
77. zk., 2023ko apirilaren 24a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (428 KB - 18 orri.)
- EPUB (1368 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
1939
EBAZPENA, 2023ko apirilaren 5ekoa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi, deitu eta argitaratzen dituena.
Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) energia-aurrezkia eta -eraginkortasuna, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzeko jardueren ardura du.
Horri dagokionez, Energiaren Euskal Erakundea hainbat ekintza egiten ari da 2030eko Euskadiko Energia Estrategian (3E-2030) jasotako helburuak betetzeko. Jarduera horien artean, besteak beste, honako hauek sustatzen dituzten laguntza-programak aipatu behar dira: instalazioetan eta eraikinetan energia aurreztea eta energia berriztagarriak erabiltzea, energia-kontsumoa arrazionalizatzea eta pertsonen garraioan eta mugikortasunean petrolioarekiko mendekotasuna murriztea, Euskal Autonomia Erkidegoan.
Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, beharrezkoa den sustapen publikoaren bidez, Euskadiko Energia Estrategia 2030 (3E2030) dokumentuan jasotakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzaren Energia Politikaren helburuekin bat etorriz, xede hau du: energiaren kontsumoaren eraginkortasuna areagotzen laguntzea, energia-sistema lehiakorragoa lortzea, ingurumenaren gaineko eragina txikiagoarekin, kontsumoa eta kanpoarekiko mendekotasun txikiagoz, jasangarriagoa eta seguruagoa izan dadin.
Horrenbestez, laguntza-programa honen helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko industriaaren eta hirugarren sektorearen ETEetako instalazioetan eta eraikinetan azken energia-kontsumoa eta CO2 emisioak murrizteko ekintzak sustatzea.
Horregatik guztiagatik,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendaritza-organoen funtzioak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarren aldiz aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, honekin batera doan ebazpen honen eranskinean azaltzen diren laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2. artikuluarekin bat etorriz, industriaren eta hirugarren sektorearen ETEetan energia-ikuskaritza integralak egiteko laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartzeko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2023ko apirilaren 5a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
IÑIGO ANSOLA KAREAGA.
RSS