
113. zk., 2023ko ekainaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (185 KB - 8 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2833
60/2023 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Andoaingo Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Andoaingo udalerriko Etxeberrieta, Ama Kandida eta Agirialai eremuetan babes sozialeko etxebizitzen sustapenak egitekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Andoaingo Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Andoaingo udalerriko Etxeberrieta, Ama Kandida eta Agirialai eremuetan babes sozialeko etxebizitzen sustapenak egitekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 9KO 60/2023 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO LURRALDE-PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN ETA ANDOAINGO UDALAREN ARTEKOA, ANDOAINGO UDALERRIKO ETXEBERRIETA, AMA KANDIDA ETA AGIRIALAI EREMUETAN BABES SOZIALEKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENAK EGITEKOA
Andoainen, 2023ko, apirilaren 12an.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburua.
Eta bestetik, Maider Lainez Lazcoz andrea, Andoaingo Udaleko alkate-udalburua.
BERTARATU DIRA:
Lehena, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitzako eta Garraioko sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2022ko uztailaren 19an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Eta bigarrena, Andoaingo Udaleko alkate-udalburua den aldetik, udalbatza horren 2022ko uztailaren 12ko osoko bilkurak ekitaldi honetarako baimena emanda.
Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:
1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.
2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.
3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.
4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.
5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.
6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.
7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.
8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.
9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.
10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.
Hori lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkor baten bidez baino ezin da bermatu, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmo batekin osatu behar da. Hori dela eta, botere publikoek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Andoaingo Udalak elkarrekin esku hartu behar dute, eta horretara behartuta daude, beharrezko babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak egitea ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko, eta, horrela, espekulazioa eragotziko duen bizitegi-lurzoruaren ondare publikoa eratzeko.
Hirugarrena.– 2021-2023 aldirako Etxebizitza Plan Zuzentzaileak diagnostiko bat jasotzen du, eta bertan adierazten da 2020an Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lurzoru-ondarea duela sustapen berriko 4.000 etxebizitza alokairuan eta zuzkidura-bizitokietan eraikitzeko.
Zehazki, Etxebizitza Planaren xedea eta ikuspegia hiru (3) ardatz eta hamar (10) estrategia dira, diagnostikoan identifikatutako erronkei erantzuten saiatzen direnak, eta lehenengo ardatzak alokairuko etxebizitzen parkea bultzatzen du.
Lehenengo ardatz honen jarduera-ildoetako bat alokairu eskuragarriko erregimeneko etxebizitza berriak sustatzea da, bai eta zuzkidura-bizitokiak sustatzea ere, Plan Zuzentzailearen indarraldiko hiru urteetan. Era berean, alokairu-parkea handitzeko helburuarekin, dokumentuak aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak udalekin lankidetzan jardungo duela zuzkidura-bizitokien eta alokairu-erregimeneko etxebizitza sozialen sustapena sustatzeko.
2. ardatzak eraikinen eta etxebizitzen parkea mantentzea eta birgaitzea sustatzen du, egungo etxebizitza-parkearen irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetuz. Horretarako, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzea sustatu nahi da, birgaitzearen kudeaketa integratua erraztu eta hiria berroneratzeko programak bultzatu.
Laugarrena.– Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren testu bategina 2011ko otsailaren 24an onartu zen behin betiko; Plan Orokor horretan Etxeberrietako eremua erabat berritzea aurreikusten da.
A.I.15.6.1 Aita Larramendi 1 azpieremua alde zaharraren barruan dago eta fisikoki HIE 15 Etxeberrietaren zati da eta Birgaitze Plan Berezian jasotako aurreikuspenen garapena jasotzen du; era berean, eremuko bizitegi-eraikin batzuen degradazio-egoera orokorra dela eta hiri antolamenduko plan berezi berri bat idaztea aurreikusten da, antolamendutik kanpoko eraikinak ordezteko.
A.I.15.6.2 Aita Larramendi 2 azpieremua HIE 14 Zabalgunea eremuaren zati da fisikoki. Eremu horretan, HIE 15 Etxeberrietari lotutako HIE 15.6.2 izeneko egikaritze-unitate bat mugatzen da, ondoko auzo hori berritzeko aukera ematen duena.
Azken batean, lehenik eta behin, 15.6.2 Aita Larramendi 2 jarduera eremuan bizitegi-bloke bat egikaritu nahi da udal-jabetzako partzela batean: guztira gizarte-babeseko 58 etxebizitza izango dira, eta bertan birkokatuko lirateke Aita Larramendi 1 eremuko antolamenduz kanpoko eraikinen legezko okupatzaileak.
Bigarrenik, 15.6.1 Aita Larramendi 1 jarduera eremuan beste bizitegi-bloke bat egin nahi da: bertan alokairurako babes sozialeko 108 etxebizitza egingo dira, eragindako familiak birkokatu eta egungo eraikinak eraitsi ondoren.
Bosgarrena.– Etxeberrietako hiri-berrikuntzako hirigintza-eragiketa ekonomikoki orekatzeko, beharrezkoa da Andoaingo beste bi eremutan babes sozialeko etxebizitzaren bi sustapen gehiago egitea. Horiek ere Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean sartuta daude:
– HIE 5 –Ama Kandida bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatugabeko eremua da. Haren Hiri Antolamenduko Plan Berezia izapidetzen ari da eta horrek, guztira, 346 etxebizitza egikaritzea aurreikusten du, eta horietatik 100 babes publikoko araubideari lotuta egongo dira, eta Ituntze-batzar batek sustatuko ditu. Hitzarmen honetan jasotzen da Andoaingo Udalak EAEri lagako diola hirigintza-jarduerek sortutako gainbalioen komunitatea jaso behar duen partaidetzari dagokion nahitaez laga beharreko hirigintza eskubideen % 15a dagoen lurzatia, eremuaren birpartzelazio proiektuak jasoko duena.
– HIE 45 Agirialai, bizitegi-erabilerako lurzoru urbanizagarriko eremua da. Plan Partzialak hasierako onarpena du eta behin betiko onartzeke dago. Plan horretan 137 etxebizitza egikaritzea aurreikusten da, eta horietatik 97 ituntze-batzar batek sustatuko ditu. Hitzarmen honetan jasotzen da Andoaingo Udalak etorkizunean EAEri lagako diola hirigintza-jarduerek sortutako gainbalioetan komunitateak jaso behar duen partaidetzari dagokion nahitaez laga beharreko hirigintza-eskubideen % 15a kokatzen den bi lurzatietako bat, eremuaren birpartzelazio proiektuan jasoko duena.
Seigarrena.– Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, alde batetik, eta toki-erakundeek, bestetik, herritarrei etxebizitza duina bermatzeko eginkizunak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini behar diote elkarri, nork bere esparruan.
Horregatik, interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Lankidetza-hitzarmen honen xedea da babes sozialeko etxebizitzen sustapenak egin ahal izatea Andoaingo udalerriko Etxeberrieta, A.I.15.6.1 Aita Larramendi 1 eta A.I.15.6.2 Aita Larramendi 2 lurzatietan, Ama Kandida eta Agirialai eremuetan.
Bigarrena.– Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak erabaki dute babes sozialeko etxebizitzak sustatzea hitzarmen honetan deskribatutako HIE-15 Etxeberrieta hirigintza-jarduerako eremuko A.I.15.6.1 eta A.I.15.6.2 azpieremuetako lurzatietan, HIE-5 Ama Kandida eremuko lurzatietan eta HIE-45 Agirialai eremuko lurzatietan.
Andoaingo Udalak konpromisoa hartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari doan lagatzeko, alde batetik, Etxeberrietako azpieremuetako udal-titulartasuneko lurzorua eta, bestetik, Ama Kandida eta Agirialai eremuetan sortuko diren kargarik gabeko lurzatiak nahitaezko % 15eko lagapena jasoko dutenak.
Hitzarmen honetan hitzartutako ondare-eragiketak Gobernu Kontseiluaren baimena lortzearen baldintzapean daudela ulertu behar da, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean adierazitakoaren arabera.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromisoa hartzen du Gobernu Kontseiluak eskuratze-eragiketa horietan eman beharreko baimena izapidetzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lurzatien titulartasuna onartuko du, baldin eta, hala badagokio, ingurumen organoak, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko arloan dituen eskumenen esparruan, emandako ebazpena badago, eta ebazpen horrek etxebizitzaren bizitegi-erabilera ezartzea gaitzen badu.
Klausula honetan aurreikusita dagoen eskuratzeko ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, sei hilabeteko epean, partzelak erdiesteko baimena ematen duen Gobernu Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasita.
Eusko Jaurlaritzan etxebizitzaren arloko eskumena duen sailak bere gain hartuko ditu hitzarmen honen xede diren lurzatiak lagapen bidez eskuratzeko ondare-eragiketak eskrituratzearen eta Jabetza Erregistroan inskribatzearen ondoriozko gastuak, Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Udal Zerga izan ezik.
Etxebizitzaren arloko eskumena duen sailak lurzatien titulartasuna erdietsi ondoren, babes publikoko etxebizitzak egingo ditu.
Hirugarrena.– Etxebizitzaren arloko eskumena duen sailak honako jarduera hauek egiteko konpromisoa hartzen du:
– 15.6 Etxeberrieta eremuko lurzoruen doako lagapena onartzea, bai eta dagokion nahitaezko % 15eko lagapena ere.
– Ama Kandida eta Agirialai eremuetan nahitaez laga beharreko % 15en barne dauden lurzatien doako lagapena onartzea, hirigintza-eragiketa osoaren balorazio ekonomikoaren arabera eta Etxeberrietako hiri-berroneratzeko hirigintza-eragiketa ekonomikoki orekatzeko.
– 15.6 Etxeberrieta eremuaren hirigintza-garapenerako beharrezkoak diren dokumentu teknikoak idaztea: plan berezia, hirigintzako jarduketa programa, urbanizazio proiektua, eraisteko proiektua eta desjabetze proiektua.
– AI.15.6.1 Aita Larramendi 1 azpieremuan legezko egoiliarrak desjabetzeko espedienteari hasiera ematea, antolamenduz kanpo dauden eraikuntzen kasuan.
– Etxeberrietako 15.6.2 Aita Larramendi 2 eta 15.6.1 Aita Larramendi 1 azpieremuetako eraikitzeko proiektuak idaztea.
– Lehenengo fase batean, 15.6.2 azpieremuan kontratatzea eta egikaritzea 58 etxebizitzako babes sozialeko etxebizitzen sustapenaren eraikuntza obrak, lehen aipatutako egoiliarrei beste bizileku bat emateko.
– 15.6.2 azpieremuko blokean beharreko birkokatze horiek kudeatzea.
– 15.6.1 azpieremuko antolamenduz kanpoko eraikinak eraisteko obrak kontratatzea eta gauzatzea.
– Bigarren fase batean, 15.6.1 azpieremuan babestutako errentamendurako 108 babes sozialeko etxebizitzen sustapenaren eraikuntza-obrak kontratatzea eta egikaritzea.
– 15.6 Etxeberrieta eremuaren urbanizazio obra orokorra kontratatzea eta gauzatzea.
– 15.6.1 Aita Larramendi 1 eta 15.6.2 Aita Larramendi 2 azpieremuetako bizitegi-lurzatiak banantzea.
– Andoaingo Udalari 15.6 eremuko erabilera eta jabari publikoko lurzoru urbanizatuak lagatzea.
– Ama Kandida eta Agirialai eremuetako (a2 partzelak) hirigintza-aprobetxamenduaren % 15 nahitaez lagatzeko erreserbatzen diren bi lurzatietako eraikuntza-proiektuak idaztea.
– Eremu horietan babes sozialeko bi etxebizitza-sustapen kontratatzea eta egikaritzea. Hurrenez hurren. 80 eta 16 unitate, gutxi gorabehera.
– Egingo den plan bereziaren esparruan honako aukera aztertzea: 15.6 Etxeberrieta eremuko tokiko zuzkidura publikoetako lurzoru-erreserbak zuzkidura-bizitokietara bideratzea, ekipamendu publiko gisa.
– Hondakinak kudeatzea, horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera, eta lehenestea, hondakinak balioztatzea ezabatzearen aurretik.
– Behar diren neurri guztiak hartzea obrak izan dezakeen eragina ahalik eta txikiena izan dadin eta, nolanahi ere, obrak uki ditzakeen udal-titulartasuneko ondasunak lehengo egoerara itzuliko direla bermatzeko.
– Esleipen-prozedura eta aplikatu beharreko araudian adierazitako kupo-erreserbak errespetatuz esleituko dira etxebizitza sozialak; etxebizitza-gaietan eskumena duen sailburuaren dagokion aginduan, etxebizitza babestuak esleitzekoan, partaidetza-baldintzak ezarriko dira, indarreko araudian jasotako etxebizitza-kupoen erreserbak eta Andoaingo herritarrak jasotzaile izateko lehentasuna oinarri hartuta, azken horiek zehaztu beharreko errolda betekizunen arabera.
Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eta mugikortasun urri iraunkorreko arazoak dituzten pertsonek etxebizitza horiek eskuratu ahal izango dituzte aipatutako udalerrian erroldatuta daudela egiaztatu gabe, indarrean dagoen araudian jasotzen den bezala.
Hala ere, Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailari proposatu ahal izango dio esleipen-prozedura hasteko aginduan jaso dezala zenbat etxebizitza behar diren udalaren hirigintza-jarduketen eraginpean dauden pertsonei arreta emateko, baldin eta birkokatzeko eskubidea aitortzen badiete, eta zenbat berariazko etxebizitza premiari erantzuteko.
Jarduketa horien ondoriozko gastuak Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak hartuko ditu bere gain.
Sail horrek lankidetza-hitzarmen honetan bere gain hartutako konpromiso guztiak egongo dira aldez aurretik dagozkion aurrekontu-kontsignazioak izatearen mende, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak dituen baliabideen mende ere, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak betetzeko.
Laugarrena.– Andoaingo Udalak honako jarduera hauek egiteko konpromisoa hartzen du:
– 15.6 Etxeberrieta eremuko udal-titulartasuneko lurzoruak EAEri doan lagatzea, kargarik gabe, urbanizazio kargak izan ezik.
– Nahitaez laga beharreko 15.6 eremuko hirigintza-eskubideen % 15 EAEri doan lagatzea.
– HIEA-5 Ama Kandida eta HIE-45 Agirialai eremuetan nahitaez laga beharreko aprobetxamenduaren % 15 jasoko duten bi lurzatien doako lagapena, karga guztietatik libre, dagokion plangintzaren eta birpartzelazioaren garapena osatu ondoren.
– 15.6.1 azpieremuko antolamenduz kanpoko etxebizitzen azterketa sozio-urbanistikoa egiteko enkargua.
– Beharrezko segurtasun- eta mantentze-neurriak hartzea lurzoruetan, babes publikoko etxebizitzak eraikitzen hasi arte.
– Hitzarmen honen xede diren jarduketa guztien hirigintza-garapenerako beharrezkoak diren plangintza-dokumentuak onartzea.
– Etxebizitzaren arloan eskumena duen organoak obrak eskatu eta lau hilabeteko epean obrak egiteko behar diren udal-lizentziak ematea.
– Etxebizitzak eraikitzeko eta urbanizatzeko agiri honetan jasotako jarduketei, gizarte-inguruabarrak direla eta, udalaren interes edo onura berezikotzat jotzen direnak, dagokien zerga-kuotari % 95eko hobaria aplikatzea, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga arautzen duen Udal Ordenantza Fiskalean aurreikusita dagoena babes publikoko etxebizitzak eraikitzearen alde.
– Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailari ez eskatzea, Herri Administrazio den aldetik, aplikatzekoa den araudiak eska dezakeen inolako finantza-bermerik emateko, hala nola fidantzarik edo abalik, batez ere obrak gauzatzearen ondorioz kaltetuak izan daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higigarriak edo higiezinak lehengoratzeari dagokionez.
Klausula honetan hartutako konpromisoetatik eratorritako gastuak Andoaingo Udalak hartuko ditu bere gain.
Bosgarrena.– Bi administrazioen arteko kontraprestazioak baliokideak dira, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen saileko zerbitzu teknikoek egindako balorazio-txostenean oinarrituta.
Seigarrena.– Alderdi guztiek beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat egitea, honako eginkizun hauek izango dituena: hitzartutako aurreikuspenak eta konpromisoak betetzen direla zaintzea, hura zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, aipatutako babes publikoko etxebizitzen sustapenean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabeherei erantzutea.
Aipatutako Jarraipen Batzordea lau kidek osatuko dute, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak proposatutako bi pertsonak eta Andoaingo Udaleko bi ordezkarik.
Hitzarmen honetan planteatu ez diren gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoaren arabera jardungo du Jarraipen Batzordeak.
Zazpigarrena.– Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta, beraz, haren interpretazioaren, aplikazioaren, betearazpenaren eta ondorioen inguruan sor daitezkeen auzi guztien legezko ezagutza administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea agortu ondoren.
Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau ez dago lege horren mende; nolanahi ere, lege horren printzipioak aplikatuko dira sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.
Zortzigarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen denetik kontatzen hasita. Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek berariaz adostu ahal izango dute hitzarmena lau urte gehiagoz luzatzea edo azkentzea.
Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da, eta, hala badagokio, aldatu, alderdietako batek eskatuta, sinatzaileek adostuta, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.
Hamargarrena.– Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, hitzarmena gauzatzeko bigarren klausulan ezarritako baldintzak barne, hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, eta alderdiak jatorrizko egoera juridikora itzuliko dira. Suntsiarazpena eragin duen alderdiak eragindako kalte eta galera guztiak ordaindu beharko dizkie, bai beste alderdiari, bai fede oneko hirugarrenei.
Kasu horretan, eskualdatu beharreko lurzatiak Andoaingo Udalari itzultzea erabakiko da, dagokion izapidea egin ondoren, eta egintza horren eragileak eragiketa horri lotutako kostuak ordaindu beharko ditu (eskrituren gastuak, erregistroa, etab.).
Hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoi izango da hura gauzatzeko eskatutako baldintzak ez egotea, eta, zehazki, bigarren klausulan ezarritakoa, etxebizitzaren bizitegi-erabilera ahalbidetzen duen lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzearen arloan ingurumen-organoak emango duen ebazpenari dagokionez.
Era berean, hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoiak izango dira indarrean dagoen legeriak hitzarmenaren izaeratik jasotzen dituen beste guztiak.
Eta adostasuna eta fede ona erakusteko, dokumentu honen lau ale sinatzen dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Andoaingo Udaleko alkate burua,
MAIDER LAINEZ LAZCOZ.
RSS