
89. zk., 2023ko maiatzaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (178 KB - 5 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2225
EBAZPENA, 2023ko apirilaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-txosten estrategikoa Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Castilla Munibe 11. EU eremuaren bigarren aldaketa puntualari (MP15) dagokiona.
AURREKARIAK
Barakaldoko Udalak, 2023ko otsailaren 1ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, Ingurunet sistemaren bidez, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako honen gainean: Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Castilla Munibe 11. EU eremuaren bigarren aldaketa puntuala (MP15). Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola aldaketaren memoria eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko otsailaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Barakaldoko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Castilla Munibe 11. EU eremuaren bigarren aldaketa puntuala (MP15) (aurrerantzean, aldaketa), abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zer plan edo programak (eta horien aldaketak eta berrikuspenak) pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutako prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Aldaketaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan aztertzen da Aldaketak ingurumenean efektu adierazgarririk izan dezakeen ala ez, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Aldaketa garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Castilla Munibe 11. EU eremuaren bigarren aldaketa puntualari (MP15) buruz. Hona txostenaren edukia:
A) Aldaketaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Aldaketaren esparrua Barakaldoko hirigunean kokatzen da, eta 11. egikaritze-unitateak (EU) osatzen du. Bi azpi-esparru ditu: 11-A EU «Munibe» (1.380,20 m2ko azalera) eta 11-B EU «Castilla» (5.617,73 m2ko azalera). Urbanizazioak finkatutako hiri-lurzorua da Aldaketak hartzen duen esparru osoa.
Aldaketaren helburua da Barakaldoko Plan Orokorraren egiturazko antolamendua eta antolamendu xehatua egitea, 11. EU osatzen duten azpi-esparru bakoitzaren erabilera bereizgarriak eta hirigintza-eraikigarritasuna finkatuta. Horrela bermatuko da bizitegi-erabilera, hirugarren sektoreko erabilera eta aurreikusitako ekipamendu pribatuetarako erabilera elkartzea. Gaur egun, amaituta daude eta zerbitzuan egikaritze-unitatean antolatutako eraikinak, hain zuzen, etxebizitzak eta lokalak «Muniben», eta etxebizitzak, bulegoak eta saltoki-gune bat «Castillan», eraikuntza- eta eraikingintza-lizentzia irmoekin. Hala ere, badira Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaren epaiak, «Castilla-Munibe 11.EU» Antolamendu eta Erabileren Plan Berezia behin betiko onartzeko akordioa (2009-06-26) eta Castilla Munibe 11. EU eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hamahirugarren aldaketa puntuala onartzekoa baliogabetzen dituenak. Lehendik zegoen eraikingintza gauzatzeko balio izan zuten akordio horiek, baina epaiek espediente honen xede den aldaketa egitera behartzen dute, antolamendu haren ondoriozko eraikingintzaren integrazioan segurtasun juridiko handiagoa lortzeko. Aldaketak ez dakar egiturazko hirigintza-antolamenduaren aldaketarik indarrean dagoen HAPOarekiko, baina aldaketa horren bidez honako alderdi hauek doitzen dira:
– «Munibe» 11-A EU-an, alde batetik, indarrean dagoen plangintzaren zehaztapenak ordenantza orokor bakarrari lotzen zaizkio, dagoen bikoiztasuna ebatziz, eta, bestetik, aplikatu beharreko ordenantzari buruzko kontraesana zuzentzen da, OR-2 1 gradua aplikatuko baita, etxadi-patioa duten eraikingintza perimetraleko etxe-uharteei dagokiona, antolamendurako orientazio-gida gisa balio dezan. Horrez gain, unitatearen batezbesteko aprobetxamendua berriro kalkulatzen da gidalerro berrien arabera, eta bizitegi-erabilera ezartzen zaio berezkoa.
– «Castilla» 11-B EU-an eutsi egingo zaio hirugarren sektoreko bizitegi erabilera mistoari eta zabaldu egingo da, ez baita behar beste definituta geratzen indarrean dagoen plangintzan. Erabilera bakoitzari esleitutako intentsitateak bereiztu eta ezarri egingo dira, baita berezko erabileren izaera eta erabilera bateragarriak ere, horiek ezartzea interesekotzat jotzen baita Los Fueros merkataritza-gunea suspertzeko lankidetza publiko-pribatuaren bitartez. Horrela, hirugarren sektorerako eta ekipamendu pribaturako (gaur egungo merkataritza-gunea) gutxieneko eraikigarritasuna 12.906,00 m2e-koa izango da, eta bizitegi-erabilerarako 11.953,00 m2e-koa, gehienez. Unitatearen batezbesteko aprobetxamendua berriro kalkulatzen da gidalerro berrien arabera, eta beheko solairuari bizitegiz besteko erabilera ezartzen zaio berezko erabilera.
Alternatibei dagokienez, bi aztertu dira: 0 alternatiba edo «esku ez hartzea», hau da, Barakaldoko HAPO onartzearekin (2000-01-19 indarrean dagoen egoerari eustea, eta 1 alternatiba, hau da, Barakaldoko HAPOren aldaketa puntuala egitea, gaur egungo eraikingintza eremuan integratzea ahalbidetuz, segurtasun juridiko handiagoz, Barakaldoko HAPO behin betiko onartu zenetik 11. EU-an gauzatutako garapen-plangintza baliogabetzeko epaien ondoren. Aldi berean, «Castilla» 11-B EU-an dagoen Los Fueros merkataritza-gunea suspertzeko aprobetxatuko da.
Plana xehetasun-azterketa baten bidez gauzatuko da.
B) Proposatutako Aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Aldaketak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: aldaketarekin osatu egiten da Barakaldoko Plan Orokorraren egiturazko antolamendua eta antolamendu xehatua 11. EU-an, egikaritze-unitatea osatzen duten azpi-esparru bakoitzaren erabilera bereizgarriak eta hirigintza-eraikigarritasuna finkatuta. Horrela bermatuko da bizitegi-erabilera, hirugarren sektoreko erabilera eta aurreikusitako ekipamendu pribatuetarako erabilera elkartzea, ingurumen-eragin aipagarririk sortu gabe beste plan edo programa batzuen gainean. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekin.
c) Aldaketa egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Aldaketari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman aldaketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kutsadura akustikoari, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
e) Era berean, Aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legeria ezartzeko.
2.– Efektuen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Aldaketaren eremuak 6.997,93 m2 hartzen ditu, bi azpi-eremutan banatuta: 11-A EU «Munibe», 1.380,20 m2ko azalera duena eta 11-B EU «Castilla», 5.617,73 m2ko azalera duena. 11-A EU «Munibe» Munibe, San Femando eta Arcipreste de Hita kaleek mugatzen dute. Ingurunearekin harreman konplexua du, eta osatu gabeko etxadi baten parte da. Etxadiaren topografiak desnibel handiak ditu muturren artean. 11-B EU «Castilla» Arrandi, Pormetxeta eta Arrontegi kaleek Herriko Plazarekin bat egiten duten lekuan dago. Honek ere ingurunearekin harreman konplexua du, eta osatu gabeko etxadi baten parte da. Etxadiaren topografiak desnibel handiak ditu muturren artean.
Aldaketaren eremua, oro har, hiri-ingurune artifizializatu batean dago, eta ez dauka ingurune naturaleko elementurik. Eremua osatzen duten elementuetako bat ere ez da nabarmentzen ingurumen-interesagatik.
Eremuan ez dago nabarmentzeko ingurumen-baliorik: nabar, ez dago naturagune babestuekin kointzidentziarik, Batasunaren intereseko habitatik, espezie mehatxaturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Ez dago hezegunerik, ez eta interes geologikoko lekurik ere.
Aldaketaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Eremuan ez dago azaleko ur-ibilgurik. Ibilgu gertukoena Ibaizabal ibaia da (Ibaizabal trantsizioa) «Castilla» 11-B EU-tik 450 m linealetara eta «Munibe» 11-A EU-tik 820 metrotara. Eremuan ez dago ur-punturik.
Eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago. Ez dago interes hidrogeologikoko gunerik, eta ez da identifikatu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan sartutako elementurik.
Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu, ez eta bestelako babes-erregimenik ere.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun oso baxua du, ez du uholde-arriskurik, eta ez dator bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatiekin.
Arrisku teknologikoei dagokienez, eremu osoa dago salgai arriskutsuen trenbideko garraioko 600 m-ko afekzio-bandan, eta «Castilla» 11-B EU-ren zati bat Seveso arriskuaren 720 m-ko alerta-bandan dago jarduerarik gabe dagoen Befesa industriarengatik.
Egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoan egindako analisiaren arabera, Barakaldoko Udalarentzat 2015ean AAC Acústica + Lumínica enpresak egindako zarata-mapetan oinarrituta, «Munibe» azpi-eremuan bete egiten dira kalitate akustikoko helburuak (KAH) egunez zein gauez. «Castilla» azpi-eremuan, ordea, gainditu egiten dira zertxobait kalitate akustikoko helburuak, egunez zein gauez. 11. EU osoa Babes Akustiko Bereziko Eremuan sartzen da (BABE 1, gehiena a) motako eremu akustiko batean, lehendik dagoen bizitegi-eremuan). Dagokion Zonako Planaren asmoa da zirkulatzeko abiadura 30 km/h-ra murriztea BABE horretan sartutako kale guztietan eta gaueko trafikoa arintzea.
Adierazitakoa kontuan hartuta, Aldaketak ez du jarduketa berririk onartzen, baldin eta jarduketa horiek gauzatzeak ingurumen-afekzioak eragin baditzake natura-alderdietan, aldaketaren ezaugarriak zein eragindako ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta. Bestalde, Aldaketak aukera ematen du energia-aurrezpeneko eta kalitate akustikoko irizpideak sartzeko araudian, jasangarritasunean aurrera egiteko.
Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak mugatuak direla aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat zaratari, hondakinen kudeaketari, ingurumenari eta segurtasunari eta osasunari buruzkoa, ondorioztatu da proposatutako arau-egokitzapenaren eragina txikia izango dela.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen prebentzio neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afektazio-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, kutsadura akustikoari, hondakinen kudeaketari, segurtasunari eta osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Castilla Munibe 11. EU eremuari dagokion bigarren aldaketa puntualari (MP15) ingurumen-txosten estrategikoa egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Horri dagokionez, ez da beharrezkotzat jotzen ebazpen honetan ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutakoez gain beste neurri batzuk sartzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Castilla Munibe 11. EU eremuaren bigarren aldaketa puntualak (MP15) ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Castilla Munibe 11. EU eremuari dagokion bigarren aldaketa puntuala (MP15). Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, non eta ez zaion ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 25a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS