Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2023ko apirilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1653

JARRAIBIDEA, 2023ko martxoaren 27koa, Langileak Kudeatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez zehazten baita enplegatu publiko izateagatik egin beharreko izapide eta jarduketa guztietan Eusko Jaurlaritzako unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakasleek jarraitu beharreko administrazio-prozedura erkide elektronikoa.

Administrazio digitalaren garapena baliabide publikoak kudeatzeko efizientzia-elementua eta Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Administrazio Orokorreko eraldaketarako faktorea da. Hortaz, Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak erabaki du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzari beharrezko baliabide teknikoak zehaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Administrazio Elektronikoaren ereduarekin bat etorriz, aipatutako administrazio elektronikoa hobetzeko xedez Eusko Jaurlaritzako unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakasleekiko harremanetan. Hori horrela, bete egiten da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen (APAPEL, aurrerantzean) 14.2.e) artikuluan ezarritako legezko betebeharra; alegia, honako hau: «Administrazio publikoetako enplegatuak, enplegatu publiko izateagatik administraziookin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamenduz zehazten duen eran».

EAEko Administrazio Orokorraren eta Administrazio Instituzionalaren esparruan, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak (apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuak aldatua) zerbitzu elektronikoak arautzen ditu, eta honela definitzen ditu: «Jarduera-multzo bat da, kanpoko erabiltzaileen (herritarrak, enpresak, beste administrazio batzuk...) edo barruko erabiltzaileen (langile publikoak) premiak, eskubideak edo betebeharrak eraginkortasunez eta eragimenez asetzeko erabiltzen dena, gauza hauek denak konbinatuz: informazio- eta komunikazio-teknologiak (IKT) barra-barra erabiltzea; identifikazio eta autentifikazio elektronikoa; informazio multimediaren digitalizazioa; autozerbitzu/autokudeaketa ikuspegia; prozesuak beste era batera diseinatzea; arauak egokitzea, eta dena delako prozeduran parte hartzen duten langileak eta materialak arrazoi legez antolatzea».

21/2012 Dekretu horren 7. artikuluan EAEko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoa sortzen da. Egoitza zerbitzu elektronikoak eta segurtasun-, kalitate- eta ardura-berme bereziak behar dituen informazioa argitaratzeko gune elektronikoa izango da.

Halaber, dekretu beraren 53. artikuluaren 1. apartatuan honako hau jasotzen da: «Administrazioak, Egoitza Elektronikoan, informazio-zerbitzu elektroniko bat jarriko du interesdunen eskura. Interesdunek, zerbitzu horretan, prozeduraren tramitazioa zertan den ikusi ahal izango dute».

Bestalde, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 24. artikuluaren 1. apartatuak honako hau zehazten du: «Goi-organoek eta zuzendaritza-organoek administrazio-jarduera bultzatu eta gidatuko dute, zerbitzuko jarraibide, zirkular eta aginduen bidez.»

Hortaz, Hezkuntza Saileko irakasleek 39/2015 Legearen 14.2.e) artikuluan aurreikusitako legezko betebeharra gauzatzeko kanalak zehaztuko dira.

Horiek horrela, eta aintzat hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 10.1.I) artikuluan ezarritakoa, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Jarraibide honen xedea da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko langileek langile publiko izateagatik egin beharreko izapideak eta jarduketak gauzatzeko prozedura garatzea.

2. artikulua.– Aplikazio-eremu subjektiboa.

1.– Jarraibide hau unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei, Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko Zerbitzuei, Hezkuntza Ikuskaritzari eta Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzei adskribatutako langile hauei aplikatuko zaie:

a) Irakasleak.

b) Hezitzaileak.

c) Saileko lan-kontratuko beste langile batzuk, Sailaren hitzarmen kolektiboari lotuak direnak.

d) Administrazio Orokorreko langileak, ikastetxeei atxikiak direnak.

2.– Hezkuntza Sailari atxikitako irakasletzat hartuko da irakasle langile funtzionario oro, karrerakoa edo bitartekoa, unibertsitatez kanpoko mailetan, bai eta irakasle eta hezitzaile lan kontratudunak ere.

3.– Irakaslea ez den eta Eusko Jaurlaritzako unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan lan egiten duten langileak ere jarraibide honen eremu-subjektiboaren barruan daude.

4.– Halaber, jarraibidea Hezkuntza Ikuskaritzari atxikitako karrerako funtzionarioen kasuan aplikatuko da.

5.– Ez zaie jarraibide honetan xedatutakoa aplikatutako Hezkuntza Sailean lan egiten duten karrerako funtzionarioei eta bitarteko funtzionarioei, lurralde-ordezkaritzak barne. Kasu horretan, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoak emandako izaera orokorreko xedapenetan, jarraibideetan eta zirkularretan zehaztutakoari atxikiko dira.

6.– Irakasleak diren eta ez diren langileen kasuan, Hezkuntza Sailean aritzen badira, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoak emandako izaera orokorreko xedapenetan, jarraibideetan eta zirkularretan zehaztutakoari atxikiko dira.

3. artikulua.– Aplikazio-eremu objektiboa.

Jarraibide hau aplikatuko zaie unibertsitatez kanpoko ikastegi batera adskribatutako langile publikoa izateagatik egiten diren izapide eta jarduketei, Euskal Enplegu Publikoa arautzen duen abenduaren 1eko 11/2022 Legean xedatutakoa betez; zehazki, karrera profesionalari, barne-sustapenari, langileak hautatzeari eta lanpostuak betetzeari, ordainsari osagarrien zenbatekoari eta egiturari, administrazio publikoen arteko borondatezko mugikortasunari eta zuzendaritzako langile publiko profesionalen erregulazioari buruzko araudi espezifikoan, bai eta gainerako erregelamenduzko xedapenak eta aplikatu beharreko akordio arautzaileetan ere.

Halaber, lan kontratudun langileentzat, irakasleak eta hezitzaileak zein ikastetxeetan irakasleak ez direnak, jarraibide hau aplikatuko da Langileen Estatutuaren Legearen testu berritua onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren indarrean egindako izapide eta jarduketetan, bai eta aplikatzekoak diren akordio erregulatzaileetan eta Euskal Enplegu Publikoa arautzen duen abenduaren 1eko 11/2022 Legetik eratorritako guztian.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, jarraibide hau honako jarduera-eremu hauekin lotutako eskaeretan aplikatuko da:

a) 2. artikuluaren 1. apartatuaren a), b) eta c) letretan aipatutako langileei dagokienez, lan-kontratudun langile finko edo karrerako funtzionario kondizioa lortzeko hautaketa-proben oinarriak, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea.

b) Karrerako irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketak, baremazio-batzordeak izendatzea eta lehiaketen garapena kudeatzea.

c) Ikerketako eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetako lanpostuak betetzeko merezimendu-lehiaketak.

d) 2. artikuluaren 1. apartatuaren a), b) eta c) letretan zehaztutako langileen nominak kudeatu eta kontrolatzea.

e) Unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen administrazio-egoeren deklarazioa egitea, betiere organo eskuduna Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza bada.

f) Bateragarritasun-espedienteak.

g) Nahitaezko erretiroak eta ezinduen erretiroak deklaratzea.

h) Zerbitzu-eginkizunak ematea.

i) Kolektiboei dagozkien lizentziak eta baimenak ematea, onartutako akordio arautzaileek eta hitzarmen kolektiboek diotenari jarraituz, betiere.

j) 2. artikuluaren 1. apartatuaren c) eta d) letretako kolektiboen lanpostuen zerrenden proposamena egitea.

k) Laneko arriskuen arloan aplikatu beharreko neurriak.

l) Gizarte-funtsa.

m) Irakasle, garbitzaile eta sukaldeko langileen prestakuntza-funtsa, eta horien banaketa.

n) Hezkuntza Saileko irakasleen eta lan-kontratudun langileen lekualdatze-lehiaketak, eta lehiaketen garapenaren kudeaketa.

o) Ikasturte hasieran, irakasleen plazak esleitzeko prozesua.

p) Hezkuntza Saileko lan-kontratudun langileak ordezkatzeko izangaien zerbitzuak birbarematzea.

q) Oro har, langileen egintzak eta ohiko administrazio- eta kudeaketa-egintzak.

4. artikulua.– Hezkuntzara sartzeko ataria.

Administrazioak kontratatutako langile publikoa izateagatik jarraibidearen eremu subjektiboaren barruan dauden langileek egiten duten izapide oro Hezkuntzara sartzeko atariaren bidez egingo da (Hezigunea). Bertan, prozedura edo izapide bakoitzari dagokion esteka edo banner bat gaituko da.

Honako hau izango da Hezigunera sartzeko esteka https://hezigunea.euskadi.eus/eu/inicio

Esteka edo banner horren bidez, langilea edo lan-kontratuduna egin beharreko izapideari dagokion galdetegira eramango da.

Hezigunea atarira sartzeko, honela egin daiteke:

– Erabiltzailea eta pasahitza sartu.

– Horretarako gaitu diren ziurtagiri digitalen bidez.

– Xlnets direlakoen bidez.

Hezigunera sartu ondoren, egin beharreko izapidearen arabera dagokion sinadura elektronikoa eskatuko da, jarraibide honen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Jarraibide honen eremu subjektiboaren barruan dauden langileen lanpostuetan eskuragarri dagoen EIZU enplegatuaren atarian gaitutako izapideekin lotuta, orain arte egin diren bezala mantenduko dira.

5. artikulua.– Identifikatzeko bide elektronikoak.

1.– Eskaerak egiteko edo erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezteko, enplegatu publikoak elektronikoki identifikatu beharko dira, aurretik erregistro bat duen edozein sistema erabiliz, haien identitatea behar bezala bermatu ahal izateko, kasuan kasuko jarduketarako eskatzen den segurtasun-mailaren arabera, aplikatu beharreko legerian eta, bereziki, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan eta Administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.– Ondorio horietarako, Estatuko Administrazio Orokorrak identifikazio elektronikorako onartzen dituen sistemak ere onartuko dira, 39/2015 Legearen 9.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– EIZUn sartzeko, kanal horrek bere gako itunduen sistema propioa izango du, eta bertan arautuko dira erabilerarako terminoak eta baldintzak. Halaber, bermatzen den segurtasun-mailaren arabera, Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan eta Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1502 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko du. Betearazpen Erregelamendu hori identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun-mailetarako gutxieneko zehaztapenak eta prozedura teknikoak finkatzeari buruzkoa da, identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.

6. artikulua.– Jakinarazpenak helarazteko gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa.

Langile publikoek telefono-zenbaki bat izan beharko dute, eta, aldi berean, helbide elektronikoa eguneratuta izan beharko dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko atarian, «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), jakinarazpenei buruzko oharrak jasotzeko.

7. artikulua.– Jakinarazpenak jasotzea.

Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» eremutik (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/) egingo dira. «Nire karpeta» atalera sartzeko, interesdunak jarraibide honen 5. artikuluan zehaztutako bitartekoen bidez identifikatu beharko dira.

Jakinarazpenaren edukira sartzeko 10 egun naturaleko epea izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.

Jakinarazpena jakinarazi eta 10 egun natural igaro badira (jakinarazpena helarazi eta hurrengo egunetik hasita) eta ez bada edukia kontsultatu, jakinarazpena kontsultatutzat joko da.

8. artikulua.– Ondorioak.

Jarraibide hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Hezkuntzaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, jarraibidean zehaztutako prozedura eta bide elektronikoen bidez egin ez den eskaera, izapide eta/edo jarduketa oro ez da onartuko eta artxibatu egingo da; hortaz, eskaera ez da izapidetuko.

9. artikulua.– Ez onartzea eta zuzentzea.

Jarraibidea indarrean sartzen denetik aurrera, bigarren artikuluko eremu subjektiboaren barnean dauden langileek Hezigunea atarian gaitutako prozedura elektronikoen bidez egin beharko dituzte jarraibide honen eremu objektiboarekin lotutako izapide guztiak.

Ez da onartuko xede horretarako gaitutako Hezigunea atarian bide telematikoak erabiliz aurkeztu ez den edozein eskaera, kexa edo erreklamazio/errekurtso.

Halaber, ez dira izapidetuko Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Orokorraren bidez aurkeztu diren eskaerak, kexak edo erreklamazio/errekurtsoak. Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Orokorra: https://www.euskadi.eus/erregistro-elektroniko-orokorra/web01-sede/eu/

Hezigunearen eta horretarako gaitutako prozeduraren bidez aurkeztu ez diren eskaera, kexa edo erreklamazio/errekurtsoen kasuan, interesdunei eskatuko zaie eskaera 10 eguneko epean zuzentzeko, Administrazio Prozedurari buruzko 39/2015 Legearen 68. artikuluan jasotakoa betez. Aurkezpen-eguna interesdunak eskaera zuzentzen duen eguna izango da, 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 27a.

Langileak Kudeatzeko zuzendaria,

BLANCA MARIA GUERRERO OCEJO.


Azterketa dokumentala