
a) Berezko nortasun juridiko independentea eduki behar dute eta behar den erregistroan inskribatuta egon behar dute (Merkataritza Erregistroa, Elkarteen Erregistroa, Fundazioen Erregistroa, Kooperatiben Erregistroa...). Erregistroko inskripzioa frogatzeko, erregistroak egindako ziurtagiri eguneratua aurkeztu behar dute. Nortasun juridiko desberdineko entitateak dauden taldeetako entitateek banaka aurkeztu behar dituzte eskaerak.
Enpresari ari diren langile autonomoak ere dirulaguntzaren onuradunak izan daitezke, plantilla edukiz gero. Horrelako eskatzaileek erregistro egokiko inskripzioa aurkeztu beharrean autonomo gisa ari direla frogatu beharko dute Langile Autonomoen Araubide Bereziko (LAAB) altaren ebazpenaren bidez.
b) Entitatearen partaidetzarik handiena ezin da egon sektore publikoko entitate baten esku, eta halako baten kontrolpean ere ezin da egon, ez zuzenean ez zeharka. Gainera, ezin dute dirulaguntzarik jaso sektore publikoaren finantzabide iraunkorrak jasotzen dituzten entitateak, eta gobernu-organoetan finantzabideak ematen dizkieten entitateek izendatutako pertsonak ari diren entitateek ere ez.
c) Entitateak eskatzen duen laguntzaren xedea izan behar da EAEn dauzkan establezimenduen egoeraren diagnostikoa eta ekintza plana egitea. Ez da emango dirulaguntzarik EAEtik kanpoko establezimenduen egoeraren diagnostikoa edo ekintza plana egiteko.
d) Pantillan 250 langile baino gutxiago egon behar dira edo, 250 langile baino gehiago egonez gero, diagnostikoa eta plana egiteko proiektua EAEn dauzkan 250 langiletik beherako establezimenduetako baterako izan behar da.
e) Entitateak ez du eduki behar kontziliazio-planik.
f) Kontziliazioaren arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza plana egiteko dirulaguntzen 2022ko deialdian lantoki bererako dirulaguntzarik jaso gabeak izan behar dira.
7. artikulua.– Onuraduna izateko baldintza orokorrak.
1.– Ezin dira izan onuradunak inguruabar hauetako batean dauden entitateak:
a) Laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapena edo zigor-arloko zehapena jaso dutenak, eta horretarako legezko debekua ezarrita dutenak.
b) Dirulaguntzen itzulpenagatik betebeharren ordainketa egunean ez dutenak. Agindu honetan ezartzen diren laguntzak entitate onuradunei emateko eta, behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da entitate onuradunak bukatuta edukitzea itzulketa-prozedura eta zehapen-prozedura guztiak, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza eta dirulaguntza publikoen esparruan hasi eta artean izapidetzen ari direnak.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean ez dauzkatenak. Betebehar horiek egunean edukitzea nahitaezkoa da onuraduna izateko zein emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun gisa mantentzeko.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluen arabera dirulaguntza-onuraduna izatea eragozten duten gainerako inguruabarretako batean daudenak.
e) Sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapena edo zigor penala jaso dutenak, zehapenean ezartzen den aldian.
f) Halaber, ezin dute jaso laguntzarik ez dirulaguntzarik estatu-araudiaren arabera berdintasun plana indarrean eduki behar izan arren halakorik ez duten enpresek, eta estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere ez.
Plantillan 50 langile baino gehiago dauzkaten entitateek berdintasun planaren erregistroaren ziurtagiria edo indarreko planaren dokumentua aurkeztu beharko dute. Plana indarrean ez badago, berritzen, berrikusten edo negoziatzen ari delako, horren aurretik indarrean egon den berdintasun plana aurkeztu beharko dute, eta horrekin batera erantzukizunpeko adierazpena ere bai, azaltzen duena zergatik ez dagoen indarreko berdintasun planik eta argitzen duena plana (lehena zein berritua) prestatzen ari dela. Behartuta egon arren eskabidea aurkezten den egunean berdintasun plana indarrean ez daukaten entitateek baldintza hau ez dutela betetzen ulertuko da.
2.– Aurreko apartatuaren a), b), d), e) eta f) letretan biltzen diren baldintzen justifikazioa eskabide-orrian adierazitakoaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egingo da.
Administrazioak ofizioz, elkarreragingarritasunaz baliatuz, egiaztatuko du c) letrako baldintza betetzen denez, non eta entitate eskatzailea ez den egiaztapen horren kontra azaltzen; hala denean, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak, organismo eskudunek eginak, aurkeztu beharko ditu.
Baldin eta entitate eskatzaileak erabakitzen badu frogagiriak bere kabuz aurkeztea, kasuan kasuko foru ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauzkalako ziurtagiriak, eskabidea aurkezten den datan eguneratuak, erantsi beharko ditu.
8. artikulua.– Dirulaguntza-gastuak.
1.– Dirulaguntza-gastuak izango dira dudarik gabe dirulaguntzen xede izan daitezkeen jarduerekin bat datozen gastuak, baldin eta guztiz beharrezkoak badira eta agindu honen 3.1 artikuluan ezartzen den epealdiaren barruan egiten badira.
2.– Agindu honetan ezartzen diren ondorioetarako, egindako gastutzat hartuko dira agindu honen 16. artikuluan ezartzen den justifikazio-aldia amaitu baino lehen egiaz ordaindu direnak.
3.– Inolaz ere ez dira dirulaguntza-gastutzat joko berreskuratu edo konpentsatu ahal diren zeharkako zergak.
Zeharkako zergak berreskuratu edo konpentsatu ezin dituzten entitateek dirulaguntza-gastu modura sartu ahal izango dituzte.
4.– Dirulaguntza-gastuek, behar bezala banakatuta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluko baldintzak bete beharko dituzte.
5.– Aurreko paragrafoetan arautzen ez den guztirako honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua; lege horren Erregelamenduaren 83. artikulua (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu da).
9. artikulua.– Entitate onuradunen konpromisoa.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da entitate onuradunek honako konpromiso hauek hartzea edo, bestela, beteta direla frogatzea:
a) Planean ezarritako neurrietako bat abian jartzea plana egiten denetik urtebete igaro baino lehen.
b) Entitateko pertsona bat prozesuaren dinamizazioaren arduradun izendatzea, agindu honen eskabide-orrian zehazten den bezala.
10. artikulua.– Eskabideak.
1.– Eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskaera oso-osorik bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan horretarako berariaz jarritako formularioan, agindu honen I. eranskineko eredu normalizatuan. Horrez gainera, proposamen teknikoa (II. eranskina) eta agindu honen 11. artikuluan zehazten diren gainerako beharrezko agiriak aurkeztu beharko dira.
II. eranskinari sinadura digitala txertatu beharko dio aholkularitzako entitateak.
3.– Entitate eskatzaile bakoitzari dirulaguntza bat emango zaio gehienez. Entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, sarrera erregistroaren arabera epealdiaren barruan aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan, eta azkena aurkeztuta aurrekoetan atzera egin duela ulertuko da, eskatzaileak besterik adierazi ezean, arrazoiak azalduta.
4.– Entitate eskatzaileek laguntza-eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa berek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte. Orobat, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 6.1 artikuluan ezartzen duen bezala.
5.– Entitate eskatzaileak adieraziko du eskabideko datuak eta horrekin batera bidalitako dokumentaziokoak egiazkoak direla eta laguntzaren onuraduna izateko indarrean dagoen araudian ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.
11. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Nolanahi ere, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira dirulaguntza eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen direla frogatzeko:
a) Behar den erregistroan (Merkataritza Erregistroa, Elkarteen Erregistroa, Fundazioen Erregistroa, Kooperatiben Erregistroa...) inskribatuta dagoelako ziurtagiri eguneratua.
Enpresari gisa ari diren autonomoek Langile Autonomoen Araubide Bereziko (LAAB) altaren ebazpena aurkeztu beharko dute.
b) Plantillako langileen kopuruaren frogagiriak: eskaeraren aurreko hilabeteko Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak, TC1 eta TC2 ereduak.
c) II. eranskina, hau da, aholkularitzako entitateak bizitza-pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lanaren kontziliazioaren diagnostikoa eta ekintza plana egiteko aurkeztutako proposamen teknikoa, aholkularitzako entitatearen sinadura digitalarekin. Proposamen teknikoa II. eranskineko formatuan bakarrik aurkez daiteke.
2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa espediente elektronikoa sartu behar da honen bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
3.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak edozein momentutan eskatu ahalko du jatorrizko agiriak aurkezteko, egiazkoak diren egiaztatzeko.
12. artikulua.– Eskabideak zuzentzea eta hobetzea.
Dirulaguntzaren eskabidea ez badago osorik beteta, berarekin batera aurreko artikuluan ezartzen diren derrigorrezko agiri guztiak aurkezten ez badira edo agiriok beharrezko baldintza guztiak betetzen ez badituzte edo beren edukia nahikoa ez bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko aldian akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko edo osatzeko, eta adieraziko zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela eta laguntzak kudeatzen dituen organoak hori deklaratzen duen berariazko ebazpena eman beharko duela, baita jakinarazi ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriz.
13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epealdiak, jakinarazteko eta publiko egiteko modua.
1.– Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren zuzendaria izango da agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena daukan organoa. Gainera, zuzendaritza horrek hautatuko ditu dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko eskumena daukan balorazio batzordeko kideak, baita batzordeko idazkaritzan ariko den pertsona ere.
2.– Balorazio batzordean gutxienez hiru pertsona eta gehienez lau ariko dira. Familia eta Haurren Zuzendaritzako goi-karguak edo langile publikoak izan beharko dira. Horietako bat batzordeko idazkari izendatuko dute; hitz egin ahal izango du, baina ezin izango du eman botorik.
3.– Balorazio Batzordean sexu bateko eta besteko pertsonen kopurua orekatua izateko neurriak hartuko dira. Gainera, batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da organoa osatu aurretik Familia eta Haurren zuzendariaren ebazpen baten bidez.
4.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak Familia eta Haurren zuzendariaren ebazpen baten bidez eman eta ukatuko dira, balorazio batzordeak oinarri arautzaileen arabera egindako proposamena kontuan hartuta. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Argitalpenak jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu.
Entitate onuradunek 10 eguneko epealdia edukiko dute dirulaguntza onartzeko edo uko egiteko, ebazpena ohol elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aldi horretan berariaz ezer adierazi ezean, dirulaguntza onartu dela ulertuko da.
Entitate onuradun batek uko egiten badio bere dirulaguntzari, hurrenkerako hurrengo entitateari emango zaio ebazpen baten bidez, baldin eta laguntza hauen onuraduna izateko ezarritako baldintza guztiak betetzen baditu eta dirulaguntza-zenbateko osoa hartzen duen dirulaguntza eman ahal bada, 4. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz.
Halaber, entitate onuradunen zerrenda argitaratuko da EHAAn, jende orok izan dezan horren berri.
5.– Entitate eskatzaileek abisua jasoko dute eskabidean adierazitako gailu elektronikoan edota helbide elektronikoan, adierazten duena ebazpena egoitza elektronikoan argitaratu dela. Abisu hori ez bidali arren, jakinarazpena erabat baliozkoa izango da.
6.– Deialdiaren ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Gizarte Politiketako sailburuordearen aurrean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatzen duenarekin bat etorriz.
7.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epealdia sei hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epealdi horretan ebazpena jakinarazten ez bada, entitate interesdunek dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute.
8.– Agindu honetan ezartzen diren laguntzak entitate onuradunei emateko eta, behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da entitate onuradunak bukatuta edukitzea itzulketa-prozedura eta zehapen-prozedura guztiak, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza eta dirulaguntza publikoen esparruan hasi eta artean izapidetzen ari direnak.
14. artikulua.– Dirulaguntzak baloratzeko irizpideak.
1.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da.
Norgehiagoka-prozedura da laguntzak eskaerak alderatuz ematea. Hain zuzen ere, eskaeren arteko lehentasun-hurrenkera ezartzen da artikulu honetan finkatzen diren adjudikazio-irizpideen arabera, eta irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenei baino ez zaie ematen dirulaguntza, baldin eta 50 puntuko gutxieneko baloraziora iristen badira.
Zenbait entitatek puntu kopuru bera lortzen badute, berdinketa hausteko, hurrengo apartatuan zehazten den c) irizpidearen arabera puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da.
2.– Balorazio batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan dirulaguntzak emateko, irizpide bakoitzari dagokion puntuazioaren arabera:
A) Entitate eskatzaileak kontziliazioarekin daukan harremana, horren alde daukan konpromisoa eta proiektua abian jartzeko prestasuna (10 puntu gehienez).
A.1.– Entitateak kontziliazioaren arloan egin duen ibilbidearen laburpena. Esperientzia eta ibilbidea. Berdintasunaren inguruko ezagutza. (2 puntu gehienez).
A.2.– Entitatearen jarrera eta motibazioa proiektua gauzatzeko. Proiektua abian jartzearen alde egiteko arrazoi zehatzak (2 puntu gehienez).
A.3.– Entitate eskatzaileak kontziliazioaren arloko diagnostikoarekin eta planarekin lortu nahi dituen helburu zehatzak (2 puntu gehienez).
A.4.– Diagnostikoak eta planak barruan eta kanpoan eduki dezaketen eraginaren aurreikuspena (2 puntu gehienez).
A.5.– Entitatearen konpromiso publikoa proiektuarekin. Entitateak proiektua gauzatzeko asmoa daukala azaldu die plantillako langileei. (2 puntu gehienez).
B) Aholkularitzako entitatearen aurretiazko lana proiektua entitate eskatzailearen ezaugarrietara eta beharretara moldatzeko (10 puntu gehienez)
B.1.– Entitatea ezagutzea eta proiektua haren ezaugarrietara eta beharretara moldatzea/doitzea. (10 puntu gehienez).
Garrantzitsua da entitatearen/establezimenduaren egoeraren berri jakitea jarduteko proiektua proposatu baino lehen. Lan-proposamena egokia izan behar da enpresaren motarako eta proiektua egiten den entitatearen/establezimenduaren ezaugarrien analisian oinarritu behar da (tamaina, sektorea, plantillaren profila, marra gorriak, zuzendaritzaren beharrak, lanpostu-motak, ekoizpen-erritmoak, dauden erronkak, kontziliazioaren inguruko eragozpenak, lan-giroa...).
C) Proiektua (diagnostikoa eta plana) (25 puntu gehienez).
C.1.– Proiektuaren laburpena. Honako hauek zehaztu behar dira: proiektuaren faseak, fase bakoitzeko zedarriak, fase bakoitzerako proposatzen diren lan-saioen kopurua, eta fase bakoitza burutzeko aldia. Proiektuaren bi osagaiak (diagnostikoa eta plana) nola uztartzen diren zehaztu behar da. (7 puntu gehienez).
C.2.– Proiektuaren dinamizazioa: talde eragilea. Taldeko kideak eta beren egitekoak azaldu behar dira. Kontuan edukiko da taldean zuzendaritzako kideak, sindikatuen ordezkariak eta plantillako langileak dauden. (5 puntu gehienez).
C.3.– Proiektuan ariko diren eragileen eta horretarako erabiliko diren formulen azalpena. Funtsezkoa da gutxienez zuzendaritzako, plantillako eta sindikatuetako kideak aritzea diagnostikoa egiten eta plana prestatzen. (5 puntu gehienez).
C.4.– Proiektua entitatearen politiketan txertatzeko eta langileei proiektuaren berri emateko formulak (3 puntu gehienez).
C.5.– Doikuntza ekonomikoa. Zehaztu behar da nola kalkulatu den proiektuaren aurrekontua: beharko diren lan-orduak, saioen motak eta kopurua eta langileak eta orduko prezioa finkatzeko erabili diren irizpide kuantitatiboak. Guztirako zenbateko bitan xehatu behar da: BEZ gabe eta BEZarekin (5 puntu gehienez).
D) Kontziliazioaren diagnostikoa (25 puntu gehienez).
D.1.– Diagnostikoarekin lortu nahi diren helburuak (5 puntu).
D.2.– Diagnostikoan aztertuko diren esparruak/alderdiak (5 puntu).
D.3.– Entitatearen diagnostikoa egiteko behar den informazioa lortzeko eta egiaztatzeko aurreikusitako metodologia. Datuak biltzeko erabiliko diren lan-tresnak. Metodologian nahitaez sartu behar da langileei galdetzea (5 puntu)
D.4.– Parte hartzeko prozesuen azalpena (5 puntu).
D.5.– Langileei emaitzen berri emateko formulak (5 puntu).
E) Kontziliaziorako ekintza plana prestatzea (15 puntu gehienez).
E.1.– Plana egiteko erabiliko den metodologia (4 puntu).
E.2.– Dokumentua sindikatu-ordezkaritzarekin eta langileekin kontrastatzeko formulak (4 puntu).
E.3.– Planeko ildo estrategikoak, helburuak eta neurriak zehazteko, hautatzeko eta lehenesteko irizpideak eta horretan ariko diren eragileak (4 puntu).
E.4.– Planaren egutegia. Motibazioa. (3 puntu).
F) Kontziliazioaren arloko ekintza plana abian jartzeko tresnak (15 puntu gehienez).
F.1.– Plana abian jartzeko prozesua prestatzea: azaltzea nola ipiniko diren abian planeko neurriak (5 puntu).
F.2.– Planaren jarraipenerako formulak. Neurrien aplikazioaren jarraipena egiteko eta planeko helburuak ebaluatzeko eta berraztertzeko entitateari emango zaizkion tresnak. Adierazle zehatzen proposamena (5 puntu).
F.3.– Entitateko eragileei planaren berri emateko metodologia. Planaren berri barnean (plantilla) zein kanpoan (bezeroak, web-orria...) zabaltzea baloratuko da (5 puntu).
3.– Balorazio teknikoan II. eranskinean horretarako ezarritako esparruetan egindako ekarpenak baino ez dira kontuan edukiko; beraz, eskabidearekin batera aurkezten diren agiriak ez dira kontuan hartuko.
4.– 50 puntu baino gehiago lortzen dituzten proposamen teknikoak baietsiko dira; puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko dira, eta lortutako puntuazioaren arabera dirulaguntza-jarduketen kostuaren % 70 esleituko zaie, ondoz ondo, 4. artikuluan ezartzen diren gehieneko kopuruak aplikatuz, harik eta deialdirako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
5.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak ezetsi egingo dira, eta dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak hori deklaratzen duen berariazko ebazpena eman beharko du, behar bezala arrazoitua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35.2 artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz, baita jakinarazi ere, lege beraren 21.1 artikulua aplikatuz.
15. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatuz gero, horren berri eman beharko zaio Familia eta Haurren Zuzendaritzari. Gainera, beste administrazio edo erakunde publiko batek xede bererako emandako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasotzeak deialdi honetako dirulaguntza ematen duen ebazpena aldatzea ekar lezake.
16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Dirulaguntza zatika ordainduko da. Lehenengo zatia, zenbatekoaren % 70, dirulaguntza ematen den unean ordainduko da, eta gainontzeko % 30 jarduketa guztiak egin eta eragindako gastu guztiak frogatu ondoren (mugaeguna: 2024ko apirilaren 30a), hurrengo artikuluan zehazten den moduan.
Bigarren ordainketa 2024ko apirilaren 30etik aurrera egingo da, diruz lagundutako jarduera guztiak egin direla frogatu ondoren.
2.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren ondorioetarako, entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Diagnostiko osoa, dirulaguntza emateko aurkeztutako proposamen teknikoaren arabera egina.
b) Entitatearen kontziliaziorako ekintza plana, dirulaguntza emateko aurkeztutako proposamen teknikoaren arabera egina.
c) Jasotako funts publikoak nola erabili diren azaltzen duen memoria justifikatiboa. Memorian lan-prozesua azaldu behar da eskabideko proiektuaren eta lortutako helburuen arabera. Gainera, zehaztu behar da zer diru-sarrera erabili diren proiekturako eta zein izan diren horretarako finantzabideak (agindu honetako dirulaguntza barne), baita dirulaguntza jaso duen jarduketaren amaierako gastua ere.
Dirulaguntza jaso duten jarduketen kostua ordaintzeko funts guztien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatu behar dira.
d) Aholkularitzako enpresaren zerbitzuen kostua frogatzen duen faktura, zerbitzuak behar bezala banakatuta, eta fakturaren ordainketaren egiaztagiria.
Merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak diren edo administrazio eraginkortasuna duten fakturak edo antzeko froga-balioa duten agiriak dirulaguntza jaso duten jarduketen inguruan egindako gastua edo erabilitako funtsak zuzen egin edo erabili direla frogatzeko behar bezain xehatuak izan behar dira. Beraz, bankuko egiaztagiriaren frogagirian egiaztagiri horren bidez ordaindutako fakturaren kontzeptua eta zenbakia aipatu behar dira.
Era berean, gastuak faktura elektronikoen bidez ere frogatu ahal izango dira, zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betez gero.
3.– Ordainketa egiteko, Familia eta Haurren Zuzendaritzak edozein momentutan eskatu ahal izango du jatorrizko agiriak aurkezteko, egiazkoak diren egiaztatzeko.
4.– Dirulaguntza jasotzen duen jarduketaren behin betiko guztirako kostua dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino gutxiago izanez gero edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatutako zenbatekoa egindako jarduketen guztirako kostua baino gutxiago izanez gero, bidezko likidazioa egingo da eta dirulaguntza benetako kostuaren arabera doituko da.
5.– Dirulaguntza zuzen aplikatu den egiaztatzeko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak; Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak behar diren ikuskapenak, jarraipenak eta kontrolak egin ahal izango dituzte legez ezarritako aldian.
17. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak ezin dira bateratu EAEko Administrazio Orokorrak eta Euskal Sektore Publikoko gainerako entitateek xede bererako emandako beste laguntza batzuekin.
2.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateratu ahal dira beste administrazio eta entitate publiko batzuek eta entitate pribatuek xede bererako emandako beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta dirulaguntza guztien baturaren guztirako zenbatekoa ez bada dirulaguntza honen xede den jarduketaren guztirako kostua baino gehiago.
3.– Beste laguntzarik jasoz gero, baldin eta guztien batura dirulaguntza honen xede den jarduketaren guztirako kostua baino gehiago bada, soberakina bateraezintzat joko da eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak emango duen laguntzaren zenbatekotik kenduko da.
18. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunen betebeharrak honako hauek dira:
a) Emandako dirulaguntza onartzea.
Dirulaguntza onartu eta ordaindu ondoren proiektua ezin bada egin, laguntza itzuli beharko da, eta horrekin batera 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatzen denaren arabera sortutako egiazko interesak ere bai (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).
b) Dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako jarduera edo jarduerak egitea.
c) Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea eta Familia eta Haurren Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduera edo jarduerak egiaztatzea onartzea.
d) Familia eta Haurren Zuzendaritzari frogatzea betekizunak eta baldintzak bete direla, proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko edo gozatzeko kontuan hartutako helburua bete dela.
e) Familia eta Haurren Zuzendaritzaren egiaztapenak onartzea, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzak eta dirulaguntzak kontrolatzeko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen jarduketak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araubide zehatzean arautzen direnak ere.
f) Familia eta Haurren Zuzendaritzari jakinaraztea beste administrazio edo entitate publiko batzuei edo entitate pribatuei xede bererako aurkeztutako laguntza-eskaera guztiak eta haiek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide guztiak.
g) Familia eta Haurren Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabar objektibo zein subjektiboetan gertatzen diren aldaketa guztiak.
h) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, onuradunari kasu bakoitzean aplika dakiokeen merkataritzako eta sektoreko legerian eskatzen den bezala, baita deialdi-agindu honetan eskatzen diren erregistro espezifikoak eta kontabilitateko egoera-orriak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala erabili ahal izateko.
i) Jasotako funtsak nola erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektrikoak barne, egiaztapen eta kontrol jarduketak aplikatu ahal zaizkien aldian.
j) Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren erakunde-marka jartzea diruz lagundutako jardueren publizitate eta propaganda guztietan, hain zuzen ere marka inprimatu edo bistaratu ahal den guztietan, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 4ko 46/2017 Ebazpenean (2017ko apirilaren 12ko EHAA, 72. zk.) eta Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.) ezartzen den bezala. Familia eta Haurren Zuzendaritzari eskatu ahal izango zaio marka. Nolanahi ere, dirulaguntza jasotzen duen proiektuaren arabera egiten diren diagnostikoan eta kontziliazio planean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren logotipoa agertu beharko da.
k) Agindu honetan edo dirulaguntzen arloko araudian arautzen diren kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.
l) Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon beharko du. Erregistro horretan ez badago edo badago eta bankuko datuak aldatu nahi baditu, behar diren kudeaketak egin beharko ditu hemen sartuta: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
m) Diruz lagundutako jardueran edo egin nahi diren aldaketa guztiak idatziz jakinaraztea. Horretarako, nahitaez beharko da Familia eta Haurren Zuzendaritzaren berariazko onarpena.
n) Familia eta Haurren Zuzendaritzari bidaltzea agindu honen 16.2 artikuluan ezartzen diren frogagiriak, eta horien jarraipenean eta ondoko ebaluazioan laguntzea.
o) Aurrean aipatutako itzulketa-prozedura edo zehapen-prozeduretako bat hasiz gero, Familia eta Haurren Zuzendaritzari jakinaraztea.
p) Eta, oro har, beste edozein betebehar, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (testu hau azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezartzen denarekin bat etorriz.
19. artikulua.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.
1.– Ez-betetzetzat joko da:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan ezartzen ez diren jarduerak egiteko erabiltzea.
b) Agindu honetan ezartzen diren betebeharrak eta dirulaguntzak ematean ezartzen direnak (ezarriz gero) ez betetzea.
c) Dirulaguntza-programa hau kudeatzen duen zuzendaritzak baimendu gabeko aldaketak egitea aurkeztutako proiektuan.
d) Diruz lagundutako proiekturako ezarritako epeak gainditzea, ez badago horiak aldatzeko baimenik.
e) Hala denean, dirulaguntzaren likidazioaren ebazpenean adierazten den zenbatekoa ezarritako epealdiaren barruan ez itzultzea.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen du) arautzen diren gainerako ez-betetzeak.
2.– Aurreko paragrafoan bildutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, emandako eta jasotako zenbatekoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren arabera sortutako berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta 698/1991 Dekretuan (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) ezartzen denari jarraikiz eta horietan eskatzen dena betez.
3.– Itzuli beharreko zenbatekoa irizpide hauek kontuan hartuz zehaztuko da:
a) Diagnostikoa edo kontziliazio plana ez aurkeztea betebeharra ez betetzea izango da, eta onuradunak emandako laguntzaren % 100 itzuli beharko du.
b) Agindu honetan arautzen diren laguntzak kudeatzen dituen zuzendaritzak baimena eman gabe laguntzaren eskabidean eta dokumentazio osagarrian adierazitako jarduketak aldatzen badira, aldatutako jarduketei dagozkien zenbatekoak itzuli beharko dira.
c) Laguntzak justifikatzeko beharrezko dokumentazioa aurkezten ez bada, jaso eta justifikatu gabeko laguntzak itzuli beharko dira eta, behar denean, jasotzeko dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidea galduko da.
20. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Agindu hau aplikatzean biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta horretarako aplika daitekeen gainerako araudian ezartzen denaren arabera tratatuko dira.
Datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:
https://www.euskadi.eus/rgpd/1209002
https://www.euskadi.eus/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1512
21. artikulua.– Estatuaren laguntzak.
1.– Agindu honetan arautzen diren aginduak ez dira estatuaren laguntzak Europako araudiaren arabera. Beraz, Europar Batasunaren aurrean ez da egin behar inolako izapiderik eta ez zaio ezer jakinarazi behar.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENengoA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
En Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 7a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS