
97. zk., 2023ko maiatzaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (539 KB - 35 orri.)
- EPUB (843 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2435
AGINDUA, 2023ko maiatzaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko dirulaguntzen deialdia egiten baita Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat.
Merkatuen eta ekoizpenen globalizazioaren egungo egoera eta horren ondoriozko lehia handia direla eta, estrategia berriak behar dira euskal enpresa-ehuna lehiatzeko posizio batean jartzeko. Egoera horretan, Lanbide Heziketa funtsezko aliatua da lanbide-profilak garatzeko eta, horrela, bermatzeko estrategia berri horien diseinuak eta garapenak eta balio berezi baten sorrerak ahalbidera diezaiela gure enpresei etorkizun jasangarri bat eta, ondorioz, pertsonen enplegagarritasuna nabarmen handitzeko bidean aurrera egitea.
2018ko uztailaren 5ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea argitaratu zen eta, haren bidez, berrikuntza gisa, LHko eredu konbinatu bat sartzen da Lanbide Heziketan. Eredu horrek Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako lanbide-heziketa integratua hartzen du barnean, baina baita berrikuntza aplikatuko ikaskuntzak eta ekintzailetza aktiboa ere. Halaber, Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea sortu eta arautzen du, euskal produkzio-sareari jarri zaizkion erronkei erantzuna emateko. Horrek guztiak, batetik, prestakuntza aurreratu bat hartzen du barnean, LH ikasten duten pertsonen kualifikazio eta espezializazioak altuak izan daitezen; eta, horrekin batera, berrikuntza aplikatu bat, teknologiaren arloan, enpresa txiki eta ertainei produktua, produkzio-prozesua eta zerbitzua hobetzen laguntzea lehenetsita, eta, metodologiaren arloan, ikasteko era aldatuta eta zeharkako konpetentziak hobetuta.
Beraz, hortxe dauzkagu erronkak, eta, horretarako, beharrezkoa da Lanbide Heziketako ikastetxeen parte-hartze aktiboa proiektuak diseinatzeko eta garatzeko, benetan posible izan dadin gero eta ingurune espezializatuago eta konplexuagoetan ikaskuntza-metodo berritzaileak ezartzea, eta, horrela, ikasleek eskuratutako ezagutzak errazago eta benetan transferi daitezen, eta, azken finean, enpresen espezializazio-maila handitu eta, ondorioz, abantaila lehia-abantaila jasangarria lor dezaten.
Bestalde, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak lanbide-prestakuntza eta -laguntzako araubide bat arautzen du, Espainiako ekonomia indartzeko, lehiakortasunerako eta jasangarritasunerako balio duena eta gai dena malgutasunez erantzuteko pertsonek bizitza osoan zehar dituzten lanbide-kualifikazioko interesei, itxaropenei eta helburuei, bai eta ekoizpen- eta sektore-behar berriek eskatzen dituzten eskumenei ere, produktibitatea handitzeko zein enplegua sortzeko.
Era berean, 2022ko azaroaren 7an, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren osoko bilkurak Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana onartu zuen. VI. Euskal Plan honek lanbide-heziketako eredu berritu bati heldu nahi dio, disrupzio teknologikoko testuinguru azeleratu batean murgilduta dagoen gizarte batera egokitzeko gai dena; izan ere, testuinguru horrek erronka berriak planteatzen ditu eta, gaitasun digitalak ez ezik, pentsamendu kritikoa eta eraikitzailea, sormena eta prestakuntza humanista ere indartzea eskatzen du.
Testuinguru honetan, Euskal Lanbide Heziketak dimentsio handiko erronka bat du aurrean: pertsonei laguntza eta prestakuntza ematea eraldaketa horretara egokitu daitezen eta errealitate berriak eskatzen dituen gaitasunak eta jarrerak garatu ditzaten.
Horretarako, Lanbide Heziketa ere eraldatu egin behar da. Ikastetxe mota berri bat behar da, etorkizunari begiratzen diona, erakunde adimendun gisa antolatu eta kudeatzen dena eta lan egiteko beste modu bat duena, ezagutza sortuz eta partekatuz, eta lankidetza-sareetan parte hartuz, giza garapen jasangarri baterantz aurrera egiteko helburua lehenetsiz. Aldi berean, beharrezkoa da ikasleei gaitasun berriei buruzko prestakuntza ematea, enpresen eta gizartearen beharrei erantzuteko, azkar eta malgutasunez erantzun ere.
Euskal Lanbide Heziketak abangoardia teknologikoan jarraitu behar du, eta ingurune adimendunetan murgildu, 5.0 soluzioen bidez, ikasleek aukera izan dezaten ingurune teknologikoki oso aurreratuetan esperimentatzeko. Teknologia digitalen erabilerak eta sistema, egitura eta espazio desberdinetaranzko bilakaerak ikasleen prestakuntza eta esperientzia hobeak sortzea dute helburu, eredu sortzaile eta bereizgarriago baten bidez. Lanbide Heziketak aurrerapen handia izango du hainbat alderdi berritan: ikastetxeen kudeaketa digitalizaturako hobekuntzak, eragileen parte-hartzea, irakasleekiko interakzioa, hain teorikoak ez diren edukien sorrera formatu interaktibo eta pertsonalizatu berrietan, eta beste hainbat dira, hori guztia 5.0 prestakuntzaranzko benetako bilakaera batean.
Deialdi hau Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitakoa da. Plan hori Hezkuntzako sailburuaren Aginduaren bidez onartu zen, zeinaren bidez Sailaren 2023. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen baita.
Ondorioz, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan xedatutakoarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzen araubidea arautzekoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuarekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Agindu honen xedea da makineria edo ekipamendua erostetik edo errentan hartzetik eta makineria edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak finantzatzera bideratutako dirulaguntzen deialdia egitea, bi jarduketa-eremuren arabera:
– 1. eremua: Aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzat, heziketa-zikloak emateko beharrezko makineria edo ekipamendua eguneratzeko, II. kapituluan adierazitakoaren arabera.
– 2. eremua: Aurrez aurreko modalitate osoko Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuentzat, 4.0 eta 5.0 ingurunearen erronkei erantzungo dieten eta lanbide-heziketaren eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren planak ezarriko dituzten proiektuei heltzeko, III. kapituluan ezarritakoaren arabera.
2. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira jarduketa-eremu bakoitzean agindu honen II. kapituluko 18. artikuluan eta III. kapituluko 25. artikuluan ezarritakoak.
3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
1.– Agindu honetan bideratutako dirulaguntzen zenbateko osoa bi milioi berrehun eta hamazazpi mila laurehun eta laurogeita zazpi eurokoa da (2.217.487 euro).
2.– Zenbateko osoa honela banatuko da deialdi hau osatzen duten bi jarduketa-eremuen artean:
– 1.000.000 euro agindu honetako 1. artikuluan definitutako 1. eremuan sartzen diren makineriaren edo ekipamenduen erosketa edo errentamendu-kuotak finantzatzeko. Eremu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko, proportzionalki banatuko da goian adierazitako zenbatekoa, eta banaketa hori egiteko, horretarako beren-beregi ezarritako irizpideak beteko dira.
– 1.217.487 euro agindu honetako 1. artikuluan definitutako 2. eremuan sartzen diren makineriaren edo ekipamenduen erosketa edo errentamendu-kuotak finantzatzeko. Eremu honetarako aurreikusitako dirulaguntzak emateko, lehia bidezko konkurrentzia-prozedura erabiliko da.
3.– Eremu bakoitzari esleitutako diru kopuru guztia agortzen ez bada, sobera dagoen zenbatekoa beste jarduketa-eremuari esleitutako kopuruari gehituko zaio, baldin eta hasiera batean esleitutako diru kopurua ez bada nahikoa izan baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, zentzu horretan balorazio-batzordeak emango duen proposamenaren arabera.
4. artikulua.– Parte hartzeko betekizun orokorrak.
1.– Agindu honek jarduketa-eremu bakoitzerako ezarritako bestelako eskakizun espezifikoak ezertan galarazi gabe, agindu honen bitartez deitzen diren dirulaguntzak eskuratzeko, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, ezinbestean, interesdunek:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekurik ez izatea, sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluaren arabera, zeinak ezartzen baitu ezin izango duela inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso sexuaren ziozko diskriminazioa eragiten duen edonolako jarduerak, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoek ere, zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legedian ezarritakoaren arabera.
b) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Betekizun biek iraun behar dute emandako dirulaguntzak likidatu arte; beraz, egiaztatu egingo da bete egiten direla bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2, 3 eta 3 bis apartatuetan ezarritako egoera batean ere ez egotea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute, honako betebehar eta eskakizun hauek egiaztatzeko:
a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.
b) Administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez dagoela.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritako egoeren eraginpean ez dagoela (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak aldatu zuen testu bategin hori).
d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2, 3 eta 3 bis apartatuetan zehaztutako debekuetako batean ere.
f) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.
3.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez aldatua– eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartu baitzen Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa.
3.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honi lotutako gainerako izapideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/servicios/0098612
4.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.
1.– Eskabideak (I. eranskina), baldintza guztiak behar bezala beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dituzte, agindu honen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Ezingo da makina edo ekipamendu berbera erosteko edo errentan hartzeko finantzaketa eskatu bi jarduketa-eremuetan.
3.– Eskabideekin (I. eranskina) batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuratzeari buruzko informazioa. Dirulaguntzen eskatzaileak zerga-administrazio eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du. Ziurtagiri horretan, ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emanda dagoen jarduera guztiak jasoko dira. Hala badagokio, eskuragarri dagoen azken ekitaldiko Balio Erantsiaren gaineko Zergaren urteko aitorpen-likidazioaren 390 ereduaren kopia ere aurkeztu beharko du, bai eta aipatutako 390 ereduaren aurkezpenaren eta egiten dituen EJZ jardueren azalpen-memoria labur bat ere.
– Agindu honen II. kapituluko 20. artikuluan eta III. kapituluko 26. artikuluan jarduketa-eremu bakoitzerako eskatzen den dokumentazio espezifikoa.
4.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
8. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.
1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak izango du emate-prozedura instruitzeko eskumena.
2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:
a) Batzordeburua: Nicolás Sagarzazu Alzua, Plangintza eta Antolaketako zuzendaria, edo haren ordezkoa.
b) Bokalak:
Aitor Lopez de Aberasturi Ortiz de Pinedo, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna, edo haren ordezkoa.
Beatriz Aranaga Elorriaga, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.
Argiñe Lopez Poblacion, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.
Mikel Imaz Gorrotxategi, Arabako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.
Pablo Gaztelumendi Martínez, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanetan arituko da, hitzarekin baina botorik gabe.
3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori agindu honen 5. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie onuradunei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, halaber, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.
4.– Aurkeztutako alegazioak aztertuta, balorazio-batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.
5.– Ebazpenerako behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.
9. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura amaitzea, jakinaraztea eta publikotasun-prozedurak.
1.– 1. eremuan, eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztiei emango zaizkie dirulaguntzak, II. kapituluko 22. artikuluan xedatutako banaketa-irizpideen arabera.
2.– 2. eremuan, lehia bidezko konkurrentzia-prozedura erabiliko da betekizunak betetzen dituzten eskaeren artean dirulaguntzak banatzeko. Dirulaguntzak kreditua agortu arte emango dira, puntuazio handiena lortu dutenetatik hasita, III. kapituluko 28. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta 27.3 artikuluan finkatutako mugak kontuan hartuta.
3.– Lanbide Heziketako sailburuordeak, balorazio-batzordeak proposatuta, ebazpen bat emango du jarduera-eremu bakoitzerako. Ebazpen horietako bakoitzak emandako dirulaguntzak zehaztuko ditu, eta dirulaguntzak ukatzeko arrazoiak adieraziko ditu. Lehenengoen kasuan, adierazi behar dira onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala adieraziko da.
4.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei; dena den, haien ezagutza orokorra bermatzearren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, hauek adierazita: onuradunen zerrenda, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutako ondoreetarako.
6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzeko baldintzapean geratuko da.
7.– Artikulu honen 3. apartatuan aipatzen diren ebazpenek ez dute administrazio-bidea agortzen, eta, ebazpen horien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote pertsona interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
10. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Jarduketa-eremu bakoitzeko gastuak justifikatzeko, agindu honen II. kapituluko 23. artikuluan eta III. kapituluko 29. artikuluan beren-beregi adierazitako eranskinak aurkeztu beharko dituzte onuradunek.
Eranskin horiekin batera, gastuak justifikatzeko egiaztagiri hauek ere aurkeztuko dira:
– Makineria edo ekipamendua erosiz gero, fakturen benetako kopiak eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak.
– Errentamendua bada, finantza-errentamenduaren gastuen hileko kuotaren justifikazioa, errentamendu-kontratuaren benetako kopiaren eta ordainagirien bidez.
3.– Baldin eta jarduketa-eremu batean diruz lagundu daitekeen makineriari edo ekipamenduari eragiten dion faktura edo errentamendu-kontratu batek barne hartzen badu, aldi berean, beste jarduketa-eremuan diruz lagundu daitekeen beste makineria edo ekipamendu bat, egiaztagiri berbera aurkeztu ahal izango da gastu biak justifikatzeko. Dena den, justifikazio bakoitzean adierazi beharko da dokumentu horren zein zati proportzional dagokion eremu bakoitzari.
4.– Onuradunek jatorrizko justifikazio-agiri guztiak izan behar dituzte zaintzapean eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura, hark eskatzen baditu ere.
5.– Agiri horiek aurkezteko azken eguna 2024ko urtarrilaren 2a izango da.
11. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira, behar bezala justifikatu ostean.
2.– Ordainketa hori egin ahal izateko, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 34.5 artikuluan adierazitako betekizun guztiak betetzen dituela. Era berean, ordainketak egiteko baldintza izan daiteke deialdian edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen den dokumentazioa aurkeztea.
12 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Dirulaguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, kobratzeko eskubidea galtzea edo jasotako zenbatekoak gehi dagozkien berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena) ezarritakoari jarraituz.
2.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
13. artikulua.– Ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira eta beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako dirulaguntzak ere lortzen badira, eta, horren ondorioz, ezarritako mugak gainditzen badira, emate-ebazpena ere aldatu ahal izango da hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe.
Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.
2.– Diruz lagundutako jarduera gauzatu ondoren, azkenean erabilitako eta, beraz, justifikatutako zenbatekoa emandako zenbatekoa baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntza benetan justifikatutako zenbatekora murriztuko da.
14. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan jarduketa-eremu bakoitzarentzat aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, behar den gehieneko mugaraino.
2.– Edonola ere, deialdi honetan jarduketa-eremu bakoitzerako aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak deialdi honetako jarduketa-eremuetarako makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko emandako dirulaguntzekin, izan dirulaguntza izendunak, dirulaguntza zuzenak edo dirulaguntza-aginduetan ezarritakoari jarraikiz emandako bestelako edozein laguntza.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Dirulaguntzako ekipamenduak dirulaguntzaren xede zehatz horretarako izango dira, eta bi urte baino gutxiago ezin izan daitekeen denboraldi baterako, ekipamendua erosi edo errenta-kontratua egiten den egunetik aurrera.
3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.
4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.
5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
8.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari erraztu behar diote diruz lagundutako ekipamenduen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa.
9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek betetzeko erabiltzen diren euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartuko da: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2023ko deialdian finantzatutako makineria edo ekipamendua».
Dirulaguntzaren bidez ekipamenduaren zati bat bakarrik finantzatu bada, hau adieraziko da: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2023ko deialdian kofinantzatutako makineria edo ekipamendua».
10.– Hemen xedatutako betebehar guztiak betetzea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.
16. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Lanbide Heziketarekin lotutako laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza.
Xedea: Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
Hartzaileak:
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: onuradunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/047400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
II. KAPITULUA
1. EREMUAREN EZAUGARRI ESPEZIFIKOAK: DIRULAGUNTZAK MAKINERIA EDO EKIPAMENDUA EROSTEKO EDO ERRENTAN HARTZEKO, HEZIKETA-ZIKLOAK EMATEKO BEHARREZKO MAKINERIA EDO EKIPAMENDUA EGUNERATZEKO.
17. artikulua.– Onuradunak.
Kapitulu honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke 2022-2023 ikasturtean aurrez aurreko modalitate osoan Lanbide Heziketako zikloren bat ematen duten eta 4. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak.
18. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira heziketa-ziklo bakoitzerako ezarritako makineria edo ekipamendu espezifikoa erosteko edo errentan hartzeko egindakoak, baita makineria edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak ere. Edozein heziketa-ziklok partekatzen dituen eta erabilera orokorra duten ekipamenduek dirulaguntza jaso ahal izango dute, baldin eta ikaskuntza-metodologia eta -tresna berritzaileak ezartzeko espazioak egokitzeko aukera ematen badute.
2.– Artikulu honen aurreko apartatuak aipatzen duen espazio-egokitzapenak ikaskuntza-metodologia berrietan sustatzen den lankidetza aktiboa errazteko gune moldakor, ireki eta interkonektatuak lortzera egon behar dira bideratuta.
3.– Makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
4.– Makineria edo ekipamendua erosteak edo errentan hartzeak duen jasandako balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarritzat joko da baldin eta indarreko zerga-araubidearen arabera berreskuraezina bada.
5.– Makineriaren edo ekipamenduaren erosketa eta ordainketa, bai eta kapitulu honetan xedatutako dirulaguntzen xede diren errentamendu-kuoten ordainketak ere, 2023ko urtarrilaren 1aren eta 2023ko abenduaren 31ren artean egin behar dira. Horren ildotik, benetan ordaindu dena hartuko da egindako gastutzat.
19. artikulua.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.
Ezin izango dira diruz lagundu mota hauetako makineria edo ekipamenduak:
– Administrazio-elementu arruntak, prestakuntza-gelan ez dauden eta soil-soilik prestakuntzarako erabiltzen ez diren elementu informatikoak (ordenagailuak, inprimagailuak, eta abar) eta irakasleek edo ikastetxeko zuzendaritza-taldeak bakarrik erabiltzeko ekipamendua.
– Erabiliko diren heziketa-ziklorako espezifikoak ez diren aplikazio informatiko edo teknologikoen software eta erabilera-lizentziak.
– Sareko elementu komunak, adibidez: zerbitzariak, wifia eskuratzeko guneak eta erabiliko diren heziketa-ziklorako espezifikoak ez diren beste batzuk.
– Erabilera partekatu eta orokorreko beste edozein elementu, xede duen heziketa-zikloko espezifikoa ez dena, eta espazioak aurreko artikuluaren 2. apartatuan ezarritako ezaugarrietara egokitzea ahalbidetzen ez duena.
20. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideekin batera (I. eranskina), beharrezko makineria edo ekipamendua justifikatzen duen memoria aurkeztu beharko da (III. eranskina). Memoria horretan, alderdi hauek jasoko dira:
– Diruz lagunduko den makineriari edo ekipamenduari lotutako heziketa-zikloak, eremu estrategikoak eta helburuak.
– Diruz lagunduko den makineriaren edo ekipamenduaren xehetasunak.
– Eskatutako inbertsioen erabilgarritasunaren justifikazioa.
21. artikulua.– Zenbatekoa eta emateko prozedura.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoa 1.000.000 eurokoa da.
2.– Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko, 22. artikuluan adierazitako irizpideen arabera banatuko da artikulu honetako 1. atalean adierazitako zuzkidura, eskatutako epean eta moduan aurkeztu diren eta agindu honetako 4. eta 17. artikuluetan xedatutako eskakizunak betetzen dituzten eskabideen artean.
3.– Arestian aipatutako irizpideak aplikatuta, eremuren batean hasieran banatutako kopurua 22. artikuluan adierazitakoa baino txikiagoa bada, sobera dagoen zenbatekoa proportzionalki banatuko da berriro lehenengo banaketan lortutako emaitzen arabera, irizpide bakoitzean esleitutako kreditu osoa agortu arte. Aldiz, hasiera batean banatutako diru kopuru osoa esleitutakoa baino handiagoa bada, gehiegizko zenbatekoa murriztu egingo da goian deskribatutako sistema erabilita.
4.– Edonola ere, azkenean ematen den zenbatekoa ezingo da izan diruz lagungarritzat onartutako inbertsioaren % 100 baino handiagoa. Irizpide horiek aplikatuta ateratako kopurua diruz lagungarritzat onartutako kopurua baino handiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da horren parera, eta soberako kopurua proportzionalki banatuko da, deskribatutako sistemaren arabera, egoera horretan ez dauden eskabideen artean eta irizpide guztiak aplikatu eta gero lortutako azken emaitzaren arabera.
22. artikulua.– Banaketa-irizpideak.
1.– Eskatzaile bakoitzari diruz lagunduko zaion zenbatekoa kalkulatzeko, 3.2 artikuluan 1. eremurako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidurari banaketa-irizpide hauek aplikatuko zaizkio:
a) Ikastetxearen tipologia. Guztizko aurrekontu-zuzkiduraren % 60 honako azpi-irizpide hauen arabera banatuko da:
a.1.– 2022-2023 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin itundutako Lanbide Heziketako zikloen kopurua, oinarrizkoak, erdi-mailakoak eta goi-mailakoak aintzat hartuta. Heziketa-zikloak multzokatuta agertuko dira, makineria edo ekipamendua zein kostu-talderi dagokion, II. eranskineko taulan ezarritakoari jarraikiz. (% 20).
a.2.– 2022-2023 ikasturtean matrikulatutako ikasle kopurua. Heziketa-zikloak multzokatuta agertuko dira, makineria edo ekipamendua zein kostu-talderi dagokion, II. eranskineko taulan ezarritakoari jarraikiz. (% 20).
a.3.– 2022-2023 ikasturtean osatutako talde kopurua. Heziketa-zikloak multzokatuta agertuko dira, makineria edo ekipamendua zein kostu-talderi dagokion, II. eranskineko taulan ezarritakoari jarraikiz. (% 20)
Azpi-irizpide bakoitzeko banaketa ziklo bakoitzari, ikasle bakoitzari eta osatutako talde bakoitzari emandako balioaren arabera egingo da. Horretarako, honako hau egin behar da lehenik: azpi-irizpide bakoitzean banatu beharreko zuzkidura zati onartutako eskabideetan dauden zikloen, matrikulatutako ikasleen edo osatutako taldeen guztirako zenbatekoa. Gero, haztatu egin behar da kalkulu horretatik ateratako balioa taula honetan kostu-talde bakoitzerako ezarrita dauden aplikazio-koefizienteekin:
(Ikus .PDF)
Zenbateko osoa kalkulatzeko, honako hau egin behar da: lehenik, ziklo, ikasle eta osatutako talde bakoitzaren balioa bider eskabide bakoitzean guztira ematen diren zikloak, matrikulatuta dauden ikasleak eta osatutako taldeak, hurrenez hurren; eta, gero, kalkulu horietatik ateratzen diren emaitzak gehitzea.
b) Erronketan oinarritutako «ETHAZI» ikaskuntza-metodologia ezartzea. Aurrekontu-zuzkidura osoaren % 30 ikaskuntza-metodologia hori 2021-2022 ikasturtean erabat edo partzialki edo esperimentalki ezarrita daukaten heziketa-zikloen ehunekoaren arabera banatuko da.
b.1.– ETHAZI metodologia erabat ezarrita daukaten zikloen ehunekoa, eskainitako ziklo kopuru osoa aintzat hartuta. (% 20).
b.2.– ETHAZI metodologia erabat edo partzialki edo esperimentalki ezarrita daukaten zikloen ehunekoa, eskainitako ziklo kopuru osoa aintzat hartuta. (% 10).
Azpi-irizpide bakoitzean banaketa egiteko, balio bat emango zaio jarraian datorren taulako ehunekoen tarte bakoitzari. Horretarako, azpi-irizpide bakoitzean banatuko den zenbateko osoa zati metodologia hori erabat edo partzialki edo esperimentalki ezarrita daukaten zikloren bat duten onartutako eskabideen kopurua egin behar da. Hortik ateratako balioa honako taula honetan adierazitako aplikazio-koefizienteen bidez haztatu behar da gero:
(Ikus .PDF)
Eskatzaile bakoitzak azpi-irizpide bakoitzean duen ehunekoa kalkulatzeko, ETHAZI metodologia erabat edo partzialki edo esperimentalki ezarrita duten heziketa-ziklo guztiak zati eskatzaileak ematen dituen mota horretako heziketa-zikloak egingo da. Eskatzaile bakoitzari dagokion zenbatekoa bat etorriko da kalkulatutako ehunekoaren arabera kasuan-kasuan aplikatu beharreko tartearekin.
c) Ekintzailetza. Guztirako aurrekontu-zuzkiduraren % 10 Ikasenpresa eta Urratsbat programetan 2021-2022 ikasturtean izandako parte-hartzearen arabera banatuko da.
c.1.– Ikasgeletan eskola-enpresak sortzea lantzen duen Ikasenpresa heziketa-programan parte hartzea. (% 5).
Banaketa egiteko, lehenik eta behin, puntu bakoitzeko balio bat zehaztuko da. Horretarako, azpi-irizpide honetan banatuko den zenbateko osoa parte-hartzaile guztiek lortutako puntu kopuruaren baturarekin zatituko da. 2021-2022 ikasturtean ikasenpresaren bat altan eman duten programako parte-hartzaileek puntu 1 jasoko dute. Ikasenpresarik altan eman ez duten parte-hartzaileek 0,5 puntuko kalifikazioa lortuko dute.
Kasu bakoitzean, zenbateko indibidualizatua eragiketa honen emaitza izango da: puntu bakoitzeko balioa bider eskabide bakoitzak lortutako puntuazioa.
c.2.– Enpresa-sorkuntzan laguntzeko Urratsbat programaren esparruan sortutako enpresa kopurua. (% 5).
Banaketa hori egiteko, lehenik, 2021-2022 ikasturtean sortutako enpresa bakoitzaren balioa zehaztuko da. Horretarako, hau egingo da: azpi-irizpide honetako zuzkiduraren kopurua zati onartutako eskabideetan sortutako enpresa guztien batura.
Kasu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hau egingo da: sortutako enpresa bakoitzaren balioa bider eskabide bakoitzean sortutako enpresa kopurua.
23. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek justifikazio-kontuari dagozkion agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) IV. eranskina – Justifikazio-memoria ekonomikoa. Dokumentu horretan, errentamendu-kuoten fakturen edo ordainketen zerrenda jasoko da, honako hauek adierazita: hornitzailea/finantza-erakundea, faktura-zenbakia/errentamendu-kontratuaren zenbakia, fakturaren jaulkipen-data/errentamendu-kontratuaren izenpetze-data eta errentamendu-kuoten/fakturen ordainketa-data.
Dirulaguntzaz gain, finantzaketaz ere baliatu badira jarduerak bai baliabide propioez bai bestelako dirulaguntzez edo baliabideez, egiaztatu beharko dira zenbatekoa, haren jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretarako erabili direla.
b) V. eranskina – Azken memoria, hauek adierazita, besteak beste:
– Egindako inbertsioaren azalpen laburra.
– Programatutako helburuen betetze-mailari buruzko informazioa.
– Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.
2.– Aurreko atalean aipatutako eranskinekin batera, agindu honetako 10.2 artikuluan adierazitako gastuen egiaztagiriak aurkeztuko dira.
III. KAPITULUA
2. EREMUAREN EZAUGARRI ESPEZIFIKOAK: 4.0 ETA 5.0 INGURUNEEN ERRONKEI ERANTZUNGO DIETEN PROIEKTUEI HELTZEKO ETA LANBIDE-HEZIKETAKO ERALDAKETA DIGITALAREN ETA JASANGARRITASUNAREN PLANAK EZARTZEKO MAKINERIA EDO EKIPAMENDUA EROSTEKO EDO ERRENTAN HARTZEKO DIRULAGUNTZAK.
24. artikulua.– Onuradunak.
Kapitulu honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke 2022-2023 ikasturtean aurrez aurreko modalitate osoan Lanbide Heziketako zikloren bat ematen duten eta 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatu integratuen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak.
25. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira 4.0 eta 5.0 inguruneen esparruan teknologia hauetako bat edo batzuk ezartzea ahalbidetuko duen proiektu baten parte den makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko egindakoak, baita makineria edo ekipamendu hori instalatzetik eratorritako gastuak ere.
– 5G sareak. Milioika gailutara konektatzea ahalbidetzen du, oso konektagarritasun azkarraren bidez, eta horrek inguratzen gaituen guztiarekin komunikatu ahal izatea ahalbidetuko du, Denaren Interneten bidez (IoE).
– Internet industriala, enpresara aplikatutako Internet. Horri esker, tokiko kudeaketa-datuen sareak sor daitezke sentsore analogikoen datuekin, eta online informazioa sor daiteke makinen egoerari, prozesuei, produktuen bizitzari eta mantentze-lanari, desbideratzeei, aurreikuspenei eta abarri buruz.
– Gauzen Internet, Denaren Internet eta Zentzumenen Internet. Gauzen Internet haririk gabeko sareen bidez datuak jaso eta transferitzen dituzten gailu fisikoen sistema guztiei dagokie; hori guztia pertsonen esku-hartze oso txikiarekin, gailu informatikoak mota guztietako objektuetan integratzeari esker. Denaren Internet gailu fisikoak eta Internet bidezko datu-fluxuak lotzen dituen teknologia da. Mundu berri batean sartzen gaitu, non dena guztiarekin konektatuta egongo baita, hainbat sare eta sentsoreren bidez, Interneterako eta hodeirako etengabeko konexioarekin. Zentzumenen Internet bidez, gure zentzumen-organoek gure ingurune osoa kontrolatuko dute. Zentzumenen Internet prest egongo da gure pentsamenduei erantzuteko, baita beste batzuekin partekatzeko ere. Pertsonek transmititu nahi dituzten aginduak pentsatuko dituzte, eta horiek egia bihurtuko dira, entzuten dutena eta besteek haiengandik entzuten dutena kontrolatuta, teknologia horren bidez.
– Sistema ziberfisikoak. Sentsore fisikoetatik eta sare digitaletatik lortutako informazioa integratzeari egiten diote erreferentzia eta horrek eremu fisikoko produktu edo objektuen segimendua egitea dakar, informazioa biltegiratuz eta tratatuz.
– Errealitate areagotua eta errealitate birtuala. Simulazioak edo errealitate birtualak aukera ematen du produktu, prozesu eta makinen 3Dko ereduak sortzeko. Eremu fisikoa birtualki hainbat egoeratan birsortzean datza.
– Fabrikazio aditiboa. 3Dko eredu digitaletik abiatuta, molderik gabe, material-geruzak gehituz, objektu bat sortzen duten 3D inprimagailuei egiten dio erreferentzia. Horri esker, denbora gutxiago behar da eta merkeagoa da ereduak egitea, baita piezak konpontzea ere.
– Fabrikazio aditiboa robotikara aplikatuta.
– Adimen artifiziala eta adimen kognitiboa. Adimen artifizialari esker, informazio asko kudeatu ahal izango da oso denbora-tarte laburrean. Beraz, adimen artifizial honetan eta Big Datan oinarrituta, informazio bolumen handiak bilduko baititu, oso gauza desberdinak egin ahal izango dira, askoz hobeto eta askoz azkarrago, askotariko eremuetan.
– Robotika kolaboratiboa. Adimen artifiziala robotei aplikatzeko urrats logikoa da, langile baten mugimenduak imitatu ahal izan ditzaten, elkarri modu seguruan eraginez eta sentsoreen informazioa integratuz, hala nola droneena.
– Errealitate mistoa. Elkarrekintza fisiko eta birtualak eta ingurunea esperimentatzeko modu berri bat biltzen du, belaunaldi berriko detekzio- eta digitalizazio-teknologien sorta baten bidez. Mundu erreala birtualarekin konektatzea du xede, eta munduarekin 360 gradutan elkarrekintzan aritzeko aukera gehiago ematen ditu.
– Biki digitala. Industria-prozesu baten funtzionamendu-baldintzak, mekanikoak zein fisikoak, simulatzen ditu. Aukera ematen du prozesuaren osagaien funtzionamendua programatzeko eta multzo osoaren portaera azkar doitzeko, amaierako instalazio fisikoa eraginkorragoa izan dadin.
– Zibersegurtasuna. Honen barruan sartzen dira sare digitalak, gailuak, programak eta datuak eraso, kalte edo baimenik gabeko sarbideetatik babesteko neurriak eta jarduerak. Ekoizpen jardueraren digitalizazioak izandako bultzadak eta garapenak, eta, bereziki, sarera konektatutako gailuen hazkunde esponentzialak, beharrezko egiten dute segurtasun digitalean eragitea, babes-erremintak eta -tresnak hobetuz.
2.– Proiektuak makineria edo ekipamendu bakarra hartu behar du barnean, eta, kasu horretan, xede duen teknologia ezartzeko oinarrizkoa edo funtsezkoa izan behar du. Halaber, posible da ondo funtzionatzeko behar-beharrezkoak diren osagarriak edo moduluak gehitzea. Hainbat ekipo ere egon daitezke, batera muntatuta instalazio bat osatzen badute; adibidez, murgilketa-gela bat, gela interaktibo bat, produkzio-kate bat.
3.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra egin ahal izango du, proiektu bakarrean.
4.– Makineria edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
5.– Makineria edo ekipamendua erosteak edo errentan hartzeak duen jasandako balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarritzat joko da, baldin eta indarreko zerga-araubidearen arabera berreskuraezina bada.
6.– Makineriaren edo ekipamenduaren erosketa eta ordainketa, bai eta kapitulu honetan xedatutako dirulaguntzen xede diren errentamendu-kuoten ordainketak ere, 2023ko urtarrilaren 1aren eta 2023ko abenduaren 31ren artean egin behar dira. Horren ildotik, benetan ordaindu dena hartuko da egindako gastutzat.
26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaerekin batera (I. eranskina), honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Proiektuaren aurkezpen-dokumentua. Gutxienez, honako atal hauek izan behar ditu:
– Proiektuaren eta bere helburuen deskribapen eta justifikazio zehatza, eta eskatutako makineria edo ekipamendu bakoitzaren egokitasunaren justifikazioa.
– Proiektuaren ardatz nagusia izango den 4.0 eta 5.0 inguruneetako teknologia.
– Proiektuaren ezarpenak ikastetxean izango duen irismena.
– Hasita edo hasteko dagoen beste proiekturen bati lotutako makineria- edo ekipamendu-eskaerak.
– Eskatutako makineriarekin edo ekipamenduarekin ezarriko den 4.0 eta 5.0 teknologia erabiltzeko irakasleek egin duten edo egingo duten prestakuntza-plana.
b) Proiektuaren laburpen-memoria (VI. eranskina).
27. artikulua.– Zenbatekoa eta emateko prozedura.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoa 1.217.487 eurokoa da.
2.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko, lehia bidezko konkurrentzia-prozedura erabiliko da. Ondorio horietarako, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, agindu honen 28. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideei jarraituz. Deialdi honen 2. eremuari esleitutako kredituak agortu arte adjudikatuko dira dirulaguntzak, hurrengo apartatuan ezarritako mugekin.
3.– Onuradun bakoitzari diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 100 emango zaio; gehienez 150.000 euro eta gutxienez 18.000 euro.
4.– Hala ere, prozedura eta artikulu honetan ezarritako mugak aplikatu ondoren, banatu gabeko zuzkidurarik geratzen bada, lehentasun-hurrenkeran hurrengo postuan sailkatuta dagoenaren inbertsio diruz lagungarriaren % 100era iristen ez delako, geratzen den zuzkiduraren zenbatekoa esleituko zaio, betiere diruz lagungarri gisa onartutako inbertsioaren % 85 gutxienez estaltzen badu. Bestela, puntuazio handiena duen hurrengo sailkatuari esleituko zaio laguntza, baldin eta gainerako zuzkiduraren zenbatekoak diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 85 estaltzen badu, gutxienez.
28. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Proiektuak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, dagozkien puntuazioak emanda:
a) Proiektuaren eta bere helburuen deskribapen eta justifikazio zehatza, eta eskatutako makineria edo ekipamendu bakoitzaren egokitasunaren justifikazioa (0-15 puntu).
Proiektuaren eta horrekin lortu nahi diren helburuen deskribapenaren eta justifikazioaren kalitatea eta garapen-maila baloratuko dira, bai eta proiektua gauzatzeko eskatutako makineria edo ekipamendu bakoitzak duen egokitzearen edo funtzioaren justifikazioa ere.
b) Proiektuak duen gaitasuna agindu honen 25.1 artikuluan deskribatutako teknologiak ezartzeko, bai eta 4.0 eta 5.0 inguruneen erronkei erantzuteko eta lanbide-heziketaren eraldaketa digitalerako eta jasangarritasunerako planak ezartzeko duen gaitasuna ere.
Irizpide hori baloratzeko, lehenik eta behin, aurkeztutako proiektu guztiak sailkatuko dira, proiektu bakoitzaren ardatz nagusia den teknologia motaren arabera, eta teknologia hori bakarrik baloratuko da. Teknologia baten barruan sailkatutako proiektu bakoitzak gehienez lor daitekeen puntuazioa izango du:
– Errealitate mistoa, errealitate areagotua eta errealitate birtuala: gehienez 8 puntu.
– Robotika kolaboratiboa: gehienez 7 puntu.
– Biki digitala: gehienez 7 puntu.
– Zibersegurtasuna: gehienez 7 puntu.
– Fabrikazio aditiboa eta robotikara aplikatutako fabrikazio aditiboa: gehienez 6 puntu.
– Adimen artifiziala eta adimen kognitiboa: gehienez 6 puntu.
– 5G sareak: gehienez 5 puntu.
– Internet industriala eta sistema ziberfisikoak: gehienez 5 puntu.
– Gauzen Internet, Denaren Internet eta Zentzumenen Internet: gehienez 5 puntu.
Proiektu bakoitzaren puntuazio indibidualizatua teknologia beraren barruan sailkatutako proiektu guztiak alderatu ondoren ezarriko da, proiektu bakoitzak hauek egiteko duen gaitasunaren arabera: teknologiaren ezarpen-maila handiagoa edo txikiagoa lortzea, 4.0 eta 5.0 inguruneen erronkei erantzutea eta lanbide-heziketaren eraldaketa digitalerako eta jasangarritasunerako planak ezartzea.
c) Proiektua ezartzeak ikastetxean izango duen irismena (0-10 puntu).
Proiektuak ikastetxeko ikasle eta irakasleengan izango duen eragina baloratuko da, baita ikastetxeko sailetan eta Lanbide Heziketako zikloetan izango duena ere.
Irismena kuantifikatu beharko da proiektuaren onuradun izango diren ikasle, irakasle, sail eta zikloen kopuruaren arabera, ikastetxe osoari dagokionez. Ildo horretan, behar bezala garatu eta argudiatu beharko da irismenean agertzen direnek nola jasoko duten proiektuaren onura, eta horietako bakoitzak ezarri nahi den teknologia nola erabiliko duen azaldu beharko da.
d) Hasita edo hasteko dagoen beste proiekturen bati lotutako makineria- edo ekipamendu-eskaerak (0-5 puntu).
Eskatutako makineria edo ekipamendua eskatzaileak hasita edo hasteko daukan beste proiekturen bati lotuta dagoen baloratuko da. Betiere, proiektua egikaritzeko ezarritako edo aurreikusitako epea adierazi beharko da.
Eskatzailea Lanbide Heziketara Aplikatutako Ikerketa Zentroarekin (TKNIKA) edo lanbide-heziketako beste zentro batzuekin lankidetzan lan egiten ari den edo lan egingo duen proiektu zehatzak soilik hartuko dira kontuan. Ildo horretan, proiektu horietan parte hartu izanaren ebidentziak aurkeztu beharko dira, eta deialdi honetan eskatutako makineriaren edo ekipamenduaren eta apartatu honetan alegatutako proiektuen arteko lotura argudiatu beharko da.
e) Eskatutako makineriarekin edo ekipamenduarekin ezarriko den 4.0 eta 5.0 teknologia erabiltzeko irakasleek egin duten edo egingo duten prestakuntza-plana (0-5 puntu).
Prestakuntza jaso duten irakasleen kopurua eta prestakuntza eman nahi zaien irakasleen kopurua baloratuko dira, proiektuaren irismenean ageri diren irakasleen guztizko kopuruari dagokionez, bai eta prestakuntza hori ezarri beharreko 4.0 teknologia erabiltzeko egokia den ere. Horretarako, irakasle horiek jaso duten edo jasoko duten prestakuntzaren xehetasun guztiak eman beharko dira.
2.– Aurkeztutako proiektuek aurreko apartatuko irizpideak aplikatuz lortu duten puntuazioari haztapen-faktore bat aplikatuko zaio, 2021eko eta 2022ko ekitaldietako deialdietan lortutako estaldura-mailaren arabera.
Kasu bakoitzean dagokion estaldura-mailaren ehunekoa honela kalkulatuko da: 2021eko eta 2022ko deialdietan esleitutako zenbatekoen batura zati deialdi horietan ezarritako gehieneko dirulaguntzen zenbatekoen batura. Aplikatu beharreko haztapen-faktorea honako taula honen arabera dagokiona izango da:
(Ikus .PDF)
Haztapen-faktorea modu berean aplikatuko da eskatzaileak deialdi horietan edo deialdi horietakoren batean parte hartu ez duenean. Kasu hauetan, estaldura-maila kalkulatzeko, eskatzaileak parte hartu ez duen deialdietan zero euroko kantitatea hartuko da esleitutako zenbatekotzat.
Hala ere, eskatzaileak deialdi horietan edo deialdi horietakoren batean parte hartu ez badu dirulaguntzen bateragarritasun-araubidea aplikatu izanaren ondorioz, ekitaldi horietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kapitulu honetan zehaztutako jardun-eremuarekin lotutako makineria eta/edo ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko emandako beste dirulaguntza batzuen onuradun izan delako, dirulaguntza izenduna, zuzeneko dirulaguntza edo dirulaguntza-aginduetan ezarritakoari jarraikiz emandako bestelako edozein laguntza izan, estaldura-maila kalkulatzeko orduan, ezarritako gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko da arrazoi hori dela-eta lehiatu ez diren deialdietan esleitutako zenbatekotzat.
29. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek justifikazio-kontuari dagozkion agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) VII. eranskina – Justifikazio-memoria ekonomikoa. Dokumentu horretan, errentamendu-kuoten fakturen edo ordainketen zerrenda jasoko da, honako hauek adierazita: hornitzailea/finantza-erakundea, faktura-zenbakia/errentamendu-kontratuaren zenbakia, fakturaren jaulkipen-data/errentamendu-kontratuaren izenpetze-data eta errentamendu-kuoten/fakturen ordainketa-data.
Dirulaguntzaz gain, finantzaketaz ere baliatu badira jarduerak bai baliabide propioez bai bestelako dirulaguntzez edo baliabideez, egiaztatu beharko dira zenbatekoa, haren jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretarako erabili direla.
b) VIII. eranskina – Azken memoria, hauek adierazita, besteak beste:
– Egindako inbertsioaren azalpen laburra.
– Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.
2.– Eranskin horiekin batera, agindu honetako 10.2 artikuluan adierazitako gastuen egiaztagiriak aurkeztuko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan araututako laguntzek ebko funtzionamendurako tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatu-laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio europako batzordeari jakinarazpenik egin behar.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 16a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.