Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2023ko maiatzaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2029

EBAZPENA, 2023ko apirilaren 12koa, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariarena, Arabako Bernedo, Arraia-Maeztu, Alegría-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan Aixeindar SA konpainiak sustatutako Azazeta Parke Eolikoa instalatzeko proiektuaren aurretiko administrazio-baimena ematekoa.

Espedientea: 01-GE-Y-2020-00006.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2020ko abenduaren 10ean, Aixeindar SAk aurretiazko administrazio-baimenaren eskabidea aurkeztu zuen Bernedo, Arraia-Maeztu, Alegría-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan (Araba) Azazeta Parke Eolikoa instalatzeko, 115/2002 Dekretuan prozedura hasteko aurreikusitako dokumentazioarekin batera.

Bigarrena.– 115/2002 Dekretuan aurreikusitako eskumen-prozesuaren ondorioetarako, 2020ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2021eko urtarrilaren 11ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia, eta ez zen lehia-eskabiderik aurkeztu. Horrenbestez, Aixeindar SAk aurkeztutako aurreproiektua hautatu zen, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariaren 2021eko martxoaren 10eko Ebazpenaren bidez. Zehazki, Bernedo, Arraia-Maeztu, Alegría-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan (Araba) Azazeta Parke Eolikoa instalatzeko administrazio-baimena eskatzeko eskumen-prozedura ebatzi zen Ebazpen horren medioz.

Hirugarrena.– 2021eko apirilaren 21ean, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariaren 2021eko martxoaren 30eko Iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horren bidez, jendaurrean jarri ziren Bernedo, Arraia-Maeztu, Alegría-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan (Araba) Azazeta Parke Eolikoa instalatzeko aldez aurreko administrazio-baimenaren eskabideari dagozkion oinarrizko proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa. Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean ere argitaratu zen, 2021eko apirilaren 23an.

Hainbat erakundek eskatuta, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariaren 2021eko maiatzaren 28ko Ebazpenaren bitartez (argitalpena: 2021eko ekainaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), jendaurreko informazioaren izapideari dagozkion alegazioak aurkezteko epea 2021eko ekainaren 28ra arte luzatu zen.

Honako hauek aurkeztu zituzten alegazioak: Equo Berdeak, SEO Birdlife, Saguzarrak Zaintzeko eta Aztertzeko Elkartea (SECEMU), Ekologistak Martxan Araba, Gaden Elkartea, Arabako Natur Institutua (IAN-ANI), Mendiak Aske, Lautada Landa Garapenerako Elkartea, Lasierrako, Durrumako (Donemiliaga), Trokonizko, Korresko, Eginoko eta Añuako Administrazio Batzarrak eta Zalduondoko Udala; halaber, 3.236 alegazio partikular jaso ziren.

Jendaurreko informazioaldian eta espedientea izapidetzeko fasean aurkeztutako alegazioen edukia laburbiltzen da jarraian.

– Inpaktu hidrologiko larria, akuiferoei eta hornidurari eragiten diena.

– Zaratak eta airearen kalitateak eragindako inpaktua, nola exekuzio-fasean, hala ustiapen-fasean.

– Goi-tentsioko instalazioek agian izango dituzten kontrako efektuak, erradiazio elektromagnetikoagatik.

– Paisaia-inpaktua Paisaia Bikain gisa kalifikatutako ingurune batean.

– Proiektua eta Arabako Foru Aldundiaren Mugarri Plana bateraezinak izatea.

– Onura Publikoko Mendietan izango duen erasana.

– Eremuaren ahalmen ekoturistikoan izango duen erasana.

– Sute-arrisku handia.

– Korridore ekologikoetan izango duen erasana.

– Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialik ez existitzea.

– Naturagune babestuetan erasan larria izatea.

– Gizartearen eta erakundeen zati handi batek proiektua gaitzestea.

– Inguruko landa-garapenean eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueretan izango duen erasana.

– Natura-ondarean eta biodibertsitatean izango duen erasana.

– Proiektuaren bateraezintasuna jasangarritasunaren eta energiaren alorreko politika eta planekin.

– Izapidetzeko jarraitutako administrazio-prozedura agian baliogabea izatea.

– Proiektua bateraezina izatea ingurumenaren arloko oinarrizko legeekin, eta zuhurtasun-printzipioa haustea.

– Ingurumen-azterketa eta metatze- eta sinergia-ondorioen ebaluazioa ez dira nahikoa.

– Proiektua Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin bateraezina izatea.

– Ondare historiko eta arkeologikoan izango duen erasana.

– Pertsonen osasunean izango duen erasana.

– Hegazti-fauna babesteari buruzko araudia ez betetzea.

– Baliteke proiektua zatitzea, hurbileko sustatzaile beraren beste proiektu batzuekin batera dagoelako.

– Bateraezintasuna hirigintza-araudiarekin.

Laugarrena.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egin zitzaizkien oinarrizko proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren azterketari buruz. Zuzenean ukitutako ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio edo erakundeen kasuan, dagokion separata igorri zen, kondizio teknikoak emate aldera.

Kontsulta egin zitzaien Alegría-Dulantzi, Arraia-Maeztu, Barrundia, Bernedo, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako Udalei eta Adana, Dulantzi, Azazeta, Azilu, Egileta, Erentxun, Ezkerekotxa, Gazeo, Gereñu, Heredia, Jauregi eta Langarikako Administrazio Batzarrei, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Ertzaintzako Zuzendaritzari, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, URA-Uraren Euskal Agentziari, Ebroko Ur Konfederazioari eta Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Zuzendaritzari –eta Mendi Zerbitzuari–, Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari eta Kultura Zuzendaritzari.

Halaber, separatak bidali zitzaizkien honako hauei: ADIF, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU, eta Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Zuzendaritza.

Bosgarrena.– Kontsultak eta jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, Aixeindar SA sustatzaileari jasotako alegazio eta txostenen hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion, erantzuna eman ziezaien.

Alegría-Dulantziko Udalak hainbat alegazio aurkeztu dizkio proiektuari, hainbat elkartek eta pertsonak jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutakoen ildo beretik doazenak.

Arraia-Maeztuko Udalak hirigintza-txostena aurkeztu du, eta Aixeindar SAk adierazi du txosten horrekin ados dagoela.

Barrundiako Udalak hainbat alegazio egin ditu, hainbat elkartek eta pertsonak jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutakoen ildo beretik doazenak.

Bernedoko Udalak hirigintza-txostena aurkeztu du, eta, horren aurrean, Aixeindar SAk adierazi du parke eolikoa instalatzeko eta zehazteko plan berezi bat izapidetuko duela.

Iruraiz-Gaunako Udalak eta Jauregi, Langarika, Gazeo eta Erentxungo Administrazio Batzarrek hirigintza-txostena aurkeztu dute, eta hainbat alegazio egin dizkiote proiektuari, hainbat elkartek eta pertsonak jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutakoen ildo beretik doazenak.

Azazeta eta Egiletako Administrazio Batzarrek alegazioak aurkeztu dituzte, hainbat elkartek eta pertsonak jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutakoen ildo beretik doazenak.

Herediako Administrazio Batzarra proiektuaren aurka dago, paisaia-inpaktua eta goi-tentsioko linea elektrikoa oinarri hartuta.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak autobabeserako plan bat egin beharrari buruzko txostena egin du, eta Kapilduiko radar meteorologikoan duen eraginari buruzko informazioa eman du. Aixeindar SA sustatzaileak ados dagoela adierazi du, eta eragin hori konpentsatzeko azterlanak eta konpentsazio-neurriak abiaraziko direla.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak emisio akustikoen maila onargarrien berri eman du, eta Aixeindar SA sozietateak horrekin ados dagoela adierazi du.

URA-Uraren Euskal Agentziak proiektuaren bateragarritasunari eta proposatutako neurriei buruzko informazioa eman du, eta adierazi du arroko erakundearen baimena lortu behar dela proiektua gauzatzeko. Aixeindar SAk ados dagoela adierazi du.

ADIFek emandako kondizio teknikoei dagokienez, Aixeindar SAk ados dagoela adierazi du.

Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Zuzendaritzak bateragarritzat jotzen du proiektua «Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabala» lurzoru-kategoriarako, Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialean oinarrituta, eta proiektuaren ebaluazioa egiten du Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren arabera; horrekin batera, kontuan hartu beharreko neurri zuzentzaileak ezarri ditu. Zuzendaritza horren mendeko Mendi Zerbitzuak txostena egin du, proiektuari 11/2007 Foru Arauan aurreikusitako baimena eman behar zaiola adieraziz, eta proiektuak onura publikoko mendietan eta ukitutako ingurumen-faktoreetan izango dituen erasanak aztertu ditu.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzaren eta Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzako Mendi Zerbitzuaren txostenei dagokienez, Aixeindar SAk ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko azalpen-eranskina aurkeztu du, eta berriz ere kontsulta egin zaie arestian aipatutako zuzendaritzei, ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko informazioa zabaltzeari buruzko txostenak egin ditzaten, eranskina ez baita nahikoa, informazio osagarririk ematen ez duelako.

Seigarrena.– 2022ko urtarrilaren 24an, ingurumen-ebaluazioaren espedientea aurkeztu zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa den aldetik (espediente horri EIAO-101INET erreferentzia esleitu zitzaion), azter zezan honako hauek barne hartuta: proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta sustatzaileak horiei buruz egindako gogoetak, bosgarren aurrekarian adierazitako eranskina barne.

Zazpigarrena.– 2022ko martxoaren 7an, ingurumen-organoak zenbait dokumentu zuzentzeko eta sustatzaileak aurkeztutako eranskinean aurreikusitako ingurumen-azterlanak aurkezteko eskatu zuen, baita ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratu bat egiteko ere, informazio berria barne. Aixeindar SAri helarazi egin zitzaion errekerimendu hori.

Zortzigarrena.– 2022ko urriaren 25ean, Aixeindar SAk eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen organo substantiboan, eta ingurumen-organoari bidali zitzaion. 2022ko azaroaren 2an eta 11n, ingurumen-organoaren bi errekerimendu jaso ziren, ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratua administrazio publikoen eta horietan adierazten diren pertsona interesdunen kontsulta berrien eraginpean jartze aldera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2012 Legearen 40.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Dagozkion kontsultak egin dira, eta ingurumen-organoari helarazi zaio horien emaitza, dagozkion txostenak ingurumen-ebaluazioaren espedientean sartuz.

Kontsulta egin zitzaien eta dokumentazio berria bidali Alegría-Dulantzi, Arraia-Maeztu, Barrundia, Bernedo, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako Udalei eta Azazeta, Azilu, Erentxun, Gazeo, Gereñu, Heredia, Jauregi eta Korresko Administrazio Batzarrei, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, URA-Uraren Euskal Agentziari, Ebroko Ur Konfederazioari eta Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Zuzendaritzari, Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari eta Kultura Zuzendaritzari.

Halaber, honako elkarte hauei ere egin zitzaien kontsulta: Arabako Mendiak Aske, Lautada Landa Garapenerako Elkartea, Saguzarrak Zaintzeko eta Aztertzeko Elkartea (SECEMU), Ekologistak Martxan, Naturaren Defentsarako eta Azterketarako Arabako Taldea (GADEN), Arabako Natura Institutua eta SEO Birdlife. Mendiak Aske eta Arabako Natura Institutuaren alegazio berriak jaso ziren.

Alegría-Dulantzi, Barrundia, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalek hasierako alegazioak berretsi dituzte, baita Gereñu eta Gazeoko administrazio-batzarrek ere. Azazeta eta Egiletako administrazio-batzarrek alegazioak aurkeztu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak proiektuak izango dituen erasanen berri ematen du, eraikuntza-proiektuari begira IIAn jaso beharreko baldintzak emateaz gain.

Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak proiektuak izango dituen erasanen berri eman du, eraikuntza-proiektuari begira IIAn jaso beharreko kondizioak helarazteaz gain.

Arabako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzak bateragarritzat jotzen du proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako neurrietan oinarrituta, eta Donejakue Bideari eraginez gero baimena eskatu behar dela jakinarazten du.

Ebroko Ur Konfederazioak obra exekutatzeko baldintzei eta obra baimentzeari buruzko informazioa eman du.

Luzapen-eskabideak jaso ziren Alegría-Dulantzi, Barrundia, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udaletatik, Gazeo eta Gereñuko administrazio-batzarretatik eta Lautada Landa Garapenerako Elkartetik, baina ez ziren eskabide horiek onartu. Era berean, Langarikako administrazio-batzarraren luzapen-eskabidea jaso zen, txostena egiteko, baina batzar hori ez zegoen kontsultatu beharreko administrazioen artean.

Era berean, 2022ko azarotik 2023ko urtarrilera bitartean, pertsona fisikoen eta erakundeen alegazioak jaso ziren, baina ez ziren alegazio horiek espedientean sartu, jendaurreko izapidean ezarritako epetik kanpo aurkeztu zirelako.

Bederatzigarrena.– 2023ko urtarrilaren 20an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak formulatu egin zuen Bernedo, Arraia-Maeztu, Alegría-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan (Araba) Aixeindar SA konpainiak sustatutako Azazeta Parke Eolikoa instalatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena (argitalpena: 2023ko martxoaren 17ko EHAA, 54. zk.).

Hamargarrena.– 2023ko martxoaren 6an, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren jakinarazpena jaso zen, Aixeindar SAk eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Azazeta Parke Eolikoak aurreikuspenen arabera Kapilduiko radarrean izan lezakeen erasana konpentsatzeko lortutako akordioen berri emateko.

Hamaikagarrena.– 2023ko apirilaren 4an, Aixeindar SAren eta Benbros Solar SL sustatzailearen arteko akordio loteslea aurkeztu zen Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzan, Azazeta Parke Eolikoa instalatzeko proiektuko ebakuazio-azpiegiturak elkarrekin erabiltzeko (horixe da, hain justu, baimen honen xedea).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babestekoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituena; eta 115/2002 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duena.

Hirugarrena.– Aurkeztutako alegazioei –hirugarren aurrekarian laburtutakoei– dagokienez, bai eta hainbat toki-administraziok egindako alegazioei gagozkiela ere –bosgarren aurrekarian adierazi den bezala–, horien edukia, sustatzaileak emandako erantzunak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzak emandako txostena aztertu ondoren, honako hauek adierazi behar dira:

1.– Ingurumen-arloko alegazioei dagokienez, ñabartzekoa da alegazio horiek kontuan hartu zirela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak emandako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean. Adierazpen horretan, parke eolikoa gauzatzeko, ustiatzeko eta desegiteko beharrezkoak diren baldintzak, babes-neurriak, neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak jasotzen dira, baita ingurumena zaintzeko planak, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua eta Konpentsazio Plana ezartzeko ere.

Zehazki, ingurumen-inpaktuaren azterketaren kalitateari edo eskasiari buruzko alegazioei dagokienez, zenbait alderditan –hala nola hegazti-faunaren eta kiropteroen azterketetan–, adierazi behar da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratu bat –hasiera batean egindakoen azterlan osagarriak barne hartuko zituena– egiteko eskatu ziola sustatzaileari. Azterketa hori ingurumen-ebaluazioaren espedientean jaso zen, zortzigarren aurrekarian adierazten den bezala.

2.– Eragin hidrologikoari dagokionez, nabarmentzekoa da URA-Uraren Euskal Agentziaren eta Ebroko Ur Konfederazioa arro-erakundearen txostenak jaso direla; txosten horretan jasota dago proiektua bateragarria dela, sustatzaileak proposatutako babes-neurrietan funtsatuta. Era berean, IIAn babes-neurriak, neurri zuzentzaileak eta kontrol-neurriak ezarri dira.

3.– Ingurumen-inpaktuaren azterlanean –IIAn– aurkeztutako zarata-maparen arabera, lurzoruaren mailako emisio-mailak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak txostenean adierazitako 45 dB (A) atalasearen azpitik daude. Nolanahi ere, aerosorgailuen prebentziozko geldialdia barne hartzen duten kontrol-neurriak ezarri dira IIAn; biztanleguneren batean legez ezarritako atalaseak gainditzen direneko kasuetan aplikatzekoak lirateke geldialdiok. Exekuzio-faseari dagokionez, aire zabalean erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruzko berariazko araudia bete beharko da.

4.– Paisaia-inpaktuari dagokionez, paisaia-integrazioari buruzko azterlanaren arabera, Azazeta Parke Eolikoak paisaia-inpaktu larria izango du ustiapen-fasean. Beraz, neurri zuzentzaileak behar ditu; batez ere, azpiestazio elektrikoari, goi-tentsioko linea elektrikoari eta aerosorgailuei eragingo die. Neurri horietako bat da landare-hesiak jartzea (azpiestazioan); euskarrien kokapena doitzea, hain bistakoak izan ez daitezen; eta aerosorgailuen eremuko paisaia-balioak azaltzen dituzten panelak kokatzea. IIAn, gainera, konpentsazio-neurriak ezarri dira gunearen erabilerari eta potentzial ekoturistikoari dagokienez.

Era berean, ingurumena lehengoratzeko plan bat proposatzen du azterlanak, obretan sortutako paisaia-inpaktua murrizteko. Planean zehaztuko lirateke lanak eta jarduketak, lursailak, espezieak, mantentze-lanak eta kontserbazioa, aurrekontua, eta abar.

5.– Hirigintza-izaerako eta lurralde-antolamenduarekin lotutako alegazioei dagokienez, adierazi behar da sustatzaileak dagokion Plan Berezia egiteko eskatu zuela, Lurzoruari buruzko 12/2007 Legean xedatutakoaren arabera. Ezinbestekoa izango da ingurumen-organo foralak ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea Plan Bereziari buruz, eta sektore elektrikoari buruzko araudian oinarrituta proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren izapide independente baina osagarria ere beharrezkoa izango da (ebazpen honen xede). Nolanahi ere, ezinbestean zehaztu behar da baimen hau emateak ez duela baztertzen sustatzaileak proiektua gauzatzeko bestelako baimen edo lizentzia batzuk lortu beharra.

Halaber, honako hau adierazi behar da: 128/2019 Dekretuaren arabera (128/2019 Dekretua, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez behin betiko onesten baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak), Azazeta Parke Eolikoaren proiektuan sartutako instalazioak berariaz debekatuta ez dauden erabilerei dagozkie, aplikatu beharreko arauen II. eranskineko Erabileren Erregulazioko 2.d puntuko Erabilera Matrizearen arabera (ingurune fisikoaren antolamendua).

6.– Energia berriztagarrien LPSrik ez existitzeari eta prozeduraren baliogabetasunari buruzko alegazioei dagokienez, zehaztu beharrekoa da 104/2002 Dekretuaren bidez onartutako energia eolikoaren LPSa indarrean dagoela ebazpen hau eman den egunean, eta parke eolikoa, dauden aerosorgailuen kopuruagatik (8), ez dagoela horren aplikazio-eremuan barne hartuta.

Beraz, energia eolikoaren LPSak adierazten duen bezala, LPSaren aplikazio-eremuan barne hartu gabeko parke eolikoek ezarritako administrazio-baimenaren prozedura bete beharko dute, bai eta kasu bakoitzean aplikatzekoa den ingurumen-inpaktua ebaluatzeko nahitaezkoa den prozedura ere, jarraitutako espedientean egin den bezala.

Prozedura baliogabea dela eskatzeko egindako alegazioak (alegaziogileen aburuz plan, jarraibide edo estrategia jakin batzuekin –hala nola Arabako Foru Aldundiaren Mugarri Planarekin eta energia-planekin eta energia-jasangarritasuneko planekin– bateragarria ez delako), halaber, ezetsi egin behar dira; izan ere, orokorrean, energia berriztagarriak garatzeko edo hedatzeko edo lurraldea antolatzeko irizpideak ezartzeak ez du esan nahi proiektu indibidual zehatzak izapidetzeko aukerarik ez dagoenik, aztergai dugun kasuan gertatzen den bezala, baldin eta berariazko debekurik ez badago eta horiek arauz ezarritako ingurumen-baimen eta -ebaluazioko prozedurak betetzen badituzte. Bestalde, adierazi behar da Arabako Foru Aldundiak emandako txostenetan ez dela jakinarazi prozedura Aldundiak onartutako Mugarri Planarekin bateraezina denik.

Alde horretatik, Gasteizko Mendi Garaietako Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko apirilaren 13ko Aginduaren bidez idazteko eta onesteko prozedura amaitu ondoren, Azazeta Parke Eolikoaren proiektuari ez zaio aplikatuko Euskadiko Ondare Naturala Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 26. artikuluan ezarritako kautelazko babesa; beraz, gaur egun ez da existitzen Azazeta Parke Eolikoaren aldez aurreko administrazio-baimena eragozten duen arau-xedapenik, behin ingurumen-ebaluaziorako izapidea gainditu dela betiere.

Era berean, azpimarratu beharrekoa da espediente hau izapidetzean ingurumen-arloko legerian ezarritako aginduak bete direla ingurumen-ebaluazioa egin behar zaien proiektuei dagokienez –hala nola Azazeta Parke Eolikoa instalatzekoari–. Ingurumen-legeria urratzen duelako proiektua baimendu ezin delako alegazioei dagokienez, bestalde, ezin dira onartu; hala, araudi horrek ezartzen du, hain zuzen ere, aurretiazko administrazio-baimena izapidetzeko prozesuan jarraitutako ingurumen-ebaluaziorako prozedura.

7.– Hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoekin talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuetatik babesteko neurriei buruzko alegazioei dagokienez, adierazi behar da IIAk nahitaezkotzat jo duela honako honetan xedatutakoa betetzea: abuztuaren 29ko 1432/2018 Errege Dekretua, goi-tentsioko linea elektrikoetako hegaztien elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituena; alabaina, SET Donemiliaga estaziotik SET Elgea estazioraino ebakuatzeko goi-tentsioko aireko linea elektrikoa ez dago Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan (horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, barreiadura eta kontzentraziorako lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak argitaratzen ditu, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira). Beraz, exekuzio-proiektuan egiaztatu egin beharko da adierazitako araudia betetzen dela.

8.– Ahalmen ekoturistikoan izango duen erasanari dagokionez, IIAk (testu bategina) aisialdiari eta turismoari buruzko azterlan bat barne hartzen du. Arabako Ibilbide Berdeen Sarea eta beste bide tradizional batzuk sartu ditu analisian, baita proiektuak haietan izango duen eragina ere. Berrikuspen bibliografiko batetik abiatuta, eta proiektuaren esparruan garatzen diren naturan oinarritutako erabilera turistikoak analizatu ondoren, azterlanak ondorioztatzen du ez zaiela erabilera horiei nabarmen eragingo, eta, beraz, inpaktu bateragarria dela irizten dio.

9.– Proiektua sustatzaile beraren beste batzuekin zatitzeko balizko alegazioei dagokienez, honako hau adierazi behar da: Laminoria parke eolikoari dagokionez, 115/2002 Dekretuaren 2. artikuluan emandako definizioaren arabera, Azazeta Parke Eolikoaren proiektua Laminoria parte eolikotik independentetzat hartu behar da; izan ere, Ordezkaritza honetan dagoen dokumentazioaren arabera, ez litzateke sare propioen bidezko interkonexio elektrikorik egongo bi proiektuetako aerosorgailuen artean, sarbide- eta kontrol-egitura independenteak izango lituzkete eta, azkenik, bi parke eoliko horiek SET Donemiliaga estazioarekin lotuko lituzketen lurpeko lineak ere independenteak izango lirateke (halere, ibilbidea berbera izango lukete partzialki).

Bestalde, 1955/2000 Errege Dekretuaren eta 1183/2020 Errege Dekretuaren baterako interpretaziotik, ebakuazio-linea garraio-sareraino partekatzea ez litzateke proiektuen unitate bat izango, ezta sustatzaile desberdinenak izango balira ere; kasu horretan, aldez aurreko administrazio-baimenaren aurretik bi alderdientzako akordio lotesle bat beharko litzateke.

10.– Kultura- eta arkeologia-ondarean izango duen erasanari buruzko alegazioei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak egokitzat jotzen dituzte IIAren inbentarioa eta balorazioak; izan ere, erasan hori bateragarritzat jotzen du hark.

11.– Onura publikoko mendiek izan lezaketen erasanari buruzko alegazioei dagokienez, kontuan hartu behar da Arabako Lurralde Historikoko Mendiei buruzko 11/2007 Foru Araua, zeinak adierazten baitu foru-organo eskudunak baimena eman behar duela mendi horiek erabili edo okupatzeko, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzako Mendi Zerbitzuak jakinarazi zuen bezala.

12.– Erradiazio elektromagnetikoak osasunean izan lezakeen eraginari buruzko alegazioei dagokienez, honako hau adierazi behar da: IIAren arabera, instalazioaren erradiazio-balioak irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan ezarritakoen azpitik daude (1066/2001 Errege Dekretua, irailaren 28koa, jabari publiko erradioelektrikoa babesteko kondizioak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Erregelamendua onartzen duena). Bestalde, eraikuntzako administrazio-baimena lortzeko aurkeztu beharreko exekuzio-proiektuan, sustatzaileak egiaztatu egin beharko du bete egiten dela 337/2014 Errege Dekretua (337/2014 Errege Dekretua, maiatzaren 9koa, goi-tentsioko instalazio elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta haren ITC-RAT 01etik 23rako jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena). Errege-dekretu horretan goi-tentsioko instalazioetatik hurbil eremu magnetikoak mugatzeko baldintzak ezartzen dira, besteak beste.

Era berean, alegazioak egin dira nola erradiazio elektromagnetikoak hala zaratak pertsonen osasunean izan ditzakeen ondorio psikosomatikoei buruz, ondorio horiei buruzko ebidentziarik eman gabe, eta ondorio horiekin lotutako atalaserik ere existitu gabe. Horrenbestez, ez dagokio inolako hautematerik gauzatzea, aurreko paragrafoan eta 3. puntuan adierazitakoaz harago.

13.– Sute-arrisku handia zegoelako alegazioei erantzunez, autobabeserako euskal araudia aplikatu behar zaio Azazeta Parke Eolikoari. Horrenbestez, sustatzaileak autobabes plan bat egin beharko du jarduera hasi aurretik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere txostenean adierazitakoaren arabera.

14.– Nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueren kontrako erasanari dagokionez, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren txostenaren –jada aipatutakoaren– arabera, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren «Nekazaritza nahiz Abeltzaintza eta Landazabalekoa» kategoriaren barruan kalifikatutako lurzoruei dagokienez, eta Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren emaitza kontuan hartuta, parke eoliko proiektuaren ondoriozko inpaktua bateragarritzat jotzen da, proposatzen diren neurri zuzentzaileak kontuan hartuta. Balio Estrategiko Handiko Lurzoruei dagokienez, goi-tentsioko aireko linearen zenbait euskarrik okupatuko dituztenez, txostenak adierazten du birkokatu egin beharko liratekeela euskarri horiek, lurzoru horiei eragin ez diezaieten, eta hobe dela, ahal den guztietan, lursailen mugetan edo horietatik kanpo kokatzea; neurri hori ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jaso da. Era berean, beharrezkotzat jotzen du eragindako zerbitzuak eta bideak (landa-bideak) berrezartzea.

15.– Metatze- eta sinergia-ondorioen ebaluazioa nahikoa ez izatearen inguruko alegazioei dagokienez, adierazi behar da ingurumen-ebaluazioaren eraginpeko ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu zela proiektuak haren eremu geografikoan izango lukeen eragin orokorra.

16.– Gizarteak eta erakundeek proiektua gaitzesteari dagokionez (partikularrek eta erakundeek behin eta berriz alegatu dute arbuio hori), adierazi behar da espediente hau izapidetzean aplikatu beharreko araudiari baino ez zaiola jarraitu.

17.– Naturagune babestuetan erasan larria izateari buruzko alegazioei dagokienez, honako hau adierazi behar da: aurkeztutako proiektuaren arabera, aerosorgailuen kokalekua hurbil egongo litzateke, baina naturagune babestuen saretik kanpo nolanahi ere; alabaina, beste figura batzuetan sartuta egongo litzateke (Gasteizko Ekialdeko Mendietako naturagune garrantzitsua, Azpiegitura Berdea, Lotura Intereseko eremua, hegazti-faunarentzako babes-eremua –Gasteizko Mendiak-Azazeta– eta sai zuriarentzako eremu kritikoa) eta kokalekuaren mendebaldeko sektorea Hegaztientzako Eremu Garrantzitsuaren –IBAren– parte izango litzateke (36 zk.: Izkiko eta Gasteizko Mendiak).

Aerosorgailuak SET Donemiliaga estazioarekin lotzen dituen 30 kV-ko lurpeko lineak ere ez du eraginik Naturagune Babestu batean.

Elgea azpiestaziora ebakuatzeko goi-tentsioko aireko lineak ES2110016 KBEa (Aldaiako Mendiak) zeharkatzen du azken zatian, 20. eta 23. euskarrien artean, eta IIAn neurri espezifikoak ezarri dira bertan bizi diren erkametz urtetsuak babesteko.

Natura 2000 Sareko lekuak planifikatzeko eta kudeatzeko eskumena duten organoen txostenetan ez da aipatzen proiektuaren inguruneko gune babestuen osotasunari kalterik egingo zaionik.

18.– Hegazti-faunaren eta kiropteroen erasanari buruzko alegazioei dagokienez, esan behar da sustatzaileak azterlan osagarriak egin zituela aurkeztutako txostenetan eta alegazioetan oinarrituta, eta azterlan horien ondorioz babes-neurriak hartu zirela, hala nola aerosorgailuak gelditzea eta hegazti-fauna detektatzeko eta aldentzeko sistemak ezartzea arriskutsuagoa izango litzatekeen egoera jakin batzuetan. Horretaz gain, nahitaezkoa da «Aerosorgailu gatazkatsuen protokoloa» aplikatzea, IIAn adierazten den bezala, eta, horrez gain, hiru aerosorgailu (Z6.01, Z6.02 eta Z6.08), kokapenaren mendebaldeko muturrean daudenak, birkokatu egingo dira, sentikortasun-maila altueneko guneetan daudelako, arrisku handieneko egoeran dauden espezieek gehien erabiltzen dituzten guneetan gainera.

Ildo beretik, aerosorgailu horien proiektatutako kokapena bat zetorren orkidea ugariko larre-eremu batekin eta Natura 2000 Sareko gune babestuetatik hurbilen zeuden eremuekin. Era berean, hiru aerosorgailu horietarainoko sarbideak egokitzeko, ezinbestean sartu behar zen pagadian, eta Berrozi errekaren hurbilketa eta bidegurutzearen ondorioz ingurumenaren aldetik sentikorrak ziren eremuei eragiten zien. Horregatik, ingurumen-organoak beharrezkotzat jo zuen aurreko paragrafoan adierazitako aerosorgailuak lekualdatzea, IIAn jasota dagoen bezala.

Aurreko puntuei dagokienez, eta Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatak galtzeko arriskua dagoenez, IIAn ezarri da sustatzaileak nahitaez sartu behar duela egikaritze-proiektuan Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Plan bat, baso autoktonoa lehengoratzeko konpentsazio-neurriak, baso autoktonoa hobetzeko jarduketak edo espezieak lehengoratzeko planak barne, ahal dela proiektuaren ingurunean, eta lurralde-konektibitate ekologikoa hobetzen laguntzeko.

Laugarrena.– Proiektuak ingurumenean izan lezakeen inpaktua kontuan hartuta, IIAn, ebazpen-zatiaren bigarren puntuan, proiektuaren baldintzak eta ingurumenaren aurkako ondorioak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak ezarri dira. Hona hemen neurriok, laburbilduta (ez sakonki):

1.– Baldintza orokorrak.

2.– Aerosorgailuen eta erantsitako instalazioen kokapena:

– Beharrezkotzat jotzen da Z6.01, Z6.02 eta Z6.08 aerosorgailuak birkokatzea, ekialderantz eramanez, IIAn adierazitako poligonoaren barruan.

– Proiektua exekutatu aurretik, azterketa osagarriak egin behar dira kokapen berrien inguruan:

i) Azterketa botanikoa.

ii) Hegazti-faunaren azterketa.

iii) Kiropteroen jardueraren azterketa.

iv) Zarata-azterketaren berrikuspena.

3.– Airearen, lurzoruaren eta lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea babesteko neurriak.

4.– Batasunaren eta eskualdearen intereseko flora, landaredia eta habitatak babesteko neurriak.

– Erdi-tentsioko linea hartuko duen zangaren trazadura doitzea.

– Azazeta Gainaren eta Donemiliagako Azpiestazioaren arteko tartean, lehendik zeuden pisten eta ateratzeko bideen trazaduraren azpian lurperatuko da linea.

– Zuhaitzak ez dira kaltetuko, baldin eta zuhaitzak moztea behar-beharrezkoa ez bada.

– Exekuzio-proiektuak aerosorgailuen posizioa doituko du; aldameneko pagadiari, Batasunaren intereseko habitatei eta katalogatutako flora-populazioei alferrikako kalterik ez eragiteko adinakoa izango da doikuntza hori.

– Linea elektrikoak eragindako lurzatietan bizi diren erkametz urtetsuen ale guzti-guztiak zainduko dira, Aldaiako Mendiak 2110016 ZEC2110016ko lursailekin kointziditzen duen zatian. Hori ezinezkoa bada teknikoki, aleak partzialki inausiko dira.

– Ahal den neurrian, aireko linearen euskarriak lekuz aldatuko dira, zehazki, lurzatien arteko mugetara edo bide- eta lurzati-elkargunetara.

5.– Fauna babesteko neurriak.

– Aerosorgailu guztiak sistema automatikoz hornituko dira, detekziorako, disuasio akustikorako eta geldialdirako moduluekin.

– Aerosorgailuen geldialdia urte bakoitzeko maiatzaren 1etik urriaren 31ra, ilunabarra baino 30 minutu lehenagotik ilunabarra baino lau ordu geroagora arte, aldi berean 15 ºC-tik gorako tenperatura-kondizioak eta 7 m/s-tik beherako haize-abiadurak daudenean.

– Aireko linearen proiektuan abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan adierazitako elektrokuzioaren eta talkaren aurkako prebentzio-neurriak txertatzea.

– Eroale elektriko guztietan hegaztiak babesteko sistemak instalatzea.

6.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

7.– Zarataren eta eremu elektromagnetikoen eraginpean egotearen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Sortutako zarata-mailen jarraipenetik ondorioztatzen bada biztanleguneren batean legez ezarritako zarata-atalaseetako bat gainditu dela, organo substantiboari eta eragindako udalari jakinaraziko zaie, eta ukitutako aerosorgailuek prebentziozko geldialdia izango dute.

– Goi-tentsioko linea elektrikoaren obraren zuinketa egin aurretik, trazaduratik gertu dauden biztanleguneak eta etxebizitza izateko moduko eraikin isolatuak identifikatu beharko dira; hala, herriguneetatik 200 m-tik gorako distantziara mugitu beharko da, eta etxebizitza isolatuetatik eta erabilera sentikorreko eraikinetatik 100 m-ra. Hori ez bada bideragarria, bermatu beharko da fluxu-dentsitatea edo indukzio magnetikoa 100 µT-tik beherakoa dela.

8.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

9.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

10.– Natura-inguruneko jolas- eta aisialdi-erabileretarako neurriak.

11.– Obrak integratzeko eta paisaia lehengoratzeko neurriak.

– Exekuzio-proiektuak Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektu bat barne hartu beharko du.

12.– Garbiketa eta obren akabera.

13.– Konpentsazio-neurriak.

– Sustatzaileak konpentsazio-plan bat izan beharko du; ezaugarri hauek izan beharko ditu plan horrek:

• Ezabatutako natura-ondarearen pareko konpentsazioak ezartzea.

• Konpentsazioak proposatzea, hegazti-fauna sedentario eta migratzailean elektrokuzio-arriskuak minimizatzeko proiektuaren inguruko eremuetan existitzen diren linea elektrikoetan.

• Parke eolikoak Kapilduiko radarrean izango duen erasana konpentsatzeko neurriak hartzea.

• Proiektuak paisaian izango dituen inpaktuak konpentsatzeko neurriak hartzea komeni ote den baloratzea.

14.– Jarduera etetea.

15.– Ingurumen-arloko aholkularitza.

16.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Era berean, ingurumena zaintzeko plana egin beharko da. Plan hori baldintza-agirian txertatuko da, ingurumen-inpaktuaren azterketan (testu bategina) proposatutakoaren arabera, eta, gutxienez, honako kontrol hauek jaso beharko ditu:

1.– Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

2.– Uren kalitatea kontrolatzea.

3.– Obrak egitean, Batasunaren eta eskualdearen intereseko florak, faunak, landarediak eta habitatek izango dituzten erasanak kontrolatzea.

4.– Parke eolikoaren funtzionamendu-fasean faunak izango dituen erasanak kontrolatzea.

5.– Kultura-ondarearen gaineko erasanak kontrolatzea.

6.– Zarata kontrolatzea.

7.– Lehengoratzearen eta konpentsazio-neurrien arrakasta kontrolatzea.

8.– Gorabeheren erregistroa.

9.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

10.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko planari dagozkion txostenak Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzara bidali beharko dira, proiektua baimentzeko organo substantiboa den aldetik.

Bosgarrena.– Azazeta Parke Eolikoak sarbide-baimena du, Red Eléctrica de España SAk emana 2019ko uztailaren 30ean, eta 2021eko urtarrilaren 11n eguneratua.

Seigarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio Publikoak baimena ukatu ahalko du baina soilik aplikatu beharreko araudian aurreikusitako eskakizunak betetzen ez direnean edo sistemaren funtzionamenduan eragin negatiboa duenean.

Adierazitako oinarri juridikoen eta aplikazio orokorreko eta aldi berean aplikatzekoak diren beste batzuen arabera, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariak honako hau

EBAZTEN DU:

Bernedo, Arraia-Maeztu, Alegría-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udal-mugarteetan (Araba) Aixeindar SAk sustatutako Azazeta Parke Eolikoa instalatzeko proiektuari aldez aurreko administrazio-baimena ematea.

Proiektu horrek instalazio hauek hartzen ditu barnean:

– 5 MW-ko 8 aerosorgailu eta horien azpiegitura elektrikoa izango dituen parke eolikoa; 40 MW-ko guztizko potentzia izango dute instalatua, eta Bernedo, Arraia-Maeztu eta Alegría-Dulantziko udal-mugarteetan kokatuko dira, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzen arabera.

– Parke eolikoko aerosorgailuak SET Dodemiliaga azpiestazioarekin lotzeko 30 kV-ko lurpeko linea, Bernedo, Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna, Alegría-Dulantzi eta Donemiliagako udal-mugarteetan.

– SET Donemiliaga transformazio-azpiestazioa, Benbros Solar SL sustatzailearekin partekatua. 30/220 kV-koa izango da eta Iruraiz-Gaunako udal-mugarteetan kokatuta egongo da.

– 220 kV-ko aireko linea, SET Donemiliaga estaziotik SET Elgea estazioraino, sortutako energia elektrikoa Red Eléctrica de España SA konpainiaren garraio-sarera husteko. Benbros Solar SL sustatzailearekin partekatuko da, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga eta Barrundiako udal-mugarteetan.

Aldez aurreko administrazio-baimen hau honako baldintza hauekin ematen da:

1.– Eraikitzeko administrazio-baimena 6 hilabeteko epean eskatu beharko da, ebazpen hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

2.– Exekuzio-proiektua Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak 2023ko urtarrilaren 20an egindako eta 2023ko martxoaren 17ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (54. zk.) argitaratutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean –IIAn– ezarritako baldintzetara, babes-neurrietara eta konpentsazio-neurrietara egokitu beharko da.

3.– Onartzeko aurkeztutako proiektuak araudi elektrikoaren araberakoa izan eta industriaren arloan aplikagarriak diren industriako segurtasun- eta kalitate-arauak bete beharko ditu, eta, instalazio elektrikoei aplikatu beharreko araudian adierazitako agiri eta zehaztapenez gain, kokalekuan 12 hilabetetik gorako aldian egindako neurketa eolikoen emaitzak jaso beharko ditu, behar bezala justifikatuta betiere.

4.– Abiarazteko gehienezko epea 2 urtekoa da.

5.– Baimen hau obra egiteko beharrezkoak diren baimen, lizentzia eta baimenetatik aparte ematen da, baita aldi bereko xedapen aplikagarrien ondoriozkoetatik aparte ere.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 12a.

Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

PEDRO RODRÍGUEZ DÍAZ.


Azterketa dokumentala