Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2023ko maiatzaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2097

AGINDUA, 2023ko apirilaren 25ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egin eta arautzen baita bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektorean jarduera uzteko laguntza-programa bat.

Garraiolari autonomoen adin handia da errepidez egiten den garraio publikoaren sektoreari eragiten dioten arazoetako bat. Hori dela-eta, sail honek uste du egoki dela bizitza profesional gehiena errepide bidezko garraio publikoaren sektorean egin duten adin handiko profesional horiek lanbidea bertan behera utz dezaten sustatzea; eta, hartarako, beharrezko baliabideak jarriko dira.

2023ko ekitaldian, honako sektore hauei erantzungo zaie: ibilgailu arin eta astunetan errepidez egiten den salgaien garraio publikoa; eta autobusez egiten den bidaiarien garraio publikoa; izan ere, sektore horietan, adin handiko garraiolari askok ez dute beharrezko baliabiderik jarduera bertan behera uzteko, eta, beraz, aipatutako laguntzek gizarte-funtzioa egiten dute. Halaber, garraiolari hauek sartuko dira: ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenak, eta bai baliaezintasun handia aitortua dutenak ere.

Laguntza-programa hau sartuta dago 2021eko ekainaren 2ko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren bitartez onartutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko helburu, estrategia eta jarduera-lerroen barruan kokatzen da laguntza-programa hau, hain justu ere garraio-sektorearen funtsezko elementuari –garraiolariari– eragiteari dagokionez.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta kontuan harturik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honen helburua araubide hau arautzea da: bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektoreko adin handiko garraiolariek, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenek eta baliaezintasun handia aitortua dutenek lanbidea bertan behera uztea sustatzeko laguntza-araubidea (2023. urtea).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

2. artikulua.– Pertsona onuradunak eta garraiolari jarduerarekin lotutako betekizunak.

1.– Eskabideak aurkezteko azken egunean honako betekizun hauek betetzen dituzten pertsonak izan daitezke agindu honetan araututako laguntzen onuradunak:

a) 2018ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) 63 urtetik 64 urtera (biak barne) bitarteko adina izatea, edo garraiolariaren ohiko lanbidean jarduteko ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izatea, pentsioaren onarpen-data adierazten duen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpenarekin. 2023ko ekainaren 1ean sei hilabete oso baino gutxiago falta badira hirurogeita bost urte betetzeko, ez da emango laguntzarik.

c) Azken hamar urteetan, etenik gabe, bidaiarien edo salgaien autobus bidezko garraio publikorako indarreko baimen baten titular izatea gehienez ere hiru kopiarekin; edo aldi berean bi horiena izatea, gehienez ere hiru kopiarekin. Baimen horrek etengabekoa izan beharko du, eta gutxienez indarreko kopia bat izan beharko du. Nolanahi ere, baimenaren titulartasunean edo indarraldian eten bat edukitzea baimenduko da, baina gehienez ere hiru hilabetekoa izango da. Ondorio horiei dagokienez, eskabidea aurkezterakoan birgaiturik badaude, bisatuaren falta dela-eta iraungitako baimenak indarrean izan direla ulertuko da. Laguntza ematea eragiten duen baimenak indarrean egon behar izango du egoera hauen onarpenera arte, ezintasun iraunkor absolutua, osoa edo baliaezintasun handia denean.

Trakzio propiodun ibilgailuei (barne direla TD motakoak) dagokienez, 2007ko apirilaren 16a baino lehen, onuradunaren titulartasunpeko diren baimenak, salgaien garraio publikorako direnak, zehazki, estatuko, eskualdeko edo tokiko eremukoak direnak baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.

Onuradunaren titulartasunpeko ibilgailuari dagokionez, 1998ko uztailaren 1a baino lehen bidaiarien garraio publikorako diren baimenak, zehazki, estatuko, eskualdeko edo tokiko eremukoak direnak baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.

d) Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egotea, hain justu ere azken hamar urteetan etenik gabe; gehienez ere, hiru hilabetetik pasatzen ez den eten bakarra onartuko da.

Ezintasun iraunkor absolutuak edo osoak edo baliaezintasun handiak eragiten dien eskatzaileen kasuari dagokionez, halakorik aitortu zaienetik hara zenbatuko da aipatutako hamar urteko epea.

e) 2023ko azaroaren 30a baino lehen, errepidez bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko jarduera bertan behera uzteko konpromisoa hartzea; betiere, bere titulartasunpeko garraio-baimenei behin betiko uko eginda. Jarduerari berriz ekinez gero, jasotako laguntzak edo tokatzen diren interesak itzultzeko obligazioa izango du.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak hauek izan daitezke: salgaien garraio publikoaren edo autobuseko bidaiarien baimenaren titulartasuna duten pertsona bateko sozietateen bazkide bakarrak, betiere pertsona bateko sozietateak zein bazkide bakarrak agindu honen baldintzak betetzen badituzte. Agiri bidez egiaztatu beharko dute, eta, ahal bada, merkataritza erregistroko ziurtagiriaren bidez, azken hamar urteotan sozietatea pertsona batekoa izan dela.

3. artikulua.– Onuradunen betekizun orokorrak.

Onuradunak izan daitezke honako betekizun orokor hauek betetzen dituzten pertsonak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Epai irmoaren bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik ez izatea, edo prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko erabilera, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen ilegalak edo hirigintza-delituak egiteagatik kondenatuta ez egotea, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez egotea, sexu-bereizkeriagatik gertatutakoak barne, bat etorrita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 50.5 artikuluan xedatutakoarekin.

c) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartu badu, eta esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaitua izatea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

e) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin ez izana, erruduntzat jo diren kausagatik.

f) Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan jardutea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi-karguren batean ez egotea, lege horretan bertan edo lege horretan araututako gaietan.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren ebazpen irmoaren bidez zigortua ez izatea.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan jasotako debekuetako batean ere ez egotea.

4. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.

1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluetan arautzen da, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko 16/1987 Legearen 56. artikuluari lotuta.

2.– Interesdunek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jarriko dira: http://www.euskadi.eus/egoitza

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, non izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dauden eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen duen, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0031108

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Agiriak aurkeztea.

1.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabide-orria, behar den moduan beteta, I. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, nortasuna automatikoki egiaztatuko da eskabidea bitarteko elektronikoak erabiliz egiten denean; izan ere, baliabide horiek eskuratzeko, pertsona horiek ziurtagiri digitalaren edo baliokidearen bidez identifikatu behar dira.

c) Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaturik dagoela egiaztatzeko agiria, noiztik erroldaturik dagoen jasotzen duena.

d) Pertsona juridiko bakar bateko sozietateen bazkide bakarren kasuan, eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFZ, Merkataritza Erregistroko inskripzio-ziurtagiria eta halaber eratze-eskriturak edo onuraduna bazkide bakarra dela egiaztatzen duen agiria.

e) Azken hamar urteetan, etenik gabe, Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egon izanari buruzko egiaztagiria (lan-bizitzari buruzko txostena).

f) Beharrezkoa bada, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izateari buruzko egiaztagiria.

g) Hirugarrenen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren araberakoa, honako helbide honetan eskuragai: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak betiere, lehenengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez. Fitxa hori laguntza eman ondoren aurkeztu daiteke, beti laguntzak ordaindu baino lehen.

2.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Halaber, laguntzak eskatzen dituzten pertsonek salgaien edo bidaiarien autobuseko garraio publikorako baimenen titulartasuna eskatzen den antzinatasunarekin dutela egiaztatzeko, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, haien baimenik behar izan gabe, bat etorrita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin eta otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 6. artikuluarekin (puntu honetan apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez aldatua). Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori eskabidea egitean, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Laguntza eskatzen duen pertsonak eskabidearekin batera eskabide-orrian agertzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

a) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

b) Agindu honen 2.1 artikuluaren e) letran eta 3. artikuluaren b) eta h) letren artean ezarritako alderdiak.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du, baldin eta aurkeztu den eskabidea behar bezala balioesteko beharrezkotzat jotzen badu.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendaritzaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Agirien gaineko akatsak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, akatsak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

9. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira:

a) Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko lau mila eta ehun euro (4.100,00), salgaien garraio publikoa ibilgailu astunez egiteko eta bidaiarien garraio publikoa autobusez egiteko baimenei dagokienez.

b) Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko bi mila eta seiehun euro (2.600,00), salgaien garraio publikoa ibilgailu arinez egiteko baimenei dagokionez.

c) Ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua duen edo baliaezintasun handia aitortua duen garraiolariari hamar mila euro (10.000,00).

2. artikuluko gainontzeko betekizunez gain, artikulu horren 1.b) atalean ezarritako adinarena eta ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortu izatearena betetzen dituzten onuradunek kopuruz handiena den laguntza jasoko dute.

2.– Sei hilabeteko osoen zenbaketa 2023ko ekainaren 1etik aurrera egingo da.

3.– Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honekin bat emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste pertsona juridiko eta fisiko batzuek emandakoekin.

11. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bidez arautuko da dirulaguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; dirulaguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

12. artikulua.– Ordainketa.

1.– Laguntza emandakoan, onuradunak jarduera bertan behera utzi duela egiaztatzen badu, laguntza osorik ordainduko da, baina hark honako betekizunak bete beharko ditu:

Laguntzaren onuradunak uko egin beharko die honako hauei: laguntza ematea eragin zuen baimenari edo baimenei, eta bai bidaiarien eta salgaien garraio publikorako dituenei ere; betiere baimen horietan baja hartu izana egiaztatuaz.

Enpresari legez garraio-jarduera behin betiko uzteko konpromisoa hartu beharko du, eta, halaber, bere konpetentzia profesionala beste garraio-enpresa bati ez ematekoa ere.

Baimendutako gehieneko 3.500 kg-ko masatik gorako ibilgailuak edota autobusak gidatzeko baimen balioduna badu, trafiko zuzendaritza egokian uko egin behako dio hari; eta hori, gidabaimen berriaren aurkezpenaren bitartez justifikatu ahal izango da.

2.– Dirulaguntza eskuratzeko betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2023ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Ezin izango da dirulaguntzaren ordainketa egin onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo itzulketaren bidezkotasun-ebazpen bidez zordun bada.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

a) Dirulaguntza eskuratzeko beharrezko diren betekizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Dirulaguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.

d) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

f) Dirulaguntzen onuradunen betebeharren inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa bete.

2.– Artikulu honen 1.e) apartatuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako dirulaguntzari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen badu.

15. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

Onuradunak agindu honetan, dirulaguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, hartara egokiro betetzeko bai azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, baita dirulaguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauak ere. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, ezta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala eskatzea ere.

16. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honen aplikazioan jasotako datu pertsonalak tratatzeko orduan, berariaz beteko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Osasunari buruzko datuak, berriz, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 25a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala