Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2023ko ekainaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2684

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023. urtean kultura-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta haien deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapenari eta zabalkundeari dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek musika, arte eszenikoak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen-industriak arloetan gauzatzea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.

Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan –EONALTB-–(1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, onartua), azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (DLO) eta lege horren Araudia (DAO) onartu duen 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki iritzi dio jardunbide bat ezartzeari, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdiei laguntzeko. Jardunbide hori, bestalde, sail horren eskumenen esparruan sartzen da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko dirulaguntzak eskainiz gauzatzen da, bereziki, honako arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak. Neurri horri esker, kultur ekoizpena gizarte osoaren eskura jarri nahi da, herritar guztiek kultura adierazpide horiez guztiez goza dezaten.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita (2021eko otsailaren 18an onartua eta 2023ko urtarrilaren 26an aldatua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez), baita Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren 2023. urteko Dirulaguntzen Planean ere (2023ko urtarrilaren 26an onartua), sailaren beraren webgunean argitaratuak biak ala biak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sailplana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza-araubide hori ez zaio Europako Batzordeari jakinarazi behar, eta barne-merkatuarekin bateragarria da Tratatuaren 107. artikuluaren 3. paragrafoari jarraiki, aipatutako 651/2014 Erregelamenduaren 54. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak betetzen baititu.

Bada nahiko kreditua, eta egokia, deialdi honek onesten dituen dirulaguntzak hornitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra onartzen duenabenduaren 23ko 15/2022 Legeak dioenez.

Horren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da kultura-arloko jaialdiak antolatzeko, 2023ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta deialdia egitea, bereziki kultura-arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak. Kultura-ekintzok espezializazio- edo berezitasun-maila handikoak izan beharko dute, eta interes berezia sortu Euskal Autonomia Erkidegoko kulturaren eremuan.

Jaialditzat joko dira genero jakin baten inguruko programazio egituratua izan ohi duten kultur topaketak, iraupen mugatukoa eta normalean hainbat gunetan eta hainbat egunetan erakusten direnak. Horiek, gainera, merkatuak eta/edo lehiaketak izan ditzakete; hala ere, Agindu honi dagokionez, garatzen den kultura-programazioa besterik ezin izango da diruz lagundu.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa, guztira, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa izango da. Horietatik, 175.000 euro 2023. urteko ordaintze-kredituei dagozkie, eta 175.000 euro 2024. urterako konpromiso-kredituei. Aurkezten diren proiektuak hauetako kategoria batean sailkatuko dira, haien izaeraren arabera, kreditu hau duelarik kategoria bakoitzak:

– 145.000 euro arte bizietako jaialdiak antolatzeko (arte eszenikoak, zuzeneko musika, bertsolaritza...) (72.500 euro 2023an eta 72.500 euro 2024an).

– 100.000 euro ikus-entzunezko arteetako jaialdiak antolatzeko (50.000 euro 2023an eta 50.000 euro 2024an).

– 75.000 euro ikusizko arteetako eta literaturako jaialdiak antolatzeko (37.500 euro 2023an eta 37.500 euro 2024an).

– 30.000 euro diziplina anitzeko jaialdiak antolatzeko (15.000 euro 2023an eta 15.000 euro 2024an).

2.– Eskabide nahikorik ez dagoelako nahiz aurkeztutako proiektuek ez dutelako gainditze balorazio-faseko gutxieneko puntuazioa, kategoria bati esleitutako zuzkidura ez bada agortzen, balorazio-batzordeak geldikina beste kategorietara bideratzea proposatu ahalko du, hartara finantzatzeko kategoria horietan zuzkidura amaituta hasiera batean ez lagundutzat jotako proiektuetan ongien baloratutakoak.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Pertsona fisikoek zein pertsona juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak Agindu honen babesean, betiere 1. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiten badituzte. Besteren izenean diharduten pertsonek eta eragileak hala adierazi beharko dute, eta ordezkapena justifikatu. Halaber bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritakoa.

2.– Ezin izango dira onuradun izan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko Aurrekontu Orokorraren kontura helburu bererako dirulaguntza izendunen bat edo proiektu bera egiteko nahiz haren zati bat egiteko emandako beste dirulaguntzaren bat esleitua dutenak, dirulaguntza hori zuzenekoak zein aginduen bitartez emandakoak direla ere.

b) Ikastetxeak zein arte-, musika, dantza eta bestelako arte-diziplinetako ikastegiak.

c) Zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak ez dituztenak. Betekizun horiek ematen den dirulaguntza kitatu artean atxiki beharko dira beterik, eta, beraz, laguntzak esleitzeko unean zein, hasierako ziurtagiria iraungi delako hala egokitzen bada, ordainketak egiteko unean egiaztatuko da betetzen diren.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituztenak, 1/2021 Dekretua, urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duenak xedatzen duen bezala.

e) Laguntza publikoak jasotzeko aukera ukatu dien zigor administratibo edo, epai irmoz, penala jaso dutenak, zigorrak dirauen bitartean, dela laguntza publikoak lortzeko aukera ukatzen zein legezko debeku bat dela eta –otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-bereizkeria barne–, dela prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragin trafikoa, iruzurra eta legez kanpoko ordainarazpenak nahiz hirigintza-delituak egiteagatik.

f) Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (DO C 249, 2014-07-31).

g) Dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.

h) Azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2.b) eta 13.3 artikuluek onuradun bilakatzeko xedatzen dituzten gainerako debekuen ezein kasutan dauden eskatzaileak.

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuen eraginpean dauden pertsonek, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigortuta daudenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

j) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartzen diren eskatzaileak bakarrik direnean, ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, lege honen Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzazioa edozein dela ere.

4. artikulua.– Jarduerek bete beharreko baldintzak.

1.– Dirulaguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta haien edukia batez ere kulturala izanik, programazio artistikoa izan beharko du.

b) Dirulaguntzen deialdi honetara aurkezten diren programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dira, eta aurrekontu orekatua aurkeztuko dute horren erakusgarri.

Gutxienez 15.000 eurokoa izango da aurrekontua; halaber, eskatu beharreko gehieneko dirulaguntza 35.000 eurokoa eta gutxienekoa, berriz, 5.000 eurokoa izango dira. Aurrekontuaren autofinantzaketa-maila gutxienez % 20koa izan beharko da, halakotzat hartuta iturri publikoetatik ez datorren frakzioa (alegia, norberak egindako ekarpena, gehi mezenas pribatuek egindakoa, gehi jarduerak berak eragindako diru-sarrerak, hala nola publizitatea, sarrerak nahiz bestelako ondasun eta zerbitzuak saltzeak eragindakoak).

c) Diruz lagundu beharreko jarduerek herritarrei oro har irekiak izan beharko dute, ekitaldi kolektiboetan eta aurrez-aurre, uneoro errespetatuta indarrean dauden arauak.

d) Aurretiko nahiz ondorengo faseak (prestatzeko nahiz ixtekoak edo baloratzekoak) gorabehera, jendaurreko jarduerek epe mugatu batean gauzatu beharko dira, inola ere ez bi egun baino laburragoa, ez eta bi hilabete baino luzeagoa ere.

e) Marketin, publizitate eta komunikazio publikoko material guztiak gutxienez elebitan (euskaraz eta gaztelaniaz) argitaratu beharko dira.

f) Jaialdiak aldikakoak izango dira eta irauteko bokaziodunak.

g) Ez dira jaialditzat hartuko, bira artistikotzat baizik, ikuskizun beraren hainbat emanaldi aurreikusten dituzten proposamenak.

2.– Deialditik kanpo geratuko dira:

a) Urte osoko kultura-programazioak eta kultura-programazio orokorrak. Halakotzat hartuko dira areto baten ohiko programazioa deialdiaren baldintzetara formalki egokitu besterik egiten ez dituzten proposamenak.

b) Ikastaroak eta prestakuntza-jarduerak, hala nola lantegi, mintegi eta antzekoak.

c) Izaera akademiko zein gremiala besterik ez duten ekitaldiak eta promozio- zein oroitzapen-ekitaldi puntualak.

d) Sariak eta galak.

e) Erakundeen barne-jarduerak, beren ikus-entzuleentzakoak.

f) Merkatu edo salerosketarako aurreikusitako guneak. Bakarrik kontutan hartuko da gune hauetan burututako kultura programazio profesionala, beti ere, programazio horrek aurrekontu osoaren % 10 baino gehiago eramaten baldin badu.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak lagunduko dira, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri araugarri hauetan ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango sekula ere merkatuan duten balioa baino handiagoa.

Sustatzailearen egiturari, mantentze-lanei eta ohiko jardunari lotutako gastuak: lokalen alokairua, finantza-gastuak, baimenak, zergak, lege-aholkua, ohiko kontsumoak (argia, ura, telefonia, Internet...) eta abar ezin izango dira guztira aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.

Era berean, egitasmoaren zuzendaritzak zein kontratatutako pertsonalak eragindako gastuak ezin izango du aurrekontuaren % 30 gainditu.

2.– Lagun daitezkeen gastuetatik at geratzen dira:

a) Ondasun higiezinak eta azpiegiturak ekipamendu-ondasun inbentariagarriak erostearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin lotutako guztiak, amortizazioak barne.

b) Erakunde sustatzailearen langileen ordainak, aseguru sozialen kotizazioak eta zerga-atxikipenak.

c) Eskatzaileak berak egindako lanengatiko gastuak.

d) Diru bidezko sariak.

e) Protokolo-ekitaldiak, hala nola afari, festa, koktel eta antzekoak.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa. BEZaren aitorpena egin beharretik salbuetsita dauden onuradunek horren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta horiei onartuko zaie BEZa laguntzeko moduko gastu gisa.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, betiere.

6. artikulua.– Eskatzaileen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, eskatzaileek zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak dituztela. Dena dela, pertsona fisikoa diren eskatzaileek berariaz egin diezaiokete aurka horri eskabidean bertan hala adierazita, eta kasu horretan berek aurkeztu beharko dituzte baldintza horiek beteak dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

2.– Egoitza fiskala estatu espainiarretik kanpo izanez gero edo ziurtagiriak elkarreragingarritasun sistemaren bidez lortzea ezinezkoa denean, egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak: zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko egiaztagiriak, organo eskudunak emandakoak. Kasu bietan ere, egiaztagiriek ez dute izango sei hilabetetik gorako antzinatasuna.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua betez, betekizun hauek bete direla egiaztatuko da eskabidearekin batera aurkeztuko diren erantzunkizunpeko adierazpenen bidez:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.

– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrena, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan egotea ere, ez azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoetan, ez gizon-emakumeen arteko berdintasunaren gaineko legeetatik zein Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 legetik eratorrietan.

– Adieraziko da eskatzailea zigortze- nahiz itzultze-prozedura baten pean den, eta, baiezkoan, hura zein den esan beharko da.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan agindu honen lehen xedapen gehigarrian deskribatzen den de minimis erregimenari lotutako beste laguntzarik jaso duten ala ez, eta, baiezkoan, haien jatorria, helburua eta zenbatekoa zehaztuta.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du, eskabidean bertan, egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoetan.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabetekoa izango da. Eskabidean gutxienez aipatuko da Administrazioko zer organo, zentro edo unitateri zuzendua den.

2.– Pertsona fisikoek, beren izenean nahiz beste pertsona fisiko baten izenean dihardutela betiere, aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurreko kanala: eskabideak Zuzenean zerbitzuko bulegoetan aurkeztuko dira (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean URLan aldez aurretik ordua eskatuta bakarrik), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroen aurrean.

– Kanal elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 5. atalean adierazten diren helbideetan edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala nahiz elektronikoa– hautatzeak ez dakar berekin prozeduraren hurrengo izapideetan ere hartaz baliatu behar izatea; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz bakarrik aurkeztuko dituzte eskabideak, artikulu honetako 5. atalean adierazitako helbide elektronikoan edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

4.– Eskatzaileek eskaera bana besterik ezin izango dute aurkeztu. Muga gaindituz gero, Ebazpena eman aurretik haborokina bertan behera utz dezatela eskatuko zaie. Kasu egin ezean, eskaera guztiak indargabetuko dira ofizioz.

5.– Eskaera-orria, eta orria bera, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak bide elektronikoz zein presentzialez izapidetzeko jarraibideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren URL honetan eta administrazio-egoitzetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130709 Eskaeraren ondorengo izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, hemen egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7.– https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak URLan kontsulta daiteke zer identifikazio- eta sinadura elektronikoko bide onartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan.

8.– Eskabidea ordezkari baten bitartez aurkeztu nahiz aldatu ahal izango da elektronikoki; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatua izan beharko da ordezkaritza: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

9.– Erabilitako kanala edozein delarik ere (aurrez aurrekoa nahiz elektronikoa), aurkezten diren agiri elektronikoek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira. Bestela, ahal delarik PDF formatuan aurkeztuko dira.

b) Dokumentazio elektroniko osoaren tamaina 30 Mb-koa izango da gehienez ere.

10.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla dakar berekin.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazioaren esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko.

1.– Eskatzaileari berari buruzko agiriak:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzea NANaren zein antzeko dokumentu baten bidez. Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu. Hala ere, eskaera egin duen pertsona fisikoak berariaz egin ahal izango du kontsulta horren aurka; kasu horretan, berak aurkeztu beharko ditu dokumentuak.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

Administrazio honen mendeko erregistroetan inskribatutako erakundeek:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribaturik, eta ez dute zertan aurkeztu inskripzio horren egiaztagiririk. Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu. Hala ere, eskaera egin duen pertsona fisikoak berariaz egin ahal izango du kontsulta horren aurka; kasu horretan, berak aurkeztu beharko ditu dokumentuak.

Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako entitateek legez sortuak direla frogatu beharko dute, beren izaera juridikoaren arabera, bai eta pertsona ordezkariaren identitatea erakutsi ere; gainera, ordezkaritza–ahalorde nahikoa dutela justifikatu beharko dute, horretarako, agiri hauek aurkeztuz:

– Sortze–eskritura, estatutuak, eta dagokien erregistro ofizialaren jatorrizko ziurtagiria, inskribatuta daudela egiaztatzen duena.

– Identifikazio fiskaleko zenbakiaren egiaztagiri-txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta hark erakundea ordezkatzeko boterea baduela egiaztatzeko agiriak.

2.– Jarduerari buruzko dokumentazioa:

– Proposamena aginduaren 12. artikuluaren 3. atalean xedatutako irizpideen arabera egoki baloratzeko behar diren puntuak zehaztu eta garatu egiten dituen memoria zehatza eta jaialdiaren gauzatze-egutegia. Halaber adieraziko da zer lurralde-eragin aurreikusten zaion jaialdiari. Baldin eta aurkezten den proiektua beste proiektu zabalago baten baitan antolatua bada, haren deskribapena eta aurrekontua ere gehitu beharko dira.

– Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Gastu eta jarduera lagungarrietan eta gastu eta jarduera ez-lagungarrietan banatuta aurkeztuko da aurrekontua. Baldin eta eskaeran 5. artikuluak ez-lagungarritzat jotako gastu edo jarduerarik aurreikusten bada, organo kudeatzaileak aurrekontua araztuko du halakoak baztertuz, eta arazketaren ondoren onartzen den aurrekontua baizik ez da hartuko lagungarritzat eta dirulaguntza kalkulatzeko oinarritzat.

– Erantzukizunpeko adierazpena, erakunde pribatu zein publikoei xede bererako egin zaizkien beste dirulaguntza eskaeren zerrenda eta horietako bakoitza zertan den zehazten duena.

– Beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, horren inguruko motibazioa, 12.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko ote den ere.

3.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztua izan beharko du, dela eskaerarekin batera, dela prozeduraren beste une batean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan izapidetu daiteke elektronikoi, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

4.– Eusko Jaurlaritzaren esku dauden agiri eta datuak ez ekartzeko eskubidea dute eskatzaileek, baldin eta haiek indarrean jarraitzen badute. Eskubide horretaz baliatu nahi izanez gero, datu horiek zer prozeduratan, zer organoren aurrean eta zer egunetan aurkeztu zituzten jakinarazi beharko dute eskatzaileek.

9. artikulua.– Aurkezten diren eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabideari antzemanez gero izapidera onartzeko agirietan akats formalak dituela, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.

Pertsona juridikoek, beren eskabidea elektronikoki aurkeztu behar dutenek, aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezatela eskatuko zaie eskabidea elektronikoki aurkeztuz. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.

10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

11. artikulua.– Dirulaguntzen muga eta bateragarritasuna.

1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurrekontu onartu osoaren % 50etik gorakoa.

2.– Diruz laguntzen diren proiektuek gehienez 35.000 euro jasoko dituzte.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituzten laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta nolanahiko baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik ez bada; kasu horretan, bidezkoa izango da dirulaguntzaren munta murriztea, dagokion mugaraino.

4.– Ez dira bateragarriak izango proiektu bererako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023rako Aurrekontu Orokorretatik datozen beste dirulaguntzekin.

12. artikulua.– Proiektuak baloratzeko eta hautatzeko, eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.– Agindu honetan zehaztutako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz emango dira, hurrengo puntuetan jasotako balorazio-irizpideak kontuan izanik. Aurkeztutako eskabideak puntuazio-hurrenkeraren arabera antolatuko dira.

2.– Kategoria bakoitza bere aldetik baloratuko da, eta bateko eta besteko proiektuak beren kategoriako beste proiektuekin baizik ez dira lehiatuko.

3.– Aurkeztutako eta bertan behera utzi gabeko proiektuak baloratzeko, irizpide eta baremo hauek erabiliko dira:

a) Kultura-proposamena (60 puntu).

a.1.– Programazioa (35 puntu).

Hau balioetsiko da:

– Euskadin ohikoa den eskaintzarekiko proposamen berezia egiteko edukien interesa (0-10 puntu).

– Edukien erreferentzialtasuna sektorearen ikuspegitik (0-5 puntu).

– Edukien kalitatea (0-20 puntu).

a.2.– Berrikuntza (10 puntu).

– Proposamena berrikuntzaren arabera baloratuko da, haren ekarpenaren garrantzia (0-5 puntu) eta espezifikotasuna (0-5 puntu) aintzat hartuta.

a.3.– Kultura-publikoa garatzea (15 puntu).

– Jaialdiaren ikuslegoa garatzeko aukera baloratuko da, gazteei, etorkinei eta bazterturiko gizataldeei zuzendutako estrategia espezifikoak aurreikusten dituztenei puntu gehiago emanez.

b) Jaialdiaren ezaugarriak (15 puntu).

b.1.– Ibilbidea (5 puntu).

– Aurretiko edizioen kopurua. Puntu bana edizio bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu.

b.2.– Autofinantzaketa (10 puntu).

– Aurrekontu onartuaren autofinantzaketa-portzentajea.

% 20 - % 34,99: 1 puntu.

% 35 - % 49,99: 3 puntu.

% 50 - % 64,99: 6 puntu.

% 65etik gora:10 puntu.

c) Euskararen presentzia, genero berdintasuna eta jasangarritasuna (25 puntu).

c.1.– Euskarak programazioan zer presentzia duen. Ekitaldi eta jardueretan euskararen erabileraren portzentajearen arabera puntuatuko da (0-10 puntu). Irizpide hau ez da baloratuko beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan; ikus artikulu honen beraren 4. puntua.

– Euskara hutsezko proposamenak: 10 puntu.

– Proposamen elebidunak eta programazioaren eskaintzaren erdia euskaraz egiten dutenak: 5 puntu.

Beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, hala nola eskultura, pintura, grabatua, musika klasikoa eta abar, berariaz motibatu beharko du eskatzaileak kontua. Balorazio-batzordeak motibazioari nahikoa dela irizten baldin badio, eskatzailearen puntuazioa gorantz egokituko da, 1,05 faktoreaz biderkatuta.

c.2.– Sentikortze- eta berdintasun-neurriak (10 puntu):

– Emakumeen portzentajea parte hartzen duten artisten artean. Bosna puntu emango zaizkie artisten artean emakumezkoen presentzia paritarioa duten proiektuei (emakume artisten presentziak % 40 – % 60 bitartekoa izan behar du).

– Eraso matxistei aurrea hartzeko protokoloa izatea (5 puntu).

c.3.– Erronka Garbia ziurtagiria (5 puntu). Bosna puntu emango zaizkie Erronka Garbia ziurtagiria badutela egiaztatzen duten jaialdiei https://www.ihobe.eus/erronka-garbia-eta-ekitaldia-jasangarria

4.– Puntuazio osoaren % 60 (100 puntutik 60, hain zuzen) lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira.

5.– Kategoria bakoitzean, hautatutako proiektuei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Bere kategorian puntu gehien bildu dituen proiektutik hasita, eskatutako dirulaguntza esleituko zaio hari, betiere muga hauek aplikatuta: (a) eskatutako kopurua, (b) 11.1 artikuluak ezarritakoa eta (c) 11.2 artikuluak ezarritakoa. Hiru mugetan txikiena esleituko zaio eskatzaileari.

b) Prozedura errepikatu egingo da artikulu honen 5. puntuan aipatzen den irizpidea gainditzen duten hurrengo proiektu hautatuekin, lortu duten puntuazioaren arabera handitik txikira antolatuta, delako kategorian aurreikusitako zuzkidura agortu arte. Horretarako, aurreko puntuan aipatu diren mugei egokitze-faktore proportzional bat aplikatuko zaie, faktore hori izanik dirulaguntza kalkulatzen ari zaion proiektuak jaso duen puntuazioaren eta puntuazio handienaren arteko arrazoia.

c) Diziplina bakoitzerako adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabideak ez aurkezteagatik, baldintzak ez betetzeagatik edo aurkeztutako eskabideen kalitaterik ezagatik diziplina batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, balorazio-batzordeak gehikuntza-proposamena aurkeztuko dio Kulturako sailburuordeari, dagokion ebazpena eman dezan, betiere modalitate hartzailea oraindik ebatzi gabe badago. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Diziplina osorako diru-kopurua ere agortzen ez bada, beste diziplinarako kopurua handitu ahal izango da, balorazio-batzordeak erabakitzen duen disziplinan.

13. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzorde bati egokituko zaio aurkezten diren eskabideak analizatzea eta ebaluatzea, dagokion ebazpen-proposamena hartzea eta Kulturako sailburuordeari igortzea.

2.– Balorazio-batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen batek zehaztuko du, eta haren lehen bilkura baino lehenago argitaratuko da EHAAn.

3.– Kultura Sustatzeko zuzendaria nahiz hark izendatzen duen eskuorde bat izango da balorazio-batzordearen presidentea; Idazkari, berriz, hitzarekin baina botorik gabe, zuzendariak zuzendaritza horretako teknikarien artetik izendatzen duenak jardungo du. Kide anitzeko organoaren jardunaren legaltasun formala eta materiala bermatzea izango da Idazkariaren zeregina.

Batzordeko bokalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kulturaren munduko profesional independenteen artetik aukeratuko dira eta sektore guztien ordezkari adierazgarriak izango dira.

4.– Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da balorazio-batzordea eratzean.

5.– Balorazio-batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektuen arduradunekin elkarrizketak adostu ere.

6.– Esleitzeko irizpideetan oinarritutako ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari balorazio-batzordeak, non dirulaguntza jasotzeko proposatzen dituen eskatzaileak eta horientzat proposatutako zenbatekoak urteen arabera banakatuta aipatuko diren. Halaber adieraziko da zer eskabide ez diren onartu, zer eskabideri ukatzen zaien dirulaguntza eta erabaki horren zergatia.

Nolanahi ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa bete beharko da.

7.– Ebazpen-proposamenean, dirulaguntza ematearen aldeko proposamena jaso duten eskabideen kasuan, datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez:

a) Onuraduna, pertsona, elkarte, enpresa nahiz erakundea.

b) Diruz lagunduko den jarduera.

c) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

d) Agindu honetan ezarritako beste edozein betebehar, dirulaguntza jasoko duen proiektua gauzatuko dela bermatze aldera betiere.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea Kulturako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenaren bidez zehaztuko da eskatutako dirulaguntza ematen den ala ez; ematen bada, datu hauek adierazi beharko dira: onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta hori urteka nola banatzen den. Eta ukatzen bada: eskatzailearen izena edo izen soziala, eta laguntza zergatik ukatu den.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.

4.– Ematen den Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Interesdunei bide batetik baino gehiagotatik egingo zaienez jakinarazpena, aurrena egin zaion eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

6.– Ematen diren dirulaguntzak de minimis araubidearen pean direla adieraziko da Ebazpenean, haren inguruko Erregelamendua aipatuta.

15. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Jakinarazpen oro, eskabideak ez onartzeko ebazpenarena dela, dirulaguntzak esleitzeko eta ukatzeko azken ebazpenarena dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoari jarraikiz joko da egintzat. Paper bidezko jakinarazpenen kasuan, berriz, lege horren beraren 42. artikuluak xedatutakoaren arabera.

2.– Izapideak telematikoki eginez gero, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak haren edukia ikusten duen unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza ikusten den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesatuaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatu.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluarekin bat etorrita, jakinarazpena paperez zein elektronikoki gauzatu ala ez, abisu bat bidaliko zaio eskatzaileari berak eskabidean adierazitako gailu elektronikora zein helbide elektronikora, esateko jakinarazpen bat duela eskura administrazio-erakundearen egoitza elektronikoan edo gaitu den helbide elektroniko bakarrean.

4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Ogasunarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izaten jarraitu beharko dute onuradunek prozedurak zabalik dirauen bitartean. Baldintza hori ez betetzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako kopuruak itzuli behar izatea ekarriko du berekin.

2.– Jaialdiaren katalogo eta programazio-eskuorriak gutxienez euskaraz eginak izan beharko dira beti (azaroaren 24ko Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko 10/1982 Legearen 26. artikuluak aurreikusitakoari jarraikiz).

3.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek beteak beharko dituzte beti:

a) Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantzaketaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako, salbu eta atal honetako f) hizkian aldaketen onarpenari buruz ezarritakoa aplikatzekoa bada.

d) Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa eman beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatu direla bermatze aldera.

e) Agindu honen babesean jasotako dirulaguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren jardunean eskatzen dieten argibide oro eman beharko dute onuradunek.

f) Deialdira aurkeztu den bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektua. Proiektuari gerora egiten zaizkion aldaketak idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, lagundutako proiektuaren amaiera-epea ahitu aurretik betiere, eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Aldaketa bidezkoa izango da Agindu honetan onuradun izateko gutxieneko baldintzak eta 4. artikuluan xedatutakoak salbu geratzen badira. Nolanahi ere, epe horren barruan ez bada berariazko jakinarazpenik egiten, planteatutako aldaketa onartu egin dela ulertu beharko da.

g) EONALTBaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek xedatutako gainerakoak.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Agindu honetan aukeratutakoarekin bat etorriz ematen diren dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honen arabera:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 egiten duen zenbatekoa lehen ordainketan, emate-ebazpena jakinarazi eta dirulaguntza onartu ostean.

b) % 50 egiten duen bigarren ordainketa, Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuaren kontura: 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere emandako dirulaguntza justifikatu ostean eta 18. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz.

Ez da ordainketarik egingo harik eta onuraduna egunean egon arte Gizarte Segurantzari nahiz Foru Ogasunari egin beharreko ordainketetan eta kitatu arte dirulaguntzaren bat itzuli behar duela dioen ebazpenak adierazitako zorra, halakorik bada.

18. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta kitapena.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jarduerak amaitu ondorengo hiru hilabeteko epean beherago zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, edonola ere, 2024ko martxoaren 31 baino lehen:

a) Jarduera egin ondorengo memoria justifikagarria; bertan jarduera gauzatu dutela azaldu beharko dute eta, gutxienez, agindu honen 12.2 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak bete direla aipatu.

b) Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira.

c) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzen zerrenda.

d) Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da, bai eta, hala egokitzen bada, dagokion webgunearen helbidea ere.

e) Kultura programazioan parte hartu duten emakume eta gizonen zerrenda.

f) Euskaraz burututako ekimenen zerrenda.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuan (aldez aurretik ordua hartuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean), EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan daude zerrendatuta) zein Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetan aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.

– Bide elektronikoz ere aurkeztu ahalko dituzte web helbide honetan: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta, nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baizik ez dituzte aurkeztuko justifikazioak, lehenago adierazitako helbide elektronikoan nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

4.– Justifikazioak, bide presentziala erabiliz nahiz bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskura, agindu honen 7.5 artikuluan adierazitako helbidean.

19. artikulua.– Aldaketak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jaso bada, Kulturako sailburuordeak, hala badagokio, likidazio-ebazpena emango du –betiere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera aurkeztu diren agiriak ikusirik, eta aurkeztu diren proiektuetako aldaketez eta horien jakinarazpenaz 16.3 artikuluan ezartzen dena kontuan harturik, dirulaguntzaren helburua bete dela jotzen bada–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak dirulaguntzak itzultzeko ezartzen duen prozedurarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

20. artikulua.– Ez-betetzeari eta dirulaguntza itzultzeari buruzko araubidea.

1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da honako kasu hauetan:

a) Jasotako dirulaguntza, osorik edo partez, ebazpenean onartu gabeko jardueraren bat egiteko erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzei buruzko arau orokorretan aurreikusitako beste urraketa oro, bereziki EONALTBaren 53.1 artikuluak, DLOaren 37. artikuluak eta DAOaren 91., 92., eta 93. artikuluek xedatutakoak.

2.– Baldin eta onuraduna nabarmen hurbiltzen bazaio proiektua erabat betetzeari eta egiaztatzen badu zalantzarik gabe jardun duela konpromisoak betetzearren, itzuli beharreko kopurua proportzioan oinarritutako irizpide gradual baten arabera xedatuko da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hauste erregimenaren mende egongo dira laguntza hauen onuradunak kasu guztietan.

4.– Artikulu honetan adierazitako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako zenbatekoa, osorik nahiz partzialki, gehi dirulaguntzen alorrean egokitzen diren berandutze-interesak, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluak xedatuak, betiere aldez aurretik Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako moduan, eta horietan ezarritakoa beteta.

21. artikulua.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24ko EBAO, L 352/1. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

2.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuak). Halaber daude azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Araudia onartu zuen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko arauen mende.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen bidez araututako dirulaguntza-programa Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 352/1, 2013ko abenduaren 24koa) ezarritako de minimis arauaren mendean dago (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis dirulaguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko pertsona edo entitate onuradun jakin bati emandako dirulaguntza osoa ez dela 200.000 eurotik gorakoa izango hiru ekitaldi fiskaletako edozein alditan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: 2023. urtean kultura-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntza eskabideak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/rgpd/0130707

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatzaileek emandako zernahi datu alderatu ahal izango ditu, eta egin beharreko egiaztapenak egin, dirulaguntzak egoki esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesatuek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 9a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala