
114. zk., 2023ko ekainaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 4 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2860
59/2023 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Zuzenbideko Fakultateko ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko laneko eta Gizarte-segurantzako ikuskatzailetzan egiten dituzten kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hezkuntza-lankidetzako hitzarmena aldatu eta luzatzeko gehigarria.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Zuzenbideko Fakultateko ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko laneko eta Gizarte-segurantzako ikuskatzailetzan egiten dituzten kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hezkuntza-lankidetzako hitzarmena aldatu eta luzatzeko gehigarria. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 8a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 8KO 59/2023 EBAZPENARENA
ZUZENBIDEKO FAKULTATEKO IKASLEEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANEKO ETA GIZARTE-SEGURANTZAKO IKUSKATZAILETZAN EGITEN DITUZTEN KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK ARAUTZEN DITUEN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO HEZKUNTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA ALDATU ETA LUZATZEKO GEHIGARRIA
Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 30ean.
BILDUTAKOAK:
Alde batetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, lehendakariaren irailaren 7ko 21/2020 Dekretuaren bidez izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari.
Eta, bestetik, Alberto Emparanza Sobejano, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa den aldetik.
Bi aldeek luzapen-akordio hau sinatzeko beharrezko legezko gaitasuna eta legitimazioa aitortzen diote elkarri, eta horretarako, hauxe
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– 2019ko irailaren 1ean, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak –Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren bidez (gaur egun Lan eta Enplegu Saila)– eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Zuzenbide Fakultateko ikasleei irakaskuntza praktikoa emateko.
Bigarrena.– Hitzarmen horretako hamazazpigarren klausularen arabera, hitzarmenaren indarraldia 2022-2023 ikasturtea bukatzearekin batera bukatuko da, baina luzatu ahal izango da, aldi berdinerako, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h.2 artikulua aplikatuz, artikulu horrek ezartzen duenez, aurreikusitako indarraldia bukatu aurretik edozein unetan adostu ahalko baitute hitzarmenaren sinatzaileek hura luzatzea, gehienez beste lau urte osagarriz, edo hura azkentzea.
Hirugarrena.– 2023ko martxoaren 17an, martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, Pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero-arrakala murrizteko eta pentsioen sistema publikoaren iraunkortasun-esparru berri bat ezartzeko presako neurriena.
2/2023 Errege Lege Dekretu horrek artikulu bakar bat du, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatzen duena. Testu bategin horri berrogeita hamabigarren xedapen gehigarria gehitzen dio, besteak beste, prestakuntza-praktikak edo prestakuntza-praktiken barruan kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzea ezartzen duena. Xedapen gehigarri horrek adierazten du prestakuntza-praktikak prestakuntza-programetan sartuta dauden enpresa, erakunde edo entitateetan eginez gero eta kanpoko praktika akademikoak dagokion lege- eta erregelamendu-erregulazioaren babesean eginez gero, praktika horiek egiten dituztenak Gizarte Segurantzaren sisteman sartuko direla.
Gainera, xedapen gehigarri horrek Gizarte Segurantzaren sisteman sartzeko modalitateak eta modu espezifikoak arautzen ditu, praktika-kasuen arabera.
Ordaindu gabeko praktiken kasuan, berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren 4.b puntuak zehazten du praktikak zer enpresa, erakunde edo entitatetan egiten diren, hark bete beharko dituela Gizarte Segurantzako betebeharrak, salbu eta praktika horiek egiteko sinatzen den lankidetza-hitzarmen edo -akordioan xedatzen bada betebehar horiek prestakuntza-eskaintzaren ardura duen prestakuntza-zentroari dagozkiola.
Laugarrena.– Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarri berria aplikatzeko eta bi erakundeen arteko lankidetzarekin jarraitzeko, alderdi sinatzaileek erabaki dute aipatutako hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko gehigarri hau sinatzea. Hona hemen klausulak:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Aldatu egiten da 2019ko irailaren 1ean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren izenburua, eta honela idatzita geratuko da:
«Zuzenbideko Fakultateko ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzan egiten dituzten kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hezkuntza-lankidetzako hitzarmena».
Bigarrena.– Aldatu egiten da hitzarmenaren hamabigarren klausula, eta honela idatzita geratuko da:
«1.– Lan-harremanik eza.
Kanpoko praktika akademikoak prestakuntzaren osagarri direnez, praktikak egitearen ondorioz ez da inola ere sortuko lan-harremanari berezko zaion betebeharrik.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak inoiz eta inola ere ezingo du lanposturik bete ikasleekin, ez eta behin-behinean edo bitarteko moduan ere, praktikaldirako ezarritako denboran.
2.– Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren arabera, prestakuntza-praktikak egiten badira prestakuntza-programetan sartuta dauden enpresa, erakunde edo entitateetan, eta kanpoko praktika akademikoak egiten badira dagokion lege- eta erregelamendu-erregulazioaren babesean, praktika horiek egiten dituzten pertsonak Gizarte Segurantzaren sisteman sartuko dira, aipatutako xedapen gehigarriaren arabera.
Aipatutako xedapen gehigarriak ezartzen du ordaindu gabeko prestakuntza-praktiken kasuan, praktikak zer enpresa, entitate edo erakundetan egiten diren, hark bete beharko dituela Gizarte Segurantzako betebeharrak, salbu eta sinatzen den lankidetza-akordio edo-hitzarmenean ezartzen denean prestakuntza-eskaintzaren ardura duen prestakuntza-zentroari dagozkiola betebehar horiek.
Hori kontuan hartuta, Euskal Herriko Unibertsitateak bete beharko ditu hitzarmen hau aplikatzearen ondoriozko Gizarte Segurantzako betebeharrak, hura baita prestakuntza-eskaintzaren ardura bere gain duen zentroa.
Horrez gain, eskola-aseguruaren estaldura ere bere gain hartuko du Unibertsitateak, eta emango die ikasleei horren inguruko informazioa; eta bestelako aseguruak ere sinatu ahal izango ditu».
Hirugarrena.– Aldatu egiten da hitzarmenaren hamazazpigarren klausula, eta honela idatzita geratuko da:
«Hitzarmen honek hasiera batean 4 urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita. Indarraldia bukatu baino lehenago, edozein unetan, aldeek aho batez erabaki ahal izango dute indarraldi hori luzatzea, gehienez ere beste lau urterako edo, bestela, hitzarmena azkentzea, betiere indarraldia bukatu baino lehen hitzarmena suntsiarazten ez bada alderdietako batek salatuta. Salaketarik izanez gero, idatziz komunikatu beharko zaio beste alderdiari, ekainaren lehena baino lehen, ondorioak hurrengo ikasturtean izan ditzan.
Hitzarmen honetan aurreikusitako praktikak EAEko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako baliabideen eskuragarritasunaren mende daude. Ikuskaritza horretako zuzendariordetzari dagokio halakorik dagoen zehaztea, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateari komunikatzea».
Laugarrena.– Alderdi sinatzaileek erabaki dute 4 urtez luzatzea Zuzenbideko Fakultateko ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzan egiten dituzten kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hezkuntza-lankidetzako hitzarmenaren iraupena.
Bosgarrena.– Aipatutako hezkuntzako lankidetza-hitzarmenaren xedeari jarraipena emate aldera, alderdiek konpromisoa hartzen dute jarduera zehatzak egiten jarraitzeko.
Seigarrena.– Indarrean jarraituko dute 2019ko irailaren 1eko hitzarmenean itundutako gainerako estipulazioek, gehigarri honen bidez aldatu ez direnek.
Alderdiek irakurri dute luzapen-akordio honetan ezarritakoa eta, edukiarekin ados daudela adierazteko, bi ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako toki eta egunean, eta akordioan ezarri diren estipulazioekin bat etorriz.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa,
ALBERTO EMPARANZA SOBEJANO.
RSS