Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2023ko maiatzaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2205

AGINDUA, 2023ko apirilaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena. Agindu honen bidez, prestakuntza-ekintza batzuetarako deialdia egiten da EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleentzat, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2023-2024 Planaren barruan.

Etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, eta hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna. Halaber, irakasleen prestakuntza da eredu pedagogikoen etengabeko hobekuntzaren oinarrietako, euskal hezkuntza-sistema osoaren ekitatean eta kalitatean aurrera eginez bikaintasuna lortzeko.

Irakasleentzako prestakuntza-programak erronka bikoitza du. Alde batetik, irakasleek beren funtzioei dagozkien erantzukizunak baldintza onenetan hartu ahal izateko gaitasun-profila eskura dezaten laguntzea. Eta, bestetik, irakasle bakoitzaren gaitasun profesionalaren hobekuntza ikastetxearen eguneroko bizitzako esparru guztietan islatzea, eta, bereziki, eragina izatea ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, hezkuntza-etapa bakoitzerako irteera-profilean definitutako gaitasunak lortu ahal izateko.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak unibertsitatez kanpoko irakasleen urteko prestakuntza-plana egin du. Planaren helburua da irakasleei beren gaitasun profesionala garatzera bideratutako prestakuntza-proposamenak eskaintzea, arreta berezia jarriz prestakuntza horrek ikastetxean egiten den eguneroko lanean izan behar duen irismenean, hezkuntza-komunitate osoaren onerako izan dadin, oro har, eta ikasleen garapen integrala bultza dezan, zehazkiago. Era berean, planaren diseinuan, jakina, irakasleen iradokizunak eta balorazioak ere kontuan hartu dira.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailak konpromisoa eta erantzukizuna eskatzen die prestakuntza egitea erabakitzen duten irakasleei, eskuratutako ezagutza horiek isla izan dezaten ikasgelan garatzen den jardueran eta inpaktua sor dezaten ikastetxean, hezkuntza-sistemaren kalitate handiagoa sustatzeko.

Prestakuntza-jarduerak egiteko, Hezkuntza Sailak, bere baliabideez gainera, honako entitate hauen laguntza izango du: 2023-2024 ikasturtean, Prest_Gara planean, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleentzako banakako ikastaroen kontratazio-prozeduran esleipendun izan diren kanpoko entitateak.

Hori dela eta, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Hauxe da deialdi honen xedea: ezartzea prestakuntza-jarduerak egin nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleek zer prozedura jarraitu behar duten eskaera egiteko, zer baldintza bete behar dituzten parte hartzeko eta zer prozedura erabiliko den parte-hartzaileak aukeratzeko, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2023-2024 Planaren barruan.

2. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak.

2023-2024 ikasturterako prestakuntza-jardueren zerrenda Hezkuntza Sailaren webgunean kontsulta dezakete irakasleek, 2023ko maiatzaren 19tik aurrera. Prestakuntza-jarduera bakoitzak deskribapen-fitxa bat du, Hezigunean kontsulta daitekeena, eta fitxa bakoitzak informazio hau jasotzen du:

– Ikastaroaren izena, kodea eta entitate arduraduna; zeinek emango duen; ordu kopurua; plaza kopurua; ikastaroaren hasiera- eta amaiera-datak; non emango den, eta ordutegia.

– Irakasleen eta ikasleen gaitasunak.

– Hartzaileak eta prestakuntza-jarduera bakoitzaren berariazko betekizunak, onartzeko nahitaez bete behar direnak.

– Programa xehatua: helburuak, edukiak, metodologia eta ebaluazioa.

– Emateko modalitatea eta jardueraren zereginak edo faseak, jarraian zehazten denaren arabera:

– D: jarduera aurrez aurre eta eskola-orduetatik kanpo izango da.

– H: jarduera online izango da.

– G: txosten edo memoria bat egin behar da.

– F: ikasgelan praktika bat egin behar da.

Ikastaro guztietan dago aurreikusita ikasgelako praktika bat egitea edo txosten edo memoria bat idaztea jarduerari buruz.

3. artikulua.– Hartzaileak.

1.– Honako hauek parte har dezakete prestakuntza-jardueretan:

a) Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, publikoetan edo itunpekoetan lan egiten duten eta jardunean dauden irakasleek. Lehenengo postuan egongo dira lehentasun-hurrenkeran.

b) Hezkuntzako laguntza-zerbitzuetako langileek, Irale ikastegietakoek eta Itsuen Baliabidetegietako langileek, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko langileek, hizkuntza-eskola ofizialetakoek eta Hezkuntza Ikuskaritzakoek. Bigarren postuan egongo dira lehentasun-hurrenkeran, salbu eta jarduera berariaz zerbitzu horietako langileentzat bada, edo jardueran plazak gordeta badaude zerbitzu horietako langileentzat.

c) Lanbide Heziketako langileek prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute. Hirugarren postuan egongo dira lehentasunez.

2.– Hezkuntza Bereziko langile lan-kontratudunek hezkuntza-premia bereziei buruzko jardueretan parte har dezakete, jarduera horietarako jartzen diren baldintzetan.

3.– Ikastetxe publiko edo pribatu baimenduetan Haur Hezkuntzan (0-3 urteko zikloa) lan egiten duten irakasleek ziklo horretarako jardueretan parte hartuko dute, prestakuntza-jarduera horietan parte hartzeko zehazten diren baldintzen arabera.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza Saileko aplikazioan, Hezigunea atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke Hezigunen.

2.– Prestakuntza-jarduera batzuetan parte hartzeko beharrezkoa baldin bada titulu jakin bat atzerriko hizkuntzaren batean edo ziurtagiri jakin bat zeinu hizkuntzan lortu izana, ofizioz egiaztatuko da titulazio edo ziurtagiri hori egon badagoela eskatzailearen espedientean, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

3.– «Bideetako arriskuen prebentzioa ikasgelan. II. maila» prestakuntza-jardueran eskaera egiten denean, ofizioz egiaztatuko da eskatzaileak «Bideetako arriskuen prebentzioa ikasgelan. I. maila» prestakuntza-jardueraren ziurtagiria lortu duela, eta egon badagoela bere espedientean, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

4.– Eskatzen den titulazioa edo ziurtagiria ez baldin badago jasota Hezkuntza Saileko langileen erregistroan (2. eta 3. apartatuetan aipatzen da), horretarako egoki diren erregistroetan aurkeztu beharko da, eskaera aurkezteko epean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean zehazten da zein diren erregistro horiek). Beste aukera bat: erregistro elektronikoan sarbide bat zabalduko da berariaz, eta hori ere erabil daiteke.

5.– Nahi adina prestakuntza-jarduera eska daiteke. Eskabidean, ordea, aldi bakoitzean zein nahiago den zehaztu beharko da, hurrenkeran. Dena den, eskola-aldiaren arabera osatzen den jarduera-multzo bakoitzean jarduera bakar baterako onartuko da eskari-egilea.

6.– Prestakuntza-jarduera bat eskatu dutenen artean, bateraezintasun-arrazoiengatik kanpoan geratzen direnek (talde bereko beste jarduera batean onartuta egoteagatik), ikastaroan sartzea eskatu ahalko dute, baldin eta plaza hutsak geratzen badira deialdiaren behin betiko ebazpena argitaratu ondoren. Eskabidea onartzeko, justifikatu beharko da talde bereko jarduerak bateragarriak direla; hau da, jardueren egunak eta ordutegiak ez datozela bat.

7.– Eskatu ez dituzten ikastaroetan hutsik geratu diren plazak bete nahi dituztenek, berriz, deialdia behin betiko ebatzi ondoren aurkeztu ahal izango dute eskabidea.

8.– Artikulu honetako 6. eta 7. apartatuetan aipatutako eskabideak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera onartuko dira, hutsik dauden plazak agortu arte. Bi eskaerak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira Hezigunea atariaren bidez.

5. artikulua.– Eskaera egiteko epeak.

Eskaerak egiteko bi epe irekiko dira. Epe bakoitzean, epe horri dagozkion prestakuntza-jardueretarako soilik aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

a) Lehen eskaera-epea:

– 2023ko uztailean, abuztuan, irailean eta urrian hasten diren jarduerak.

– Eskaera egiteko epea: 2023ko maiatzaren 19tik ekainaren 2ra bitarte, biak barne.

b) Bigarren eskaera-epea:

– 2023ko azarotik 2024ko ekainera bitartean egiten diren jarduerak.

– Eskaera egiteko epea: 2023ko irailaren 15tik 29ra bitarte, biak barne.

6. artikulua.– Parte-hartzaileak aukeratzea.

1.– Ikastaroan sartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideak eta artikulu honen 4. apartatuko kanporatze-arrazoi batean ere ez daudenak eranskinean ezarritako baremoen arabera baloratuko dira. Atzerriko hizkuntzen jakintza-mailaren egiaztagiria eskatzen duten hizkuntzen prestakuntza-jarduerei dagokienez, titulazio hori kontuan hartzeko eta eskatzaileak jardueran parte hartu ahal izateko, egiaztagiri hori interesdunaren espedientean egon beharko da, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

2.– Puntuazio-berdinketa badago, 3. artikuluko lehentasun-ordena aplikatu ondoren, eskatzaileak zerbitzuan eman duen denborari erreparatuko zaio.

3.– Prestakuntza-jardueraren batean onartuak izan eta gero arrazoirik gabe huts egiteagatik Prest_Gara 2021-2022ko eta 2022-2023ko deialdietan zigortuak izan diren eskatzaileek deialdi honetako prestakuntza-jardueretan parte hartzeko eskaera egin dezakete, baina 0 punturekin sartuko dira aukeraketa-prozeduran, Hezkuntzako sailburuaren 2021eko apirilaren 29ko Aginduaren 8.4 artikuluaren arabera (han egiten baita deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ekintzetarako, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2021-2022 Planaren barruan), eta Hezkuntzako sailburuaren 2022ko martxoaren 28ko Aginduaren 8.3 artikuluaren arabera (han egiten baita deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ekintzetarako, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2022-2023 Planaren barruan).

4.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzeko eskaerak aukeraketa-prozeduratik baztertuta geratuko dira honako kasu hauetan:

– Eskaerak ez baditu betetzen jardueran parte hartzeko beharrezko den baldintzaren bat edo batzuk, barnean hartuta prestakuntza-jarduera batzuetan eskatzen diren ziurtagiriak edo hizkuntza-tituluak izatea, dagokion prestakuntza-jardueraren deskribapen-fitxan parte hartzeko adierazten diren baldintzei jarraituz.

– Eskatzaileak, atzerriko hizkuntzan, eskatu duen ikastarorako behar dena baino goragoko ziurtagiria edo maila handiagoa badu, baldin eta ikastaroaren fitxan adierazten bada hori baztertua izateko arrazoi bat dela.

5.– Baldintzak ez betetzeagatik baztertu bada eskaera, eskatzaileek hamar eguneko epea izango dute, behin-behineko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, baldintzak betetzen dituztela argudiatzeko edo / eta dagokion ikastaroko baldintza betetzen dela egiaztatzen duen ziurtagiria edo hizkuntza-titulazioa aurkezteko, eta, hartara, artikulu honetako 4. apartatuko arrazoiengatik baztertuak ez izateko.

7. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak behin-behineko ebazpena egingo du, eta Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da, eta parte-hartzaile bakoitzak bere eskaeraren egoera ikusi ahal izango du Hezigunea atarian. Ebazpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, eta datu hauek jasoko ditu:

– Egingo den prestakuntza-jarduera bakoitzaren behin-behineko zerrenda, eskaera bakoitzaren egoera adieraziko duena (onartua, erreserban eta baztertua, baztertzeko arrazoia emanda).

– Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin-behineko zerrenda.

Ikastaroetara onartutakoen behin-behineko zerrendak 2023ko ekainaren 7an argitaratuko dira, lehen eskaera-eperako, eta, 2023ko urriaren 4an, berriz, bigarren eskaera-eperako.

2.– Interesdunek, alegazioak egin edo parte hartzeari uko egin nahi izanez gero, 2023ko ekainaren 21era arte izango dute, lehen eskaera-eperako, eta 2023ko urriaren 18ra arte, bigarren eskaera-eperako.

3.– Behin alegazioak egiteko epea amaituta, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak prozeduraren behin betiko ebazpena egingo du. Ebazpen hori Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da, eta parte-hartzaile bakoitzak bere eskaeraren egoera ikusi ahal izango du Hezigunea atarian. Behin betiko ebazpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, eta honako zerrenda hauek jasoko ditu:

Jardueraren araberako zerrenda eta eskatzailearen araberakoa. Hor adieraziko da eskatzaileak zein egoeratan dauden eskatutako jarduera bakoitzean:

a) Onartua: ikastaroan plaza duten eskatzaileak.

b) Erreserban: betetzen dituzte ikastaroan parte hartzeko baldintzak baina ez dute lekurik lortu, bete arren, lehentasun-maila berean banatu diren azken plazetarako eskatu dena baino puntuazio txikiagoa daukatelako.

c) Baztertua: deialdiko edo ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileak, edo aldi horretan bertan beste ikastaro baterako onartuak izateagatik bateraezintasun-egoeran daudenak. Honako hauek dira baztertzeko arrazoien kodeak:

C: langilea ez dago jardunean.

I: bateraezina beste ikastaro batekin (garai berean emango den beste jarduera baterako onartua izateagatik).

K: ez da betetzen prestakuntza-jardueran parte hartzeko baldintza espezifikoren bat.

L: ikastaroa bertan behera geratu da.

H: eskatzaileak uko egin dio.

T: ez da betetzen atzerriko hizkuntzarako eskatzen den maila egiaztatzeari buruzko betekizun espezifikoa.

Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda.

Eskaera onartuen gutxieneko ratioa ez betetzeagatik bertan behera geratu diren prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda (hizkuntza-ikastaroetan, gutxienez 6 plaza; eta gainerako ikastaroetan, berriz, gutxienez 8).

4.– Behin betiko ebazpenaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, ebazpena Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratu eta hilabeteko epean, Egoitza Elektronikoan eskuragarri dagoen Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan bertan.

5.– Deialdi honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko, hiru hilabeteko epea dago, gehienez ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ez bada ebazpenik jakinarazi, interesdunek ulertu beharko dute eskaera ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dio betebeharra.

8. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Eskatzaileek, prestakuntza-jardueran parte hartzean, konpromisoa eta ardura hartzen dute eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko eta ikastetxean eta ikasgelan egiten duten eguneroko lanean aplikatzeko. Alde horretatik, atzerriko hizkuntzetan espezialistak ez diren irakasleek atzerriko hizkuntzetako prestakuntza jasotzeari dagokionez, parte hartzen duten irakasleen asmoa izan beharko da arloko edukiak hirugarren hizkuntza batean emateko behar den gaitasuna lortzea.

2.– Behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, arrazoi justifikatuak badaude soilik onartuko da prestakuntza-jardueran parte hartzeari uko egitea; adibidez, aldi baterako ezintasun-egoeran egotea edo lanean ustekabekoren gertatu delako. Uko egiteko jakinarazpena Hezigunea atariaren bidez bidali beharko da, prestakuntza-jarduera hasi aurretik, uko egitea justifikatzen duen gertaera jazo ondoren, ahal bezain laster, eta, hala badagokio, dagokion dokumentu-euskarria erantsi beharko zaio.

3.– Onartutakoen artetik justifikaziorik gabe uko egiten dutenak edo prestakuntza-jardueraren saioetara agertzen ez direnak (8.8 artikuluan adierazten den bezala) zigortu egingo dira, eta 0 punturekin hartuko dute parte Prest_Gara planaren babesean hurrengo bi edizioetan (2024-2025 eta 2025-2026) egingo diren prestakuntza-jardueretan. Justifikatu gabeko uko-egitetzat hartuko da aurrez jakinarazi gabe eta inolako arrazoirik frogatu gabe saioetara ez agertzea.

4.– Eskatzaileek uko egin dutelako edo saioetara agertu ez direlako hutsik geratzen diren plazak betetzeko, erreserba-zerrendako pertsonengana joko da, zerrendan duten hurrenkerari jarraituz; horretarako aukera beraiek jakinarazpenetarako zehaztutako posta elektronikoa erabilita eskainiko zaie. Prestakuntza-jardueraren bigarren saioa eman ondoren hutsik dauden plazak oro har ez dira beteko. Nolanahi ere, salbuespenak egin daitezke, baldin eta jarduerak iraupen luzea badu, ez bada aurrez aurreko prestakuntza, edo salbuespena egiteko beste baldintza batzuk betetzen badira.

5.– Atzerriko hizkuntzen prestakuntza-jardueretan, hasi aurretik, erakunde arduradunak hasierako ebaluazio-proba bat egin ahal izango die onartutako pertsonei. Eskatzailearen maila ez badator bat ikastaroaren hasierako diseinuarekin, erakundeak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio. Eskatzaileari entzunaldi-izapidea egin ondoren, plaza hori erreserban dagoen beste eskatzaile batek betetzea erabaki ahal izango da.

6.– Parte-hartzaileei ez zaie inolako diru-zenbatekorik ordainduko lekualdatze-gastuengatik edo Prest_Gara planeko prestakuntza-jardueretan parte hartzearekin lotutako inolako kontzepturengatik.

7.– Eskatzaileak behartuta daude onartuak izan diren prestakuntza-jardueran programatutako fase eta zeregin guztiak gauzatzera, bai eta 2. artikuluan aipatutako ikasgelako praktika edo txostena edo memoria egitera ere. Era berean, ikastaroa amaitu ondoren eta 2024ko uztailaren 31 baino lehen, Hezigunea atarian horretarako ezarriko den prestakuntza-jardueraren inkesta bete beharko dute. Bestela, parte-hartzailea ez da gai izango, eta prestakuntza-jarduera ez zaio ziurtatuko.

8.– Jarduera gainditzeko, parte-hartzaileek jarduera-orduen gutxienez % 80ra joan behar dute (modalitate presentziala edo mistoa dutenean), zeregin guztiak egin beharko dituzte, proiektu, txosten edo memoria bat entregatu beharko dute, eta balorazio-fitxa bete beharko dute, hala ezarrita baldin badago. Prestakuntza-jardueretan parte hartu duenak hura gaindituz gero, hala jasoko da Hezkuntza Saileko irakasleak berritzeko eta prestatzeko jardueren datu-basean. Jarduera gainditzen duten irakasleek ziurtagiria ikusi eta inprimatu ahal izango dute, Hezigunea atariaren prestakuntza-atalean sartuta; gainditzen ez duten parte-hartzaileek, berriz, ez dute inolako ziurtagiririk lortuko prestakuntza-jarduerarekin lotuta.

9. artikulua.– Prestakuntza-jardueren jarraipena.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio prestakuntza-jardueren jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horretarako, behar diren jarraibideak eman ditzake, eta Berritzegune edo Hezkuntzarako Laguntzeko Zentroen laguntza eska dezake.

10. artikulua.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak «Irakasleen Prestakuntza» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Irakasleak prestatzeko jarduerak. Irakasleen hizkuntza-gaikuntza, IRALE programa. EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen prestakuntza hobetzeko jardueretan parte hartzea (Prest_Gara Plana). Jardueren jarraipena.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari interes publikoaren izenean edo botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko.

Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk. Euskaltegiak, buletina, HABE.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, baita informazio gehigarrian zehazten diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure web orrian kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

ERANSKINA
BAREMO OROKORRA

A) Egoera administratiboa: 5 puntu, gehienez.

1.– Karrerako funtzionarioa edo ikastetxe publikoren batean lan-kontratu mugagabea duen langilea/ Ikastetxe pribatu itunduren batean lan-kontratu mugagabea duen langilea: 4 puntu.

2.– Bitarteko funtzionarioa edo ikastetxe publikoren batean aldi baterako lan-kontratua duen langilea/ Ikastetxe pribatu itunduren batean aldi baterako lan-kontratua duen langilea: 2 puntu.

3.– Ezabatutako unitateetako irakasleak: puntu 1.

B) Eskarmentu profesionala: 5 puntu, gehienez.

0,5 puntu urteko, 0,042 puntu hileko eta 0,0014 puntu eguneko.

Matrikulatzeko lehen epea: Hezkuntzan emandako zerbitzuak kontatuko dira, epe honen barruan: 2023ko maiatzaren 31 arte (egun hori barne).

Matrikulatzeko bigarren epea: Hezkuntzan emandako zerbitzuak kontatuko dira, epe honen barruan: 2023ko abuztuaren 31 arte (egun hori barne).

Guztira, gehienez: 10 puntu.

Sare itunduko ikastetxe pribatuetan diharduten langile lan-kontratudunei eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoetako irakasleei % 50 murriztuko zaie baremoan adierazitako A) eta B) atalak aplikatuta ateratzen duten puntuazioa.


Azterketa dokumentala