Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2023ko ekainaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2861

61/2023 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Getariako Udalarekin sinatutako hitzarmena, Getariako udalerrian zuzkidura-bizitokien sustapena ahalbidetzeko baimena ematekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Getariako Udalarekin sinatutako hitzarmenaren testua, Getariako udalerrian zuzkidura-bizitokien sustapena ahalbidetzeko baimena ematekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 9KO 61/2023 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO LURRALDE-PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN ETA GETARIAKO UDALAREN ARTEKOA, GETARIAKO UDALERRIKO BALENTZIAGA KALEAN ZUZKIDURA BIZITOKIAK SUSTATZEKOA

Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 23an.

BILDU DIRA

Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburua.

Eta bestetik, Haritz Alberdi Arrillaga jauna, Getariako Udaleko alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiaren ondorioz egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Getariako Udaleko alkate-udalburu den aldetik, alkate-udalbatza horren 2023ko martxoaren 14an batzartutako osoko bilkurak egintza honetarako baimena emanda.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau

AZALTZEN DUTE

Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkor baten bidez bakarrik bermatu daiteke, eta hori lurzoru publikoa eskuratzeko eta kudeatzeko ekintza erabakigarri batekin osatu behar da. Horregatik, botere publikoek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Getariako Udalak batera esku hartu behar dute, eta horretara behartuta daude, zuzkidura-bizitokiak egin ahal izateko baldintzak sortzeko.

Hirugarrena.– 2021-2023 aldirako Etxebizitza Plan Zuzentzaileak diagnostiko bat jasotzen du, eta bertan adierazten da 2020an Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lurzoru-ondarea duela sustapen berriko 4.000 etxebizitza alokairuan eta zuzkidura-bizitokietan eraikitzeko.

Zehazki, Etxebizitza Planaren xedea eta ikuspegia hiru (3) ardatz eta hamar (10) estrategia dira, diagnostikoan identifikatutako erronkei erantzuten saiatzen direnak, eta lehenengo ardatzak alokairuko etxebizitzen parkea bultzatzen du.

Lehenengo ardatz honen jarduera-ildoetako bat alokairu eskuragarriko erregimeneko etxebizitza berriak sustatzea da, bai eta zuzkidura-bizitokiak sustatzea ere, Plan Zuzentzailearen indarraldiko hiru urteetan. Era berean, alokairu-parkea handitzeko helburuarekin, dokumentuak aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak udalekin lankidetzan jardungo duela zuzkidura-bizitokien eta alokairu-erregimeneko etxebizitza sozialen sustapena sustatzeko.

2. ardatzak eraikinen eta etxebizitzen parkea mantentzea eta birgaitzea sustatzen du, egungo etxebizitza-parkearen irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetuz. Horretarako, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzea sustatu nahi da, birgaitzearen kudeaketa integratua erraztu eta hiria berroneratzeko programak bultzatu.

Laugarrena.– Diputatuen Kontseiluak 1990eko martxoaren 6an eta 1996ko urriaren 1ean hartutako erabakien bidez, Getariako Plangintzako Arau Subsidiarioak behin betiko onartu ziren.

Gaur egun indarrean dagoen hirigintza-araubidea Getariako Plangintzako Arau Subsidiarioetan ezarritakoa da. Arau horiek behin betiko onartu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2007ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez (horren testu bategina geroago onartu zen, 2008ko uztailaren 15eko Erabakiaren bidez).

Arau subsidiario horien arabera, laguntzarako ekipamendu-erabilerako lurzatiak 485 metro koadroko azalera du.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Getariako Udalak Getariako udalerriko Balentziaga kaleko partzela ekipamendu komunitario gisa erabiltzeko asmoa dute, hogei zuzkidura-bizitoki inguru sustatu ahal izateko.

Bosgarrena.– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 17. eta 81. artikuluetan ezartzen duenez, plangintzak berariaz kalifikatu ahal izango ditu lursailak komunitatearen ekipamendutzat nagusiki bizitegi-erabilerako eremuetan, zuzkidura-bizitokietarako, bai aldi baterako bizitokietarako, bai premia berezia duten kolektiboen bizitokietarako.

Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 19. artikuluan ezartzen duenez, administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuaren barruan, babes publikoko etxebizitzen sustapena sustatuko dute, jarduera horien aldeko neurri ekonomikoak, fiskalak, hirigintzakoak eta bestelakoak ezarriz.

Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak Lurzoru Ondare Publikoa arautzen du, eta zehazten du Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak kudeatuko duela, besteak beste helburu hauek betetzeko:

a) Lurzorua edo bizitegirako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Aipatutako eraikin babestuak eta jarduketarekin berarekin lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

Etxebizitzaren arloan indarrean dagoen araudiak ez du aurreikusten Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasurik edo prozedurarik, eta, beraz, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean horretarako xedatutakoa beteko da.

Helburu horiek lortze aldera, hitzarmen honen bidez Getariako Balentziaga kaleko partzela doan lagatzea aurreikusten da, Getariako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari zuzkidura-bizitokiak emateko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 38. artikuluan ezartzen denez, ondasunak dohainik eskuratzeko onarpena ondasun horien titulartasuna izango duen sailak erabakiko du, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak berekin badakar gastua eragingo duen erabilera-baldintza edo -konpromiso espezifikoren bat, eta, kasu honetan bezala, doako xedapena onartzeko eskumena duen organoak balioetsitako interes publikoko arrazoiak badaude.

Seigarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak administrazio-hitzarmenen lege-esparrua eta tipologia sistematizatzen ditu, eta horiek baliozkoak izateko baldintzak ezartzen ditu.

Arauak adierazten du hitzarmenak sinatzeak kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetu behar duela, bitarteko eta zerbitzu publikoen baterako erabilera erraztu behar duela, onura publikoko jarduerak egiten lagundu behar duela eta aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeria bete behar duela.

Horrela, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak hitzarmenen araubide osoa garatzen du, eta hitzarmenen gutxieneko edukia, motak, iraupena eta azkentzea finkatzen ditu. Hitzarmenek jaso behar dituzten beste gai batzuen artean, hitzarmenen aldaketa-araubidea eta indarraldia daude.

Nolanahi ere, interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, bi alderdiek hitzarmen hau formalizatzen dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen xedea da Getariako udalerriko Balentziaga kaleko lurzatian zuzkidura-bizitokiak sustatzea, udalerrian bizi diren pertsonen egungo beharrei erantzuteko.

Bigarrena.– Getariako Udalak konpromisoa hartu du aipatutako lurzatia doan lagatzeko, kargarik gabe, bai eta nahitaez laga beharreko hirigintza-aprobetxamenduaren % 15 ere.

Hitzarmen honetan hitzartutako ondare-eragiketak Gobernu Kontseiluaren baimena lortzearen baldintzapean daudela ulertu behar da, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean adierazitakoaren arabera.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du Gobernu Kontseiluak doako lagapen horiek onar ditzan izapidetzeko.

Klausula honetan aurreikusitako doako lagapenei buruzko ondare-eragiketak eskritura publikoan formalizatuko dira sei hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak doako lagapena baimentzen duen erabakia hartzen den egunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak honako jarduera hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

– Dagokion Hiri Antolamenduko Plan Berezia kontratatu eta idaztea.

– Egungo eraikuntza eta sustapeneko eraikuntza eraisteko proiektuen idazketa kontratatzea.

– Bizitegi-blokea eta horri lotutako urbanizazioa eraisteko eta eraikitzeko obrak eta zuzendaritza fakultatiboak kontratatu eta gauzatzea.

– Obrak hasi baino hiru hilabete lehenago, Getariako Udalari jakinaraziko zaio tresna guztiak beste udal lokal batera eraman ditzala obrek irauten duten bitartean.

– Getariako Udalari erdisotoan egon daitezkeen lokalak egokitu gabe lagatzea.

– Behar diren neurri guztiak hartzea obrak eragin dezakeen kaltea ahalik eta txikiena izan dadin eta, betiere, obrak uki ditzakeen udal-titulartasuneko ondasunak lehengo egoerara itzuliko direla bermatzeko.

– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bere gain hartuko ditu, Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Udal Zerga izan ezik, erreferentziako lurzoruak doan eskuratzean datzan ondare-eragiketa eskrituratzearen eta Jabetza Erregistroan inskribatzearen ondoriozko gastuak.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bere gain hartzen dituen konpromiso guztiak aldez aurretik dagozkion aurrekontu-izendapenak izatearen eta aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak betez Euskal Autonomia Erkidegoak dituen baliabideen mende egongo dira.

Laugarrena.– Getariako Udalak honako jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartu du:

– Plan Berezia ahalik eta lasterren izapidetzea, baita dagozkion lizentziak ematea ere.

– Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen organoak egindako sustapenari % 95eko hobaria ematea Instalazio, Eraikuntza eta Obren gaineko Zergan (ICIO), interes edo onura bereziko sustapen bat baita, dauden gizarte-inguruabarrak direla-eta.

Horretarako, beharrezkoa izanez gero, Udalak konpromisoa hartzen du zerga hori arautzen duen Udal Ordenantza aldatzeko, hobari-ehuneko hori jasotzeko.

– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, Herri Administrazio den aldetik, aplikatzekoa den araudiak eska diezazkiokeen fidantza edo abal gisa inolako finantza-bermerik emateko ez eskatzea, batez ere hondakinen kudeaketari edo obrak egiteak eragin diezaiekeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higigarri edo higiezinen itzulketari dagokienez.

Klausula honetan hartutako konpromisoetatik eratorritako gastuak Getariako Udalak hartuko ditu bere gain.

Bosgarrena.– Zuzkidura-bizitokien esleipena esleipen-prozedura eta aplikatu beharreko araudian adierazitako kupo-erreserbak errespetatuz egingo da. Etxebizitza-gaietan eskumena duen sailburuaren dagokion aginduan, etxebizitzak eta bizitokiak esleitzeari buruzkoan, partaidetza-baldintzak ezarriko dira, indarreko araudian jasotako etxebizitza-kupoen erreserbak eta Getariako herritarrek dagokien erroldarekin jasotzaile izateko duten lehentasuna oinarri hartuta.

Ildo horretan, 36 urtetik beherako pertsonen kolektiboarentzat esleituko diren zuzkidura-bizitokien % 40ko gehieneko kupoa lortzea bultzatuko da. Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eta mugikortasun urri iraunkorreko arazoak dituzten pertsonek bizitoki horiek eskuratu ahal izango dituzte erreferentziako udalerrian erroldatuta daudela egiaztatu beharrik gabe, indarrean dagoen araudian jasotzen den bezala.

Seigarrena.– Bi administrazio publikoek beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde horren zeregina izango da hitzartutako aurreikuspenak eta konpromisoak betetzea, zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, zuzkidura-bizitokiak sustatzean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabeherei erantzutea.

Jarraipen-batzorde hori lau kidek osatuko dute, alde bakoitzak proposatutako bi pertsonak.

Hitzarmen honetan planteatu ez diren gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluko 3. atalean xedatutakoaren arabera arautuko da Jarraipen Batzordea.

Zazpigarrena.– Hitzarmen hau administratiboa da, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio haren interpretazioaren, aplikazioaren, betearazpenaren eta ondorioen inguruan sor daitezkeen gai guztien berri izatea, seigarren klausulan aurreikusitako bidea agortzen denean.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau ez dago lege horren mende, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko Lege horren printzipioak aplikatzeari kalterik egin gabe.

Zortzigarrena.– Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen denetik kontatzen hasita. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmena sinatzen duten alderdiek berariaz erabaki ahal izango dute hitzarmena gehienez beste lau urtez luzatzea edo azkentzea.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi eta, hala badagokio, aldatu ahal izango da, alderdi sinatzaileek aho batez hala eskatuz gero, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamargarrena.– Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, eta alderdiak jatorrizko egoera juridikora itzuliko dira, eta kausatzaileak eragindako kalte eta galera guztiak ordaindu beharko dizkie, bai beste alderdiari bai fede oneko hirugarrenei.

Kasu horretan, dagokion izapidea egin ondoren, Getariako Udalari eskualdatu beharreko lurzatia itzultzea erabakiko da, eta ebazpen horren kausatzaileak eragiketa horri lotutako kostuak ordaindu beharko ditu (eskritura-gastuak, erregistroa, etab.).

Era berean, hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoiak izango dira indarrean dagoen legeriak bere izaeragatik jasotzen dituen beste guztiak.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenetan atzera egin ahal izango du, apartatu honetan aurreikusitako kalte-ordainik ordaindu gabe, baldin eta gerora sortutako arrazoiengatik bideraezina egiten bada.

Adostasuna eta fede ona adierazteko, agiri hau sinatzen dute sinaduran adierazitako egunean.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Getariako Udaleko alkate burua,

HARITZ ALBERDI ARRILLAGA.


Azterketa dokumentala