Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2023ko ekainaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2850

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 31koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko Unibertsitateko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko arautegiko artikulu batzuen aldaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duena.

UPV/EHUko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren erreforma hau izapidetu da haren 42. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2011ko urriaren 13ko EHAA), eta klaustroak onartu egin du, UPV/EHUren Estatutuen aldaketaren artikulu bakarrak, hamaikagarren puntuak eskatu bezala (Eusko Jaurlaritzaren 78/2022 Dekretuaren bidez onartutako Estatutuak).

Klaustroak 2021eko azaroaren 25eko bilkuran onartutako UPV/EHUren Estatutuen erreformaren Azken Xedapenetako Bigarrenak ezartzen zuen ezen, indarrean sartu eta bederatzi hilabeteko epean, dagozkion arau aldaketak onartu behar zirela, Estatutuetara egokitzeko, dagozkion Arautegietan, Klaustroan ordezkaritza duten unibertsitate sektoreetako kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoen osaera.

Organo garrantzitsu horretako ordezkaritza eta partaidetza printzipioak ahalik eta modurik egokienean egituratu behar dira, eztabaidarako eta ideien konfrontaziorako leku izan dadin, gure Unibertsitateari buruzko gogoeta zorrotza egiteko eta bazterketarik gabeko ordezkaritza eta haren kideen partaidetza dinamikoa lortzeko. Horregatik, hainbat arau sartu dira klaustrokideen partaidetza, banakakoa edo taldekakoa, erraztu eta sustatzeko.

Azkenik, teknologia berriei esker, aldaketak sar daitezke organoaren funtzionamendua azkartzeko eta klaustrokideen partaidetza sustatzeko; adibidez, boto telematikoa.

2022ko azaroaren 29an, Klaustroak UPV/EHUko Unibertsitateko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko arautegiko (2011ko ekainaren 3an onartua) artikulu batzuen aldaketa onartu zuen.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea UPV/EHUko Unibertsitateko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko arautegiko artikulu batzuen aldaketa, eranskinean jasotzen den legez.

Bigarrena.– Aldaketa hau indarrean sartuko da argitaratzen den egunean bertan.

Leioa, 2023ko maiatzaren 31.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
UPV/EHUko UNIBERTSITATEKO KLAUSTROAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ARAUTEGIKO ARTIKULU BATZUEN ALDAKETA

Lehenengoa.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 3. artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«3. artikulua.– Klaustroaren osaera.

Unibertsitateko Klaustroko kideak dira: errektorea (bera izango da burua), idazkari nagusia (Klaustroko idazkaria izango da), gerentea eta beste 240 pertsona, Estatutuen 169. artikuluan aurreikusitako unibertsitate sektoreen ordezkari gisa, honela banatuak:

– 135 pertsona (% 56,25), irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen ordezkari gisa.

– 19 pertsona (% 8), irakasle iraunkor ez-doktoreen eta irakasle ez-iraunkor doktoreen ordezkari gisa.

– 4 pertsona (% 1,59), gainerako irakasle-ikertzaileei dagozkienak.

– 53 pertsona (% 22,08), graduko eta graduondoko ikasleei dagozkienak.

– 29 pertsona (% 12,08), administrazio eta zerbitzuetako langileei dagozkienak.»

Bigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 4.1.b) eta 4.1.d) artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«b) Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreak eta irakasle ez-iraunkor doktoreak banatuko dira aintzat harturik sektore honen proportzio numerikoa campus bakoitzean eta arduraldiaren haztapena.»

«d) Graduko ikasleek gutxienez ordezkari bat izango dute ikastegi bakoitzeko; graduondokoek, gutxienez ordezkari bat. Gainerako ordezkariak ikastegien artean banatuko dira aintzat harturik sektore honen proportzio numerikoa ikastegi bakoitzean. Graduondoko ikasleen kasuan, bai Doktorego Eskolako ikasleek bai ikastegiei atxikitako masterretako ikasleek barruti bakar bat eratuko dute Klaustroan dagokien ordezkari kopurua zehazteko orduan.»

Hirugarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 7.2 a) artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«a) Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen kidegorako eta irakasle ez-iraunkor doktoreen kidegorako.»

Laugarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 8.2 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«2.– Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen eta irakasle ez-iraunkor doktoreen, gainerako irakasle-ikertzaileen eta AZPko langileen campuseko hauteskunde batzordearen burua izango da campuseko errektoreordea edo hark eskuordetutako pertsona. Gainera, beste bi kide ere izango ditu, dagokion campuseko kolektibo honetako kideen artetik zozketaz aukeratuak.»

Bosgarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 9.5 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«5.– Mahaia eratzean arrazoirik gabe ez bertaratzeak erantzukizunak eskatzea ekar dezake, eta bertaratu ez direnen ordez aritu ahal izango dira hauteskunde mahaiko buruak edo, hala badagokio, hauteskunde batzordearenak hautesleriaren artetik aukeratutako pertsonak.»

Seigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 10. artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«10. artikulua.– Hautagai zerrendak eta hautagaiak aldarrikatzea.

1.– Klaustroko ordezkariak hautatzeko, hautagai zerrenda kolektiboak, itxiak eta ordenatuak aurkeztuko dira dagokion Hauteskunde Batzordearen aurrean, hautagai guztiek sinatuta. Hautagai zerrendek gutxienez ikastegi bakoitzari dagokion sektorean esleitutako lanpostuen laurdena bete beharko dute, edo irakasle-ikertzaile iraunkor ez- doktoreen eta irakasle ez-iraunkor doktoreen, beste irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien kopuruarena, eta gizonen eta emakumeen presentzia orekatua bermatuko dute, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren arabera.

2.– Hautagai zerrendak aurkezteko idazkia dagokion deialdian adierazten den moduan aurkeztuko da, eta dagokion epean aurkeztu dela jasota geldituko da.

3.– Hauteskunde barruti bakoitzeko Hauteskunde Batzordeak hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko du, eta, hiru eguneko epean, behin-behineko hautagai zerrendak aldarrikatu eta argitaratuko ditu.

4.– Hautagaiak behin-behinekoz aldarrikatuta, inpugnazioak aurkeztu ahal izango dira hauteskunde egutegian zehaztutako epean eta deialdian zehazten den moduan. Hauteskunde Batzorde Nagusiak inpugnazioak aztertuko ditu, behin betiko hautagai zerrendak aldarrikatu eta argitaratzeko agindua emango du.

5.– Aldarrikatutako hautagai zerrendak jendaurrean egongo dira bozketa egunaren biharamunera arte.»

Zazpigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 12. artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«12. artikulua.– Botoa aldez aurretik ematea.

Botoa aldez aurretik emateko, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari jarraituko zaio; hala ere, ikastegiei atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileek, irakasle- ikertzaile iraunkor ez-doktoreek eta irakasle ez-iraunkor doktoreek eta gainerako irakasle-ikertzaileek ikastegian bertan eman ahal izango dute aldez aurretik botoa, horretarako kasuan kasuko Hauteskunde Batzordeak ezarritako prozedurari jarraituz.»

Zortzigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 13.4 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«4.– Ondoren, Mahaiek argitara emango dituzte emaitzak ikastegietako eta Errektoreordetzetako iragarki oholetan. Era berean, berehala helaraziko dizkiote Hauteskunde Batzorde Nagusiari hauteskunde eguneko akten kopiak, posta elektronikoz. Akta horiek behar bezala sinaturik egongo dira».

Bederatzigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 21.1 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«1.– Klaustroko Mahairako hautagai zerrendek titularra eta ordezkoa izango dute, eta gizonen eta emakumeen presentzia orekatua bermatuko dute, klaustrorako zerrendak aurkezteko aurreikusitako modu berean, behar bezala azaldutako arrazoi objektiboengatik ezinezkoa denean izan ezik. Mahaiari aurkeztuko zaizkio beren sektoreetako klaustrokideen % 10ren babesarekin.»

Hamargarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 23.1 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«1.– Klaustroko Estatutuen Batzordeko burua errektorea izango da, edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeko kide izango dira: idazkari nagusia (bera izango da batzordeko idazkaria); irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen lau ordezkari; irakasle- ikertzaile iraunkor ez-doktoreen eta irakasle ez-iraunkor doktoreen ordezkari bat; beste irakasle-ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari. Guztiak aukeratuak aipatutako hauteskunde kidego bakoitzeko kideen artetik.»

Hamaikagarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 28 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«28. artikulua.– Klaustroaren Urteko Kudeaketa Memoria eta Eginkizunen Programa.

1.– Estatutuetako 173.4 artikuluan aurreikusitako bilerarako deia gutxienez hamar egun lehenago egingo da, eta deialdiari Urteko Kudeaketa Memoria eta Eginkizunen Programa erantsiko zaizkio, errektoreak aurkeztuak. Dokumentu horiek unibertsitatearen webgunean zabalduko dira jendaurrean.

2.– Klaustroko bilera eguna baino zazpi egun lehenago gutxienez, klaustrokideek galderak egin eta argibideak eskatu ahal izango dituzte Memoriari eta Eginkizunen Programari buruz. Horretarako, foro publiko bat irekiko da eta unibertsitateko kide guztiek izango dute haren jarraipena egiteko aukera. Errektoreak bide bera erabilita erantzungo die galderei, klaustroa egin baino bi egun lehenago. Galderak egin dituzten klaustrokideek edo argibideren bat eskatu dutenek erantzuna gehiago zehazteko eskatu ahal izango dute, Klaustroko Mahaiak horretarako adierazitako unean.

3.– Errektoreak edo hark eskuordetutako gobernu taldeko kideak Urteko Kudeaketa Memoriari eta Eginkizunen Programari buruz azpimarragarriena iruditzen zaiona aurkeztuko du. Ondoren, hitz egiteko txanda irekiko da, klaustrokideek beren iritzia eman dezaten edo beste gai batzuei buruzko argibideak eska ditzaten. Klaustrokideen hitz egiteko txanda hogeita hamar minutukoa izango da gehien jota, eta kide bakoitzaren interbentzioa ez da bost minututik gorakoa izango. Klaustroko Mahaiak erabakiko du denboren banaketa, hitz egiteko eskaera kopuruaren arabera.

4.– Errektoreak edo hark eskuordetutako gobernu taldeko kideak hogeita hamar minutuko epea izango du erantzuteko. Gai berriei buruzko argibideei erantzun beharko die, ahal den guztietan, bilkura amaitu baino lehen. Ezin bada, erantzuna hamabost eguneko epean eman beharko da. Ez da erantzuteko txandarik egongo, salbu eta hitz egin duen norbaiti buruzko berariazko aipamenak egin badira. Kasu horretan, aipatua izan den pertsonak hiru minutuko txanda izango du, eta, ondoren, beste hiru minutuko txanda izango du errektoreak edo haren gobernu taldeko kide batek.»

Hamabigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 29.1 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«1.– Klaustroa lehen deialdian balioz eratzeko, gutxien dela kideen erdiak bertaratu direla egiaztatu beharko da, errektorea eta idazkari nagusia barne, edo legez horiek ordezkatzen dituzten pertsonak. 15 minutu igarota lehenengo deialdirako quorumik ez badago, balioz eratuko da kideen herenak bertaratu direla egiaztatuz gero. Klaustroaren bilera ez da amaituko aztergai guztiak aztertu arte.»

Hamahirugarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 30.3 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«3.– Mahaiari aztergaien zerrenda zabaltzeko proposamena egin diezaiokete, bilera egin baino bost egun lehenago, errektoreak, Gobernu Kontseiluak, klaustrokideen % 25ek edo klaustroko kidego baten gehiengo osoak. Mahaiak aztergaien zerrenda zabaltzea erabakiz gero, horren berri emango die klaustrokideei bilera eguna baino hiru egun lehenago.»

Hamalaugarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 32. artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«32. artikulua.– Txostenak eta mozioak aurkeztea.

1.– Klaustrokideek idazkari nagusiari bidalitako idazki bidez aurkeztu ahal izango dituzte aztergaien zerrendako puntuei buruzko txostenak, 15 sinaduraz abalatuta eta klaustroa egin baino bi egun lehenago. Bilera hasi aurretik, txostenen kopiak banatuko dira klaustrokideen artean. Txostenak sinatzaileek aztergaien zerrendako punturen bati buruz duten iritzia adierazten duten dokumentuak dira, eta, beraz, ez dira bozkatuko. Txosten bat aurkezten denean, dagokion aztergaien zerrendako puntua azaldu ondoren, bost minutuko epea emango zaio txostenaren sinatzaileetako bati, klaustroaren aurrean defendatzeko. Ondoren, Arautegi honen 28. artikuluaren 3. paragrafoan aipatzen den interbentzioen txanda irekiko da, eta txanda horretan ezin izango dute parte hartu txostena sinatu duten pertsonek. Hitz egiteko txanda horren ondoren, txostena defendatu duen pertsonak hiru minutuko denbora izango du, hala badagokio, iritzia eman duten pertsonei erantzuteko.

2.– Aztergaien zerrendako gaien inguruan, mozioak aurkeztu ahal izango dira 15 klaustrokideren sinadurarekin, bi egun lehenago, idazkari nagusiari zuzendutako idazki bidez. Klaustrokideen eskura jarriko dira bilkura egin baino bi egun lehenago.

Mozioak dira sinatzaileek aztergaien zerrendako punturen bati buruzko ebazpen proposamen zehatz eta itxia duten dokumentuak, eta, beraz, bozkatu egingo dira. Mozio bat aurkezten denean, dagokion aztergaien zerrendako puntua azaldu ondoren, bost minutuko epea emango zaio txostenaren sinatzaileetako bati, klaustroaren aurrean defendatzeko. Ondoren, Arautegi honen 28. artikuluaren 3. paragrafoan aipatzen den interbentzioen txanda irekiko da, eta txanda horretan ezin izango dute parte hartu mozioa sinatu duten pertsonek. Hitz egiteko txanda horren ondoren, mozioa defendatu duen pertsonak hiru minutuko denbora izango du, hala badagokio, iritzia eman duten pertsonei erantzuteko.

Klaustroko Mahaiak ezarriko du aztergaien zerrendako puntu bati buruz aurkeztutako mozioak bozkatzeko ordena.»

Hamabosgarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 33.3 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«3.– Haurdunaldi, amatasun, aitatasun, ospitaleratze edo gaixotasun larrien kasuetan, bai eta klaustrokideak bilkuran normaltasunez egotea eragozten duten salbuespenezko egoeretan ere, Mahaiak, arrazoituta, botoa telematikoki emateko baimena eman ahal izango du, zehazten duen prozeduraren bidez».

Hamaseigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 42.1 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«1.– Arautegi hau aldatzeko proposamena Klaustroko Mahaiari aurkeztuko zaio, eta proposamena errektoreak, klaustrokideen % 25ek edo kidego bateko gehiengo osoak aurkeztu ahal izango dute. Gainera, Klaustroko Estatutuen Batzordeak, gehiengo osoz, erreforma proposamen bat aurkeztu ahal izango du.»

Hamazazpigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 43. artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«43. artikulua.– Klaustroaren ordezkariak Gobernu Kontseiluan.

Estatutuetako 175. artikuluan zehaztutakoaren babesean, Unibertsitateko Klaustroari dagokio Gobernu Kontseiluko kideak hautatzea. Honela:

a) 20 kide era honetara banatuta: 8 kide, irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen ordezkariak izango dira; 2 kide, irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen eta irakasle ez-iraunkor doktoreen ordezkariak; 1 kide, gainerako irakasle- ikertzaileen ordezkaria; 5 kide, ikasleen ordezkariak, haietako bat gutxienez graduondoko ikaslea; eta 4 kide, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak.

b) 7 fakultateko dekano eta eskoletako zuzendari, horietatik 4 Bizkaiko Campusekoak izanik, 2 Gipuzkoakoak eta 1 Arabakoa.

c) 5 sailetako zuzendari, 1 unibertsitateko ikerketa institutuko zuzendari eta Doktorego Eskolako zuzendaria.»

Hemezortzigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 44.1 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«1.– Irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen, irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen eta irakasle ez-iraunkor doktoreen, gainerako irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kidegoen ordezkariak dagokion hauteskunde kidegoko kide hautetsiek hautatuko dituzte, kide horien artean.»

Hemeretzigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 47.4 eta 5 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«4.– Aldezleak bide bera erabiliz erantzun ahal izango du, Klaustroa bildu baino bi egun lehenago edo Klaustroaren bileran bertan. Aldezlearen Memoriari dagokionez, Klaustroa bigarren deialdian eratzeko nahikoak izango dira bertaratuko kideak. Galderak egin dituzten klaustrokideek edo argibideren bat eskatu dutenek erantzuna gehiago zehazteko eskatu ahal izango dute, Klaustroko Mahaiak horretarako adierazitako unean.

5.– Aldezleak Memoriatik azpimarragarriena iruditzen zaiona aurkeztuko du. Ondoren, hitz egiteko txanda irekiko da, klaustrokideek beren iritzia eman dezaten edo beste gai batzuei buruzko argibideak eska ditzaten. Klaustrokideen hitz egiteko txanda hogeita hamar minutukoa izango da gehien jota, eta kide bakoitzaren interbentzioa ez da bost minututik gorakoa izango. Klaustroko Mahaiak erabakiko du denboren banaketa, hitz egiteko eskaera kopuruaren arabera.

Aldezleak hogeita hamar minutu izango ditu erantzuteko. Gai berriei buruzko argibideei erantzun beharko die, ahal den guztietan, bilkura amaitu baino lehen. Ezin bada, erantzuna hamabost eguneko epean eman beharko da. Ez da erantzuteko txandarik egongo, salbu eta hitz egin duen norbaiti buruzko berariazko aipamenak egin badira. Kasu horretan, aipatua izan den pertsonak hiru minutuko txanda izango du, eta, ondoren, beste hiru minutuko txanda izango du aldezleak».

Hogeigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 50.2 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«2.– Eskariak baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, Mahaiak proposamenaren berri emango die errektoreari eta klaustrokideei. Errektoreak hiru eguneko epea izango du Klaustroaren Ezohiko Bilerara deitzeko, eta bilera 10 eguneko epean egingo da, deialdiaren egunetik kontatzen hasita.»

Hogeita batgarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren 51.2 artikulua aldatzea. Honela gelditzen da:

«2.– Eztabaidari hasiera emango dio errektorea kargutik kentzeko eskaera sinatu duen klaustrokideetako batek, eta hogeita hamar minutu izango ditu gehien jota horretarako. Ondoren, errektoreak hitz egiteko aukera izango du, eta beste hogeita hamar minutu izango ditu. Jarraian, hala nahi duten klaustrokideek hitz egingo dute. Klaustroko Mahaiak erabakiko du txanden banaketa, gehien jota hogeita hamar minutuz luzatuko dena. Errektoreak itxiko du eztabaida, eta bost minutu izango ditu gogoetak eta ondorioak plazaratzeko.»

Hogeita bigarrena.– 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiaren Lehen eta Bigarren Xedapen Iragankorrak kentzea.

Hogeita hirugarrena.– Xedapen iragankor Bakarra gehitzen zaio 2011ko ekainaren 3an onartutako Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiari. Honela gelditzen da:

«Xedapen Iragankor Bakarra.– Unibertsitateko Klaustroaren osaera eta unibertsitateko sektoreen aldez aurreko banaketa mantenduko dira, klaustroa berritu arte.»


Azterketa dokumentala