Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2023ko maiatzaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
2245

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 8koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten duena.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluak xedatutakoan oinarriturik, eta bat etorriz Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoarekin; Segurtasun Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuak ikusirik; Ikerketa kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten da Ertzaintzaren oinarrizko eskalako karrerako funtzionarioentzat.

Hautaketa-prozedura honetarako deialdia honako hauek kontuan hartuz egiten da:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren oinarrizko eskalako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan sartzeko lehiaketa-oposizio bidezko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da.

Iragarritako ikastaroak espezializazio-ikastaro izaera du, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 54. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

2.– Guztira, 180 plaza deitzen dira Ertzaintzaren oinarrizko eskalako funtzionarioentzat. Horietatik guztietatik:

– 160 plaza agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

– 20 plaza agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da, hautaketa-prozedura honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da, eta, edozein kasutan ere, hamaikagarren oinarriko 3. puntuan aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

Bigarrena.– Eskakizunak.

1.– Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek jarraian zehazten diren eskakizunak bete beharko dituzte:

a) Aldez aurretik eskabidea betetzea.

b) Ertzaintzaren oinarrizko eskalan karrerako funtzionario izendatuta egotea.

c) Jarduneko administrazio-egoeran izatea.

d) Ebazpen hau argitaratzen denean, izangaia atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldi baten menpe ez egotea, aldi hori beteta ez badago, edo organo eskudunak uko-egitea onartu ez badu, edo atxikipen bera eskatzen den beste lanpostu baterako parte hartu nahi ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 artikuluan eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 5. artikuluaren 3. azken paragrafoan ezarritakoaren arabera.

e) Ikerketa Kriminaleko espezialitatea ez izatea.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko puntuan jasotako eskakizun guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik.

3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabidean, eskatutako eskakizun guztiak betetzen dituztela adieraztea, betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Egiaztatze horiek organo deitzaileak burutuko ditu ofizioz, horretarako Segurtasun Saileko dagokion organo eskudunari beharrezko ziurtagiriak eskatuko zaizkio.

4.– Aurrekoa hala bada ere, hautaketa-prozeduraren edo prestakuntza ikastaroaren edota praktika-aldiaren uneren batean, onartuta eta baztertuen zerrenda egiten duen organo eskudunak jakiten badu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo du, betiere, interesdunari entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute saileko Intranet –Gurenet– bitartez, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide eredua betez.

2.– Eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 egun baliodunekoa izango da.

3.– Eskabidean zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposizio-probak, gaztelaniaz edo euskaraz.

4.– Administrazio eragileak dituen merezimenduak ez dira egiaztatu behar izango, berak ofizioz egiaztatuko baititu.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du. Aipatutako zerrenda hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da.

2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskabideak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko, 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek.

3.– Hautaketa-prozedurarako aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenean bertan onartu edo ezetsiko dira. Zerrenda hori hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da.

Bosgarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren aurreikuspenen arabera, hautaketa-sistema osatzen duten probak eta merezimenduak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute. Epaimahaia osatzen duten kideek inpartzialtasun, profesionaltasun eta espezialitate printzipioei atxikita izango dira, baita emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuari ere.

Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta ordezkoen izendapena hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bitartez.

2.– Epaimahai kalifikatzailearen jardunak aintzat hartuko ditu kide anitzeko organoen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak.

3.– Aipatutako epaimahai kalifikatzailean parte hartzen duenak legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

4.– Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa-proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun, inpartzialtasun eta konfidentzialtasun printzipioei lotuta izango da.

5.– Epaimahai kalifikatzaileak autonomia osoz jokatuko du, eta prozeduraren objektibotasunez arduratuko da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Hautaketa-prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta, gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.

6.– Epaimahaiak ezin izango du hautatutzat jo deitutako plazen kopurua baino pertsona gehiago, eta muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

7.– Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.

8.– Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak honako posta-elektronikora zuzenduko dira:

2023cic@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak jasotzen dituen idazkiei bide hori erabiliz erantzungo die, eta Ertzaintzako funtzionarioen posta-elektroniko korporatiboko norbanako helbidera zuzenduko ditu erantzunok.

Seigarrena.– Hautaketa-sistema.

1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da, eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.

2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta horretan lortutako puntuak ez dira kontuan hartuko oposizio-ariketa gainditutzat emateko, ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.

3.– Oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa bere bi aldien batuketatik lortutakoa izango da. Puntuazio hori gehitu egingo da euskararen ezagupenaren merezimendutik ondorioztatutako puntuazioagatik, eta hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena zehaztuko du.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizioa proba hauek osatuko dute:

1.– Ezagupenak baloratzeko proba.

Ariketa bat izango da, test erakoa, ebazpen honetako eranskinean agertzen diren gai-zerrendari buruzkoa, epaimahai kalifikatzaileak zehaztutakoa.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik heren batekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (erantzun bikoitzak) ez dira zigortuko.

Proba hau nahitaezkoa eta baztertzailea izango da, gehienez 50 punturekin baloratuko da, eta gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira hautaketa-prozesutik.

2.– Proba psikoteknikoa.

Polizia-eginkizunetan ikerketa-funtzioak betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko izango da. Proba hori test erakoa izango da. Ebaluatutako gaitasunak deitutako lanpostuaren profil profesionalari buruzkoak izango dira, hauek: ahozko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, atentzio-pertzepzio gaitasunak eta espazio-gaitasunak.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik heren batekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (erantzun bikoitzak) ez dira zigortuko.

Proba hori, edonola ere, hautaketa-prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko egingo da, baita merezimendu eta gaitasun printzipioei modu egokian egokitzen den jakiteko ere.

Proba hau nahitaezkoa izango da, gehienez 50 punturekin baloratuko da, eta gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira hautaketa-prozesutik.

Zortzigarrena.– Oposizio-proben garapena.

1.– Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

2.– Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bitartez, hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran iragarriko dira, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen bitartez, era berean.

3.– Epaimahai kalifikatzaileak erabaki ahal izango du deialdi honetan ezarritakoaz bestelako ordenan egitea probak, baita egun berean hainbat proba egitea ere. Kasu horretan, proben emaitzen argitalpenek deialdiaren oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Proba bakoitzaren emaitzak edo aurrekoa gainditu dutenenak bakarrik argitaratuko dira, zazpigarren oinarriko ordenari jarraituz. Probak egiteko, hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten pertsonei txanda desberdinetan deitu ahal izango zaie, proba horiek egitea zerbitzuaren beharrekin bateragarri izan dadin.

4.– Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak eta/edo ariketak egitera agertuko ez direnak, ez aurkezteko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa hasi ondoren azalduko direnei.

Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertzetzat joko da haietako batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.

5.– Parte-hartzaileak bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala aurkeztu beharko du proba guztietara. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan agiri hori erakusteko eska diezaioke.

6.– Proben emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bitartez. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten izangaien emaitzak bereiziko dira.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa-fasearen kalifikazioa oposizioa gainditu dutenei baino ez zaie ezarriko.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortutako merezimenduak bakarrik ebaluatu ahal izango dira.

3.– Bat etorriz Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin, deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak ezin izango dira merezimendutzat hartu.

4.– Administrazio jardulearen esku dauden merezimenduak ez dira egiaztatu beharko, ofizioz egingo baitu egiaztatze hori.

Horretan oinarriturik, epaimahai kalifikatzaileak Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskatuko dio oposizio-fasea behin-behinean gainditu duten pertsonen merezimenduen balorazioa egiteko bost egun naturaleko epean, bat etorriz oinarri honetako 5. atalean ezarritako parametroekin; izan ere, baloratzeko merezimenduak Zuzendaritza horretako datu-baseetan daude.

5.– Lehiaketa-fasean merezimenduak guztira 40 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

5.1.– Lanbide-historia gehienez 5 punturekin baloratuko da. Ondorio horietarako, aintzat hartuko dira polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.

Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 5 punturaino baloratuko dira. Aitorpen hauek jaso izana baloratuko da; hau da, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan araututako aitorpenak, honako baremo hauen arabera:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina: 5 puntu.

b) Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina: 4 puntu.

c) Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: 3 puntu.

5.2.– Gehienez 35 punturekin baloratuko dira ikasketak, gaikuntza eta trebatze profesionalerako aktibitateak. Atal honetan daude titulazio eta diploma ofizialak eta ingelesa, frantsesa eta alemana hizkuntzen gaikuntzak.

5.2.1.– Honela baloratuko dira titulu eta diploma ofizialak:

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak onartutakoak soilik joko dira titulazio eta diploma ofizialtzat. Gehienez 30 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

a) Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 2. Mailan agertzen den titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 6. Maila) 10 punturekin baloratuko da.

b) Goi Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Markoko 3. Mailan edo goi-mailan agertzen den titulazio bakoitza (Kualifikazioen Europako Markoko 7. Maila edo Goi-maila) 15 punturekin baloratuko da.

Titulazio-maila bat goi-mailako beste maila batean sartzeko beharrezkoa den kasuetan, maila goreneko titulua baino ez da baloratuko.

5.2.2.– Hizkuntzen ezagutza: ingelesa, frantsesa eta alemana. Hizkuntza horien ezagutzaren agiri bidezko egiaztapena balioetsiko da, balio akademikoa duten tituluak emateko legez gaitutako ikastetxeek egindako egiaztagiri ofizialaren bidez. Atal hau gehienez 5 punturekin baloratuko da honako xehetasun eta maila hauen arabera:

a) Tarteko maila (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko B2 edo baliokideak): 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b) Maila aurreratua (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoko C1 edo goragokoak edo baliokideak): 4 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza bera ez da behin baino gehiago baloratuko, beraz mailarik altuena da kontuan hartuko dena.

6.– Lehiaketa-faseko emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren atalean aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bitartez.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, eta 14 puntu emango zaizkie eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo hala aitortu edo baliokidetu zaienei, bat etorriz Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan ezarritakoarekin (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.).

Hautaketa-prozesuan, ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.

Euskararen ezagutzaren balorazioari dagozkion emaitzak hamahirugarren oinarriko hirugarren atalean aurreikusitako eran argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bitartez.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena, eta horrek zehaztuko du hautaketa-prozedurako parte-hartzaileen lehentasun-ordena.

2.– Sailkapen-hurrenkeran puntuazio berdinketak irizpide hauen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren hurrenkeran:

a) Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, gizonen eta emakumeen berdintasunerakoa.

b) Puntuazio hobea oposizio-faseko ezagupenen proban.

c) Antzinatasun handiagoa Ertzaintzan.

3.– Hautaketa-prozeduraren kalifikazioa burutu ondoren, hamahirugarren oinarriko hirugarren apartatuan aurreikusitako eran onartuko eta argitaratuko dira epaimahai kalifikatzailearen bitartez, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari hauek bidaliko dizkio:

a) Hautaketa-sistema gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

b) Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa-sistema gainditu dutenak eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnak. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

c) Hautatuta ez dauden pertsonen zerrenda, lehentasun-hurrenkera jarraituz, hautaketa-sistema gainditu dutenak eta deitutako plaza kopuruan sartzen ez direnak. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

4.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bitartez bete ahal izango dira hautatutako pertsonen zerrendan edozein inguruabarrengatik sortu ahal diren lanpostu hutsak, eraginkortasunaren printzipioa aplikatuz. Lanpostu huts horiek gertatzen diren kategorian ondoren datozen izangaiek beteko dituzte, aurreko puntuko c atalean ezarritako sailkapen hurrenkera jarraituz, deitutako plazak bete arte. Ebazpen horiek hamahirugarren oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira.

Hamabigarrena.– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroak.

1.– Hamaikagarren oinarriaren arabera hautatutakoei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez egingo zaie deia Ikerketa Kriminaleko Ikastaroa egiteko. Ikastaroa txanda baten edo hainbat txandatan egin ahal izango da.

2.– Ikastaro desberdinetan atxikitua izateari begira, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-hurrenkera hartuko da kontuan.

3.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak berak egingo die ikastarora etortzeko jakinarazpena hautatutako pertsonei, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez.

4.– Prestakuntza-ikastaroak haien Ikasketa Plangintzan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira.

5.– Prestakuntza-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo zuzendari nagusiak horretarako izendatutako zentro edo egoitzetan izango dira.

6.– Prestakuntza-ikastaroetara atxikitzea askotarikoa izan daiteke, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatuz, eta ezkontza eta erditzea, erditze aurretiko eta erditze ondorengo egoeretatik sortutakoak izango dira kontuan. Inguruabar horiek aintzat hartu ahal izateko, eragindako pertsonek alegatu egin beharko dituzte Polizia eta Larrialdietako zuzendari nagusiaren aurrean, eta, horretarako, hamar eguneko epea izango dute 11.3 oinarrian aurreikusitako argitaratzen denetik aurrera.

Laneko eta Familiako Bizitza Bateratzeari buruzko Legea aplikatzetik eratorritako inguruabarrak –ezkontza, eta erditze, erditze aurreko eta erditze ondoko egoerak– aplikatzearen ondorioz egokituko litzaiekeena ez den beste ikastaro bati atxikitako prestakuntza ikastaroa egiten duten pertsonei kalifikazioa bertan behera utziko zaie, baldin eta prestakuntza aurreratu badute, eta 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun ordenaren arabera aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren ikastaroaren kalifikazioarekin batera argitaratuko da.

Pertsona batek prestakuntza egitea atzeratu behar badu, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren eskubide berberak izango ditu; hala ere, eskubide horiek atzeratutako pertsonak prestakuntza gainditzearen mende geratuko dira.

7.– Prestakuntza ikastaroa egin bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskoletara joatetik salbuesteko ezein lizentzia edo baimen emateko eskudun organoa.

Prestakuntza ikastaroan zehar emango diren eskoletarako asistentzia ezinbestekoa izango da, eta zerbitzu-betebehartzat joko da ezein baimen-eskabideren ondorioetarako.

8.– Prestakuntza ikastaro bakoitzeko azken kalifikazioa hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

9.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak erabakiko du prestakuntza-ikastaroa gainditu ez dutenen baztertzea.

10.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein momentutan ikusiko balitz ikaslearen espedientetik prestakuntza-aldia ezin izango lukeela gainditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak bazter utzi ahal izango du prozesutik, betiere, interesdunari entzun ondoren.

11.– Ikastaroa amaitu aurretik prestakuntza-ikastaroa borondatez utziz gero, Administrazioak aukera izango du uko egin duenari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzul diezazkion eskatzeko.

Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera).

– Prestakuntza-ikastaroan emandako langile-taldearen zenbatekoa.

Hamahirugarrena.– Azken xedapenak.

1.– Hautatutako izangaia ikasle gisa dagoenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen menpe izango da. Araudi horrek gehigarrizko izaera edukiko du, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko Arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.

Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, dena dela, hautespen prozesutik baztertzeko arrazoia izango da aurreko azpiatalean adierazitako bi arauetako batean larritzat edo oso larritzat jotzen bada.

2.– Aurkakorik adierazi ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratuko dira, hargatik eragotzi gabe kontsultak korporazioko intranetaren –Gurenet– bitartez egitea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-oholean argitaratzen deneko datak zehaztuko ditu epe-kontaketak.

3.– Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta, beraz, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretua aplikatuz, deialdian parte hartzeagatik, azterketak egiteagatik, ebaluazio-probak egiteagatik edo proba praktikoak egiteagatik eta, deialdiaren garapena eta hautaketa-prozedura direla-eta, parte hartzea beharrezkoak diren ekintza guztiak egiteagatik ez da kalte-ordainik jasoko.

4.– Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak, ikerketa kriminaleko espezialitatea eskatzen den lanpostuetara atxikituak izango dira behin-behinean, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

Aldi berean, Ikerketa Kriminaleko ikastaroa gainditu duten pertsonek lanpostu horiek betetzeko jasotako prestakuntza eta ezagutzak eskatzen diren lanpostu huts guztietarako eskabidea egin beharko dute lehenengo egiten den deialdian. Horrela egin ezean, deitutako edozein lanpostutara atxikitua izan daiteke ezinbestean. Azken kasu honetan, ez da izango inolako diru-konpentsaziorik.

5.– Administrazio bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean. Azkeneko kasu horretan, Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegien lurralde-eskumenen arauak errespetatu beharko dira, Administrazioarekiko Auzigaietako Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.

Deialdi honetatik, epaimahai kalifikatzailearen jardueratik eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio prozedura erkideari buruzko arautegian ezarritako era eta kasuetan.

Arkauti, 2023ko maiatzaren 8a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
IKI – IKERKETA KRIMINALEKO IKASTAROA

1.– Seinaleak eta atxilotzeko aginduak.

– Atxilotzeko Europako Agindua eta entregatzea (020 instrukzioa).

– Atzerriko herrialdeek sortutako «SIS» seinaleak (037 instrukzioa).

– «SIS/BDSN» Eremu Nazionala seinalea (038 Instrukzioa).

2.– Atxiloketa-prozesua.

– Barne-abiarazleak eta agindu judizialak (019 zerbitzu-agindua).

– Atxiloketaren praktika materiala (020 zerbitzu-agindua).

– Atxilotuen lekualdatzea (021 zerbitzu-agindua).

– Ertzain-etxean sartzea. Eskubideen irakurketa. Pertsona atxilotuen liburua (022 zerbitzu-agindua).

– Gorputz-erregistroa (023 zerbitzu-agindua).

– Zaintza (024 zerbitzu-agindua).

– Eskubideak baliatzea (025 zerbitzu-agindua).

– Eginbideen fasea (026 zerbitzu-agindua).

– Atxiloketa amaitzea eta atxilotuen liburua ixtea (027 zerbitzu-agindua).

– Kasu bereziak (028 zerbitzu-agindua).

– Atxilotuen bideozaintza-sistema (029 zerbitzu-agindua).

3.– Genero eta etxeko indarkeriari buruzko prozesua.

– EI/GI gertakariengatiko telefono bidezko arreta (039 zerbitzu-agindua).

– EI/GI larrialdiari erantzutea (040 zerbitzu-agindua).

– Ikerketa eta atestatua egitea (041 zerbitzu-agindua).

– Etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren espedientea (042 zerbitzu-agindua).

– EI/GIren arrisku-balorazioak (043 zerbitzu-agindua).

– EI/GIren biktima babestea (044 zerbitzu-agindua).

– EI/GIren biktimari tratamendua eta laguntza ematea (045 zerbitzu-agindua).

– EI/GI erasotzailearekiko jarduketak (046 zerbitzu-agindua).

4.– Poliziaren esku-hartzeak alderdi penaletan.

– 10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu-askatasunaren berme integralari buruzkoa.

– V. titulua. Segurtasun Indar eta Kidegoen jarduna.

– Azken xedapenetako lehenengoa. Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea, 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretuaren bidez onartua.

– Azken xedapenetako laugarrena. Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena.

– Azken xedapenetako bederatzigarrena. Genero-indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa aldatzen duena. Batetik Bederatzirako puntuak.

– Azken xedapenetako hamabigarrena. Delituaren Biktimari buruzko Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legea aldatzen duena.

– Abenduaren 22ko 14/2022 Lege Organikoa, Europako zuzentarauen eta zigor-legeria Europar Batasuneko ordenamendura egokitzeko beste xedapen batzuen transposizioari buruzkoa, eta osotasun moralaren aurkako delituen, desordena publikoen eta erabilera bikoitzeko armen kontrabandoaren erreformari buruzkoa. Lehenengo artikulua. Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena.

– Uztailaren 12ko 6/2022 Lege Organikoa, Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duen Tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren uztailaren 12ko 15/2022 Legearen osagarria.

– Ekainaren 4ko 8/2022 Lege Organikoa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babestekoari buruzkoa: X. kapitulua: Segurtasuneko Indar eta Kidegoak.

– Ertzaintzak gorroto-delituen aurrean jarduteko prozedura (077 instrukzioa).

– Desobedientzia larriaren delitua kalifikatzeko irizpideak (SCCOTI txostena).

5.– Poliziaren esku-hartzeak administrazio-esparruan.

– Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoan jasotako arau-hausteak izapidetzea (13. instrukzioa).

6.– Beste batzuk.

– Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren eskuliburua (HAE).

– Delituaren biktimarentzako arreta (030 zerbitzu-agindua): 6.1 puntua. Biktimaren eskubideak Ertzaintzarekin lehen harremana izaten duenetik.

7.– Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzena.

– Atariko titulua (1. artikulutik 3. artikulura, biak barne).

– I. titulua. Eskumenak, eginkizunak, antolaketa eta finantzaketa (4. artikulutik 13.bis artikulura, biak barne).

– II. titulua. Botere eta euskal administrazio publikoen jardunean genero-ikuspegia txertatzeko neurriak (15. artikulutik 22. artikulura, biak barne).

– III. titulua. Hainbat esku-hartze arlotan berdintasuna sustatzeko neurriak. VII. kapitulua Emakumeen aurkako indarkeria matxista (50. artikulutik 62. artikulura, biak barne).


Azterketa dokumentala