Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2023ko maiatzaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2183

AGINDUA, 2023ko apirilaren 27koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren hasierako onespena ematen baitzaio Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari.

Gaur egun, egoera konplexua da oso energiaren zein ingurumenaren ikuspegitik. Horrenbestez, arinago lortu behar da ekonomia deskarbonizatzeko helburua, eta, horretarako, bai Europan, bai Estatuan, hainbat neurri hartu dira, eta gero eta helburu zorrotzagoak ezarri, energia berriztagarriek energia-mixean duten partaidetza handitze aldera. Hala, «fit for 55» izeneko neurri-sorta argitaratu zen 2021ean; bertan, EBko legeria berrikusteko eta eguneratzeko hainbat proposamen jasotzen dira, helburu hauxe lortzeko energia berriztagarriei dagokienez: 2030. urtean energia berriztagarrien % 40ko partaidetza izatea energiaren azken kontsumoan. Egun, helburu hori gorantz berrikusten ari dira; nolanahi ere, ekonomia erabat deskarbonizatzea lortu nahi da 2050erako.

Hori lortzearren, zalantzarik gabe, energia-iturri berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak hedatu beharko dira lurraldean, eta hedatze horrek, nahitaez, handiagoa izan beharko du datozen urteetan. Horrez gain, modu ordenatuan hedatu beharko dira, instalazioak ezartzea bateragarria izan dadin lurraldea eratzen duten elementuekin, hala nola paisaiarekin, kultura-ondarearekin, ingurune sozioekonomikoarekin, segurtasunarekin eta osasunarekin edo ingurumen-balioekin. Horrixe erantzun nahi zaio, hain zuzen ere, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren bitartez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak bere laugarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteari ekingo dio.

Ildo horretan, 2019ko otsailean, Eusko Legebiltzarrak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Plan horretan, haize-energia ez ezik, beste energia berriztagarri batzuen ezarpena ere planifikatuko da lehentasunezko helburu gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa areagotzeko asmoz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez onartu ziren behin betiko) 16. artikuluan jasotzen dute Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial bat idatziko dela, eta, aldi berean, zehazten da zein irizpide bete beharko dituen tresna horrek.

Hori guztia betetzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuan aurreikusitakoa betez, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozedura hastea erabaki zen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 22ko Aginduaren bidez (2021eko martxoaren 20ko EHAA, 64. zk.).

Parte-hartze publikoko eta organismo interesdunei kontsulta egiteko prozesuaren jarraipena egin ondoren, erakundeen, gizarte-eragile interesdunen eta, oro har, herritarren ekarpenak bilduta, Planaren Aurrerapen Dokumentua eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa egin ziren.

Dokumentua lurralde-administrazio interesdunei helarazi zitzaien, egoki iritzitako oharrak, iradokizunak, alternatibak eta proposamenak aurkez zitzaten, martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat; halaber, nahitaezko txostenak eskatu ziren.

2022ko martxoaren 2an, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak txostena eman zuen.

Ingurumen-izapidearen barruan, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak Ebazpena eman zuen 2023ko apirilaren 25ean, zeinaren bidez formulatzen baita Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-azterlan estrategikoaren irismen-dokumentua. Era berean, plan horrek generoaren ikuspegitik eraginik ez duela justifikatzeko txostena egin da.

Iradokizunak eta txostenak jaso ondoren, eta ingurumen-azterlan estrategikoaren irismen-dokumentua oinarri hartuta, hasierako onespenerako dokumentua egin zen. EAEko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 13.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, agiria Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari igorri zitzaion, txostena egin zezan.

Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren edukia behar bezala txertatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek zehaztutako lurralde-esparruan, eta lurralde-plan sektorialek jaso behar dituzten zehaztapenak eta dokumentuak biltzen ditu.

Sail honek eskumena du Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari hasierako onespena emateko, halaxe jasotzen baita Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.3 artikuluan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 15. artikuluan.

46/2020 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, administrazio sustatzaileak jendaurrean jarriko du hasieran onetsitako plana, ingurumen-azterlan estrategikoarekin batera; halaber, entzunaldia egingo zaie lurralde-administrazio publiko interesdunei eta kontsulta eragindako administrazio publikoei eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran aldez aurretik kontsultatutako pertsona interesdunei.

Hortaz, aurrekari horiek kontuan izanik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasierako onespena ematea Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta, gutxienez, Euskal Autonomia Erkideagoan hedapenik handiena duten egunkarietako bitan argitaratzea.

Hirugarrena.– Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala jendaurrean jartzea, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, 45 egun balioduneko epean, agindu hau adierazitako aldizkari ofizialetan azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Lurralde-administrazio publiko interesdunen entzunaldi- eta kontsulta-izapidearen mende jartzea Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala, egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak egin ditzaten, 45 egun balioduneko epean, agindu hau adierazitako aldizkari ofizialetan azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bosgarrena.– Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren ingurumen-azterlan estrategikoa jendaurrean jartzea eta eraginpeko administrazio publikoei eta lehenago kontsultatu zaien interesdunei kontsulta egitea, 45 egun balioduneko epean, agindu hau adierazitako aldizkari ofizialetan azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Epe horietan, Lurralde Plan Sektoriala interesdunen eskura egongo da, Irekian eta sail honen web-orrian, helbide honetan (www.euskadi.eus ataria): https://www.euskadi.eus/euskadiko-energia-berriztagarrien-lurralde-plan-sektoriala-egiteko-prozesua/web01-a2energi/eu/; edo, bestela, aldez aurretik hitzordua eskatuta, sail honen Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren egoitzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Agindu honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onesteko prozeduraren baitako izapide bat baita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 27a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala