Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2023ko maiatzaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2561

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 24koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena. Agindu honen bidez, laguntza-deialdi baterako oinarriak onartu dira, EAEko enpresetan Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzeko eta ezartzeko, eta 2023rako deialdia bera ere egiten da.

Eusko Jaurlaritza aitzindarietako bat izan da 2030 Agenda zehazteari ekiteko orduan, eta, horrela, Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasotako helburuak gauzatu ditu. Bertan, Garapen Jasangarrirako Helburuak bultzatzeko neurri gisa jaso da eskualdeko enpresen arteko gizarte-erantzukizun korporatiboa sustatzea.

Horri dagokionez, deialdi honen bitartez sustatu egin nahi da enpresek GJH betetzeko egiten duten lana, eta, horretarako, pizgarri ekonomikoak emango dira ahalik eta euskal enpresa gehienetan gauzatu dadin. Era horretan, Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasota dauden helburuekin egingo dute bat.

Kontuan hartuta gaur egun jasangarritasuna funtsezko oinarria dela, zeina ezinbestean landu behar baita alor zientifiko-teknikoan nahiz gizarte-alorrean, bai eta ikerketa alor horiek lantzeko funtsezko eta oinarrizko tresna dela ere, ekitaldi honetan berritasun bat gehitu da Enpresen Gizarte Erantzukizunaren kultura zabaltzeko jardueren dirulaguntza-lerroaren barruan, eta, zehazki, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ikertzeko jardueretan datza.

Ekimena honen asmoa da espazio bat sortzea jasangarritasuna helburu, lehentasun edo ikerketa-lerro duten ikerketa-talde guztiek bat egin dezaten. Era horretan, unibertsitateko komunitateak eta gizarteak informazio gehiago izan dezakete alor bakoitzean gertatzen ari diren aurrerapenei buruz.

Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Aurrekontu Memorian eta Lan eta Enplegu Saileko 2023. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerro berak mantendu dira, eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiteko euskal enpresei ematen zaizkien laguntza eta babesa indartu dira.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzeko eta ezartzeko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2023ko ekitaldian emango dituen dirulaguntzetarako deialdia egiteko oinarriak onartzea, eta 2023. urterako deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

a) Enpresen Gizarte Erantzukizuna ezartzea enpresetan, jasangarritasun-memoriak eginez. Jasangarritasun-memoriek GRI, SG21, ISO2300 edo gisako metodologiei jarraitu beharko diete. Gizarte-kontabilitate aplikatuari buruzko memoriak egitea ere diruz lagundu ahal izango da.

b) Gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) aldeko diagnostikoa egitea, behar den moduan kualifikatutako eta estandarizatutako tresna edo formularioen bitartez, artikulu honetako aurreko a) apartatuan aipatutakoak egokitzeko aukera barne hartuta.

c) Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) aldeko diagnostikoa egitea gizarte-ekonomiako enpresetan, enpresetarako beren-beregi diseinatutako tresna edo formularioen bitartez.

d) Enpresen Gizarte Erantzukizunaren kultura eremu publikoetan, enpresarialetan eta korporatiboetan zabaltzeko eta ikertzeko jarduketak.

2.– Honako eduki hauek jaso beharko dira 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluko GJHren aldeko diagnostikoa egiteko:

– Enpresetarako eta dagozkien interes-taldeetarako garrantzitsuak diren GJHak identifikatzeko aukera emango duen GJHren inguruko banakako AMIA diagnostikoa.

– Enpresaren Jasangarritasunerako Plana prestatzea epe ertainean.

– AMIAren eta lortutako ondorioen ostean identifikatutako alderdi materialen etengabeko Komunikazio Plan bat garatzea, gutxienez, urtean behin.

3.– Enpresa-elkarteek kide diren enpresen jarduerak barne hartzen dituen eskaera bakar bat aurkeztu ahal izango dute 2.1.a) artikuluko jardueretarako.

4.– Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2023ko abenduaren 1a baino lehenago amaiturik egon behar dute.

5.– Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntza bakarra eman ahal izango zaio erakunde eskatzaile bakoitzari, eta diruz laguntzeko jarduera bakarra egiteko.

6.– 2.1.a), 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluan jasotako jarduerei dagokionez, behin baino ezin izango dira diruz lagundu enpresa eskatzaile bakoitzeko; eskatzailea enpresa-elkarte bat den kasuetan, behin baino ez da egingo enpresa elkartu bakoitzeko.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, esleipen-prozedura eta emateko mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro erabiliko dira.

2.– Laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko aldibereko konkurrentzia-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, kalkulatuko da zer zenbateko dagokion eskabide bakoitzari, aintzat hartuta zein diren agindu honetako 11. artikuluan aurreikusten diren gehieneko portzentajeak eta zenbatekoak.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, sobera geratzen den zenbatekoarekin, murrizketa proportzionala aplikatuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.

4.– Ezin izango da guztira 50.000 euro baino gehiago bideratu 2.1.d) artikuluan zabaltzeko jardueretarako. Onuradun izateko betekizun guztiak betetzen dituzten entitate eskatzaileen arabera onesten den zenbatekoa nahikoa ez bada, murrizketa proportzional bat aplikatuko da haien artean.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

1.– Enpresa txikiek eta ertainek eta enpresa-elkarteek, 2.1.a) artikuluko jarduketetarako. Azken kasu horietan, elkarteek jasangarritasun-memoriaren kostu osoa ordainduko dute kide den enpresa bakoitzeko, eta zenbateko zehatz bat jasoko dute, agindu honetako 12. artikuluan jasotako zenbatekoen arabera.

2.– Gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresak, 2.1.b) artikuluko jardueretarako.

3.– Gizarte-ekonomiako enpresek, 2.1.c) artikuluko jarduketetarako.

4.– Unibertsitateek, enpresa-elkarteek eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren sustapenean edo kudeaketa aurreratuan espezializatutako erakundeek, 2.1.d) artikuluko jarduketetarako.

5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Deialdian agertzen diren laguntzak eskuratzeko, ezinbestekoa da ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean edukitzea.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea halakoak eskuratzeko desgaitzen duen legezko debekuren baten pean.

c) Hala badagokio, dirulaguntza itzultzeko betebeharrak egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean bai ordainketen unean.

d) Hala badagokio, uneko zerga-urtean eta aurreko bi zerga-ekitaldietan jasotako minimis laguntzen erantzukizunpeko adierazpena egitea. Taldeka aurkezten diren eskabideen kasuan, eskaeran agertzen den enpresa edo entitate bakoitzak erantzukizunez deklaratu beharko du zer egoeratan dagoen.

e) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

f) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko eremua izan dadin.

3.– Artikulu honetan jasotako betebehar guztiek beteta egon beharko dute eskaera egiten den unean eta ordainketak egiten diren unean.

6. artikulua.– Erakunde onuradunek betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute betetzen dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, adierazpenean aipatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko eskatuko da, egiaztapen positiboa egin daitekeen kasuetan.

2.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituela, salbu eta berariaz ukatzen badu baimen hori. Kasu horretan, erakunde onuradunak Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskumendunek igorritako dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko eta onuradun gisa jarraitzeko harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; horrenbestez, dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean, egiaztatu egingo da ea betetzen diren betebehar horiek. Kopururen bat itzultzeko betebeharra duten erakundeen kasuan, itzulketa hori dirulaguntza likidatu arte bete dela egiztatzea ezinbestekoa izango da edozein ordainketa egiteko.

3.– Administrazio publikoek egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak izanda ere, eskabideetan aukera emango da erakunde onuradunak espresuki uko egin diezaion organo kudeatzaileak datuak edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatzeari. Halakoetan, erakunde eskatzaileak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko dokumentuak.

4.– Entitate onuradunek, eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, adieraziko dute betetzen dutela berdintasun-planei buruzko estatuko araudia, bai eta sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko eta aurka egiteko neurriei dagokienez estatuko legeriak ezartzen duena ere.

5.– 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, erakunde onuradunek, eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, adieraziko dute bitarteko espezifikoak jarri dituztela kooperatiba emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko eremua izan dadin.

7. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen eskabideak baliabide elektronikoen bidez izapidetuko dira.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011807. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Dirulaguntzen eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011807

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko baitira. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza, aurreikusitako diru-sarreren zerrendarekin eta gastuen finantzaketa-planarekin.

– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.

2.– Erakunde eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren ordainketa jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu nahi baditu), helbide honetan: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskabideen termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Erakunderen batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

a) 2.1.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jardueraren kostuaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 3.000 euro jaso ahal izango ditu.

b) 2.1.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduketetarako: jarduketaren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 2.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 2.1.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 2.000 euro jaso ahal izango ditu.

d) 2.1.d) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostuaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira enpresaren edo erakunde onuradunaren berezko langileei egotz dakizkien gastuak, baldin eta esku-hartzaileek diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartzen dutela eta horretarako trebakuntza dutela egiaztatzen bada. Kasu horretan, barneko langileen ordainsariak egotzi ahal izango dira, onartutako jardueran aritutako denboraren proportzioan.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo erakunde publikok arrazoi eta xede bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoaren baturak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako mugak ere.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera, erakunde onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publikoren edo erakunde publikoren batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako muga gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, ulertuko da eskabideei ezezkoa eman zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, eta ordaintzeko, hala behar denean, baldintza izango da erakunde onuradunak amaituta edukitzea itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoak badira eta tramitazioan badaude.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe eskatzaileei banaka egingo zaien jakinarazpena, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Lehenengo, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak amaitutakoan.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau jasoko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, zenbatekoa adierazita, hartzekoduna identifikatuta eta ordainketa egin den data zehaztuta (ordainketa efektiboa edo geroratua izan ahalko da). Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira. Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen eredua erantsi da, egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011807

c) Aurreko ataleko 2.a) apartatuan jasotako gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa. Gastu horiek fakturen bidez eta merkataritza-trafikoan froga-balio bera duten edo administrazioan eraginkorrak diren gainerako agirien bidez egiaztatuko dira.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita, halakorik badago.

e) Hala badagokio, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 ereduen kopia, proiektua garatu den hilabeteei dagokiena, jardueran parte hartzen duten langileak TC2 ereduan identifikatuz. Enpresaren edo erakundearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.

f) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabete izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera; epea, betiere, 2023ko irailaren 31 baino lehen amaituko da.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan deitutako laguntzen erakunde onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena.

2.– Betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Laguntza edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, jasotako funtsak itzultzea.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia ematea.

c) Dirulaguntzak zertarako eta nola erabili diren ziurtatzea zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

d) Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da baldin eta dirulaguntza jaso duten jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta. Era berean, erakunde onuradunek hartu beharreko zabalkunde-neurriak hartuko dituzte agindu honen kargupeko jarduerek finantzaketa publikoa jaso dutela behar bezala publiko egiteko. Dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko, nahitaez aurkeztu beharko da justifikazio-memoria, eta hor esplizituki jaso beharko dira betebehar hau betetzeko hartu diren neurriak.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero –haren helburua betetzat jotzen bada, betiere–, eta, hala dagokionean, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere, onuradun izateko agindu honetan jasotako gutxieneko betekizunak bermatzen badira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

2.1.a), 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluan jasotako jardueren kasuan, jasangarritasun-memoria benetan egitea edo diagnostikoa egitea izango da dirulaguntzaren behin betiko onuradunak izateko gutxieneko betekizun. 2.1.d) artikuluko jarduerak partzialki betetzen ez badira, agindu honetako 17.2 artikuluan jasotakoaren arabera jardungo da.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta aplikagarri diren gainerako arauak; edo aurkeztu dituen datuak faltsuak badira; edo emandako dirua helbururako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabili badu; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta erakunde interesdunari hamabost eguneko entzunaldia eskainiko dio, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo zati bat) eta legez dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horrez gain, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, erakunde onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, itzuli egin beharko du gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betearazpena nabarmen inguratzen bada erabateko betetzera eta egiaztatzen bada erakunde onuradunak nabarmen jardun duela bere konpromisoak betetzeko asmoz.

3.– Hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hauste horiek diruzko zehapenak ezarriz zehatuko dira, eta, hala dagokionean, zehapen ez-diruzkoak ezarriz.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpen baten bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den; horrez gain, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, organo eskudunak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori izango da borondatezko epea.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

– Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa diren legezko arauek xedatutakoari jarraikiz.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011807

XEDAPEN GEHIGARRIA

De minimis araua.

Agindu honetan jasotako eta 2.1.a), 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluaren babespean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24koa).

Dirulaguntzaren eskatzaileak urte fiskal berean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzaren bat jaso badu, hala adierazi beharko du, minimis laguntza berriarekin erregelamenduan ezarritako gehieneko muga ez dela gainditzen egiaztatzeko. Beste finantzaketa-iturri batzuei buruzko adierazpen-eredua eta minimis laguntzen adierazpen-eredua eskuragarri egongo dira agindu honetako 7.2 artikuluan zehaztutako informazio-fitxan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, arau hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko manuak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 24a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala