Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2023ko maiatzaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

HEZKUNTZA SAILA
2220

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onesten baita Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin betiko esleipena.

Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2023ko martxoaren 6ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen 2022-2023 lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin betiko esleipena.

Ebazpen horren aurkako erreklamazioak aztertu dira, eta onartutako uko-egiteak sartu. Halaber, behin-behineko esleipen-prozeduraren ondoren, dagozkion aldaketak sartu dira behin betiko merezimenduen baremoan, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak baiestearen ondorioz.

Hezkuntzako sailburuaren 2022ko urriaren 7ko Aginduaren bidez (2022ko urriaren 14ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zen. Bada, agindu horren hogeita zortzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Onestea Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketaren lantokien behin betiko esleipena, honako zerrenda honetan agertzen den bezala:

I. eranskina: destinoa esleitu zaien maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen zerrenda.

Bigarrena.– Agintzea aurreko eranskina erakusgai jartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus helbidean, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Halaber, web-orri horretan bertan, erakusgai jarriko da uko-egiteen eta baietsitako, ezetsitako eta partez baietsitako erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, arrazoia zehaztuta.

Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte 2023ko irailaren 1etik aurrera; eta jatorrizko ikastetxeetako kargu-uzteek, ordea, 2023ko abuztuaren 31tik aurrerako ondorioak izango dituzte.

Laugarrena.– Indarrik gabe geratuko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdi honetan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez dituzten maisu-maistrei akats baten ondorioz esleitutako destinoak. Agindu honen eranskinean agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren eskakizunak betetzen direnik.

Bosgarrena.– Lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren maisu-maistrek, 2023ko irailaren 1etik 3ra bitartean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute: lekualdatze-lehiaketaren deialdiari buruzko 2022ko urriaren 7ko Aginduaren hogeita hamargarren oinarrian aipatua (2022ko urriaren 14ko EHAA).

Seigarrena.– Bai agindu honen bosgarren oinarriak aipatutakoaren arabera itzuli direnek, bai lekualdatze-lehiaketa honen bidez EAEn behin betiko destinoa lortu duten beste autonomia-erkidego batzuetako funtzionarioek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute non ziurtatuko baita ez dutela epai irmo bidezko kondenarik jaso sexu-askatasunaren eta osotasunaren kontrako delituren batengatik (delitu horietan sartzen dira sexu-erasoa eta abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien trafikoa). Ziurtagiri hori Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emango du. Hala ere, ez dute halako ziurtagiririk aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu hori kontsultatzeko berariazko baimena eman diotenek. Kontsulta hori elkarreragingarritasun-sistema elektronikoak baliatuta egin ahal izango du, Hezigunea hezkuntza-atariaren bidez, eta, horretarako, eremu mugatuan sartu beharko da (erabiltzailearen eta pasahitzaren bidez), «Adingabearen babesa» atalean.

Zazpigarrena.– Agindu honetan lortutako plazei ezin zaie uko egin. Aitzitik, irakasle-kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2023-2024 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, hamar egun naturaleko epean, behin betiko destinoen esleipenaren agindua EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Hala egin ezean, zerbitzu aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza hustzat joko dira, eta hezkuntza-administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Zortzigarrena.– Lekuz aldatzeko lehiaketa horretan parte hartu duten maisu-maistrek alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 5a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala