Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2023ko maiatzaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
2250

AGINDUA, 2023ko apirilaren 17koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda aldatzen duena.

Herrizaingoko sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Aginduaren bidez, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda onetsi zen (abenduaren 31ko EHAA, 250. zk.), eta, harrezkero, hainbat aldiz aldatu da, lanpostuok egitura-aldaketetara egokitzeko.

Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko (martxoaren 20ko EHAA, 54. zk.) eta 2015eko azaroaren 6ko (azaroaren 16ko EHAA, 218. zk.) aginduen bidez, Ertzaintzako lanpostu-zerrenda aldatu zen, eta, hala, Ertzaintzaren egitura finkatu zen, Ortzimuga-2016 plan estrategikoan adierazitako gidalerroekin bat etorriz.

Ondoren, beste agindu hauen bidez aldaketa batzuk egin ziren, behar berriak sortu ahala lanpostuen egitura haietara moldatzeko: 2017ko martxoaren 30ekoa (apirilaren 7ko EHAA, 69. zk.); 2017ko abenduaren 26koa (2018ko urtarrilaren 3ko EHAA, 2. zk.); 2018ko martxoaren 7koa (martxoaren 15eko EHAA, 53. zk.); 2018ko urriaren 11koa (urriaren 19ko EHAA, 202. zk.); 2019ko otsailaren 18koa (otsailaren 25eko EHAA, 39. zk.); 2019ko abenduaren 20koa, (2020ko urtarrilaren 8ko EHAA, 4. zk.); 2020ko otsailaren 4koa (otsailaren 10eko EHAA, 27. zk.); 2021eko martxoaren 16koa (apirilaren 19ko EHAA, 75. zk.); 2021eko azaroaren 18koa (abenduaren 1eko EHAA, 239. zk.) eta 2022ko maiatzaren 13koa, (2022ko maiatzaren 26ko EHAA, 101. zk.).

Kontuan izanik lanpostu-zerrendak (LZ) antolakundeen zerbitzura dagoen tresna dinamikoa direla, eta Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Bigarren Planean (2018-2022) hartutako konpromisoak betetzeko, Agindu honek aldaketa hauek ezartzen ditu:

Lanpostu jakin batzuk eskuratzeko baldintzak aldatzen dira. Bozeramailearen lanpostuari dagokionez, ingelesaren ezagutza-maila aldatzen da, dagozkion zereginetara egokitzeko; Brigada Mugikorraren Unitateari eta hiru hiriburuetako ertzain-etxeei atxikitako zentroko buruen lanpostuei espezialitate-eskakizuna gehitzen zaie, komisariordeen kategoriari erreserbatuta; azkenik, Ertzaintzaren egiturari buruzko Aginduak Ekintzak Planifikatzeko eta Azpiegiturak Babesteko Buruzagitzari esleitzen dizkion eginkizunak betetzeko behar den gaikuntza eskatzen da, eta, ondorioz, eragindako lanpostuaren izena aldatzen da.

Hiru hiriburuetako ertzain-etxeetako zentroetako buruen lanpostuetan espezialitate-eskakizuna ezartzearen ondorioz, dotazio batzuk amortizatu egingo dira, eta lanpostu berriak sortuko dira modu korrelatiboan.

Urola Kostako Ertzain-etxeari eta Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateari atxikitako zenbait lanposturen udalerria aldatzea aurreikusten da –aldaketa horrek zer dotaziori eragiten dien zehaztuko da–, eta eragina izango du Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2022ko abenduaren 5eko Ebazpenen bidez deitutako lanpostuak behin betiko betetzeko prozedurekin, ezarri diren lehentasun-irizpideen arabera.

Azkenik, derrigortasun-data berriak ezarri eta hizkuntza-eskakizunak eguneratuko dira, Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Bigarren Planean (2018-2022) hartutako konpromisoak betetzeko. Horrez gain, beste zenbait derrigortasun-data ezarriko dira, Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Hirugarren Planaren barruan (2023-2027).

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– I. eranskinean zerrendatzen diren lanpostuen dotazioak kentzea.

2. artikulua.– II. eranskinean zerrendatutako lanpostuak sortzea.

3. artikulua.– Ertzaintzaren lanpostu-zerrendaren aldaketak onestea (III. eranskinean jasoak).

4. artikulua.– Lanpostuen hizkuntza-eskakizuna aldatzea, eta derrigortasun-data ezartzea IV. eranskinean zerrendatzen diren dotazioen hizkuntza-eskakizuna betetzeari.

5. artikulua.– Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda berria osorik argitaratzea, V. eranskinaren arabera.

6. artikulua.– Laguntza Taktikoko Burutzari eta Erakundeen Segurtasuneko Burutza Nagusiari atxikitako lanpostuen jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osora hedatzea.

7. artikulua.– Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2022ko abenduaren 5eko ebazpenen bidez deitutako lanpostuak betetzeko prozeduretan 40928 eta 40929 lanpostuak behin betiko atxikipenez eskuratzen dituzten langileek araubide bereko atxikipenarekin jarrai dezakete lanpostu horietan, harik eta Giza Baliabideen Zuzendaritzan Erradiofonistaren Kalifikazio Ziurtagiria egiaztatu arte. Horretarako, urtebeteko epea izango dute, lanpostuak betetzeko prozedura horien ondorioetarako datatik kontatzen hasita.

8. artikulua.– Agindu honetan aipatzen den Urola Kostako Ertzain-etxeari eta Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateari atxikitako lanpostuen udalerria aldatzearen ondorioak bat etorriko dira Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2022ko abenduaren 5eko Ebazpenen bidez deitutako behin betiko hornidura-prozeduren ondorioetarako datarekin, eta lanpostu-zerrendaren aldaketa onesten duen Aginduan islatuko dira, udalerri-aldaketak zer dotaziori eragingo dien zehaztu ondoren.

Destino-udalerria zer dotaziori aldatuko zaien zehazteko, boluntariorik ezean, lanpostuan antzinatasun txikiena izatea hartuko da kontuan lehenik eta behin, edo, halakorik ezean, kendu den lanpostua hornitzeko prozeduran lortutako lehentasun-hurrenkeran puntuazio txikiena izatea. Udalerri-aldaketak eragiten dien lanpostuak baino boluntario gehiago egonez gero, lanpostuan antzinatasun handiena izatea hartuko da kontuan, edo, hori ezean, kendutako lanpostua hornitzeko prozeduran lortutako lehentasun-hurrenkeran puntuazio handiena izatea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz. Hori eginez gero, ezin izango da aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsorik, harik eta berraztertzeko errekurtsoaren esanbidezko ebazpena eman arte, edo haren presuntziozko ezespena gertatzen den arte, hilabete igarotzeagatik errekurtsoa izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartu zenetik.

Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Administrazioarekiko Auzien Epaitegi eskudunean; horretarako epea bi hilabetekoa da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina, 8. artikuluan ezarritakoak izan ezik.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 17a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala