Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2023ko martxoaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1530

AGINDUA, 2023ko martxoaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko udalerrian (Araba) «Grant Vela School» atzerriko ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena.

Aztertu da «Asociación Educación Siglo XXII» erakundearen ordezkariak aurkeztutako eskaera, zeinaren bidez, Grant Vela School» ikastetxe pribatuari (010736 eta 01007816 kodeak) emandako baimena aldatzeko eskatzen duen, Ameriketako Estatu Batuetako hezkuntza-sistemako irakaskuntzak eman ahal izateko.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa, Heziketarako eskubidea arautzen duena; otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak (martxoaren 12ko BOE) aldatzen duen maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretua, Espainian dauden atzerriko ikastetxeen erregimenari buruzkoa; 2012ko martxoaren 12ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta atzerriko hezkuntza-sistema bateko ikasketak eta Espainiako eta Euskal Herriko hizkuntza eta kulturari buruzko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakasgaiak ezartzen eta arautzen dituena, eta gai horretan aplikatzekoa den indarreko araudia. Horiek horrela, honako hau:

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko (Araba) «Grant Vela School» ikastetxe pribaturako eskatutako aldaketa onartzea, eta, hala, Ameriketako Estatu Batuetako hezkuntza-sistemako irakaskuntzak emateko baimena ematea.

Ikastetxea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan inskribatuko da, erregistroko datu hauekin:

Kode-zenbakia: 010736 (EAE) eta 01007816 (unibertsala).

Izen generikoa: Atzerriko Ikastetxe Pribatua.

Izen espezifikoa: «Grant Vela School».

Titularra: Asociación Educación Siglo XXII.

Helbidea: Arriagako atea 66.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Lurralde Historikoa: Araba.

Irakaskuntza baimenduak: honako hauek dira ikastetxean emango diren Ameriketako Estatu Batuetako hezkuntza-sistemako irakaskuntzak:

– Pre-School Section, 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat, 25 ikaspostutarako edukierarekin.

– Elementary Section, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, 35 ikaspostutarako edukierarekin.

Bigarrena.– New England Association of Schools & Colleges, Inc. Commission on International Education (aurrerantzean EAS & C), emandako baimenak behin-behineko egiaztapen-balioa izango du 2022ko ekainaren 16tik 2023ko abuztuaren 31ra arte, baimendutako irakaskuntzei dagokienez. Egun horretatik aurrera, zentroari emandako baimena EAS & C-ren zerbitzuek aldeko beste ikuskapen bat egitearen eta beste egiaztapen bat ematearen mende egongo da.

Hirugarrena.– Ikastetxeak baimendutako irakaskuntzak Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakaskuntzekin osatu beharko ditu, 2012ko martxoaren 12ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.– Zentroak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete behar du, bai eta indarrean dagoen legerian adierazten diren higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna zentroaren erakunde titularrari dagokio.

Bosgarrena.– Ikastetxeak indarrean dagoen legeria bete beharko du, eta baimena berrikusteko eskatu beharko du, legezko ordezkariaren bitartez, erregistroko edozein datu aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetu egingo litzateke.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala