Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2023ko apirilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1675

904/2022 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, medikuen eta erizainen guardien arloan eta langileen arloan eskumenak eta sinadura eskuordetzan emateari buruzkoa.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Osakidetzako zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 1725/2022 Ebazpenaren bidez, Asier Esnal Albizu jauna izendatu zen Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerente.

Bigarrena.– Debabarreneko ESIan, zuzendari-gerenteak dokumentu asko sinatu behar ditu, jarduera handia baita kontratazioaren arloan eta langileen kudeaketaren arloan.

Hirugarrena.– Komenigarritzat jo da zuzendari-gerenteak Zuzendaritza Taldeko beste organo batzuen esku uztea Debabarreneko ESIko zeregin eta jarduera batzuk, prozedurak arintzeko eta lan-kargak banatzeko, kudeaketa arinagoa eta parte-hartzaileagoa izan dadin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Osakidetza Ente Publikoaren Estatutuen 15. artikuluko 2. puntuak ezartzen duenaren arabera, zuzendaritzako kideek zuzendari-gerenteak euren esku utzitako zeregin eta betekizunak hartu ahal izango dituzte.

Bigarrena.– Era berean, Ente Publikoaren Estatutuen 15.2 artikulu horrek berak xedatzen du zehaztu egingo dela zuzendari-gerentea kanpoan edo gaixo dagoenerako edo lanpostua hutsik dagoenerako zer Zuzendaritza arduratuko den haren eginkizunez, eta, hala balegokio, Zuzendaritza Medikoa arduratuko dela funtzio horietaz.

Hirugarrena.– Ente Publikoaren Estatutuen 20. artikuluak ezartzen duenaren arabera, zuzendari-gerentea edo hark eskuordetzen duen zuzendaritzako kargua da kontratazio-organoa eskuduna.

Laugarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 12. artikuluaren arabera:

«Administrazio-organoetako titularrek, beren eskumeneko gaietan, ebazpenak eta egintzak izenpetzeko eskumena delegatu diezaiekete mendeko organo edo unitateetako titularrei, bai eskumena esleituz, bai eskumena delegatuz, 9. artikuluan adierazitako mugen barruan.

Sinadura delegatzeak ez du aldatzen organo delegatzailearen eskumena, eta, baliozkoa izateko, ez dago argitaratu beharrik.

Delegazioz sinatutako ebazpen eta egintzetan, adierazi egin beharko da hala sinatu direla eta zeinek duen jatorrizko eskumena».

Azaldutakoaren arabera eta esleituta ditudan ahalmenez baliatuz, eta dagokidan arloetarako

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Guardia medikoen arloari dagozkion zereginak Arreta Medikoa Koordinatzeko zuzendariaren esku uztea.

Bigarrena.– Erizainen guardien arloari dagozkion zereginak Erizaintzako Arreta Koordinatzeko zuzendariaren esku uztea.

Hirugarrena.– Debabarreneko ESIko langileen arloko sinadurak Debabarreneko ESIko Langileen zuzendariaren esku uztea, Ente Publikoaren Estatutuen 15. artikuluak eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 12. artikuluak ezarritako mugen barruan.

Laugarrena.– Eskuordetza honen arabera sinatzen diren ebazpen eta egintza guztietan, hala jasota geratu beharko da.

Bosgarrena.– Ebazpen hau bertan aipatzen den egunetik aurrera egongo da indarrean.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari, Osakidetzako Estatutuen 5.2 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Mendaro, 2022ko azaroaren 28a.

Debabarreneko ESIko zuzendari-gerentea,

ASIER ESNAL ALBIZU.


Azterketa dokumentala