Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2023ko ekainaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
2891

79/2023 DEKRETUA, ekainaren 6koa, honako baimen hauek ematen dituena: SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematen zaio Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen zaie sozietate horren estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Teknologi Elkartegia SA sozietate publikoaren kapital sozialean parte hartzen du, eta haren akziodun nagusia da.

Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen xedea da industria-ekimena eta -inbertsioa piztea eta sustatzea, industria-pabiloien multzo bat eraikiz eta azpiegiturak instalatuz eta higiezinen ekipamendua hornituz. Pabiloien ustiapena kudeatuko du, errentamenduz, jabetza transferituz edo beste molde batzuez ere; adibidez, prekarioan emanez. Lokalak eta zerbitzuak sustatu eta merkaturatuko ditu, eta bertan finkatu nahi duten enpresak gonbidatu eta hautatuko ditu: enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak egingo dituzte, batez ere produktuei, prozesuei eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren (hardware eta software) alorretan. Horrelako instalazioetan behar diren zerbitzuen kudeaketa iraunkorra eta ustiapena beteko ditu: Testuen prozesaketa, telexa, ordenagailu bidezko marrazketa, datu-baseekiko konexioa, ordenagailuen eta bulegoko makineriaren alokairua, batzar-aretoak eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua.

Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietateak kapital-gehikuntza batera jo behar du Zorrotzaurren (Bilbao) Basque Artificial Intelligence Center zentrorako espazio fisiko bat gaitzeko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak baimena eskatu du Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Baimen hori beharrezkoa da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina); izan ere, artikulu horrek ezartzen du enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar dela, dekretu bidez emana.

Aurreikusitako eragiketan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundeak, guztira, 3.500.000 euroko zenbatekoarekin parte hartuko luke kapital-zabalkuntza horretan, hau da, proposatutako zabalkuntzaren % 100. Horren ondorioz, % 70,78ra igoko litzateke Teknologi Elkartegia SAren kapitalean duen partaidetza.

Kapital-zabalkuntzak berekin dakar kapital-sozietateen estatutuen 2. artikulua berriz idatzi beharra. Hori dela eta, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua aplikatu behar da, honela dioena: zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak biek batera proposaturik.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak batera proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6ko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematea Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Hiru milioi eta bostehun mila (3.500.000) eurokoa izango da parte hartzea, hau da, zabalkuntzaren % 100. Eragiketa horren ostean, % 70,78ko partaidetza izango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak sozietate horretan.

2. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-zabalkuntzaren ondorioz Parque Tecnológico – Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko. Artikulu horren idazketan, sozietatearen kapitalaren zenbateko berria jasoko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala