Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2023ko maiatzaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2433

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 18koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2023-2025 aldirako dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egitea helburu duena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko maiatzaren 17ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, 2023-2025 aldirako dirulaguntzen deialdi bat onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egitea helburu duena. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak finkatutako testua), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2023-2025 aldirako dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2023ko maiatzaren 17ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 18a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KUALIFIKAZIO APALEKO GAZTE LANGABEEN AKTIBAZIO SOZIOLABORALERAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO 2023-2025 ALDIKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Gizarteratzeko Euskal Planean (2022-2026), honela definitzen da gizarte-bazterkeria: "pertsonak gizarte-bazterkeriako egoeran egongo dira, denboran iraun egiten duten gabezia ugarik haien bizi-baldintzei eta bizikidetza-baldintzei eragiten dietenean. Gabezia horiek, metatzen direnean, gizarte-bazterkeriako egoerak eragiten dituzte, zuzenean baliabide pertsonalekin, harreman-baliabideekin eta baliabide materialekin lotuta daudenak (...). Bazterkeria dimentsio anitzekoa da, eta, hori horrela, zenbait pertsona edo talde jakin batzuk gizarteratzetik eta, horrenbestez, herritar identitatea osatzen duten truke, praktika eta eskubide sozialetan parte hartzetik kanpo geratzen dira. Gizarte-bazterkeria ez dago soilik finantza-baliabideen gabeziarekin lotuta, eta ez da mugatzen enpleguaren munduan soilik parte hartzera; beste zenbait esparrutan ere nabarmentzen eta agertzen da, hala nola etxebizitza, bizikidetza, hezkuntza, osasuna edo zerbitzuak baliatzean.

Hori horrela, haren neurri guztiak gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea sustatzera bideratuta daude, eta arrisku-faktoreen intzidentzia –bai banakoena bai estrukturalena– murrizten duten jarduerak garatzera.

Eskubide sozialen Europako zutarriari jarraikiz, herritarren eta bereziki gazteen enplegurako eskubide aktiboa babesten duten funtsezko ardatzak dira hezkuntza, prestakuntza eta etengabeko ikaskuntza. Helburu estrategiko gisa ezartzen du kalitateko hezkuntza- eta prestakuntza-zerbitzuetara hel daitezela bermatzea ahultasun sozioekonomiko handieneko egoeran dauden pertsonak, haien adina edozein dela ere, aukera-berdintasuna sustatzeko eta helduen mundura arrakastaz igaro daitezen.

Xede horrekin, besteak beste, ezartzen du ahultasun handieneko egoeran dauden gazteak 2. mailako profesionaltasun-ziurtagirietara hel daitezela laguntzea, era horretan enplegura igarotzea bultzatzearren. Horretarako, proposatzen du lanbide-heziketari lotutako prestakuntza-aukerak eskaintzea DBH bertan behera uzten duten hezkuntza-premia bereziko ikasleei eta sostengu premia handieneko gainerako kolektiboei –desgaitasun intelektuala duten pertsonei, bereziki– eta lan-mundura arrakastaz igaro daitezela erraztea.

Helburu berarekin, Hezkuntza Sailak egoera horretan dauden gazteak Oinarrizko Prestakuntza Zikloetarantz bideratzeko hezkuntza-politika bat abiatu du. Nolanahi ere, ahalegin hori gorabehera, Lanbide Heziketa arautzen duen araudia aplikatzearen ondorioz (8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzekoa), ezin dute ziklo horietan parte hartu 17 urtetik gorako gazteek edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa egin ez dutenek. Sartzeko eta onartua izateko baldintza hori dela eta, prekaritate eta ahultasun sozioekonomikoko egoeran daude ehunka gazte, eta ezin dira sartu aukera-berdintasuna eta helduen mundura arrakastaz igarotzea errazten dituzten hezkuntza-zerbitzuetara.

Horren guztiaren ondorioz, Lan eta Enplegu Sailak, hautemandako arazo hori arindu nahian, prestakuntza-programa bat abiarazi du, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta, prestakuntza-aukerak sortzeko eta, era horretan, lan-mundura arrakastaz igarotzeko bidea errazteko DBH amaitu ez duten eta, hainbat arrazoi tarteko, oinarrizko konpetentziarik ez dutenez enplegurako prestakuntza jarraitu ezin duten 16 eta 25 urte bitarteko gazteei; zehazki, honako kolektibo hauen profila dutenei:

– Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapak behin baino gehiagotan errepikatu dituzten ikasleak, titulua eskuratu gabe 17 urte egin dituztenak, eta, Oinarrizko LHko matrikula egiteko adina gainditzen dutenez, prestakuntza-bide horretara jotzerik ez dutenak.

– 16 urte baino gehiago dituztela iritsi diren gazte atzerritarrak eta, ondorioz, Bigarren Hezkuntzan eskolatu ez direnez, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko baldintzak betetzen ez dituztenak.

– Oinarrizko LH hasi duten baina, hainbat arrazoi tarteko, bertan behera utzi dutenak, eta, hara itzuli nahi izan dutenean, ezin izan dutenak arauzko prestakuntza-ibilbidea aldi baterako eteteagatik, eta, horrenbestez, enplegagarritasuna handitzeko prestakuntza hartzeko aukerarik gabe gelditu direnak.

Horretarako, Lan eta Enplegu Sailak menpeko erakunde autonomo duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskatu dio ezen, aurretik aipatutako estrategia eta Lanbideren 2023ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoa kontuan hartuta (erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onetsi zuen plan hori, 2022ko abenduaren 21eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez), prestakuntza-plan bat kudea dezala honako hauek oinarri hartuta: «Aukera-berdintasuna: euskal enplegu-politikaren funtsezko ardatza» zeharkako helburu estrategikoa, eta «Gazteen kalitatezko enpleguaren sustapena» 4.2 gako estrategikoa. Izan ere, horien helburua da pertsonei ekoizpen-sarearen benetako premiei egokitutako konpetentziak ematea, gazteen enplegua sustatzea eta gazteei lan-arloan eta beren buruari dagokionez garatzeko aukerak eskaintzea.

Azaldu bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2023-2025 aldirako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude sartuta; horrela, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzen da. Plan hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Prestakuntza-programa hori egiteko, Lan eta Enplegu Sailak EAEko Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretua du arau-euskarri. Izan ere, dekretu horren 2. artikuluak xedatzen du enplegurako lanbide-heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, enpresen artean eta langileen artean (langabeak, lehentasunez, nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko (hurrenez hurren) prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Halaber, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloarekin koordinazioan. Azken hori honako hauen arduraduna da: lanbide-heziketa osoaren planifikazio estrategikoa, diseinua eta ildoak prestatzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, azken horrek dauzkan ardurei dagokienez.

Gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntza-deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onetsitako organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barruan, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza dago.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2023ko maiatzaren 17ko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2023-2025 aldiko dirulaguntzen deialdia onartu du, honako baldintza hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea hau da: 2023-2025 aldirako, oinarrizko konpetentzietako, konpetentzia soziopertsonaletako eta oinarrizko konpetentzia tekniko eta profesionaletako ibilbideak dituzten prestakuntza-planak finantzatzeko laguntzak arautzea; era horretan, prestakuntzaren hartzaileei lagunduko zaie pertsona gisa garatzen, laneratzen zein gizarteratzen, bai eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzen ere.

2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 1.612.500 euro da; horietatik 403.125 euro 2023ko ordainketa-kredituari dagozkio, 806.250 euro 2024ko konpromiso-kredituari, eta 403.125 euro 2025eko konpromiso-kredituari. Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua, salbu eta, indarreko legeriarekin bat eginez, aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala gertatzen bada, horren berri eman beharko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak EGF Plus Euskadi 2021-2027 Programak kofinantzatuta egon ahal izango dira, osorik edo zati batean.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoak ez diren prestakuntza-entitate pribatu edo publikoak, betiere deialdi hau argitaratu baino lehenago prestakuntzako entitateen erregistro autonomikoan edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan egiaztatuta edo izena emanda badaude, dirulaguntza eskatzen den prestakuntza-proiektuetan jasota dauden prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza-espezialitateak emateko.

Prestakuntza-ibilbide bakoitzaren barruan dauden profesionaltasun-ziurtagirietako bat gutxienez egiaztatuta egon beharko da, deialdi hau argitaratu aurretik.

Prestakuntza-ibilbide bakoitzaren barnean dauden gainerako profesionaltasun-ziurtagirien eta zeharkako oinarrizko konpetentzien espezialitateetako egiaztatzea eta/edo izen-ematea lehenengo prestakuntza-ekintza hasi aurretik egin beharko da.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza lortzeko, prestakuntza-entitateek laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, bitarteko horiek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute. Ez dago baimenduta prestakuntza-jarduera azpikontratatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

Instalazio eta baliabide horiek entitatearenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta, eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurraldeetan izan beharko dituzte eskura baliabide horiek. Hirugarren entitate pribatu nahiz publiko batenak badira (hala dago onartuta, betiere prestakuntza-jarduera gauzatzea azpikontratatzen ez bada), dagokion erabilgarritasun-kontratua edo -akordioa aurkeztu beharko da.

Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du (erantzukizunpeko adierazpena LAN-F aplikazio-informatikoaren eskabide-orrian jasota dago).

Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.

3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden entitateak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:

– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, lege hauetan ezarritakoaren arabera: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bategina (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.

– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak barne direla (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu hori):

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, baldin eta Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa bada.

– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeria prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera.

e) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, beteta izatea Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

Aurreko a), b), c), eta d) apartatuetako betekizunak egiaztatzeko, titularraren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da (LAN-F aplikazio informatikoaren eskabide-ereduan dago eskuragarri); e) apartatuari dagokion betekizuna, berriz, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dute galera eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek. Gainerakoek, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko auditore batek egindako egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.

1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso ahal izango dute oinarrizko konpetentzietako, konpetentzia soziopertsonaletako eta oinarrizko konpetentzia tekniko eta profesionaletako ibilbideak dituzten prestakuntza-planek, betiere ikasleen garapen pertsonala zein gizarteratzea eta laneratzea ez ezik, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea ere errazten badute (I. eranskinean jasota daude).

2.– Finantzatutako prestakuntza-planek kualifikazio baxuko gazte langabeen enplegagarritasuna eta laneratzea handitzea dute helburu.

3.– Prestakuntza-ibilbideen iraupena konpetentzia profesionalak eskuratzeko prestakuntzari eta zeharkako oinarrizko konpetentziak eskuratzeko prestakuntzari (lantokiko prestakuntza barne) dagokiona izango da.

4.– I. eranskinean prestakuntza-ibilbide programagarriak daude, ondoren zehaztutako prestakuntza mota bakoitzeko ibilbidearen araberako ordu kopurua barne:

1) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak lortu aurreko prestakuntza.

2) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak.

3) Egiazta daitezkeen bestelako prestakuntza-moduluak.

4) Lantokiko prestakuntza, aurretik aipatutako espezialitateak egiaztatzea bermatzen duena, eta azkenik.

5) Zeharkako oinarrizko konpetentziei lotutako prestakuntza.

5.– Zeharkako oinarrizko konpetentziei lotutako prestakuntzaren iraupena (4. puntuan adierazitakoen 5. mota) zehaztuta dago, halaber, 1. eranskinean, prestakuntza-ibilbide bakoitzari dagokionez. Prestakuntza-ordu horiek gako-konpetentziak, konpetentzia soziolaboralak eta konpetentzia digitalak emateko izango dira, FCO (Prestakuntza osagarria), SSC (Gizarte- eta kultura-zerbitzuak) eta IFC (Informatika eta komunikazioak) lanbide-arloen barruan; enplegurako prestakuntzaren lanbide-arlo guztien zeharkako konpetentziak dira horiek. Oinarrizko prestakuntza hau bideratuta dago parte hartzen dutenak gaitzera 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskura ditzaten eta/edo haien enplegagarritasuna handitzera. II. eranskinean gako-konpetentzien (Gaztelania, Matematika, Ingelesa eta Euskara), konpetentzia soziolaboralen eta konpetentzia digitalen espezialitateen katalogo bat jasota dago. Prestakuntza-erakundeek, parte-hartzaile talde bakoitzaren kualifikazio-maila eta prestakuntza-beharrak zein diren kontuan hartuta, espezialitate horiek aukeratuko dituzte prestakuntza-ibilbide programagarri bakoitzerako finantzatu beharreko gehieneko ordu kopurura iritsi arte. Salbuespen moduan, gehienezko ordu-kopuru hori handitu ahal izango da baldin eta prestakuntza-ekintza kualifikatzaileren batean ikasle guztiak salbuetsita badaude, eta proportzio berean handitu beharko da. Halaber, hau ere salbuespen gisa, zeharkako oinarrizko gaitasunekin lotuta egon arren II. eranskinean sartuta ez dagoen beste edozein espezialitate ere hautatu ahal izango da; eskaera hori Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko Lanbide Heziketako zuzendariari egin eta justifikatu beharko zaio. Dena den, prestakuntza-ibilbide bakoitzari esleitutako ordu-kopurua eta dirulaguntzaren zenbatekoa ez dira inola ere aldatuko.

6.– Prestakuntza praktikoaren ordu kopurua aldatuko da, proposatutako ibilbideetan parte hartzen dutenek egin beharreko profesionaltasun-ziurtagiriek eskatutako ordu kopuruaren arabera.

7.– Profesionaltasun-ziurtagiriak bereiz eman ahal izango dira profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duen prestakuntza-modulu bakoitzari dagokionez; era horretan, behar den malgutasuna emango zaio prestakuntza-prozesuari, eta ikasle gehiago sartu ahal izango dira, modulu bakoitza hastean bete gabeko plazarik balego. Erakundeak prestakuntza horiek bereiz edo ez ematea erabaki ahal izango du profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzeko lehen modulua hasten denean.

8.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak aurrez aurre eman beharko dira.

Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkiotenean, edozein direla ere erabilitako baliabide didaktikoak.

9.– Dirulaguntza jasotzen duten erakundeen prestakuntza-planei 2023ko azaroaren 30a baino lehen ekin beharko zaie, lehen prestakuntza-ibilbidea hastearekin batera, eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren; amaitu, berriz, 2025eko urriaren 30a baino lehen amaituko dira ibilbide guztiak (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barnean dela).

10.– Prestakuntza-ekintzak onartuko dira baldin eta diruz laguntzeko 15 partaide badaude gehienez eta 10 gutxienez. Horrela, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 partaide baino gutxiagok izena eman badute.

Nolanahi ere, diruz laguntzeko parte-hartzaileez gain, beste 2 parte-hartzaile sartzea onartuko da, parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.

11.– Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz. Ez da diruz lagunduko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza-ibilbideetan parte hartu ahal izango dute 16 eta 25 urte bitarteko langabeek, baldin eta DBH egin ez badute eta, zenbait arrazoirengatik, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak egiteko aukerarik ez badute, betiere Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan langabetu moduan izena emanda badaude. Parte ahal izango dute, halaber, gazte langabeek, baldin eta beste enplegu-zerbitzu publikoren batean edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuta badaude.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren zenbateko osoa hura osatzen duten prestakuntza-ibilbideen dirulaguntzaren zenbatekoak batuta kalkulatuko da.

2.– Prestakuntza-proiektuen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, parte-hartzaile bakoitzeko 5,3 euro/orduko modulu ekonomikoari jarraikiz.

Parte-hartzaile bakoitzeko 5,3 euro/orduko modulu ekonomiko hori honako modulu hauez osaturik dago:

A modulua. Langileen kostu zuzenak. 3,89 euro/ordu/parte-hartzaile.

B modulua. Funtzionamendu-gastuak. 0,93 euro/ordu/parte-hartzaile.

C modulua. Zeharkako gastuak. 0,48 euro/ordu/parte-hartzaile. Aurreko bi moduluen % 10 da.

Langileen zuzeneko kostuei dagokien modulu ekonomikoa 15 partaidez biderkatuko da beti.

Aurrekoarekin bat etorriz, prestakuntza-proiektuak zenbateko honekin onartuko dira:

Prestakuntza teorikoaren ordu kopurua * 15 partaide * 5,3 €.

Horren arabera, prestakuntza-ibilbide bakoitzaren gehienezko zenbatekoa I. eranskinean zehaztutakoa izango da.

3.– Programatu beharreko prestakuntza-ibilbideak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-erakundeek. Nolanahi ere, erakunde onuradunek ezingo dute deialdiko baliabideen % 50 baino gehiago jaso prestakuntza-planagatik.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F). Aplikaziora sarbiderik ez duten erakundeek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus

Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/servicios/1080406

Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

2.– Ibilbide osoetarako eskabidea egingo da, I. eranskinean jasotakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1) Orokorra:

a) Eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia, baldin eta espresuki ukatzen badio baimena organo kudeatzaileari identifikazio fiskalari buruzko datuak automatikoki egiazta ditzan.

b) Laguntza zer prestakuntza-proiektutarako eskatzen den, honako hauek zehaztuta: edukiak eman edo garatzeko aurreikusitako daten egutegia, prestakuntza-ekintza bakoitzean erabiliko den metodologiari buruzko informazioa, etab.

2) Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

a) 9.1 artikuluko C apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: Hezkuntza Sailaren ziurtagiria, 2022-2023 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketa egiten duten ikasleak jasotzen dituena.

b) 9.1 artikuluko E apartatuan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, sintesi-adierazlea eta enplegagarritasun-indizea egiaztatzen dituena, III. eta IV. eranskin gisa argitaratutako ereduen arabera, hurrenez hurren.

c) 9.1 artikuluko D.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina), prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako. Kotizazio-kontuaren kode bakoitzak berari dagozkion datuak soilik jaso beharko ditu, eta ez dira datu guztiak kode bakar batean metatuko.

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak). Kotizazio-kontuaren kode batean gainerako langileekin ez dauden administratzaileen datuak sartzeko, sarrera bat sortuko da erakundearen IFK zenbakiarekin (letra jaso gabe), eta administratzaile kopuruaren berri emango da, sexuaren arabera bereizita.

– Deialdira aurkezten diren kooperatibek, aldiz, beste horiez gainera, sozietatearen kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina) aurkeztu beharko dute, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emandako langile bazkide guztiena, edo, azken horiek Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda badaude, ziurtagiri bat, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.

d) 9.1 artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztiena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina).

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).

– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.

3) Halaber, 2.3.e) artikuluan aurreikusitako kasuan, galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

4.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak. Banaka balioetsiko da ibilbide bakoitza.

3.– Eskabideak aztertzeko eta horien balorazioa egiteko batzorde bat osatuko da, izaera teknikokoa. Honako hauek osatuko dute batzordea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria, Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko arduraduna edo haren ordezkoa (halakorik behar bada) eta Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko bi teknikari. Ebaluazio-batzorde horretako kideen izenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta EHAAn argitaratuko dira.

4.– Eskabideek deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak balioetsiko ditu 9. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behin-behinean onartzea zein baztertzea proposatutako ibilbideak zehaztuta. Hori Lanbideren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuko da, eta 10 egun balioduneko epea emango da erakunde interesdunek, LAN-F aplikazio informatikoaren bidez, alegazioak egiteko edo eskabideari uko egiteko, prestakuntza-planean behin behinean onartutako prestakuntza-ibilbide guztiei dagokienez.

Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez du onuradun gisa proposatutako erakundeen aldeko inolako eskubiderik sortzen.

5.– Alegazioak eta atzera egiteak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

6.– Behin betiko ebazpenean dirulaguntzak jasoko dituzten planetako ibilbideak jasoko dira, prestakuntza-ibilbideen baloraziotik ondorioztatzen den lehentasun-hurrenkeran. Ebazpen horretan, dirulaguntzaren zenbatekoa, onartutako prestakuntza-ibilbideak, ukatutakoak eta ukatzeko arrazoiak ere zehaztuko dira, eta prestakuntza-entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie Lanbideren web-orrian argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus

Entitateek 10 egun balioduneko epea izango dute prestakuntza-plan osoa onartzen duten ala ez jakinarazteko modu telematikoan, Lan-F aplikazioan. Epe horretan jakinarazpenik aurkezten ez bada, dirulaguntzari uko egin diotela ulertuko da.

7.– Behin betiko ebazpenean, aurrekontu-kreditua falta delako ezetsi diren prestakuntza-ibilbideen dirulaguntza-eskabideak lurraldearen arabera ordenatuta agertuko dira, balorazio-irizpideak aplikatuz ateratzen den hurrenkeran. Hartara, prestakuntza-entitate onuradun batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza hurrengoari emango zaio, laguntza zehazteko ezarritako irizpideen arabera, baldin eta kreditu nahikoa liberatu bada horri erantzuteko eta, sortzen den unean, zilegi bada hura gauzatzea, deialdian ezarritakoarekin bat etorriz eta aurrekontua gauzatzeko arauen arabera. Ukoen bitartez liberatutako kredituarekin emandako dirulaguntzak Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuz jakinaraziko zaizkie prestakuntza-erakunde interesdunei, eta 10 egun balioduneko epealdian onartu beharko dira; bestela, uko egiten diotela ulertuko da. Hartara, adjudikazio-prozedura amaitutzat emango da.

Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskabide bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.

8.– Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

10.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dirulaguntzak ematea onartzeko emandako ebazpenean berariaz jasoko da Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa, halakorik balego, EGF + Euskadi 2021-2027 Programaren esparruan.

11.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen entitate onuradunen zerrenda, espresuki adierazita jasotako zenbatekoak, eta aipatuta EGFren finantzaketa, EGF + Euskadi 2021-2027 Programaren barruan.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6. artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ibilbideen balorazio teknikoa egingo da, eskabideak eta aurkeztutako ibilbideak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera antolatzeko.

2.– Prestakuntza-ibilbide bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 5.2 artikuluan erreferentziatutako modulua erabiliko da.

3.– Deialdi hau finantzatzeko guztira bideratutako zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez bada aurkeztutako prestakuntza-plan guztiak finantzatzeko, ibilbideen balorazio-fasearen ondorioz ateratako ordenaren arabera emango dira dirulaguntzak, arau hauei jarraituz:

3.1.– Prestakuntza-ekintzak lortutako balorazio teknikoaren arabera sailkatuko dira, EAEko hiru lurraldeak bereizita.

3.2.– Lurraldeka adjudikatuko dira, entitate bakoitzak lortutako lehentasun-ordenaren eta eskatutako ibilbidearen arabera, I. eranskinean egindako proposamena osatu arte (lurralde bakoitzeko ibilbide bat, I. eranskinean adierazitakoen arabera).

3.3.– Gainerako aurrekontuarekin, ibilbideak adjudikatzen joango dira aurkeztutako eskabideen ibilbide guztien lehentasun-ordenaren arabera, eta lurralde bakoitzean ezin izango dira antzeko bi ibilbide baino gehiago egon.

3.4.– Puntuazio teknikoa ematean berdinketa dagoenean, lehentasuna izango du E balorazio-irizpidean puntu gehien duen eskaerak. Berdinketa, halere, hautsi ezean, lehentasuna izango du D balorazio-irizpidean puntu gehien duenak. Eta C balorazio-irizpidean puntu gehien izatea izango da berdinketa hausteko azken irizpidea.

4.– Prozesu osoan zehar kontuan izango da 5.3 artikuluan ezartzen den dirulaguntza-muga orokorra.

5.– Entitate eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ibilbideei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Prestakuntza-plan bakoitzean eskatutako prestakuntza-ibilbideak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan (V. eranskinean zehaztuta daude):

Irizpide guztiak prestakuntza-entitatearen mailan hartzen dira aintzat, hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira.

A) 2022-2023 ikasturtean prestakuntza-zikloak emateko itundutako entitateak:

– Oinarrizko Lanbide Heziketa. 5 puntu.

– Erdi-mailako heziketa-zikloak. 5 puntu.

B) Helduen Etengabeko Hezkuntzan (HEH) Hezkuntza Sailak baimendutako unibertsitatez kanpoko zentro pribatua edo publikoa izatea: 10 puntu.

C) 2022-2023 ikasturtean, Hezkuntza Sailarekin, Oinarrizko Lanbide Heziketa egin duten ikasleak: gehienez 18 puntu.

D) Prestakuntza-entitateen Gizarte Erantzukizuna. 15 puntu gehienez.

1) Lana sortzeko konpromisoa: gehienez 3 puntu.

2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra, enpresaren kotizazio-kontuetako kode guztietan altan dauden langileen batezbestekoa hartuko da aintzat.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, entitate eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.c) apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du.

2) Lanaren kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 4 puntu.

D.1 atalean zehaztutako batez besteko langileetatik, 2022ko abenduaren 31n lanaldi osoan eta kontratu mugagabearekin diharduten pertsonen ehunekoa hartuko da aintzat.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, entitate eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten pertsona kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / plantillaren batez bestekoa (D.1).

3) Genero-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2022ko plantillan, kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa hartuko da aintzat, baldintza beretan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, entitate eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten emakume kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / lan-kontratuaren kodea duten gizonen kopurua (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak).

4) Desgaitasuna duten pertsonentzako aukera-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 3 puntu.

2022ko plantillan kontratu mugagabearen diharduten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kopurua hartuko da aintzat.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, entitate eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten pertsonen kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (130+139+230+239+330+339 + aldi baterako kontratua ez duten bazkide kooperatibistak + aitortutako desgaitasunen bat duten administratzaileak).

E) Prestakuntzaren kalitatearen eta eraginaren adierazleak langabeentzako 2018-2020ko eta 2020-2022ko lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa. Gehienez 47 puntu.

Horren xedea da baloratzea enplegurako lanbide-heziketako 2018-2020ko eta 2020-2022ko deialdietan langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortutako kalitatea eta enplegagarritasunaren eta laneratzearen aldetik lortutako eragina, eta entitateak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa.

1) Sintesi-adierazlea: gehienez 15 puntu.

Prestakuntza-entitate batek langabeentzako 2018-2020ko eta 2020-2022ko prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batezbesteko haztatua.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz lortuko du adierazle hori bere datu-baseetatik. Prestakuntza-entitate jakin batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdian parte hartu ez badu, 4 puntu emango zaizkio.

Adierazle hori ezin izan bada lortu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, erreferentziako deialdian lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da sintesi-adierazle gisa, hartan parte hartzen duten prestakuntza-entitate guztiek emandako ekintza guztietatik abiatuta.

2) Enplegagarritasun-indizea.

Langabeentzako 2018-2020ko eta 2020-2022ko prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzek lanbide-arlo bakoitzean lortutako enplegagarritasun-indize egiaztagarriaren batezbesteko haztatua; 25 puntu gehienez.

Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:

Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzaren arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzaren tasa x p3),

Non:

– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: Prestakuntza arrakastarekin (gai) amaitzen duten pertsonen kopurua, prestakuntza-ekintza amaitzen duten parte-hartzaile guztien (gai zein ez gai) kopuruarekin alderatuta. Prestakuntza-ekintzak bereizita egonez gero, prestakuntzaren emaitza positiboa izango da profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortzen bada, bai eta prestakuntza-moduluetako bat egiten bada eta horrela profesionaltasun-ziurtagiria lortzen bada ere.

– Besteren konturako laneratzearen tasa: Prestakuntza-ekintza amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontratu bat lortu duten pertsonen kopurua.

– Parte-hartze anitzeko tasa: Prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, ikastaroa amaitu ondoko sei hilabeteetan enplegurako bigarren prestakuntza-ekintza bat hasten duten pertsonen kopurua.

– p1, p2 eta p3, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik, tasa bakoitzari emandako balioak dira.

Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta horien kualifikazio-mailaren arabera. Hain zuzen ere, zenbat eta altuagoa izan espezialitatearen kalifikazio-maila, orduan eta handiagoa da laneratze-tasa, kalifikazioaren araberakoak baitira lanean aritzeko konpetentziak, hau da, lana aurkitzeko aukerak zehazten dituzten konpetentziak. Gako-konpetentzien edo zeharkako edo gizarteratzeko eta laneratzeko konpetentzien espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzaren tasak pisu handiagoa hartzen du, kualifikazioa ematen duen prestakuntzaren aurreko prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.

(Ikus .PDF)

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz ateratzen du adierazle hori bere datu-baseetatik.

2018-2020ko eta 2020-2022ko deialdien babesean prestakuntza-entitateek ez badute eman dirulaguntza eskatzen duten espezialitateari dagokion arloaren prestakuntza-ekintzarik, 11 puntu aplikatuko dira.

3) Kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

Entitate eskatzaileek lortutako kalitate-arloko aintzatespenak baloratuko dira, hain zuzen ere batzordeak balorazioa egiten duen egunean indarrean daudenak. Kudeaketa-kalitatearen aitorpenengatik, 4 puntu lortu ahalko dira gehienez; honako hauek baino ez dira baloratuko (EFQM eredukoak, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sistemakoak eta ISO araukoak): EFQM +500 eta altuagoa eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, ISO 9001 eta Urrezko Q, Zilarrezko Q, eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma. Puntuaziorik handiena ematen duen ziurtagiria baino ez da baloratuko.

Puntu gehigarri bana lortu ahal izango da ziurtagiri hauek edukitzeagatik: ISO 14001 ziurtagiria (Ingurumen Kudeaketako Sistemak), ISO 45001 ziurtagiria (Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemak), eta OHSAS 18001 ziurtagiria ISO 45001 ziurtagiria lortzeko aldian.

4) Euskararekiko konpromisoa: gehienez 2 puntu.

Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko hautaketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaroetan parte hartzeko hautagaien artean.

Hautagaiek honela parte har dezakete:

a) Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera organismo autonomo horren webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Webgune horretan adieraziko dira zein diren prestakuntza-ekintzak, zein haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

b) Lanbiden inskribatuta dauden pertsonak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko orientazio-zerbitzuek ikastaroa beren prestakuntza-ibilbidearen barruan preskribatu badute, eta/edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuta badaude, edo prestakuntza-aholkularitzaren bidez artatu badituzte beren prestakuntza-kontuari dagokionez, eta prestakuntza-ekintzaren bat beharrezkotzat jo bada lanbide-gaitasuna egiaztatzeko ibilbide bat osatzeko.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bertan izena emanda dauden pertsonak deitu ditzake profesionaltasun-ziurtagiri bat osatzeko faltan dituzten prestakuntza-moduluez osatutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

d) Enplegu Zerbitzu Publikoan izena eman duten pertsonak.

2.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, aurrez matrikulatu diren hautagaien artean. Horretarako, ikastaroak emango dituen entitateak eskura izango ditu inskribatutako hautagaien datuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LAN-F), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, garaiz eta behar diren bermeekin.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakundearen instalazioetan, Lanbideko teknikariekin aurrez adostuta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LAN-F aplikazioan dagokion atalean erantsiko da.

3.– Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira familia profesional hauetako prestakuntza-ekintzak: ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, SAN, SEA, TMV.

4.– Prestakuntza-modulu bat amaitzen denean plaza hutsak badaude, dela baten batek bertan behera utzi duelako, dela hasierako hautapenean plaza guztiak bete ez dituztelako, beste partaide batzuk sartu ahal izango dira, erreserba-zerrendatik edo hautaketa-prozesu berri batetik aterata.

5.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

6.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.

2.– Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu eta erantzukizun zibileko polizak barne hartzen ditu ikasleak ikastaroetara joateagatik eta prestakuntza ematen den lekurako joan-etorrietatik eratorritako arriskuak.

3.– Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.

4.– Ikasleek modu jarraituan joan beharko dute eskoletara, eta prestakuntza-ekintzei probetxua atera beharko diete. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Eguneroko partea bereizita egingo da prestakuntza-modulu bakoitzerako.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute ekintza amaitu baino lehen utzi, kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitzea, eta hori eragozpen izatea prestakuntza-ekintzara joan eta etekina ateratzeko; edo, bestela, egoera pertsonal edo familiar larrian egotea, behar bezala justifikatuz gero. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren barengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabe hilabetean hirutan baino gehiagotan ez agertzea.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua edo justifikatu gabea.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia argitara emango du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behinekoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

Aste batean ikasle baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako huts egiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasle batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta asistentzia-falten % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ibilbideetan jasotako prestakuntza-ekintzak. Organismo autonomo horrek eskura jartzen duen prestakuntzarako informatika-aplikazioa (LAN-F) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), bai eta geroagoko edozein aldaketa (gertatzen den une berean) eta prestakuntzaren amaiera jakinarazteko eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzeko ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gutxienez 7 egun baliodun lehenago egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi Lanbidek LANF-F aplikatiboaren bidez aldez aurreko baimena eman gabe.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak bereiz gauzatzen direnean, honako baldintza hauek bete beharko dira:

– Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

– Modulu bat hasten duten pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbide osoa osatu ahal izateko.

3.– Deialdi honetan profesionaltasun-ziurtagiriko moduluetarako prestakuntza ematen duten prestatzaileak Lanbidek egiaztatu beharko ditu. Era berean, prestatzaileen fitxategian sartu beharko dituzte, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzean ezarritako baldintzei jarraituz.

4.– Prestakuntza-ekintzan, diruz lagundutako ikasleez gain, beste bi ikaslek ere parte hartu ahal izango dute, haiengatik dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, prestakuntza-entitateek hala eskatzen badute deialdia ebatzi eta hamabost eguneko epean, betiere instalazioak eta ekipamenduak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako partaideen kopurua ere egiaztatuko da.

5.– Gazte langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horietan sartuko dira, hala dagokienean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagozkion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.

6.– Prestakuntza-entitateak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatuko dira, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko moduko ordutegiak ezartzen saiatu beharko dira.

Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez emango da, eta ezingo da aldi batez eten, behar bezala justifikatutako eta Lanbidek onartutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

7.– Entitate onuradunek gutxienez honako hauek emango dizkiete parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:

– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan,

– ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

– beharrezkoak diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

8.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

9.– Prestakuntza emateaz arduratzen diren erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek horiei uko egiten badiete, horietara aurkezten ez badira edo ekintzak bertan behera uzten badituzte, horren zergatia adierazita.

10.– Tutoretza eta orientazio pertsonala.

Ikasleen tutoretza pertsonak behar duen hezkuntza integralera bideraturik egingo da.

Tutoretza-lanak partekatu beharko dituzte programaren irakasle guztiek. Irakasle-taldeak tutoretza-ekintzen plana osatuko du, gutxienez honako alderdi hauek jasota:

a) Ikasleen autoestimua indartzea.

b) Pertsona arteko harremanak eta gizarte-trebetasunak.

c) Harreman programatua familiarekin edo legezko tutoreekin.

d) Banakako eta taldekako ikaskuntza-prozesua gidatzea eta laguntzea.

e) Ikasleei lanbide-ibilbidea jarraitzeko orientabideak eta laguntza ematea prestakuntza-aldia amaitu ondoren, dela laneratzearen bidez, dela kualifikazio handiagoko mailetako prestakuntzaren bitartez.

Ikasle-taldeek gutxienez irakasle bana izango dute, tutoretzaz eta tutore-ekintzen plana gauzatzeko koordinazioaz arduratuko dena. Eginkizun hori dagokion ikasturtean eskolak ematen dituen irakasleren baten esku egongo da, eta, ahal dela, irakasle bera arituko da tutoretza-lan horretan, ibilbide osoan zehar.

Tutoreak eredu izan behar du ikaslearentzat, irakasle-taldearentzat eta familientzat. Jarduteko orientazioa emango du, irakasle-taldearekin batera, ikasleek estrategia metodologiko eta antolaketa-estrategiak eskuratu eta ahalmen pertsonal eta profesional eta autoikaskuntza-gaitasun hobeak izan ditzaten.

Ikasleen premiak direla-eta hala behar bada, esku-hartze psikopedagogiko eta/edo hezkuntza eta gizarte-laneko adituek esku hartuko dute.

11.– Ikasleen ebaluazioa moduluka egingo da, ikasketaren emaitzak egiaztatzeko eta, horrenbestez, lanerako konpetentziez jabetu direla bermatzeko.

Ebaluazioa ikasleen premietara eta bilakaerara egokituta egongo da, batez ere desgaitasunen bat dutenen kasuan; horientzat, izan ere, irisgarritasun-neurriak ezarriko dira, ebaluazio-probetan diskriminaziorik gabe parte hartzen dutela bermatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira, eta aplikazioan gordeko.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpetentzia-unitateak egiaztatzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla frogatuta.

Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LAN-F informatika-aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak hautaturiko tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LAN-F aplikazioaren bitartez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, osorik burutu badute.

Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Zentroak honako datu edo dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F informatika-aplikazioaren bidez:

– Ikastaldia hasi aurreko 7 egun balioduneko epearen barruan:

• Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez eskainiko da).

• Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.

– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunen barruan:

• Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LAN-F aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez jarriko da eredu hori onuradunen esku).

• Ebaluazio-aktak betetzea.

12.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.

Nolanahi ere, 12. apartatuan aurreikusita ez dagoenari dagokionez, zuzenean aplikatu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa.

14. artikulua.– Lantokiko lanbide-praktiken modulua.

1.– Praktiken edukia bat etorriko da lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

2.– Prestakuntza-zentroek prestakuntza praktikoko modulu bat egitea aurreikusi beharko dute, lan-zentroetan eta egindako espezialitatearekin zerikusia duten lanbideetan, ikastaroetan parte hartu duten ikasleen % 100entzat, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 5 bis artikuluan jasota dauden salbuespenetako bat betetzen duten ikasleentzat izan ezik.

3.– Ahal dela, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, moduluak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatu eta lau hilabeteko gehieneko epean egin behar dira lanbide-praktikak. Epe hori 3.4 artikuluak dioenak baldintzatuta egongo da.

Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbidek baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.

4.– Prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean praktikak hasten dituzten ikasleek, azken ebaluazioan emaitza negatiboa izanda ere, praktikak egiten jarraitu ahalko dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, berari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika amaitzea ekarriko du.

5.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-entitatearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, akordio horren berri eman beharko zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko dokumentua erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LAN-F aplikaziotik hartuta). Gainera, praktiketan parte hartuko duten ikasleen zerrenda ere aurkeztu beharko da.

6.– Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baimena eman ondoren.

7.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

8.– Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua abiatu aurretik, nahitaezkoa da Lanbidek praktiken hitzarmena balioztatzea. Ez bada izapide hori egiten, baliogabetu egin daitezke nahitaezko baimen hori ez duten praktikak. Horregatik, zentroek sinatutako praktiketako hitzarmena formalizatu eta erantsi beharko dute LAN-F aplikaziora, gutxienez praktikak hasi baino 7 egun baliodun lehenago.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin hori ez da mugatuko eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzera; aitzitik, barnean hartuko du prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa, eta, hartara, kalitatea bermatzen lagunduko du.

2.– Jarduera-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen direla egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

3.– Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-erakundeen inskripzioa edo egiaztatzea arautzen dituen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen kalitatearen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen % 67k gutxienez bete beharko dute inkesta, 18.3 artikuluan aipatutako zehapena saihesteko.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza hiru ordainketatan ordainduko da, prestakuntza-plan bakoitzeko, hala eskatu eta gero, honela:

a) Lehen ordainketa, 2023ko aurrekontuaren kargura, planaren zenbatekoaren % 25, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.

Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea, abala edo finantza EAEko Diruzaintza Nagusian aurkeztu izana egiaztatzen duena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarriko du abal-eredua.

b) Bigarren ordainketa, 2024ko aurrekontuaren kargura, Planari dagokion zenbatekoaren % 50ekoa, entitateari onartu zaizkion ibilbideen % 51, gutxienez, hasi ondoren, eta, edonola ere, 2024ko urriaren 30a baino lehen, 2024ko ekitaldian eskatu beharko baita.

Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea, abala edo finantza EAEko Diruzaintza Nagusian aurkeztu izana egiaztatzen duena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarriko du abal-eredua.

c) Hirugarren ordainketa, 2025eko aurrekontuaren kargura; planari dagokion dirulaguntzaren gainerakoa ordainduko da, prestakuntza-ekintza guztiak amaitu eta diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren, eta, betiere, 2025eko azaroaren 16a baino lehen.

2.– Ordainketak egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteta daudela.

Erakunde onuraduna egiaztapen hori egitearen aurka agertzen bada, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ Eredu hori eskuragarri dago, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Laguntzen likidazioa, prestakuntza-ibilbideetan parte hartu duten gazteen eta benetan egin dituzten eskola-orduen arabera egingo da, ezarritako modulu ekonomikoen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ziurtagiriko gainerako prestakuntza-moduluak gainditu dituzten baina ezarritako epeetan dagokien lantokiko prestakuntza praktikoko modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza. Ikasleen % 70ek baino gehiagok dagozkien praktikak amaitu ez dituzten prestakuntza-ekintzetan, ez da zenbatekorik ordainduko.

3.– Prestakuntza-ibilbide bakoitzerako likidazioa honela kalkulatuko da:

– A modulua 15 ikaslerekin biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua 3.10 artikuluan aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago–, eta emandako prestakuntza-orduekin ere biderkatuko da.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da, zeharkako gastuengatik.

4.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak prestakuntza-ekintza egin dela justifikatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko gehieneko epean, LAN-F aplikazio telematikoaren bitartez:

– Entitate onuradunaren ziurtagiria, laburpen-koadro batekin. Han jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetako 1. puntuan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

– Ikasleek sinatutako bertaratze-orriak, egotzitako orduen frogagiri gisa.

– Beharrezkoa izanez gero, diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, horretan zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da ezen, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

– Ikasleei eta entitate onuradunen titularrei eta langileei buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita.

Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

5.– Prestakuntza-planaren azken likidazioa egiteko, onuradunek egindako prestakuntza-ibilbide guztien amaiera-ziurtagiria (gauzatzea) bete beharko dute (justifikazio-memoria ekonomikoa aurkeztu duten horiena, alegia); LAN-F aplikazioan aurkeztuko dute, eta horretarako azken eguna 2024ko azaroaren 16a izango da.

19. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan jasotakoez gain, oro har Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak ere.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

EGFk finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzak Europako Erkidegoko araudiaren ondorioz Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jardueren mende egongo dira.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatu izanari edo haren bideragarritasunari buruzko informazio oro ematea eta jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, entitate onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

6.– Entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko du, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren entitate onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

7.– Entitateak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleak adina ordenagailu dituena, 16. artikuluan adierazitako inkesta telematikoa bete ahal izateko. Halaber, entitatearen ardura izango da inkesta hori betetzen dela bermatzea.

20. artikulua.– Lanbideren finantzaziotik eratorritako komunikazio-betebeharrak.

1.– Lanbideren finantzazioa jasotzen duten prestakuntza-ekintzen garapenari dagokionez, entitateek berariaz aipatu beharko dute Lanbideren eta Europar Batasunaren finantzaketa jaso dutela, sortutako material didaktiko eta bestelakoetan, bai eta diruz lagundutako ekintzekin lotutako komunikazio, hedapen eta iragarki guztietan ere.

Halaber, dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.

2.– Diruz lagundutako jarduketa guztiek bete beharko dituzte, bai eta horietatik eratorritako ekintzek ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan ezarritako eskakizunak. Eskuliburu hori LAN-F aplikazioaren bidez jarriko da entitate onuradunen esku.

3.– Betebehar horiek betetzen ez badira, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen du errege-dekretu horrek). Era berean, ez-betetzeak dirulaguntza itzultzea ekarri ahalko du, deialdi honen 23. artikuluan xedatzen denaren arabera.

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz oker jasotako kopuruak itzuli behar badira, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbateko guztiak edo zati bat itzuliko dira, bai eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera dirulaguntzen arloan ezar daitezkeen berandutze-interesak ere, honako hauetan aurreikusitako kasuetan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da. Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider ikasle parte-hartzaileen kopurua.

b) Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza 18. artikuluan aurreikusitako baldintzetan ordainduko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez 2 hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epea izango da.

Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

25. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

1.– Dirulaguntza-programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua. Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak arautzen dituena.

2.– Aplikagarri izango dira, era berean, 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.

3.– Laguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

26. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.

Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala