Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2023ko maiatzaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2495

1/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, maiatzaren 9koa, plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga bereziari buruzkoa.

Berriki onetsi den apirilaren 3ko 9/2023 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitira Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, besteak beste, plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezia hitzartu du berritasun gisa, eta 33 bis artikulu berrian dio zerga hori tributu itundu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berak aplikatuko direla. Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak ezartzeko ahalmena izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Lurralde erkidean, zerga hori Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak arautzen du, ekonomia zirkularra sustatzeko neurri fiskalen esparruan.

Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien hondakinen sorrera prebenitzea da haren xedea, eta zeharkako tributu gisa artikulatzen da, plastikoa duten baina berrerabili ezin diren ontzien erabileraren gainean aplikatzen dena. Zerga honen ondorioetarako, ontzitzat hartzen dira salgaiak barruan eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko balio duten produktu guztiak, esate baterako, plastikozko edalontziak edo produktuen garraioan paketatzeko eta hausturak saihesteko erabiltzen diren plastikozko biribilkiak, baita aipatutako apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2. artikuluko definizioan jasotako produktu guztiak ere.

Ekonomia Itunaren 33 bis artikuluan ezarritako gaikuntzaz baliatuta, apirilaren 5eko 152/2023 Foru Agindua eman zen, zeinaren bidez onesten baita 592 eredua –«Plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa»– izenekoa, eredu hori aurkezteko modua eta prozedura zehazten baitira, baita plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga bereziaren itzulketa eskatzeko modua eta prozedura ere, eta lurralde erregistroan inskribatzea, kontabilitatea eramatea eta izakinen erregistro liburua aurkeztea arautzen baita.

Zergaren erregulazioa osatze aldera, foru dekretu arauemaile honen bitartez Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendura ekartzen da plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga bereziaren erregulazioa, eta, horretarako, dekretuak ezartzen ditu Ekonomia Itunean zergaren ordainarazpenaren ondorioetarako finkatutako lotura puntuak.

Alde horretatik, zerga honen zergadunek honako kasuotan ordaindu beharko diote zerga Gipuzkoako Foru Aldundiari:

– Zergaren eremu objektiboaren parte diren produktuen fabrikazioaren kasuan, jarduera garatzeko erabiltzen diren establezimenduak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

– Zergaren eremu objektiboaren parte diren produktuak Batasunaren barruan eskuratzen diren kasuetan, zergadunaren zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean. Batasun barruko eskurapenak ezarri gabeko zergadun batek egiten baditu, haren ordezkariaren zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean.

– Zergaren xede diren produktuak modu irregularrean sartzen badira, sarrera irregular hori egiaztatzen den unean produktuak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

Zergari lotuta egongo dira bai hutsik dauden ontziak eta bai barruan salgaiak eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezten dituztenak.

Material bat baino gehiagoz osatuta dauden ontziak, plastikoa badute, daukaten plastiko kantitatearen arabera kargatuko dira.

Plastikoa duten baina berrerabili ezin diren ontziak fabrikatzeak, inportatzeak edo Batasunaren barruan eskuratzeak eratzen du tributu honetan zerga egitatea.

Hala ere, kontuan hartuta ezen, batzuetan, halako ontzien fabrikazioan eragile ekonomiko batek baino gehiagok parte hartzen dutela edo ontzi horien parte jakin batzuk –itxigailuak, esate baterako– subjektu batek baino gehiagok fabrikatzen dituztela, zergapekoen kopurua ahal den gehien murrizteko eta, beraz, zergaren kudeaketa errazteko, baita, bide batez, ukitutako subjektuei administrazio kargak gutxitzeko ere, plastikozko produktu erdilanduak fabrikatu, inportatu edo Batasunaren barruan eskuratzea –aurreformak edo xafla termoplastikoak, esate baterako– zergapetu egingo dira ontziak fabrikatzeko erabiltzekoak direnean, bai ontziak ixtea, merkaturatzea edo aurkeztea ahalbidetzen duten plastikozko beste produktu batzuk direnean ere. Hortaz, produktu erdilanduetatik abiatuta ontziari behin betiko forma ematen diotenak edo ontziari zergapetu diren plastikozko beste elementu batzuk –itxigailuak, esate baterako– gehitzen dizkiotenak ez dira fabrikatzailetzat hartuko eta, ondorioz, ez dira zerga honen zergadun izango.

Bestalde, plastikozko produktuak birziklatzea sustatze aldera, zergaren eremu objektiboko produktuetan dagoen plastiko birziklatuaren kantitatea ez da zergapetuko.

Alde horretatik, zerga oinarria izango da zergaren xede diren produktuek birziklatu gabe duten plastiko kantitatea, kilogramotan adierazia. Zerga tasa 0,45 eurokoa izango da kilogramoko.

Barruan ondasunak edo produktuak eduki, babestu, manipulatu edo entregatzea xede duten produktuei gehitzeko sortzen diren pinturak, tintak, lakak eta itsasgarriak ez dira zergari lotuta egongo. Oro bat, zergapetu gabe egongo dira, salbuetsita egoteagatik, ontzien inportazio eta Batasun barruko eskurapen txikiak. Inportazioak edo eskurapenak txikiak direla joko da inportatutako edo Batasunaren barruan eskuratutako ontzietan dagoen plastiko ez-birziklatuaren kantitate osoa 5 kilogramotik gorakoa ez denean. Era berean, egokitzat jo da produktu batzuk zergatik salbuetsita uztea barruan honako hauek eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko erabiltzekoak direnean: sendagaiak, osasun produktuak, erabilera mediku berezietarako elikagaiak, bularreko umeei ospitaletan emateko prestakinak edo jatorri sanitarioko hondakin arriskutsuak, bai eta nekazaritza edo abeltzaintzako siloratze lanetan erabiltzen diren plastikoko biribilkiak ere.

Ordaindutako zergaren zenbatekoak Gipuzkoako Foru Aldundiak itzuliko ditu, baldin eta itzultzeko eskatzen diren kuotak Administrazio honetan ordaindu badira. Dena dela, kuotak zein administraziotan ordaindu diren jakiterik ez dagoenean, itzulketa Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du itzulketarako eskubidea bere lurraldean sortu denean.

Zergapekoen inskripzioa eta errolda, eta zergaren egiaztapen eta ikerketa, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu gorago adierazi diren ordainarazpen arauei jarraituz.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, Lurralde Historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, Lurralde Historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Izaera eta helburua.

1.– Plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezia zeharkako tributu bat da, plastikoa duten ontzi berrerabilezinen erabilera zergaren aplikazio lurraldean zergapetzen duena, bai hutsik daudenean, bai barruan salgaiak eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezten dituztenean.

2.– Zergaren helburua da berrerabili ezin diren plastikozko ontzien hondakinen sorrera prebenitzea eta hondakin plastikoen birziklapena sustatzea, material horren zirkularitateari laguntzeko.

2. artikulua.– Eremu objektiboa.

1.– Zerga honen eremu objektiboan sartzen dira:

a) Plastikoa duten ontzi berrerabilezinak.

Ondorio horietarako, ontzitzat hartzen dira barruan salgaiak eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko diseinatutako artikulu guztiak. Haien barruan honako hauek ere sartzen dira: Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2.m) artikuluan definitutakoak, eta, definizio horretan sartu ez arren, eginkizun berberak eduki eta baldintza berberetan erabil daitezkeenak, salbu eta artikulu horiek produktu baten parte badira, beharrezkoak badira produktu hori bere balio bizitza osoan eduki, mantendu edo kontserbatzeko, eta haren elementu guztietan azken helburua batera erabili, kontsumitu edo ezabatzea bada.

Ontziak ezin direla berrerabili joko da haien bizitza zikloan zirkuitu edo errotazio ugari egiteko sortu, diseinatu eta merkaturatu ez direnean, edo diseinatu ziren helburu bererako bete edo berrerabiltzekoak ez direnean.

b) a) letran aipatutako ontziak lortzeko bideratutako produktu plastiko erdilanduak, hala nola aurreformak edo xafla termoplastikoak.

c) Berrerabili ezin diren ontziak itxi, merkaturatu edo aurkezteko balio duten produktuak, plastikoa dutenean.

2.– Aurreko apartatuaren ondorioetarako, plastikotzat hartzen da Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2.u) artikuluan definitutako materiala.

3.– Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren produktuek osaeran material bat baino gehiago badute eta haietako bat plastikoa bada, daukaten plastiko kantitatearen arabera zergapetuko dira.

3. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Ekonomia Itunaren 33 bis artikuluan xedatutakoaren esparruan, foru dekretu arauemaile honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera exijituko da zerga.

2.– Foru dekretu arauemaile honetan xedatutakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan ezarritakoa aplikatzea.

4. artikulua.– Zergaren ordainarazpena eta ikuskapena.

1.– Zergadunek arau hauen arabera ordainduko diote zerga Gipuzkoako Foru Aldundiari:

– Zergaren eremu objektiboko produktuen fabrikazioaren kasuan, jarduera garatzeko erabiltzen diren establezimenduak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

– Zergaren eremu objektiboko produktuak Batasunaren barruan eskuratzen diren kasuetan, zergadunaren zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean. Batasun barruko eskurapenak ezarri gabeko zergadun batek egiten baditu, haren ordezkariaren zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean.

– Zergaren xede diren produktuak modu irregularrean sartzen badira, sarrera irregular hori egiaztatzen den unean produktuak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

2.– Zergaren egiaztapena eta ikerketa Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu, aurreko apartatuan ordainarazpenari dagokionez jasotako irizpideen arabera, betiere zerga administrazioen arteko lankidetza alde batera utzi gabe.

5. artikulua.– Definizioak.

1.– Zerga honen ondorioetarako, definizio hauek ezartzen dira:

a) «Batasunaren barruko eskurapena»: eskualdatzaileak, eskuratzaileak berak edo hirugarren batek (aurreko bietako edozeinen izenean eta kontura) Europar Batasuneko beste estatu batetik zergaren aplikazio lurraldera (Kanarietara, Ceutara eta Melillara izan ezik) eskuratzaileari entregatzeko igorri edo garraiatutako produktu zergapetuak baliatzeko ahalmena eskuratzea.

Era berean, Batasunaren barruko eskurapenekin parekatutako eragiketatzat hartuko da jabeak zergaren xede diren ontziak zergaren aplikazio lurraldean jasotzea, Kanarietan, Ceutan eta Melillan izan ezik, bidalketa jabeak berak egin badu Europar Batasuneko beste estatu batetik.

b) «Fabrikazioa»: zerga honen xede diren produktuak egitea.

Hala ere, ontziak egiten badira foru dekretu arauemaile honen 2.1 artikuluko b) eta c) letretan jasotako produktu zergapetuetatik abiatuta soilik, edo, aurrekoez gain, plastikorik ez duten beste produktu batzuetatik abiatuta, hori ez da fabrikaziotzat hartuko.

Era berean, fabrikaziotzat hartuko da ontziei plastikozko beste elementu batzuk gehitzea, baldin eta elementu horiek ontziei gehitu ondoren haien parte bihurtzen badira, banaka hartuta zergaren eremu objektiboaren parte ez badira ere.

c) «Inportazioa»: eragiketa hauek hartuko dira halakotzat:

1) Zergaren aplikazio lurraldean (Ceutan eta Melillan izan ezik) sartzea Europar Batasunaren aduana eremuan ez dauden lurraldeetatik datozen produktuak, zerga honen xede direnak, baldin eta horrek produktuen zirkulazio askea badakar Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013/EB Erregelamenduak, Europar Batasuneko Aduana Kodea ezartzen duenak, 201. artikuluan jasotakoarekin bat.

2) Kanariar Uharteetan zergaren xede diren produktuak sartzea, horiek Europar Batasuneko aduana eremuaren barruan dauden baina zergaren aplikazio lurraldekoak ez diren lurraldeetatik datozenean, baldin eta sarrera horrek produktuen zirkulazio askea ekarriko balu zergaren xede diren produktuen jatorria Europar Batasunaren aduana eremutik kanpo egotekotan.

3) Ceutan eta Melillan sartzea zergaren aplikazio lurraldekoak ez diren lurraldeetatik datozen produktuak, zergaren xede direnak, baldin eta sarrera horrek produktuen zirkulazio askea ekarriko balu hiri horietan 2013ko urriaren 9ko 952/2013/EB Erregelamendua aplikatu beharko balitz.

d) «Kudeaketa bulegoa»: Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitura organikoari buruzko araudiaren arabera, plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga kudeatzeko eskumena duen organoa.

e) «Produktu erdilanduak»: eraldaketa eragiketa bat edo gehiago jasan dituzten lehengaietatik lortutako tarteko produktuak, ontzi gisa erabiliak izateko gerora eraldaketa fase bat edo gehiago behar dituztenak.

f) «Jatorri sanitarioko hondakin arriskutsuak»: edukiontzi sanitarioetan utzi behar diren hondakinak, zeinen kudeaketak zenbait betekizun eta araudi espezifiko bete behar baititu gaixotasunak zabaltzea prebenitzeko eta herritarren osasuna eta segurtasuna babesten dela bermatzeko.

g) «Zergaren aplikazio lurraldea»: Espainiako lurraldea.

2.– Foru dekretu arauemaile honetan agertzen diren eta substantibitate propioa duten kontzeptu eta terminoei dagokienez, artikulu honetan definitutakoak kenduta, zergaren eremu objektiboan sartzen diren produktuei buruzko Europar Batasuneko eta estatuko araudian xedatutakoa aplikatuko da.

6. artikulua.– Zerga egitatea.

1.– Zergaren eremu objektiboaren parte diren produktuak fabrikatzea, inportatzea edo Batasunaren barruan eskuratzea dago zergari lotuta.

2.– Zergaren eremu objektiboaren parte diren produktuak zergaren aplikazio lurraldean modu irregularrean sartzea ere egongo da zergari lotuta.

Ulertuko da produktu horiek modu irregularrean sartu direla zergaren aplikazio lurraldean, baldin eta produktuak eduki, merkaturatu, garraiatu edo erabiltzen dituenak ez badu egiaztatzen produktuon fabrikazioa, inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena egin duela, edo ez badu justifikatzen produktuak zergaren aplikazio lurraldean eskuratu direla.

7. artikulua.– Zergari ez lotzeko kasuak.

Ez daude zergari lotuta:

a) Zergaren eremu objektiboko produktuak fabrikatzea, baldin eta, zergaren sortzapena gertatu aurretik horiek jada ez badira egokiak erabiliak izateko edo suntsitu egin badira, eta zirkunstantzia horiek Zerga Administrazioaren aurrean frogatu badira zuzenbidean onartzen diren frogabideetako edozein erabilita.

b) Zergaren eremu objektiboaren barruan dauden produktuak fabrikatzea, baldin eta, fabrikatzaileak zuzenean edo beste batek haren izenean edo kontura, zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidaltzeko erabiltzen badira.

