
84. zk., 2023ko maiatzaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (245 KB - 22 orri.)
- EPUB (154 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
2085
37/2023 DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko 7-15 urteko biztanleen aho-hortzen osasunaren arloko prestazio sanitarioari buruzkoa.
Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluak osasuna babesteko eskubidea aitortzen du, baita botere publikoen eskumena ere osasun publikoa prebentzio-neurrien eta behar diren prestazioen eta zerbitzuen bidez antolatzeko eta babesteko.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 18. artikuluak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola, bere mugapeko osasungintzaren arloan, oinarrizko legeria exekutatzea eta lege bidez garatzea.
Azaroaren 25eko 27/1983 Legearen (Autonomia Erkidegoko Erakundeen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa) 6. artikuluak xedatzen du EAEko erakunde komunen eskumena dela Autonomia Estatutuaren arabera erkidego honi dagozkion gai guztiei buruzko legeak egitea edo lege horiek betearaztea, non eta gai horiek estatutu horretan, aipatutako legean edo ondorengo lege batzuetan ez zaizkien lurralde historikoetako foru-organoei aitortzen edo esleitzen.
Osasuneko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 6. artikuluak ezartzen du administrazio publiko sanitarioen jarduketak honako ekintza hauetara bideratuta egongo direla: banakoen, familien eta gizartearen osasuna eta osasunarekiko interesa sustatzera, biztanleriari behar bezalako heziketa sanitarioa emanda; ekintza sanitarioak gaixotasunak prebenitzera, eta ez soilik sendatzera, bideratuta egongo direla ziurtatzera; osasun-galera guztietan asistentzia sanitarioa bermatzera, eta pazientearen errehabilitazio funtzional eta gizarteratzerako beharrezkoak diren ekintzak sustatzera. Halaber, lege-testu beraren 3.2 artikuluak ezartzen du osasunerako sarbidea eta prestazio sanitarioak berdintasun eraginkorreko baldintzetan egingo direla.
Osasun Sistema Nazionalaren kohesioa eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak 12.2.i) artikuluan ezartzen du aho-hortzen osasunaren arreta lehen mailako arretan eskaini beharreko prestazioa dela. Halaber, irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak –Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura ezartzen duena– aho-hortzen arreta arautzen du II. eranskineko 9.4 apartatuan, eta helburu du ekitatea eta Osasun Sistema Nazionalean atentzio sanitario egokirako irisgarritasuna bermatzea.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikuluak xedatzen du herritarren osasun-babeserako eskubidea aitortzeak euskal aginte publikoei zenbait betebehar ezarri dizkiela. Betebehar horiek direla-eta, Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, prebentzio-neurrien eta osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide egokiak bermatzea, hots, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko baliabide egokiak bermatzea, batez ere titulartasun publikoko bitartekoen dotazio, mantenimendu eta antolamendu-hobekuntzaren bidez. Era berean, arau beraren 4. artikuluak ezartzen du prestazio sanitario indibidualak ziurtatuko dituela osasun-sistema nazionalaren oinarrizko antolaketari jarraikiz, eta Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean, prestazioen katalogoa hedatu ahal izango duela.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, osasuna sustatzea eta gaixotasunen prebentzioa funtsezkoak dira herritarren osasuna hobetzeko, eta, horregatik, 7-15 urtekoen aho-hortzen osasuna indartu nahi du aho-hortzen asistentziaren sistema integrala, oinarrizko, unibertsal eta kalitatezkoa, eratuz. Izan ere, adin horiek erabakigarriak dira hortzeria ona garatzeko, baita hortzeria horri bizitza guztirako osasuntsu eutsiko dioten zaintza-ohiturak lantzeko ere.
Arrazoi horiek direla medio, apirilaren 24ko 118/1990 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) haurren hortzak zaintzeari buruzkoa, onartu zen. Horren bitartez, Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI) sortu zen, 7-15 urteko haurrei beharrezkoak diren zaintzak emateko, adin horietan ateratzen eta heltzen baitira behin betiko hortzak, helduaroan hortz-osasun hobea izateko. Dekretu horrek ikasle guztien hortzen arreta arautu, aseguratu, finantzatu eta aurreikusi zuen. Azkenik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legea indarrean jarri zenean, indargabetu egin zen, haren xedapen indargabetzailearen bidez.
2000. urteaz geroztik, odontologo eta estomatologo pribatuak kontratatzeko deialdi publikoak egin dira, prozedura irekien bidez zerbitzu publikoa kudeatzeko administrazio-kontratuak sinatzeko. Aurretiko esperientziak agerian utzi du kontratu administratiboak ez direla azkarrak zerbitzu horiek emateko, ez baitute profesional gehiago kontratatzeko aukerarik ematen beste kontratazio bat egin behar ez den arte. Gogoratu behar da benetan ez dela lehia-prozedurarik egin eskaintzarik onena hautatzeko; aldiz, aurrez ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiak sartu dira zerbitzuen prestazioan. Hori dela eta, beharrezkotzat jo da sistema aldatzea, edozein profesionalek, dela pertsona fisikoa edo juridikoa, edozein unetan eskatu ahal dezan prestazioak egiteko gaikuntza. Hori guztia azaroaren 8ko Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legeak (horren bidez, 2014ko otsailaren 26ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/23 (EB) eta 2014/24 (EB) Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora) bere 11.6 artikuluan ezartzen duenaren babesean. Hain zuzen, horren arabera, lege horretatik kanpo geratzen da entitate pribatuek gizarte-zerbitzuak ematea, baldin eta kontratu publikorik gabe ematen badira, besteak beste, zerbitzu horiek besterik gabe finantzatuz, edo botere adjudikatzaileak lehenago ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitate guztiei lizentziak edo baimenak emanez, mugarik eta kuotarik gabe, eta sistema horrek publikotasun nahikoa bermatzen badu eta gardentasun eta diskriminazio-ezaren printzipioak betetzen baditu.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, nahitaezko aholku-organoei iritzia eskatuta, Osasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 21eko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Dekretu honen xedea da Euskadiko Sistema Sanitarioaren kargura asistentzia sanitario publikoa jasotzeko eskubidea duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 7-15 urteko pertsonei aho-hortzen osasunaren arloan ematen zaien prestazio sanitarioaren edukia eta irismena ezartzea, baita hura kudeatzeko modua ere.
2.– Dekretu honen bidez erregulatutako prestazio sanitarioa PADI-Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren bidez emango da.
3.– Onuradunek 7 urte betetzen dituzten urteko urtarrilaren 1ean hasi eta 15 urte betetzen dituzten urteko abenduaren 31ra arte jaso ahal izango dute prestazio hau.
4.– Era berean, dekretu honetan erregulatutako prestazio sanitarioaren onuradun izan daitezke 7-15 urte izanik adin txikiko atzerritarren aldi baterako lekualdatzeen programa humanitarioetan sartuta daudenak, osasun arloan eskumena duen sailak izenpetzen dituen lankidetza-tresnen esparruan.
II. KAPITULUA
HAURREN HORTZAK ZAINTZEKO PROGRAMAREN PRESTAZIOAK
2. artikulua.– PADI prestazioaren edukia.
1.– Haurren aho-hortzen prestazio sanitarioaren edukia eta irismena PADIn zehazten da, eta EAEn ekitatean oinarritutako kalitatezko aho-hortzen arreta sanitarioa bermatzen duten prebentzio-neurriei eta jarduketa asistentzialei dagokie.
2.– Aho-hortzen asistentziaren barruan sartzen dira urteko kapitazioan sartutako oinarrizko prebentzio- eta berritze-tratamenduak eta ekintza odontologiko bakoitzeko ordainketan sartutako tratamendu bereziak.
3.– Dekretu honen II. kapituluan deskribatutako aho-hortzen asistentzia-tratamenduak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak jarduketa klinikoaren gida gisa ezarritakoaren arabera aplikatu behar dira, hain zuzen, ebidentzia zientifikoa eta baimendutako gomendioak aplikatuz.
3. artikulua.– Kapitazio bidezko oinarrizko asistentzia:
1.– Tratamendu eta ekintza hauek sartzen dira urteko kapitazio bidezko oinarrizko asistentzia odontologikoaren barruan:
a) Ahoko osasun-egoera eta txantxar-arriskua diagnostikatzeko azterketa.
b) Ahoko osasuna lortzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren osasun-jarraibideak, higieneari eta dietari buruzkoak.
c) Behin betiko haginetako artekak eta fisurak zigilatzea.
d) Fluor-bernizaren aplikazio topikoa.
e) Behin betiko hortzak obturatzea.
f) Behin betiko hortzen pulpa tratatzea.
g) Behin-behineko eta behin betiko hortzak erauztea.
h) Tartrektomia behin betiko hortzetan.
i) Aho-hortzetako larrialdien tratamendua.
2.– Artikulu honetan adierazitako tratamenduei dagozkien ekintzak eta baldintza teknikoak dekretu honen I. eranskinean zehazten dira.
4. artikulua.– Aho-hortzen asistentziako tratamendu bereziak.
1.– Ekintza odontologiko bakoitzeko ordainketaren barruko asistentzia berezitzat hartuko dira honako tratamendu hauek:
a) Malformazioen edo behin betiko ebakortz eta letaginetako traumatismoen tratamenduak.
b) Behin-behineko hortzak konpontzea behin betiko hortzen agenesiaren edo gaixotasun sistemikoen kasuan.
c) Behin betiko hortzetako tratamendu protesikoak.
d) Fluorizazio topikoko saioak bereziki txantxar-arriskua dagoen kasu zehatzetan.
2.– Artikulu honetan adierazitako tratamenduei dagozkien ekintzak eta baldintza teknikoak dekretu honen I. eranskinean zehazten dira.
3.– Tratamendua fakturatu ahal izateko, aurretiko onespena beharko da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan PADIren kudeaketaz arduratzen den unitatearena, eta, beraz, dekretu honen arabera, pertsona gaituak baimena eskatu beharko du tratamendua egin aurretik, non eta ez den premiazko tratamendu bat. Arrazoi medikoengatik atzeratu ezin den tratamendua soilik izango da premiazko tratamendua. Nolanahi ere, odontologo edo estomatologo gaituaren txosten klinikoa eskatuko da, baita esku-hartzea beharrezkoa dela justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren proba diagnostikoak eta balorazioak ere.
5. artikulua.– Desgaitasun psikiko edo fisikoa duten pertsonentzako asistentzia.
Aho-hortzen oinarrizko asistentzia bermatuko zaie desgaitasun fisikoa edo psikikoa edo beste arazoren bat dutenei, baldin eta eragina badute haien aho-patologiaren eta/edo tratamenduaren hedaduran, larritasunean edo zailtasunean, hau da, tratamendu lasaigarrien laguntzarik gabe arreta sanitario egokia jasotzeko behar den autokontrolik ez badute. Onuradun horiek egoeren espezifikotasuna kontuan hartuta jasoko dute prestazio sanitarioa. Prestazio horiek dagokion osasuneko lurralde-ordezkaritzan kudeatuko dira; nolanahi ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak prestazio horiek nola gauzatuko diren koordinatuko du lurralde bakoitzean.
6. artikulua.– Salbuesteak.
Dekretu honetatik kanpo geratuko dira prestazio hauek:
a) Ortodontzia-tratamenduak: Miaketa erradiologikoa eta beste diagnostiko-bitarteko batzuk ere ez dira sartzen, ezta horiek egiteko aldez aurreko edo beharrezko edozein esku-hartze ere, hala nola behin betiko hortz osasuntsuen exodontzia.
b) Behin-behineko hortzen kontserbazio-tratamenduak, dekretu honen 4.1.b) artikuluan adierazitakoa eragotzi gabe.
III. KAPITULUA
ONURADUNEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
7. artikulua.– Onuradunen eskubideak.
Arau honen aplikazio-eremuan sartzen diren onuradunek eskubide hauek izango dituzte:
1.– Asistentzia odontologikoa emango dion pertsona gaitua aukeratu ahal izango du, eta, hala badagokio, haren mendeko profesionala ere bai.
2.– Dekretu honetan jasotako prestazioak ekitate- eta berdintasun-baldintzetan jasotzeko eskubidea, prozesu klinikoak berezkoak dituen desberdintasunak izanik alde bakarrak.
3.– Aukeratutako hortz-kontsultara edo -klinikara urtean zehar behar adina aldiz joateko eskubidea.
4.– Erreferentziazko dentista aldatzeko eskubidea, bat etorriz dekretu honen hurrengo artikuluko 3. apartatuan ezarritako prozedurarekin.
5.– Halaber, 147/2015 Dekretuan aitortutako eskubideak izango dituzte (147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena).
6.– Jasotako prestazioek sortutako gastuak ezagutzeko, zuzenean ordaintzen ez badira ere.
8. artikulua.– Askatasunez aukeratzea.
1.– Gurasoek, tutoreek edo zaintzaren arduradunek, dekretuaren aplikazio-eremuan sartzen diren pertsonen guraso-ahala, tutoretza edo zaintza edo jagoletza izateagatik, urte natural bakoitzean PADIra atxikitako pertsona gaituen artean aukeratu ahal izango dute. Pertsona gaituek, aldi berean, PADIren prestazioan parte hartzen duten mendeko dentistak aukeratuko dituzte beren profesionalen artean.
Xede horretarako, Eusko Jaurlaritzan osasun arloan eskumena duen sailak PADIko pertsona gaituen zerrenda eguneratuta edukiko du, baita PADIra atxikitako mendeko profesionalena ere. Zerrenda hori eskura egongo da EAEko Administrazio Publikoaren (https://www.euskadi.eus/hhzp eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren (https://www.osakidetza.euskadi.eus/hhzp) egoitza elektronikoan, baita osasuneko lurralde-ordezkaritzetan ere.
2.– Hautatutako pertsona gaitua edo, hala badagokio, mendeko langileen artean hautatutako profesionala, izango da pazientearen aho-hortzen osasunaz arduratuko den erreferentziazko dentista, zeinak dagokion jarraipena egingo baitu dekretu honetan xedatutakoaren arabera profesionalez aldatzen ez den bitartean.
Asistentzia odontologikoa emango duen pertsona gaituaren eta, hala badagokio, mendeko langileen artean hautatutako profesionalaren hautaketa Osasun Txartel Indibiduala (OTI) urtean lehen aldiz aurkezten denean egin beharko da; txartel hori izan ezean, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak edo Osasuneko lurralde-ordezkaritzek emandako dokumentua aurkeztuko da, prestaziorako eskubidea egiaztatzen duena, onuradun bakoitzak bere ohiko bizilekuan jasoko duen onarpen-agiriarekin batera.
Web orri honetan dago onarpen-agiriaren eredua: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/salud_padi/es_def/adjuntos/documentos-aceptacion-mutua.pdf
Onarpen-agiri hori onuradunak edo haren legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta PADIko pertsona gaituak sinatu eta zigilatu beharko du, hautaketa eta onarpena egiaztatzeko. Gainera, onarpen-agiriak unitate administratiboen esku egon beharko du.
3.– Onuradun batek 7.4 artikuluan aitortutako eskubidea baliatuz erreferentziazko dentista aldatu nahi badu, eskabidea bidali beharko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan PADI kudeatzeaz arduratzen den unitatera; eskabidean, aldatzeko arrazoia zein den adieraziko du, hauen artean hautatuta:
a) Desadostasuna erreferentziazko dentistak egindako edo proposatutako prestazioekin.
b) Desadostasuna erreferentziazko dentistak edo pertsona gaituarentzat lan egiten duten langileek emandako tratu pertsonalarekin.
c) Desadostasuna instalazioen egoerarekin eta/edo hortz-kontsultaren edo -klinikaren higienearekin.
d) Konfiantza galtzea erreferentziazko dentistarekin eta/edo haren osasun-irizpideetan.
e) Helbide edo bizilekuz aldatzea edo hortz-klinikaren edo -kontsultaren kokapenarekin lotutako beste edozein arrazoi.
f) Urte naturalaren aldaketa.
g) Pertsona gaituak dekretu honen 25. artikuluko betebeharrak ez betetzea.
Eskaera jaso ondoren, hilabeteko epean ebatziko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan PADI kudeatzeaz arduratzen den unitateak.
4.– Larrialdi-kasuetan, erreferentziazko dentista bat aukeratu bada eta hura ez badago arrazoi justifikatuengatik, pertsona gaitu beraren mendeko beste profesional batek emango du asistentzia. Hori ezinezkoa bada edo bertara joatea eragozten duten premiazko arrazoi medikoak edo atzeraezinak badaude, onuraduna Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko hortzak zaintzeko arreta-zerbitzuetara joan ahal izango da, edo PADIra atxikitako beste edozein pertsona fisiko edo juridiko gaiturengana. Azken kasu horretan, larrialdia artatzen duen pertsona gaituak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan PADI kudeatzeaz arduratzen den unitateari justifikatu beharko dio, txosten baten bidez, asistentzia ordain diezaioten dekretu honetan indarrean dauden tarifen arabera.
9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Arau honen aplikazio-eremuan sartzen diren onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Erreferentziazko dentistak kalitatezko asistentzia bermatzeko programatutako urteko azterketara eta ondorengo kontsultetara joatea.
2.– Era berean, 147/2015 Dekretuan ezarritako betebeharrak izango dituzte (147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena).
IV. KAPITULUA
PROGRAMA KUDEATZEKO MODUAK
10. artikulua.– Zerbitzua eskaintzeko moduak.
PADIren prestazio sanitarioak bitarteko publikoen bitartez emango dira, Osakidetza-Osasun Zerbitzuaren bidez, horretarako baimena duten zentroetan, edo bitarteko pribatuen bidez, osasunaren arloan eskumena duen sailean plangintza, antolamendu eta ebaluazio sanitarioko eskumena duen zuzendaritzak aldez aurretik gaitutako pertsona fisiko eta juridikoen bidez.
11. artikulua.– Gaikuntzaren kontzeptua.
Gaikuntza: osasun-arloan eskumena duen organoaren administrazio-egintza, pertsona fisiko edo juridiko bati sistema publikoaren zerbitzu-zorroko prestazio sanitarioak emateko gaitasuna esleitzen diona dekretu honetan ezarritako baldintzetan. Prestazio horiek dekretu honetan eta berau garatzeko araudian ezarritakoaren arabera ordainduko dira.
12. artikulua.– Gaikuntza lortzeko betekizunak.
1.– PADIren zerbitzuak emateko gaitu ahal izango da jarduteko gaitasuna duen edozein pertsona fisiko edo juridiko, EAEn kokatutako hortz-klinika edo -kontsulta baten titularra bada.
Hortz-kontsultatzat hartuko da odontologian edo estomatologian zerbitzu edo unitate asistentziala duten zentro sanitarioak, urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuan (Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeko oinarri orokorrak ezartzen dituena) jasotakoak, hortz-klinikez gain.
31/2006 Dekretuaren arabera baimenduta egon beharko du, eta EAEko Zerbitzu eta Establezimendu Sanitarioen Erregistroan inskribatuta egon (31/2006 Dekretua, otsailaren 21ekoa, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzkoa).
Dekretu honen III. eranskinean CPV kodeak zehazten dira, dekretuan aitortutako prestazioak emateko gaikuntzari buruzkoak.
2.– Hortzetako asistentzia sanitarioa ematen duen pertsona fisikoak, izan pertsona gaitua izan pertsona juridiko gaitu baten langilea, odontologian jarduteko titulua izan beharko du, eta dagokion elkargo ofizialean inskribatuta egon.
3.– Ezin izango da egon sartuta honako arau hauetan aipatzen diren bateraezintasun-kasuetan: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena; Sendagaien eta Osasun Produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 4. artikulua, eta Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorraren 93. artikulua; ezta arlo honetan indarrean dagoen gainerako araudian ezarritakoetan ere.
4.– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (EJZ) alta emanda egotea, horretara behartuta egonez gero, eta ordainketak egunean izatea. Zerga horretan baja eman ez dela adierazi beharko da. Zerga hori ordaintzetik salbuetsita egonez gero, egoera hori egiaztatu beharko da. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
5.– Hirugarrenentzako erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute, gutxieneko baldintza hauek beteko dituena:
PADI prestazioak ematen dituen hortz-kontsultaren edo -klinikaren titularrak behar bezala baimendutako aseguru-entitate batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, arrisku profesionalen erantzukizun zibileko eta erantzukizun zibil orokorreko aseguru-poliza bat eratu dela egiaztatzeko. Poliza horrek estaliko ditu EAEko Administrazio Publikoari zein hirugarrenei eragindako kalte-galerak, prestazioen kalitatetik eta prestazioak gauzatzetik eratorritakoak, gaikuntza-aldian. Poliza indarrean eta estaldura eguneratuta eduki beharko dira gaikuntzaren indarraldi osoan; hori egiaztatu beharko du Administrazioaren aurrean, Administrazioak hala eskatzen dionean, polizaren kopiaren eta indarrean dagoen ordainagiriaren bidez.
Polizaren arrisku-estaldura gutxienez hirurehun mila (300.000,00) eurokoa izango da biktima bakoitzeko, eta laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000,00) eurokoa ezbehar bakoitzeko, erantzukizun-berme gisa.
Aseguruduna eta gaikuntza lortu nahi duena pertsona bera izan behar da; poliza horretan, hortz-klinikan edo -kontsultan zerbitzuak ematen dituzten profesional guztiak sartuko dira.
6.– Asistentzia horren prestazioan parte hartuko duten dentista profesional guztien zerrenda aurkeztea.
7.– Dekretu honetan deskribatutako aho-hortzen osasunerako prestazio sanitarioak gauzatzeko behar den ekipamendua izatea.
8.– Sexu-izaeradun deliturik egin ez izanaren ziurtagiria.
13. artikulua.– Organo eskuduna.
Gaikuntza lortzeko, aldatzeko eta azkentzeko prozeduraren izapidetzea osasun arloan eskumena duen sailaren osasuneko lurralde-ordezkaritzetako batean egingo da, zehazki hortz-klinika edo –kontsulta kokatuta dagoen osasun-arloari dagokion lurralde-ordezkaritzan.
14. artikulua.– Gaikuntza-eskaera.
1.– Dekretu honen arabera aho-hortzen asistentzia eman nahi duen hortz-kontsultaren edo -klinikaren funtzionamendu-baimen sanitarioaren titularrak eskaera egingo du, eta, horretarako, EAEko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan egongo den inprimaki elektronikoa bete beharko du (https://www.euskadi.eus/hhzp).
2.– Eskatzaileak klinika edo kontsulta batean baino gehiagotan eman nahi baditu zerbitzuak, klinika edo kontsulta bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko du.
15. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.
Gaikuntza eskatzen dutenek honako betekizun hauek egiaztatu behar dituzte:
1.– Zentro sanitarioaren titulartasuna egiaztatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako hortz-klinika edo -kontsulta baten titulartasun-betekizuna egiaztatzeko, gaikuntzaren eskatzaileak Zentro, Zerbitzu eta Establezimendu Sanitarioen Erregistroko klinikaren edo kontsultaren zenbakia adieraziko du eskabidean.
Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bat egongo da, inguruabarrak ez direla aldatu esaten duena (inguruabar horiek zerbitzuak emango dituen klinikaren edo kontsultaren funtzionamendu-baimen sanitarioa baimentzeko edo berritzeko egiaztatutakoak izango dira).
Inguruabarrak aldatu badira, zentro sanitarioaren funtzionamenduaren baimen sanitarioa eguneratu beharko da, osasun arloan eskumena duen sailaren egitura organikoaren arabera dagokion antolamendu sanitarioko zerbitzuan gaikuntza eskatu aurretik.
2.– Titulazioa eta elkargokidetza egiaztatzea.
Gaikuntzaren eskatzaileak hortz-klinika edo -kontsulta bakoitzean PADIn zerbitzuak emango dituzten mendeko profesionalen zerrenda bete beharko du, bai eta profesional bakoitzaren elkargokide-zenbakia eta Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroko inskripzio-zenbakia ere (Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroa, otsailaren 1eko 17/2022 Dekretuak erregulatua).
Osasun arloan eskumena duen sailak edozein unetan egiaztatu ahal izango du zerbitzua ematen duten profesionalek betetzen jarraitzen dutela dekretu honetan eskatutako gaitasuna eta gainerako betekizunak.
3.– EJZn, zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela egiaztatzea.
Osasun arloan eskumena duen sailari baimena ematen bazaio betekizun horien egiaztagiriak lortzeko, ez dira aurkeztu beharko.
Osasun arloan eskumena duen sailari ez bazaio baimenik ematen betekizun horien egiaztagiriak lortzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
EJZko alta-ziurtagiria eta zerga horren matrikulan baja eman ez izanaren adierazpena.
EJZ ordaindu izanaren ziurtagiria edo horretatik salbuetsita egotearena.
Dagokion ogasunak emandako ziurtagiria, harekiko betebeharrak egunean daudela dioena.
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria, harekiko betebeharrak beteta dauzkala ziurtatzen duena.
4.– Erantzukizun profesionaleko asegurua daukala egiaztatzea.
Betekizun hau dekretu honen 12.5 artikuluan ezartzen diren terminoetan betetzen dela egiaztatu beharko da.
5.– Egiaztatzea baduela behar den ekipamendua, dekretu honetan aho-hortzen osasunerako deskribatutako prestazio sanitarioak gauzatzeko.
Gaikuntza eskatzeko inprimakian, erantzukizunpeko adierazpena egingo du, ekipamendu hori baduela eta Administrazioak hori hala den egiazta dezakeela adieraziz.
6.– Sexu-deliturik ez dagoela egiaztatzen duen agiria.
Hortz-kontsultaren edo -klinikaren funtzionamendu-baimen sanitarioaren titularrak –pertsona fisikoa bada– Sexu Delitugileen eta Gizaki-salerosketen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko du, salbu eta osasun-arloan eskumena duen sailari baimena ematen badio erregistro horretan aurrekaririk ez dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatzeko.
Ez badio baimenik ematen osasun-arloan eskumena duen sailari ziurtagiri hori lortzeko, telematikoki aurkeztu beharko du gaikuntza-eskabidearekin eta gainerako dokumentazioarekin batera.
Gaituko den pertsonaren mende egonik PADIn zerbitzuak emango dituzten profesionalei dagokienez, hortz-kontsultaren edo -klinikaren funtzionamendu-baimen sanitarioaren titularrak, eskabidearekin batera, adierazitako ziurtagiri negatiboak aurkeztu beharko ditu, edo, bestela, profesionalen baimenak aurkeztu beharko dizkio Administrazioari, hark ofizioz egiazta ditzan ziurtagiri horiek.
16.– Artikulua– Dokumentazioa bide telematikoz aurkeztea.
Gaikuntza lortzeko eskatzen den dokumentazioa telematikoki aurkeztu beharko da, gaikuntza-eskabidearekin batera.
17. artikulua.– Dokumentazioaren hizkuntza.
Dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu behar dira, hau da, euskaraz edo gaztelaniaz. Beste hizkuntzaren batean idatzita egonez gero, dagokion itzulpen ofiziala ere aurkeztu beharko da, Prozedura Zibilaren Legearen 144. artikuluan ezarritakoaren arabera.
18. artikulua.– Dokumentazioa konprobatzea eta ebaztea.
1.– Jasotako eskabideak arrazoituta ebatzi eta hiru (3) hilabeteko epean jakinarazi beharko ditu osasun arloan eskumena duen saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioaren arloko Zuzendaritzako titularrak. Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Ebazpen horrek gaikuntza-eskabidea onartu edo baztertuko du. Ebazpena ez bada ematen epearen barruan, isiltasunak esan nahiko du eskaera ez dela onartu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Ikusten bada gaikuntza-eskabideko datu, informazio edo dokumentazioan zehaztasun-faltaren bat edo omisioren bat dagoela, hamar eguneko epea emango da hobetzeko eta zuzentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera. Zuzentzen ez bada, interesdunak atzera egin duela ulertuko da, eta eskaera artxibatu egingo da.
19. artikulua.– Gaikuntza-eskabidea onartzearen edo baztertzearen aurkako errekurtsoak.
Eskabidea ebazten duen ebazpenari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio, osasun arloan eskumena duen sailean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
20. artikulua.– Gaikuntzaren indarraldia.
1.– Gaikuntzaren indarraldia mugagabea izango da, gaikuntza hori ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera, non eta dekretu honen 22. artikuluan ezarritako egoeraren bat gertatzen ez den.
2.– Gaikuntzak indarraldi mugagabea badu ere, Administrazioak eskubidea izango du urtero egiaztatzeko egiaztapen-betekizun hauek betetzen direla: zentro sanitarioaren titulartasuna, titulazioa eta elkargokide izatea; EJZn egunean egotea eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea; dekretu honetan araututako prestazioak gauzatzeko beharrezkoa den ekipamendua izatea eta Sexu Delitugileen eta Gizaki-salerosketen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa. Azkenik, pertsona gaituek urtero aurkeztu beharko dute erantzukizun profesionaleko aseguruaren ziurtagiria.
21. artikulua.– Aldaketak.
1.– Pertsona gaituen inguruabarretan, datuetan edo dokumentuetan aldaketarik izanez gero, pertsona horiek, hogeita hamar eguneko gehienezko epean, gaikuntza aldatzeko eskabidea bete beharko dute; horretarako, Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura egongo den inprimakia beteko dute (https://www.euskadi.eus/hhzp). Baimen horrek funtzionatzeko baimen sanitarioari eragiten badio, aldez aurretik baimen hori erregularizatu beharko da.
2.– Edozein unetan eskatu ahal izango da gaikuntza-eskaera aldatzeko. Gaikuntza aldatzeko eskabidea aurkeztu ondoren, Osasuneko lurralde-ordezkaritzek jasotako eskaerak aztertuko dituzte, eta horiek modu arrazoituan ebatzi eta hiru (3) hilabeteko epean jakinarazi beharko ditu Osasun-arloan eskumena duen saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioaren arloko zuzendaritza eskudunak. Ebazpen horrek aldaketa-eskabidea onartu edo baztertuko du. Ebazpena ez bada ematen epearen barruan, isiltasunak esan nahiko du eskaera ez dela onartu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Aldaketa-eskaera ebazten duen ebazpenari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio, osasun arloko eskumena duen saileko organo eskudunean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
22. artikulua.– Gaikuntza azkentzeko arrazoiak.
Dekretu honetan araututako gaikuntza azkentzeko arrazoiak honako hauek izango dira:
a) Nortasuna iraungitzea.
b) Jarduteko gaitasuna galtzea.
c) Asistentzia odontologikoa ematen duen klinikaren edo kontsultaren baimen sanitarioaren indarraldia iraungitzea, baliogabetzea edo iraungitzea dakarren beste zeinahi arrazoi.
d) Pertsona gaituak uko egitea, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzetan.
e). Hortz-kontsulta edo -klinika ixtea.
f) Gaikuntzaren titularra den pertsona fisikoak erretiroa hartzea, gerora sortutako ezintasuna izatea edo antzeko egoera batean izatea.
g) Prestazioa ezin gauzatzea, gaikuntzaren titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.
h) Gaikuntza eskuratzeko eskatutako betekizunak betetzeari uztea.
23. artikulua.– Gaikuntza azkentzeko prozedura.
1.– PADIren zerbitzuak emateari utzi nahi dion pertsona gaituak osasun arloko eskumena duen lurralde-ordezkaritzara bidali beharko du baja-eskaera; horretarako, Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura egongo den inprimakia beteko du (https://www.euskadi.eus/hhzp).
Gaikuntzari uko egitea edozein unetan eskatu ahal izango da, nahiz eta eskaera egiten den urteko abenduaren 31ra arte ez den eraginkorra izango.
2.– Gaikuntza azkentzeko prozedura ofizioz hasi ahal izango da, dekretu honen 22. artikuluan gaikuntza azkentzeko jasotako arrazoietako bat gertatu dela jakiten den unean, alde interesdunak eskatuta hasi ahal izatea eragotzi gabe.
3.– Osasuneko lurralde-ordezkaritzek jasotako eskaerak aztertuko dituzte, eta horiek modu arrazoituan ebatzi eta hiru (3) hilabeteko epean jakinarazi beharko ditu osasun arloan eskumena duen saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioaren arloko zuzendaritza eskudunak. Alderdi batek eskatuta hasitako prozeduretan epe barruan ebazpenik ematen ez bada, isiltasuna positiboa izango da.
4.– Azkentze-eskaera ebazten duen ebazpenari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio, osasun arloko eskumena duen organo eskudunean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
V. KAPITULUA
ASISTENTZIA ODONTOLOGIKOAREN PRESTAZIOA. PERTSONA GAITUEN BETEBEHARRAK ETA ESKUBIDEAK
24. artikulua.– Asistentzia odontologikoaren prestazioa.
1.– Dekretu honen xede diren prestazio sanitarioak emateko arduraduna gaikuntzaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa izango da, indarrean dagoen araudiaren arabera asistentzia hori benetan ematen duen dentistaren erantzukizun profesionala eragotzi gabe.
2.– Pertsona gaitua arduratuko da emandako zerbitzuaren kalitate teknikoaz, egindako lanak behar bezala egiteaz, eta zerbitzua ematean egindako omisioek, akatsek, metodo desegokiek edo ondorio okerrek onuradunei, administrazioari edo hirugarrenei eragiten dieten ondorioez; eta ez da salbueslea izango eta ez dio inolako eskubiderik emango horiek egin bitartean Administrazioaren ordezkaritzak aztertu edo aintzatetsi izanak, edo egiaztapenetan, balorazioetan edo ziurtagiri partzialetan onartu izanak.
3.– Hortz-kontsultaren edo -klinikaren titularrak une oro eutsiko die aplikatu beharreko araudian ezarritako gaikuntza lortzeko baliatu zituen betekizunei eta zerbitzua emateko baldintzei.
4.– Asistentzia odontologikoa emateko, aplikatzekoa den indarreko araudia bete beharko da. Era berean, datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen araudia bete beharko da, eta prestazioa emateko eskuratzen den informazioaren konfidentzialtasuna errespetatuko da. Ezin izango zaie zerbitzuei buruzko informaziorik eskualdatu hirugarrenei edo entitateei, osasun arloan eskumena duen sailaren berariazko eta idatzizko baimenik izan gabe.
5.– Asistentzia odontologikoaren prestazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak 6. artikuluan jasotako bi hizkuntza ofizialen araubidea bete behar du –bi hizkuntza ofizialen erabilera azaroaren 24ko euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/1982 Legean dago araututa, bai eta hura garatzen duten arauetan ere–.
25. artikulua.– Pertsona gaituen betebeharrak.
PADIren prestazioak ematen dituen hortz-kontsultaren edo -klinikaren titularrak honako betebehar hauek izango ditu:
a) Oinarrizko asistentzia odontologikoa eta tratamendu espezifikoak bermatzea hala eskatzen duten pertsona babestuei, dekretu honetan eta indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.
b) Pertsona gaituek, zeinak SIPADI Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren Informazio Sisteman jasotako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduntzat joko baitira, jasota utziko dituzte paziente baten aho-hortzen historian egindako jarduketa guztiak. Gainera, martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuan (Historia klinikoari eta osasun arloan paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa) jasotako argibideei jarraitu beharko diete. Onuradunei buruzko datuak eta informazioa jasotzen dituzten sistema informatikoek beti errespetatuko dute Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa, eta Informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legean xedatutakoa.
c) SIPADIk emandako onarpen-agiria aurkeztea, hala eskatzen diotenean hortz-kontsulta edo -klinika dagoen lurraldeko osasun arloan eskumena duen lurralde-ordezkaritzan asistentzia odontologikoaren prestazioa kudeatzen duten unitate administratiboek. Agiri horrek –guraso-ahala, tutoretza edo zaintza eta jagoletza dituen pertsonak sinatua– urte naturalean onuradunaren erreferentziazko dentista izateko aukeratu dutela egiaztatuko du.
d) Kalitatezko asistentzia ematea, jardun profesionalerako ezarritako arau, prozedura eta tekniken arabera. Asistentzia hori onuradun bakoitzaren egoera klinikoaren arabera aplikatuko da.
e) Pertsona gaituek SIPADIra sartu beharko dute hortz-kontsultan edo -klinikan egindako asistentzia-jarduera islatzeko, baita onuradunaren aho-hortzen osasunaren jarraipen zuzena egiteko interesgarritzat jotzen dituzten argibideak emateko ere. Hortz-kontsultaren edo -klinikaren titularrak konpromisoa hartuko du SIPADIren bidez emandako datuak behar bezala betetzen direla eta egiazkoak direla bermatzeko.
f) Tratamendu espezifikoak egiteko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan PADIren kudeaketaz arduratzen den unitatearen adostasuna beharko da aldez aurretik, dekretu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzetan.
g) Hortz-kontsultan edo -klinikan telefono edo online hitzorduaren prozedura bat izatea, onuradunei ahalik eta ordutegi-malgutasun handiena emateko.
h) Onuradunei bermatzea asistentzia dekretu honetan araututako baldintzetan emango dela. Instalazioak egoera onean mantentzeko betebeharra eta arretan berdintasuna ziurtatzeko betebeharra izango dute, onuradunen aho-hortzen osasunaren egoerak berezkoak dituen ezberdintasunak izanik alde bakarrak.
i) Onuradunei asistentzia odontologikoa ematea, pertsona gaitua aukeratzen den egunetik urte natural horretako abenduaren 31ra arte.
j) Jarraibideei kasu egitea eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta osasun arloan eskumena duen sailak zehazten dituzten informazio-deialdietara joatea.
k) Osasun arloan eskumena duen sailak PADIrekin lotuta ematen dituen jarraibide eta zirkularrak betetzea.
l) Hortz-kontsultaren edo -klinikaren titularrak asistentzia odontologikoa emateari utzi nahi badio, asistentzia hori jasotzen zuten onuradunei asistentzia ematen jarraitu beharko du urte naturaleko abenduaren 31ra arte, titular horri egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ezintasun materiala dagoenean izan ezik; kasu horretan, beste pertsona gaitu bat hautatzeko aukera emango zaie.
26. artikulua.– Asistentzia odontologikoa emateko pertsona gaitua baztertzeko arrazoiak.
1.– PADI prestazioak ematen diren hortz-kontsulta edo -klinikaren titularrak ezingo dio tratamendua ukatu haren hortz-kontsultan edo -klinikan zerbitzuak ematen dituen erreferentziazko dentista bat aukeratu duen onuradunari.
2.– Justifikatutako arrazoia dagoenean, dagokion lurralde-ordezkaritzak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko hortz-zerbitzuak txostena egin ondoren, uko egitea baliozkotu ahal izango du, eta erreferentziako beste dentista bat hautatzeko baimena eman, modu horretan bermatuz onuradunari asistentzia odontologikoa emango zaiola.
3.– Hauek izango dira justifikatutako arrazoiak:
a) Urteko hortz-azterketetara joan ez izanaren edo programan berandu sartzearen ondorioz onuradunak hortzetako patologia-maila handiagoa duenean. Kasu horretan, hortz-kontsultaren edo -klinikaren titularrak balorazio klinikoa eskatu ahal izango du, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko teknikari-fakultatiboarena (bere gain hartzen dituena prestazio odontologikoa koordinatzeko eginkizunak eskaera egin den hortz-kontsulta edo -klinika dagoen lurraldeko osasun arloan lurralde-ordezkaritza eskudunean), eta, balorazio horren ondoren, zerbitzuak ematetik salbuetsi ahal izango du.
b) Pazienteak adostutako hitzorduetara joateari uzten badio justifikaziorik gabe, abisurik gabe eta behin eta berriro.
c) Onuradunen gurasoen edo tutoreen aldetik laguntzarik ez dagoenean jarraitu beharreko tratamendu-pautetan, dekretu honetan xedatutakoaren arabera.
d) Onuradunaren edo haren gurasoen edo tutoreen eta pertsona gaituaren artean harreman-arazo handiagoak daudenean, eta alderantziz.
e). Asistentzia baldintza egokietan ematea zailtzen duten beste arrazoi justifikatu batzuk daudenean.
27. artikulua.– Pertsona gaituen eskubideak.
1.– Emandako zerbitzuen ordainsaria jasotzea, II. eranskinean ezarritako prezioen arabera.
2.– Onuradunek errespetuz eta hezibidez tratatuak izateko eskubidea.
3.– SIPADI eskuragarri izatea.
VI. KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
28. artikulua.– Araubide ekonomikoa.
1.– Oinarrizko asistentzia odontologikoari dagokion ordainsaria eta tratamendu espezifikoei dagokiena dekretu honen II. eranskinean zehaztutakoa izango da.
2.– Asistentziaren prezioan zenbateko gordintzat hartuko dira ondorio guztietarako, tributu-kontzeptuak barne, aplikatu beharreko zergak, hala badagokio, baita hortz-kontsulta edo -klinikarako eta horietan zerbitzuak ematen dituzten dentistentzako sortzen diren gastu guztiak ere, dekretu honetan jasotako betebeharrak betetzearen ondorioz.
3.– Hortz-tratamendu bat hirugarren batek ordaindu behar badu, honako hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 16.3 eta 83. artikuluak; urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarria eta aplikatu beharreko gainerako arauak.
29. artikulua.– Asistentzia odontologikoaren prestazioa ordaintzea.
1.– Pertsona gaituak eskubidea izango du emandako asistentzia odontologikoaren prezioa ordain dakion, dekretu honetan ezarritako baldintzen arabera, PADIren onuradunei benetan egindako lanei dagokiena.
2.– Era berean, Administrazioak PADIn gaitutako pertsonari eman dituen prestazioak ordaindu ahal izateko, pertsona horrek hirugarrenen erregistroko aurretiko altaren betekizunak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusia arautzen duen irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluan oro har edo hura ordezten duen araudian jasotzen direnak.
3.– Pertsona gaituak faktura elektronikoki egitera behartuta badago, edo bere borondatez hala egitea erabakitzen badu, honako hauetan xedatutakoa bete beharko du: 25/2013 Legea, abenduaren 27koa, faktura elektronikoa sustatzeari eta sektore publikoan fakturen kontabilitate-erregistroa sortzeari buruzkoa; Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2014ko abenduaren 26ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fakturazio Elektronikoaren Zerbitzua eta Fakturen Kontabilitate Erregistroa arautzen dituena, eta 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; edo horiek ordezten dituen araudia. Halaber, fakturak aurkezteko, aipatutako araudian xedatutakoa bete beharko da.
4.– Administrazioak aurkezten den fakturaren prezioa ordaindu beharko du; horretarako epea hogeita hamar egunekoa izango da gehienez ere, edo aplikatu beharreko araudian ezarritakoa. Zuzenketa egin behar izanez gero, hamar eguneko epea emango da, eta, zerga-araudian eta fakturazioari buruz aplikatzekoa den araudian ezarritako betebehar guztiak bete eta gero, berriro hasiko da faktura ordaintzeko epea.
Zuzentzeko eskaerari kasurik egin ezean, ordainketa-eskaera bertan behera geratuko da, eskatutako ordainketan atzera egin dela adierazten duen ebazpen baten bidez, beste eskabide baten bidez eskatzea eragotzi gabe.
5.– Emandako asistentzia odontologikoari dagokion ordainketa betebeharrei erantzuteko kreditu egokiaren kargura egingo da, une bakoitzean dagoen aurrekontu-erabilgarritasunaren arabera.
VII. KAPITULUA
HAURREN HORTZAK ZAINTZEKO PROGRAMAREN INFORMAZIO-SISTEMA (SIPADI)
30. artikulua.– SIPADIren bidezko jarduketak.
1.– SIPADI dekretu honetan araututako asistentzia odontologikoaren prestazioa kudeatzeko informazio-sistema da.
2.– Asistentzia emateko gaitutako hortz-kontsulta edo -kliniken titularrek beren jarduerarekin lotutako jarduketa hauek egin beharko dituzte SIPADI bidez:
a) SIPADIra sartzea hortz-kontsultan edo -klinikan egindako asistentzia-jarduera islatzeko, baita onuradunaren aho-hortzen osasunaren jarraipen zuzena egiteko interesgarritzat jotzen dituzten argibideak emateko ere. Hortz-kontsultaren edo -klinikaren titularrak konpromisoa hartuko du SIPADIren bidez emandako datuak behar bezala betetzen direla eta egiazkoak direla bermatzeko.
b) Komunikatzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan PADIren kudeaketaz arduratzen den unitatearekin (hortz-kontsulta edo -klinika dagoen lurraldean prestazio odontologikoa koordinatzeko eginkizunak bere gain hartzen dituena), tratamendu espezifikoak egin aurretik baimena eskatzeko, dekretu honen 6. artikuluan adierazten den bezala.
c) SIPADIn dauden informazio eta datu administratiboei buruzko kontsulta egitea.
d) Pertsona gaituen hortz-kontsulta edo -klinika bakoitzak egindako hileko jarduerari buruzko informazioa lortzea faktura egiteko.
31. artikulua.– Sarbidea, identifikazioa eta sinadura.
VI. eta VII. kapituluetan jasotako jarduketak EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/hhzp), zeinak aukera emango baitu SIPADIra eta pertsona gaitu bakoitzaren arlo pertsonalera sartzeko, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan edo hura ordezten duen araudian ezarritakoaren arabera.
VIII. KAPITULUA
IZAPIDETZE ELEKTRONIKOA
32. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
Dekretu honi buruzko izapide guztiak EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
IX. KAPITULUA
KONTROLA, JARRAIPENA ETA IKUSKAPENA
33. artikulua.– Kontrola, jarraipena eta ikuskapena.
1.– Jasotako gaikuntza-eskaerak izapidetzearen eta kudeatzearen ondoriozko kontrol- eta jarraipen-eskumenez gain, osasun arloan eskumena duten lurralde-ordezkaritzek ohiko ebaluazioa egin ahal izango dute aldizka, dekretu honetan asistentzia odontologikoaren arloan aplikatu beharreko araudia betetzeari dagokionez. Helburu horretarako, osasun arloan eskumena duen sailak kontuan hartu beharreko kalitate-adierazleak argitaratu ahal izango ditu.
2.– Halaber, inkestak egin ahal izango dituzte onuradunen gogobetetze-maila egiaztatzeko.
X. KAPITULUA
ZEHAPEN ARAUBIDEA
34. artikulua.– Zehapen-araubidea.
Pertsona gaituek dekretu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea zehatu ahal izango da, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrean ezarritako araubideekin, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean aurreikusitako prozeduraren arabera.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Araubide iragankorra.
1.– Dekretu hau indarrean jartzen den ekitaldian funtzionamendu-baimen sanitarioen titular diren pertsona fisiko eta juridikoek jaso badute Euskal Autonomia Erkidegoko 7-15 urteko biztanleei aho-hortzen asistentzia sanitarioa emateagatik prezio finkoari (sistema kapitatiboa) dagokion ordainketa, ezingo dute ordainketa berriro jaso ekitaldi berean, baldin eta ekitaldi horretan dekretu honetan ezarritakoaren arabera gaitu baziren.
2.– Dekretu hau indarrean jarri ondoren egindako jarduketak dekretu honetan ezarritako zenbatekoen arabera ordainduko dira, nahiz eta gaikuntzak eraginkorrak ez izan.
3.– Dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, han araututako prestazioak egiteko gaikuntza eskatu ahal izango da, baina gaikuntza ez da eraginkorra izango dekretua indarrean jarri eta bi hilabete igaro arte.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Osasun arloan eskumena duen sailaren titularraren ahalmenak.
Osasun arloan eskumena duen saileko titularrari ahalmena ematen zaio dekretuaren eranskinen edukiak aldatzeko, pertsona gaituei ordaindu beharreko tarifak eguneratzea barne, baita dekretu honetan jasotako prestazioen edukia eta irismena eguneratzeko ere, betiere horrek ez badakar hasieran aurreikusi gabeko prestazioak sortzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 10 egunera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 21ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
I. ERANSKINA
BALDINTZA TEKNIKOAK, KAPITAZIO BIDEZ ORDAINDUTAKO HORTZ-TRATAMENDUENAK ETA EKINTZA ODONTOLOGIKO BAKOITZEKO ORDAINDUTAKO TRATAMENDU BEREZIENAK
1.– Kapitazio bidez ordaindutako oinarrizko hortz-tratamenduak.
Oinarrizko hortz-tratamendu hauek ordainduko dira kapitazio bidez:
a) Ahoko osasun-egoera eta txantxar-arriskua diagnostikatzeko azterketa.
Aho-barrunbeko ehun gogor eta bigunen miaketa egingo da. Behin betiko hortzen azterketa bereziki zorrotza eta xehatua egin beharko da, esmalteko hobi eta pitzadura guztiena barne. Arrazoizko zalantza izanez gero, aho barneko miaketa erradiologiko bat egingo da, guraso eta tutoreekin aldez aurretik ados jarrita, eta pazientea behar bezala babestuta.
CAOD indizeen (hortz txantxardunak, falta direnak eta obturatuak) erregistroa egitea adin guztietan, sistema informatikoak hala eskatzen duenean haurraren urteko lehen esleipenaren ondoren.
b) Ahoko osasuna lortzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren osasun-jarraibideak, higieneari eta dietari buruzkoak.
Aho-hortzen higieneari eta osasunari buruzko informazioa eta hezkuntza, pazienteari eta haren guraso, tutore edo arduradunei zuzendua.
Jarraipen berezia egiteko beharra adieraziko da, maiztasun egokiarekin, txantxarra edo gaixotasun periodontala izateko joera dutenentzat, edo maloklusioek edo aho-hortzetako tratamendu oldarkorrak osasunerako arriskua dakarkienentzat.
Halaber, gutxienez urtean behin hortz-azterketa bat egiteko beharrari buruzko informazioa emango da, hortz-patologiarik izan ez arren.
c) Behin betiko haginetako artekak eta fisurak zigilatzea.
Behin-behineko hortzetan txantxarra izan dutela antzematen zaien haurrei, hobiak eta pitzadurak zigilatuko zaizkie behin betiko haginetan (16, 17, 26, 27, 36, 37, 46 eta 47). Era berean, hortz horietako batean txantxarra antzemanez gero, pitzadurak zigilatuko dira. Gainera, behin betiko hortzetako hobi eta pitzadurak zigilatuko dira, erreferentziazko dentistaren iritziz haurraren hortzen ezaugarri bereziek hala egitea eskatzen badute.
d) Fluor-bernizaren aplikazio topikoa.
Azterketa guztietan egingo da, baldin eta behin betiko hortzetan orban zuriko lesio kabitatuak badituzte, edo esmaltean birmineraliza daitezkeen lesio sortu berri kabitatu gabeak badituzte. Pazienteari eta guraso edo tutoreei berariaz erakutsi behar zaie non dagoen lesioa; kokapena pazientearen fitxan idatziko da, eta azterketa berri baterako hitzordua emango zaio, egoera berriro ebaluatzeko eta birmineralizazioa sustatzeko.
e) Behin betiko hortzak obturatzea.
Behin betiko hortz batean txantxarra antzematen bada, eta uste bada lesioa ezin dela birmineralizatu eta gelditu, lesioa material iraunkor egokiekin obturatuko da.
f) Behin betiko hortzen pulpa tratatzea.
Behin betiko hortz batean pulparen lesio itzulezin bat diagnostikatzen bada, erreferentziazko dentistak, bere irizpidearen arabera, erabakiko du zer egin, pulpa tratatu ala kaltetutako hortza erauzi. Pazientearentzat onena zer den, horretan soilik oinarritu beharko da erabakia.
g) Behin-behineko eta behin betiko hortzak erauztea.
Dentistaren iritziz behin betiko hortz batean tratamendu kontserbatzailea bideraezina bada, kaltetutako hortza atera egingo da. Halaber, behin-behineko hortzak erauztea, arrazoia edozein dela, oinarrizko hortz-arretaren barruan sartzen da.
h) Tartrektomia eta behin betiko hortzetako plaka kentzea.
Tartrektomiak terapia prebentibo periodontalaren irizpidea aplikatuta egingo dira, betiere behin betiko hortzetan osasun gingibalarekin bateraezinak diren kalkuluak eta plaka-maila antzematen badira.
i) Aho-hortzetako larrialdien tratamendua.
PADIren onuradun batek hortzetako larrialdiren bat duenean, arrazoia edozein dela, eta bereziki min ematen badio, erreferentziazko dentistak ahal bezain laster hartu beharko du eta, bere irizpidearen arabera, larrialdiari erantzuteko bitarteko egokienak baliatuko ditu.
2.– Ekintza odontologiko bakoitzeko ordaindutako hortz-tratamendu bereziak.
a) Malformazioen edo ebakortz-letagin multzoko traumatismoen tratamenduak:
1) Berregite sinplea, ebakitze-angelu bat hausteagatik (MI edo ID) koroaren herenari baino gutxiagori eragiten diona.
2) Berregite handia, ebakitze-aldearen hausturagatik, koroaren bi angeluri (MID) edo heren bati baino gehiagori eragiten diena, edo material estetikoz estaltzea osorik ebakortz edo letagin malformatua.
3) Apikoformazioa, ebakortz-letagin multzoko hortz malformatuan edo hortz hautsian.
4) Endodontzia, ebakortz-letagin multzoko hortz malformatuan edo hortz hautsian.
5) Endodontzia egindako ebakortza zuritzea.
6) Hortza berrezartzea.
7) Bi hortz edo gehiago ferulizatzea.
8) Hortz-erauzketa: hortz supernumerarioaren kasuan, hortz-pieza posizio ektopikoan, edo ebakortz-letagin multzoko hortz-pieza hausteagatik.
9) Jostea ehun bigunetako urradurak, dekretu honetan dagoeneko jasota dauden erauzketa-prozeduren parte ez direnak.
b) Behin-behineko hortzaren konponketa, dagokion behin betiko hortzaren agenesiagatik edo gaixotasun sistemikoagatik.
Behin betiko hortz baten agenesia egiaztatzen bada, dagokion behin-behineko hortza konponduko da. Era berean, behin-behineko hortzetako txantxarrak tratatuko dira, baldin eta txarra izateak gaixotasun sistemiko larriren bat duten adingabeen osasuna larriki arriskuan jar badezake.
c) Behin betiko hortzetako tratamendu protesikoak:
1) Akriliko edo erretxinazko behin-behineko koroa.
2) Behin betiko koroa protesikoa aurreko eta atzeko haginetan, txantxarrarengatik edo malformazioengatik koroa oso suntsitua dagoenean: metalezko edo metal-erretxinazko koroa bat onartuko da.
3) Behin betiko protesi-koroa aurreko hortz-taldean: metal-erretxinazko edo metal-portzelanazko koroak onartuko dira.
4) Sustrai barneko berno aurrefabrikatua.
5) Behin betiko hortzetako hutsune-eusgailua: traumatismoak direla-eta aurreko behin betiko multzoan 1-2 hortz-pieza galtzean erabiltzen den mekanismo akrilikoa.
6) Protesi kengarria, arku bereko hiru pieza edo gehiago galtzeagatik.
d) Fluorizazio topikoko saioak txantxar-arrisku bereziko kasuetan.
Fluor berniza aplikatuko da aldizkakotasun egokiarekin (urtean 2-3 saio), dentistaren irizpidearen arabera, adingabe bakoitzaren beharren arabera eta honako irizpide hauei jarraituz:
1) Txantxarrak izateko arrisku handia denean, adina/kod/CAOD taulan zehaztutako indizeen arabera:
– 7-9 urte: Kod.indizea = 6/CAOD indizea = 2
– 10-12 urte: CAOD indizea = 4
– 13-15 urte: CAOD indizea = 5
2) Pazienteak txantxarrak izateko arrisku handia izatea eragiten duten egoera bereziak (tratamendu ortodontikoa izan ezik). Zehazki, higiene egokia zailtzen duten urritasun psikiko edo psikomotorrak, hipomineralizazioa eragiten duten sindromeak eta hortzen osasunean eragin handia duten gaixotasun sistemikoak.
Fluor topikoaren aplikazioaren ebaluazioa urtero egingo da.
RSS