Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2023ko maiatzaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
2482

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 9koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2023rako laguntzen deialdia iragartzen duena.

Deialdi-agindu honen bidez, otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan biltzen diren aurreikuspenak betetzen dira 2023rako. Dekretu horrek Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako programetarako laguntzak arautzen ditu (2007ko martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 53. zk.). Dekretu hori aldatu egin zuen Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako programetarako laguntzak arautzen dituen dekretua aldatu zuen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak (2013ko uztailaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 143. zk.).

34/2007 Dekretuak arautzen ditu, hegoaldeko pobretutako herrialdeen prozesu endogenoak eta gaitasunak indartuz, pobreziaren aurkako borrokan laguntzen duten garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzak. Horretarako, tokikoari lehentasuna eman nahi zaio estatukoari eta nazioartekoari loturik, garapenerako lankidetzako irabazi-asmorik gabeko entitateen bitartez.

Deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planaren barruan sartzen da, zeina Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko erabakiaren bidez luzatu baitzen 2022-2024rako. Bai Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Plana (luzatua), bai Dirulaguntzen 2023ko Plan Estrategikoa (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Zuzendaritza Kontseiluaren 2023ko otsailaren 8ko erabakiaren bidez onartua), bai 2023. urteko plana argitaratuta daude Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian: www.elankidetza.euskadi.eus, «Nortzuk gara» atala, «Plangintza» azpi-atala.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2023ko ekitaldirako aurrekontuak –Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen bidez onartuak– kreditu nahikoa aurreikusten du deialdi hau finantzatzeko.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuarekin bat etorriz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio garapenerako lankidetzarekin zerikusia duten egitekoak (18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du eskumena laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2. artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 5.b) artikuluan.

Horrez gainera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, 2023ko otsailaren 8an egindako bileran, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b artikuluak ematen dizkion ahalmenekin bat etorriz, erabaki du eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari proposatu dio onar ditzala deialdi-agindu hau eta laguntzak emateko oinarrizko irizpideak.

Hori dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2023rako dirulaguntzen deialdia egitea; uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak (Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena) arautzen ditu laguntza horiek –390/2013 Dekretua, uztailaren 23koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen dekretua aldatzen duena–.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbatekoa, guztira, 34.000.000 eurokoa izango da. Dekretu arautzailean aurreikusitako hiru laguntza-motetako bakoitzerako, honako diru-zuzkidura hau kalkulatu da:

a) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzetara 27.600.000 euro bideratuko dira.

b) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzetara 1.200.000 euro bideratuko dira.

c) Garapenerako hezkuntzarako proiektuetarako laguntzetara 5.200.000 euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Proiektu bakoitzeko eskatutako dirulaguntza.

Proiektu bakoitzeko ezin izango da 600.000 euro baino dirulaguntza handiagoa eskatu.

Entitate bakoitzak, banaka edo beste batzuekin elkartuta, gehienez 4 proiektu aurkeztu ahal izango ditu, eta horien zenbatekoa gehienez ere gehieneko dirulaguntza-zenbatekoa izango da. Kopuru hori 5 proiektutara zabaldu ahal izango da, baldin eta horietako bat Afrikako kontinentean gauzatzen bada.

4. artikulua.– Entitate bakoitzeko eska daitekeen gehieneko zenbatekoa, guztira.

2023ko aurrekontu-ekitaldian, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan ematen diren dirulaguntzen % 7koa izango da entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa (hau da, 3.378.201,12 euro). Dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

5. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Emandako dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Emandako dirulaguntzaren % 25 (lehenengo ordainketa), dirulaguntza onartu ondoren.

b) Emandako dirulaguntzaren % 40 (bigarren ordainketa), ordaindutako dirulaguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

c) Emandako dirulaguntzaren % 35 (hirugarren ordainketa), ordaindutako dirulaguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epemuga-hilean amaituko da, argitaratu zen egunean. Epemuga-hilean ez badago epea hasi den egunaren baliokiderik, hilaren azken egunean bukatuko da epea.

2.– Agindu honen ondoriozko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.

3.– Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da; laguntzen eta dirulaguntzen atalera, zehazki.

4.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.

5.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

6.– Eskaerarekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

7.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, legezko ordezkaritzaren akreditazioa ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

– Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dena. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute, edo

– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/).

Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.

Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

8.– Laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira.

9.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

7. artikulua.– Eskaeraren edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– I. eranskinaren araberako eredu normalizatuko eskaera-inprimakia osorik bete behar du entitate eskatzaileak telematikoki, eta eskaera aurkezteko behar diren datu orokorrak jasoko ditu. Halaber, entitate eskatzailearen/partzuergoko buruaren erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko ditu eskaerak:

a) Dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta hori frogatzeko dokumentazioa duela; dokumentazio hori Administrazioaren eskura jarriko duela, eskatzen zaionean; eskubidea aitortzen zaion bitartean baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela; funtsezko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak izan ditzakeela; eta Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duela.

b) Konpromisoa hartzen dutela jakinarazteko helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso dituztela, edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

c) Ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek eta bestelako entitateek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura batean.

d) Ez dagoela sartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 13.3. artikuluetan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

e) Ez zaiola ezarri laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ez duela halakorik eskuratzeko legezko debekurik (ildo horretatik, kontuan izan behar dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaineko araudia urratzeagatik edo sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik ezarritakoak).

2.– Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Entitate eskatzaileen partzuergoa eratzen bada, entitate eskatzaileetako bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da. Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

b) Lankidetzaren esparruan gutxienez bi urte jarraituko esperientzia izatearen egiaztagiria, baldin eta entitatearen estatutuetan ez bada berariaz adierazten hegoaldeko herrialdeetan garapenerako lankidetza-proiektuak egitea dela bere helburuetako bat. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, egiaztagiria ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean.

Hala ere, estatutuetan helburu hori jasota ez badago, gutxienez bi urte jarraituko esperientzia egiaztatzeko honako dokumentu hauetako bat aurkeztu beharko da: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesdun ez diren beste entitate pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoretzak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialetako argitalpenak, edo organo eskudunek egiaztatutako memoriak edo urteko kontuak –horietan, esperientzia jarraitu horrek espresuki adierazita egon behar du–.

c) Esku-hartzean parte hartzen duten tokiko bazkideen eraketa-eskritura edo estatutuak eta erregistro-dokumentazioa, eskaera aurkezteko epea amaitu baino gutxienez urtebete lehenagokoa.

Tokiko bazkidearen izaera juridikoaren ondorioz ezintasun juridiko bat edo ezintasun politiko bat badago herrialdeko egoeren ziozkoa dena, erregistroan inskribatuta egoteko baldintza egiaztatu beharrean, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

d) Entitate-partzuergo bat eratzen bada, hala eskatzaileena nola toki-entitateena, haien artean sinatutako erantzukidetasun-hitzarmena aurkeztuko da, eredu normalizatuan, behar bezala beteta eta sinatuta, hau da, orri guztietan sinatuta eskuz sinatzen bada, edo sinadura elektronikoarekin hitzarmenaren azken orrialdean. Hitzarmenaren eredua www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

e) Gastuak fakturekin ez baizik eta ordainagirien bidez justifikatzea aurreikusi bada, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, hori justifikatzen duten arrazoiekin. Azalpen-memoriaren eredua www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

f) Entitate eskatzaileak erbesteratutako pertsonak bidaltzen baditu, eginbeharreko lanak eta iraupena azalduko dituen eta beharrezko gaitasun- eta kalifikazio-irizpideak jasoko dituen justifikazio-memoria aurkeztu beharko da. Justifikazio-memoriaren eredua www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

g) Garapenerako lankidetzako proiektuetan eta garapenerako hezkuntzakoetan, proformako fakturak, aurrekontuak edo kanpo-balorazioak, 34/2007 Dekretuaren 22.3.b) artikuluan ezarritako kasuetan –34/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena, zeina uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu baitzuen–.

h) Errotazio-funts bat edukitzea aurreikusten bada, dagokion azalpen-memoria aurkeztuko da. Memoriaren eredua www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

i) Ez da beharrezkoa izango entitate eskatzaileak erregistro-inskripzioa aurkeztea eta Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza iraunkorra edo egoitza nagusia egiaztatzea, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari baimena ematen badio eskumena duen administrazioan ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatzeko.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da. Bertan, entitatearen erantzukizunpean adieraziko da egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), eta hitzematen duela betebehar hori betetzen jarraituko duela, harik eta emandako laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte.

4.– Proiektuak baloratzeko, entitate eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:

a) Esku-hartzearen kalitatea eta zeharkakoen integrazioa baloratzeko: dirulaguntzaren proposamen teknikoa eta aurrekontu banakatua, wwww.euskadi.eus web-orrian (laguntzen eta dirulaguntzen atalean) eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian («Laguntza, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean) argitaratutako ereduen arabera. Proposamen teknikoak gehienez ere 3.500 hitz izan ditzake. Proposamen teknikoan ezarritakoa baino hitz gehiago badago, hori ez da kontuan hartuko aurkeztutako proiektua baloratzeko.

b) Esku-hartzearen bideragarritasuna eta jasangarritasuna baloratzeko, garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzen eta produkzio-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzen kasuan: obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, bideragarritasun- eta merkatu-azterketak, abalak, materialei eta metodologiei buruzko edukiak dituzten prestakuntza-planak, jasangarritasun-konpromisoak.

c) Esku-hartzearen bideragarritasuna eta jasangarritasuna baloratzeko, garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan: materialei eta metodologiei buruzko edukiak dituzten prestakuntza-planak, jasangarritasun-konpromisoak.

d) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako eta garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko du, Euskadiko GGKE-en Koordinakundearekin, entitate eskatzaileak Euskadiko GGKE-en Koordinakundeari atxikita dauden. Horretarako, entitate eskatzaileek baimena eman beharko dute aldez aurretik.

e) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzen kasuan, proiektuaren gaiarekin lotura duen nazioarteko koordinakunde, sare edo mugimenduko kide dela egiaztatzen duen ziurtagiria erantsi beharko da.

f) Garapenerako hezkuntza-proiektuetarako laguntzen kasuan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko du, Euskadiko GGKE-en Koordinakundearekin, entitate eskatzaileek Euskadiko GGKE-en Koordinakundearen gizarte-eraldaketarako hezkuntzako talde eta prozesuetan parte hartzen duten. Horretarako, entitate eskatzaileek baimena eman beharko dute aldez aurretik. Euskadiko GGKE-en Koordinakundea ez den gizarte-eraldaketarako hezkuntzako talde eta prozesuetan edo (H)abian jarraipen-batzordean parte hartzen badute, parte-hartze horren ziurtagiria erantsi beharko da.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio dirulaguntza-lerro honen kudeaketa-lanak egitea.

9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzordeak kide hauek izango ditu:

• Batzordeburua: Alazne Camińa Izkara, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.

• Batzordekidea: Alicia Aleman Arrastio, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Iosu Aranzabal Abaitua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Mónica Fernández Vidal, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Javier Galaz de la Torre, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Maite Garmendia Eguinoa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Nagore Gorostiza Mendia, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Leire Gutierrez Díez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Arkaitz López Sánchez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Karen Rodriguez Guinea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Miren Saiz Alzugaray, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Ana María Tellería Gallastegui, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Mikel Varela García, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

• Batzordekidea: Edurne Bengoechea Sorozabal, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren genero-arloko programetako teknikaria.

• Bokala eta idazkaria: Iker Del Río Lahidalga, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

10. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

Eskatutako betekizun guztiak biltzen dituzten eskaerak agindu honen II. eranskinean jasotako irizpideen arabera baloratuko ditu hautaketa-batzordeak.

11. artikulua.– Instrukzioa eta esleitzeko eskumena duen organoa.

Hautaketa-batzordeak laguntza-eskaeren azterketa teknikoa eta balorazioa egingo du, eta bere txostena Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorera igorriko du. Azken horrek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariari proposatuko dio dagozkion laguntzak emateko. Zuzendariak, azkenik, eskatutako laguntzak esleitzeko eta ukatzeko ebazpena ezarriko du.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariaren ebazpena, eskatutako laguntzak esleitu edo ukatzen dituena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9. artikuluarekin bat, eskaera aurkeztu zenetik 6 hilabeteko epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

13. artikulua.– Laguntza onartzea.

Behin betiko ebazpenean onuradun gertatzen diren entitateek hamar egun balioduneko epea izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, laguntza onartzen dutela jakinarazteko.

Laguntza onartzeko epea igaro eta hura berariaz onartu ez bada, onuradunak dirulaguntzari uko egin diola ulertuko da.

Dirulaguntza onartu ondoren, emandako dirulaguntza bakoitzeko hitzarmen bana sinatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta entitate esleipendunak, finantzatuko den proiektu-mota kontuan hartuta.

Sinatu beharreko hitzarmena telematikoki izapidetuko da laguntza onartzean. Haren edukia, publikotasun-ondoreetarako, www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpi-atalean.

14. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskaeretan ageri diren datu pertsonalak «Garapenerako lankidetzako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Datu pertsonalak honako hauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira: batetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta, bestetik, 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4. artikuluak dioenez, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Hori kontuan izanik, 2023ko aurrekontu-ekitaldian ematen diren dirulaguntza guztien % 7koa izango da entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa. Hau da, 3.378.201,12 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoan oinarritzen dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 34/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, zeinaren bidez arautzen baitira Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak –dekretu hori uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen (390/2013 Dekretua, uztailaren 23koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen dekretua aldatzen duena)–.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 9a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala