Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2023ko apirilaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1891

EBAZPENA, 2023ko apirilaren 4koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Katalina Multzoa monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez, Iruña Okako udalerriko ustezko zona arkeologiko izendatu zen Badaiako Multzoa izeneko eremua (komentu-dorretxea). Ebazpen horren 1. eranskineko zerrendan 14. zenbakia du (EHAA, 128. zk., 1997-07-07).

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera eremu horren zati batean azterketa arkeologikoak egin ondoren, egiaztatu da ustezko zona hori gainditzen duen eremu baten lurpean aztarna arkeologikoak daudela. Aztarna arkeologiko horiek babestu beharreko balio interesgarriak dituzte, eta, beraz, egokitzat jo da kultura-ondasunaren deklarazioaren espediente honetan sartzea. Horrenbestez, ondoriorik gabe uzten da 14. zenbakiko Badaiako Multzoa (komentu-dorretxea) ustezko interes arkeologikoko zona deklaratzeko prozesua.

Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Katalina Multzoak duen interes historiko-arkitektoniko eta arkeologikoa ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Katalina Multzoa monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, betiere kontuan hartuta ebazpen honen I. eranskinean ezartzen den mugaketa, II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotzen den babes-araubide partikularra.

Babes-espediente honi hasiera ematearen ondorioz, Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Katalina Multzoari babes-araubide partikularra aplikatuko zaio berehala eta behin-behinean, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes ertaineko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena.– Hasiera ematea Iruña Okako (Araba) Badaiako Santa Katalina Multzoa monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedientea jendaurrean jartzeko aldiari, kontuan hartuta I. eranskinean ezartzen den mugaketa, II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotzen den babes-araubide partikularra. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipatutako espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia-San Sebastián kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Iruña Okako Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide partikularrean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin behar bada eta atzeraezina bada, Arabako Foru Aldundiaren baimena beharko da nahitaez.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Iruña Okako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Kultura-ondasunaren mugaketan sartzen dira eraikinen aurriak –jatorrizko dorrea, jauretxea, komentua, klaustroa, baita azpiegitura hidraulikoaren kanpoko ur-tangak ere– eta multzo horren hurbileko ingurunea. Perimetroan, ekialdeko muturrean, aparkalekutik multzora sartzeko bidea eta piknik-gunea daude. Zehaztasun handiagoa izateko, mugaketa hori grafikoki islatzen da erantsitako planoan.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Santa Katalinako multzoaren balio historikoak, arkeologikoak, morfologikoak, konposiziozkoak eta ingurumenekoak zaindu behar direlako proposatzen da mugaketa. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da kultura-ondasunari behar duen babesa eta balioa emateko, eta mugaketa horretan sartzen da, aurriek osatzen duten multzoaz gain, parke botanikoaren agertoki estetiko eta paisajistikoa.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Badaiako Santa Katalina Multzoa konplexu zibil-erlijioso trinko samar bateko gelen eraikuntza-hondakinek osatzen dute. Konplexu horrek, XIV. mendetik XIX. mendearen lehen herenera arte, eboluzio historikoa izan zuen morfologiari, barne-antolamenduari eta eraikinen erabilerei dagokienez. Iruña Okako Udalak lursailak eskuratu zituen arte, Santa Katalinako aurriak hormen, forjatuen eta estalkien hondakinez beterik zeuden eraikinari su eman eta konplexua abandonatua izan zenez geroztik. Hondakinak ateratzeko, eraikina sendotzeko eta multzoari balioa emateko 2000. urtetik aurrera egindako lanei esker, multzoaren espazio funtzionalak identifikatu ahal izan dira, eta XIV. mendearen amaieratik XIX. mendearen hasierara izan zuen eboluzio historikoa zehaztu.

Santa Katalinako eraikin hondatuek multzo trinko bat osatzen dute, klaustro gisa erabiltzen zen zentral batek artikulatua. Elementurik zaharrena, eliza eta jauretxea eraiki eta komentua fundatu baino lehenagokoa, iruñatarren jatorrizko defentsa-dorrea da, eta ipar-mendebaldeko angeluan daude haren hondakinak. Iruñatarrak, hain zuzen, Santa Katalina komentuaren patroi fundatzaileak izan ziren, eta XIV. mendean edo beharbada aurrekoan eraiki zuten dorrea. Dorre hartatik, ekialdeko horma baino ez da zutik gelditzen, gerora gehitutako kanpai-horma handi bat gainean duela; antzinako ate bat dauka, hormaz estalia, kanporanzko arku ojibal batekin eta barnealdera beheratua. Dorrearen gainerako hormak ia erabat suntsituta daude, eta haien lehenengo ilaren gainean bermatzen dira kanpandorrearen pisuari eusteko kontrahormen funtzioa duten hormak. Dorrearen ekialdeko horma hura elizaren atzeko horma bilakatu zen; eliza, antza denez, jeronimotarren komentua ezarri aurretik ere existitzen zen.

Elizaren oinplanoak gurutze latindarra eta lau angeluko burualde zuzena ditu; aldare nagusia zertxobait goratuta dago, eta korua, berriz, arroka naturaleko zapalda baten gainean, zeina iparraldetik hegoaldera hedatzen baita multzoko eraikinen azpitik. Gurutzaduraren bi muturretan albo-kapera bana dago; iparraldeko adarrekoa hobeto kontserbatuta dago beste aldekoa baino. Elizako lurzoruak harrizko zoladura dauka, eta, azpian, ehorzketen hondakinak aurkitu dira iparraldeko albo-kaperaren eremuan gutxienez, baina litekeena da zoladuraren gainerako zatian gehiago egotea.

Jauretxea multzoaren mendebaldean dago, eta, elizan bezala, hormetako asko zutik gelditu dira lehen karlistaldiaren amaierako sutearen eta abandonuaren ondorioz forjatuak eta estalkia amildu ondoren ere. Eraikina, hasieran, egoitza zibil bat zen, hots, iruñatarren jauretxea, erronboide-formako oinplanodun bolumen gisa eraikia, beharbada XIV. mendean: behe-solairua eta bi goi-solairu zituen, zurezko egitura batez egindako atal irten batekin. Komentua sortu zenean, eraikinak soilik egoitza zibil izateari utzi zion, eta komentuko gelen parte bilakatu zen. Dena dela, XV. mendearen amaierara arte gutxienez, geletako batzuk iruñatarren familiarentzako aldi baterako bizileku gisara gorde ziren. Egituren erreforma garrantzitsuenak XV. mendearen amaieran egin ziren, hau da, jeronimotarrek sortutako komentua agustindarren ordenari laga zitzaionean. Hormetan aldaketa batzuk ikusten dira: besteak beste, atal irtena ezabatu zen, bao berriak ireki ziren, eta forjatuen kopurua eta altuera aldatu ziren.

Konplexuaren ekialdeko hegalean, L formako oinplanoa duen eraikin bat dago, zeinetan, seguru asko, espazio komunak baitzeuden, hala nola komentuko errefektorioa, kapitulu-gela, liburutegia eta abar. Eraikin horretan ere, jauretxean bezala, aldaketak izan dira historian zehar. Hasieran, eraikinak atal irten bat izango zuen, jauretxeak bezala, eta litekeena da atal hori kendu izana, beharbada XV. mendearen amaieran edo XVI.enaren hasieran, eraikina handitzeko. Aurrerago, ustez XVII. eta XVIII. mendeetan, hego-ekialdeko muturra eta haren hegoaldeko luzapena handitu eta berregokitu ziren, ziurrenik iruñatarrei ostatu emateko; izan ere, agustindarrek egindako erreformen ondoren ere, espazio bat haientzat gordetzen zen, familiaren aldian behingo egonaldietarako. Eraikinaren zati bat ostatu bilakatu zen, eta hala izan zen behin betiko abandonatu zuten arte. Agian, konplexuaren gune horretan nabaritzen da eraikuntza aldetik kalitate apalagoa erreformetan, eta baliteke komentuaren sasoi hartako gainbehera ekonomikoa izatea horren arrazoia.

Konplexuaren erdian klaustroa dago, zeina 2000. urtean egindako lan arkeologikoari esker jarri baitzen agerian. Klaustroa, ziur asko, jeronimotarrak lehenengoz han ezarri eta zertxobait geroago berregokitu zen, eta horrek azaltzen du jauretxearen eta komentuaren atal irtenak kendu izana, atal haiek eragotzi egiten baitzuten galeria estaliak klaustroa inguratzen zuten goi-solairuekin bateratzea. Gangen abiaburuen hondakinak eta galeriei eusten zieten zutabeen harroinenak aurkitu dira, baita komentuaren okupazioaren azken fasean lurzorua estaltzen zuen terrazo gorrixkako zoladurarenak ere –gaur egun, zoladura estalita dago eta ez da ikusten, kontserbazio-arrazoiak direla eta–. 2000. urtean klaustroan egindako zundaketen arabera, pentsatzekoa da azpian beste erabilera-maila batzuk daudela. Klaustroaren erdigunean harlauzazko egitura bat dago, erdian zulo batekin, eta litekeena da elementu bertikal baten oinarria izatea; adibidez, gurutze batena, edo beharbada putzu batena.

Konplexu horren guztiaren azpian, jariatze-urak drainatzeko azpiegitura bat egin zen, elkarrekin konektaturiko lurpeko erretenen sare batean oinarrituta; sare horren bitartez, ura iparraldean eta ekialdean sakabanaturiko ur-tanga batzuetara bideratzen zen. Konplexuaren kanpoan kokaturiko lurpeko ur-tangak interes berezia dauka, haren dimentsioak eta sekzio zorrotzeko akueduktua direla eta; L formako eraikinaren ekialdean dago, baina gaur egun, segurtasun-arrazoiengatik, ez dago bisitarien gunearen barruan.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du hasiera ematea Badaiako Santa Katalinako eraikin-multzoa monumentu-multzoaren kategorian babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Jarraian zehazten den babes-araubidea I. eranskinean ezarritako mugaketaren eta II. eranskineko deskribapenaren arabera aplikatuko da.

3. artikulua.– Babestuko diren balio kulturalak.

1.– Badaiako Santa Katalinako monumentu-multzoaren balio kulturaltzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari garrantzia ematen diotenak eta interesgarri bihurtzen dutenak belaunaldiz belaunaldi ezagutu eta transmititzeko.

2.– Hauek dira monumentu-multzoaren balio kulturalak, historiaren eta ingurumenaren ikuspegitik:

– Garai batean defentsarako eta bizitegi gisa erabiltzen zen espazioak eboluzio funtzionala izan zuen Behe Erdi Arotik Aro Modernora bitartean, eta espazio erlijioso eta bizitegi bihurtu zen, eliteen interesak eta botereguneak landa-eremutik hirigunera aldatu zirenean, eta patronatu laikoko monasterio eta komentuak inplantatu zirenean besteren eraikinen, errenten eta lurren dohaintzaren bidez. Monumentu-multzoa, beraz, orduko eboluzio funtzionalaren isla arkitektonikoaren adierazgarritzat har daiteke.

– Multzoaren kokalekuak balioa du paisaiari eta ingurumenari dagokienez: Badaiako mendilerroaren magalean dago, parke botaniko batek inguratuta, eta handik ikuspegi zabala dago Zadorrako ibarrera eta Vitoria-Gasteiz aldera. Kokaleku hori, egiaz, arrazoi estrategiko-defentsiboak zirela-eta aukeratu zen iruñatarren jauretxea eraiki zenean, eta, zalantzarik gabe, erakargarri handia da: alde batetik, kota garaienek begiratoki edo talaia ederra eskaintzen dute Lautada aldera, eta, bestetik, bertako aurriek monumentu-entitatea dute eta iragana irudikatzen laguntzen dute paisaia-ingurune nabarmen eta berezi horretan.

3.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak, arkitekturaren, artearen eta arkeologiaren ikuspegitik:

– Gaur egun aurriak diren arren, kontserbatu diren eraikuntza-hondakinen proportzioari esker erraz igar daiteke erabilera zibil-defentsiborako eta bizitegi-erabilerarako eraikinen tipologia arkitektonikoa. Eraikin horiek komentu-konplexu baten barruan integratuta eta elkarrekin lotuta daude, eta konplexuari monumentaltasuna eta adierazgarritasuna ematen diote.

– Esparruaren azpian eta kanpoaldean zabaltzen den lurpeko azpiegitura hidraulikoak ere balio kulturala dauka. Zorupeko erretenen, arrokan zulatutako lurpeko akueduktu txikien eta ur-tangen bidez, jariatze-urak drainatu eta gorde egiten ziren konplexuko bizilagunak hornitzeko. Gaur egun, azpiegitura hori partzialki agerian dago multzoa kontsolidatzeko eta balioa emateko egindako lanei esker, eta oraindik ere jatorrizko funtzioari eusten dio. Horrek ingurumenaren aldetik balioa ematen dio multzoaren egungo erabilerari, hots, bisita daitekeen aurri monumentalari eta parke botanikoari.

– Elizako, jauretxeko eta komentuaren ekialdeko hegaleko horma-atalen zati batzuen luzituetan kontserbatu diren ornamentu-pinturaren hondakinek eta multzoaren gainerako zatian aurki daitezkeenek ere balio kulturala dute.

– Santa Katalinako multzoak potentzial arkeologiko handia dauka azterketa historiko-arkeologiko integral bat egiteko dokumentu gisa. Horretarako, batetik, eraikin hondatuen altxaeren analisi estratigrafikoa egin behar da, eta, bestetik, eraikinen kolapsoaren ondorioz pilaturiko hondakinen eta lekua okupatuta egon zen mendeetan pilaturikoen hondeaketa arkeologikoa, barne hartuko duena Erdi Aroan bizitegi eta defentsa-gune gisa erabiltzen hasi zirenetik lehen karlistaldian sutu eta suntsitu zuten arteko aldia. Eraikinen kolapsoaren ondoriozko hondakinak atera egin dira multzoaren zati handienetik, arkeologoen ikuskaritzapean, baina zati bat hondeatu gabe dago oraindik; hain zuzen, azken erabileraren kotaren azpitik hasi eta arroka amara arteko tartea. Gaur arte egindako lanek behar-beharrezko datuak eman dituzte egitura eta eraikin kolapsatuek zer ezaugarri zituzten eta eraiki gabeko espazio batzuek eta lurpeko azpiegitura hidraulikoak zer funtzio zuten jakin ahal izateko. Litekeena da etorkizunean ikerketa arkeologikoak egitea konplexua suntsitu eta abandonatu baino lehenago izan zen azken erabilera-fasearen kotaren azpitik sakondu ez diren espazioetan; horrenbestez, babestu beharra dago balio zientifiko hori. Nagusiki, hauek dira espazio horiek: eliza, non, aurrez egindako zundaketa arkeologikoek erakusten dutenez, hilobi gisa erabili baitzen kaperetako baten ondoko eremua –oraindik ez da jakinekoa elizaren gainerako zatia ere hilobi gisa erabili ote zen–; klaustroa, non erabilera eman zitzaion azken lurzorua lokalizatu baita –halere, uste izatekoa da lehenagoko erabilera-faseen hondakinak egotea azpian–; eta komentuaren ekialdeko hegalaren zati bat, betiere hondakinak kentzeko eta lorategia jartzeko gerora egindako lanek hondatu ez badute.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako arauak lotesleak dira, eta higiezina arau horiek errespetatuz zaindu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamendurako tresnak lotesten dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako kultur ondarearen babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako legea betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

5. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 6/2019 Legearen menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honi lotutako ondasunaren jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek nahitaez bete beharko dituzte hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura eragozteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunei ematen zaizkien erabilerek eta haiek ustiatzeko aukera ematen duten administrazio-emakidek bateragarriak izan beharko dute babestu beharreko balio kulturalekin, betiere bermatuz kontserbatu egingo direla eta balioa emango zaiela.

4.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, bai eta informazio horretarako sarbidea ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman beharko diete azterketa egiteko, bai eta bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.

5.– Babestutako ondasuna osorik edo partzialki eraisteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio ezinbestean.

II. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIOKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Arabako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen organoaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik izatea baimena.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako ondasunaren gaineko esku-hartzeetan, ondasun horren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta balioa nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

8. artikulua.– Araudi sektoriala eta irisgarritasunari buruzkoa aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzea helburu duten esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide honetan ezarritako jarduera-mugekin, betiere babestutako ondasunaren balio kulturalei kalterik egingo ez zaiela bermatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. eta 32. artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun urriko pertsonak modu autonomoan sar daitezen, baldin eta egiten diren lanak bat badatoz ondasunaren balio kultural babestuekin. Hala, bisitariak Santa Katalinako esparrura sartzeko eta barruko espazioetan ibiltzeko, azken hamarkadetako lanetan eraikitako eskailerak arrapalekin ordezka daitezke, teknikoki ahal den lekuetan, barruko espazioen arteko desnibela berdintzeko, betiere arrapalak arinak badira, babestutako ondasunaren balioekin bat datozen materialekin eginak badaude eta itzulgarriak badira.

Esku-hartze horiek edo irisgarritasuna bermatzeko beste batzuk egitekotan, proiektu tekniko batean zehaztu eta justifikatu beharko dira lanak, eta frogatu beharko da teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direla eta ondasunaren balio kulturalei eta babes-araubide honen 11. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuenei eutsiko zaiela. Horretarako, Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikulua betez –babestutako kultura-ondasunaren informaziorako sarbide unibertsalari buruzkoa da–, monumentu hori ezagutarazteko edo balioa emateko sortutako material berri guztiak inklusiboak izango dira irisgarritasunaren ikuspuntutik, eta kolektibo horiei erantzun egokia eman beharko diete.

9. artikulua.– Esku-hartzeen proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide honi lotutako ondasunaren balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horren ezaugarriei eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak foru-aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari aurkeztu beharko dio proiektua, onar dezan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera.

2.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektoniko eta arkeologikoan oinarrituko dira. Esku-hartzeen proiektua eta memoria profesionalek eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, zeinek egiaztatu beharko duten proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko behar den gaitasun teknikoa dutela, bai eta ondasunaren beharretarako egokia den diziplinarteko taldea ere. Nolanahi ere, obrek ondasunaren balioak errespetatzeko eta hobetzeko helburua baino ez dute izango.

3.– Esku-hartze bakoitza bukatutakoan, hura egiaztatu eta erregistratze aldera, ondasunaren titularrak txostena aurkeztu beharko du Arabako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

2. ATALA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDE PARTIKULARRA

10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeek eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzea izango dute helburu. Halaber, lorategi botanikoaren egungo erabilera onartuko da, betiere ondasunaren balio babestuei eragiten ez badie eta kontserbatzeko eta balioa emateko baldintza hobeak ekartzen baditu.

11. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean zaindu beharreko elementuak.

Hauek dira babestutako kultura-ondasunean zaindu beharreko elementuak:

– Multzoko espazio hondatuen konfigurazioa eta antolamendua.

– Kontserbatutako hormetan ikusgai dagoen fatxaden konposizioa, jatorrizko luzitua kontserbatzen den zatietako apaindura margotua, eta jatorrizko forjatu desagertuei eusten zieten zurezko habeen hondakinak; jatorrizko forjatu haien hondakin batzuk gelditzen dira kontserbatutako hormetan txertatuta, eta hondakin horien azterketa arkeobotanikoak edota dendrokronologikoak egin litezke.

– Egungo sestra-kotaren azpian egindako esku-hartzeen ondorioz aurkitu diren eta garrantzi historiko-arkeologiko berezia duten aztarna arkeologikoak, betiere haien kontserbazioa eta gaur egun ikusten diren multzoaren eraikuntza-elementuena arriskuan jarri gabe. Hala, oraindik esku-hartze arkeologikorik izan ez duten multzoaren zorupeko eremuei eragiten dieten jarduketetan, aurkitutako eraikuntza-hondakinak integratzeko interesa eta bideragarritasuna baloratu beharko dira.

12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Oro har, galarazita egongo dira multzoaren balio historiko-arkitektoniko eta arkeologikoei eta zaindu beharreko elementuenei kalteak edo galerak ekar diezazkieketen esku-hartzeak, bai eta babes-araubide hau urratzen dutenak ere. Baimenduta egongo dira, bestalde, multzoa osatzen duten eraikin monumental hondatuen elementu tipologikoak eta formalak errespetatzen dituzten esku-hartzeak.

2.– Horri dagokionez, babestutako ondasunean eta babes-araubide honen 11. artikuluan definitutako zaindu beharreko elementuetan aplikatu beharreko esku hartzeko araubidearen zehaztapen espezifikoak aipatzen dira jarraian:

a) Ezin da aldatu eraikin hondatuetako oinplanoaren morfologia, ezta jatorrizko eraikinei beste eraikinik erantsi ere. Salbuespen gisa, esparruaren barruko eraikin hondatuen barne-espazioak estali ahal izango dira beste erabilera kultural batzuetara egokitzeko –hala nola lorategi botanikoaz gozatzeko–. Horretarako, baldin eta jatorrizko karga-hormen sostengu-ahalmena zehazten duen aldez aurreko azterlan bat badago, egungo egitura-sistema aprobetxatuko duten sistemak onartuko dira, eta sostengu-ahalmen hori nahikoa ez bada, jatorrizko hormetatik bereizitako eraikuntza-sistemen bidez estali beharko da. Edonola ere, lan horiek itzulgarriak izango dira, eta bermatuko da urak behar bezala bideratuko direla, horma hondatuen kontserbazioa arriskuan jarri gabe; horrez gain, garbiketari eta mantentze-lanei dagokienez, irtenbide jasangarri bat aurreikusi beharko da. Salbuespena justifikatzeko, azterketa edo proiektu tekniko bat idatzi beharko da, eta Arabako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen organoaren oniritzia eduki.

b) Mantendu egin behar dira fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, fatxadak osatzen dituzten elementuak, fatxadako apaingarriak eta fatxada-baoen kopurua, eta eutsi egin behar zaie haien jatorrizko formari, tamainari eta proportzioei. Ezin da baorik ireki, ez eta komentuaren okupazioaren historian forjatuetan eta barne-banaketetan egindako aldaketen ondorioz hormaz estali diren baoak berriz ireki ere. Fatxadetan egiten den edozein esku-hartzeren helburua fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak lehengoratu eta zaharberritzea izango da.

c) Oro har, kontserbatutako hormen egungo itxurari eutsi behar zaio, eta ezin zaie luziturik edo emokadurarik aplikatu jatorrizko luzituak galdu dituzten zatiei, ez eta jatorrian luziturik ez zuten zatiei ere. Hala ere, emokadurak edo luzituak aplikatu ahal izango dira ondasuna hobeto kontserbatzeko, baldin eta Arabako Foru Aldundiko organo eskudunaren aurrean txosten tekniko baten bidez justifikatzen bada. Nolanahi ere, organo horrek baimendu beharko du.

d) Baimenduta egongo dira 3. artikuluan zehaztutako balio kulturalei eta 11. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestuan zaindu beharreko elementuen balioei kalte egiten dieten elementuak kentzeko esku-hartzeak. Halaber, baimenduta egongo dira hirigintzako legeria aplikagarriak eraikinen kontserbazio-betebeharra dela-eta onartzen dituen esku-hartzeak.

e) Beharrezko diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 11. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

f) Babestutako eremuaren zorupean aldaketak eragin ditzakeen obra edo esku-hartze bat egin aurretik, ikerketa arkeologiko bat egin beharko da, eta, ikerketa horren emaitzaren arabera, obra edo esku-hartzea egiteko lizentzia emango da edo ez da emango. Landa-ikerketa arkeologikoa amaitutakoan, agerian jarritako egiturak eta eraikuntza-hondakinak lekuan bertan integratzea sustatuko da, obra edo esku-hartzea egitura horien kontserbazioarekin bateragarri eginez.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren ingurunea.

1.– Eraikin hondatuen multzoan eragina duten proiektu guztiek errespetatu egin beharko dituzte multzoaren ingurunearen ingurumen-balioak.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentuaren gaineko ikuspegia eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badute eta haren testuinguru-balioak hondatzen badituzte.

Horri dagokionez, I. eranskinean zehazten den ingurune babesturako, honako hauek hartzen dira kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementutzat, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunean perturbazio bisuala edo akustikoa eragiten dutelako:

– Altueragatik, bolumetriagatik edo distantziagatik, monumentu-multzoaren pertzepzioa alda dezaketen eraikuntza edo instalazio iraunkorrak edo aldi baterakoak.

– Hornidura, sorkuntza eta kontsumo energetikorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.

– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, beren ezaugarri eta kokapenengatik babes-araubide honi lotutako ondasunaren balio kulturalei kalte egiten badiete.

– Zarata-maila handia sortzen duten jarduerak edo instalazioak, monumentua ongizate akustikoko baldintzetan ikustea zailtzen dutenak.


Azterketa dokumentala