Zergari ez lotzeko kasu hau eraginkorra izan dadin, beharrezkoa izango da frogatzea produktuak benetan irten direla zergaren aplikazio lurraldetik.

c) Pinturak, tintak, lakak eta itsasgarriak fabrikatzea, inportatzea edo Batasunaren barruan eskuratzea, zergaren eremu objektiboko produktuei gehitzeko sortu direnean.

d) 2.1.a) artikuluan aipatzen diren produktuak fabrikatzea, inportatzea edo Batasunaren barruan eskuratzea, baldin eta, barruan salgaiak eduki, babestu eta manipulatzeko balio izan arren, ez badaude salgai horiekin batera entregatzeko diseinatuta.

8. artikulua.– Sortzapena.

1.– Fabrikazio kasuetan, zergaren sortzapena gertatuko da fabrikatzaileak zergaren eremu objektiboko produktuak zergaren aplikazio lurraldean lehen aldiz entregatzen dituenean edo eskuratzailearen esku jartzen dituenean. Kontrakorik frogatu ezean, ulertuko da fabrikatutako produktuen izakinetan behetik egon daitekeen aldearen arrazoia fabrikatzaileak produktu horiek entregatu edo eskura jartzea izan dela.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zerga egitatea gauzatu aurretik ordainketa aurreratuak egiten badira, benetan jasotako zenbatekoen prezioa osorik edo partzialki kobratzen den unean sortuko da zerga.

2.– Inportazio kasuetan, aduana legeriaren arabera inportazio eskubideak sortzen diren momentuan gertatuko da zergaren sortzapena, inportazio horiek inportazio eskubideen mende egon edo ez.

3.– Batasunaren barruko eskurapenen kasuan, zergaren eremu objektiboko produktuak eskuratzaileari emateko igortzen edo garraiatzen hasi eta hurrengo hilabetearen 15ean sortuko da zerga, non eta data hori baino lehen ez den eragiketa horien fakturarik egiten, kasu horretan, zergaren sortzapena faktura jaulkitzen den egunean gertatuko baita.

4.– Foru dekretu arauemaile honen 6.2 artikuluan aipatzen diren kasuetan, zergaren sortzapena gertatuko da zergaren eremu objektiboko produktuak zergaren aplikazio lurraldean modu irregularrean sartzen diren unean; hala ere, une hori zein den jakiterik ez badago, ulertuko da sarrera irregular hori preskribatu gabeko likidazio aldirik zaharrenean egin dela, zergadunak beste bati dagokiola frogatzen duenean izan ezik.

9. artikulua.– Salbuespenak.

Salbuetsita geratuko dira, erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzetan, honako hauek:

a) Produktu hauek fabrikatzea, inportatzea edo Batasunaren barruan eskuratzea:

1.– Foru dekretu arauemaile honen 2.1.a) artikuluan aipatzen diren ontziak, zehazki, sendagaiak, osasun produktuak, erabilera mediku berezietarako elikagaiak, bularreko umeei ospitaletan emateko prestakinak edo jatorri sanitarioko hondakin arriskutsuak eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko erabiltzen direnak.

2.– Foru dekretu arauemaile honen 2.1.b) artikuluan aipatzen diren plastikozko produktu erdilanduak, haien xedea sendagaiak, osasun produktuak, erabilera mediku berezietarako elikagaiak, bularreko umeei ospitaletan emateko prestakinak edo jatorri sanitarioko hondakin arriskutsuak jasoko dituzten ontziak lortzea denean.

3.– Ontzi berrerabilezinak ixteko, merkaturatzeko edo aurkezteko balio duten produktu plastikodunak, baldin eta ontzi horiek erabiltzen badira sendagaiak, osasun produktuak, erabilera mediku berezietarako elikagaiak, bularreko umeei ospitaletan emateko prestakinak edo jatorri sanitarioko hondakin arriskutsuak barruan eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko.

Salbuespena eraginkorra izan dadin, frogatu beharko da aurreko apartatuetan aipatutako produktuak kasuan kasu adierazitako erabileretarako baliatu direla. Zehazki, halako erabileretarako baliatzen dituzten eskuratzaileei produktuak lehen aldiz entregatzen edo eskura jartzen dizkieten zergadunek eskatu beharko diete aurretiazko aitorpen batean adieraz dezatela zertarako erabiliko dituzten zergaren salbuespenaz gozatzeko eskubidea ematen duten produktuak. Aitorpen hori gorde beharko da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak (Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra) 65. artikuluan aipatzen dituen preskripzio epeek dirauten bitartean.

b) Foru dekretu arauemaile honen 2.1.a) artikuluan aipatzen diren ontzien inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena, baldin eta zergaren aplikazio lurraldean sartzen badira sendagaiak, osasun produktuak, erabilera mediku berezietarako elikagaiak, bularreko umeei ospitaletan emateko prestakinak edo jatorri sanitarioko hondakin arriskutsuak barruan eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko.

c) Nekazaritza edo abeltzaintzarako bazka edo zerealak siloratzeko fardo edo baletan erabilitako plastikozko biribilkien fabrikazioa, inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena.

d) Zergaren eremu objektiboko produktuen Batasunaren barruko eskurapena, baldin eta, zerga egitateari dagokion autolikidazioa aurkezteko epea amaitu aurretik, Batasunaren barruko eskuratzaileak edo hirugarren batek –haren izanean edo kontura– zergaren aplikazio lurraldea ez den beste batera bidaltzen baditu produktu horiek.

Salbuespen hori eraginkorra izan dadin, frogatu beharko da produktuak benetan irten direla zergaren aplikazio lurraldetik.

e) Zergaren eremu objektiboko produktuen Batasunaren barruko eskurapena, baldin eta, zerga egitateari dagokion autolikidazioa aurkezteko epea amaitu aurretik, produktu horiek jada ez badira egokiak erabiliak izateko edo suntsitu egin badira, eta zirkunstantzia horiek Zerga Administrazioaren aurrean frogatu badira zuzenbidean onartzen diren frogabideetako edozein erabilita.

f) Foru dekretu arauemaile honen 2.1.a) artikuluan aipatutako ontzien inportazioa edo Batasunaren barruko eskurapena, bai hutsik sartzen direnean eta bai beste ondasun edo produktu batzuk barruan eduki, babestu, manipulatu, banatu eta aurkezteko sartzen direnean, betiere inportatutako edo Batasunaren barruan eskuratutako ontzietan dagoen plastiko ez-birziklatuaren pisu osoa ez bada hilabetean 5 kilogramotik gorakoa.

g) Produktu hauek fabrikatzea, inportatzea edo Batasunaren barruan eskuratzea:

1) Plastikozko produktu erdilanduak, 2.1.b) artikuluan aipatzen direnak, zergaren eremu objektiboko ontziak lortzeko erabiltzekoak ez direnean.

2) Ontzi berrerabilezinak itxi, merkaturatu edo aurkezteko balio duten produktu plastikodunak, erabilera horietarako baliatzen ez direnean.

Salbuespen hau eraginkorra izan dadin, produktu horiek benetan zertarako erabili diren frogatu beharko da. Zehazki, eskuratzaileei produktuak lehen aldiz entregatzen edo eskura jartzen dizkieten zergadunek eskatu beharko diete aurretiazko aitorpen batean adieraz dezatela zertarako erabiliko dituzten produktu horiek. Aitorpen hori gorde beharko da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak (Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra) 65. artikuluan aipatzen dituen preskripzio epeek dirauten bitartean.

10. artikulua.– Zergadunak.

Foru dekretu arauemaile honen 6.1 artikuluan jasotako kasuetan, zerga honen zergadun izango dira pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak, zergaren eremu objektiboko produktuak fabrikatzen, inportatzen edo Batasunaren barruan eskuratzen dituztenean.

Zergaren eremu objektiboko produktuak zergaren aplikazio lurraldean modu irregularrean sartzen diren kasuetan –6.2 artikuluan aipatu bezala–, produktu horiek eduki, merkaturatu, garraiatu edo erabiltzen dituena izango da zergaduna.

Irregulartasunen bat somatzen bada erabileragatik salbuetsitako produktuei emandako erabileraren justifikazioan, zergadunak behartuta egongo dira zerga eta ezar litezkeen zehapenak ordaintzera, harik eta produktuak jaso behar dituen eskuratzaileak horiek jaso dituela zergadunak justifikatu arte. Aurreko artikuluan aipatutako aitorpena aurkeztuz justifikatuko da hori; produktuak jasotzen direnetik aurrera, berriz, obligazioa eskuratzaileena izango da.

11. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Zergaren eremu objektiboko produktuetan dagoen plastiko ez-birziklatuaren kantitatea, kilogramotan adierazia, izango da zerga oinarria.

Gertatzen bada zergaren eremu objektiboko produktuei, zeinengatik zerga sortu baita lehenago, plastikozko beste elementu batzuk gehitzen zaizkiela, eta behin gehituta elementu horiek produktuaren parte bihurtzen direla, produktu horiei gehitutako plastiko ez-birziklatuaren kantitatea (kilogramotan adierazia) izango da zerga oinarria.

2.– Plastiko birziklatutzat hartuko da Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak 2.u) artikuluan definitutako materiala, lege horren 2.bc) artikuluan aipatutako balorizazio eragiketetatik lortzen dena.

3.– Artikulu honen ondorioetarako, zergaren eremu objektiboko produktuetan dagoen plastiko birziklatuaren kantitatea enpresa akreditatu batek ziurtatu beharko du beti, UNE-EN 15343:2008 arauak –«Plastikoak. Plastiko birziklatuak. Plastikoen birziklapenaren trazabilitatea eta adostasunaren ebaluazioa eta birziklatuaren edukia»– edo haren ordezkoak ziurtapenak egiteko ematen dion ahalmenak baliatuta. Kimikoki birziklatutako plastikoaren kasuan, horretarako egiaztatutako edo gaitutako entitateak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da kantitate hori.

Entitate ziurtatzaileak Egiaztatze Erakunde Nazionalak egiaztatu behar ditu (ENAC), edo Europar Batasuneko beste edozein estatutako egiaztapen erakunde nazionalak, zeina izendatu behar baita 765/2008 (EE) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (765/2008 (EE) Erregelamendua, 2008ko uztailaren 9koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, zeinaren bidez produktuak merkaturatzeari dagokionez merkatua egiaztatzeko eta zaintzeko betekizunak ezartzen baitira eta 339/93 (EEE) Erregelamendua indargabetzen baita); Europar Batasunetik kanpo fabrikatutako produktuen kasuan, ENACekin nazioarteko onarpen akordioa duen beste edozein egiaztatzailek egin dezake egiaztapena.

12. artikulua.– Zerga tasa.

Zerga tasa 0,45 eurokoa izango da kilogramoko.

13. artikulua.– Kuota osoa.

Zerga oinarriari aurreko artikuluan ezarritako zerga tasa aplikatzetik ateratzen den kantitatea izango da kuota osoa.

14. artikulua.– Kenkariak.

1.– Hurrengo zirkunstantziak gertatzen diren likidazio aldi bakoitzari dagokion autolikidazioan eta, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, zergaren eremu objektiboko produktuak Batasunaren barruan eskuratzen dituen zergadunak zilegi izango du zergaldi horretan sortutako kuotetatik murriztea produktu hauek direla-eta ordaindutako zergaren zenbatekoa:

a) Zergadunak, edo hirugarren batek haren izenean edo kontura, zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidali dituen produktuak.

b) Zergaren aplikazio lurraldean eskuratzaileari lehenengo aldiz entregatu edo esku jarri aurretik, jada erabiltzeko egokiak ez diren produktuak edo suntsituak izan direnak.

c) Eskuratzaileari entregatu edo esku jarri ondoren suntsitzeko edo fabrikazio prozesuan berriro sartzeko itzuli diren produktuak, haien zenbatekoa eskuratzaileari itzuli eta gero.

Apartatu honetan jasotako kenkariak aplikatzeko, Zerga Administrazioaren aurrean frogatu beharko da, zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabiliz, zerrendatutako egitateak gertatu direla; horrez gainera, egiaztatu beharko da zerga ordaindu dela ordainketa justifikatzen duen agiri egokiaren bidez.

2.– Erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, zergaren eremu objektiboa osatzen duten eta suntsitzeko edo fabrikazio prozesuan berriro sartzeko itzuli diren produktuak fabrikatzen dituen zergadunak eskubidea izango du inguruabar horiek gertatu diren zergaldiko autolikidazioan aldi horretan sortutako zergaren kuotetatik murrizteko produktu horiek direla-eta ordaindutako zergaren zenbatekoa, baldin eta produktuok lehen aldiz entregatu edo eskuratzailearen eskura jarri ondoren itzuli badira, eskuratzaileari produktuen zenbatekoa itzuli ondoren.

Kenkaria aplikatzeko, Zerga Administrazioaren aurrean frogatu beharko da, zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabiliz, zerrendatutako egitateak gertatu direla; horrez gainera, egiaztatu beharko da zerga ordaindu dela ordainketa justifikatzen duen agiri egokiaren bidez.

3.– Aurreko bi apartatuen arabera aplikatu behar diren kenkarien zenbatekoa likidazio aldian sortutako kuoten zenbatekoa baino handiagoa bada, soberakina hurrengo autolikidazioetan konpentsatu ahal izango da, baldin eta soberakina gertatu den likidazio aldia amaitu denetik lau urte igaro ez badira.

4.– Zergadunek aplikatutako kenkarien zenbatekoek urte naturaleko azken likidazio aldian sortutako kuoten zenbatekoa gainditzen badute, orduan, zergadun horiek beren aldeko saldoa itzultzeko eskatu ahal izango dute likidazio aldi horri dagokion autolikidazioan.

15. artikulua.– Itzulketak.

1.– Ordaindutako zergaren zenbatekoa itzultzeko eskatu ahal izango dute, erregelamenduz ezarriko diren baldintzetan, honako hauek:

a) Zergaren eremu objektiboko produktuen inportatzaileak, baldin eta produktu horiek zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidali badituzte beraiek zuzenean edo hirugarren batek haien izenean edo kontura.

b) Zergaren eremu objektiboko produktuen inportatzaileak, baldin eta produktuok zergaren aplikazio lurraldean lehenengo aldiz entregatu edo eskuratzailearen esku jarri aurretik erabiltzeko egokiak izateari utzi badiote edo suntsituak izan badira.

c) Zergaren eremu objektiboko produktuen inportatzaileak, baldin eta produktuok entregatu edo eskuratzailearen esku jarri ondoren suntsitzeko edo fabrikazio prozesuan berriro sartzeko itzuli badira, haien zenbatekoa eskuratzaileari itzuli ondoren.

d) Zergaren eremu objektiboko produktuen eskuratzaileak, baldin eta zergadun izan ez arren egiaztatzen badute produktuak zergaren aplikazio lurraldetik kanpora bidali dituztela.

e) Zergaren eremu objektiboko produktuen eskuratzaileak, baldin eta zergadun izan ez arren egiaztatzen badute produktu horiek erabiliko direla sendagaiak, osasun produktuak, erabilera mediku berezietarako elikagaiak, bularreko umeei ospitaletan emateko prestakinak edo jatorri sanitarioko hondakin arriskutsuak jasoko dituzten ontzietarako, horrelako erabilerak izango dituzten ontziak lortzeko, edo sendagaiak, osasun produktuak, erabilera mediku berezietarako elikagaiak, bularreko umeei ospitaletan emateko prestakinak edo jatorri sanitarioko hondakin arriskutsuak jasoko dituzten ontzi horiek itxi, merkaturatu edo aurkezteko.

f) Zergaren eremu objektiboko produktuen eskuratzaileak, berrerabiliak ez izateko sortu, diseinatu eta merkaturatzeagatik zergapetu direnean, baldin eta egiaztatzen badute haietan aldaketaren bat egin ondoren berrerabili egin ahal izango direla.

g) Honako hauek eskuratzen dituztenak:

1) Plastikozko produktu erdilanduak, 2.1.b) artikuluan aipatzen direnak, zergaren eremu objektiboko ontziak lortzeko erabiltzekoak ez direnean.

2) Ontzi berrerabilezinak itxi, merkaturatu edo aurkezteko balio duten produktu plastikodunak, erabilera horietarako baliatzen ez direnean.

2.– Aurreko apartatuan jasotako kenkariak aplikatzeko, Zerga Administrazioaren aurrean frogatu beharko da, zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabiliz, zerrendatutako egitateak benetan gertatu direla eta zerga ordainduta dagoela.

3.– Artikulu honetan xedatutakoaren arabera bidezkoak diren itzulketak Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu, itzultzeko eskatzen diren kuotak Administrazio honetan ordaindu direnean. Dena dela, kuotak zein administraziotan ordaindu diren jakiterik ez dagoenean, itzulketa Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du itzulketarako eskubidea Gipuzkoako Lurralde Historikoan sortu denean.

16. artikulua.– Kudeaketa arau orokorrak.

1.– Fabrikazioaren kasuan edo Batasunaren barruko eskurapenetan, zergadunak behartuta egongo dira autolikidazioa aurkeztera eta zerga zorraren zenbatekoa ordaintzera.

Likidazio aldia hiruhileko naturala izango da, non eta zergadunak, balio erantsiaren gaineko zergaren eremuan, ez duen hilabetea likidatu behar eragiketa bolumenari edo zerga horren araudian aurreikusitako bestelako zirkunstantziei erreparatuta, kasu horretan, zerga honen likidazio aldia hilabetea ere izango baita.

Inportazioetan, aduana zorrerako jasotako moduan likidatuko da zerga, aduana araudian xedatutakoaren arabera.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko du zein eredu, epe eta baldintza bete beharko diren aurreko zenbakian aipatu diren autolikidazioak aurkezteko eta, hala badagokio, zergaren itzulketak eskatzeko.

3.– Foru dekretu arauemaile honen 6.1 artikuluan adierazitako jarduerak egiten dituzten zergadunak –Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez erabakitzen dituenak izan ezik– behartuta egongo dira plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga bereziaren lurralde erregistroan inskribatzera, jarduera hasi aurretik.

Zerga hau ordaindu behar duten zergapekoen errolda eta horiek lurralde erregistroan inskribatzeko prozedura Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren foru agindu bidez arautuko dira.

4.– Beste arau batzuetan ezarrita dauden kontabilitate betebeharrak eragotzi gabe, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren foru aginduz zehazten diren fabrikatzaileek zergaren eremu objektiboaren parte diren produktuen kontabilitatea eraman beharko dute, eta, hala badagokio, baita horiek lortzeko behar diren lehengaiena ere. Kontabilitatea eramateko betebeharra Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez beteko da, kontabilitate sistema informatiko bat erabiliz eta kontabilitate idazpenak elektronikoki betez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarritako prozeduran eta epeetan.

5.– Zergaren eremu objektiboaren parte diren produktuak Batasunaren barruan eskuratzen dituzten zergadunak –Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez erabakitzen dituenak izan ezik– izakinen erregistro liburu bat eraman beharko dute, eta behartuta egongo dira hura Zerga Administrazioari aurkeztera, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarritako prozeduran eta epeetan.

6.– Zergaren aplikazio lurraldean ezarrita ez dauden zergadunek pertsona fisiko edo juridiko bat izendatu beharko dute zerga honekiko betebeharretan haien ordezkari gisa jardun dezan Zerga Administrazioaren aurrean; zerga honen zerga egitatea dakarren lehen eragiketa egin aurretik gauzatu beharko dute izendapen hori.

Zergaren aplikazio lurraldean ezarri gabeko zergadunak ordezkatzen dituen pertsona fisikoa edo juridikoa, zerga honen zerga egitateren bat dakarren lehenengo eragiketa egin aurretik, plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga bereziaren lurralde erregistroan inskribatu beharko da.

7.– Zergaren xede diren produktuak zergaren aplikazio lurraldean saltzen edo entregatzen diren kasuetan, beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Behin produktuak fabrikatuta zergaren lurralde eremuan egiten den lehen salmentan edo entregan, fabrikatzaileek salmenta edo entrega hori egitean sortzen diren zerga kuoten zenbatekoa jasanarazi behar diote eskuratzaileari. Eta fakturan bereizita adierazi beharko dituzte datu hauek:

1) Sortutako kuoten zenbatekoa.

2) Produktuetan dagoen plastiko ez-birziklatuaren kantitatea, kilogramotan adierazia.

3) Salbuespen kasuren bat aplikatzekoa bada, salmenta edo entrega zein artikuluren arabera dagoen salbuetsita zehaztuko da.

b) Gainerako kasuetan, zergaren xede diren produktuak saldu edo entregatzen dituztenek honako datuak adierazi beharko dituzte, eskuratzaileak aurrez eskatuta, dela ziurtagiri batean dela salmenta edo entrega horien fakturetan:

1) Produktu horiengatik ordaindutako zergaren zenbatekoa, edo salbuespen kasuren bat aplikatu bazaio, onura fiskal hori zein artikuluren arabera aplikatu den.

2) Produktuetan dagoen plastiko ez-birziklatuaren kantitatea, kilogramotan adierazia.

Letra honetan ezarritakoa ez da aplikatuko faktura sinplifikatuak egiten direnean Fakturazio obligazioak arautzen dituen Erregelamenduak, otsailaren 26ko 8/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 7.1 artikuluan aipatzen duen edukiarekin.

17. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

1.– Artikulu honetan ezarritako xedapen bereziak alde batera utzi gabe, zerga honekin lotuta egiten diren arau-hausteak kalifikatzeko eta zehapenak ezartzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) eta hura garatzen duten gainerako xedapenak aplikatuko dira.

2.– Zerga arloko arau-hausteak izango dira:

a) Ez inskribatzea plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga bereziaren lurralde erregistroan.

b) Aplikazio lurraldean ezarri gabeko zergadunek ordezkari bat izendatuta ez edukitzea.

c) Behar bezala egiaztatutako entitateak modu faltsu edo okerrekoan ziurtatzea zenbat plastiko birziklatu dagoen zergaren eremu objektiboaren parte diren produktuetan, kilogramotan adierazia.

d) Zergaren eremu objektiboko produktuen eskuratzaileek bidegabe aplikatzea 9. artikuluko a) eta g) letretako salbuespenak, produktuei benetan eman zaien erabilera letra horietan jasotakoa ez izateagatik.

e) 16.7 artikuluan aipatzen diren datuak zuzen ez jasotzea fakturan edo ziurtagirian.

3.– Artikulu honetako 2. apartatuan jasotako arau-hausteetan zehapen hauek ezarriko dira:

a) Aurreko apartatuko a) eta b) letretan aipatutakoen kasuan, 1.000 euroko diruzko isun finkoa.

b) Aurreko apartatuko c) letran aipatutakoan, ordaindu gabe utzitako zergaren kuoten zenbatekoaren ehuneko 50eko diruzko isun proportzionala, eta gutxienez 1.000 euro.

b) letra honetan adierazitakoaren arabera dagokion zehapena ehuneko 25 gehituko da, zerga arloko arau-hausteak behin eta berriro egiten badira. Araua behin eta berriro hautsiko da arau-hauste berriaren aurreko bi urteetan arau-hauslea administrazio bidean ebazpen irmoaren bidez zigortua izan denean.

c) Aurreko apartatuko d) letran ezarritakoaren kasuan, bidegabe aplikatutako onura fiskalaren ehuneko 150eko diruzko isun proportzionala, eta gutxienez 1.000 euro.

d) Aurreko apartatuko e) letran ezarritakoaren kasuan, 75 euroko diruzko isun finkoa, 16.7 artikuluan aipatzen diren datuak oker jasotzen dituen faktura edo ziurtagiri bakoitzeko.

4.– Aurreko apartatuan jasotako kasuetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 192. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zergaren eremu objektiboko produktuetan zenbat plastiko birziklatu dagoen egiaztatzea.

Zerga aplikatu eta hurrengo lehen 12 hilabeteetan zehar, foru dekretu arauemaile honen 11. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoa egin beharrean, zergaren eremu objektiboan sartzen diren produktuetan zenbat plastiko birziklatu dagoen egiaztatzeko, posible izango da fabrikatzaileak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Beste xedapen batzuen indarraldia.

Foru dekretu arauemaile hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarrean jarraituko dute plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezia garatu eta aplikatzeko Gipuzkoako Lurralde Historikoan eman diren xedapen guztiek, eta, bereziki, apirilaren 5eko 152/2023 Foru Aginduak, zeinaren bidez onesten baita 592 eredua –«Plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa»– izenekoa, eredu hori aurkezteko modua eta prozedura zehazten baitira, baita plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien gaineko zerga bereziaren itzulketa eskatzeko modua eta prozedura ere, eta lurralde erregistroan inskribatzea, kontabilitatea eramatea eta izakinen erregistro liburua aurkeztea arautzen baita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Diputatuen Kontseiluari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, Ekonomia Itunaren hamaikagarren xedapen iragankorrean xedatutakoa eragotzi gabe.

Donostia, 2023ko maiatzaren 9a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala