
78. zk., 2023ko apirilaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 15 orri.)
- EPUB (233 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1954
AGINDUA, 2023ko apirilaren 18koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2023ko ekitaldirako laguntza-deialdia.
Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren abenduaren 23ko 17/2008 Legearen (2008ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 250. zk.) VII. titulua ordezkaritza eta elkarte-antolaketari buruzkoa da. Horrela, hau dio 85. artikuluak: «EAEko administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan». Beraz, arloarekin zerikusia duten elkarteak eratzea eta haiei eustea bultzatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako politikak diseinatzeko erakunde solaskide garrantzitsuen izaera ematen zaie, eta, horretarako, euskal administrazioek beharrezko baldintzak sortuko dituzte elkarte horiek nekazaritza eta elikagaigintzako azpisektoreen interesen ordezkari izan daitezen. Asoziazionismoaren barruan, nekazaritzako erakunde profesionalak nabarmendu behar dira, 87. artikuluak egiten duen bezala. Nekazaritzako erakunde profesionaltzat hartzen dira estatutuetan, oro har, nekazaritzarekin zerikusia duten lanak egiten dituzten pertsonen interes sozioekonomikoak ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna duten nekazaritza-elkarteak, eta gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita daudenak. Bete behar dituzte, gainera, 87. artikuluan bertan aipatzen diren eskakizunak. Asoziazionismoa oro har eta nekazarien elkarte profesionalak bereziki solaskide eraginkorrak dira, eta haien bidez bideratzen dira, halaber, ordenamendu juridikoan jasotako kontsultak.
Lehen sektorearen egituratze sozial eta profesionaleko tresna gisa duten eginkizuna betetzean, nekazaritzako erakunde profesionalek gastuak dituzte; haien jarduera sindikalak etengabe hobetzen jarrai dezaten laguntzeari egoki irizten dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez. Hori da, hain zuzen ere, agindu honen xedea: Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzen 2023ko ekitaldirako deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko eginkizunak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza sektoreari oro har eta afiliatuei bereziki orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko haien jarduera sindikalei eusteko. Sustapen-lan hori ez da berria, 1993ko ekitaldiaz geroztik aplikatzen ari den dirulaguntzen arloko programa bat da eta.
Dirulaguntza horiek honako hauetan araututa daude: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006; eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.
Halaber, agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzekoa), eta Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.
Programa honen finantzaketa 2023ko ekitaldiari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean aurreikusitakoaren arabera. Deialdi honetako laguntzen zenbatekoa 241.000 eurokoa izango da.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea eta ezaugarriak.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzen 2023ko ekitaldiko deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko eginkizunak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza sektoreari oro har eta afiliatuei bereziki orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko haien jarduera sindikalei eusteko.
2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.
Bigarrena.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko eskakizunak.
Honako hauek izan ahalko dira sindikatu izaerako nekazaritzako erakunde profesional onuradunak: Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako betekizunak betetzen badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat duten eta nekazaritzako profesionalez osaturik dauden erakundeak, diharduten nekazaritzaren ekoizpen-azpisektorearengatik inolako bereizketarik egin gabe; horrez gain, seigarren ebazpen-zatiko eskakizunak ere bete beharko dituzte.
1.– Laguntza-eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, legez eratuak izatea eta Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa) ezarritako baldintzetan.
c) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastua bera finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.
d) Eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean, bat etorriz Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoarekin. Zuzendaritza-organoetan emakumeak izatea, gutxienez modu orekatuan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legearen 19. artikuluan eta bigarren xedapen gehigarriko 2. paragrafoan adierazitakoa aplikatuz. Bigarren paragrafo horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio eskudunek ez diete laguntzarik ez dirulaguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, baldin eta zuzendaritza-organoetan emakumerik ez badute.
2.– Era berean, deialdi honen xede den dirulaguntza eskuratzeko, honako eskakizun hauek bete beharko ditu erakunde eskatzaileak:
– Erakunde eskatzailea ez egotea Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50. artikuluan jasotako debekuetan, eta ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea desgaitzen duen legezko debekurik.
– Zehapenik ez jaso izana Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen arau-hauste astun edo oso astunengatik, salbu eta lege hori bete badu eta, hala badagokio, ingurumen-kalteak eta eragindako galerak konpontzeko eta ordaintzeko neurriak egikaritu baditu.
– Zehapenik ez jaso izana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen arau-hauste astun edo oso astunengatik, salbu eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu baditu eta zehapena bete badu.
– LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, bihurtze-terapiak sustatzea edo egitea barne.
– Erakunde eskatzaileak Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan nekazarien erakunde profesionalei ezartzen zaizkien eskakizunak betetzea, hau da:
• Haien estatutuetan, oro har, nekazaritzan diharduten pertsonen interes sozioekonomikoak ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna jasotzea, eta gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea.
• Nekazaritzako azpisektore batean edo batzuetan benetan ezarrita egotea.
• Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea gaur egun, eta gutxienez, laguntza eskatu aurreko bi urteetatik hona, etenik gabe.
• Bulego irekiak eta giza baliabide nahikoa edukitzea, nekazariei behar bezalako laguntza emateko moduan, edo, kasuan-kasuan, erakunde kidetuei laguntza emateko moduan.
• Irabazi-asmorik ez izatea.
Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Elkarrizketa sozialeko jarduketak diruz lagundu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza-sektoreari eta, zehazki, afiliatuei orientazioa eta aholkularitza emateko gaietan, betiere agindu honetan xedatutako eskakizun subjektiboak, objektiboak eta aldi baterakoak betetzen badituzte. Jarduketa horiek 2023ko ekitaldian zehar gauzatu beharko dira.
Laugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerak egitean sortutako gastuak, hala nola:
a) Jarduera sindikaletan erabiltzen diren lokalak egokiro mantentzetik eratorriak.
b) Jarduera sindikaletan diharduten langileak edukitzeko egiten dituzten lan-kontratuei eustea.
c) Nekazaritza-sektoreko profesionalei aholkularitza eta informazio sindikala emango dieten langileen lan-kontratu berriak egitea.
d) Gastu arruntak, ez inbertsiokoak.
Edonola ere, gastu horiek diruz lagundu ahal izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.
2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
3.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak azpikontratatu ahal izango ditu, gehienez % 50. Horretarako, xedapen hauetan ezarritako eskakizunak bete behar dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.
Bosgarrena.– Finantzaketa.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetatik datoz agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak, 241.000 euro, zehazki.
Seigarrena.– Eskabideak, dokumentuak eta aurkezteko epea.
1.– Laguntza-eskabideak (I. eranskin gisa erantsi da eredua) Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bideratuko zaizkio, eta elektronikoki aurkeztuko dira.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira. Horretarako, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartu beharko da, ebazpen-zati honetako hurrengo apartatuan adierazitako helbideen bitartez.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragai:
Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/1029009
Eskabidea egin osteko izapideak, bide elektronikoz, hauen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta eta https://www.euskadi.eus/micarpeta.
4.– Laguntza-eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Eskakizun hori ez dute bete beharko agindu honen kargura laguntza jaso duten nekazarien erakunde profesionalek: «Agindua, 2022ko urriaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2022ko ekitaldirako laguntzetarako», estatutuetan egindako aldaketen kasuan salbu (halakoetan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko zaio haien berri).
b) Ekitaldian zehar egingo diren ekintzak justifikatzeko memoria, ekintza hauek adieraziz eta kuantifikatuaz:
1) Jarduera sindikalen koordinazioa.
2) Sektoreko elkarteekiko eta administrazioekiko lankidetza.
3) Administrazioarekin zerikusia duten prozeduretan, nekazaritza-lanak egiten dituztenekiko lankidetza, aholkularitza, laguntza eta kudeaketa.
4) Prestakuntza-, informazio- eta dinamizazio-jardueren antolakuntza.
5) Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.
6) Euren interesak defendatu eta sustatzeko, bazkideei emandako zerbitzuak.
c) Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian daudenen kopurua ere zehaztuta; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkaritzak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.
d) Agindu honetan aurreikusitako laguntzei heltzeko elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.
e) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasota:
1) Beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu izana ala ez, eta, hala badagokio, lortu izana ala ez, dagozkion zenbatekoei eta erakunde-emaileei buruzko informazio zehatza eskainita.
2) Sartuta dagoen ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta sektore publikoko beste erakunde batzuek emandako izaera bereko laguntzen do dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura batean. Erantzuna baiezkoa bada, dagokion prozedurari buruzko informazioa eman beharko du.
3) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
4) Ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duen zehapen administratiborik edo penalik.
5) Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko desgaitzen duen legezko debekuren batean.
6) Zehapenik ez jaso izana Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen arau-hauste astun edo oso astunengatik, salbu eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu baditu eta zehapena bete badu.
7) Zehapenik ez jaso izana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen arau-hauste astun edo oso astunengatik, salbu eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu baditu eta zehapena bete badu.
8) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, bihurtze-terapiak sustatzea edo egitea barne.
f) Ez sartuta egotea azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako egoeraren batean, zeinak artikulu horren 4., 5., 6. eta 7. apartatuetan ezarritakoaren arabera egiaztatu beharko baitira.
5.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, berariazko baimenik behar izan gabe, hala xedatzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.3 artikuluak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Egiaztapen automatikoa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez egingo da.
Hala ere, pertsona edo enpresa eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Era berean, eskabidearen bidez, organo kudeatzaileari baimena emango zaio inskripzioa indarrean dagoela Elkarteen Erregistroan egiaztatzeko.
6.– Erakunde eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik izango aurrez edozein Administraziori aurkeztutako dokumenturik, baldin eta berariaz adierazten badute dokumentu horietan ez dela izan aldaketarik. Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutako ondorioetarako.
7.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak ez baditu eskatutako eskakizun guztiak betetzen, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzendu edo behar diren dokumentuak erantsi ditzala. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.
Interesdunak aurrez aurre aurkeztu badu eskabidea, eskatuko zaio elektronikoki aurkez dezala. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
8.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentuekin batera. Halaber, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileek aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
9.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako dokumentu eta/edo informazio osagarriak eskatu ahal izango zaizkio erakunde eskatzaileari.
Zazpigarrena.– Laguntzak kudeatzea.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari dagozkio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak, baita diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egitea ere. Horrela, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu, diruz lagundutako jarduerak modu egokian egikaritzen direla ziurtatzeko; horretarako, onuradunak behartuta daude eskatzen zaizkien dokumentuak eta informazioa aurkeztera.
Zortzigarrena.– Laguntzak esleitzea eta haien zenbatekoa kalkulatzea.
Agindu honetan jasotako eskakizunak betetzen dituzten erakundeak izango dira laguntzen onuradun. Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa ezin izango da justifikatutako gastuak baino handiagoa izan, eta honako prozedura honen arabera zehaztuko da:
a) Lehenengo eta behin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa, parte berdinetan, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.
b) Honela banatuko da lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa:
– Heren bat uniformeki banatuko da, lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.
– Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, bat etorriz zazpigarren ebazpen-zatiko 4 c) paragrafoan ezarritakoarekin.
– Gainerako herena proportzionalki banatuko da, justifikatzeko memorian aipatutako jardueren arabera eta jarduera horien zenbatekoa kontuan harturik.
Bederatzigarrena.– Ebazpena.
1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez emango dira dirulaguntzak, sei hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
a) Onartutako eskabideei dagokienez:
1) Erakunde onuradunen izenak.
2) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.
3) Diruz lagundutako kopurua.
4) Aurreikusitako jarduketak egikaritzeko epea.
5) Zehapen- edo itzulketa-prozeduraren batean egonez gero, ematea eta, hala badagokio, ordaintzea ebazteko, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik.
b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:
1) Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.
2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte haien eskabideak, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin.
4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin.
5.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten elkarteen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela, hura jendaurrean jartze aldera.
6.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.
Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik.
Hamargarrena.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta honako betebehar hauek ere bai:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso hamabost egunetan, onartu egiten duela ulertuko da.
2–. Eskatutako informazio guztia ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eginkizunetan.
3.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinaraztea beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu izana bestelako administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati helburu bererako, eta, hala badagokio, eskuratu izana. Egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean jakinarazi beharko da hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.
4.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinaraztea laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatzen bada. Egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean jakinarazi beharko da hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.
5–. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean mantentzea. Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar hori betetzen dela, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz uko egiten zaionean salbu, kasu horretan, egiaztatu egin beharko baitu mutur hori.
7.– Proiektua zabaltzeko egiten diren dokumentuetan eta publizitatean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/identitate-korporatiboa/).
Hamaikagarrena.– Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.
1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, onartutako zenbatekoaren % 50, onartzeko ebazpena eman eta gero; eta bigarren ordainketa, gainerako % 50a, gastua justifikatu ondoren. Gastua justifikatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, aurretik honako dokumentu hauek aurkeztuta:
a) Diruz lagundutako jarduerak eragindako gastuen zerrenda sailkatu bat.
b) Merkataritza-zirkulazio juridikoan froga-baliokide diren fakturak edo dokumentuak, edo administratiboki eraginkorrak direnak, aurreko apartatuan aipatutako zerrendan jasotzen direnak, eta erakunde finantzarioak egindako ordainketaren ziurtagiria (egindako ordainketaren banku-ziurtagiria, aurkeztutako ordainagiriekin bat datorrena).
c) Beste administrazio edo erakunde publiko batzuek, edo izaera pribatuko pertsonek -fisikoek zein juridikoek- xede bererako emandako laguntzen ziurtagiria, baita xede bererako eskatutako laguntzena ere.
Onuradunei emandako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinek handitu egingo dute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari berdin aplikatuko zaizkio.
2.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, bi hilabetekoa izango da justifikatzeko agiriak aurkezteko gehieneko epea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo jarduerak bukatzen diren egunetik aurrera, egun hori ostekoa bada. Nolanahi ere, justifikazioa 2024ko urtarrilaren 14a baino lehenago egin beharko da.
3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak dokumentu gehigarria eskatu ahal izango du beharrezkoa baderitzo, eta arrazoiak emanda, betiere.
4.– Onuradunei dirulaguntza ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.
5.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak 2023. urtean zehar egiten ez badira, edo ezarritako epean horien ziurtagiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak dagokion hirugarren erregistroan izena emanda egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
Hamabigarrena.– Dirulaguntzarako baldintzak aldatzea.
1.– Beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak ere lortzen badira, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun balioduneko epean, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira doitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak gauzatzen ez badira, jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira baina proiektua funtsean aldatu gabe eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, baina laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.
Aitzitik, dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak gauzatzen ez badira, jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada, baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta, ondorioz, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak.
Honako hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat:
1) Aldaketa esanguratsuak egitea edo hasieran eskabidean ezarritako helbururen bat ezabatzea.
2) Aurreikusitako jarduketen egikaritze-epea.
3.– Eskabidean aurreikusitako jarduketaren bat bertan behera uztea, jarduketa jakin horretarako eman bada laguntza.
4) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuta.
5) Jarduera sindikalak modu egokian garatzeko beharrezkoak diren ekipamenduko ondasunak eta bitarteko teknikoak erabiltzeko epea bi urtetik behera murriztea, dirulaguntza eman den xede zehatzerako.
6) Onuradunaren nortasun juridikoa aldatzea, horrela, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako eskakizunak betetzen ez baditu.
Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.
Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute bide emango laguntza ematea xedatzen den ebazpena aldatzeko.
3.– Baldin eta onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
Hamahirugarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du bere eskabidean. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Jasota uztea ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango du atzera eskatzaileak, dagozkion sinadurak eransten baditu, betiere. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, guztiz onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du erakunde horri dagokionez.
2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio erakunde onuradunak. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Jasota uztea ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango du uko onuradunak, baldin eta dagozkion sinadurak eransten baditu, betiere. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du erakunde horri dagokionez.
3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko erakunde interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.
Hamalaugarrena.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua zati batean betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (erakunde interesduna entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea osorik edo partez kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (osorik edo partez, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion legezko interesak, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
Hamabosgarrena.– Bateragarritasunak.
Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako laguntzekin, baldin eta ez badu laguntzen pilaketak jardueraren kostuaren ehuneko ehun gainditzen eta ez badu gainfinantzaketa eragiten, betiere.
Kasu horretan, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa murriztuko da soberakinari dagokion zenbatekoan.
Hamaseigarrena.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.
Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 18a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
RSS