Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2023ko maiatzaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
2545

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2022ko abenduaren 19ko Agindua bigarrenez aldatzen duena. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidegoetan aldi baterako enplegua egonkortzeko lehiaketa-oposizio bidez sartzeko, bai eta aipatutako kidegoetan ohiko lehiaketa-oposizio bidez sartzeko eta horra iristeko ere hautaketa-prozesuetarako deialdiak egiten dira.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.c) artikuluan xedatzen denez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak maila bereko xedapen baten bitartez zuzenduko dira, baldin eta nabarmenak ez badira, eta, horiek zuzentzearen ondorioz, dokumentuaren edukia edo esanahia benetan edo itxuraz aldatzen bada.

Era horretako hutsak aurkitu dira Hezkuntzako sailburuaren 2022ko abenduaren 19ko Aginduaren testuan (2022ko abenduaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.). Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia egiten da, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta aipatutako kidegoetan sartzeko oposizio-lehiaketa arruntaren bidez. Hori dela-eta, dagokion zuzenketa egiten da hemen:

Lehenengoa.– 5.3 oinarrian («Hautaketa-batzordeak»), azken aurreko paragrafoan, 2022/5690 (88/23) orrialdean, hau dio:

Batzorde horietako presidente gisa jardungo du espezialitateko zenbaki txikieneko epaimahaiburuak, 10 epaimahai edo gehiago eratzen diren espezialitateetan izan ezik. Kasu horretan, Hezkuntzako sailburuak izendatuko du batzordeburua, Hezkuntzako Ikuskarien kidegoan jardunean dauden karrerako funtzionarioen artetik.

Baina hau esan behar du:

Batzorde horietako presidente gisa jardungo du espezialitateko zenbaki txikieneko epaimahaiburuak, 15 epaimahai edo gehiago eratzen diren espezialitateetan izan ezik. Kasu horretan, Hezkuntzako sailburuak izendatuko du batzordeburua, Hezkuntzako Ikuskarien kidegoan jardunean dauden karrerako funtzionarioen artetik.

Bigarrena.– 5.4 oinarrian («Baremazio-batzordeak»), lehenengo paragrafoan, 2022/5690 (88/23) orrialdean, hau dio:

Espezialitate bakoitzean dauden eskatzaileen kopuruaren arabera, eta 5.7.3 oinarriaren aurreikuspena kontuan hartuta, beharrezkoak diren Batzorde Barematzaileak eratu ahal izango dira, espezialitateen edo espezialitate-taldeen arabera. Gutxienez bost kidek eta gehienez zazpi kidek osatuko dituzte (presidente bat eta gainerako kideak). Presidentea Hezkuntzako ikuskari bat izango da, Hezkuntzako sailburuak izendatua, eta bokalak zozketa bidez izendatuko dira, dagokien batzordeari dagokion kidegoan eta espezialitatean edo espezialitateetan jardunean dauden karrerako funtzionarioen artean.

Baina hau esan behar du:

Espezialitate bakoitzean dauden eskatzaileen kopuruaren arabera, eta 5.7.3 oinarriaren aurreikuspena kontuan hartuta, beharrezkoak diren batzorde barematzaileak eratu ahal izango dira, espezialitateen edo espezialitate-taldeen arabera. Gutxienez bost kidek eta gehienez zazpi kidek osatuko dituzte (presidente bat eta gainerako kideak). Presidentea Hezkuntzako ikuskari bat edo Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentro (Berritzegune) bateko aholkulari bat izango da, Hezkuntzako sailburuak izendatua, eta bokalak zozketa bidez izendatuko dira, dagokien batzordeari dagokion kidegoan eta espezialitatean edo espezialitateetan jardunean dauden karrerako funtzionarioen artean.

Hirugarrena.– 5.4 oinarrian, («Batzorde barematzaileak»), hirugarren paragrafoan, 2022/5690 (88/24) orrialdean, hau dio:

Batzorde barematzaileak eratu behar izanez gero, epaimahaikideen zozketarekin batera egingo da batzorde horietako kideen zozketa.

Baina hau esan behar du:

Batzorde barematzaileak eratu behar izanez gero, epaimahaikideen zozketarekin batera egin ahal izango da batzorde horietako kideen zozketa.

Laugarrena.– 7.1.2 oinarrian («Bigarren proba»), zazpigarren paragrafoan, 2022/5690 (88/32) orrialdean, hau dio:

Maisu-maistren Kidegoko Haur Hezkuntzako espezialitatean, eremu bati edo bi eremuei buruzko programazio didaktikoa egin ahal izango du izangaiak.

Baina hau esan behar du:

Maisu-maistren Kidegoko Haur Hezkuntzako espezialitatean, arlo/eremu bati, biri edo hiruri buruzko programazio didaktikoa egin ahal izango du izangaiak.

Bosgarrena.– 7.4 oinarrian («Oposizio-fasean lortutako kalifikazioak argitaratzea»), bosgarren paragrafoan, 2022/5690 (88/35) orrialdean, hau dio:

Guztizko kalifikazio horien aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu, eta interesdunek, hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute deialdi honen 11.4 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

Baina hau esan behar du:

Guztizko kalifikazio horien aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu, eta interesdunek, hala badagokio, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute deialdi honen 11.4 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

Seigarrena.– 9.2.3 oinarrian, 2022/5690 (88/38) orrialdean, hau dio:

Behin betiko puntuazioen aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, eta interesdunek, hala badagokio, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute 11.4 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

Baina hau esan behar du:

Behin betiko puntuazioen aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, eta interesdunek, hala badagokio, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu beharko dute 11.4 oinarrian aurreikusitako azken ebazpenaren aurka.

Zazpigarrena.– 9.2.4 oinarria ezabatu da, 2022/5690 (88/38) orrialdean.

Zortzigarrena.– 12.1 oinarrian («Dokumentuak aurkeztea»), 2022/5690 (88/43) orrialdean, h) letra gehitzen da:

h) Ezintasunen bat duen pertsona dela adierazi duenak foru-aldundietako, dagokion autonomia-erkidegoko edo, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorreko Gizarte Ongizateko departamentuetako organo eskudunen ziurtagiria aurkeztu beharko du, non % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortzen zaion, edo, bestela, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, non adierazten den irakaskuntzakoa ez den beste lanbide batean ezintasun iraunkor osoa dagoela. Ez ditu aurkeztu beharko eskabideak aurkezteko hasierako epean aurkeztu dituenak.

Bederatzigarrena.– 13.4 oinarrian, lehen paragrafoan, 2022/5690 (88/44) orrialdean, hau dio:

Praktika-fasea egiteko destinoen esleipena hautatuak izan diren espezialitatean egingo da, hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, edozein txandatan parte hartzen dela ere, ikasturte hasierako esleipen-prozesuan aurreikusitakoaren arabera, praktika-fasea egin behar duten pertsonentzat. Hala ere, maisu-maistren kidegoko pedagogia terapeutikoko espezialitatean hautatutako pertsonen kasuan, praktikak aholkulari lanpostuetan ere egin ahal izango dituzte.

Baina hau esan behar du:

Praktika-fasea egiteko destinoen esleipena hautatuak izan diren espezialitateko lanpostuetan edo espezialitate horren bidez lor daitezkeen beste lanpostu batzuetan egingo da, hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, edozein txandatan parte hartzen dela ere, ikasturte hasierako esleipen-prozesuan aurreikusitakoaren arabera, praktika-fasea egin behar duten pertsonentzat.

Hamargarrena.– 13.5 oinarriaren bigarren paragrafoan, 2022/5690 (88/44) orrialdean, hau dio:

Bai praktiketako funtzionario izendatu dituzten izangai hautatuek, bai, praktika-fasea egitetik salbuetsita egonik ere, beren jatorrizko kidegoetan jarraitzea aukeratu dutenek, nahitaez parte hartu beharko dute deitzen diren plazak hornitzeko ondoz ondoko lehiaketetan, harik eta Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako zentroetan eta hautatuak izan diren espezialitatean behin betiko lehen destinoa lortu arte (hala ere, Pedagogia Terapeutikoaren espezialitatearen kasuan, aholkulari lanpostuetan lortu ahal izango dute beren behin betiko lehen destinoa).

Baina hau esan behar du:

Bai praktiketako funtzionario izendatu dituzten izangai hautatuek, bai, praktika-fasea egitetik salbuetsita egonik ere, beren jatorrizko kidegoetan jarraitzea aukeratu dutenek, nahitaez parte hartu beharko dute deitzen diren plazak hornitzeko ondoz ondoko lehiaketetan, harik eta Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako zentroetan eta hautatuak izan diren espezialitatean behin betiko lehen destinoa lortu arte.

Hamaikagarrena.– 15. oinarrian («Karrerako funtzionario izendatzea eta destinoak esleitzea»), bigarren paragrafoan, 2022/5690 (88/46) orrialdean, hau dio:

Hautatutako pertsonek nahitaez parte hartu beharko dute deitzen diren plazak hornitzeko ondoz ondoko lehiaketetan, harik eta Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako ikastetxeetan eta hautatuak izan diren espezialitatean lehen behin betiko destinoa lortu arte, Pedagogia Terapeutikoko espezialitaterako aurrez aurreikusitako salbuespenarekin.

Baina hau esan behar du:

Hautatutako pertsonek nahitaez parte hartu beharko dute deitzen diren plazak hornitzeko ondoz ondoko lehiaketetan, harik eta Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako ikastetxeetan eta hautatuak izan diren espezialitatean behin betiko lehen destinoa lortu arte.

Hamabigarrena.– VI. eranskinean («Proba praktikoaren ezaugarriak»), 2022/5690 (88/86) orrialdean, esaldi hau kentzen da:

Musikaren espezialitatean, konposizio- eta/edo interpretazio-proba bat egitea proposatu ahal izango da.

Hamahirugarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala