
78. zk., 2023ko apirilaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (146 KB - 5 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1953
49/2023 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorraren Zuzendaritza Nagusiarekin sinatutako hitzarmena, prestazio sanitarioen kudeaketaren arloko kudeaketa-gomendioa formalizatzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorraren Zuzendaritza Nagusiarekin sinatutako hitzarmenaren testua, prestazio sanitarioen kudeaketaren arloko kudeaketa-gomendioa formalizatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 17a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 17KO 49/2023 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ZEINAREN BIDEZ FORMALIZATZEN BAITA ESTATUKO FUNTZIONARIO ZIBILEN MUTUALITATEAREN ZUZENDARITZA NAGUSIAK EUSKO JAURLARITZAREN OSASUN SAILARI PRESTAZIO SANITARIOEN KUDEAKETAREN ARLOAN EGINDAKO KUDEAKETA-GOMENDIOA
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Lehendakariaren irailaren 7ko 27/2020 Dekretuaren bidez izendatua, Autonomia Estatutuaren 33.2 artikuluak eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.b) artikuluak ematen dizkioten ahalmenez baliatuz.
Eta, bestetik, Myriam Pallarés Cortón andrea, Estatuko Administrazio Zibileko Funtzionarioen Mutualitatearen (Muface) zuzendari nagusia, urtarrilaren 29ko 190/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz, eta Mufaceren izenean eta ordezkari gisa jardunez, Mufaceren gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organoen egitura ezartzen duen apirilaren 18ko 577/1997 Errege Dekretuaren 1.2.k) artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz.
Bi alderdiek hitzarmen hau sinatzeko behar adinako legezko gaitasun aitortu diote elkarri, eta, horretarako, hauxe
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Mufacek, Estatuko Funtzionario Zibilen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren kudeaketa ardurapean duen erakundea den aldetik, besteak beste, asistentzia sanitarioa ematen die bere mutualistei eta onuradunei, Estatuko Funtzionario Zibilen Gizarte Segurantzari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 23ko 4/2000 Legegintzako Errege Dekretuan eta martxoaren 28ko 375/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Administrazio Mutualismoaren Erregelamendu Orokorrean ezarritakoaren arabera.
Bigarrena.– Mufacek asistentzia sanitarioa ematen die bere mutualistei eta onuradunei, baina ez zuzenean, beste erakunde batzuekin sinatutako itunen bidez baizik. Hori dela eta, ez du pertsonal sanitario espezializaturik bere zerbitzu probintzialetan, esleituta dituzten eskumenen esparruan, izapidetzen diren espedienteetan aholkularitza- eta txosten-eginkizunak betetzeko. Espedienteen xedearen izaera tekniko berezia dela-eta, espedienteok ebazteko, aldez aurretik, prestazio sanitarioen kudeaketan espezializatutako langile sanitarioen aholkularitza eta txosten tekniko-sanitarioa behar dira.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ikuskatzailetza sanitarioko fakultatiboen bitartez, behar diren baliabideak ditu asistentzia sanitarioa kudeatzeko txosten- eta aholkularitza-eginkizunak betetzeko.
Laugarrena.– Mufacek Osasun Sailaren esku utzi nahi ditu aholkularitza eta txosten tekniko-sanitarioko eginkizun horiek, eginkizunok betetzeko baliabide tekniko egokirik ez duelako. Hortaz, egokitzat jotzen da hitzarmen bat sinatzea kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 2ko 40/15 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren babesean.
Bosgarrena.– Muface eta Osasun Saila administrazio publikoak diren aldetik, haien arteko lankidetza nahitaez bete beharreko efikazia- eta koordinazio-printzipioen ondorioa da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 3. artikuluaren arabera.
Horretarako, erakunde sinatzaileek honako hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 11. artikuluaren esparruan kudeaketa-gomendioa formalizatzeko, ondorengo klausula hauen arabera.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Osasun Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ikuskatzailetza Medikoaren Zerbitzuaren bitartez, asistentzia sanitarioko prestazioak kudeatzeko behar duen laguntza eta aholkularitza tekniko-sanitarioa emango dio Mufaceri. Laguntza tekniko hori prestazio-espedienteen gaineko txosten teknikoa eginez gauzatuko da, bai eta Aseguru Erakunde Itunduekin egindako Probintziako Batzorde Mistoetan Mufaceri aholkularitza teknikoa emanez ere.
Bigarrena.– Hitzarmenaren edukia.
Oro har, aholkularitza emanez eta txosten medikoak eginez gauzatuko da laguntza teknikoa, honako espediente hauei dagokienez, hain zuzen:
1.– Muface eta Aseguru Erakunde Itunduen arteko Probintziako Batzorde Mistorako espedienteak.
2.– Prestazio ortoprotesikoko espedienteak.
3.– Prestazio farmazeutiko eta dietoterapikoko espedienteak, errezetei oniritzia ematekoak barne.
4.– Kanpoko asistentzia sanitarioko espedienteak.
5.– Asistentzia sanitarioa ematearekin lotutako beste espediente batzuk.
Mufaceren EAEko probintzia-zuzendariek berariaz hala eskatuta beteko dira hitzarmen honen xede diren aholkularitza- eta txosten-eginkizunak. Osasun Sailak zehaztuko du zer ikuskatzaile medikori dagokion laguntza teknikoa ematea.
Hirugarrena.– Informazio-trukea.
Mufacek eta Osasun Sailak elkarri eman behar diote informazioa, kudeaketa-gomendio honen xede diren aholkularitza eta txosten tekniko-sanitarioko eginkizunak bete ahal izateko. Horretarako, behar diren mekanismo telematikoak ezarriko dira.
Osasun Sailak kudeaketa-gomendio honen xede diren aholkularitzako eta txosten tekniko-sanitarioko eginkizunak betetzeko behar duen informazio guztia eskatu ahal izango dio Mufaceri, eta informazio hori eman beharko dio Mufacek. Osasun Sailak, berriz, hitzarmen honetan agindutako eginkizunen emaitzaren berri emango dio Mufaceri, hala eskatzen duenean.
Informazio-truke horretan datu pertsonalak tratatzen badira, berariaz bete beharko dira, bai Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra [Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa], bai Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
Laugarrena.– Errezeta elektronikoei oniritzia ematea.
Mufaceko titularrek eta onuradunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzura atxikitzea aukeratzen badute asistentzia sanitarioa jasotzeko, Osakidetzaren errezeta elektronikoko sistemaren bidez emango da erabiltzaile horientzako errezeta elektronikoen gaineko oniritzia, gainerako erabiltzaileentzat ezarritako arau eta irizpide beren arabera.
Aldiz, EAEn bizi izanda, Mufaceko titularrek eta onuradunek Mufacek itundutako aseguru-erakunde bat aukeratzen badute Estatuko Osasun Sistemaren zorro erkidean ezarritako asistentzia sanitarioa jasotzeko, SIREM plataformaren bitartez emango da erabiltzaile horientzako errezeten gaineko oniritzia.
Bosgarrena.– Izaera juridikoa.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen Atariko Tituluko II. kapituluan ezarritakoaren arabera; hala, ordenamendu juridiko administratiboak agintzen du hitzarmenaren garapenean eta interpretazioan.
Kudeaketa-gomendioak ez dakar Osasun Sailaren esku utzitako eskumenen titulartasuna edota eskumen horietaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea, eta Mufaceren ardura izango da kudeaketa-mandatu honetan jasotako jarduera materialaren oinarria edo edukia osatzen duten egintza edo ebazpen juridikoak ematea.
Hitzarmen hau sektore publikoaren kontratazioari buruzko arauditik kanpo gelditzen da, honako lege honetan xedatutakoari jarraikiz: 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora.
Seigarrena.– Konpromiso ekonomikoak.
Aholkularitza- eta txosten-eginkizunak betetzeko gastuen ordainetan, Mufacek lau mila laurehun eta laurogeita bederatzi euro eta hirurogeita hamasei zentimo (4.489,76)) ordainduko dizkio urtero Osasun Sailari, zeina 15.106.312E.259 aurrekontu-aplikazioaren kontura finantzatuko baita. Mufacek urte bakoitza amaitutakoan ordainduko du zenbateko hori, Osasun Sailak unean-unean zehazten duen kontuan.
Hitzarmena gauzatzeko, beharrezkoa izango da ekitaldiko aurrekontuan hitzarmenari dagozkion betebeharrak finantzatzeko kreditu egoki eta nahikoa izatea.
Zazpigarrena.– Indarraldia eta luzapena.
Hitzarmen hau bi alderdiek emandako adostasunaren bidez burutzen da, eta lau urteko indarraldia izango du. Halere, indarraldia amaitu baino lehen, lau urte gehiagorako luzatu ahal izango da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen ezarritakoaren arabera. Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren hartuko du eraginkortasuna, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu beharko da, hamar egun balioduneko epean, formalizatzen denetik.
Zortzigarrena.– Desadostasunak ebaztea.
1.– Hitzarmen honen aplikazioan sortzen diren desadostasunak ebazteko, hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako Batzorde Misto bat sortuko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 49.f) artikuluaren arabera. Batzorde horrek interpretazio- eta betetze-arazoak konponduko ditu, Hitzarmenaren bosgarren klausulan aurreikusitakoa gorabehera, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 51.c) eta 52.3 artikuluetan jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismo horri esleitutako eginkizunak beteko ditu.
2.– Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren hiru ordezkari, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzak izendatuak, eta Mufaceren hiru ordezkari, Mutualitatearen Zuzendaritza Nagusiak izendatuak.
3.– Batzordeak, antolamendu- eta funtzionamendu-araubideari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen Atariko Tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezarritakoa beteko du.
Bederatzigarrena.– Ez-betetzea.
Alderdietako batek bere gain hartutako betebehar eta konpromisoak betetzen ez baditu, hilabeteko epean behar bezala bete ditzan eskatu ahal izango dio beste alderdiak.
Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hitzarmena suntsiarazi ahal izango da.
Hamargarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Hitzarmenaren edukia aldatzeko bi alderdiek espresuki agertu beharko dute adostasuna, dagokion gehigarria sinatuz.
Hamaikagarrena.– Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko arrazoiak.
1.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoi izango dira:
a) Indarraldia igarotzea luzapenik erabaki gabe.
b) Alderdiek onartu dituzten betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.c) artikuluan jasotzen den moduan.
c) Sinatzaileek aho batez hitzarmena suntsiarazteko erabakia hartzea, alderdietako batek hala eskatu eta gutxienez bi hilabete lehenago jakinarazita.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala egotea.
e) Beste lege batzuetan ezarri den eta aurretik jaso ez den beste edozein arrazoi.
2.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiren bat egonda jardueraren bat badago martxan, alderdiek, hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako batzorde mistoak proposatuta, martxan dauden eta egokitzat jotzen diren jarduerekin jarraitu eta amaitzea erabaki ahalko dute. Hala eginez gero, luzatu ezin den epe bat ezarriko dute jarduera horiek amaitzeko.
Eta hitzarmen honen edukiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek 2023ko martxoaren 31n sinatu dute.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua,
GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.
Estatuko Administrazio Zibileko Funtzionarioen Mutualitatearen zuzendari nagusia,
MYRIAM PALLARÉS CORTÓN.
RSS