Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2023ko ekainaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2720

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 25ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, «Gaitasun Digital Profesionalak» 2023ko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, argitaratu eta deialdia egiteko agintzen duena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Ildo horretatik, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Agenda bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiko eraldaketa digitala bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Dagoeneko abian dauden beste ekimen batzuen osagarri gisa, «Gaitasun Digital Profesionalak» izeneko programa hau jarriko da abian. Enpresen lehiakortasuna hobetzea da programaren helburua, Ikanos teknologiaren bidez pertsonen gaitasun digitalak bultzatuta. Horretarako, Ikanos metodologia ezarriko da edozein tamainako eta edozein jarduera ekonomikoko enpresei zuzendutako berariazko aholkularitza-zerbitzu baten bidez.

Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 48.5 artikuluan, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntzako jarduera, besteak beste, publikotasun-printzipioaren arabera moldatzea.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2023ko «Gaitasun Digital Profesionalak» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, eta haren exekuzioari lotutako gastua baimentzea. Oinarrien edukia atxikita dago Ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– 2023ko «Gaitasun Digital Profesionalak» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2023ko maiatzaren 25a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
2023KO GAITASUN DIGITAL PROFESIONALAK LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI-Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, besteak beste, enpresen garapena sustatzeko.

Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategian (EEDE2025) definitutako jardute-politikekin bat datorren tresna bat da «Gaitasun Digital Profesionalak» programa.

Gailuetan zein aplikazioetan egindako aurrerapen teknologikoek, komunikazio-sare finkoen eta mugikorren hedapenak, industrian, zerbitzuetan eta ia sektore guztietan lortutako eraginkortasunak eta sare sozialen eta lineako komunikabideen hedapenak gizarte digital unibertsal berria sortu dute. Gizarte digital horrek aukera ugari eskaintzen ditu lanerako, aisialdirako, entretenitzeko, kontsumitzeko, garapen pertsonalerako eta ikasteko.

Gizarte digital horretako kidea izateko nahikoa da konektatutako gailu bat eta aplikazioak erabiltzeko gai izatea, baina, guztiz aprobetxatzeko, une bakoitzean behar diren ezagutza, trebetasunak eta talentua garatu behar dira. Gizartearen eta erakundeen heldutasun digitala lortzeko, kultura eta gaitasun digitalak behar dira. Eta, horiek hobetzeko, bizitzan zeharreko ikaskuntza behar da.

Europako Batzordearen 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioak, bizitzan zehar ikasteko gaitasun gakoei buruzkoak, argi islatzen du errealitate hori, baita politika publikoak bultzatu beharra ere. Gomendio horrek arrazoitzen duenez, pertsonek ulertu behar dute teknologia digitalak lagungarriak izan daitezkeela komunikaziorako, sormenerako eta berrikuntzarako; eta teknologia digitalek dituzten aukeren, mugen, eraginen eta arriskuen berri izan behar dute.

Erakunde guztien egungo eta etorkizuneko hazkundea bultzatzera bideratuta daude teknologia digitalak, baita funtzio, gaitasun multzo eta laneko profil berrien eskaria handitzera ere. Automatizazioaren gorakadaren aurrean, enpresek haien lan-indarra berregituratu behar dute. Horretarako, profil tradizionalenak gutxitu eta horien ordez profil teknologikoagoak txertatu behar dituzte, edo azpikontratazioa areagotu behar dute lan espezifikoetarako.

Enpresa-ikuspegian oinarrituta, saileko eta erakunde osoko helburu digitalak eskuratzeko langile bakoitzak zer bide jarraitu behar duen neurtzea gomendatzen da. Beharrezkoa da profesionalen maila digitala ezagutu eta kudeatzea, konpetentzietan oinarritutako prestakuntza egokia eta erabilgarria diseinatzeko. Azterketak barne hartu behar ditu ezagutza teknikoak, tresnen erabilera eta ingurune digitalera egokitzeko beharrezko trebetasunak, baita ingurune digitaletako informazioaren kudeaketa, elkarlana, lankidetzarako eta sarean lan egiteko teknologia erabiltzen duten taldeen kudeaketa, ekonomia digitalean murgilduta dauden bezeroen arreta edo zibersegurtasuna ere. Soft konpetentzia horietako batzuek, gaitasun digitalekin lotuta, agerian uzten dute pertsonen gaitasunak gero eta gehiago direla zeharkakoak, multifuntzionalak eta malguak.

Zentzu horretan, azken urteetan gaitasun digitalei buruzko Ikanos www.ikanos.eus proiektua landu da. Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa da Ikanos, gaitasun digitalak gizarte osoan ezagutzera emateko, aintzat hartzeko, eta horien aurrerapena eta egiaztapena errazteko. Ikanos ereduak hobekuntza-prozesu bat marrazten du, pertsonalizatutako bide-orri batekin, errealitatetik gertu dauden helburuetan eta tresna oso praktikoetan oinarritutako pausoak emateko, Europako Batzordearen DigComp kontzeptu-esparruaren oinarriaren gainean.

Azkenik, adierazi behar da programa jasota dagoela erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, 2023ko ekitaldirako Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21ean hartutako erabakien bidez onetsitakoan, eta planaren helburu hau lortzen laguntzen duela: «EAEko enpresetan Gaitasun Digital Profesionalen Ikanos sistema ezartzeko proiektuak babestea, enpresaren lehiakortasuna eta pertsonen garapen profesionala hobetzeko.»

1. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan «Gaitasun Digital Profesionalen» Ikanos sistema ezartzeko proiektuak bultzatzera bideratuta espezietan emandako laguntzak esleitzeko baldintzak zehaztea da oinarri hauen xedea, enpresaren lehiakortasuna eta pertsonen garapen profesionala hobetzeko helburuz.

Espezietan emandako programa honetako laguntza enpresa onuradunari aholkularitza espezializatu eta indibidualizatua ematea izango da, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko. Laguntza hori «Gaitasun Digital Profesionalen» Ikanos sistema ezartzea izango da.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzen ondoz ondoko lehia-prozeduraren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako (EB) 1407/2013 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira.

3.– Programa honen baitan emandako laguntzek espezietan emandako eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izaera izango dute.

4.– Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

3. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:

1.– Aholkulari espezializatua: SPRIk bultzatutako lizitazio-prozesuan esleitutako programaren Enpresa Onuradunean Ikanos metodologia aplikatzeko beharrezko aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak emateaz arduratuko den kanpoko aholkularitza-erakundea, -enpresa edo -profesionala.

2.– Amaierako txostena: Ikanos metodologiaren arabera aholkularitza-enpresa espezializatuak egindako eta enpresa onuradunak baliozkotutako deskargu-dokumentua.

3.– Ikanos metodologia. Gaitasun digitalak gizarte osoan ezagutzera emateko, aintzat hartzeko, eta horien aurrerapena eta egiaztapena errazteko metodologia da. Ikanos ereduak hobekuntza-prozesu bat marrazten du, pertsonalizatutako bide-orri batekin, errealitatetik gertu dauden helburuetan eta tresna oso praktikoetan oinarritutako pausoak emateko, Europako Batzordearen DigComp kontzeptu-esparruaren oinarriaren gainean (www.ikanos.eus).

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta deialdiaren zuzkidura.

1.– Laguntzak behar bezala jasotako eskabideen ondoz ondoko lehiaren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarrietan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta. Eskaera zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bada, eskaera zein egun eta ordutan egin den hartuko da erreferentziatzat.

2.– Deialdi honen xede diren laguntzak osatzen dituzten aholkularitza-zerbitzu espezializatu eta indibidualizatuen balio zenbatetsia 1.500.000 eurokoa da. Balio hori SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eskuratzearen kostuaren baliokidea da, gaitasun digital profesionalen sistema bat ezartzeko zerbitzuak emateko lortutako esparru-akordioaren arabera.

3.– Ondoz ondo emandako dirulaguntzen balio metatua artikulu honetako 2. paragrafoan adierazitako kopurura iristen bada, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, egoera horren berri emango du, eta eskaerak egiteko epea itxiko da, baldin eta irekita jarraitzen badu. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Artikulu honen 3. atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, ez da beste laguntzarik emango. Horregatik, berariaz ezetsiko dira aurkeztutako eta ebazteko dauden eskabideak, eta ez dira onartuko argitaratu ondoren aurkez daitezkeenak.

5. artikulua.– Pertsona fisiko eta juridiko onuradunak eta izaera hori lortzeko betekizunak.

1.– Enpresa-jarduera egiten duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte programa honetako laguntzak, enpresaren tamaina edozein dela ere. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua eta bertan egin beharko da diruz laguntzekoa den jarduera.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda badaude.

2.– Enpresa-taldeetako sozietate nagusiek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta: (i) egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute; (ii) talde osoaren kontabilitate bateratuan jasotakoa kontuan hartuta.

3.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Berezko nortasun juridikodun entitate, administrazio publikoen mendeko entitate edo haiei lotutako entitate izaera badute.

b) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

c) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan egiten dutenek, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.

e) Krisian dauden enpresa edo entitateak badira, horretarako krisian dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresak berregituratzeko eta salbatzeko Estatuko laguntzei buruzko arauen definizioa aintzat hartuta (2014/C 249/01). Horren salbuespena izango da COVID-19aren egungo agerraldiaren baitan ekonomia babestera zuzendutako Estatuko laguntzen neurriak jasotzen dituen 2020ko martxoaren 19ko Aldi baterako Laguntza Esparruko [C (2020) 1863] 3.1.22.c bis atalean jasotakoa.

f) Sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso dutenek, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako erakunde hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena edo sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.

g) Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzeagatik arau-hauste astun edo oso astunengatik ebazpen irmo bidez zehatuak izan badira.

h) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan badira, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.

i) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen badute, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

4.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

5.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela; horietan proiektuak eragina izango du.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.

Enpresa onuradunak banakako aholkularitza espezializatua jasotzea diruz lagundu ahal izango da honakoak egiteko: «enpresa onuradunaren langileen artean gehienez ere 27 lagunen gaitasun digitalak diagnostikatzeko eta ebaluatzeko proiektuak, enpresan identifikatutako profil profesionaletan oinarrituta, eta Ikanos ereduaren arabera».

Langileei eskainitako gaitasun digitalen gaineko prestakuntza-jarduerak, proiektutik eratorriak edo proiektuarekin lotuak, ez dira diruz lagunduko.

Laguntza-eskabidea diruz lagundu daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko da; hau da, gaitasun digital profesionalen proiektua ez da eskaera aurkeztu aurretik hasi beharko.

Deialdi honetan baitan, enpresa bakoitzak gaitasun digital profesionalen proiektu bakar bat egin dezake.

Gaitasun digitalak ezartzeko proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Europako DIGCOMP ereduan oinarrituta garatutako Gaitasun Digitalen Ikanos metodologia erabiltzea.

b) Ikanos metodologia erabiliz Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan «Gaitasun Digital Profesionalen» sistema bat ezartzeko zerbitzuak emateko helburuz SPRIk bultzatutako Esparru Akordioaren erakunde esleipendun batek egitea, programaren onuradunaren aukeraketan oinarrituta. Programaren enpresa onuradunak ezin izango du SPRIk bultzatutako esparru-akordioaren erakunde esleipendunik hautatu lana egiteko, baldin eta erakunde horrekin zuzeneko edo zeharkako lotura badu, akzioen edo partaidetzen bidez.

c) Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, ebazpen-egunetik zenbatzen hasita. Epe hori beste 6 hilabete luza daiteke.

Edonola ere, Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Honela kalkulatuko da laguntzaren zenbatekoa: 300 euro (6. artikuluan deskribatutako Gaitasun Digital Profesionalen diagnostiko bakoitza egiteko zenbatekoa) bider enpresa eskatzailearen langile kopurua (enpresak eskaeran proposatutako langileak, diruz lagunduko den proiektua gauzatzen parte hartuko dutenak).

Espezieko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 8.100 eurokoa izango da, zergak aintzat hartu gabe. Hau da, enpresa onuraduneko 27 langilek parte har dezakete gehienez diruz lagundutako proiektuan, Gaitasun Digital Profesionalen diagnostikoa osatuz, 6. artikuluan deskribatutako jarduketetan oinarrituta.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak bateraezinak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste batzuekin.

2.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo de minimis izaera dute.

3.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztizko laguntzak ezingo du 200.000 euro baino handiagoa izan, abian den ekitaldi ekonomikoak eta aurreko bi ekitaldiek osatzen duten aldi osoaren arabera zenbatuta. Onuraduna errepidez merkantzien garraioko lanak besteen kontura egiten dituen enpresa bat bada, gehieneko zenbateko hori 100.000 eurora gutxituko da (gainera, laguntza ezingo da erabili errepide bidezko merkantziak garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, ez da Programan aurrez ikusitako laguntzarik emango emandako laguntzak, onuradunak jaso izan ditzakeen beste de minimis laguntza batzuei gehituta, muga hori gainditzen duenean, laguntza horiek emandako administrazioa edo administrazioak edozein izanda ere.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

9. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.

2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.

3.– Eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan egindako eskaerako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

5.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.

6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta helbide-soziala.

– Laguntzaren eskaeran jasotako diruz lagundutako jarduerak egingo dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan ere, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

– 2021, 2022 eta 2023 ekitaldi fiskaletan jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Ez egotea oinarri hauen 5.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Enpresa eskatzaileak aukeratutako Aholkularitza-enpresak egindako laneko plana; puntu hauei buruzko informazio zehatza izan behar du:

– Proiektua egingo duten langileen kopurua.

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

– Lortu nahi diren helburuen memoria.

7.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2023ko azaroaren 30ean bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2023ko azaroaren 30eko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

11. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta publizitatea egiteko modua.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabide bakoitza dagokion prozeduraren bidez izapidetuko da, eta prozedura hori ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari dagokio. Laguntza-eskaeren ebaluazioa eta ebazpena espedientea osatuta dagoen unean egingo da.

2.– Ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntza eman den edo, hala badagokio, ukatu den. Lehenengo kasuan, gutxienez, pertsona edo erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako proiektua eta emandako laguntzaren balioa adieraziko dira. Ukatuz gero, pertsona edo erakunde eskatzailearen izena jasoko da, bai eta ukatzeko arrazoiak ere.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote pertsona eta erakunde interesdunek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute zuzenean Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegietan.

4.– Eskaerei buruzko esanbidezko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, egindako eskaera osatzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta jakinarazpenik egin ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaera ezetsi egin dela.

5.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

12. artikulua.– Egiaztapeneko eta kontroleko jarduerak. Aurkezteko epea.

1.– Jarduera 6.c) artikuluan ezarritako epean amaitu ondoren, hurrengo 3 hilabeteen barruan erakunde onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, SPRIren webgunean eskuragarri dagoen Espedientea Ixteko Eskaeraren bidez.

2.– Espedientea Ixteko Eskaera erakunde onuraduna ordezkatzeko behar adina ahalmen duen pertsonak sinatu beharko du sinadura elektroniko bidez. Aurkezte-data izango da SPRIren sistemetan dokumentazio osoa erregistratu deneko data.

3.– Espedientea Ixteko Eskaerak honako hauek jaso behar ditu: erakunde edo pertsona onuradunaren identifikazio-datuak, legezko ordezkariaren identifikazio-datuak eta proiektuan parte hartu duten langileen kopurua, baita jasotako zerbitzuaren balorazio bat ere.

4.– Proiektuan parte hartu duten pertsonen kopurua laguntza ematean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan dela egiaztatuz gero, dirulaguntza proportzionalki egokituko da, 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Kasu bakar batean ere ez da onartuko proiektuan parte hartu duten pertsonen kopurua laguntza ematean aurreikusitakoa baino handiagoa izatea.

13. artikulua.– Laguntza-eskaerak eta/edo Espedientea Ixteko Eskaerak zuzentzea.

Laguntza-eskaera edo Espedientea Ixteko Eskaera baldintza guztietan beteta ez balego edo eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztuko ez balitz, SPRIk erakunde onuradunaren legezko ordezkariari falta dena konpondu edo derrigor aurkeztu beharreko dokumentuak eman ditzala eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, eskaera ukatuko da, helburu horretarako agindutako ebazpen baten bidez.

14. artikulua.– Pertsona fisiko eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko 14. eta 46. Artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Ordenatzaileen Legeko Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.2 artikuluak xedatutakoak, eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako espezieko laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren 10 eguneko epean, pertsona fisiko edo erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

b) Emandako laguntza jarduera-plana garatzera bideratzea.

c) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

d) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.

e) Laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera aldatu dela jakinaraztea SPRIri.

f) Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

g) Diruz lagundutako proiektua egiteko garaian sor daitezkeen dokumentu eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.

h) Programa honi buruzko sustapen-jarduera eta -argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

15. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, programaren kudeatzailearen bidez, jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, 6 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak hasteko epea (6 hilabetekoa da epe hori).

3.– Jarduketak laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta SPRI-EnpresenGarapenerako Euskal Agentziak aldaketak baimendu ahalko ditu, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Laguntza hau itzuli beharra aitortuz gero, espezietan emandako laguntzaren zenbateko bera izango da itzuli beharreko zenbatekoa, hau da, SPRIk igorritako onarpen-ebazpenean jasotakoa. Halaber, dirulaguntzen arloan aplikagarria den berandutze-interesa ere eskatu ahal izango da. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera aplikagarri dena izango da.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Kanpoko erakunde espezializatuak proiektua hastea eta modu egokian ez garatzea, erakunde onuradunari egoz dakizkiokeen arrazoiengatik.

b) SPRIren baimenik gabe, laguntzaren eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldaraziko dituen proiektuaren gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Horrek, eragin hauetarako, ez-betetzea eragingo du.

c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

d) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

e) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

f) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

g) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kausak.

3.– SPRIko zuzendari nagusiari dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (horren bidez arautzen dira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta horren bidez ezartzen dira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarriki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea). SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8.1 artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Erregelamendua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (EB) (aurrerantzean, DBEO) eta emandako datuen babesaren arloan aplikagarria den gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa, helbidea Bilbon (Bizkaia) Urkixo zumarkalea 36, 4. zenbakian eta IFZ Q-4800789-B duena), bere erantzukizunpean eta tratamenduaren arduradun gisa tratatuko ditu datuak. Hori guztia laguntza-eskaera kudeatzeko eta laguntzak eta dirulaguntzak emateari dagokionez dagozkion administrazio-ahalak erabiltzeko oinarri juridikoa oinarri hartuta, agentziaren Estatutuen arabera (DBEOren 6.1.e) artikulua).

Datu horiek legez ezarritako epeetan gordeko dira (laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko araudia), eta honako hauei jakinarazi ahal izango zaizkie: (i) datu horiek eskuratu behar dituzten eta programaren esparruan tratamenduaren arduradun gisa jarduten duten enpresa laguntzaileei; baita (ii) arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei ere, tratamenduaren arduradunak zaindu beharreko legezko betebeharrak betez.

Jasota geratzen da datu horiek nahitaez eman behar direla, eta, beraz, datu okerrak aurkezteak edo/eta daturik ez aurkezteak laguntza-eskaera kudeatzea eragotziko du.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta datuak babesteko araudiak ematen dizkien gainerako eskubideak baliatu ahal izango dituzte, lopd@spri.eus helbidera idatziz. Era berean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Datuak Babesteko ordezkariarekin harremanetan jar zaitezkete dpd@spri.eus helbide elektronikoan eta/edo Eusko Jaurlaritzaren Datuak Babesteko ordezkariarekin, esteka honetan deskribatutako moduan.

Kasu guztietan, interesdunek erreklamazio bat jar dezakete Datuak Babesteko Euskal Bulegoan, bereziki, eskubideak nahi bezala baliatu izan ezin dituztenean. Bulego horrekin haien webgunearen bidez jar daiteke harremanetan: www.avpd.euskadi.eus

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak datu pertsonalen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza eskaintzen die interesdunei, webgunean eskuragarri duen pribatutasun-politikan: https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/

http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri. Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainerako araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren funtzio publikoa da, haren eraketa-estatutuetan ezarritakoari jarraiki, Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko (ikusi) enpresei transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Bestela, jarri harremanetan SPRIko Datuak Babesteko Ordezkariarekin, helbide honetara idatzita: dpd@spri.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo pribatutasun-politikara. Hemen aurki dezakezu: https://www.spri.eus/pribatutasun-politika/

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Euskal Agentzia izango dela horren arduraduna (www.avpd.euskadi.eus).

Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen-jarduera eta -argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala