Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2023ko maiatzaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2502

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 12koa, Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, Asociación Empresarial de Instaladores y Mantenedores de Gipuzkoari (Instagi), aitortutako entitate gisa, profesional baimenduak prestatzeko baimena berritzeko.

Espedientea: EXD/2023/002.

AURREKARIAK

Bat.– Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariaren eta Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko maiatzaren 24ko ebazpenaren bidez, Asociación Empresarial de Instaladores y Mantenedores de Gipuzkoa (Instagi) profesional baimenduak prestatzeko aitortutako entitate gisa aitortu zen.

Bi.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2018ko maiatzaren 2ko ebazpenaren bidez, berritu egin zen Asociación Empresarial de Instaladores y Mantenedores de Gipuzkoa (Instagi) entitatearen baimena, profesional baimenduak prestatzeko aitortutako entitate gisa aritzeko, espezialitate hauetan:

• Iturgintzarako banakako kualifikazio-agiria.

• Eraikinetako instalazio termikoetarako banakako kualifikazio-agiria.

• Gas-instalazioetarako banakako kualifikazio-agiria – A kategoria.

• Gas-instalazioetarako banakako kualifikazio-agiria – B kategoria.

• Gas-instalazioetarako banakako kualifikazio-agiria – C kategoria.

• Petrolio-produktu likidoen instalatzailea – I. kategoria.

• Petrolio-produktu likidoen instalatzailea – II. kategoria.

• Gas fluordunen manipulatzailea (edozein karga).

• Gas fluordunen manipulatzailea (3 kg baino gutxiagoko karga).

Hiru.– Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan ezartzen denez, prestakuntza-ikastaroak emateko, egun, aitortuta dauden entitateek 5 urterik behin berritu beharko dute baimena, dekretu horren 25. artikuluan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Lau.– 2023ko martxoaren 21ean, Asociación Empresarial de Instaladores y Mantenedores de Gipuzkoa (Instagi) delakoak eskabidea aurkeztu zuen profesional baimenduak prestatzeko aitortutako entitate gisa aritzeko zeukan baimena berritzeko.

Bost.– Eskabide horrekin batera, industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan xedatuta eskakizun eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ziren; zehazki, hauek:

• Entitatearen identifikazio-datuak, egoitza soziala hau delarik: Portuetxe 61, behea – 20018 Donostia.

• Entitateak dagozkion prestakuntza ekintzak emateko dauzkan giza baliabideen deskribapena.

• Egingo diren ikastaroen zehaztapena, aurreikusitako gaiak, metodologia, antolamendua eta ebaluazio-sistemak zehaztuz.

Sei.– Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren zerbitzu teknikoek egiaztatu dutenez, egokia da aurkeztutako dokumentazioa eta bat dator indarrean dauden araudiekin. Horrenbestez, aldeko txostena egin dute aitortutako entitate gisa aritzeko zeukan baimena berritzeko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bat.– Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkaria organo eskuduna da ebazpen hau hartzeko, otsailaren 23ko, 68/2021 Dekretuak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, xedatutakoaren arabera.

Bi.– Espedientea martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak xedatutakoaren arabera izapidetu da; horrek arautzen ditu, bada, industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak eta hainbat espezialitatetako profesional baimenduei banakako kualifikazio-agiriak emateko araubidea eta enpresa baimenduen ziurtagiriena. Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko aginduak egin du aipatutako dekretuaren erregelamendu-garapena.

Hiru.– Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan ezartzen denez, prestakuntza-ikastaroak emateko egun aitortuta dauden entitateek 5 urterik behin berritu beharko dute baimena, dekretu horren 25. artikuluan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Lau.– Entitate eskatzaileak 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako instalazioak dauzkala eta instalazio horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta daudela frogatuta geratu da.

Bost.– Halaber, garatu beharreko ikastaroei buruzko egiaztagiri nahikoa aurkeztu da, eta zehaztu egin dira gai-zerrendak, metodologia, antolakuntza eta ebaluatzeko aurreikusitako sistemak; era berean, egiaztatu da aurkeztutako agiriak indarrean dauden araudietara egokituta daudela, berriztatu beharreko espezialitatearen alorrari dagokienez.

Sei.– Justifikatu egin dira, halaber, entitateak baimena berriztatzea eskatzen duen espezialitate ezberdinetan ikastaroak emateko dituen giza baliabideak.

Zazpi.– Labur esanda, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretu horretan ezarritakoari jarraikiz izapidetu da prozedura, eta entitate eskatzaileak, bere aldetik, dekretu horren 25. artikuluan jasotako egiaztagiri nahikoa aurkeztu ditu.

Aipatutako lege-manuak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1.– Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Asociación Empresarial de Instaladores y Mantenedores de Gipuzkoa (Instagi) entitateari profesional baimenduak prestatzeko aitortutako entitate gisa aritzeko baimena berritzea, hurrengo espezialitateetan (indarrean dagoen araudiaren arabera eguneratu dira izenak):

• Iturgintzarako banakako kualifikazio-agiria.

• Eraikinetako instalazio termikoetarako banakako kualifikazio-agiria.

• Gas-instalazioetarako banakako kualifikazio-agiria – A kategoria.

• Gas-instalazioetarako banakako kualifikazio-agiria – B kategoria.

• Gas-instalazioetarako banakako kualifikazio-agiria – C kategoria.

• Petrolio-produktu likidoen instalatzailea – I. kategoria.

• Petrolio-produktu likidoen instalatzailea – II. kategoria.

• Gas fluordunen manipulatzailea (edozein karga).

• Gas fluordunen manipulatzailea (3 kg baino gutxiagoko karga).

• Eguneratzea, otsailaren 19ko 115/2017 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik gas fluordunen manipulatzailearen akreditazioa lortu duten pertsonentzat.

Berritze hau indarrean sartzerakoan 2017an eman zitzaion erregistro-zenbakia mantentzen du, hau da, ERF 018.

2.– Entitateak baimena du Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden eta baimena duten instalazioetan ikastaroak emateko. Eskolak beste instalazio batzuetan eman nahi baditu, nahitaezko baimena eskatu beharko du horretarako eskumena duen lurralde-ordezkaritzan, eta egiaztatu egin beharko du instalazio horiek betetzen dituztela martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzak.

3.– Aitortutako entitate orok bete beharko ditu legezko xedapenek eta erregelamenduzkoek ezartzen dituzten eginbeharrak; bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan xedatutakoak.

4.– Aitortutako entitateek galdu egingo dute aitortutako entitateen kalifikazioa, baldin eta ez badituzte aipatutako dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak edo aplikatu behar diren bestelako arauak betetzen.

5.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Donostia / San Sebastián, 2023ko maiatzaren 12a.

Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena,

AGUSTIN AROSTEGI ARTETXE.


Azterketa dokumentala