Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2023ko ekainaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2677

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez hauteskundeak iragartzen baitira «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko kontseilukideak hautatzeko.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Aginduaren bidez «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Arautegiaren testu bategina onartu zuen. Bada, «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Arautegiaren 32.3 artikuluan ezartzen da Kontseilu Arautzaileko karguak lau urtetik behin berrituko direla eta lehenago karguan egon direnak berriz hautatu ahal izango direla. Kontseilukide hautetsien agintaldia bukatu denez, haien agintaldia luzatu da kontseilukide berriak hautatu arte, eta hauteskundeak deitu eta arautu behar dira.

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Eranskin honen bidez, «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko kontseilukideak hautatzeko prozedura ezarri da, zehazki, Jatorri Deituraren Arautegiaren 32. artikuluaren 1. apartatuaren c) eta d) letretan aipatzen diren mahats-ekoizleen sektoreko bi ordezkari eta egileen sektorearen bi ordezkari eta haien ordezkoak hautatzeko.

2. artikulua.– Hauteskunde-egutegia.

1.– Hauteskunde-prozesurako egutegia, egun naturaletan emana, agindu honen I. eranskinean dago.

2.– Hauteskunde-egutegian finkatutako egunen bat larunbata, igandea edo jaieguna bada, hurrengo egun balioduna prestatuko da horretarako. Halaber, baliogabetzat jo da abuztua.

3.– Ahalmena ematen zaio hauteskunde-batzordeari hauteskunde-egutegian beharrezkoak diren aldaketak eta egokitzapenak egiteko.

3. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordea (JDHB) sortzen da.

2.– Hauteskunde Batzordea Kontseilu Arautzailearen egoitzan kokatuko da, hau da, Getariako (Gipuzkoa) Aldamar Parkeko 4. zenbakian, eta hauek izango dira batzordekideak:

Batzordeburua: Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak izendatuko du.

Batzordeburuordea: Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritzaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatuko du.

Batzordekideak:

– (1) Aholkulari juridiko bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak izendatutakoa; idazkari-eginkizunak beteko ditu.

– (1) Sindikatu-izaerako nekazaritza-erakunde profesional bakoitzeko ordezkari bat. Jatorri Deituraren lurralde-eremuan ezarritako sindikatu-izaerako nekazaritza-erakunde profesional bakoitzak hartutako akordioaren bidez izendatuko da.

I. eranskinean Hauteskunde Batzordea eratzeko ezarritako eguna baino lehen hartu beharko da akordio hori. Ordurako izendapen-akordiorik ez badago, berriz, Batzordea eratzeko egunean egingo da izendapena, zozketa bidez, ordezkari izateko aurkeztutako hautagaien artean.

– (1) «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorri Deiturako idazkari-gerentea.

Hauteskunde Batzordea osatzen duen kide bakoitzeko ordezko bat izendatuko da.

3.– Hona hemen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Jatorri Deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea, eta ikusgai jartzea horretarako zehaztuko diren tokietan.

b) Aipatutako zerrendei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta erabaki horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.

c) Behin betiko erroldak onestea.

d) Kontseilukide izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.

e) Hautagaiak aldarrikatzea.

f) Hauteskunde Mahaia izendatzea.

g) Bozketak zaintzea.

h) Kontseilukide hautatuak aldarrikatzea.

i) Hauteskunde-prozesua bermatzea Kontseilu Arautzaileko kontseiluburuaren eta kontseiluburuordearen egitekoak egingo dituztenak proposatu arte.

j) I. eranskinean ezarritako hauteskunde-egutegia aldatzea.

k) Hauteskunde-prozesua aldi baterako etetea gerora sortutako arrazoiak direla eta.

4.– Agiriak zaintzea eta erabakiak betearaztea izango da idazkariaren eginkizuna.

5.– Hauteskunde Batzordearen bilerak aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango dira. Halaber, erabakiak, haien izaeragatik, dokumentuak posta elektronikoaren bidez bidalita hartu ahal direnean, komunikatzeko/jakinarazteko bitarteko hori lehenetsiko da, baita egiten diren informazio-trukeetarako ere.

Bide horretatik hartutako edozein erabaki baliozkotzat jotzeko, batzordeburuak agindua emango dio Hauteskunde Batzordeko idazkariari mezu elektroniko bat bidal diezaien batzordekide guztiei, dagokion dokumentazioa erantsita, eta batzordekide bakoitzak hartu izanaren adierazpena helarazi beharko du.

Botoa idatziz eman beharko du batzordekide bakoitzak, batzordeko kide guztiei bidalitako mezu elektroniko baten bidez.

II. KAPITULUA
ERROLDAK ETA HORIEK IKUSGAI JARTZEA

4. artikulua.– Erroldak prestatzea.

1.– Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesleen erroldak, agindu hau indarrean jartzen den unean Jatorri Deituraren Erregelamenduaren 15. artikuluan jasotako erregistroetan inskribatuta dauden pertsonak aintzat hartuz.

2.– Jatorri Deituraren eta haren Kontseilu Arautzailearen Erregelamenduaren 32.1 artikuluaren c) eta d) letretan zehazten da zenbat kontseilukide dagozkion ekoizleen erroldari eta zenbat egileen erroldari.

3.– Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera prestatuko inprimakietan egingo dira erroldak, zeinetan titularrak hurrenkera alfabetikoaren arabera azalduko baitira udalerri bakoitzean.

5. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Hautesleen erroldetan egon ahal izateko, beharrezkoa izango da:

a) Agindu hau indarrean jartzen denean, Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egotea.

b) Egunean izatea Kontseilu Arautzaileari ordaindu beharreko kuotak eta ekarpenak.

c) Eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik ez egotea.

2.– Eskubidearen pertsona titulartzat joko da Kontseilu Arautzailearen erregistroetan jasota dagoena.

6. artikulua.– Erroldak ikusgai jartzea.

1.– Dagozkion erroldak Kontseilu Arautzailetik jaso ondoren –jendaurrean jartzeko behar diren ale guztiak– eta egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren, Hauteskunde Batzordeak bideratu egingo ditu Batzordeko idazkariaren sinadurekin eta batzordeburuaren oniritziarekin, eta jendaurrean jartzeko aginduko du. Kontseilu Arautzailearen egoitzan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko eskualdeko nekazaritza-bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzan elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzan jarriko dira.

2.– Errolden gaineko erreklamazioak eta errekurtsoak I. eranskineko egutegira doituko dira.

3.– Ekoizleen sektorearen (mahastien erregistroa) eta elaboratzaileen sektorearen (upeltegi elaboratzaileak eta botilaratzaileak) erroldetan aldi berean inskribatuta dauden titularrek bi erroldetarako botoa eman ahal izango dute.

III. KAPITULUA
KONTSEILU ARAUTZAILEKO KONTSEILUKIDE IZATEKO HAUTAGAI-ZERRENDAK AURKEZTEA

7. artikulua.– Hautagai-zerrenden eskakizunak.

1.– Errolda bakoitzean ageri direnak izan daitezke errolda bakoitzeko kontseilukideak aukeratzeko hautagai, betiere Jatorri Deituraren Erregelamenduak arautzen dituen arloetan arau-hauste oso astunak egiteagatik zehapenik jaso ez badute agindu hau argitaratu aurreko urtean.

2.– Kontseilukideak eta ordezkoak hautatzeko hautagai-zerrendak irekiak izango dira errolda bakoitzerako.

3.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio talde bakoitza ordezkatu behar duten kontseilukideak aukeratzeko hautagai-zerrendak. Horretarako, aldarrikatze-eskabidea aurkeztu behar da, I. eranskinean zehaztutako epean.

4.– Inork, ez norberaren izenean ez besteren baten izenean, ezingo du kontseilukide-kargu bat baino gehiago izan Kontseiluan.

8. artikulua.– Hautagai-zerrendak proposatzea.

1.– Nekazaritzako erakundeek, lanbide-elkarteek eta independenteek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak; baina, dena delako erroldako hautesleen ehuneko hogeiren (% 20) abala beharko dute edonola ere.

2.– Hautagai-zerrendek 4 kide izango dituzte, 2 kontseilukide titular izateko, eta beste 2 ordezko izateko, ordezkatzen duten errolda bakoitzerako.

3.– Ezein erakundek edo lanbide-elkartek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda bakoitzeko. Hautagai-zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.

4.– Baldin eta nekazaritzako erakunde edo lanbide-elkarte bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu handiago horrek aurkeztuz gero.

5.– Nekazaritzako erakundeek edo lanbide-elkarteek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.

6.– Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatu beharko da Hauteskunde Batzordearen aurrean, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan azaltzen ote diren egiaztatuko du Batzordeak.

7.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, datu hauek argi azalduta:

a) Proposamena egiten duen entitatearen edo taldearen izena eta hautagai-zerrendarena.

b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.

c) Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.

Hauteskunde Batzordeko idazkariak jasoko du zerrenda zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu den, horretarako bete beharreko eginbideak beteta.

8.– Proposatutako hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain, hautagai-zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, zeina zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.

9.– Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea eta helbide elektronikoa adieraziko zaizkio Batzordeko idazkariari, jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.

9. artikulua.– Hautagaiak aldarrikatzea.

1.– Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzen denean, hautagai-zerrendak irmoak izango dira, eta Batzar Orokorrak hala aldarrikatuko ditu. Orobat, Batzarrak bazter utziko ditu, ofizioz edo salaketaren bidez, hautaezintasun-arrazoiren bat duten hautagai-zerrendak edota aurkezteko nahiz aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.

2.– Hautagaiak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak ikusgai jarriko ditu 6.1 artikuluan hautesle-erroldak ikusgai jartzeko adierazitako tokietan.

3.– Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta ikusgai jarri ondoren, haien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzari, I. eranskinean ezarritako epeen arabera, betiere.

4.– Erroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak –aurreko apartatuan aipatutako errekurtsoak ebatzi ondoren, halakorik egonez gero– zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu kide eta ordezko, eta kontseilukide postuak esleituko dizkie, bozketarik egin gabe. Eta kasu guztietan hori bera gertatuz gero, hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du: aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira, eta kontseiluburua eta kontseiluburuordea hautatuko dituzte, horretarako zehaztuko den egunean.

5.– Erroldaren batean hautagai-zerrendarik aurkezten ez bada, Hauteskunde Batzordeak zozketaz egingo du aukeraketa erroldan inskribatutako pertsonen artean, eta zozketa horren arabera izendatuko ditu kontseilukideak.

IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE-MAHAIAREN ERAKETA, BOZKETA ETA BOTO-ZENBAKETA

10. artikulua.– Hauteskunde Mahaia.

1.– Hauek dira Hauteskunde Mahaiaren egitekoak: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.

2.– Hauteskunde Batzordeak izendatutako mahaiburu batek (1) eta bi (2) ondokok osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Agindu honetako I. eranskinean azaltzen den egunean, zozketaren bidez hautatuko dira karguok hautesleen artetik. Jardunbide bera erabiliz, mahaiburuaren eta mahaikideen bina ordezko izendatuko dira.

Kontseilukide izateko hautagaiak eta haien ordezkoak ezin izango dira Hauteskunde Mahaiko parte izan.

3.– Hautagai-zerrendek ikuskatzaileak izendatu ahal izango dituzte Hauteskunde Batzordearen aurrean, bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten, eta Hauteskunde Mahaian parte hartuko dute. Ikuskatzaile horiek hautesle-erroldan egon behar dira, eta ezingo dira hautagai izan.

11. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.

1.– Hauteskunde Mahaiko kide izendatuak nahitaez bete beharko du eginkizun hori. Izendapena egin ondoren, interesdunei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epean. Hauteskunde Batzordeak ebatziko du, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu.

2.– Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti Mahaia eratu baino lehenago. Horrelako kasuetan ere, batzordeak berehala emango du ebazpena.

3.– Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak agertzen ez badira, agertutako kideren batek hala jakinaraziko dio Hauteskunde Batzordeari; Batzordeak, jarraian, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egiteko pertsona egokiak izendatu ahal izango ditu, askatasunez.

12. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.

1.– Bozketa-egunean, mahaiburua, ondokoak eta ordezkoak 09:00etan bilduko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.

2.– Mahaiburua azaltzen ez bada, lehenengo ordezkoak ordeztuko du, eta, hura ere azaltzen ez bada, bigarren ordezkoak. Eta hura ere ez bada azaltzen, lehenengo ondokoak eta bigarren ondokoak, ordena horretan. Mahaiburu dihardutenen ondokoak edo azaltzen ez direnak ordeztuko dituzte haien ordezkoek.

3.– Hauteskunde Mahaia ezingo da inola ere eratu mahaiburua eta bi ondoko han ez badaude.

4.– 9:30ean, mahaiburu diharduenak Hauteskunde Mahaiaren eraketa-akta egingo du, eta berak, ondokoek eta, halakorik bada, ikuskatzaileek izenpetuko dute.

5.– Aktan hauek jasoko dira, ezinbestean: Mahaia osatzen duten pertsonak, ikuskatzaileen zerrenda (halakorik egonez gero), zein hautagai-zerrenda ordezkatzen duten adierazita.

6.– Mahaiburuak aginte osoa izango du bozketa egiten den lekuan ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea betetzen dela ziurtatzeko.

13. artikulua.– Agiriak.

1.– Hauek dira Hauteskunde Mahaiak bete behar dituen eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dizkion agiriak:

– Mahaia eratzeko akta.

– Ikuskatzaileen zerrenda.

– Boto-zenbaketaren akta.

2.– Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo mahaiko ikuskatzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak egingo ditu.

3.– Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Mahaiari, mahaiburuak izenpetutako jaso-agiriaren truke. Halaber, hautagai-zerrenden ordezkariei emango zaizkie, bat etorriz dagozkien erroldetan inskribatutako hautesleen kopuru proportzionalarekin.

4.– Boto-paperak eta gutun-azalak Hauteskunde Batzordeak zehaztutako koloreetan egingo dira, Kontseilu Arautzailearen kargura, eta haien ezaugarriak II. eranskinean adierazita daude.

14. artikulua.– Bozkatzeko eskubidea.

1.– Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egotea eta bere nortasuna nortasun-agiri nazionalaren, pasaportearen edo gidabaimenaren bidez frogatzea. Agiri horiek titularraren argazkia izan beharko dute, eta ez da ezinbestekoa indarrean egotea. Horrez gainera, pertsona juridikoen kasuan, egiaztatu beharko da haien izenean diharduen pertsona fisikoa erakundearen legezko ordezkaria dela edo gobernu-organoak emandako ahal berezi eta berariazkoa duela.

2.– Mahastien erroldan (ekoizleak), agindu honek ondorioak sortzen dituen egunean Jatorri Deituraren erregistroan inskribatutako mahasti-hektarea adina boto dagozkio hautesle bakoitzari, eta ez da ez goitik ez behetik biribilduko. Hektarea bat bera ere inskribatuta ez duten ekoizleei boto bana emango zaie.

3.– Egileen eta botiratzaileen erroldan, hautesle bakoitzak boto bat izango du hauteskunde-urtearen aurreko uztan Kontseilu Arautzaileari deklaratutako 100 hektolitroko, eta kopuru hori ez da ez goitik ez behetik biribilduko. Bozkatzeko eskubidea ematen duten hektolitroen kopuruak mahastizaintzako eta ardogintzako azken kanpainak deklaratutakoak izango dira.

15. artikulua.– Bozketa.

1.– Mahaiaren eraketa-akta egin ondoren, 10:00etan hasiko da bozketa, eta 14:00:00ak arte iraungo du, etenik gabe.

2.– Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, edo, hasita badago, bertan behera uzteko; horren erantzulea mahaiburua izango da, zeinak, idazki arrazoitu baten bidez, horri buruzko ebazpena emango baitu. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, erantzukizunak eska ditzan. Aipatutako idazkiaren kopia mahaiburuaren esku geratuko da.

3.– Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontuan hartuko, ezta zenbatuko ere. Mahaiburuak agindua emango du hautetsontzietan utzitako boto-paperak suntsitzeko, eta hala jasoko da aurreko apartatuan aipaturiko idazkian.

4.– Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin inolako hautagai-zerrendaren alde.

5.– Bozketa egiten den lekuan, Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bi hautetsontzi jarriko dira: - bat, Mahastien Erregistroaren Erroldan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko; - beste bat, txakolina egiten eta botilatzen diharduten upeltegien erregistroan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko.

6.– Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta mahaiburuak emango dio hasiera, hau esanda: «bozketa hastera doa». Hautesleak banan-banan inguratuko dira mahaira, eta ondokoek eta ikuskatzaileek hautesle-erroldak aztertu eta boto-emailearen izena han ageri dela, eta haren nortasuna benetakoa dela egiaztatu ondoren, botoa ematera joan dela idatziko dute. Ondoren, hautesleak eskutik eskura emango dio botoa mahaiburuari, dagokion koloreko gutun-azal batean sartuta. Mahaiko presidenteak, hauteslearen izena ahoskatutakoan, «botoa ematen du» esan, eta hautetsontzian sartuko du boto-papera.

7.– 14:00etan mahaiburuak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du eta ez dio inori sartzen utziko bozketa-tokira. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, mahaiburuak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.

Ondoren, mahaikideek eta, egonez gero, ikuskatzaileek emango dute botoa. Eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.

8.– Mahaiburuak jasotako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua halako bi izan behar du.

9.– Kontseilu Arautzailearen barruko errolda bakoitzari kontseilukide-kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez ere, beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.

16. artikulua.– Zenbaketa.

1.– Bozketa bukatutakoan, mahaiburuak bozketa itxita dagoela adieraziko du, eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautetsontzitik, eta ozenki irakurriko dira aukeratutako hautagaien izenak. Mahaiburuak boto-paperak irakurriko dizkie ondokoei eta ikuskatzaileei; jarraian, boto-paperak erakutsiko dizkie; eta, azkenean, egiaztatuko da boto-paperen kopurua eta zenbatutako hautesleena bat ote datozen.

2.– Hauek izango dira boto baliogabeak:

a) Ofiziala ez den boto-paperean emandakoa.

b) Edozein arrazoi dela eta, aukeratutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion kontseilukide-kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.

3.– Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.

4.– Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, mahaiburuak galdetuko du proposamenik ote dagoen boto-zenbaketaren aurka. Proposamenik egiten ez bada, edo egindakoak mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, mahaiburuak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, boto-paper baliogabeena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.

5.– Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautetsontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, boto baliogabetzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, betiere mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita.

6.– Zeregin guztiak amaituta, mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskatzaileek (ikuskatzailerik badago) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeena, boto zuriena eta aldarrikatutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, ondoko hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik egonez gero), betiere gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).

7.– Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da eta bozketa egin den egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, baita bozketaren eraketako akta, eta boto-paper baliogabeak eta erreklamazioa izan dutenak ere.

V. KAPITULUA
KONTSEILUKIDE HAUTETSI TITULARRAK ETA ORDEZKOAK ALDARRIKATZEA, ETA KONTSEILU ARAUTZAILEKO KONTSEILUBURUA ETA KONTSEILUBURUORDEA HAUTATZEKO PROZEDURA

17. artikulua.– Kontseilukide hautetsi titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea.

1.– Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak kontseilukide-karguak esleituko ditu, irizpide hauen arabera:

a) Errolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiak izango dira kontseilukideak; eta ordezkoen postuak boto-paperetan ordezko agertzen direnei esleituko zaizkie.

b) Berdinketarik egonez gero, zozketaren bidez egingo da hautatutako karguen esleipena.

2.– Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak –batzordeburuaren bitartez– Kontseilu Arautzaileko kide hautatuak aldarrikatuko ditu, 12.3 artikuluan aurreikusitako aukera baztertu gabe.

3.– Aldarrikatutako kontseilukideen aurkako errekurtsoak I. eranskineko egutegiari egokituko zaizkio.

4.– Kideak aldarrikatutakoan, kide hautetsiei behar diren egiaztagutunak bidaliko zaizkie, I. eranskinean ezarritako dataren arabera.

18. artikulua.– Kontseilu Arautzaileko kontseiluburua eta kontseiluburuordea hautatzeko prozedura.

1.– Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du. Bilkura horretan, karguaz jabetuko dira kontseilukide hautetsiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen saileko titularrak zein Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritzaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatutakoak karguaz jabetuko dira.

2.– Segidan, eta bilkura berean, kontseilukideek kontseiluburua eta kontseiluburuordea hautatuko dituzte osoko bilkurako kontseilukide hautetsien gehiengo soilez. Kontseilukide hautatu hauetako bat edo beste pertsona bat hauta daiteke kargurako, eta horren berri eman beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko dagokion sailari, izendatu ditzan. Hautagaiek lortutako botoak jasoko dira.

3.– Karguetako bat kontseilukideen artetik hautatuz gero, ez da kontseilukidearen tokia beteko, parekidetasuna ez galtzeko. Kasu horretan, gainera, kontseiluburuak kalitateko botoa galduko du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Arau hau ezartzean zalantzarik sortuz gero, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera ebatziko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baldin eta, kontseilukideen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honetan xedatutakoari jarraikiz hautatutako pertsonaren batek ordezkatzen duen enpresarekiko lotura hausten badu edo hautagai proposatu duen antolakundekoa izateari uzten badio, orduan baja hartuko du kontseilukide moduan, eta dagokion ordezkoak hartuko du bere tokia. Irizpide bera erabiliko da baldin eta kontseilukide bat: a) bere egitekoetatik baztertzen badu Kontseilu Arautzaileak agintaldian zehar, jatorri-deituren arloko falta astuna egin duelako, dela berak zuzenean, dela bera partaide den enpresak edo sozietateak, edo b) agintaldian zehar hiltzen bada edo berak ordezkatutako enpresa edo sozietatea desagertzen bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen saileko titularrari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzietako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
HAUTESKUNDE-EGUTEGIA

0.– Hauteskundeen deialdiaren agindua indarrean jarriko da. (EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean).

0 + 14.– «Getariako Txakolina / Txakoli de Getaria / Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordea eratuko da.

14 + 5.– Erroldak ikusgai jarriko dira 6.1 artikuluan zehaztutako tokietan.

19 + 10.– Behin-behineko errolden aurkako erreklamazioak aurkeztuko zaizkio Hauteskunde Batzordeari.

29 + 4.– Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu.

33 + 3.– Behin betiko erroldak ikusgai jarriko dira.

36 + 3.– Behin betiko errolden aurkako errekurtsoak aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen zuzendaritzan.

39 + 5.– Errolden gaineko errekurtsoak ebatziko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzak.

44 + 3.– Errolda irmoak ikusgai jarriko dira.

47 + 4.– Kontseilu Arautzaileko kontseilukide izateko hautagaiak aurkeztuko dira.

51+ 4.– Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeak hautagaiak aldarrikatuko ditu.

55 + 4.– Hautagaien aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen zuzendaritzan.

59 + 5.– Aurreko errekurtsoak ebatziko dira.

64 + 3.– Hautagaien behin betiko zerrendak ikusgai jarriko dira.

67 + 4.– Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiko kideak izendatuko ditu, eta interesdunei jakinaraziko die.

71 + 3.– Hauteskunde Mahaiko kideen izendapenaren inguruko desenkusak aurkeztuko zaizkio Hauteskunde Batzordeari.

74 + 4.– Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebatziko ditu

78 + 6.– Hauteskunde Mahaia eratu, eta bozketa egingo da.

84 + 2.– Hauteskunde Mahaiak bilkura eratzeko akta bidaliko dio Hauteskunde Batzordeari, boto-paper baliogabeen edo erreklamazioa eragin dutenen kopurua adierazita. Orobat, boto-zenbaketako jatorrizko akta ere igorriko dio.

86 + 5.– Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeak kontseilukideak aldarrikatuko ditu.

91 + 4.– Kontseilukideen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztuko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrari.

95 + 3.– Errekurtso horiek ebatziko dira, eta Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordeko buruak kontseilukide-karguak esleituko ditu.

98 + 5.– Kontseilukide hautetsiei dagozkien egiaztagutunak bidaliko zaizkie.

103 + 6.– «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Kontseiluaren osoko bilkura egingo da, kontseilukide hautetsiak karguaz jabetuko dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen saileko titularrari kontseiluburu eta kontseiluburuorde izateko proposatuko zaizkion pertsonak hautatuko dira.

109 + 6.– Kontseiluburu eta buruorde izateko proposatutako pertsonak jakinaraziko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean elikagaien kalitatearen arloko eskumena duen saileko titularrari.

II. ERANSKINA
BOTO-PAPER OFIZIALAREN EREDUA

«Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailean ekoizleen/elaboratzaileen ordezkari izateko hauteskundeak

SEKTOREA (1)

Hautagai hauei ematen diet botoa (2):

Titularra:

Ordezkoa:

Titularra:

Ordezkoa:

(Adierazi zein hautagairi ematen diozun botoa)

(Oharra: Hautagai titularrak alfabetoaren hurrenkeraren arabera azalduko dira).

(1) Ekoizleak edo elaboratzaileak.

(2) Hautagai bakoitzaren izen eta abizenen ondoan, parentesi artean, hautagai-zerrendaren izena agertuko da.

III. ERANSKINA
ZENBAKETA-AKTAREN EREDUA

Behean akta hau izenpetzen dutenek, hau da, «Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko kontseilukideak aukeratzeko Hauteskunde Mahaia osatzen duten mahaiburuak, ondokoek eta ikuskatzaileek (halakorik egonez gero), honako hau

Ziurtatzen dute: gaurko egunez Hauteskunde Mahai honetan egiaztatutako boto-paperen zenbaketa eginda, hau da emaitza:

Hautesleak:

Bozkatu duten hautesleak:

Boto-paper baliodunak:

Boto-paper baliogabeak:

Boto-paper zuriak:

Boto baliodunak honela daude banatuta:

Jauna/andrea:

(Hautagai-zerrenda):

(Letraz):

(Zenbakiz):

Jauna/andrea:

(Hautagai-zerrenda):

(Letraz):

(Zenbakiz):

Jauna/andrea:

(Hautagai-zerrenda):

(Letraz):

(Zenbakiz):

Eta jasota gera dadin, hau izenpetzen dugu, Getarian, ....(e)ko................ren...(e)(a)n


Azterketa dokumentala