
79. zk., 2023ko apirilaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (260 KB - 18 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1990
AGINDUA, 2023ko apirilaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez araubidea ezartzen baita toki-erakundeei beren artxibo-sistema martxan jartzera eta/edo sendotzera bideratutako dirulaguntzak emateko, eta 2023ko ekitaldiko deialdia egiten.
Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legeak arautzen ditu titulartasun publikoko dokumentuen kudeaketa integrala, haien tratamendua eta artxiboen antolaketa. Lege horren 2. artikuluaren arabera, bere aplikazio-eremuan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak eta tokiko sektore publiko instituzionala. Legearen 4.2 artikuluan, toki-administrazioek beren eginkizunak betetzean sortutako edo jasotako dokumentuak jasotzen dira, titulartasun publikoko dokumentu gisa.
Horri dagokionez, aipatutako 5/2022 Legearen 12. artikuluak adierazten du lege horren aplikazio-eremuan sartzen diren erakundeek beren artxibo-sistema propioa izan beharko dutela, zeinak zuzendaritza- eta plangintza-lanak egingo baititu, arauak egingo baititu eta baliabide material eta giza baliabide nahikoak izango baititu bere eginkizunak betetzeko.
Era berean, 5/2022 Legearen III. tituluko III. kapituluak, toki-erakundeen artxibo-sistemei buruzkoak, xedatzen du udalerriek eta gainerako toki-erakundeek artxibo-sistema propioa izan behar dutela, lege horretan ezarritako eginkizunak betetzeko eta betebeharrak betetzeko gaitasuna izango duena.
Administrazioko organismo bakoitzean artxibo-sistema bat ezartzea eta martxan jartzea hura egoki jarduteko oinarrizko baldintza da, bai eta informazio-baliabideak egoki kudeatzeko eta herritarren oroimena sortzeko bermea ere. Aipatutako 5/2022 Legearen 13. artikuluak adierazten du zer eginkizun dauden artxibo-sistema publikoen esku, eta horiek dira, beraz, udal-artxiboek, artxibo-sistema publikoak direnez, bete beharreko funtzioak. Hala, besteak beste, eginkizun hauek betetzen dituzte: kontserbazioa, antolaketa eta deskribapen artxibistikoa, dokumentu-segiden balorazioa eta hautaketa, dokumentu-fluxua kudeatzea eta artikulatzea, zabaltzea eta beren titulartasuneko dokumentu-ondarearen digitalizazioa bultzatzea, kontserbazioa bermatzeko, kudeaketa errazteko eta irisgarritasuna sustatzeko. Udal artxibo-sistemek, gainera, azken urteotan, administrazio digitalaren testuinguruan, beren jarduera-eremuak dokumentu-kudeaketa integralean inplikatutako zerbitzuetara zabaldu dituzte, eta beharrezkoa da esku-hartze artxibistiko egokitua eta koherentea izatea.
Aurrekoarekin bat, Agindu honen asmoa da epe luzeko prozesu batekin jarraitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioari artxibo-sistema sendo eta efikazak emateko, toki-administrazio bakoitzak ondare horren gain duen erantzukizuna egoki betetzen duela ziurtatzeko. Artxiboaren ikusmolde orokorra sustatu nahi da, halaber, administrazio-, informazio- edo kultura-mailako hainbat premiari arreta emateko zerbitzua izateko. Hori guztia aintzat hartuta, beharrezkotzat jotzen da helburu horiek dituzten ekimenak diruz laguntzea, batez ere dokumentu-funts guztiak era integral batean antolatzeko, eta artxibo-zerbitzu publiko egonkorra sendotzerakoan eragindako administrazio guztiak erantzunkide bihurtzeko.
Dirulaguntza-lerro hau Kultura Sailaren 2021-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua eta 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduak aldatua), bai eta Kultura Sailaren Dirulaguntzen Urteko Planean ere (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduaren bidez onartua).
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Agindu honen xedea da 2023ko ekitaldian zenbait programa garatzeko dirulaguntzak emateko erregimena arautzea, eta dirulaguntza horien deialdia egitea. Programa horiek artxibo-sistemaren proiektu batean sartuta egon beharko dira, artxibo-sistema propio bat ezartzea eta/edo sendotzea izan beharko dute helburu, edo artxibo-sistema propio bat edukitzeko proiektuak lantzea.
2.– Agindu honen ondoreetarako, honako hauek ulertuko dira artxibo-sistematzat, artxibo-sistemaren proiektutzat eta artxibo-programatzat:
a) Artxibo-sistema: artxibo historikora iritsi bitarteko administrazio-kudeaketaren eta udal-dokumentazioaren fluxuen artikulazioaren emaitza da, bai eta, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legean definitutako artxibo-sistemaren eraketan inplikatutako artxibo-jarduketen multzoa ere.
b) Artxibo-sistemaren proiektua: eskatzaile bakoitzak proposatuko duen definizioa izango da, artxibo-sistema bat edukitzeko egin behar diren jarduketei buruzko ikuspegi orokor eta osoa emango duena.
c) Artxibo-programa: artxibo-sistemaren proiektuarekin bat, aurtengo ekitaldian, osorik zein partzialki, artxibo-sistemaren proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzera bideratutako jarduketa edo jarduketen multzoa.
3.– Dirulaguntza horietarako, guztira, hirurehun eta hirurogeita hamabost mila (375.000) euro erabiliko dira.
2. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.
1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira EAEko toki-erakundeak; Toki-erakundetzat hartuko dira Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluan ezarritakoak.
Euskadiko tokiko sektore publikoko erakundeak ere onuradun izan daitezke. Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten erakundetzat hartuko dira Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 4.4 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu zehapen administratiboa edo penala ezarrita dutelako dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten erakundeek, ez eta horretarako desgaitzen duen legezko debekuren bat ezarrita dutenek ere, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera; eta barnean hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera, eta Lege hau bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenean eta, halaber, araudi horrek aldatzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua) 50.5 artikuluan jasotakoaren arabera.
3.– Ezingo dira erakunde onuradun izan zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, ez eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu ez dituztenak ere (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuak lehenengo xedapen gehigarrian xedatutako zentzuan).
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute proiektu eta/edo programa mota hauek:
a) Udal- eta kontzeju-artxiboen funtsak antolatzea (kontzeju-artxibo deritze nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna duten udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde publikoenei).
b) Berezko artxibo-sistemak ezartzea eta sendotzea, artxibo-proiektu baten bidez.
c) Tresna deskribatzaileak sortzea edo hobetzea, hala funtsen deskribapena sustatzen duten programen bidez, nola tresna deskribatzaileak informatizatzea helburu duten programen bidez.
d) Artxiboak kudeatzeko sistema integralak ezartzea edo artxibo hibrido/digitaletan integratzea, dokumentuak kudeatzeko eta hedatzeko politika eraginkor bati begira, 5/2022 Legearen 7. artikuluan dokumentuak kudeatzeko programei buruz jasotakoaren arabera.
e) Dokumentu-funtsak balioestea eta aukeratzea, betiere funtsak kontserbatzeko edo suntsitzeko politika orokor baten atal gisa.
f) Kultura-hedapenerako artxibo-jarduerak egitea.
g) Artxibo-zerbitzu mankomunatuen mantentze-lanak egitea.
h) Artxibo-dokumentuak, artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak digitalizatzeko jarduerak egitea (8.2 artikuluan adierazitakoaren arabera eta 1. eranskinean zehaztutako Preskripzio Teknikoen arabera)
i) Dirulaguntzen xede diren proiektu eta/edo programak 2023an gauzatu beharko dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, artxibo-dokumentuak eta artxibo-funtsak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legeak 3. artikuluaren a) eta d) letretan jasotako definizioak. Agindu honen ondorioetarako, dokumentu-bildumatzat hartzen da aipatutako definizioetan jasotako ezaugarriak betetzen ez dituzten dokumentu multzo guztiak.
3.– Proiektua eta/edo programa oinarritzen eta garatzen duten irizpideek bermatu behar dute artxiboa behar bezala zaintzen eta kudeatzen dela, eta, kasuan-kasuan, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
– Tresna deskribatzaileak informatizatuta egongo dira eta estandar deskribatzaile artxibistikoak erabiliko dituzte.
– Digitalizazio-proiektuen kasuan, artxiboak aldez aurretik antolatuta egon beharko du, eta inbentario bat eduki euskarri informatikoan. Proiektuek kontserbazio iraunkorreko artxibo digital bat eta dagozkien kopia digitalak sortu beharko dituzte. Kopia horiek agindu honen 1. eranskinean agertzen diren Preskripzio Teknikoak bete beharko dituzte.
– Euskarri informatikoa aldatzea edo artxibo-sistema hibridoak edo elektronikoak ezartzea dakarten proiektuetan, sistema malguak izan beharko dute, artxiboaren kudeaketa integralerako baliozkotuak, eta bermatuko dutenak dokumentuak ingurune seguruetan kontserbatzea eta dokumentazioaren kudeaketa eta irisgarritasuna ahalbidetzen duen antolamendu egokia.
4.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu ezaugarri hauetakoren bat duten proiektuak eta/edo programak:
a) Dokumentu-funtsak zaharberritzekoak.
b) Dokumentu-funtsak transkribatzekoak.
c) Orain eta etorkizunean artxibo-funtsak kontserbatzeko edo haietara irispidea izateko gutxieneko baldintzak bermatzen ez dituztenak.
d) Artxibatzeko lokalak hobetzekoak (obrak, apalategiak erostea, etab.).
e) Sexu bientzako tratu-berdintasuna bermatzen ez dutenak.
5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, erakunde onuradunek azpikontratatu ahal izango dute diruz lagundutako jardueren zenbatekoaren ehuneko ehun.
Kasu guztietan, aipatutako legearen 31.3 artikuluan xedatutakoa hartu beharko da kontuan.
4. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoz soilik aurkeztu ahal izango dira, eta kontsultak eta prozedura honi loturiko gainerako izapideak ere bitarteko horiez egingo dira:
a) Eskabideak bitarteko elektronikoz izapidetzeari buruzko jarraibideak, eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, URL honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095810
b) Eskabidea aurkeztu osteko izapideak egoitza elektronikoko «nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak.
4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan eta eskabidetik eratorritako jarduketetan, hala xedatzen baitute Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek.
5.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Memoria xehatua, aurkezten den programaren eta/edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak eta justifikazioa adierazita.
b) Aurrekontu zehatza, erakundeko artxibozainak edo erakundeko arduradunak edo idazkariak sinatutakoa.
c) 2. eranskineko «Programa» formularioa beteta (eskuragarri URL honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/95810. Bertan adierazi behar da aurkeztutako proiektua eta/edo programa eta artxibatzeko lokalen deskribapena, eta artxibo-zerbitzuan gordeta dauden funtsen identifikazioa (berezkoak nahiz kanpokoak).
d) Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako laguntzen zerrenda, laguntzaren egoera aipatuta; alegia, ezetsita, ebazteko edo emanda dauden, eta zenbatekoak (adierazpena eskabide-orrian jasota dago).
e) Erantzukizunpeko adierazpen bat, egiaztatzen duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) adierazitako dirulaguntza publikoen onuradun izateko debekurik ez duela –eta, espezifikoki, ez duela zorrik dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak direla eta–, eta, era berean, ez duela legezko debekurik edo zehapenik sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik –Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera– (adierazpena eskabide-orrian jasota dago).
5. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeaz.
6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetzeko onartu ahal izateko eskatzen diren agirietatik batzuk falta badira edo horietan forma-akatsak badaude, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak badaude, errekerimendua egingo zaio erakunde eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean akatsa konpontzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, betiere, dagokion ebazpena aldez aurretik emanda.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde eskatzaileetako batek modu presentzialean aurkezten badu eskabidea, hura bitarteko elektronikoz zuzentzea aginduko zaio.
Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidea aurkeztu den eguntzat.
7. artikulua.– Kalifikazio-batzordea.
1.– Kalifikazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa. Batzorde berak ebaluatuko ditu, halaber, agindu honetako hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzorde horrek dagokion ebazpen-proposamena egin eta Kulturako sailburuordeari helaraziko dio. Proposamen horretan, hala badagokio, honako hauek jasoko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, erakunde onuradun bakoitzeko; dirulaguntzaren xedea; ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak; onartu ez diren dirulaguntzak eta ez onartzeko arrazoiak.
2.– Kalifikazio Batzordeak kide hauek izango ditu:
– Mikel Aizpuru Murua jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburua izango dena.
– Borja Aguinagalde Olaizola jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna.
– Itziar de Azua Brea andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoaren teknikaria.
Batzordeko idazkaria Juan Carlos Soto Pérez jauna izango da, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren arduraduna, eta hitza izango du, baina botorik ez.
Kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du idazkariak, haren jarduketak ziurtatu, eta eratzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatu.
3.– Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez aldatu ahal izango da Kalifikazio Batzordearen osaera, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta esleipen-irizpideak.
1.– Lehiaketa izango da dirulaguntzak emateko prozedura, eta, beraz, aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira, eskabideak hurrenkeran ipini ahal izateko, artikulu honetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta.
Horretarako, lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta dirulaguntzak esleituko dira puntuazio altuena lortu duen eskabidetik hasita, eta puntuazioari jarraikiz, harik eta 1. artikuluan xedatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Halaber, gutxienez 50 puntu lortu dituzten proiektuei eta/edo programei bakarrik emango zaie laguntza.
2.– Dirulaguntza-eskabideen ebazpen-proposamena egiteko eta dirulaguntzon zenbatekoa zehazteko, Kalifikazio Batzordeak kontuan hartuko ditu irizpide hauek (dagozkien haztapenekin):
a) Sendotasun zientifikoa duen programa eta/edo proiektua izatea, epe luzera diseinatutako ekimena sendotzea aurreikus dezan; lan-faseen sekuentzia bat diseinatuko da, horietako bakoitzean parte hartzen duten elementuak balioetsiko dira eta gastua osatzen duten elementuen zenbatespen zehatza planteatuko da (50 puntu, gehienez).
Irizpide hauen arabera puntuatuko da:
– 40 puntura arte, artxibo-zerbitzuaren mantentze-lanak egiteko urteko proiektuetarako eta/edo programetarako: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea (deskripzioa eta informatizazioa), dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza, funtsaren zati baten balorazioak eta abar.
– 50 puntura arte, artxibo-sistemak ezartzeko edo epe luzera sendotzeko proiektuetarako eta/edo programetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-faseak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza adierazita eta abar), hauek hartzen badituzte barnean: dokumentu-funtsak balioesteko/ezabatzeko politiken programak, dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxibo-dokumentuak web-atarien bidez hedatzea...
b) Artxibo-zerbitzu askotarikoek esku hartzen duten edo elkarlanean diharduten proiektua eta/edo programa izatea (15 puntu, gehienez).
Irizpide hauen arabera puntuatuko da:
– 0 puntu, esku-hartze bateraturik ez duten proiektuei eta/edo programei.
– 5 puntu, kontzejuetarako artxibo-sistema propioan sartutako proiektuei eta/edo programei.
– 7 puntu, udaletako bi artxibo-zerbitzuk esku hartzen duten proiektuei eta/edo programei.
– 10 puntu, eskualdeko edo mankomunitateko artxibo-zerbitzuen proiektuei eta/edo programei, kasuan kasuko eskualdeko edo mankomunitateko hiru edo lau artxibo-zerbitzu barne hartzen dituztenei.
– 15 puntu, eskualdeko edo mankomunitateko zerbitzuen proiektuei eta/edo programei, kasuan kasuko eskualdeko edo mankomunitateko bost artxibo-zerbitzu edo gehiago barne hartzen dituztenei.
c) Proiektuaren xede den dokumentu- funtsaren edo -multzoaren datazioa (15).
Irizpide hauen arabera puntuatuko da:
– Gehienez 10 puntu 50 urtetik beherako antzinatasuneko dokumentazioa duten proiektu eta/edo programetarako.
– Gehienez 15 puntu 50 urtetik gorako antzinatasuneko dokumentazioa duten proiektu eta/edo programetarako.
Proiektu edo programetan, kronologia-aldi desberdinetako dokumentazioa denean, zenbatespen bat egingo da dagokion puntuazioa ezartzeko. Proiektu edo programaren memorian argi eta garbi adierazi beharko da aztertu beharreko dokumentazioaren datazioa.
d) Proiektuak edo programak barne hartzea estandar deskribatzaileen garapena indartuko duten elementuak, edo artxibo-interesa duen euskarazko beste edozein elementu (20 puntu, gehienez).
Adierazle hauen arabera puntuatuko dira:
– 0 puntu, euskara erabiltzen ez duten proiektuei eta/edo programei.
– 5 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 10 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 15 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan, eta erabiltzaileentzako arreta eta artxibo-interesa duen beste edozein osagai (edukien hedapena, erregelamenduak, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko irizpidean ezarritakoa betetzen bada. Proiektu edo programaren memorian berariaz egiaztatu beharko da, irizpide hau baloratu ahal izateko.
3.– Datu ofizial berrienen arabera 1.500 biztanle baino gutxiago duten toki-erakundeen proiektuen kasuan, 5 puntu gehituko zaizkio haztapen-irizpideen arabera lortutako puntuazioari.
4.– Halaber, genero-ikuspegia berariaz txertatzen duten proiektuei –beraien helburua dela eta edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako jardueretan duten eragina dela eta (emakumeek, emakume-taldeek edo emakume-elkarteak sortutako artxiboak, , emakumeekin lotutako gai espezifikoei buruzko funtsak...)– 5 puntura arte gehiago eman ahal izango zaizkie.
9. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Proiektu eta/edo programa bakoitzak diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 50eko dirulaguntza jasoko du gehienez (BEZa barne).
2.– Artikulu honen aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, proiektu eta/edo programa bakoitzeko ezin izango da 20.000,00 euro baino gehiagoko dirulaguntza eman, inolaz ere.
10. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak ematea bateragarria izango da helburu bererako beste administrazio batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-sarrera publiko edo pribatu batzuekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik ez badago.
Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
11. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kulturako sailburuordeari dagokio, Kalifikazio Batzordeak proposatuta.
2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatu diren dirulaguntzak eman diren edo ez, eta bertan datu hauek jasoko dira: baietsitako eskabideen zerrenda, ezetsitako eskabideen zerrenda eta, hala badagokio, ordezkoak eta ez-onartuak.
Eskabidea baietsi bada, honako hau adieraziko da: zein den erakunde onuraduna; zein den laguntza jasoko duen proiektua, zer aurrekontu onartu zaion eta zenbateko laguntza jasoko duen. Eskabide ezetsien kasuan, ezespenaren zergatiak adierazi beharko dira.
Halaber, oinarri arautzaileetan onuradun izateko ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren, deialdian zehaztutako gehieneko kreditu-zenbatekoa gainditzeagatik baietsi ez diren eskabide guztiak ordezkoen zerrenda ordenatuan jasoko dira, eta eskabide horietako bakoitzari deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera eman zaion puntuazioa adieraziko da.
Onartu ez den dirulaguntzarik badago, ez onartzeko arrazoiak adieraziko dira.
3.– Ebazpena egoitza elektronikoko ohar-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa eta bitarteko elektronikoz jakinaraziko zaie banaka-banaka prozeduran interesa duten erakundeei. Era horretara, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela –«nire karpeta» atalaren bidez– EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Abisu hori bidaltzen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
Era berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko da ebazpen hori.
Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotik egiten denez, lehenbizi egin zaionaren eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
5.– Erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, agindu honen 12.a) artikuluan ezarritako 10 eguneko epean, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Kalifikazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen erakunde eskatzaileari edo eskatzaileei ematea dirulaguntza, baldin eta erakundeak 50 puntuko gutxienekoa lortzen badu eta onartzen badu. Ordezko erakundeari eman beharreko laguntzak ez du gaindituko hautaketa-fasean puntuazio-irizpidea aplikatuta izan zezakeena, deialdian behar adinako zuzkidura izan balitz.
Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die erakunde interesdunei, dirulaguntza-proposamen horri hel diezaioten 10 eguneko epe luzaezinean.
Behin erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza emango du.
6.– Gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen-epea igarota, erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatzen diren ondoreetarako.
12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen betebeharrak dira:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Agindutako xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.
c) Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera gauzatzea, edo dirulaguntza ematea eragin duen egoeran egotea.
d) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea dirulaguntza ematea eragin duten edo hartaz baliatzea eragin duten betekizunak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.
e) Dirulaguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapen-jarduketen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen kontrol-jarduketen mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
f) Beste edozein administrazio edo ente publiko zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berarekin laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean ebazteko bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera jakinaraztea, halaber.
h) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskadiko Artxibo Historikoaren babesa espresuki adieraztea, dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Edozein formatutan argitaratutako materialek, horien iragarkiek eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dute. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.
k) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betez, ez da hizkuntza modu sexistan erabiliko eta ez da sexuaren araberako rolik eta estereotiporik egongo diruz lagundutako proiektuetan eta programetan.
l) Oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), dirulaguntza-arloan aplikatu behar diren gainerako lege-xedapenetan eta, batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak.
13. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.
1.– Dirulaguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.
2.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo egunean ez badago dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak zehazten duen moduan).
14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
Justifikazioak bitarteko elektronikoak erabiliz soilik aurkeztu ahal izango dira, «nire karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
Kasu guztietan, eskabidean aurkeztutako jarduera osoa egin dela justifikatu beharko da, azkenean diruz lagundutako aurrekontuaren ehunekoa edozein dela ere.
15. artikulua.– Justifikatzeko eta justifikazio-agiriak aurkezteko epea.
1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek 2024ko urtarrilaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak; tartean, hauek:
a) Diruz lagundutako programa eta/edo proiektu bakoitzaren xedea betetzeari buruzko justifikazio-memoria.
b) Gastuen justifikazioa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gastuak justifikatzeko, egindako gastuen zerrenda aurkeztu beharko da, banakatutako zenbatekoarekin eta dagozkien fakturekin; edo egindako gastuei buruzko kontu-hartzailetzaren edo idazkaritzaren ziurtagiria, URL honetan eskuragarri dagoen 3. eranskineko ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095810
c) Hala egokituz gero, diruz lagundutako proiektu eta/edo programa bakoitza garatzean sortutako material zientifikoak (inbentarioak, katalogoak eta abar). Material horiek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren mende dauden informazio-sistemetan sartu ahal izango dira.
d) Xede bererako gainerako laguntzen zerrenda, agindu honi loturiko dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean jada eman zitzaizkiola ez bazekien, b) apartatuan jasotako URL helbidean ageri den ereduarekin bat.
2.– Laguntzen justifikazioari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan eta lege horrekin eta haren erregelamenduarekin bat datozenetan ezarritakoa aplikatuko da.
3.– Justifikazioa aurreikusitako epean aurkezten ez bada, pertsona edo erakunde interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamabost eguneko epean aurkez dezan. Epe hori amaituta justifikaziorik aurkeztu ez badu, dirulaguntza likidatzeko prozedura hasiko da.
16. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen eta programen jarraipena.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundutako programa edo proiektua zer nola gauzatzen ari den ikuska dezake eta, horretarako, lantokietara sartzeko modua izateaz batera, nahi adina argibide eskatzeko eskubidea izango du.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
Hauek dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo haren zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, dagokion kasuan, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak ez betetzea. Jarduera gauzatzean ez-betetze partzialak egitea onartu ahal izango da, baldin eta diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa egin dela zalantzarik gabe egiaztatzen bada, eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen bada, gutxienez. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.
Salbuespen gisa, proiektua gauzatzen ez bada aurrez ezarritako ehunekoan, dirulaguntza kudeatzen duen organoak ez-betetze partzialak egin direla jo ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren erakunde onuradunak egindako lanek berezitasun- eta espezifikotasun-ezaugarri objektiboak badituzte, eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta helburuari balio erantsia ematen badiote.
c) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea, eta, bereziki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.
Baldintza horietarik bat egiaztatzen bada, jaso diren kopuruak eta sortu diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako hauek aurretiaz betez: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
18. artikulua.– Datu pertsonalak babestearen arloko oinarrizko informazioa.
– Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Donostia-San Sebastián 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba. Telefono-zenbakia: 945 01 80 00. Webgunea: http:// euskadi.eus
– Helburua: Kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egiten den misioa edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.
– Oinarri juridikoa:
• 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
• 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
– Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere. Ikusi informazio gehigarria.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke web-helbide honetan: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-a2datuba/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0261_eu.html.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 19a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
1. ERANSKINA
PRESKRIPZIO TEKNIKOAK
1.– Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira; deskribapen-fitxa bakoitzari –digitalizazio-unitatetzat hartuko da– bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkio. Datu-basearen formatua Euskadiko Artxibo Historikoarekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-gailuen kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera, digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.
2.– Digitalizazioa nagusiki aireko eskanerrarekin edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira eta.
3.– Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira; kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.
4.– Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5600 x 3700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuak –hala nola paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab.– era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Artxibo Historikoak ezarritako preskripzio teknikoak kontuan izanda.
5.– Digitalizazioa (dokumentu berezi, grafiko, argazki, marrazki, plano eta abarrena izan ezik) «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da beti; hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo baitira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.
6.– Digitalizazioaren emaitza gisa, honako hauek emango zaizkio Euskadiko Artxibo Historikoari digitalizatutako irudi bakoitzeko:
6.1.– Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hori segurtasun-fitxategitzat hartuko da.
6.2.– Segurtasun-fitxategiaren bereizmen bereko eta konpresiorik gabeko JPG formatuko fitxategi bat, dagokion jatorrizko kaptura-fitxategitik edo, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik eratorria. Artxibo hori digitalizazio-mastertzat hartuko da.
6.3.– Fitxategi bat JPG formatuan (hedatzeko kopia izango da), hori ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edo digitalizazio-masterretik eratorria, bereizmena 3266 x 2100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.
6.4.– Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.
7.– Artxibo-funtsek entzunezko edo ikus-entzunezko dokumentuak badituzte, honako hauek entregatuko zaizkio Euskadiko Artxibo Historikoari:
7.1.– Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.
7.2.– Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.
7.3.– Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), hedapen- edota kontsulta-fitxategi gisa.
8.– Euskadiko Artxibo Historikoari kopiak entregatzeko/biltegiratzeko formatua:
8.1.– Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio-akatsak ezabatzeko.
8.2.– Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta, fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan, bai Appleren MacOSen, bai Linux/Unix-en.
8.3.– Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztietan, edukia zein den jakiteko behar den informazioa jasoko da: zenbakia, izenburua, edukia eta sorrera-data.
RSS