Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2023ko ekainaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
2890

78/2023 DEKRETUA, ekainaren 6koa, baimen hauek ematen dituena: SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematen zaio Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen zaie sozietate horren estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Parque Tecnológico de Álava - Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietate publikoaren kapital sozialean parte hartzen du, eta haren akziodun nagusia da.

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen helburuak honako hauek dira: industria-arloko ekimena eta inbertsioa sustatu eta bultzatzea, industria-pabiloien konplexu bat eraikiz, eta horiek kudeatuz, lokalak eta zerbitzuak sustatuz eta merkaturatuz, eta haietan ezarri nahi duten enpresak gonbidatuz eta hautatuz; enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak burutu beharko dituzte, bereziki produktu, prozesu eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren (hardwarea eta softwarea) arloan.

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietateak kapital-zabalkuntza gauzatu behar du, 2022-2024 aldirako Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Planeko inbertsio batzuk finantzatzeko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak baimena eskatu du Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Baimen hori beharrezkoa da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina); izan ere, artikulu horrek ezartzen du enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar dela, dekretu bidez emana.

Aurreikusitako eragiketan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundeak, guztira, 4.849.988 euroko zenbatekoarekin parte hartuko luke kapital-zabalkuntza horretan, hau da, proposatutako zabalkuntzaren % 100. Horren ondorioz, % 73,82ra igoko litzateke Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SAren kapitalean duen partaidetza.

Kapital-zabalkuntzak berekin dakar kapital-sozietateen estatutuen 2. artikulua berriz idatzi beharra. Hori dela eta, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua aplikatu behar da, honela dioena: zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak batera proposaturik.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak batera proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6ko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Parque Tecnológico–Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Lau milioi zortzi ehun eta berrogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita zortzi (4.849.988) eurokoa izango da parte hartzea, hau da, zabalkuntzaren % 100. Eragiketa horren ostean, % 73,82ko partaidetza izango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak sozietate horretan.

2. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-zabalkuntzaren ondorioz Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko. Artikulu horren idazketan, sozietatearen kapitalaren zenbateko berria jasoko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala