
116. zk., 2023ko ekainaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 4 orri.)
- EPUB (258 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2913
AGINDUA, 2023ko ekainaren 9koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetan eta itsas uretan eremu sentikorren izendapena berrikusteko eta uztailaren 16ko 111/2019 Dekretuaren eranskina aldatzeko dena.
Kontseiluaren maiatzaren 21eko 91/271/EEE Zuzentarauak, hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzkoak, zenbait neurri ezartzen ditu ur horiek isuri aurretik behar bezala tratatzen direla bermatzeko.
Zuzentarau horren 5. artikuluak eremu sentikorrak zehazteko betebeharra ezartzen zien estatuei, bertako II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, baita sailkapen hori gutxienez lau urtean behin berrikusten zela zaintzeko ere.
Abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuak, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikatu beharreko arauak ezartzen dituenak, zuzentarau hori barne-ordenamendura eraman zuen. Hala, hiri-aglomerazio jakin batzuetan hondakin-urak biltzeko eta bideratzeko kolektore-sistema bat edukitzeko betebeharra arautu zuen, eta ur horiek ur kontinentaletara edo itsasokoetara isuri aurretik zer tratamendu jarraitu behar dituzten finkatu zuen, isurketa horiek «eremu sentikorretan» edo «eremu ez hain sentikorretan» egiten diren kontuan hartuta.
Bestalde, aipatutako Zuzentarauaren ezarpena osatzen duen martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuak –11/1995 Errege Lege Dekretua garatzen duenak–, besteak beste, «eremu sentikor» eta «eremu ez hain sentikor» deklaratzeko kontuan hartu beharreko irizpideak zehazten zituen.
Aipatutako 11/1995 Errege Lege Dekretuaren 7.3 artikuluak xedatzen duenez, Autonomia Erkidegoei dagokie beren lurralde-esparrua gainditzen ez duten arro hidrografikoetako eremu sentikorrak deklaratzea, baita itsas uretako «eremu ez hain sentikorrak» zehaztea ere. Hala, irailaren 7ko 168/2004 Dekretuaren bidez, eremu sentikorrak izendatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoaren barruko arroetan eta itsas uretan.
Zuzentarauan ezarritakoarekin bat etorriz, 509/1996 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluak xedatzen du eremu horien izendapena gutxienez lau urtean behin berrikusi behar dela; beraz, urriaren 16ko 214/2012 Dekretuaren bidez eta, ondoren, uztailaren 16ko 111/2019 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidego barruko arroetako eta itsas uretako eremu sentikorrak izendatu ziren.
Azken Dekretua argitaratu zenetik lau urteko epe maximoa betetzear dagoenez, eremu horiek berriro berrikusi behar dira. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko estuarioen egoera trofikoaren ebaluazioari buruzko 2023ko txostenaren emaitzak kontuan hartuta (EAEko ur-masen egoeraren jarraipen-programen barruan emandakoa), Agindu honen bidez berrikusi eta mantendu egiten dira 111/2019 Dekretuan adierazitako eremu sentikorrak.
Berrikuspen hori bat dator, gainera, urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologiko berriaren aldarrikapenarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparrua barne hartzen duena), baita aglomerazioak katalogatzeko bi urteko ekitaldiaren barruan Europar Batasunari egindako jakinarazpenarekin eta eguneraketarekin ere.
Bestalde, eguneratu eta osatu egiten da 111/2019 Dekretuaren eranskina, eremu sentikor bakoitzari dagokiona, bertan jasotako informazioa zabalduz eta 91/271/EEE Zuzentaraua betetzearekin lotutako betebeharrak Europar Batasunari jakinarazteko egungo egiturara egokituz.
Eguneratze horren barruan, ezabatu egin da ES16480460503010 Gernika-Lumo hiri-aglomerazioa, jada ES16480170006010 Busturialdea aglomerazioan sartuta dagoelako eta eremu sentikorrera isurtzeari utzi diolako.
Aipatutako 111/2019 Dekretuaren 2.2 artikuluak ezartzen duenez, egingo diren berrikuspenak uren arloan eskumena duen sailburuaren Agindu bidez egingo dira, baldin eta horrek eremu horiek aldatzea ez badakar.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 8.1 v) artikuluan xedatutakoaren arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari dagokio ebazpen hau ematea.
Adierazitako guztiagatik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetako eta itsas uretako eremu sentikorren deklarazioa berrikustea, uztailaren 16ko 111/2019 Dekretuan egindako izendapenari eutsiz.
Bigarrena.– Uztailaren 16ko 111/2019 Dekretu horren eranskina aldatzea. Horren ordez, Agindu honekin batera doana jarriko da.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 9a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
RSS