Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2023ko ekainaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2892

81/2023 DEKRETUA, ekainaren 6koa, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen baitzaio «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» (Visesa) sozietate publikoaren akzioak erosteko.

«Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoa 1990eko otsailaren 12an emandako eskritura publiko bidez eratu zen, azaroaren 21eko 258/1989 Dekretuaren babesean. Dekretu horren bitartez, sozietatea sortzea erabakitzen zen, eta haren estatutuak onartzen ziren.

«Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren parte da, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikita dago, haren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera.

«Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoaren objektu soziala, sozietatearen estatutuen 2. artikulutik ondorioztatzen denez, honako hau da: etxebizitzak sustatu eta birgaitzea, ahal dela babes ofizialekoak; birgaitze-jarduketak etxebizitzen arloko operazioetarako; laguntza teknikoko prestazioak gauzatzea hirugarrenentzat, ordainduta, eta zerbitzu teknikoak, ekonomikoak, industrialak, merkataritzakoak, komisiokoak edo bere izaerarekin eta jarduerarekin lotutako beste edozein zerbitzu ematea; mota guztietako ondasunak, higigarriak edo higiezinak erosi eta saltzea, eta horien gainean eraikuntza-lan egokiak egitea, aurreko helburu eta jardueretarako beharrezkoak edo komenigarriak badira; ondare sozialeko etxebizitzak eta atxikita dituen beste batzuk errentamendu-erregimenean kudeatzea; eta energia-eraginkortasuna hobetzearekin lotutako energia-zerbitzuak ematea, batez ere etxebizitza-sustapenen esparruan.

«Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A.– Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoaren egungo kapital soziala 37.241.708,58 eurokoa da, eta 12.393 akzio izendunek osatzen dute; horietatik, 9.745 akzio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak dira (% 78,63); 2.304 akzio, Kutxabank, SArenak. (% 18,59); eta 344 akzio, berriz, Euskadiko Kutxa Kreditu Kooperatibarenak (% 2,78). Azken bi erakunde horiek beren partaidetza besterentzeko interesa agertu dute.

«Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2023ko otsailaren 27ko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eskatu dio hasiera eman diezaiola Gobernu Kontseiluak erosketa baimentzeko prozedurari.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 109.1 artikuluaren arabera, enpresa-ondarearen parte izatera igaroko diren akzioak direnez, akzio horiek eskuratzeko, beharrezkoa da, 110.1 artikuluaren arabera, Gobernu Kontseiluak dekretu bidez baimena ematea; horretarako proposamena bi sailburuk egin beharko dute batera: ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean edo erakunde instrumental baten bidez, sozietatea atxikita dagoen edo egongo den saileko buruak. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Kutxabank, SAk eta Euskadiko Kutxa Kreditu Kooperatibak adierazi dute «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoan dituzten akzioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari transmititu nahi dizkiotela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak interesa agertu du bi bazkide minoritarioen akzioak erosteko, kapital sozialaren % 100 izate aldera.

Erosketaren prezioa, guztira, 15.603.795,52 eurokoa izango da: 13.576.716,35 euro, Kutxabank, SAren titulartasuneko 2.304 akzioak erosteko, eta 2.027.079,17 euro, Euskadiko Kutxa Kreditu Kooperatibaren 344 akzioak erosteko. Ondare-eragiketa horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoaren akzio guztien titularra izango da, eta haren partaidetza kapital sozialaren % 100era igoko da.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematea «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoaren 2.304 akzio erosteko Kutxabank, SAri (5.151tik 7.355era, biak barne, eta 12.281etik 12.379ra, biak barne), 13.576.716,35 euroko zenbatekoan.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematea «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoaren 344 akzio erosteko Euskadiko Kutxa Kreditu Kooperatibari (7.356tik 7.685era, biak barne, eta 12.380tik 12.393ra, biak barne), 2.027.079,17 euroko zenbatekoan.

Ondare-eragiketen zenbatekoa, guztira, 15.603.795,52 eurokoa izango da.

Akzioak eskuratu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak % 100eko partaidetza izango du «Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA» sozietate publikoan.

2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan aurreikusitakoa burutzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatu eta dokumentuak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala