Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2023ko ekainaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2832

58/2023 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita hauteskunde-kudeaketaren arloan Estatuko Administrazio Orokorrarekin (Barne Ministerioa) sinatutako hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea hauteskunde-kudeaketaren arloan Estatuko Administrazio Orokorrarekin (Barne Ministerioa) sinatutako hitzarmena. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 8a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 8KO 58/2023 EBAZPENARENA
BARNE MINISTERIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO HAUTESKUNDE-KUDEAKETAKO HITZARMENA
BILDURIK:

Alde batetik, Barne Ministerioa ordezkatuz, Fernando Grande-Marlaska Gómez jauna, Barne ministroa, urtarrilaren 12ko 8/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 eta 61.k) artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, lehendakariaren irailaren 7ko 20/2020 Dekretuaren bidez izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Gobernu Kontseiluak 2023ko maiatzaren 16an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimenduta.

Aldeek, bakoitzak bere ordezkaritzaren arabera, hitzarmen hau sinatzeko legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Espainiako Konstituzioak inplizituki aitortutako lankidetza-printzipioa eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen (SPAJL) 3. artikuluan ezarritako printzipio orokorretan eta jarduketa-printzipioetan jasotako elkarlan-printzipioa Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko harremanak gidatu behar dituzten printzipio informatzaileak dira, Konstituzio Auzitegiaren 64/1982, 71/1983 eta 104/1988 epaietan ezarritakoaren arabera; horrek, ordea, ez du berekin ekarriko Estatuaren eskumenen hedapena (18/1982 KAE, 880/1985 KAE eta 96/1986 KAE).

Bigarrena.– SPAJLren 3. artikuluaren arabera, administrazio publikoek, beren jarduketan eta harremanetan, besteak beste, printzipio hauek errespetatu beharko dituzte: fede ona, konfiantza legitimoa eta leialtasun instituzionala, kudeaketa publikoagatiko erantzukizuna, eta lankidetza, elkarlana eta koordinazioa.

Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren Lehenengo Xedapen Gehigarriaren arabera, lege horretan xedatutakoa ez da oztopoa izango autonomia-erkidegoek, Legebiltzarretarako hauteskundeei dagokienez, beren Estatutuek aitortutako eskumenak balia ditzaten; betiere Konstituzioa eta lege organiko hori errespetatu beharko dituzte. Halaber, xedatzen du ezen, Konstituzioak Estatuari erreserbatzen dizkion eskumenak aplikatuz, autonomia-erkidegoek deitutako legebiltzarrerako hauteskundeetan ere aplikatuko direla lege organiko horren Atariko Tituluko eta 1. tituluko artikulu hauek: 1 - 42; 44; 44 bis; 45; 46.1, 2, 4, 5, 6 eta 8; 47.4; 49; 50. 1, 2 eta 3; 51.2 eta 3; 52; 53; 54; 58; 59; 60; 61; 62; 63; 65; 66; 68; 69; 70.1 eta 3; 72; 73; 74; 75; 85; 86.1; 87.2; 90; 91; 92; 93; 94; 95.3; 96; 103.2; 108.2 eta 8; 109 - 119; 125 - 130; 131.2; 132; 135 - 152. Lege honen I. tituluko gainerako artikuluek autonomia-erkidegoek onartzen duten legeriaren ordezko izaera dute, eta kasuan kasuko legebiltzarrerako hauteskundeetan aplikatuko dira, baldin eta autonomia-erkidegoek haiei buruzko legerik ez badute onartu.

Laugarrena.– Hauteskunde-prozesuetan –bai hauteskundeen aldiberekotasun kasuetan bai aldiberekotasunik ez den kasuetan–, zenbait soluzio komun hartu behar dira. Soluzio horiek, administrazio publikoen artean gailendu behar duten elkarlanari eta koordinazioari jarraikiz, hauteskundeen kudeaketa erraztea eta hauteskunde-operatibo konplexua eraginkortasunez eta efizientziaz gauzatzea ahalbidetu behar dute.

Bosgarrena.– Estatuak hauteskunde-prozesu guztietan esku hartzen du; izan ere, gai jakin batzuetan eskumen esklusiboa du, deialdia egin duen botere publikoa gorabehera. Esku-hartze hori honako hauen bidez gauzatzen du: Hautesle Erroldaren Bulegoa, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioa, Defentsa Ministerioa eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek esku hartu behar duten segurtasun-dispositiboak; beraz, Estatuak bere gain hartuko ditu jarduketa horien ondoriozko gastuak. Alabaina, gastu horiek ez dira hitzarmen honen xede. Era berean, eta posta-zerbitzu unibertsalaren arloko eskumena baliatuz, Estatuari dagokio posta-zerbitzu unibertsalaren operadoreari hauteskunde-arloko posta-betebeharrak ezartzea eta betebehar horiengatiko ordaina ematea.

Seigarrena.– 1.– Administrazio bakoitzaren ardura da bere hauteskunde-prozesua kudeatzea, bai eta parte-hartzeari buruzko aurrerapenak eta datuak eta behin-behineko emaitzak iragartzea ere. Hala eta guztiz, bi aldeek konpromisoa hartzen dute elkarlanean aritzeko, behar diren baliabideak modu eraginkorrean erabil daitezen; hala, behar denean, baliabideak utziko dizkiote elkarri eta, aldi berean gauzatuko diren hauteskunde-prozesuetako elementu komunetan, hauteskunde-kudeaketa koordinatua izan dadin erraztuko dute.

2.– Aldeek aitortzen dute komeni dela eta onuragarria dela hauteskunde-kudeaketan teknologia partekatuak erabiltzea, bai eta hauteskunde-datuak biltzeko, transmititzeko eta tratatzeko sistemak batera erabiltzea ere.

Horren helburua izango da bi administrazio publikoen hauteskunde-aurrekontua modu eraginkorragoan kudeatzen laguntzea.

Zazpigarrena.– Kontuen Auzitegiak adierazi du Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko kargen eta kostuen banaketan sakondu beharra dagoela; hala, honako hau jasotzen da Barne Ministerioak 2015-2017 hauteskunde-prozesuen kudeaketan eta garapenean egindako gastuen fiskalizazioari buruzko 2019ko abenduaren 19ko txostenean, IV. atalean (Gomendioak):

«2.– Barne Ministerioari iradokitzen zaio ezen irizpide homogeneoak aplika ditzala Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoek hauteskunde-prozesuen aldiberekotasun kasuetan egingo dituzten gastuen banaketarako.

3.– Barne Ministerioak neurriak hartu beharko lituzke autonomia-erkidegoei eskatzeko ezen formalki bidal dezatela sinatutako lankidetza-hitzarmenen gauzatzeari buruzko informazioa, hitzarmen horien jarraipen egokia egite aldera.»

Orain arte adierazitako guztiarengatik, aldeek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, ondorengo klausulen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Izaera eta xedea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean araututako hitzarmen-tipologien barruan, honako hau administrazioen arteko hitzarmen bat da, Estatuko Administrazio Orokorrak (Barne Ministerioa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sinatua.

Hitzarmen honen xedea da hauteskunde-prozesuen kudeaketaren arloan elkarlanerako jarduketak zehaztea, Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak modu eraginkor eta efizientean erabil ditzaten behar diren baliabide publikoak, bai hauteskunde-aldiberekotasun kasuetan bai aldiberekotasunik ez dagoenean. Hauteskunde-aldiberekotasuna egongo da Estatuaren eskumeneko hauteskundeak eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak batera egin behar direnean.

Bigarrena.– Hauteskunde-aldiberekotasun kasuetarako konpromisoa.

1.– Hauteskunde-mahaiak:

1.1.– Dieta. Hauteskunde-mahaiak osatzen dituzten pertsonek dieta bat jasotzeko eskubidea dute honako manu hauei jarraikiz: ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 28.2 artikulua, hauteskunde-mahaietako kideen dieta arautzen duen martxoaren 7ko INT282/2019 Agindua, eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen antolaketan esku hartuko duten norbanakoen haborokinak arautzen dituen urriaren 16ko 148/2018 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan.

Hauteskunde-mahaia komuna izango da aldi berean gauzatuko diren hauteskunde-prozesu guztietan, eta bi Administrazioak arduratuko dira mahaia behar den bitartekoez hornitzeaz. Bi administrazioek beren gain hartuko dituzte dagozkien kostuak.

Barne Ministerioak bere gain hartuko du aipatutako Aginduan ezarritako dieten kostua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, berriz, bere Dekretuan xedatutako kopurura iritsi arte osatuko du zenbateko hori. Horrela, hitzarmen honen ondorioetarako, hauteskunde-mahaiak osatzen dituzten pertsonek hornidura- eta lekualdatze-gastuei aurre egin ahal izango diete.

1.2.– Dieten ordainketa. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Gobernuaren Ordezkaritzak jarduketak koordinatuko dituzte eta dietak ordaintzeko modu zehatza zehaztuko dute. Bi administrazioak arduratuko dira ordainketa hori egiteaz, edo, bestela, administrazio batek kudeatuko du ordainketa osoa, eta besteari jasanaraziko zaio kasuan kasuko kostua, hitzarmen honen laugarren klausularen azken apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

1.3.– Hauteskunde-mahaiak osatzen dituzten pertsonentzako Gizarte Segurantza. Hauteskunde-prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hauteskunde-mahai batean eginkizunak betetzeko izendatu den norbanako orok Gizarte Segurantzaren sistemaren bidez babestuta egon behar du titular zein ordezko izateagatik sortzen diren eta eginkizun horrekin lotura zuzena duten arrisku guztietatik.

Barne Ministerioak bere gain hartuko ditu alta emateko egin behar diren kudeaketak, bai eta hortik eratorritako kostuak ere.

1.4.– Hauteskunde-prozesuaren irisgarritasuna hauteskunde-mahaiak osatzen dituzten pertsonentzat. Hauteskunde-kudeaketaz arduratzen den administrazioak aintzat hartu behar du hauteskunde-mahaiak osatzen dituzten pertsonen dibertsitate funtzionala, eta behar diren laguntzak eman behar ditu.

a) Entzuteko desgaitasuna duten pertsonak.

Entzuteko desgaitasunen bat izanik hauteskunde-mahaiak osatzeko izendatuak izan diren pertsonek behar dituzten laguntzak eskatu ahal izango dizkiote eskualdeko hauteskunde-batzordeari, martxoaren 25eko 422/2011 Errege Dekretuak, ahalmen-urritasunak dituzten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde-prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko Erregelamendua onartzen duenak, xedatutakoaren arabera. Laguntza hori zeinu-mintzairaren interprete bat edo begizta magnetiko bat izango da, eta kostua Barne Ministerioak hartuko du bere gain.

b) Itsuak edo ikusmen-urritasun larria dutenak, gor-itsuak eta adimen-desgaitasuna dutenak.

Hauteskunde-administrazioak, interesdunek eskatuta, laguntza horiek pertsona horien eskura jarri behar direla erabakitzen badu, Barne Ministerioak hartuko du bere gain kostu hori.

Era berean, aldeek konpromisoa hartzen dute mahaiko kideen eskura irakurketa errazeko dokumentuak jartzeko bai eta irisgarritasun kognitiboarekin bateragarriak diren kartelak progresiboki txertatzeko ere. Aldeek beren gain hartuko dute horren ondoriozko kostua.

2.– Hauteskunde-materiala.

2.1.– Hautetsontziak, kabinak eta seinale-euskarriak. Barne Ministerioak autonomia-prozesurako behar diren hautetsontziak mailegatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hala eskatu ondoren. Eskaera horrek beharren aurreikuspen bat izan beharko du, eta eskaera zuzenean helarazi beharko zaio Gobernuaren Ordezkaritzari. Barne Ministerioak, erabilera komuna kontuan hartuta, kabinak eta lokalak seinaleztatzeko euskarriak emango ditu.

2.2.– Hauteskundeetako inprimakiak eta gutun-azalak. Hauteskunde-prozesuen arauketa osagarriari buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren 5.4 artikuluan eta 11. eranskinean xedatutakoaren arabera, Barne Ministerioari dagokio aldi berean gauzatuko diren prozesuetarako komuna den hauteskunde-material inprimatua fabrikatzea eta banatzea, bai eta hori egiteak dakarren gastua ordaintzea ere.

Material komuntzat hartuko dira, aipatutakoez gain, une oro atzerrian bizi diren pertsonek (EAHE, egoiliar absenteen hautesle-errolda) kontsuletxeetako bulegoek irekitako posta-kutxetara botoa igortzeko erabiltzen dituzten gutun-azal bereziak, betiere pertsona horiek boto-eskubidea badute autonomia-erkidegoko prozedurarekin batera gauzatuko den estatu-eskumeneko prozesuan.

2.3.– Hauteskunde-mahaiak osatzen dituzten pertsonentzako jarraibideen eskuliburua. Barne Ministerioak bere gain hartuko du hauteskunde-mahaiak osatzen dituzten pertsonentzako jarraibideen eskuliburua egitea, fabrikatzea eta banatzea. Eskuliburu horrek hauteskunde autonomikoei dagozkien espezialitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak egindako oharrak jasoko ditu. Eskuliburu hori hauteskunde-batzorde zentralak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde-batzordeak gainbegiratuko dute, eta, ondoren, Ministro Kontseiluaren akordio bidez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluaren bidez onetsiko da.

Autonomia Erkidegoko Administrazioak Barne Ministerioari jakinaraziko dio Gobernu Kontseiluak zein egunetan onetsi duen eskuliburua; Barne Ministerioak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari jakinaraziko dio Ministro Kontseiluak noiz onetsi duen eskuliburua.

2.4.– Materialaren banaketa. Hauteskunde-kudeaketa arintze eta optimizatze aldera, Gobernuaren Ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin koordinatuko du hauteskunde-materialaren banaketa.

2.5.– EAHE botoa. EAHEn inskribatutako pertsonen botoa doakoa izango dela bermatzeko, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 75. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, Barne Ministerioak Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioari eskatuko dio ezen balia daitezela helmugan frankeatzea ahalbidetzen duten posta-kutxa espezifikoak, hautesle horiek inolako ordainketarik aurreratu behar izan ez dezaten bulego edo atal kontsularrera botoa bidaltzeagatik. Era berean, Barne Ministerioak bere gain hartuko du helmugan frankeatuko diren bidalketa horiek gauzatzeko behar izan daitezkeen gutun-azal espezifikoen ereduak fabrikatzearen kostua (gutun-azal horiek hautesleak bizi diren herrialde bakoitzeko bulego edo atal kontsularrera bidaliko dira), kontuan hartuta aldi berean gauzatuko diren prozesuetan gutun-azal bera erabili behar dela –ez da horrela izango Estatuaren eskumeneko hauteskundeak tokiko hauteskundeekin soilik bat datozenean, tokiko hauteskundeetan EAHEn inskribatutakoek ez baitute boto-eskubiderik–. Posta-kutxa ireki ezin izan den herrialdeetan, Barne Ministerioa arduratuko da bidalketaren kostua itzultzeaz (bidalketa hori bakarra izango da hautesleek botoa eman dezaketen aldibereko prozesu guztietarako). Horretarako, posta bidezko igorpena egingo du bidalketa horren kostua bere gain hartu behar izan duen pertsonak (EAHEn inskribatuta dagoenak) emandako helbidera.

Hitzarmenaren indarraldian aldaketaren bat gertatzen bada EAHE hautesleen boto-prozeduran edo bidalketaren kostuaren itzulketa-prozeduran, jarraipen-batzordeak apartatu hau aldaketa horretara egokitzea erabaki ahal izango du.

2.6.– Elektronikoki administratutako mahaiak (EAM). Kontuan hartuta komenigarria dela hauteskunde-kudeaketari aplikatutako teknologiak erabiltzea, bai eraginkortasuna eta efizientzia bermatzeko, bai hauteskunde-mahaiak osatzen dituzten pertsonen lana errazteko, Barne Ministerioak EAMak instalatzea erabakitzen badu, bere gain hartuko ditu EAM horiek hauteskunde-mahaietarako tresna gisa erabiltzeak sortuko dituen gastuak.

MAE horiek kontuan hartuko dute hauteskundeen aldiberekotasuna, gertatzen den tokian.

Autonomia-erkidegoak erabakitzen badu EAM horietaz baliatzea hauteskundeetako datuak Datuak Prozesatzeko Zentro autonomikora bidaltzeko, emaitzak behin-behinean zabaltzeko kontratuan jaso beharko du hori, eta horrek eragin ditzakeen gastuak bere gain hartu beharko ditu.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoak erabakitzen badu EAMak instalatu behar direla Barne Ministerioak halakorik aurreikusi ez duen lekuetan, bi administrazioek dagozkien konpromisoak hartuko dituzte, jasotako baldintzetan. Autonomia-erkidegoak bere gain hartuko du hauteskunde-mahaiak EAMen erabileragatik sortutako gastua, eta, hala badagokio, Barne Ministerioak bere gain hartuko du bere hauteskunde-prozesuko datuak Estatuko Datuak Prozesatzeko Zentrora igortzeak sortutako gastua.

Jarraipen-batzordeak ezarpen horren irismena erabaki ahal izango du (lekua eta mahai-kopurua).

3.– Hauteskunde-prozesuen irisgarritasuna.

422/2011 Errege Dekretuak, martxoaren 25ekoak, desgaitasunen bat duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde-prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko erregelamendua onartzen du. Lehen Xedapen Gehigarriak ezartzen duen bezala, bi administrazioek konpromisoa hartzen dute elkarlanean aritzeko, desgaitasunen bat duten pertsonek aldibereko hauteskunde-prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzak modu homogeneo, eta eraginkorrean beteko direla bermatzeko.

Irisgarritasunaren arloan hartzen diren neurriei buruzko informazioa trukatuko dute bi administrazioek.

Barne Ministerioak konpromisoa hartzen du, aldiberekotasuna toki-hauteskundeekin bakarrik gertatzen denean izan ezik (toki-hauteskundeetan prozedura hori ez da aplikatzekoa), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku jartzeko boto-prozedura irisgarria eskatu duten pertsonei telefono bidezko arreta emateko zerbitzua, abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretuak arautzen duena (Ikusmen desgaitasuna duten pertsonei boto eskubideaz baliatzeko aukera ematen dien boto-prozedura irisgarria arautzen duen abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretua).

Bi administrazioek konpromisoa hartzen dute, progresiboki, irisgarritasun-estandarrak betetzen dituzten materialak erabiltzeko (batez ere kartelei dagokionez) eta irakurketa errazeko materiala ezartzeko.

4.– Lokalak egokitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere gain hartuko du lokalak egokitzearen kostua, eta Barne Ministerioari jakinaraziko dizkio hartutako neurriak eta horien kostua.

5.– Hautesleentzako garraioa.

Hautesleentzako doako garraioaren kostua Euskal Autonomia Erkidegoak hartuko du bere gain. Prozesua amaitzean, eta hauteskundeak egin eta hurrengo hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoak hartutako neurrien eta horien kostuaren berri emango dio Barne Ministerioari.

6.– Kanpaina instituzionalak.

Barne Ministerioak, egiten dituen kanpaina instituzionaletan, aldi berean gauzatuko diren prozesu guztiak aipatuko ditu. Gainera, Barne Ministerioak kanpaina instituzional horiek lagako ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zabal ditzan, mezuen amaieran nortasun instituzionalaren sinboloak txertatzea ahalbidetzen duen euskarri batean.

7.– Hauteskunde-batzordeei laguntzea: lokalak eta bitartekoak.

Barne Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku jarriko ditu hauteskunde-batzordeei laguntzeko aplikazio informatikoak; horien artean daude, besteak beste, hautagai-zerrenda kudeatzekoa eta boto-zenbaketa orokorra edo behin betikoa egitekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, beharrezkoa izanez gero, Barne Ministerioari baliabide osagarriak instala ditzan utziko dio, eta autonomia-erkidegoko lurraldeko hauteskunde-batzorde guztiekiko komunikazioak batzorde horiek dauden egoitza judizialen komunikazio-azpiegitura propioaren bidez egin daitezen ahalbidetuko du. Komunikazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko telekomunikazio-zerbitzuen bidez egingo zaizkie hauteskunde-batzorde horiek dauden egoitza judizialei.

Eskualdeko hauteskunde-batzordeei laguntzea. Bi administrazioek udalei eskatu beharko diete bete dezatela Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak 13.2 artikuluan xedatutakoa; artikulu horren arabera, udalei dagokie eskualdeko hauteskunde-batzordeak bitartekoz hornitzea. Udalek hauteskunde-batzordeak bitartekoz hornitzeko ezintasuna justifikatzen badute, Barne Ministerioak, aldiberekotasuna tokiko hauteskundeekin gertatzen denean, bere gain hartuko du behar diren bitarteko osagarrien kostua. Aldiberekotasuna tokiko hauteskundeekin gertatzen ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hartuko du bere gain kostu hori.

8.– Datuak atzitzeko azpiegitura.

Aldeek konpromisoa hartzen dute hauteskunde-kudeaketari aplikatutako teknologien eta hauteskunde-datuak biltzeko, transmititzeko eta tratatzeko sistemen erabilera bateratua sustatzeko. Horren helburua izango da bi administrazio publikoen hauteskunde-aurrekontua modu eraginkorragoan kudeatzen laguntzea.

8.1.– Administrazioaren ordezkariak (edo Administrazioak mahaietan egoteko izendatutako pertsonak).

Gai horri buruzko araudirik ez dagoenez, aldeek honako hau adostu dute:

8.1.1.– Hautaketa eta izendapena. Aldi berean gauzatuko diren prozesu guztietan, eginkizun hori pertsona berak beteko du. Ordezkaria izendatzeko, bat etorri beharko dira Gobernuaren Ordezkaritza eta Euskal Autonomia Erkidegoa, hala badagokio, udalen bitartez; ordezkariak, ahal dela, enplegatu publikoak izango dira, salbuespenezko eta behar bezala justifikatutako inguruabarretan izan ezik.

8.1.2.– Ordainsariak. Bi administrazioek beren gain hartuko dute ordainsarien kostua. Barne Ministerioak pertsona horietako bakoitzarentzat jarriko duen zenbatekoa Ministerioaren Jarraibide Ekonomiko Administratiboetan ezarritako gehieneko mugaren % 50 izango da.

Urriaren 16ko 148/2018 Dekretuak, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan parte hartzen duten pertsonen haborokinak eta hauteskunde-administrazioari lotutako beste funtzionamendu-gastu batzuk arautzen dituenak, bigarren xedapen gehigarriko 3. zenbakian xedatutakoa aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoak jarriko duen zenbatekoa aipatutako dekretuaren 12. artikuluan jasotako zenbatekoen % 70 izango da.

8.1.3.– Asegurua. Bi administrazioek Administrazioaren ordezkari-funtzioak betetzen dituzten enplegatu publikoen gizarte-segurantzako gastuak ordainduko dituzte eginkizun horiek betetzen dituzten denboran eta lanaldietan, eta funtzio horiek ohiko lanpostutik aparteko zerbitzutzat hartuko dira. Barne Ministerioak bere gain hartuko ditu langile publikoak ez diren Administrazioaren ordezkarien aseguru-kostuak.

8.1.4.– Prestakuntza. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Gobernuaren Ordezkaritzarekin elkarlanean arituko da Administrazioko ordezkari-lanak egiten dituzten pertsonek behar dituzten prestakuntza-saioak antolatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere gain hartuko ditu aldi berean gauzatuko diren prozesuetan komunak ez diren aldeek eragin ditzaketen kostuak, eta, hala behar denean, lokal egokiak utziko ditu, Gobernuaren Ordezkaritzarekin koordinatuta.

8.2.– Gailu mugikorrak. Informazioa transmititzeko gailu mugikorrak erabiltzea aurreikusita badago, bi administrazioek aurreikuspen hau sartuko dute behin-behineko boto-zenbaketaren emaitzak zabaltzeko zerbitzuen kontratuaren lizitazio-pleguetan: eskaintza ekonomikoan gailu mugikorraren kostua banakatu egin beharko da, eta, aldi berean gauzatuko diren prozesu guztiek esleipendun bera izanez gero, bi administrazioek baimena eman ahal izango dute datuak transmititzeko gailua beste botere publiko deitzaileari lagatzeko, eta horrek ez dio inolako kostu gehigarririk ekarriko ez administrazio lagatzaileari, ez lagapen-hartzaileari. Lagapen horrek ez du barne hartzen gailu mugikorretik datuak transmititzeko komunikazioen kostua.

8.3.– Kontrol periferikoko puntua. Barne Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku jarriko du, probintzia bakoitzeko, kontrol periferikoko puntua bat (KPP), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zehazten duen lekuan, Estatuaren eskumeneko prozesuekin lotutako informazioaren bidalketa- eta jasotze-fluxuaren jarraipena egiteko.

Era berean, Gobernuaren Ordezkaritzak hauteskunde-egunaren jarraipena egin dezan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak KPP bat jarriko du Barne Ministerioaren eskura, adierazitako baldintza beretan.

9.– Lankidetzarako beste alderdi batzuk zehaztea.

9.1.– Emaitzen datuak trukatzea.

Administrazio bakoitzak, bere hauteskunde-prozesuaren arduradun den aldetik, eskumen esklusiboa du parte-hartzeari buruzko datuak eta behin-behineko emaitzak emateko eta argitaratzeko.

Bi administrazioek partaidetza-datuak eta behin-behineko emaitzak emango dizkiote elkarri, denbora errealean eta formatu elektronikoan, eta bakoitzak zehaztuko du non jasoko dituen datuok, aldez aurretik adostutako datu-egitura batekin.

9.2.– Lanaldiari eta baimenei buruzko informazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hauteskunde-prozesuan parte hartzen duten pertsonen lanaldi eta baimenen arloko xedapenen berri emango dio Barne Ministerioari, xedapen horiek onartu ahala.

9.3.– Gobernuaren Ordezkaritzaren zeregina.

Hitzarmen honetan xedatutakoa garatzeko eta gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Gobernuaren Ordezkaritzak modu koordinatuan jardungo dute. Bi administrazioak kudeaketak eta ordainketak egiteko egokitzat jotzen dituzten akordioak egin ahal izango dituzte, baina, betiere, kostuak nork bere gain hartzeari dagokionez hitzarmenean jasotako konpromisoak errespetatuko dira.

9.4.– Itzulpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Gobernuaren Ordezkaritzak eskatuta, material inprimatuen itzulpenak egingo ditu; horrek ez dio inolako kosturik ekarriko Estatuari.

9.5.– Osasun-arrazoiengatik edo segurtasunagatik beharrezkoa den material gehigarria.

Osasun-agintariek edo hauteskunde-administrazioak hala aginduta, hauteskunde-mahaietarako edo hautesleentzako material osagarria behar izanez gero, bi administrazioek ekitatez hartuko dute beren gain material horren kostua –bakoitzak % 50 ordainduko du–, hargatik eragotzi gabe Estatuko Administrazio Orokorrak gastu osoa bere gain hartzea hasieran, Gobernuaren Ordezkaritzen eta Ordezkariordetzen bitartez. Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Altxor Publikora sartu beharko du kopuru horren % 50, laugarren klausularen azken apartatuan xedatutako baldintzetan.

Hirugarrena.– Konpromisoak, hauteskunde-aldiberekotasunik ez dagoen kasuetan.

1.– Hauteskunde-materiala.

Administrazio-elkarlanaren printzipioari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Barne Ministerioari eskatu ahal izango dio Barne Ministerioak stockean duen eta autonomia-erkidegoaren eskumeneko hauteskundeak egiteko beharrezkotzat jotzen den hauteskunde-materiala (hautetsontziak, kabinak eta seinale-euskarriak). Material horiek kalteak jasaten badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko du material horien kostua; hala, Altxor Publikoan sartuko du dirua edo, bestela, material berria itzuliko du. Horri dagokionez, material hori jasotzeko egintzan, behar izanez gero, grafikoki jasoko da elementu horien egoera.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak konpromisoa hartu du stockean duen materiala maileguan uzteko, baldin eta Barne Ministerioak hala eskatzen badio, adierazitako baldintza eta betekizun berberekin.

Posta bidezko botoa eskatzeko inprimakien eta hauteskunde-agirien kasuan, bi administrazioek konpromisoa hartzen dute material hori prozesu jakin baterako ez identifikatzeko eta sobera geratu den materiala gordetzeko, hurrengo hauteskunde-prozesuetan berrerabil dadin.

Material hori erabiltzea beharrezkoa izanez gero, administrazio eskatzaileak mailegu horren eskaera ofiziala egingo du, materialaren jabea den administrazioak kasuan kasuko jarduketak egin ditzan, materiala osorik eta azkar eskuragarri jartzeko.

Materiala mailegatzeak ez dio inolako kosturik ekarriko maileguaren jabea den administrazioari.

2.– Aplikazio informatikoen eta higiezinen erabilera.

Elkarlan-printzipioari jarraikiz, bi administrazioek konpromisoa hartzen dute beren jabetzako aplikazio informatikoak doan eta aldi baterako maileguan uzteko, hauteskundeak egin daitezen.

Era berean, bi administrazioek konpromisoa hartzen dute administrazio deitzailearen esku jartzeko hauteskundeetarako materiala biltegiratzeko behar diren ondasun higiezinak. Ondasun horiek erabiltzeko arauak aldez aurretik adostuko dira.

Aplikazioak edo ondasun higiezinak maileguz emateak ez dio inolako kosturik ekarriko mailegua egin duen Administrazioari, eta maileguak eragindako gastu oro administrazio eskatzaileak hartuko du bere gain, baita, ondasun higiezinen kasuan, haietan dauden erabilera arrunteko tresnen eta higigarrien kontserbazio- eta mantentze-gastuak ere.

3.– EAHE botoa.

Barne Ministerioa harremanetan jarriko da Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioarekin, Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Orokorraren 75. artikuluan araututako boto-prozedura kudeatzen laguntzeko.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean aldaketaren bat gertatzen bada atzerrian bizi diren espainiarren boto-prozeduran, jarraipen-batzordeak, beharrezkoa izanez gero, apartatu hau aldaketa horretara egokitzea erabaki ahal izango du.

4.– Hauteskunde-batzordeei laguntzeko elkarlana.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ohiko funtzionamendu-baliabideak emango dizkie hauteskunde-batzordeei, eta Barne Ministerioa, berriz, hauteskunde-prozesurako behar diren ezohiko baliabideez arduratuko da, hauteskunde-prozesu hori Estatuaren eskumenekoa denean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, beharrezkoa izanez gero, erraztu egingo du Barne Ministerioak baliabide osagarriak instalatzea, eta bere lurraldeko hauteskunde-batzorde guztiekiko komunikazioak batzorde horiek dauden egoitza judizialetako komunikazio-azpiegitura propioaren bidez egitea ahalbidetuko du. Komunikazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko telekomunikazio-zerbitzuen bidez egingo zaizkie hauteskunde-batzorde horiek dauden egoitza judizialei.

Laugarrena.– Aldeen betebeharrak eta konpromisoak.

Hitzarmen honek ez dakarkio inolako betebehar edo konpromiso ekonomikorik ezein alderi.

Hauteskunde-prozesuen kudeaketak berekin dakartzan finantza-betebeharrak Konstituzioaren, autonomia-estatutuen eta Estatuko zein autonomia-erkidegoko hauteskunde-araudien ondorio dira: Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa, autonomia-erkidegoetako hauteskunde-legeak eta gainerako garapen-arauak.

Hauteskunde-kudeaketak ekarritako gastuak aldeen aurrekontu arrunten kontura finantzatuko dira, beren aurrekontu-baliabideen arabera. Kontuan hartu behar da ezen xedatutako neurrien helburua hauteskunde-prozesuak garatzeko eta kudeatzeko behar diren baliabideak modu partekatuan, eraginkorrean eta efizientean erabiltzea dela; beraz, neurriok ez diote gastu-gehikuntzarik ekarriko aldeetako inori, ez behintzat hitzarmena sinatu ezean sortuko liratekeen gastuekin alderatuta.

Bi administrazioek, Kontuen Auzitegiaren gomendioei jarraikiz, gastuak modu ekitatiboan ordaintzeko konpromisoa hartzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Estatuari hitzarmen honetan xedatutakoa aplikatzeko diru-kopuru bat itzuli behar badio, zenbateko hori Altxor Publikora sartuko da, 069 ereduaren bidez. Estatuak egingo ditu gastu guztiak, eta, ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoak Altxor Publikora sartuko du egindako gastuen zenbatekoa, 069 ereduaren bidez. Era berean, Estatuak arrazoi beragatik diru-sarreraren bat egin behar badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira sartuko du kasuan kasuko zenbatekoa.

Bosgarrena.– Jarraipen batzordea.

Hitzarmen honen jarraipenena egiteko batzorde bat sortuko da. Batzorde horren osaeran, emakumeen eta gizonen presentzia ahalik eta orekatuena izango da. Batzordeak kide hauek izango ditu:

Barne Ministerioaren izenean:

– Barne Politikako Zuzendaritza Nagusia.

– Zuzendari nagusiak Zuzendaritza Nagusiko eta Gobernuaren Ordezkaritzako teknikarien artean batzordearen bileretara joateko izendatutako pertsona edo pertsonak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean:

– Hauteskunde-prozesuak kudeatzeko eskumenak dituen organoaren ordezkaria, Euskal Autonomia Erkidegoak izendatua, edo hark eskuordetutako pertsona.

– Euskal Autonomia Erkidegoko kasuan kasuko organoaren titularrak Batzordeko bileretara joateko hautatutako teknikariak.

2.– Batzordea aldeetako edozeinek eskatuta bilduko da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era bitarteko artikuluek (kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzkoek) xedatutakora egokituko du bere jarduketa.

3.– Jarraipen-batzordeak zeregin hauek izango ditu, besteak beste:

a) Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko lankidetza antolatzea, eta horretarako, irizpide teknikoak homogeneizatzea, baliabideak optimizatzea eta hauteskunde-prozesuei buruzko informazioa trukatzea;

b) Hitzarmena aplikatzean sor daitezkeen interpretazio-zalantzak argitzea.

Seigarrena.– Hitzarmenaren aplikazioari buruzko ebaluazio-txostena.

Bi administrazioek hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketen koordinazioari buruzko txosten bat egingo dute aldibereko hauteskunde-prozesuak egiten direnetik sei hilabeteko epean. Txosten horretan, nolanahi ere, hitzarmenean jasotako lankidetzaren balorazio ekonomikoa jasoko da.

Aldi berean egiten ez diren hauteskunde-prozesuen kasuan, hitzarmen honetan aipatzen den material-mailegua egiten bada, aldeek konpromisoa hartzen dute mailegu horren xehetasunei, erabilitako materialari eta mailegu horretarako egindako kudeaketei buruzko informazioa trukatzeko.

Txosten horiek hauteskunde-prozesuan hartutako irisgarritasun-neurriei buruzko informazioa jasoko dute.

Zazpigarrena.– Administrazio-izaera eta eztabaidak ebaztea.

Hitzarmen hau urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluko VI. kapituluan xedatutako hitzarmenen araubide juridikoaren mende dago, eta administrazio-izaerakoa da. Hitzarmenaren ondorioei, interpretazioari edo ebazpenari buruz aldeen artean sortzen diren zalantzak edo eztabaidak ezin badira adiskidetze bidez ebatzi jarraipen-batzordean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegi eskudunen mende jarriko dira.

Zortzigarrena.– Indarraldia, eraginkortasuna, azkentzea, aldaketa eta ez betetzeagatiko ondorioak.

40/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoak, 48.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmen hau eraginkorra izango da Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean, hargatik eragotzi gabe Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Era berean, aldeek baimena ematen dute hitzarmenari publizitatea emateko, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita.

Hitzarmen hau azkentzeko arrazoi izango dira urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluan jasotakoak.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du; nolanahi ere, beste lau urtez luzatu ahal izango da. Hitzarmen hau aldatu eta luzatzeko, aldeek aho batez hartu beharko dute erabakia, eta hitzarmena egiteko egin behar izan diren izapide berberak egin beharko dira.

Hitzarmen honetan hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeak ez du aldeen arteko kalte-ordainik eragingo, akordio honek ez baitu inolako betebehar ekonomikorik sortzen. Ez betetze horrek, ordea, hitzarmena suntsiaraztea ekar dezake. Horrek ez du esan nahi, alde biek hauteskunde-prozesuak egiteko beharrezkoak diren jarduketekin jarraituko ez dutenik.

Bederatzigarrena.– Konfidentzialtasuna eta datuen babesa.

1.– Aldeek konpromisoa hartzen dute ahalik eta erreserba eta isiltasun profesional handiena mantentzeko beste aldeak emandako datu eta informazio ororen inguruan, baldin eta datu eta informazio horiek hitzarmen honen xedea gauzatzearekin eta hitzarmena gauzatzearen ondoriozko funtsezko ezagutzarekin lotuta badaude. Bereziki, isilpeko informaziotzat hartuko da hauteskunde-azpiegitura digitalei buruzkoa. Aldeek erreserbatuta eta isilpean gorde beharko dute informazio hori, eta ez diote inola ere jakinaraziko, ez osorik ez partzialki, hitzarmenaren parte ez den ezein pertsona fisiko edo juridikori.

2.– Aldeek konpromisoa hartzen dute honako manu hauetan xedatutakoa betetzeko: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Ondorio horietarako, hitzarmen hau gauzatzeko bildutako datu pertsonalak barne hartzen dituzten tratamenduen erantzuletzat joko dira aldeak. Aldeetako batek beste aldearen datu-tratamendura sarbidea izango du, tratamendu-arduradun gisa, hitzarmenaren xede diren jarduerak gauzatzeko soilik. Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei lagako ez eta jakinaraziko ere, salbu eta datuok datuen tratamendu-arduradun legitimatuei lagatzen bazaizkie edo beste administrazio publiko batzuei lagatzen bazaizkie, legez ezarritakoarekin bat etorrita.

3.– Hitzarmen honen xedea betetzeko behar diren datu pertsonalei dagokienez, Barne Ministerioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa izango dira tratamenduaren arduradunak.

4.– Alde sinatzaileek beharrezko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezarri behar dituzte, datu pertsonalen segurtasuna eta osotasuna bermatzeko eta datu horien aldaketa, galera eta baimenik gabeko erabilera edo eskuratzea eragozteko.

5.– Hitzarmena sinatu duten aldeek ez dute inolako erantzukizunik izango, beste alderen batek aurreko betebeharrak ez baditu betetzen. Bere gain hartutako betebeharrak urratuz gero, betebehar horiek urratu dituen erakundea izango da egindako arau-hausteen erantzule.

Eta, ados daudela adierazteko, dokumentu hau sinatu dute honako hauek, 2023ko maiatzaren 23an.

Barne ministroa,

FERNANDO GRANDE-MARLASKA GÓMEZ.

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala