
75. zk., 2023ko apirilaren 20a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (609 KB - 40 orri.)
- EPUB (134 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1887
AGINDUA, 2023ko apirilaren 4koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa.
2022ko urriaren 27an Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofiziala izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera sartu zen. Elkargokideek aho batez erabaki zuten estatutuen aldaketa 2022ko urriaren 6an egindako ezohiko batzar orokorrean.
Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren, eta Espainiako Psikologia Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren nahitaezko txostenak jaso dira, zeinak elkargoaren estatutuetan egindako aldaketen alde agertzen baitira.
Era berean, estatutuen aldaketak kontuan hartu ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak 2022ko apirilaren 8ko txostenean egindako gogoetak.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Profesionalen Elkargoei, Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikulua, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa den urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikuluan xedatutakoari erreparatuta.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33 artikuluan eta Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak.
Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Horegatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofiziala izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa onartzea, zeinak eranskin gisa ageri baitira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindua, bere eranskinarekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
ERANSKINA
BIZKAIKO PSIKOLOGIA ELKARGO OFIZIALA
LEHENENGO ATALA
IZENA, IZAERA, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK. LURRALDE EREMUA ETA HELBIDEA
1. artikulua.– Izena eta izaera.
Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofiziala Zuzenbide Publikoko Erakundea da, Legeak babestua dena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aitortua. Elkargoak, berezko nortasun juridikoa du, eta bere helburuak betetzeko gaitasun juridiko osoa.
Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak estatutu hauen arabera jardungo du. Hori guztia, lanbide jarduna arautzen duten legeei zein onar daitezkeen Barne Araudiei kalte egin barik, zeinek ezin izango duten estatutu hauetan xedatutakoaren aurka jo.
Elkargoaren barne egitura eta funtzionamendua demokratikoak izango dira. Ondorioz, honako hauek dira erakundearen egitura eta funtzionamendua eratzen dituzten printzipioak: elkargoaren arauekiko kideen berdintasuna, elkargoko kargu guztiak hautatzeko aukera, gehiengoaren sistemaren bidez erabakiak hartzea eta Legeak errespetatuz jarduera askea gauzatzea.
2. artikulua.– Funtsezko helburuak.
Honako hauek dira Elkargoaren helburu nagusiak, bere lurralde eremuan:
• Lanbide jarduna bere forma eta espezialitate guztietan antolatzea, horretarako hurrengo printzipioetan oinarritzen delarik: deontologian, eraginkortasunean, independentzian eta erantzukizunean.
• Psikologoaren lanbidearen ordezkaritza esklusiboa; betiere, lanbideko jarduna eta Elkargoko kide izatea nahitaez bateratzen direlarik.
• Psikologiari dagokion funtzio soziala betetzea, lanbidean aritzearekin lotutako interes orokorrak betetzen direla zainduz.
• Elkargokideen interes profesionalak defendatzea.
• Elkargokideen prestazio profesionalen etengabeko hobekuntza sustatzea, etengabeko prestakuntzaren eta lanbide hobekuntzaren bidez.
• Lanbidean jarduteko gaitzen duen titulazioa lortzeko ikasketak eta graduondoko prestakuntza hobetzeko proposamenak egitea.
• Legedian ezarritako irizpideen arabera Administrazio Publikoekin lankidetzan aritzea beren eskumenak gauzatzeko.
• Herritarren osasuna, ongizate psikologikoa eta bizi kalitatea babesten laguntzea.
• Elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea.
• Bitartekaritza bultzatzea eta garatzea, berorren eskuragarritasunean eta kudeaketan lagunduz zein bitartekariak izendatuz.
• Legeetan ezarritakoaren arabera arbitraje eginkizunak betetzea.
Estatutu hauetan aipatzen diren bitartekariak edo arbitroak izendatzeko erek eta jarraitutako prozedurak demokratiko eta borondatezko izan beharko dute; bai eta Elkargoaren eta elkargokideen arteko lehia askearen bermatzaile ere.
3. artikulua.– Funtzioak.
Elkargoak, bere helburuak betetzeko, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 24. eta 25. artikuluetan emandako eginkizunak beteko ditu, eta honako hauek izango dira garrantzitsuenak:
• Psikologoen lanbidea, bere forma eta espezialitate guztietan, dagokion lege esparruaren barruan antolatzea, bere eskumenen esparruan, zerbitzatzen duen Gizartearen eta berezkoak dituen interes orokorren mesedetan.
• Lanbidea betetzen dela zaintzea, psikologoen lanbideari eragiten dioten era guztietako lege xedapenak ezagutuz eta betetzea erraztuz, psikologoen etika profesionala eta arau deontologikoak betearaziz, eta elkargokideen prestazio profesionalen kalitate maila egokia zainduz. Horretarako, prestakuntza eta hobekuntza prozesuak sustatuko ditu.
• Elkargokideei lanbide jarduna erraztea: haien artean ahalik eta enplegu maila handiena zein etengabeko lanbide hobekuntza ere lortzen saiatzea; eta beharrezkoa denean, administrazio publikoekin eta ekimen pribatuarekin lankidetzan aritzea.
• Lanbidea ordezkatzea eta defendatzea Administrazio, Instituzio, Auzitegi, entitate eta herritarren aurrean; eta lanbidearen interesei dagozkien auzietan alderdi izateko legitimazioa izatea. Era horretan, eskaera eskubidea erabili ahal izango du, betiere legearen arabera, eta lanbidea defendatzeko bidezkotzat jotzen dituen lege erreformak proposatu ahal izango ditu.
• Bere eskumenen esparruan, lanbide jarduna irizpide deontologikoen arabera gauzatzen dela eta herritarren eskubideak errespetatzen direla zainduko du. Horretarako, diziplina ahalmenaz baliatuko da lanbidean eta Elkargoan.
• Elkargoaren antolaketa eraginkorra bermatzea Batzorde espezializatuak eta Lantaldeak sustatuz. Eta, prestakuntza, kultura eta laguntza arloan elkargoaren eta lanbidearen intereseko jarduera eta zerbitzu komunak eskainiz. Horretarako, beste Elkargo edo Erakunde batzuekin lankidetza ezarri ahal izango du.
• Elkargokideak defendatzea bai eginkizun profesionalak betetzerakoan bai eta hori egitean dagozkien eskubideez baliatzerakoan ere.
• Elkargokideen arteko harmonia eta lankidetza bultzatzea, Legeak lehia desleial gisa jasotzen duena eragotziz, zein lanbide arrazoiengatik elkargokideen artean sortzen diren egoera nahiz auzietan ere adiskidetze edo arbitraje bidean esku hartuz. Eta, hala badagokio, interesdunek eskatuz gero, Lanbidearen ondoriozko betebeharrak betetzean sortzen diren desadostasunak laudo bidez ebaztea.
• Intrusismo profesionala saihesteko neurriak hartzea, Administrazioaren eta Justizia Auzitegien aurrean Gobernu Batzordeak ezagutzen dituen kasuak salatuz eta jazarriz.
• Legeak ezartzen dituen kasuetan lan profesionalei bisa jartzea.
• Elkargoaren ekonomia administratzea eta beharrezkoak diren bilketa eta kudeaketa ahalmenekin kargak ekitatiboki banatzea. Horrez gain, kuotak eta ekarpenak finkatuko ditu.
• Lanbide jardunaren baldintza orokorrei, titulazioari eta beste lanbide batzuekiko bateraezintasunei buruzko foru arauen proiektuen eta beste edozein mailatako xedapenen inguruko txostenak egitea, aplikatzekoak diren xedapenetan aurreikusitako baldintzetan. Era berean, Administrazioak agindutako eginkizun guztiak betetzea, eta harekin edo beste edozein erakunderekin lankidetzan aritzea, azterlanak, txostenak, estatistikak eta norberaren ekimenez eskatutako edo adostutako gainerako jarduerak eginez.
• Lege edo araudi xedapenetan hala ezarrita dagoenean, administrazio publikoko aholku kontseiluetan eta organismoetan parte hartzea, gaitasun profesionaleko gaietan zein ikasketa planak prestatzeko orduan. Bestalde, hala eskatzen zaionean, psikologo titulua ematen duten Ikastetxeetako antolakuntza arauen berri ematea eta psikologo berriak lanean hasteko behar duten informazioa ematea ere.
• Auzitegiei gai judizialetan peritu gisa dei daitezkeen elkargokideen zerrenda ematea, edo, hala dagokionean, elkargokide horiek berak izendatzea.
• Bizkaiko Lurralde Historikoan Lanbidearen ordezkaritza bere gain hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatuan eta nazioartean Lanbidearen ordezkari diren organoetan parte hartuz.
• Betetzea eta elkargokideei betearaztea Lanbideari eta Estatutu profesional hauei buruzko lege orokorrak eta lege bereziak. Baita elkargoko organoek beren eskumeneko gaietan hartutako arauak eta erabakiak ere.
• Probak eta material psikologikoa behar bezala banatzen eta erabiltzen direla zaintzea.
• Urteko memoria egitea, derrigorrez Elkargoaren webgunean argitaratuko dena.
• Kontsumitzaileen eta Elkargoaren zerbitzuen erabiltzaileen arretarako zerbitzu bat sortzea, kexak eta erreklamazioak elektronikoki eta urrutitik ere aurkezteko aukera kudeatuko duena.
• Legezko xedapenek esleitzen dizkioten edo elkargokideen interes profesionalen onerako diren gainerako eginkizunak betetzea.
4. artikulua.– Lurralde eremua eta helbidea. Ikurra.
Bizkaiko Lurralde Historikoari dagokion lurralde eremua da, eta egoitza Bilbon du, Rodriguez Arias kalea 5, 2. solairua.
Gobernu Batzordea egoitza soziala aldatzeko gaituta egongo da elkargoaren funtzionamenduaren baldintzek hala eskatzen dutenean, eta erabaki hori Batzar Nagusiak berretsi beharko du.
Elkargoaren ikurra «psi» letra grekoan oinarritutako ikurrak osatuko du.
5. artikulua.– Elkargoko hizkuntza ofizialak.
Euskara eta gaztelera dira Bizkaiko Psikologia Elkargoaren bi hizkuntza ofizialak.
Elkargokide guztiek, eta oro har herritar guztiek, dute elkargoarekin harremanak euskaraz edo gazteleraz ahoz edota idatziz izateko eskubidea, bai eta aukeratzen duten hizkuntza ofizialean arreta jasotzeko eskubidea ere.
BIGARREN ATALA
LANBIDE JARDUNA ARAUTZEN DUTEN OINARRIZKO PRINTZIPIOAK, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK
6. artikulua.– Psikologoaren jardueraren definizioa.
Elkargoa, psikologoaren definizioan, Lanaren Nazioarteko Erakundeak Enpleguen Nazioarteko Sailkapen Bateratuan ezarritako definizioan oinarritzen da. Hori guztia, Lanbide estatutuei eta berau garatzen duten arauei zein beste lanbide batzuei esleitutako jarduerei kalterik egin gabe. Honako hau da Lanaren Nazioarteko Erakundearen definizioa:
• Psikologoek prozesu mentalak, afektiboak eta emozionalak, harreman prozesuak eta portaera prozesuak aztertzeaz gain, horietan esku hartzen dute, bai eta prozesu horiek gizakien osasunean izan dezaketen eraginean ere. Adierazpen eta testuinguruak direnak direla, banaka edo talde edo gizarteetako kide gisa, horren guztiaren ezagutzan oinarritutako aholkuak ematen edo aplikatzen dituzte. Helburua pertsonen egokitzapena eta garapen indibiduala, soziala, hezitzailea edo profesionala sustatzea da. Era berean, prozesu mentalekin eta giza portaerarekin lotutako ikerketak egiten dituzte.
Besteak beste, honako zeregin hauek ditu:
• Giza portaera ebaluatzea eta horretan esku hartzea, osasuna, segurtasuna edota errendimendua hobetzeko.
• Psikoterapia indibiduala, bikote psikoterapia, familia psikoterapia edo talde psikoterapia egitea osasunaren esparruan edo psikologiarekin lotutako beste eremu batzuetan.
• Pertsonen ezaugarri mentalak zehazteko proba psikologikoak asmatzea, antolatzea eta egitea. Adibidez: adimenari, ahalmenei, gaitasunei eta xedapenei dagokienez, emaitzak interpretatzea eta ebaluatzea eta aholkularitza eskaintzea.
• Herentzia, gizarte, lanbide eta bestelako faktoreek pertsona bakoitzaren pentsaeran eta portaeran duten eragina aztertzea.
• Elkarrizketa terapeutiko edo aholku emaileak egitea, eta ondoren, horiekiko euskarri eta orientazio zerbitzuak ematea.
• Senideekin, irakaskuntzako agintariekin edo langileekin beharrezko harremanak izatea, eta horren baitan gomendioak ematea gizabanakoei edo beren garapenari lotutako arazoak konpondu edo tratatzeko. Garapen pertsonala psikologiaren, gizartearen, hezkuntzaren edo lanbidearen ikuspegitik aztertzen delarik.
• Gaixotasun mentalen eta nahasmendu emozionalen edo nortasunaren diagnostiko, tratamendu eta prebentzioan faktore psikologikoak aztertzea eta lotutako adarretako profesionalei galdetzea.
• Psikologia-ariketatzat hartuko da, halaber, Psikologiako Graduko ikasgairen bat edo unibertsitateko master ofizialen bat irakasten duen psikologiako lizentziaduna edo graduatua, bai eta hitzaldi eta mintegi akademiko, zientifiko eta profesionalak ematen dituena ere, eta psikologiaren berezko ezagutzei eta horien aplikazioari buruzko aholkuak ematen dituena, ikasleen egokitzapena eta garapen profesionala sustatzeko.
• Iragarpen, lorpen eta diagnostiko probak egitea, irakasleek plangintza metodoetan eta eduki akademikoetan erabiltzeko.
• Lanpostuen diseinuari, lantaldeei, gogo aldarteari, motibazioari, gainbegiratzeari eta kudeaketari buruzko aholkuak ematea eta inkestak edota ikerketa azterlanak egitea.
• Beste langile batzuk eta norberaren lanarekiko antzekotasuna duen jarduna ikuskatzea.
• Giza portaera interpretatzeko eta deskribatzeko teoriak, ereduak eta metodoak garatzea.
• Estatuko Elkargo hau sortzeko abenduaren 31ko 43/1979 Legearen Xedapen Iragankorrak adierazitakoaren arabera, Psikologiako Lizentziatura tituluaren edo Psikologoen Elkargo Ofizialerako sarbidea bermatzen duten tituluen babesean egindako beste edozein jarduera edo lan.
Osasun arloko lanbide tituludunak eta arautuak. Psikologiaren arloan tituludun eta araututako osasun lanbideak psikologia klinikoko espezialistarenak eta osasun psikologo orokorrarenak dira. Indarrean dagoen legeriak zehazten ditu bi lanbideen definizioa eta eskumenak, eta jarduteko nahitaezkoa da titulazio ofiziala edo gaikuntza egokia izatea.
7. artikulua.– Lanbide jarduna.
Jardun profesionalak bat etorri beharko du Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialaren Kode Deontologikoan jasotako arau deontologikoekin, eta ezin izango du Legean aurreikusitakoak baino muga gehiagorik ezarri lehia askearen araubidean.
8. artikulua.– Lanbide jardunaren oinarriak.
Lanbide jarduna irizpide profesionalaren independentzian, bezeroarentzako arreta egokian eta komunitatearentzako zerbitzuan oinarritzen da. Psikologoak sekretu profesionala gordetzeko eskubidea eta betebeharra du.
9. artikulua.– Etengabeko prestakuntza.
Psikologoak etengabeko prestakuntza zientifikoa eta teknikoa beharko ditu lanbide trebakuntza hobea lortzeko.
10. artikulua.– Lanbide autonomia.
Psikologoak ezin du bere autonomia profesionalaren aurkako lanik onartu, ezta Psikologiaren egungo egoeran bere gain hartu ezin diren arazoak sortzen dituen lanik ere.
11. artikulua.– Publizitatea eta lehia desleiala.
Psikologoak lehia askeko erregimenean egingo du bere lanbidea. Zerbitzu eskaintzari eta haren ordainsaria finkatzeari dagokienez, lehiaren defentsari, lehia desleialari eta publizitateari buruzko legeriaren mende egongo da.
Psikologoa komunitate profesionalari bere jakintza helarazten saiatu behar da; betiere, erabilera zientifikoarekin bat.
12. artikulua.– Bezeroen eta erabiltzaileen eskubideak.
Bezeroek edota erabiltzaileek, eta hala badagokio haien legezko ordezkariek, egingo den edozein prozesu edo tratamenduren helburuak eta balizko ondorioak ezagutu behar dituzte.
Nolanahi ere, psikologoak bezeroaren edota erabiltzailearen autonomia, erabakitzeko askatasuna eta duintasuna errespetatu behar ditu. Interes pertsonal edo instituzional kontrajarriak daudenean, bere jarduera ahalik eta inpartzialtasun handienarekin egiten saiatuko da. Erakunde batean zerbitzuak emateak ez du esan nahi erakundearekin gatazkan sar daitezkeen pertsonak aintzat hartu, errespetatu eta artatu behar ez direnik; izan ere, psikologoak, bidezko denean, pertsona horiek agintari instituzionalen aurrean babestu beharko ditu.
13. artikulua.– Idatzizko lanak.
Agiri bidez egin beharreko lan profesional guztiak, hala nola txostenak, irizpenak, diagnostikoak eta antzekoak, profesionalak sinatu beharko ditu, elkargokide zenbakia adierazita eta horien edukiaren eta aukeren erantzukizuna hartuta.
14. artikulua.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen arretarako zerbitzua.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, Elkargoak honako informazio hau argi, zuzen eta doan eman beharko du 20. artikuluan arautzen den leihatila bakarraren bidez:
• Beti eguneratuta mantendutako Elkargokideen Erregistrorako sarbidea. Bertan, gutxienez honako datu hauek jasoko dira: elkargokideen izen-abizenak, elkargokide zenbakia, dituzten titulu ofizialak, lanbide helbidea eta lanbide gaikuntzako egoera.
• Lanbide sozietateen erregistrorako sarbidea. Erregistro horrek Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan deskribatutako edukia izango du.
• Kontsumitzaile edo erabiltzaileen eta elkargokide baten edo Elkargoaren artean gatazkarik izanez gero erabil daitezkeen erreklamazio bide eta baliabideak.
• Zerbitzuen erabiltzaileek laguntza jasotzeko dauden kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.
• Kode deontologikoen edukia.
15. artikulua.– Gardentasuna eta urteko memoria.
Elkargoak gardentasun printzipioa bete beharko du bere kudeaketan. Horretarako, Urteko Memoria egin eta urte bakoitzeko lehen seihilekoan webgunearen bidez argitaratu beharko du. Dokumentuak gutxienez honako informazio hau jasoko du:
• Kudeaketa ekonomikoari buruzko urteko txostena, langile gastuak behar bezala banakatuta eta Gobernu Batzordeko kideen ordainsariak karguaren arabera zehaztuta.
• Aplikatu beharreko kuoten zenbatekoa, kontzeptuaren eta emandako zerbitzu motaren arabera banakatuta, bai eta kuota horiek kalkulatzeko eta aplikatzeko arauak ere.
• Instrukzio fasean dauden edo irmotasuna lortu duten informazio eta zehapen prozedurei buruzko informazio erantsia eta estatistikoa, arau haustea, izapidetzea eta, hala badagokio, ezarritako zehapena adierazita, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeriaren arabera.
• Kontsumitzaileek edo erabiltzaileek edo haien ordezkaritza erakundeek aurkeztutako kexei eta erreklamazioei buruzko informazio erantsia eta estatistikoa. Horren baitan izapidetzeari eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeriarekin bat etorriz.
• Kode deontologikoen edukian izandako aldaketak, halakorik izanez gero.
• Gobernu Batzordeko kideen bateraezintasunei eta interes gatazkako egoerei buruzko arauak.
• Bisa jarduerari buruzko estatistika informazioa, hala badagokio.
HIRUGARREN ATALA
ELKARGOKIDE IZAERA ESKURATZEA, UKATZEA, BATERAEZINTASUNA ETA GALTZEA
16. artikulua.– Derrigorrez elkargokide izatea.
1.– Psikologoaren lanbidean aritzeko, Bizkaiko Lurralde Historikoaren lurralde eremuan, edozein modalitatetan derrigorrezkoa da Bizkaiko Psikologoaren Elkargo Ofizialean sartzea, baldin eta psikologoak bere helbide profesionala, bakarra edo nagusia lurralde eremu horretan badu. Psikologoak elkargoko kide izateko betebeharra duen heinean, izena ematea «Elkargokidetza bakarraren» printzipioari kalterik egin gabe gauzatuko da.
2.– Europar Batasuneko estatu kideetako psikologo atzerritarrek edo estatuko psikologoek profesionalki jardun ahal izateko edo elkargoko kide bilakatzeko, kualifikazioak aitortzeari buruz Europar Batasuneko Zuzenbidean indarrean dagoen araudian xedatutakoa beteko da. Europako Esparru Bateratuan sartuta ez dauden herrialdeetako profesionalei dagokienez, aldebiko edo nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoa beteko da, halakorik balego.
3.– Psikologoaren lanbidean aritzea estatutu hauetako 6. artikuluan aipatzen diren jarduerak horiek gauzatzeko titulazio akademiko legala eduki beharra dago.
4.– Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legea aplikatu behar zaien lanbide sozietateak nahitaez sartuko dira Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialean. Hori, Lanbide Sozietateen Erregistroaren bide, baldin eta jarduera nagusia Bizkaiko Lurralde Historikoan garatzen badute eta Psikologo Lanbidearen jarduera soilik zein bateraezina ez den beste jarduera profesional batekin batera garatzen badute. Sarrera hori, lege horretan eta estatutuetan xedatutakoaren arabera egingo da.
17. artikulua.– Elkargokide izateko baldintzak.
1.– Psikologian jarduteko legez gaitzen duten titulazio akademikoak dituztenek dute Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialean sartzeko eskubidea. Halaber, elkargoan sartu ahal izango dira titulu akademikoaren homologazioa lortu dutenak, legez ezarritako goi mailako irakaskuntzako tituluak aitortzeko sistema orokorraren arabera.
2.– Honako hauek izango dira elkargokide izateko baldintza orokorrak:
• Espainiako edo Europar Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea izatea, edo nazioarteko hitzarmen edo itunen baten bidez gaituta dauden estatuetakoren batekoa.
• Adin nagusikoa izatea.
• Psikologian jarduteko legez gaitzen duen titulazio akademiko ofiziala izatea. Atzerriko titulua bada, agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin batera aurkeztu beharko da.
• Lanbidean jarduteko ezgaitasun prozesu baten ez egotea, lege, arau edo ebazpen judizial baten ondorioz.
• Lanbidean jarduteko ezgaituta ez egotea.
• Sarrera kuota ordainduta izatea.
• Ez egotea Legeek ezarritako bateraezintasun edo debekupean, tituludun lanbideei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legearen 5.1 artikuluaren arabera.
3.– Elkargokide izateko eskabidearekin batera, dagokion jatorrizko titulu ofiziala edo notarioaren testigantza aurkeztu beharko da, edo horren ordez, tituluaren ordezko ziurtagiria.
4.– Elkargoko kide izateak gaikuntza ematen du Estatuko lurralde osoan Psikologiako Lanbidean jardun ahal izateko.
Beste lurraldeetako elkargoen psikologoek Bizkaiko Lurralde Historikoan psikologo gisa aritzeko Bizkaiko Elkargoaren eremuan lanbidean aritzeko aplikatu beharreko arauen mende egongo dira.
5.– Psikologiako beste Elkargo Ofizial batean elkargokide diren psikologoak Bizkaiko Psikologia Elkargoan sartu ahal izango dira, estatutu hauen arabera elkargokideei eska dakizkiekeen baldintza berberekin.
6.– Elkargoko Gobernu Batzordeak hilabete bateko epean ebatziko du sartzeko eskaera. Epe horretan egoki iritzitako eginbideak egin eta txostenak eskatu ahal izango ditu. Ebazpena, lanean hasteko baimena emateko edo ukatzeko izango da. Azken kasu horretan arrazoitu egin beharko da.
Gobernu Batzordeak Batzorde Iraunkorraren esku utz dezake sartzeko eskabideei buruzko ebazpena.
18. artikulua.– Elkargokideak.
Honako hauek dira eskubide osoko elkargokide: beharrezko baldintzak beteta, estatutu hauetan aurreikusitako moduan elkargokide izatea eskatu eta lortu dutenak, jardunekoak izan zein ez.
Adinagatik jarduera profesionala uzten duten elkargokideek elkargokide gisa jarraitu ahal izango dute. Kuota arruntaren zenbatekoa Gobernu Batzordeak ezarritako baldintzetan murriztuko zaie.
19. artikulua.– Lanbide sozietateak.
Lanbide Sozietateei Batzar Nagusian parte hartzeko eskubidea dagokie sufragio aktibo eta pasiborako eskubide barik. Azken horrek ez du inola ere baztertzen elkargokide diren bere profesionalek eskubide propioa izatea.
Lanbide sozietateek Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialaren Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatu beharko dute egoitza soziala Bizkaiko Lurralde Historikoan dutenean edo jarduera bakarreko edo nagusiko helbidea Bizkaian dutenean.
Psikologia Lanbidearen berezko sozietatearen jarduerak garatzeko, guztiak edo gehienak Bizkaiko lurralde eremuan egiten badira, beharrezkoa izango da Lanbide Sozietateak Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialaren Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatzea. Inskripzio hori sozietate horien araudiaren arabera egiaztatuko da. Hau da: Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen eta hura garatzen duten arauen arabera.
Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatzeko betebeharra bere ordezkaritza esleituta dutenei dagokie, legeak eta araudiek ezarritako moduan.
Erregistroan sartzen direnetik, Elkargoak lanbide sozietateekiko dituen eskumenak berdinak dira pertsona fisikoak diren elkargokideekiko legez eta estatutuen arabera aitortutakoekin. Hau da, pertsona fisikoek zein juridikoek diziplina, deontologia, bateraezintasun eta inhabilitazio araubideak berdinak dituzte. Hori guztia, profesionalen diziplina erantzukizuna alde batera utzi barik, erantzukizun hori Lanbide Sozietatearekin berarekin batera gauzatzen delako.
Sozietate Erregistroan sartzeak ez ditu bazkideak, hots, psikologoak, lanbidean aritzeko elkargokide izateko betebeharretik askatzen.
Lanbide Sozietateei buruzko 2/2007 Legean aurreikusitakoaren arabera, Gobernu Batzordeari dagokio Lanbide Sozietateen Erregistroari buruzko arauak arautzea eta interpretatzea. Era berean, hala badagokio, Lanbide Sozietateen Erregistroa inskribatzeko eta mantentzeko tasak eta kuotak ezartzea. Kuota horiek lanbide sozietateei ezarriko zaizkie erregistratzean, agiriak inskribatzeko eskatzean edo ziurtagiriak galdegitean.
Honako hauek dira Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera erregistroan sartu beharreko datuak:
• Izena edo sozietatearen izena eta helbidea.
• Eratze eskrituraren eta notario baimentzailearen identifikazio data eta aipamena; eta, epe jakin baterako eratu bada, sozietatearen antzinatasuna.
• Sozietatearen xede diren jarduera profesionalak.
• Profesionalak eta ez profesionalak eta horiei dagokien elkargokide zenbakia eta kide den elkargo profesionala identifikatzea.
• Administrazioaz eta ordezkaritzaz arduratzen diren pertsonak identifikatzea, eta horietako bakoitza bazkide profesionala den ala ez adieraztea.
Era berean, bazkide eta administratzaileen aldaketa oro eta kontratu sozialaren edozein aldaketa Lanbide Sozietateen Erregistroan inskribatu beharko da.
Diziplina anitzeko lanbide sozietateen kasuan, lanbide sozietatea lanbide sozietateen erregistroetan inskribatuko da; sozietate horren xede den lanbide bakoitzeko elkargoetan, alegia.
Lanbide sozietatea eratu ondoren gertatutako edozein gorabeherak Elkargoko edozein bazkideren jarduna eragotziz gero, Elkargoak Merkataritzako Erregistroari jakinaraziko dio.
Elkargoaren erregistroa publikoa izango da. Elkargoak hilero bidaliko dizkio Justizia Ministerioari bere Lanbide Sozietateen Erregistroan egindako inskripzioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan horri buruz ezarritakoa beteko du.
20. artikulua.– Leihatila bakarra eta Psikologiako profesionalei arreta eskaintzeko Zerbitzua.
1.– Profesionalak kide egiteko, elkargoan aritzeko eta elkargoan baja emateko beharrezko izapide guztiak toki bakar batetik elektronikoki eta urrutitik egiteko, Elkargoak, bere webgunean, zerbitzu jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako leihatila bakarra izango du.
2.– Leihatila bakarraren bitartez eta estatutuotan jasotakoei kalterik egin gabe, Elkargoak behar den guztia egingo du profesionalek honako hauek doan gauzatzeko:
• Lanean sartzeko eta jarduteko beharrezko informazio eta formulario guztiak lortzea.
• Beharrezko dokumentazio eta eskaera guztiak aurkeztea, elkargokide izatearena barne.
• Interesatuen prozeduren izapidetze egoeraren berri izatea, eta nahitaezko izapide egintzen jakinarazpena eta Elkargoaren ebazpena jasotzea. Beste biderik/modurik ez dagoenean, diziplina espedienteen jakinarazpena jasotzea.
• Elkargoko kideei Ohiko eta Ezohiko Batzar Nagusietarako deia egitea eta Elkargoaren jarduera publiko eta pribatuaren berri ematea.
• Elkargokideen lanbide gaikuntzako egoera argitaratzea, ezeztatu gabeko diziplina zehapenei buruzko informazioa barne.
21. artikulua.– Bazkidetza ukatzeko arrazoiak.
Elkargoan sartzen ez uzteko arrazoiak honako hauek izango dira:
a) Eskatutako titulaziorik ez izatea.
b) Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe egotea, edo legitimitateari edo benetakotasunari buruzko zalantzak sortzea, osatu ez delako edo zuzenketa eskatzen denetik hamar eguneko epea igaro delako.
c) Jatorrizko Elkargoaren dituen kargu ekonomikoak ordainduta ez izatea.
d) Eskabidea egin denean, lanbidean jarduteko desgaitzeko zigor penalpean edo diziplina zehapenpean egotea.
e) Beste Psikologia Elkargo batetik kanporatua izan ondoren berriz ere onartua ez izatea.
Berriro onartua izatea lortzekotan, kondenak edo zehapenak bete ondoren eta sarrera ukatzea eragin zuten oztopoak desagertu ondoren, Elkargoak inskripzioa onartuko du, hori egiaztatzea beste izapiderik gabe.
Elkargoko bazkidetza ukatzekotan, erabakia behar bezala arrazoituta jakinarazi beharko zaio.
22. artikulua.– Elkargokide izaera galtzea.
Elkargokide izateari uzten zaio:
• Norberak eskatuta, betetzeke dauden betebehar profesional edo korporatiboei kalterik egin gabe.
• Epai judizial irmo bidez ezarritako lanbidean jarduteko desgaikuntza zigorragatik.
• Hiru hilabetetik gorako epean Elkargoak ezarritako gutxienez bi kuota edo beste ekarpen batzuk ez ordaintzeagatik. Elkargoak aldez aurretik entzunaldia egin eta ordaintzeko errekerimendu fede emailea egin ondoren. Epe horretan, gehienez hilabeteko luzapena ezarriko da.
• Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera ezarritako diziplina zehapena bete bitartean.
• Gobernu Batzordeak Elkargoko kide egitea kautelaz etetea erabaki ahal izango du, ahozko epaiketa hasi dela modu frogagarrian jakiten denetik edo elkargokide bat delitu batengatik auzipetzen denetik, baldin eta, kondenaren ondorioa, lanbide desgaikuntza baldin bada. Erabaki hori ebazpen arrazoitu bidez hartu beharko da, interesdunari entzun eta dagokion espedientea bideratu ondoren.
23. artikulua.– Elkargora itzultzea.
Elkargora itzultzeko, elkargoko kide egiteko arau berberak bete beharko dira. Eskatzaileak zigorra edo zehapena bete duela egiaztatu beharko du, baja emateko arrazoia hori izan bada.
Zergatia kuotak edo ekarpenak ez ordaintzea izan bada, eskatzaileak ordaindu gabeko zorra ordaindu beharko du, bai eta errekerimenduaren egunetik aurrera sortutako legezko interesak ere.
24. artikulua.– Elkargoaren eta Psikologiako ikasleen arteko harremanak.
Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak arreta berezia eskainiko die psikologiako ikasleekin dituzten harremanei eta elkargoko jardueretan parte hartzeko aukera emango die.
Hori egiteko, Gobernu Batzordeak lagun dezake lanbidean jarduteko legez gaitzen duten ikasketetako azken bi ikasturteetako Psikologiako ikasleek Elkargoan pixkanaka parte har dezaten. Kontuan hartuko ditu merezimendu akademikoak, Elkargoaren eta Unibertsitatearen arteko harremanak sustatze eta garatze aldera egindakoa edo Elkargoaren jardueretan emandako laguntza.
Aurreko baldintzetan parte hartzeak eskubidea emango du Elkargoaren zerbitzuak erabiltzeko eta etorkizuneko psikologoekin harremanak garatzeko elkargoak antola ditzakeen jardueretan parte hartzeko. Horretarako, Batzar Nagusiak, Gobernu Batzordeak proposatuta, finkatutako kuota edo ekarpen bat ordaindu beharko du.
LAUGARREN ATALA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
25. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
Honako hauek dira jardunean dauden elkargokideen eskubideak:
• Estatu osoan psikologo gisa jardutea.
• Elkargoaren laguntza, aholkularitza eta defentsa jasotzea Elkargoak dituen baliabideen arabera eta arauz ezartzen diren baldintzetan zein lanbide jardunaren ondorioz sortzen diren gai guztietan ere.
• Hala eskatzen dutenean Elkargoaren Gobernu Batzordeak norbera ordezkatzea jarduera profesionaletik eratorritako edozein motatako erreklamazioetan.
• Araudian ezarritakoa jarraituz Elkargoaren zerbitzuak eta bitartekoak erabiltzea.
• Elkargoaren eremuan egiten diren hauteskunde guztietan hautesle eta hautagai gisa parte hartzea; Elkargoaren bizitzan modu aktiboan esku hartzea; informazioa jasotzea eta Batzar Nagusietan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
• Ezar daitezkeen batzordeetan edo lantaldeetan parte hartzea.
• Gobernu Batzordeari Iradokizunen, eskaeren eta kexen idatziak aurkeztea.
• Elkargoaren jarduerari eta interes profesionalari buruzko informazioa aldiro jasotzea, berripaperen, zirkularren eta egoki iritzitako beste bitarteko batzuen bidez.
Honako hauek dira jardunean ez dauden elkargokideen eskubideak:
• Elkargoaren zerbitzuak eta bitartekoak erabiltzea, arauetan zehaztutako baldintzen arabera.
• Elkargoaren eremuan egiten diren hauteskunde guztietan hautesle eta hautagai gisa parte hartzea; modu aktiboan esku hartzea Elkargoaren bizitzan; informazioa jasotzea eta Batzar Nagusietan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
• Ezar daitezkeen batzordeetan edo lantaldeetan parte hartzea.
• Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak eta kexak aurkeztea.
• Elkargoaren jarduerari eta interes profesionalari buruzko informazioa aldiro jasotzea, berripaperen, zirkularren eta egoki iritzitako beste bitarteko batzuen bidez.
26. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
Honako hauek dira jardunean dauden elkargokideen betebeharrak:
• Lanbidea etikoki gauzatzea, eta, bereziki, Elkargoak aldarrikatutako Kode Deontologikoan ezarritako arau deontologikoei jarraitzea.
• Elkargoaren arauak eta gobernu organoek hartutako erabakiak betetzea.
• Estatutuen edo araudien arabera eskatzen zaizkien lanbide adierazpenak, kontratuak eta gainerako dokumentuak Elkargoari aurkeztea.
• Hogeita hamar eguneko epean, bizileku edo helbide aldaketen berri Elkargoari ematea.
• Ezarritako kuotak eta tasak garaiz ordaintzea.
• Elkargoko bizitzan aktiboki parte hartzea, Batzar Nagusietara eta beren espezialitateagatik deialdia jasotzen duten batzorde edo lantaldeetara joanez.
• Hautatutako karguak arduraz betetzea, eta Elkargoko gobernu organoek agindu diezazkieketen mandatuak betetzea.
• Beste elkargokide batzuen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.
• Gobernu Batzordearekin lankidetzan aritzea, eta, bereziki, elkargoaren intereseko gaietan azalpenak eta informazioa ematea, sekretu profesionala alde batera utzi barik.
• Intrusismo ekintza oro edo lanbide jarduera irregularren bat ezagutzen badu, Gobernu Batzordeari jakinaraztea.
• Lanbidean jardutearen ondorioz sor daitezkeen erantzukizun zibileko arriskuak dagokion aseguruaren bidez estaltzea, legez hala eska daitekeenean. Betebehar hori ezin izango da eskatu hirugarrenen eskubideak bermatuta daudenean kasuan kasuko jarduerari aplika dakiokeen beste legeria baten arabera, edo helburu bererako aplikazio orokorreko akordioen arabera.
Honako hauek dira jardunean ez dauden elkargokideen betebeharrak:
• Elkargoaren arauak eta gobernu organoek hartutako erabakiak betetzea.
• Hogeita hamar eguneko epean, bizileku edo helbide aldaketen berri ematea Elkargoari.
• Ezarritako kuotak eta tasak garaiz ordaintzea.
• Elkargoko bizitzan aktiboki parte hartzea, Batzar Nagusietara eta beren espezialitateagatik deialdia jasotzen duten batzorde edo lantaldeetara joanez.
• Hautatutako karguak arduraz betetzea, eta Elkargoko gobernu organoek agindu diezazkieketen mandatuak betetzea.
• Beste elkargokide batzuen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.
• Gobernu Batzordearekin lankidetzan aritzea, eta, bereziki, elkargoaren intereseko gaietan azalpenak eta informazioa ematea, sekretu profesionala alde batera utzi barik.
• Intrusismo ekintza oro edo lanbide jarduera irregularren bat ezagutzen badu, Gobernu Batzordeari jakinaraztea.
27. artikulua.– Debekuak.
1.– Psikologo elkargokideek honako hauek debekatuta dituzte:
• Lehia Desleialari eta Lehiaren Defentsari buruzko legeetan eta oro har, publizitateari eta, bereziki, osasunari buruzko arauetan ezarritakoa urratzea jardun profesionalean dagoenean.
• Nahitaezko titulazioa izan gabe edo elkargokide izan gabe psikologian diharduena edozein modutan estaltzea eta babestea.
2.– Elkargokideen arteko desadostasunak.
Elkargokideen artean sor daitezkeen lanbide arloko gorabeherak, interesdunek eskatuz gero, Elkargoaren bitartekaritzaren bidez ebatziko dira, zehatz-mehatz, Bitartekaritza Batzordearen bitartez. Batzorde hori Deontologia Batzordeko dekanordeak eta lehendakariak dute osatuko dute.
BOSGARREN ATALA
ELKARGOAREN ANTOLAKUNTZA
28. artikulua.– Barne antolakuntza.
Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialaren barne antolakuntza sistema Batzordeena, Lantaldeena edo une bakoitzean funtzionamenduaren berezko beharrei hobeto erantzungo dion beste batena izango da.
1.– Bizkaiko PATeko batzorde propio hauek egongo dira, gutxienez, gobernu onaren printzipioari lotuta:
Aholkularitza Batzordea. Eginkizun espezifikotzat ditu elkargokideek aurkeztutako kexei edo erreklamazioei erantzuteko zerbitzua eta elkargokideek eskaintzen dituzten psikologia zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta ematea, bai eta kexak edo erreklamazioak zuzenbidearen arabera ebaztea ere. Hori guztia abenduaren 22ko 25/2009 Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatuko da. Lege horrek zenbait lege aldatu eta zerbitzuetara askatasunez iristeari eta horietan jarduteari buruzko Legera egokitu zen. Zerbitzu hori arautzeko, Aholkularitza Batzordeak berariazko araudi bat izango du. Bertan jasoko ditu kexak eta erreklamazioak aurkezteko sistemak eta kexak artatzeko eta ebazteko prozedurak.
Deontologia Batzordea. Arrazoi deontologikoengatik balioesten diren lanbide egintzen diziplina kalifikazioari dagokionez, txostenak eta proposamenak egitea du eginkizun espezifikotzat; eta estatutu hauetan aurreikusitako moduan, prozedurak izapidetzeaz arduratuko da. Kide kopurua bakoitia izan beharko da eta gutxienez bost kide izango ditu. Kideok Batzar Nagusiak izendatuko ditu, Gobernu Batzordeak proposatuta.
Hauteskunde Batzordea. Helburua eta funtzionamendua estatutu hauetan jasota daude.
Bitartekaritza Batzordea. 27.2 artikuluan aipatzen da.
2.– Batzorde horien funtzionamendu araubidea horietako bakoitzaren Araudiaren bidez ezarriko da, eta Gobernu Batzordeak proposatuta, Batzar Nagusiak onartuko du.
3.– Batzorde bakoitzaren azterlanak, proposamenak eta ondorioak Gobernu Batzordeari bidaliko zaizkio, eta hark erabakiko du horiek zertarako erabili.
4.– Gobernu Batzordeak, bere dekanoak proposatuta, aurrekoak ez diren beste batzorde batzuk izendatu ahal izango ditu: lanekoak, aholkularitzakoak edo beste helburu batzuetarakoak. Edozein motatako testuinguruaren ezaugarrien arabera, egokitzat jotzen den izaera emango zaie.
29. artikulua.– Batzorde eta lantalde profesionalak. Izaera eta helburuak.
Lan profesionaleko Batzordea edo Lantaldea Bizkaiko Psikologiako Elkargo Ofizialak bere jarduera diziplina eremu eta esku-hartze psikologikoko eremu guztietan antolatzeko erabiltzen duen oinarrizko egitura da. Batzorde edo talde horiek elkargokideen laguntzarako eta partaidetzarako barne organoak izango dira. Elkargoko gobernu organoek Bizkaiko lurralde eremuan psikologian jarduteko modu edo espezialitate bakoitzaren ordezkaritza esklusiboa izango dute kanpokoen aurrean.
Honako hauek izango dira batzorde eta lantalde profesionalen helburuak:
a) Batzordearen edo lantaldearen diziplina eremuan garapen zientifikoa, teknikoa eta profesionala indartzea.
b) Batzordeko edo Lantaldeko kideen arteko lankidetza eta informazio trukea eta lan esperientzia sustatzea.
c) Elkargoaren Gobernu Batzordearen aurrean instituzioen presentzia eta lankidetza sustatzea diziplina eremu bereko edo antzeko estatuko eta nazioarteko erakunde eta elkarteetan.
d) Batzorde edo Lantalde bakoitzaren esparruan lanbidearen ikerketa, prestakuntza eta sustapena bultzatzea.
e) Elkargoko Gobernu Organoei beren eremu zientifiko profesionalari dagokion alorrean Psikologiako Lanbidea gaitasunez garatzeko interesgarritzat jotzen dituen gai guztietan aholku ematea. Hori guztia Kode Deontologikoarekin bat etorriz eta, hala badagokio, lanbidea ondo garatzeko, eska daitezkeen kualifikazio irizpideak edo betekizunak gomendatzea.
f) Lanbidea gaitasun egokiz gara dadila sustatzea bere eremuan.
Batzordeen eta lantaldeen funtzionamendua Gobernu Batzordeak onartutako dagokion araudiaren bidez garatuko da. Araudi horretan, elkargokideen sarbidea, zuzendaritza postuen izendapena (demokratikoa izango da beti) eta funtzionamendurako beharrezkoak diren gainerako gaiak arautuko dira.
30. artikulua.– Beste erakunde batzuetan parte hartzea.
Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak Estatuko Psikologiako Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusian eta autonomia erkidego, estatu edota nazioartean sortu daitezkeen erakundeetan ere lagunduko du, horien eraketan, funtzionamenduan eta helburu eta eskumenen garapenean.
SEIGARREN ATALA
GOBERNU ORGANOAK, HORIEN ERAKETA ETA FUNTZIONAMENDU ARAUAK ETA ESKUMENAK
31. artikulua.– Ordezkaritza eta gobernu organoak.
Demokrazia, autonomia, elkargoan parte hartzea eta gardentasuna izango dira elkargoaren gobernuaren printzipio nagusiak.
Elkargoaren ordezkaritza, gobernu eta administrazio organoak honako hauek izango dira: Batzar Nagusia, Gobernu Batzordea eta Dekanoa.
Batzar Nagusia Elkargoaren erabakitzeko organo nagusia da, haren beste organo batzuei esleitutako eskumenei kalterik egin barik. Gobernu Batzordeak bertan eman beharko du bere jardunaren berri. Batzar Nagusian hartutako erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat, estatutu hauetan ezarritako errekurtsoei kalterik egin barik.
Gobernu Batzordea Elkargoaren organo betearazlea eta ordezkaritza organoa da.
Dekanoak Elkargoaren ordezkaritza du beste erakunde eta norbanakoen aurrean, elkargoaren lege, araudi eta bertatik ondorioztatzen diren eskubide eta eskuduntza guztiekin.
32. artikulua.– Batzar Nagusia. Bilkuretarako arauak.
Dekanoaren deiari erantzunez, Batzar Nagusia ohiko edo ezohiko sesioetan bildu ahal izango da.
Gutxienez urtean behin bilduko da ohiko bilkuran.
Ezohiko bilkura Gobernu Batzordearen ekimenez edo elkargokideen gutxienez ehuneko hogeik eskatuta egingo da, eta dekanoari zuzendutako eskaerak aztertu beharreko gaiak adieraziko ditu.
Batzar Nagusian aurrez aurre, telematikoki, bideo bidez edo telefono bidezko konferentzia bidez parte hartzeko aukera dago. Partaideak bertaratzeko eskubidea duten elkargokideak edo ordezkariak izango dira, baldin eta idazkariak bere nortasuna onartu, eta berehalakoan posta elektroniko helbideetara bidaliko duen aktan oniritzia eman badu. Horretarako, deialdian erabiliko diren bitartekoak zehaztuko dira. Azken horiek bertaratutako elkargokideen identitatea ezagutzeko parada bermatu beharko dute.
Edonola ere, aurretik adierazitako edozein modutan biltzen direnak bilera berera joan direla ulertuko da. Era berean, bilera toki nagusian izan dela ulertuko da; bestela, sozietatearen egoitzan.
33. artikulua.– Egitura eta funtzionamendua.
1.– Batzar Nagusia elkargokide guztiek osatuko dute.
Elkargokide guztiek izango dute hitza eta bozkatzeko eskubidea. Are gehiago, araudian ezarritakoa jarraitzen delarik, nork bere botoa beste elkargokide baten alde eskuordetu dezake. Elkargokide beraren aldeko botoak hamar izango dira gehienez.
Botoa eskuordetzea baliozkoa izango da edozein motatako batzarretarako, bilera arruntetarako edota ezohikoetarako. Salbuespen bakarra, 37.d) artikuluan, Zentsura mozioan adierazitakoa da eta kasu horietan ez da eskuordetutako eta posta bidezko botorik onartuko.
2.– Ohiko Batzar Nagusirako deialdia dekanoak egingo du, urtean behin derrigorrez. Hala ere, ezohiko deialdia egin ahal izango da.
3.– Gobernu Batzordeak finkatuko du gai zerrenda. Elkargoaren iragarki taulan eta webgunean jarriko da eta elkargokideen posta kontuei eta Elkargoak dituen komunikabide orokorrei posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie.
4.– Deialdian bilera bigarren deialdian egin dela adieraziko da, dagokionean. Ezin izango da lehenengo eta bigarren deialdien artean hogeita hamar minutu baino gutxiagoko tartea egon.
5.– Batzar Nagusia lehenengo deialdian eratuko da Elkargokideen erdia gehi bat bertaratzen direnean. Bigarren deialdian, partaideen kopurua edozein dela ere baliozkotasunez eratutzat joko da, zentsura moziorako 37.d) artikuluan aurreikusitakoa izan ezik.
6.– Erabakiak isilpeko bozketan hartuko dira, bertaratutakoen ehuneko hogeita bostek hala eskatzen duenean. Nolanahi ere, bozketa elkargokideren baten jokabide egoki eta gizalegezkoari buruzkoa denean, isilpekoa izango da.
Ezin izango da gai zerrendan agertzen ez den gairik eztabaidatu edo erabaki, bilkuran elkargokide guztiak egon eta emandako botoen gehiengo soilaren bidez gaia premiazkotzat hartzen ez bada.
34. artikulua.– Koordinazioa, aktak eta erabakiak.
Batzar Nagusiaren bilkuretan dekanoa izango da buru, Gobernu Batzordeko gainerako kideek lagunduta. Bilerak dekanoak moderatu edo koordinatuko ditu, hitza eman edo kenduko du, eta eztabaidak eta bozketak antolatuko ditu.
Idazkaria Gobernu Batzordeko idazkaria izango da, eta bileraren akta egingo du, dekanoaren oniritziarekin.
Emandako botoen gehiengoaren arabera hartuko dira erabakiak. Hala ere, emandako botoen bi herena beharko dira indarreko aurrekontuan ageri ez diren prestazio ekonomiko bereziak onartzeko, Gobernu Batzordearen edo kideren baten aurkako zentsura botoa onartzeko, estatutu hauek aldatzeko eta Deontologia Batzordeko kideak izendatu zein kargutik kentzeko ere.
35. artikulua.– Bilkuren araubidea.
1.– Urte bakoitzeko lehen lauhilekoan, urteko lehenengo hirurogei egunak igaro ostean, Ohiko Batzar Nagusia egingo da. Gai zerrendan, gutxienez, honako puntu hauek jasoko dira:
• Aurreko bilkurako aktaren irakurketa.
• Idazkariak landutako aurreko urteari buruzko memoriaren laburpentxoa.
• Aurreko urteko diru-sarreren eta gastuen kontuen likidazio, egoera balantze eta galdutakoaren eta irabazitakoaren kontuaren irakurketa, eztabaida eta, hala badagokio, hobespena. Horrekin batera Gobernu Batzordeak hurrengo urteko ekitaldi ekonomikorako onartutako diru-sarreren eta gastuen aurrekontuaren irakurketa, eztabaida eta onespena.
• Deialdian agertzen diren irizpenen eta proposamenen irakurketa, eztabaida eta, hala badagokio, bozketa.
• Galderak eta eskaerak.
2.– Urtarrilaren hogeita hamaika baino lehen, elkargokideek Batzarrean eztabaidatu eta erabaki nahi dituzten proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Dekanoak gai zerrendan sartuko ditu, dagokion atalean. Aurreko urteko abenduaren 31n boto eskubidea zuten elkargokideen erroldan sartutako elkargokideen gutxienez % 6k sinatuko ditu proposamen horiek.
36. artikulua.– Eskumenak.
Batzar Nagusiaren eskumena da:
• Dagokionean aurreko bilerako akta onartzea.
• Azken ekitaldiko balantze ekonomikoa, hurrengo ekitaldirako aurrekontua eta Gobernu Batzordearen aurreko urteko memoria ezagutzea, eztabaidatzea eta ondo iritziz gero, onartzea.
• Elkargoaren eskumeneko gaietan jarraitu beharreko arau orokorrak onartzea.
• Estatutu hauek onartzea eta aldatzea, ondoren Administrazioan izapidetzeko.
• Elkargoko ondasunen inbertsioari buruzko erabakiak hartzea.
• Lanbidearen Kode Deontologikoa onartzea.
• Aparteko prestazioak onartzea.
• Gobernu Batzordearen eta bere kideen aurkako zentsura mozioak onartzea.
• Gobernu Batzordeak edo estatutu hauek bere eskumenpean jartzen dituzten gainerako gai guztiak eztabaidatu eta erabakitzea.
• Estatutu hauek interpretatzea.
• Batzorde eta lantalde profesionalak sortzea eta horien araudi orokorra onartzea, Gobernu Batzordeak txostena egin ostean.
• Estatutu hauetan aurreikusten ez den guztian Hauteskundeen Araudia onartzea eta, egonez gero, horien aldaketak onartzea.
• Deontologia Batzordearen osaeraren eta izendapenei edo kargugabetzeei buruz, Gobernu Batzordeak aurkezten dituen proposamenak onartzea, gutxienez agintaldi berri bakoitzaren hasieran. Era berean, batzorde horren Araudia onartu beharko du.
Batzar Nagusiaren eskumenek ez diete kalterik egingo bere garaian Psikologiako Elkargo Ofizialen Euskal Kontseiluari edo Psikologiako Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari eman dakizkiekeen eskumenei.
37. artikulua.– Ezohiko Batzar Nagusia.
a) Bilkura.
• Ezohiko Batzar Nagusiak Elkargoko dekanoaren ekimenez egingo dira. Gobernu Batzordearen ekimenez ere deitu daitezke, aztertu beharreko gaiak garrantzitsuak direnean. Edo botoa eman dezaketen elkargokideen gutxienez ehuneko hogeik hala eskatuta ere deitu daiteke. Elkargokideek eskatzekotan, aurreko urteko abenduaren 31n erroldan daudenen % 20ak eskatu behar du. Eta, jorratuko diren gaiei dagokienez, ezinbestekoa izango da gaiak zehatz-mehatz adierazita egotea.
• Deialdia, ezarritako gai zerrendarekin, elkargokideei batzarra egin baino gutxienez egutegiko hogeita hamar egun lehenago jakinaraziko zaie eta ezarritako gai zerrenda atxikiko da. Horrekin batera, Elkargoaren iragarki taulan eta webgunean jarriko da, eta Elkargoak dituen elkargokideen posta kontuei eta komunikabide orokorrei jakinaraziko zaie posta elektronikoz.
• Ezohiko Batzar Nagusietan Gobernu Batzordearen edo bertako kideren baten aurkako zentsura botoa emateko bilera deialdia egin dadin, gutxienez aurreko urteko abenduaren 31n botoa emateko eskubidea zuten elkargokideen ehuneko hogeik sinatu beharko du eta erabakiaren arrazoiak argi eta garbi adierazi beharko dira.
• Ezohiko Batzar Nagusia egiteko epea dekanoak edo Gobernu Batzordeak batzarra egitea erabakitzen duenetik edo elkargokideek eskabidea aurkezten dutenetik egutegiko hirurogei egunetakoa da. Deialdian agertzen diren gaiak baino ezingo dira aztertu.
• Ezohiko Batzar Nagusia egiteko eskaera honako hauetan ezetsi ahal izango da: ebazpen arrazoitua ematen denean eta proposamenak estatutu hauetako baldintzak betetzen ez dituenean edo Elkargoaren helburuekin zerikusirik ez duenean; betiere balizko errekurtsoei kalterik egin barik.
• Aztertu beharreko gaien premiak hala eskatzen badu, Ezohiko Batzar Nagusirako deialdia hamabost egun aurretik egin ahal izango da. Deialdiak ezohiko batzarretarako ezarritako gainerako baldintza formalak bete beharko ditu. Premiazkoa den ala ez Gobernu Batzordeak erabakiko du.
b) Ezohiko Batzar Nagusiaren eskumenak.
Ezohiko Batzar Nagusiak Elkargoaren estatutuak onartu edo aldatzeko, Gobernu Batzordearen edo bertako kideren baten jarduna onesteko edo gaitzesteko eskumena izango du; bai eta gaiaren interes eta izaeraren arabera deialdia eta bilera egitea komeni den erabakitzea ere.
c) Erabakiak.
Erabakiak isilpeko bozketan hartuko dira, bertaratutako elkargokideen ehuneko hogeita bostek hala eskatzen duenean. Nolanahi ere, isilpekoa izango da elkargokideren baten jokabide egoki edo errespetuzkoari buruzko gaietan eragina duenean.
d) Zentsura mozioa.
• Zentsura mozioa horixe bera gauzatze aldera deitutako Ezohiko Batzar Nagusian bakarrik aurkeztu ahal izango da artikulu honetan eskatutako baldintzekin. Botoa baliagarria izateko botoa emateko elkargokide eskubidedunen ehuneko bost gutxienez bateratu beharko da lehenengo zein bigarren deialdian ere.
• Quorum horrek aurrera egiteko, emandako botoen bi herena aldekoa, zuzena eta pertsonala izan beharko da.
• Batzar horietan ez da onartuko boto eskuordeturik, ez eta posta edo bitarteko telematikoen bidezko botorik ere.
38. artikulua.– Gobernu Batzordearen osaera.
1.– Gobernu Batzordean honako kide hauek egongo dira:
• Dekanoa.
• Dekanordea.
• Idazkaria.
• Idazkariordea.
• Diruzaina.
• Gutxienez hiru eta gehienez zortzi batzordekide.
Gobernu Batzordeko kideak estatutu hauetan ezarritako prozeduraren bidez hautatuko dira. Agintaldiak lau urte iraungo du eta beste agintaldi baterako berriz hautatu ahal izango dira gehienez zortzi urteko agintaldia betetzen dutelarik.
2.– Gobernu Batzordean kargua uztea.
Gobernu Batzordeko kideek honako arrazoi hauengatik utziko dute kargua:
• Kargua betetzeko estatutu betekizunak ez betetzeagatik.
• Zegokien agintaldiaren denbora bukatzeagatik.
• Interesdunak uko egiteagatik.
• Justifikatutako inolako arrazoirik gabe urte osoan zehar Gobernu Batzordearen ondoz ondoko bi bileratara edo ondoz ondoko hirutara ez joateagatik; betiere Gobernu Batzordeak interesdunaren jokabidearen arrazoiak entzun eta horietan oinarrituta ebazpena egin duelarik.
• Zentsura mozioa onartzeagatik.
• Administrazio publikoren batean kargu politiko bat betetzeko izendapen edo karguaren bateraezintasunagatik.
• Kargu publikoa betetzeko desgaikuntza dakarren epai irmoz kondenatzeagatik.
• Estatutu hauetan ezarritako arau hauste larri eta oso larriengatiko diziplina zehapenagatik.
• Elkargoko baja hartzeagatik.
3.– Gobernu Batzordeko kideren baten postua hutsik geratuz gero, automatikoki beteko da estatutuetan ezarritako mekanismoak erabilita. Estatutu aurreikuspenik ezean, eta lehenengo hauteskundeak egin arte, Idazkariordeak hartuko ditu Idazkariaren eginkizunak. Bestalde, Diruzainaren kargua, elkargokide zenbaki zaharrena duen batzordekidearen esku geratuko da.
4.– Idazkariorde postua hutsik geratuz gero, Gobernu Batzordeko elkargokiderik zaharrenak beteko du.
5.– Batzar Nagusiak hiru kideko behin-behineko batzordea izendatuko du honako hau jazotzen bada: zentsura mozio baten ondorioz Gobernu Batzordeak ezin badu gobernatu; elkargoaren zuzeneko hautaketaren bidez hautatutako kideen erdiak baino gehiago kargugabetzen badira edo dekanoa kargugabetzen bada. Denbora baterako sortutako batzorde horrek Elkargoaren Administrazioa zuzenduko du harik eta hauteskunde prozesutik sortutako Gobernu Batzorde berri bat eratu arte. Horretarako deialdia gehienez ere bi hilabeteko epean egingo da.
6.– Aurreko paragrafoan jasotako kasuren bat gertatzen denean, eta Gobernu Batzordearen egoera larria ez denez, Gobernu Batzordearen erabaki ahalmenak administrazio izapide hutsetara eta premiazko konponbidea behar duten beste batzuetara murriztuko dira, eta ezin izango dute eragin politiko edo ekonomikorik duten erabakirik hartu.
7.– Gobernu Batzordeko kargugabetzeak (elkargoko zuzeneko hautaketaren bidez) erdia baino gutxiago direnean, dekanoa zenbaketatik kanpo geratzen delarik, Gobernu Batzordeak lanpostu hutsak betetzeko hautagaiak proposatuko dizkio Batzar Nagusiari. Ondoren, hark baimendu beharko ditu. Batzar Nagusiak berretsitako hautagaiak Gobernu Batzordean sartuko dira betetzen dituzten karguaren betebehar eta eskubide guztiekin, karguaren araberako iraupenarekin.
8.– Aurreko xedapenak gauzatzeko, kontuan hartuko dira emakumeen eta gizonen aniztasuna eta aukera berdintasuna, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Euskal Legeak ezarritakotik abiatuta.
39. artikulua.– Gobernu Batzordeko karguen eginkizunak.
Beste instantzia baten aurrean, dekanoari dagokio Elkargoaren ordezkaritza izatea. Dekanoak elkargoaren lege, araudi eta arauetan bildutako eskubide eta ahalmen guztiekin deialdiak egin eta moderatu, aktak sinatu eta ezartzen diren batzordeak koordinatuko ditu.
Eta nolanahi ere honako eginkizun hauek:
• Gobernu Batzordeko burua izatea.
• Gobernu Batzordeak ahalmena eman dionean gai judizialetarako ahalordea ematea.
• Elkargoaren kontu korronteak irekitzeko baimena ematea, bai banketxeetan, bai aurrezki kutxetan, Gobernu Batzordeak aldez aurretik horretarako emandako ahalmenen arabera.
• Diruzainen proposamenen arabera funtsen mugimenduak baimentzea.
• Gobernu Batzordeak emandako ahalmenetik abiatuta era guztietako fidantzak eta gordailuak eratu eta kitatzea.
• Gobernu Batzordeak agintzen dizkion beste guztiak.
Dekanordeak dekanoa ordezkatuko du kanpoan edo gaixorik dagoenean, edo lanpostua libre geratzen denean. Nolanahi ere dekanoak agindutako eginkizun guztiak beteko ditu.
Idazkariak eginkizun hauek izango ditu:
• Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen ohiko eta ezohiko bilkuren aktak idaztea eta horien fede ematea.
• Elkargoaren dokumentazioa eta elkargokideen espedienteak zaintzea.
• Ofiziozko edo alderdi interesdunak eskatutako ziurtagiriak egitea, betiere dekanoaren oniritziarekin.
• Komunikazioak eta dokumentuak egitea, izapidetzea eta Gobernu Batzordeari eta dagokion organo eskudunari horien berri ematea.
• Elkargoko eginkizunak betetzeko behar diren administrazioko eta zerbitzuetako langileen buru izatea eta administrazio zerbitzuak materialki antolatzea.
• Urteko kudeaketa memoria idaztea, Batzar Nagusiak onar dezan.
• Dekanoari bere eginkizunean laguntzea eta hartu beharreko ekimen tekniko, sozial edota profesional guztiak bideratzea.
• Idazkariari dagozkion gainerako eginkizunak.
Idazkariordeak idazkaria ordeztuko du hura ez dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo gaixorik dagoenean. Bai idazkaria bai eta idazkariordea ere faltaz gero, postua libre geratuz gero, edo gaixorik egonez gero, idazkariordeak berak aukeratutako Gobernu Batzordeko kide batek ordezkatuko du idazkaria, eta Gobernu Batzordeak bere karguarekin zerikusia duten eginkizun guztiak beteko ditu.
Diruzainak egindako kudeaketa ohiko liburuetan islatu beharko du behar bezala legeztatuta, eta funtsak zaintzeko erantzukizuna bere gain hartuta. Elkargoaren aurrekontua, ordainketak eta kontabilitate orokorra betearazteaz arduratuko da, eta horren garapenaren berri emango dio aldian-aldian Gobernu Batzordeari.
Bartzordekideek honako eginkizun hauek izango dituzte:
• Batzar Nagusiak, Gobernu Batzordeak edo dekanoak agindutakoak.
• Gobernu Batzordeko gainerako karguen titularrekin lankidetzan aritzea eta Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera, horietako edonor ordezkatzea huts egin, gaixotu edo postua libre utziz gero.
40. artikulua.– Gobernu Batzordea, bilerak eta deialdiak.
Bilerak eta deialdiak.
Gobernu Batzordea dekanoak deitzen duen guztietan bilduko da bere ekimenez edo kideen ehuneko hogeik eskatuta. Edonola ere, urtean gutxienez lau aldiz bilduko da.
Kide guztiei idatziz emango zaie deialdien berri. Deialdia telematikoki egin ahal izango da baldin eta gutxienez hamar egun lehenago gai zerrenda adierazten bada.
Gobernu Batzordearen egitura honako bi kasuetan izango da baliozkoa: lehenengo deialdian kideen bi heren bateratzen direnean eta bigarren deialdian gutxienez kideen erdia gehi bat dagoenean. Bi deialdien artean gutxienez hogeita hamar minutuko tartea egon beharko da.
Gobernu Batzordeko kideek euren ordezkaritza beste kide baten esku utzi ahal izango dute, horretarako sinatutako idazkiaren bidez.
Ezin izango da eztabaidatu edo erabaki gai zerrendan agertzen ez den gairik, ez bada Gobernu Batzordeko kide guztiak bertan daudela eta gehiengoaren aldeko botoaren bidez gai horren premia onartzen bada.
Idazkariak bileren akta egingo du, Dekanoaren oniritziarekin.
Koordinazioa, aktak eta erabakiak.
Gobernu Batzordearen bilkuretan dekanoa izango da buru eta hark moderatu eta koordinatuko ditu bilerak.
Idazkariak bileraren akta egingo du, dekanoaren oniritziarekin.
Emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Hala ere, emandako botoen bi hereneko gehiengoa beharko da Gobernu Batzordearen berezkoak diren eta ordeztu ezin diren eskumenen inguruan hartuko diren erabakiak onartzeko.
41. artikulua.– Gobernu Batzordearen eginkizunak.
Gobernu Batzordeari honako eginkizun hauek dagozkio:
• Estatuko edo autonomia erkidegoko lege xedapenen bitartez esleitutakoak, Lanbide elkargoen arloan jasotakoak edo jasoko direnak barne.
• Batzordeak berak ezarritako baldintzak jarraituta lanbidearentzat interesgarriak eta garrantzitsuak diren gaiak elkargokideekin partekatu eta eztabaidatzea, modu horretan elkargoaren parte hartzea sustatuz.
• Ordezkatzen dituen elkargokideen edo horietako edozeinen eskubideak eta prestigioa defendatzea lanbide gaietan irainak, kalteak, begirunerik ezak edo ezjakintasunak jasaten badituzte.
• Elkargoko eskakizunei eta zerbitzuei eusteko elkargokideek ordaindu behar dituzten sarrerako kuotak eta kuota arruntak Batzar Nagusiari proposatzea.
• Batzar Nagusiari elkargokideek ordaindu beharreko aparteko kuoten hobespena proposatzea helburu zehatz eta ezohikoei erantzuteko:
• Elkargoaren funtzionamendua ziurtatzeko behar diren kuoten zenbatekoa biltzea, bai eta estatutu hauetan aurreikusitako Elkargoaren gainerako baliabide ekonomiko guztiena ere.
• Profesionalen errolda eta legez dagozkion erregistroen kontrola eramatea, informazioa behar bezala osatuta egoteko beharrezkoak izango diren datu guztiekin.
• Psikologiarekin lotutako azterlanak, proiektuak eta proposamenak hobeto egiteko beharrezko estatistikak egitea.
• Estatutuotan ezarritako baldintzak jarraituta, elkargokideen gaineko diziplina ahalmena erabiltzea, lanbide eta elkargo arloan.
• Elkargoaren estatutuak eta horien aldaketak egitea eta Batzar Nagusiari oniritzia jasotzeko aurkeztea.
• Elkargoaren funtzionamenduari eta Barne Araudiari buruzko arauak zein Arau Deontologikoak ere egitea, gero Batzar Nagusiak onartzeko. Batzorde Deontologikoko kideen izendapenak edo kargugabetzeak proposatzea, onar daitezen.
• Elkargokideei lege, estatutu eta araudi mailako xedapenak betearaztea, baita Batzordeak berak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak ere. Era berean, horiek interpretatzea eta horien baitan identifikatutako edozein hutsune edo gabeziak konpontzea.
• Elkargokideek eskatuz gero, emandako zerbitzuengatik, proiektuengatik, txostenengatik eta abarrengatik sortutako ordainsariak kobratzeaz arduratzea.
• Dirusarreren eta gastuen urteko aurrekontuak egitea eta horien proiektua onartzea, ondoren Batzar Nagusiak onar ditzan.
• Ekitaldi bakoitzeko urteko kontuak eta aurrekontu likidazioak egitea eta horien proiektua onartzea, ostean, Batzar Nagusian aurkezteko.
• Elkargokideak onartzea edo ez onartzea.
• Gobernu Batzordeko karguetarako hauteskundeetarako deia egiteaz gain, horiek hautatzeko behar den guztia xedatzea.
• Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera ohiko edo ezohiko Batzar Nagusietarako deialdia egitea eta jorratuko diren gai zerrenda zehaztea.
• Elkargoaren funtsak kudeatzea. Beharrezkoak diren eta aurrekontuan jasota ez dauden premiazko jardueren edo gastuen inguruan erabakitzea. Ondoren, hurrengo Batzar Nagusian horren berri ematea. Ekonomiari dagokionez, oro har, eginkizun guztiak betetzea. Eta, Elkargoaren ondareari dagokionez, funtsak kudeatzea, estatutuotan ezarritakoaren arabera eginez, hau da, aurrekontuaren ehuneko hamarra gaindituz gero Batzar Nagusiari baimena eskatuz. Betiere aplikagarriak diren legeen ahalmenen arabera.
• Izaera profesional, zientifiko edo kulturaleko prestakuntza programak egitea eta gauzatzea.
• Psikologiarentzat eta psikologoentzat interesgarriak diren jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea.
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarekin, Bizkaikoarekin eta toki administrazioekin lankidetzan aritzea, laguntza psikologikoko politika zehazteko eta erakundeen artean sinatutako lankidetza hitzarmenak eta kudeaketa lanak antolatzeko eta garatzeko.
• Laguntza eta aurreikuspen izaerako jarduerak eta zerbitzuak antolatzea eta garatzea.
• Lanbiderako interesgarritzat jotzen den edozein gairako azterketa edo kudeaketa Batzorde Delegatuak izendatzea.
• Interesdunek hala eskatu ondoren eta arbitraje eginkizunak betetzea aurkezten zaizkion gaietan azken horri buruzko legeria orokorraren arabera Elkargokideen artean sor daitezkeen lanbide gatazketan bitartekari gisa parte hartzea.
• Elkargoko, lanbideko, kulturako eta abarreko gai interesgarriak eta lanbidean eragina izan ditzaketen gaien inguruko informazioa elkargokideei ematea.
• Elkargokideak beren jardunean defendatzea eta bidezkoa denean eta dagokionean Elkargoaren babesa ematea.
• Elkargoko langileak eta beharrezko laguntzaileak kontratatzea, lan erregimenean edo zerbitzuak alokatzeko erregimenean. Horrez gain elkargokideen borondatezko prestazioak onartzea.
• Dirulaguntza publiko zein pribatuak eskatu eta lortzea eta erabakitako helburuak betetzeko funtsak ematea.
• Justizia Administrazioan esku har dezaketen psikologoen zerrendak antolatzea.
42. artikulua.– Gobernu Batzordeak besterenganatu ezin dituen eskumenak.
Honako hauek dira Gobernu Batzordeak besterenganatu ezin dituen eskumenak:
• Elkargorako sarbidea ukatu bada, erabaki horren aurkako berraztertze helegiteak erabiltzea.
• Hala dagokionean, Psikologiako Elkargo Ofizialeko organoen egintza edo erabakien aurkako helegiteak ebaztea.
• Gobernu Batzordeak lantaldeetarako proposatutako araudiak eta horien aldaketak onartzea.
• Batzar Nagusiaren ezohiko bilkuren deialdia erabakitzea.
• Hala dagokionean, Gobernu Batzorderako karguak hautatzeko deialdia egitea.
• Estatutu hauen diziplina araubidean aurreikusitako zehapenak erabakitzea.
• Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedura bultzatzea.
43. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.
Gobernu Batzordeak Batzorde Iraunkorrean jardun ahal izango du. Batzorde hori dekanoak, dekanordeak, idazkariak, idazkariordeak eta diruzainak osatuko dute.
Batzorde Iraunkorra gutxienez bi hilean behin bilduko da; Elkargoa oporraldirako ixten den hilabeteetan izan ezik. Behar bezala eratuta egoteko, gutxienez hiru kide egon beharko dira bertan.
Batzorde Iraunkorreko kideek beste kide baten esku utzi ahal izango dute Batzordearen ordezkaritza. Ordezko gisa aukeratutako kideari aurretik sinatutako idazki baten bitartez adieraziko zaio bere ordezkaritza. Gainera, kide horrek eskumena izango du hitzarekin eta botoarekin.
Erabakiak gehiengoren arabera hartuko dira. Berdinketa egonez gero, erabakigarria izango da dekanoaren kalitate botoa.
Hauek dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:
• Gobernu Batzordearen bilkuretako gai zerrenda prestatzea.
• Elkargoaren jardueren jarraipena egitea.
• Gobernu Batzordeari egoki iritzitako txosten, irizpen edo proposamenak helaraztea.
• 3.000,00 eurotik beherako gastuak onartzea. Gastuok erabakia hartu eta hurrengo bilkuran berretsi beharko dira.
• Gobernu Batzordeak esleitzen dizkion eskumen guztiak bere gain hartzea, besterengatu ezin diren eskumenak direnean izan ezik.
• Elkargoan sartzeko eskaerak ebaztea, Gobernu Batzordeak eskuordetuz gero. Batzorde Iraunkorreko titularrez gain, Batzordearen balorazioa jasotzeko proposamenen bat aurkeztu nahi duten elkargokideak ere joan daitezke, aldez aurretik idazkariari horren berri eman behar diotelarik.
44. artikulua.– Aholku Batzordeak, Batzorde Deontologikoa, Lan Batzordeak eta Lantalde Profesionalak eratzea.
Gobernu Batzordeak Aholku Batzordeak, Lan Batzordeak eta Lantaldeak eratu ahal izango ditu. Nolanahi ere, Deontologia Batzordea eratuko da. Horrek txosten lotesleak egingo ditu, arrazoi deontologikoak direla-eta baloratu behar diren lanbide egintzen diziplina kalifikazioari dagokionez. Eta txosten horiez gain aholku txostenak ere egin ahal izango ditu, araudi deontologiko profesionalarekin zerikusia duten gainerako gai guztiei dagokienez.
Era berean, 25/2009 Legearen 12. artikuluan eskatutakoa betetzeko eta elkargokideei eta kontsumitzaile edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu gisa Bitartekaritza Batzordea, Hauteskunde Batzordea (estatutu hauetan araututa dagoen bezala) eta Aholkularitza Batzordea eratuko dira. Batzorde hori aurretik Gobernu Batzordeak onartu beharreko bere araudi propioaren arabera jokatuko du.
Batzar Nagusiak horretarako berariaz ezarritako araudi orokorraren arabera sortutako batzorde eta lantalde profesionalak beren araudi propioaren arabera arautuko dira. Araudi horrek beren ordezkaritza organoen hautaketa demokratikoa bermatuko du, eta baliozkoa izateko, Gobernu Batzordeak onartu beharko du.
ZAZPIGARREN ATALA
ELKARGOKIDEEK GOBERNU ORGANOETAN PARTE HARTZEA ETA HAUTESKUNDE ARAUBIDEA
45. artikulua.– Elkargokideek karguak aukeratzeko duten eskubidea.
Gobernu Batzordeko kideen izendapenerako hauteskundeak egin baino hogeita bost egun baliodun lehenago arte, elkargokide guztiek dute hautesle eta hautagai gisa jarduteko eskubidea.
Hauteskundeak egin baino hogeita bost egun lehenago honako egoeretan daudenek ezin izango dute hautesle izan: elkargokide gisa jasotako eskubideen deuseztapen zigorra betetzen ari direnek edota ordaindu beharreko kuotetan atzerapenen bat dutenek.
Era berean, hauteskunde deialdiaren egunean bertan elkargokide gisa jasotako eskubideen deuseztapen zigorra betetzen ari direnak edota ordaindu beharreko kuotetan atzerapenen bat dutenak ezin izango dira hautatu. Izan ere, bietako edozein egoerak eskubide hori kentzen die.
46. artikulua.– Hauteskundeetara deitzeko epea.
Gobernu Batzordeak lau urtean behin egingo du Gobernu Batzordeko postu guztiak betetzeko ohiko hauteskunde deialdia.
Hauteskunde arrunten deialdia gutxienez hauteskundeak egin baino hiru hilabete lehenago egingo da. Deialdiarekin batera eta estatutu hauetan ezarritakoaren arabera, Gobernu Batzordeak hauteskunde egutegia eta bozketa, zenbaketa eta aldarrikapen prozedura zehaztuko ditu, bai eta dagozkion helegiteak ere.
Dagokionaren arabera eta 38. artikuluan ezarritako epeetan, lanpostu hutsak betetzeko ezohiko hauteskundeak egingo dira, Gobernu Batzordeko kideen erdiak baino gehiagok edo dekanoak kargua uzten dutenean.
Estatutu hauetako 38. artikuluan aurreikusitako kasua gertatzen delako ezohiko hauteskundeetara deitzea beharrezkoa denean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein aparteko ekitaldi gertatzen denean ere, hauteskunde deialdia aurreko paragrafoan aurreikusitako aurrerapenarekin egingo da. Gainera, Kapitulu honetan aurreikusitako arauak beteko dira.
47. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztea eta behar bezala aurkeztuta daudenen berri ematea.
Hautagaitza osoak aurkeztu beharko dira, une bakoitzean hutsik dauden karguak betetzeko. Hautagai zerrendek kargu bakoitzerako proposatutako pertsonak zehaztuko dituzte eta itxiak izango dira. Deialdia egin eta ondorengo bi hilabeteetan aurkeztu beharko dira Hauteskunde Batzordeari zuzendutako idazki baten bidez, eta gutxienez, berrogeita hamabost elkargokideren sinadurek babestuta egongo da.
Hautatu gisa aterako den Gobernu Batzordeak sexu bakoitzeko ordezkari bat izan dezan, aurkeztutako hautagai zerrendek elkargokideen osaera orekatua izateko ahalegina egingo dute.
Hauteskunde Batzordeak behar bezala aurkeztutako hautagaitzen berri emango du gehienez hauteskundeak egin baino hogeita bost egun lehenago: iragarki taulan argitaratuko ditu, elkargokide guztiei posta elektronikoz jakinarazi eta webgunean argitaratu ditu. Horrez gain, posta bidez botoa nola eman jakinaraziko du eta horretarako txartelak emango ditu. Elkargoak dituen baliabideak eskainiko ditu, Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrenden hedapena berdintasunez egin dadin.
Hautagaiak aldarrikatzearen aurkako erreklamazioa edozein elkargokidek aurkeztu ahal izango dio Hauteskunde Batzordeari. Hori egiteko epea hiru egunekoa da eta Hauteskunde Batzordeak beste hiru egunetan ebatziko du.
Hautagai zerrenda bat besterik ez badago, hauteskundeetarako ezarritako egunean aldarrikatuko da, bozketa egin beharrik gabe.
48. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.
Hauteskunde deialdia egin eta hamabost egun naturaleko epean, Gobernu Batzordeak Hauteskunde Batzorde bat izendatuko du. Batzorde hori zozketa bidez hautatutako hiru pertsonak osatuko dute. Hautagai gisa aurkeztutako elkargokideek ezingo dute hautagai zerrenda bateko kide izan eta elkargoan gutxienez bost urteko antzinatasuna dute eta ez dute Legean aurreikusitako bateraezintasunik izango. Lehenik, lehendakari kargua beteko duen pertsona zozketatuko da; bigarrenik, idazkari kargua beteko duena; eta hirugarrenik, batzordekide bat izendatuko da. Era berean, zozketa bidez ordezko bat hautatuko da Hauteskunde Batzordeko kargu bakoitzerako.
Hauteskunde Batzordeko kideen eta horien ordezkoen izenak elkargokideei jakinaraziko zaizkie: Elkargoaren egoitzako iragarki taulan eta Elkargoak dituen komunikabide orokorretan argitaratuko dira.
Hauteskunde Batzordeak Elkargoaren egoitzan beteko ditu bere eginkizunak.
Hauteskunde Batzordearen erabakiak kideen gehiengoaren arabera hartuko dira.
Hauteskunde Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu:
• Hautagai zerrendak behar bezala aurkeztutzat aldarrikatzea eta aldarrikapen horren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.
• Elkargoaren egoitzan posta elektroniko bidez jasotako botoak zaintzea, harik eta Hauteskunde Mahaiko lehendakariari eman arte.
• Hauteskunde mahaiko kideak izendatzea.
• Emaitzen aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.
• Behin betiko aldarrikapenaren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.
• Izendatzen den unetik hauteskunde prozesu osoa sustatzea, garatzea eta zaintzea, eta behar diren erabaki guztiak hartzea.
49. artikulua.– Hauteskunde mahaia.
Hauteskunde mahaia bozketa baino bost egun lehenago eratuko da Elkargoaren egoitzan. Mahaiburu batek, idazkari batek eta bi mahaikidek osatuko dute mahaia, eta kide guztien artean hautatuko dira zozketa bidez.
Hautagaiek ezin izango dute mahaikide izan. Hala ere, artekari bat izendatzeko eskubidea izango dute hurrengo artikuluan ezarritako irizpideekin.
50. artikulua.– Kontu hartzaileak.
Hautagai zerrendek artekari bat izendatu ahal izango dute hautagai ez den hauteskunde mahai bakoitzeko. Izendatzeko epea bozketa baino hogeita lau ordu lehenagokoa izango da. Kontu hartzaileak bozketa eta zenbaketa prozesu osoan egon ahal izango du.
51. artikulua.– Bozketa.
Gobernu Batzordeko kideak sufragio unibertsal, aske, zuzeneko eta isilpekoaren bidez hautatuko dira.
Elkargokideek Gobernu Batzordeak baimendutako boto txartel ofizialetan emango dute botoa. Botoa emateko, elkargokide txartela, NAN, gidabaimena edo indarreko legediak onartutako beste edozein txartel erabiliko dute, botoa zigilatutako hautetsontzian uzten duelarik. Mahaiko idazkariak botoa eman duen elkargokidea idatziko du zerrendan.
52. artikulua.– Posta bidezko botoa.
Era berean, elkargokideek postaz eman ahal izango dute botoa. Horretarako, hauteskunde mahaiko lehendakariari bidaliko diote boto txartela itxitako gutunazalean, azken hori beste batean sartzen dutelarik. Bigarren gutun azalean elkargokide txartelaren, NANaren edo gidabaimenaren edo indarrean dagoen legeriak onartutako beste edozein identifikazioren fotokopia erantsiko da. Kanpoko gutunazalean boto emailearen izena eta elkargokide zenbakia adierazi beharko dira, behar bezala irakurtzeko moduan.
Posta bidezko botoak Hauteskunde Batzordeak jasoko ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen. Ixteko ordua iritsitakoan, Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiko lehendakariari emango dizkio posta bidez jasotako botoak. Izan ere, hark egiaztatuko du posta bidezko botoak boto eskubidedun elkargokideei dagozkiela, eta ez dutela botoa pertsonalki ere eman. Mahaiko lehendakariak elkargokideen zerrendan botoa postaz eman dutenak markatu ondoren, mahaiburuak aurrez aurre jasotako botoen kanpoko gutunazalak irekiko ditu eta zenbaketan sartuko ditu.
Posta bidezko bototzat hartuko dira modu horretan botoa emateko jarraibideak bete eta bozketa ixteko ordua baino lehen hauteskunde egoitzara heldu direnak.
Hauteskunde Batzordeak erabakiko du posta bidezko botoak erregistratzeko jarraitu beharreko prozedura, bai eta boto horiek zaintzeko prozedura ere, betiere Elkargoaren aukera ekonomikoen eta giza baliabideen barruan.
53. artikulua.– Bozketako eta boto zenbaketaren aktak.
Hauteskunde mahaiko idazkariak bozketaren eta horren gorabeheren akta egingo du. Akta hori mahaiko kide guztiek sinatu beharko dute aztertzaileekin batera, egonez gero. Partaide guztiek kexak aurkezteko eskubidea izango dute eta sinatzean, euren ustez egon litezkeen gorabeheren azalpena eman dezakete, idatziz zehaztuta.
Bozketa amaitutakoan, boto zenbaketa publikoa egingo da eta aktan horren emaitza sartuko da.
Bozketa itxi eta hogeita lau orduko epean, idazkariak hauteskunde aktak eta boto emaileen zerrendak bidaliko dizkio Hauteskunde Batzordeari. Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu kontu hartzaileen erreklamazioak eta gainerako gorabeherak.
54. artikulua.– Botoak zenbatzeko sistema.
Botoak zenbatzeko sistema honako hau izango da:
• Hautagaitza osoek lortutako botoak zenbatuko dira.
• Zerrendarik bozkatuena aukeratuko da. Berdinketa gertatuz gero, bozketa errepikatu egingo da.
• Hauteskunde mahaiak baliogabetzat hartuko ditu boto orriek honakoren bat: zirriborratuak, zuzenketak edo zalantza eragin dezakeen edozein aldaketa. Postaz emandako botoei dagokienez, baliogabeak izango dira, boto orri bat baino gehiagokoak, salbu eta boto orriak hautagai zerrenda berekoak badira.
• Azken kasu horretan, boto orrietako bakarra kontabilizatuko da.
55. artikulua.– Hautaketaren emaitza aldarrikatzea.
Aztertzaileen erreklamazioak eta gainerako gorabeherak ikusita, Hauteskunde Batzordeak ez badu antzematen bozketa baliogabetu dezakeen eduki edo forma akatsik, hamar eguneko epean aldarrikatuko du hautaketaren emaitza. Elkargokide guztiei aldarrikapena egin eta berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko zaie. Horretarako, Elkargoko Idazkaritzan argitaratuko da. Ostean, erreklamazioak aurkezteko bost eguneko epea irekiko da.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak hamar eguneko epea izango du erreklamazioak ebazteko, eta hauteskundeak baliogabetzeko aukerarik ez dagoela uste badu, estatutu hauetan aurreikusitako zenbaketa sistemaren arabera Elkargoko Gobernu Batzordea behin betiko hautatuko du. Emaitza elkargokide guztiei jakinaraziko die Elkargoko Idazkaritzan.
Aukeratutako Gobernu Batzordeak gehienez hilabeteko epean hartuko du kargua, aldarrikatzen denetik zenbatzen hasita.
56. artikulua.– Hautaketa baliogabetzea.
Aurkeztutako gorabeherak edo kexak ikusita, Hauteskunde Batzordeak hautaketa baliogabetzea erabakitzen badu, Gobernu Batzordeak, Hauteskunde Batzordearen txostena jaso ondoren, beste hauteskunde batera deituko du. Bigarren Hauteskunde horiek gehienez ere bi hilabeteko epean gauzatuko dira. Ordura arte ez dira azken emaitzak aldarrikatuko.
57. artikulua.– Hauteskunde arloko helegiteak.
Edozein elkargokidek estatutuotan ezarritako bitartekoak erabil ditzake Hauteskunde Batzordeak hauteskunde gaietan emandako ebazpenen aurka helegitea jartzeko, betiere estatutu hauetako 71. artikuluan legeetan aurreikusitakoei kalterik egin barik.
ZORTZIGARREN ATALA
EKONOMIA ETA ADMINISTRAZIO ARAUBIDEA
58. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak eta ondarea.
Elkargoak bere helburuak betetzeko behar dituen baliabideak izan beharko ditu, eta elkargokideek nahitaez lagundu beharko dute helburu horiei eusten, araudian ezarritako moduan.
59. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomiko motak.
• Honako hauek dira Elkargoaren baliabide arruntak:
• Elkargoan sartzeko kuotak, ohiko kuotak eta Batzar Nagusiak onartutako kuota bereziak.
• Elkargoak emandako zerbitzuengatiko ekarpenak.
• Gobernu Batzordeak edozein gairi buruz egindako txostenak, irizpenak, ebazpenak edo kontsultak egiteko eskubideak. Ordainsari horiek ezin izango dute inola ere Elkargoak psikologoaren berariazko jarduneko zerbitzuengatik emandakoak izan.
• Ziurtagiriak emateagatik Gobernu Batzordeak finkatutakoaren arabera jasotako eskubideak.
• Inprimaki ofizialen, baimendutako zigiluen eta beste zerbitzu orokor batzuen salmentatik eratorritakoak.
• Elkargoaren ondarea osatzen duten jarduerek, ondasunek, zerbitzuek edo eskubideek sortzen dituzten edozein motatako etekinak, bai eta Elkargoaren banku kontuetan gordailututako funtsen errendimenduak ere.
• Honako hauek dira aparteko baliabideak:
• Elkargoak Estatuaren, autonomia erkidegoaren edo korporazio ofizialen, erakundeen edo norbanakoen eskutik jasotako dirulaguntzak edo hobariak.
• Jaraunspen bidez edo beste titulu baten bidez ondarearen parte bilakatutako mota guztietako ondasunak eta eskubideak.
• Elkargoari, beste edozein kontzepturengatik ondasun edo errenta jakin batzuk administratzen dituenean, aldi baterako edo betiko enkarguren bat betetzeko, baita kultura edo ongintza enkarguren bat betetzeko ere, dagozkion zenbatekoak.
• Legez dagokion beste edozein.
60. artikulua.– Baliabideak biltzea.
• Sartzeko kuotak.
Elkargokideek, Elkargoan izena ematean, sartzeko kuota bat ordainduko dute. Batzarrak kuota horren zenbatekoa finkatu eta aldatu ahal izango du Gobernu Batzordeak hala proposatzen duenean.
Izena emateko kuotetan, ohikoetan eta ohiz kanpokoetan, 18. eta 19. artikuluetan elkargokide mota desberdinetarako erabakitakoa hartuko da kontuan.
• Kuota arruntak.
Kuota arruntak dira Elkargoaren ohiko mantentze eta funtzionamendurako ordaintzen direnak.
Elkargokideek ezarritako kuotak zehaztutako epeetan ordaintzeko betebeharra dute. Kuota horien zenbatekoa Batzar Nagusiak zehaztuko du Gobernu Batzordeak urteko aurrekontuetan proposatutakoaren arabera.
Elkargoko kuotak sei hilean behin eta dagokion seihilekoaren lehen hilabetean ordaindu beharko dira.
Ordainketak eguneratuta ez izateagatik, Elkargoak kide guztiei eskainitako zerbitzuak jasotzeko eskubidea galduko da 22. artikuluan adierazitako moduan. Pilatutako zorrak dagozkien errekarguekin ordaintzearekin batera, eskubideok berreskuratuko dira.
Ordainketaren eskaria egin eta bi hilabete igaro ostean, Gobernu Batzordeak elkargokideari jakinaraziko dio elkargokide izateari utzi diola. Kasu horietan, elkargokideek beren eskubideak birgaitu ahal izango dituzte, baldin eta zordundutakoa gehi ordainagiriak itzultzeak eragindako banku gastuak ordaintzen badituzte.
• Aparteko kuotak.
Zorren edo aparteko ordainketen kasuan, eta Gobernu Batzordeak hala proposatuta, Batzar Nagusiak aparteko kuotak ezarri ahal izango ditu. Horiek elkargokide guztiek nahitaez ordaindu beharko dituzte.
• Ikasle elkartuaren kuota edo ekarpena.
Batzar Nagusiak finkatuko du Gobernu Batzordeak hala proposatuta.
61. artikulua.– Zaintza, inbertsioa eta administrazioa.
• Zaintza eta inbertsioa.
Elkargoaren kapitala berme guztietako baloreetan inbertituko da lehentasunez.
Baloreak Gobernu Batzordeak erabakitako banku erakundean gordailutuko dira.
Elkargoak ezin izango du bere diru iturrien administrazioa diruzaina ez den beste pertsona baten esku utzi.
Ekitaldi ekonomikoa superabitarekin amaitzen denean, superabitaren % 0,7 erabili ahal izango da gutxienez, irabazi asmorik gabeko erakunderen batekin elkartasunez lankidetzan aritzeko. Erakunde hau Gobernu Batzordeak proposatuta hautatuko da ohiko batzarrean.
• Elkargoaren ondarearen administrazioa.
Elkargoaren ondarea Gobernu Batzordeak administratuko du. Dekanoak izango du ordainketak agintzeko funtzioa.
• Kontuak aztertzea.
Elkargoko erroldaren % 10 baino gehiago duten elkargokideek ekitaldi ekonomikoaren inguruko edozein daturi buruz eskaera zehatza egin ahal izango dute.
Elkargoaren kontuak aztertuak izan daitezke onarpenerako aurkeztuko diren Ohiko Batzar Nagusia egiteko adierazitako eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenagotik deialdira bitartean.
• Elkargokideak, Kontuen Azterlariak.
Batzar Nagusiak, zozketa bidez, kontu azterlari diren bi elkargokide eta bileran bildutakoen artetik beste bi ordezko izendatu ahal izango ditu. Horiek ekitaldian bertan onartuko dute kargua, bidezko arrazoirik izan ezean, eta Batzarraren agindupean jardungo dute. Batzarrak horien agintaldi hori bertan behera utzi ahal izango du.
Batzar Nagusiak Gobernu Batzordeari eskuordetu ahal izango dio kontu azterlarien eta horien ordezkoen izendapena, elkargokide guztien artean zozketa publiko bidez hautatu daitezen.
Elkargokide kontu azterlariek Gobernu Batzordeak onartutako Balantzea eta Galera-Irabazien Kontua aztertu eta haien berri eman beharko dute, ondoren Batzar Nagusian aurkezteko.
Kontuen azterlari karguaren iraupena ekitaldi ekonomiko batekoa izango da, eta haiek ikuskatutako kontuak onartu ondoren utziko du kargua.
• Kontu azterlarien jarduna.
Elkargokide kontu azterlariek Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialaren kontabilitatea, liburu osagarriak eta gainerako dokumentazio osagarria eta beharrezko aurrekariak aztertu ahal izango dituzte. Jarduera hori Elkargoaren egoitzan bertan gauzatu beharko dute, eta ezin izango dute inolako dokumenturik atera. Jarduera horretarako, Gobernu Batzordeko diruzainarekin harremanduko dira.
Azterlarien jarduera gehienez ere hilabeteko epean gauzatu beharko da, Gobernu Batzordeak Balantzea eta Galdu-Irabazien Kontua onartzen dituenetik zenbatzen hasita, eta epe hori dagokion Ohiko Batzar Nagusia egin aurretik igaro beharko da beti.
Kontu azterlariek beren kargua betetzeagatik barneratzen dituzten datu guztiak isilpean gordetzeko betebeharra dute, Batzar Nagusian jasotako mandatuari zor zaion betebehar oro aurkeztea kaltetu barik. Konfidentzialtasun betebehar hori hausteak, hala badagokio, legeak eskatzen duen erantzukizuna ekar dezake.
• Kontu azterlarien aktak.
Kontu azterlariek dagokion akta idatzi beharko dute, eta Balantzeari eta Galdu-Irabazien kontuari buruzko haien balorazioa jaso beharko dute.
Kontu azterlariek beren txostena aurkeztu eta defendatu behar dute dagokion Batzar Nagusian, eta horren kopia bat eman beharko diete dekanoari eta Gobernu Batzordeari, bilera egin baino hamabost egun lehenago.
62. artikulua.– Urteko aurrekontua.
Aurrekontua urtero egingo da, urte naturalen arabera, eraginkortasun eta ekonomia printzipioen arabera, eta elkargoaren diru-sarrera eta gastu guztiak jasoko ditu.
Era berean, ekitaldiko urteko kontuak egingo dira urtero, eta kanpo-auditoria egingo da.
63. artikulua.– Urteko aurrekontua gauzatzea.
Elkargoko zerbitzuen zuzendaritza Gobernu Batzordearen ardurapean egongo da, eta horrek ezarritako jarraibideen arabera gauzatuko da aurrekontua.
64. artikulua.– Eskumenari ezin uko egitea. Eskuordetzea eta aldi baterako eskuordetzea.
Elkargoko organoen eskumenari ezin zaio uko egin, eta eskumen hori dutenek baliatuko dute, estatutu hauetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako eskuordetze eta aldi baterako eskuordetze egoeren kalterik gabe.
65. artikulua.– Hitzarmenen eraginkortasun eta publikotasuna.
• Egintzen eraginkortasuna.
Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzordearen eta dekanoaren eta Gobernu Batzordeko gainerako kideen erabakiak baliozkotzat joko dira, eta ematen diren egunetik aurrera egongo dira indarrean, 71. artikuluan aurreikusitakoaren kalte barik.
• Erabakiak jakinaraztea.
Elkargoaren erabakiak eta arauak argitaratu egin beharko dira, bai Elkargoaren informazio organoetan sartuz, edo baita posta elektronikoz edo zirkular bidez ere, elkargokide guztiek horien berri izan dezaten. Interesatuei indibidualki jakinaraziko zaizkie beren eskubide eta interesei eragiten dieten erabakiak.
Edozein gairi buruz elkargokideei zuzenean jakinarazi behar zaizkien erabakiak Elkargoan egiaztatuta duten helbidean egin ahal izango dira, estatutu hauetan ezarritako betebeharra betez.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura komunaren urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera egingo dira jakinarazpenak.
66. artikulua.– Gobernu organoen bileren aktak.
Elkargoko idazkariak Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bilera bakoitzaren akta egingo du, ohiko zein ezohiko bilkuretan.
Akta horiek, onartu ondoren, liburuetara transkribatuko dira, Batzar Nagusiaren bilerei eta Gobernu Batzordeari dagokiona bereizita egongo direla kontuan hartuta.
Dekanoaren eta idazkariaren lanpostuetan dihardutenek edo estatutuen arabera horien ordezko direnek sinatu beharko dituzte akta horiek.
Sistema tekniko egokien bidez artxibatu eta kontserbatuko dira elkargoko organoetako aktak, bai eta kontabilitate agiriak ere, betiere egiazkotasuna behar bezala bermatzen badute.
67. artikulua.– Ziurtagiri eta inprimaki ofizialak.
Elkargoak bere lurralde eremuan erabili beharreko dokumentazio eta ziurtagiri ofizial psikologiko guztien inprimakiak editatu eta banatuko ditu, horien helburua edozein dela ere, eta zerbitzu hori antolatzea ere berari dagokio, dokumentazio eta ziurtagiri horien inguruan indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera.
Elkargoak erregistro bat izango du mota guztietako dokumentazio pertsonalizatua sartu eta ateratzeko, eta erregistro horretan egindako oharpenen fede emateko eta justifikatzeko eginkizuna izango du.
68. artikulua.– Elkargoaren egintzek legeei eta estatutuei men egitea.
Estatutu hauetan berariaz aurreikusi ez diren Elkargoaren egintza guztiak aplikatu beharreko legezko eta araudi bidezko arauen mende egongo dira, eta, haien izaeraren arabera, baita administrazio arloko arau orokorren mende, edo, hala badagokio, arau zibilen mende; eta, beraz, jurisdikzio batean edo bestean helegitea aurkeztu daiteke.
Jakinarazpenak hamar eguneko epean egin beharko dira, egintza eman den egunetik zenbatzen hasita, eta ebazpenaren testu osoa jaso beharko da, administrazio bidean behin betikoa den ala ez, zein errekurtso jar daitezkeen, zein organori aurkeztu behar zaizkion eta zein epetan aurkeztu behar diren adierazita. Hala ere, interesdunek egoki iritzitako beste edozein helegite erabil dezakete.
69. artikulua.– Elkargoko organoen egintzen deuseztasun osoa eta partziala.
Elkargoak zuzenbide publikoko erakunde gisa jarduten duenean, zuzenbide osoz erabat deuseztagarriak izango dira ondorengo elkargoko organoen egintza hauek:
• Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunen funtsezko edukiari kalte egiten diotenak.
• Gaia edo lurraldea dela-eta argi eta garbi eskumenik ez duen organoak emandakoak.
• Ezinezko edukia dutenak.
• Arau hauste penala direnak edo arau hauste horren ondorioz ematen direnak.
• Legez ezarritako prozedura edo elkargoko organoen borondatea eratzeko funtsezko arauak erabat alde batera utzita emandakoak.
• Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak edo presuntziozkoak, baldin eta egintza horien bidez ahalmenak edo eskubideak eskuratzen badira, horiek eskuratzeko funtsezko baldintzak betetzen ez direnean.
• Lege mailako xedapen batean berariaz ezartzen den beste edozein deuseztagarriak dira ordenamendu juridikoa hausten duten egintzak, boterea desbideratzen dutenak barne.
70. artikulua.– Egintza deuseztagarriak berrikustea.
Dekanoak egintza deuseztagarria, osorik edo partzialki, dagoela jakiten duenean, egintza deuseztagarriak edo administrazio egintzak bertan behera uzteko ezarritako legezko xedapenen arabera jardungo du.
Behin ofiziozko berrikuspen prozedura hasitakoan, dekanoak egintzaren betearazpena eten ahal izango du.
71. artikulua.– Elkargoko organoen egintzen aurkako errekurtsoak.
Elkargoak funtzio publikoak betetzen dituen bitartean, errekurtso araubidea Administrazio Publikoen Araubidearen eta Administrazio Prozedura komunaren Legearen mende egongo da.
Batzorde Iraunkorraren egintza eta erabakien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, lehen auzialdian, Batzorde Iraunkorraren beraren aurrean, eta, ondoren, Gobernu Batzordearen aurrean. Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordearen erabakien eta egintzen aurkako errekurtsoa instantzia berean baino ezin izango da jarri, eta bertan agortzen da administrazio bidea.
Ohiz kanpo, berrikusteko errekurtsoa jar daiteke administrazio bidea agortzen duten elkargoko organoen egintzen aurka. Errekurtso hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Komunaren urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera izapidetuko da.
Era berean, interesdunak eskatu eta helegitea jarritako egintzak etetea erabaki daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Komunaren urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduan.
72. artikulua.– Kudeatzaileaz.
Gobernu Batzordeak askatasunez izenda dezake kudeatzaile bat, eta harengan eskuordetuko ditu egoki iritzitako administrazio, ordezkaritza eta xedapen ahalmenak. Honako eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:
• Elkargoko bulegoa antolatzea.
• Erabilera arrunteko baliabide materialak edukitzea.
• Lan kontratuko langileen zuzendaritza eta koordinazioa.
• Agintzen zaizkion elkargoko organoen erabakien gauzatze materiala.
• Planifikatutako jarduerak kontrolatzea, egindakoarekin alderatuta, eta desbideratzeak edo desberdintasunak antzematea.
Gobernu Batzordeak berak ere askatasunez egingo du banaketa.
Kudeatzailea elkargoko organoen bileretara joango da, hala eskatzen zaionean. Bertaratzen den bileretan hitza izango du, baina botorik ez.
Kudeatzaileak erabakitzeko askatasunez jardungo du, Gobernu Batzordeak ezartzen dizkion irizpideen arabera, eta bere jardunaren erantzukizuna izango du.
BEDERATZIGARREN ATALA
DIZIPLINA ARAUBIDEA
73. artikulua.– Erantzukizuna.
Elkargokideak, beren lanbide jardueran dihardutela, legeek zehaztutako erantzukizun zibil eta penalen mende daude, bai eta estatutu hauetan ezarritako diziplina erantzukizunen mende ere.
Elkargoko kide izatearen ondorioz, elkargokideek Elkargoaren diziplina araubidea onartzen dute, soilik elkargoko betebeharren eta oro har ezartzen diren arau deontologiko profesionalen arau hausteak aurreikusi eta zuzentzeko eskumenak biltzen dituena.
1.– Eskumenak eta lankidetza.
Beste lurralde bateko elkargokideek edo Bizkaiko lurraldean jarduten duten beste elkargo bateko kideek, jarduera profesionala garatzean, Bizkaiko Elkargoari dagozkio antolamenduko eta diziplina arloko eskumenak. Ondorioz, kontsumitzaile eta erabiltzaileei zerbitzu egokia emateari begira, Elkargoak dagozkion komunikazio mekanismoak eta administrazio lankidetzako sistemak erabiliko ditu gainerako elkargoekin, azaroaren 17ko 17/2009 Legean aurreikusitako zerbitzuetarako sarbidearen inguruan. Bizkaiko Elkargoak edo lanbide jarduera gauzatzen den lurraldeko elkargoak ezarritako zehapenek Espainiako lurralde osoan izango dute eragina.
2.– Diziplina erantzukizuna. Printzipio orokorrak.
Beren betebehar profesionalak edo estatutu hauetan araututakoak hausten dituzten psikologoek diziplina erantzukizuna izango dute, egitate berberengatik izan dezaketen beste edozein erantzukizun zibil, penal edo administratiboak edonolakoak direla ere.
Elkargokideek diziplina erantzukizuna izango dute estatutu hauetan eta Kode Deontologikoan ezarritako kasu eta inguruabarretan.
Diziplina zehapen korporatiboak elkargokidearen espediente pertsonalean jasoko dira.
74. artikulua.– Diziplina ahalmenak.
Gobernu Batzordeak izango du diziplina ahalmena erabiltzeko eskumena.
Diziplina ahalmenak lanbide betebeharrak edo jokabide arau etikoak hausteagatiko zehapenera hedatuko dira, lanbideari eragiten diotenean.
Diziplina prozeduran zehaztutako izapideen bidez, espedientea osatu aurretik deklaratuko da diziplina erantzukizuna.
75. artikulua.– Hutsegiteen sailkapena.
Faltak arinak, astunak eta oso astunak izango dira.
• Falta arinak honakoak dira:
a) Elkargoak dokumentazio profesionalari buruz ezarritako arauak ez betetzea.
b) Elkargoak egiten dituen txostenen eta bestelako dokumentuen eskakizunei jaramonik ez egitea.
c) Lankideekiko errespeturik eza, betiere lankideak larriki iraintzen ez badira.
d) Publizitate profesionalari buruzko arauak ez betetzea, Publizitateari buruzko Lege Orokorrean eta, hala badagokio, hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.
e) Lanbide jarduera arautzen duen beste edozein agindu urratzea, betiere Estatutu hauen arabera arau hauste larria edo oso larria ez bada.
• Falta astunak honakoak dira:
a) Psikologoak elkargokide izan gabe lan egitea, betiere elkargokide izateko betebeharretik salbuesten duen inguruabarren bat gertatzen ez bada.
b) Betebehar profesionalak ez betetzea, jarduera profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kalterik eragiten badie.
c) Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Euskal Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, ezagutzen duen intrusismo egintza edo lanbide jardun irregular oro jakinarazteko betebeharra urratzea.
d) Lanbide jardunaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizun zibileko arriskuak estaltzeko aseguramendu betebeharra ez betetzea.
e) Lanbidean nahitaez jarduteko betebeharra ez betetzea, aipatutako legearen 13. artikuluan aipatzen diren arrisku larriko edo hondamen publikoko kasuetan, betiere zerbitzua ematea eragozten duen bidezko arrazoirik ez badago, horretarako behar bezala eskatu zaionean.
f) Lanbide bereko beste profesional batzuen edo haren gobernu organoen duintasuna larriki iraintzea, lanbidean aritzearen ondorioz haiekin harremana duten pertsona edo erakundeak erasotzea, eta baita profesional horiei fisikoki erasotzea ere.
g) Lehia desleiala dakarten egintzak, epai judizial irmo bidez deklaratu ondoren.
h) Elkargoaren edo bere organoen ohiko funtzionamendua eragozten edo aldatzen duten egintzak.
i) Gutxienez bost arau hauste arin egitea bi urteko epean, edo hiru zehapen arin pilatzea urtebeteko epean.
j) Oro har ezarritako arau deontologikoak haustea.
k) Lanbidearen duintasunari edo prestigioari eraso egiten dioten egintzak eta ezegiteak.
l) Sekretu profesionala larriki urratzea, erruagatik edo zabarkeriagatik, hirugarrenari kalte eginez.
m) Egia esan gabe txostenak jaulkitzea edo ziurtagiriak bidaltzea.
n) Elkargoko organoetan karguei dagozkien betebeharrak ez betetzea.
• Falta oso astunak honakoak dira:
a) Psikologoaren lanbidean aritzea dagokion titulua izan gabe.
b) Lanbide betebeharrak ez betetzea, lanbide jarduera eskatzen edo hitzartzen dutenei kalte larria eragiten dienean.
c) Sekretu profesionala nahita urratzea.
d) Lanbidean jardutea lanbidean aritzeko gaitasunik eduki gabe edo bateraezintasun edo debeku kausaren bat izanda.
e) Iruzurrezko delituak egitea, edozein partaidetza mailatan, lanbidean aritzearen ondorioz.
f) Gutxienez bi arau hauste astun egitea bi urteko epean. Aurreko paragrafoan i) letran adierazitako arau haustea salbuesten da.
g) Pertsonen duintasunaren aurkako erasoa, jarduera profesionala dela-eta.
76. artikulua.– Zehapenak. Preskripzioa.
Falta arinei honako zehapen hauek ezarri ahal izango zaizkie:
• Idatzizko ohartarazpena, elkargokidearen espedientean jasota.
• Gehienez ere 300 euroko isuna.
Falta astunei honako zehapen hauek ezarri ahal izango zaizkie:
• Gehienez ere urtebeteko lanbide desgaikuntza.
• 301 eta 3.000 euro bitarteko isuna.
Falta oso astunei honako zehapen hauek ezarri ahal izango zaizkie:
• Urtebete eta egun bat eta hogei urte bitarteko desgaikuntza profesionala.
• 3.001 eta 30.000 euro bitarteko isuna. Arau hausleek arau haustearen ondorioz etekin ekonomikoa lortu balute, aurreko paragrafoetan aurreikusitako gehieneko mugetatik onura ekonomiko horren ebaluazioa gainditzen duen zenbatekoan handituko litzateke isuna, ebaluazio horren baliokidea gutxienez eta horren bikoitza gehienez.
Zehapenak kasuan kasuko inguruabarren arabera mailakatuko dira.
Aurreko zehapenek ez diete kalterik egingo zigortutako pertsonek izan ditzaketen erantzukizunei.
Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak diziplina ahalmena erabiliz jasotzen dituen isunen emaitza lanbide prestakuntza iraunkor eta deontologikoko programak sustatzera bideratuko da oso-osorik. Horretarako, momentuko prozeduraren arabera, kasuan kasuko araudiaren araberako neurriak hartu eta betearaziko dira.
Arau hauste oso astunak hiru urtera preskribatuko dira, astunak bi urtera eta arinak urtebetera.
77. artikulua.– Deontologia Batzordearen zehapenak eta eskumenak ezartzea.
Gobernu Batzordearen eskumena da elkargokideei zehapenak ezartzea, aldez aurretik espedientea bideratu ondoren. Espediente horretan, nolanahi ere, interesdunari entzungo zaio, eta prozedura horiek izapidetzeko lege edo araudi xedapenek ezarritako printzipioak ere kontuan hartuko dira.
Gobernu Batzordeak ustezko hutsegiteen berri emango dio Deontologia Batzordeari, horien edukiak lanbide egintzen diziplina kalifikazioari dagokionean.
Deontologia Batzordeak dagokion espedientea bideratuko du, eta bideratzailea izendatuko du, gertakarien edukia baloratuz, zehapen prozedurak arautzen dituzten lege edo araudi xedapenak kontuan hartuz. Eta azkenik, irizpena emango du, Gobernu Batzordeak ebazpena eman dezan. Irizpen hori loteslea izango da falten kalifikazioan.
Zehapenak ezartzearen aurka, errekurtso arrunta jarri ahal izango da estatutu hauetan eta lege aplikagarrietan aurreikusitako moduan, interesdunak egoki iritzitako beste batzuk ere jarri ahal izango dituen arren.
78. artikulua.– Zehapenak eta errekurtsoen araubidea ezartzea.
Diziplina prozedurari amaiera ematen dion Gobernu Batzordearen ebazpenaren aurka, interesdunak berraztertzeko helegitea aurkeztu ahal izango dio diziplina ebazpena eman zuen batzordeari berari, hilabeteko epean. Epe hori igaro eta helegiterik aurkeztu ez bada, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako, berrikuspen helegite bereziaren jatorriari kalterik egin gabe.
Ebazpena irmoa denean, eta erreklamazio zibilaren kasuan, elkargoak aukera emango die alderdiei arbitraje baten mende jartzeko, inplikatutako guztien adostasunarekin. Kasu honetarako arbitraje batzordea dekanorde eta Deontologia Batzordeko lehendakari eta idazkari karguak betetzen dituztenek osatuko dute.
79. artikulua.– Kuotak ez ordaintzeagatiko baja.
Estatutu hauetako 21. artikuluko c) arrazoiarengatik elkargokideari baja ematean espedientearen instrukzioa egitea ez da beharrezkoa izango.
80. artikulua.– Elkargoko gobernu organoen bileretara ez joatea.
Gobernu Batzarreko kideak, bidezko arrazoirik gabe, dagokion organoaren jarraian bi bilkuratara edo elkarren segidakoak ez diren hiru bilkuratara joateari uzten badiote hamabi hilabeteko epean, kargutik kendu ahal izango dira Gobernu Batzordearen erabakiz, eta horrek ez du aurretiazko espedienterik osatu beharrik izango.
HAMARGARREN ATALA
AIPU BEREZIEN ETA SARIEN ARAUBIDEA
81. artikulua.– Eskumena.
Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak, bere Gobernu Organoen proposamenez, hainbat kategoriatako sariak eta ohoreak eman ahal izango ditu, horien hartzekodun egiten diren pertsonek maila korporatiboan edota profesionalean lortutako merezimenduen arabera, estatutu hauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
82. artikulua.– Sariak.
1.– Elkargoak Gobernu Batzordearen erabakiz eman ditzakeen sariak ohorezkoak eta izaera ekonomiko zientifikokoak izan daitezke.
2.– Ohorezkoak izan daitezke:
a) Zorionak eta aipamenak.
b) Kondekorazio ofizialen proposamena.
c) Ohorezko aitorpenak:
• Nazioko edo atzerriko erakunde edo korporazioak, Gobernu Batzordearen iritziz eta hark proposatuta, Lanbidearen alde egindako merezimenduengatik sari hori merezi dutenak.
• Psikologoak izan ala ez, Psikologiaren Lanbidean lan garrantzitsua eta merezimenduzkoa egin dutenak.
Izendapen horrek ohorezko izaera baino ez du izango, elkargoaren bizitzan eta araudiko arauek ezar ditzaketen Elkargoaren zerbitzuetan parte hartzeari kalterik egin gabe.
3.– Ekonomia eta zientzia izaerako sariak une bakoitzean erabakitzen direnak izan daitezke, eta honako hauetan datza:
a) Ikerketa lanei emandako sariak.
b) Gobernu Batzordeak argitaratzea erabakitzen dituen balio zientifiko handiko lanak Elkargoaren kontura argitaratzea.
HAMAIKAGARREN ATALA
ESTATUTU HAUEK BERRITZEA ETA ELKARGOA DESEGITEA
83. artikulua.– Estatutu hauek berritzea.
• Estatutu hauen berrikuntza egiteko eskaera, osoa edo partziala izan, Gobernu Batzordeak edo gutxienez elkargokideen ehuneko hamabostek eskatu beharko dute.
• Berritzeko proposamenaren testua elkargokideei bidaliko zaie, Gobernu Batzordeak ezarritako epean zuzenketak aurkeztu ahal izan ditzaten.
• Zuzenketak aurkezteko emandako epea igarotakoan, Ezohiko Batzar Nagusia egiteko deialdia egingo da, bi hilabeteko epean, proposatutako berrikuntza onartzeko, hala badagokio.
• Aipatutako Batzarrean, berritzeko proposatu duenak, berrikuntza hori defendatzeko argudioak azalduko ditu, eta zuzenketak aurkeztu dituzten pertsonek bereak ere azaldu ahal izango dituzte.
• Dekanoak zuzendutako eztabaidaren ondoren, lehenik eta behin zuzenketa bakoitza indibidualki bozkatuko da eta, ondoren, behin betiko testua bozkatuko da.
• Estatutuen edozein berrikuntza onartzeko, emandako botoen bi herenen gehiengoa beharko da.
84. artikulua.– Elkargoa desegitea.
Elkargoa ezin izango da desegin, bere helburuak bertan behera utziz baino, Batzar Nagusiak aldez aurretik hala erabakita. Elkargoa deseginez gero, Gobernu Batzordeak likidazio batzorde gisa jardungo du, eta sobera dauden ondasunen helburuari buruzko proposamenak egingo dizkio Batzar Nagusiari, likidatzeke dauden betebeharrak kitatu ondoren, eta Psikologiarekin eta gizarte intereseko eginkizunetan diharduen irabazi asmorik gabeko edozein erakunderi esleituko dizkio.
Izaera publikoa duten diru-sarrerak, horien arauetan ezarrita dagoen helbururako erabiliko dira.
RSS