Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2023ko ekainaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OSASUN SAILA
2858

73/2023 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, «Asociación Instituto de Investigación Sanitaria Bioaraba» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «Asociación Instituto de Investigación Sanitaria Bioaraba» izeneko elkarteak, aitormen hori emateko eskatu du. Haren ustez, elkartea onura publikokoa dela aitortzea merezi du interes orokorra sustatzen duelako egiten dituen jardueren bidez, batez ere osasun-sistema jasangarriagoa izan dadin, osasun-balioa sortzen baitu, biozientzien eta osasunaren arloko industria-sarearekin lankidetzan arituz eta, batez ere, ikerketa eta berrikuntza herritarrei helaraziz, haien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Ildo horretan, elkarteak honako eginkizun hau nabarmendu du: «Ikerketa eta berrikuntza sanitario translazionala sustatzea eta koordinatzea, bikaintasunez eta arduraz, gorabidean dauden eta finkatuta dauden taldeen artean, Araban kalitatezko ikerketa- eta berrikuntza-jarduera baten jarraipena eta aintzatespena bermatzeko, eta horretan biozientziak-osasuna sektoreko profesional sanitarioak nahiz ez-sanitarioak eta herritarrak inplikatzeko, asistentzia sanitarioa hobetzeko, biztanleriaren osasunean eragina sortuz eta Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko aberastasun sozioekonomikoan lagunduz».

«Asociación Instituto de Investigación Sanitaria Bioaraba» izeneko elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (zenbakia: AS/A/22271/2019), 2019ko otsailaren 4an emandako Ebazpena dela bide.

Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere eginkizunak.

Eratu zenetik, «Asociación Instituto de Investigación Sanitaria Bioaraba» izeneko elkarteak bere helburu nagusia lortzera bideratzen ditu bere jarduerak, hau da, osasun-zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen kudeaketan eta antolamenduan ikerketa sustatzea eta egitea, osasun-sistemaren etengabeko egokitzapena eta eraldaketa bilatzen duten arloan eskumena duen sailaren politikekin lerrokatuta, pertsonak sistemaren erdigunean mantenduz, zahartzarotik, kronikotasunetik eta mendekotasunetik eratorritako erronkak barne.

Jarduera horiek guztiak interes orokorrekotzat jotzen ditu gizarteak, oro har.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu bidez aitortuko da, gaiaren arabera egoki diren sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Osasun sailburuaren proposamenez, entitate eta erakunde interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Asociación Instituto de Investigación Sanitaria Bioaraba» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/A/22271/2019 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala