
88. zk., 2023ko maiatzaren 11, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (324 KB - 18 orri.)
- EPUB (1039 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2204
EBAZPENA, 2022ko abenduaren 27koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko aginduan jasotako dirulaguntzen deialdia ebazten duena. Horren bidez, hondakinen araudia ezartzen eta ekonomia zirkularra Euskadin sustatzen laguntzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta deialdia egiten da. Araudi hori 2022ko irailaren 21eko aginduak aldatu zuen, Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planaren esparruan.
GERTAKARIAK
1.– 2021eko urriaren 21ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko Agindua, zeinaren bitartez EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten baita.
2.– 2021eko abenduaren 15ean amaitu zen eskabideak aurkezteko epea. 108 proiekturi lotutako 90 eskabide jaso ziren guztira. Laguntza jasotzeko eskatu diren proiektuak honela banatzen dira deialdian jasotako laguntza-lerroetan:
– 1. lerroa. Bilketa bereizi berriak ezartzea, bereziki biohondakinak, eta daudenak hobetzea: 58.
– 2. lerroa. Bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea: 10.
– 3. lerroa. Bereizita bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketa-instalazio berriak eraikitzea: 12.
– 4. lerroa. Bilketa-instalazioei (garbiguneak, adibidez), hondakinak bereizteko eta sailkatzeko (ontziak, papera, etab.) instalazioei, tratamendu-instalazioen hobekuntzari, dauden instalazio mekaniko-biologikoei eta Berreskuratutako Erregai Solidoa prestatzeko instalazioei dagozkien inbertsioak: 28.
3.– Ondoren, 2022ko urriaren 4an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko irailaren 21eko Agindua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinaren bitartez aldatzen baita 2021eko urriaren 13ko Agindua, EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten duena. Bertan, besteak beste, laguntzen deialdi honetarako hasieran aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura handitzea jasotzen da.
Horrela, hasierako Agindua aldatu ondorengo aurrekontu-zuzkidura hemezortzi milioi hiru mila seiehun eta berrogeita hamasei euro eta berrogeita hamabi zentimokoa da (18.003.656,52), eta honela banatzen dira finantzaketa-lerroen artean:
– 1. lerrorako.– Bilketa bereizi berriak ezartzea, bereziki biohondakinak, eta daudenak hobetzea. Gehienez sei milioi bederatziehun eta hogeita hamaika mila berrehun eta berrogeita bost euro eta zortzi zentimo (6.931.245,08) erabiliko dira.
– 2. lerrorako.– Bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea. Gehienez ere bi milioi bederatziehun eta hogeita bederatzi mila ehun eta laurogeita hamalau euro eta laurogeita hamabi zentimo (2.929.194,92) erabiliko dira.
– 3. lerrorako.– Bereizita bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketa-instalazio berriak eraikitzea. Gehienez ere zazpi milioi berrehun eta hogeita hamabi mila ehun eta laurogeita hamasei euro eta laurogeita hamazazpi zentimo (7.232.196,97) erabiliko dira.
– 4. lerrorako.– Bilketa-instalazioei (garbiguneak, adibidez), hondakinak bereizteko eta sailkatzeko (ontziak, papera, etab.) instalazioei, tratamendu-instalazioen hobekuntzari, dauden instalazio mekaniko-biologikoei eta Berreskuratutako Erregai Solidoa prestatzeko instalazioei dagozkien inbertsioak. Gehienez ere bederatziehun eta hamaika mila eta hemeretzi euro eta berrogeita hamabost zentimo (911.019,55) erabiliko dira.
4.– 2022ko urriaren 11n, Balorazio Epaimahaia eratu zen eta deialdiaren ebazpen-proposamena egin zuen. Bertan zehaztu zituen dirulaguntza jaso zezaketen proiektuak, dirulaguntzaren zenbatekoa, ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak.
Balorazio Epaimahaiak egindako aktan, 1. lerroa. Bilketa bereizi berriak ezartzea, bereziki biohondakinak, eta daudenak hobetzeari dagokionez, hau jasotzen da: diruz lagundu beharreko proiektuen proposamenarekin, eta proiektu bakoitzerako ezarritako gehienekoa kontuan hartuta, lerroari esleitutako zuzkidura nahikoa da diruz lagundu nahi diren proiektuak estaltzeko; linea horretako dirua ez da erabat agortzen.
Aitzitik, aktan jasotzen da 2. lerroa. Bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea eta 4. lerroa. Bilketa-instalazioei (garbiguneak, adibidez), hondakinak bereizteko eta sailkatzeko (ontziak, papera, etab.) instalazioei, tratamendu-instalazioen hobekuntzari, dauden instalazio mekaniko-biologikoei eta Berreskuratutako Erregai Solidoa prestatzeko instalazioei dagozkien inbertsioen aurrekontu-zuzkidurak ez direla nahikoak dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak estaltzeko.
Horregatik, honako hau erabaki da, eta halaxe jaso da aktan:
– Soberan geratzen diren 1. lerroko («Bilketa bereizi berriak ezartzea, bereziki biohondakinak, eta daudenak hobetzea») hiru milioi hirurehun eta hirurogeita hamabost mila zazpiehun eta laurogeita sei euro eta berrogeita bi zentimotik (3.375.786,42) milioi bat laurogeita hamazazpi mila zazpiehun eta bederatzi euro eta laurogeita hamar zentimo (1.097.709,90) 2. lerroari («Bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea») esleitutako partidari gehitzea.
Ondorioz, 2. lerroan erabilgarri dagoen zuzkidura lau milioi hogeita sei mila bederatziehun eta lau euro eta laurogeita bi zentimokoa (4.026.904,82) izango da.
– 1. lerroaren gainerako zenbatekoa, hau da, bi milioi berrehun eta hirurogeita hemezortzi mila eta hirurogeita hamasei euro eta berrogeita hamabi zentimo (2.278.076,52), 4. lerroari («Bilketa-instalazioei (garbiguneak, adibidez), hondakinak bereizteko eta sailkatzeko (ontziak, papera, etab.) instalazioei, tratamendu-instalazioen hobekuntzari, dauden instalazio mekaniko-biologikoei eta Berreskuratutako Erregai Solidoa prestatzeko instalazioei dagozkien inbertsioak») esleitutako partida handitzera bideratzea.
Ondorioz, 4. lerroan («Bilketa-instalazioei (garbiguneak, adibidez), hondakinak bereizteko eta sailkatzeko (ontziak, papera, etab.) instalazioei, tratamendu-instalazioen hobekuntzari, dauden instalazio mekaniko-biologikoei eta Berreskuratutako Erregai Solidoa prestatzeko instalazioei dagozkien inbertsioak») erabilgarri geratzen den zuzkidura hiru milioi ehun eta laurogeita bederatzi mila eta laurogeita hamasei euro eta zazpi zentimokoa (3.189.096,07) izango da.
5.– Beraz, lerro bakoitzerako aurrekontu-zuzkidura honako hau da:
– 1. lerrorako.– Bilketa bereizi berriak ezartzea, bereziki biohondakinak, eta daudenak hobetzea. Gehienez hiru milioi bostehun eta berrogeita hamabost mila laurehun eta berrogeita hemezortzi euro eta hirurogeita sei zentimo (3.555.458,66) erabiliko dira.
– 2. lerrorako.– Bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea. Gehienez lau milioi hogeita sei mila bederatziehun eta lau euro eta laurogeita bi zentimo (4.026.904,82) erabiliko dira.
– 3. lerrorako.– Bereizita bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeko instalazio berriak eraikitzea. Gehienez ere zazpi milioi berrehun eta hogeita hamabi mila ehun eta laurogeita hamasei euro eta laurogeita hamazazpi zentimo (7.232.196,97) erabiliko dira.
– 4. lerrorako.– Bilketa-instalazioei (garbiguneak, adibidez), hondakinak bereizteko eta sailkatzeko (ontziak, papera, etab.) instalazioei, tratamendu-instalazioen hobekuntzari, dauden instalazio mekaniko-biologikoei eta Berreskuratutako Erregai Solidoa prestatzeko instalazioei dagozkien inbertsioak. Gehienez hiru milioi ehun eta laurogeita bederatzi mila eta laurogeita hamasei euro eta zazpi zentimo (3.189.096,07) erabiliko dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2021eko urriaren 13ko Aginduaren 14. artikuluarekin bat etorriz, horretarako eratutako Balorazio Epaimahaiak dagokion ebazpen-proposamena egin du. Proposamen horrek, aurrekontu-mugetara egokituta, Agindu hori aplikatuz dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak zehazten ditu, baita dirulaguntzaren zenbatekoa, ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak ere.
2.– Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak eskumena du onuradunak eta eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoak behin betiko zehazteko, 2021eko urriaren 13ko Aginduaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– 2021eko urriaren 13ko Aginduaren 17.1 artikuluak ezartzen duenez, deialdiaren ebazpena Ingurumeneko Estatu Idazkaritzak programa horren esparruan ematen dituen dirulaguntzak emateko ebazpenaren mende egongo da. Beraz, ebazpen honen eraginkortasuna erakunde horrek emandako erabakiaren mende geratuko da.
4.– 2021eko urriaren 13ko Aginduaren 17.4 artikuluak honako hau dio: erakunde onuradunen batek 2023ko ekainaren 30a baino lehen uko egiten badio jaso duen dirulaguntzari edo jarduketa data hori baino lehen ez hasteagatik errebokatzea adosten bada, ebazpenean zehaztuta egongo da bai partez diruz lagundutako proiektuen bai aurrekontu ezagatik dirulaguntzarik gabe geratutakoen lehentasun-hurrenkera, dirulaguntzak jaso ditzaten.
Ikusirik 2021eko urriaren 13ko Agindua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bitartez EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten baita; 2022ko irailaren 21eko Agindua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bitartez aldatzen baita 2021eko urriaren 13ko Agindua, EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean jasotako erakundeei dirulaguntza ematea, bertan zehazten diren proiektuetarako eta zenbatekoekin. Era berean, I. eranskinean proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa adierazten da, baita hura finantzatzen duen programa ere:
– EEEC 2021 ezartzen laguntzeko plana (Next Generation EU funtsak).
– Ekonomia Zirkularraren Programa 2021.
– PIMA Hondakinak 2021.
– EEEC 2022 ezartzen laguntzeko plana (Next Generation EU funtsak).
– Udal-hondakinen kudeaketa hobetzeko programa 2022.
– PIMA Ekonomia Zirkularra 2022.
Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean argitaratzea atzera bota dituzten dirulaguntzen eskabideen zerrenda.
Hirugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean adierazitako erakundeei eskatutako dirulaguntza ukatzea, bertan zehazten diren arrazoiengatik.
Laugarrena.– Laguntzari uko eginez gero edo laguntzaren bat ezeztatuz gero, diruz lagunduko diren lehentasun-ordena zehaztea, bai partzialki diruz lagundu zituzten proiektuak, bai aurrekontu-zuzkidurarik ez egoteagatik hasieran diruz lagundu ez zirenak (IV. eranskina).
Bosgarrena.– Ebazpen hau Ingurumeneko Estatu Idazkaritzak programa honen esparruan agintzen dituen dirulaguntzak emateko ebazpenaren mende dago.
Seigarrena.– Onuradunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko Aginduaren 18. artikuluan jasotzen diren betebeharrak bete beharko dituzte. Agindu horren bitartez EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri dira eta horretarako deialdia egiten da. Agindu hori 2021eko irailaren 21eko Aginduaren 4. artikuluak aldatu zuen.
Zazpigarrena.– Ebazpen hau Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitara dadin agintzea, dirulaguntzak emateko prozedura orotan eman behar den publizitate-printzipioa betez.
Zortzigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 27a.
Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,
AMAIA BARREDO MARTÍN.
RSS