Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2023ko martxoaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1527

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Derion (Bizkaia) Seminario sektoreko kirol-erabilerako eraikinen antolamendua eta lerrokadurak aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Derioko Udalak, 2023ko otsailaren 3an, eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Derioko Seminario sektoreko kirol-erabilerako eraikinen antolamendua eta lerrokadurak aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko urtarrilaren 16an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Derioko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok izan zezan aukera ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Derioko Seminario sektoreko kirol-erabilerako eraikinen antolamendua eta lerrokadurak aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planak eragindako eremua «Seminario sistema orokorra» izendatzen dute 2004ko ekaineko Derioko arau subsidiarioek (AS). Ondoren, «Seminario sektoreko eremuari buruzko Derioko arau subsidiarioen aldaketa puntuala» onartu zen behin betiko, Presidentetzaren Foru Sailaren martxoaren 28ko 436/2011 Foru Aginduaren bitartez. Azken dokumentu horrek ezartzen du kirol-erabilerarako eraikigarritasuna handitzea, eta azalera eraikigarria adierazi, eta gehieneko lerrokadurak, sestrak, altuerak eta hegalak zehazten ditu.

Indarrean dagoen plangintzaren arabera, «Derioko Seminarioa» eremuaren guztizko azalera 88.845 m2-koa da, eta lau gunetan banatuta dago:

– 1. gunea. Guztira 15.039 m2-ko hedadura du, eta jatorrizko seminarioaren eraikinarena da, hau da, A, B eta C eraikinak. Eraikin horiek ekipamendu-erabilera (erlijiosoa, irakaskuntzakoa, kirolekoa, sanitarioa, ostalaritzakoa, asistentziala eta antzekoak) eta bulego-erabilera dute. Eraikin horien azalera eraikia 52.073,25 m2-koa da. Gune horretan daude, halaber, A eta B frontoi estaliak.

– 2. gunea. Kirol-ekipamendurako gunea da. Azalera: 28.596 m2.

– 3. gunea. Bideak eta aparkalekua. Azalera: 37.444 m2.

– 4. gunea. Lorategiak eta berdeguneak. Azalera: 7.766 m2.

Indarrean dagoen plangintzaren arabera, eraikigarritasuna 4.298,53 m2-an handitzea baimentzen da kirol-instalazioetarako; instalazio horiek, zehazki, zazpi eraikin independente izango dira, eta kirol-erabilerako 2. gunean egongo dira. Eraikin berrirako baimendutako gehieneko altuera 10 m-koa izango da 1. eta 2. eraikinetarako, eta 4 metrokoa 3., 4., 5., 6. eta 7. eraikinetarako.

Planak proposatzen duen aldaketa da gauzatzeke dagoen eraikigarritasuna eraikin isolatu batean kontzentratzea, eta dagoen eraikinaren perimetro ia osoa libre uztea. Halaber, aurreikusitako eraikinaren altuera handituko da, 16 metrora iritsi arte; horrela, altuera handiagoa behar duten espazioak hartu ahal izango ditu, hala nola padel-pistak.

Jarduera horren helburua da kirol-instalazioen kudeaketa erraztea, suhiltzaileek esku hartzeko hurbilketa- eta ingurune-baldintzak hobetzea, eraikin berriak lehendik dagoen eraikinaren suteen aurka babesteko baldintzak arriskuan ez jartzea, multzoaren irudia hobetzea eta eraikin sakabanatuak kentzea.

1. arloan, A, B eta C eraikinak finkatuko dira, egun duten azalera, bolumen eta altuerarekin. Planak arlo horren mugaketa aldatzen du, 15.039 m2 izatetik 13.851,01 m2 izatera murriztuko baita, bideetara eta aparkalekuetara bideratutako 3. gunea handituko den bezainbeste zehazki.

Ondorioz, guztizko eraikigarritasuna indarrean dagoen plangintzan kirol-erabilerako erakinak handitzeko ezarritakoa da, gehi egun dauden eraikinen zati bat eraistearena. Horrela bada, guztira 5.486,17 m2-ko eraikigarritasuna izango da kirol-instalazioetarako, eta mantentzen den frontoien azalera eraikia kenduta, hiru eraikin berritan zehaztuko da:

– E-1 eraikina, 3.945,88 m2-ko azalera izango duena; egungo futbol-zelaiaren zati baten gainean kokatuko da, eta eremuari esleitutako eraikigarritasun gauzatu gabea kontzentratzen du.

– E-2 eraikina, 51,13 m2 soilik izango dituena; gaur egun golf-praktiketarako zelaiko bulego osagarriek hartzen dute.

– E-3 eraikina, 301,60 m2-koa; golf-praktiketarako zelairako gunea estaltzean datza.

Planak E-1 eraikin bakar batean biltzen du gauzatzeke dagoen eraikigarritasun guztia, eta, aldi berean, haren altuera handitzen du (10 metrotik 16ra), altuera handiagoa behar duten kirol-ekipamenduak sartu ahal izateko. Halaber, 1 metro handitzen da E-2 eta E-3 eraikinen gehieneko altuera.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenak barne: ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik edo bateraezintasunik beste plan edo programa batzuekin.

c) Plana egokia den ala ez ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko kirol-eraikinak baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzea ahalbidetuko du. Kirol-instalazioak handitzeko proiektua lurzoru berriaren okupazioa handitu gabe egingo da; izan ere, etorkizuneko eraikina Seminarioaren mugen barruan eta artifizializatutako lurzoruaren gainean dago.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Planaren irismena kontuan hartuta, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarea babesteari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Eraginen eta eraginok pairatu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

Plana garatzearen ondorio posibleak kirol-instalazioak handitzeko egin behar diren lur-mugimenduekin lotuta daude nagusiki. Ekintza horien ondorioz, landaredia kenduko da, emisio atmosferikoak egingo dira, hondakinak sortuko dira, makinen joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar izango dira, eta horrek eragina izan dezake lurrazaleko uretan (kasu honetan, zeharkako afekzioak gerta daitezke, euri-urak biltzeko sistemen bidez), nahiz lurpekoetan, eta lurzoruetan, isurketengatik. Beste inpaktu posible batzuk emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin lotutakoak dira.

Planak planteatutako alderdien garapenak Derioko seminarioaren perimetroan eragiten du soilik, eta ez du lurzoru naturalaren kontsumo gehigarririk sortzen. Gaur egun futbol-zelaia denaren zati baten gainean eraikiko da eraikin berria.

Planaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan dauden bi lurzati identifikatu dira (kodeak: 48901-00005 eta 48901-00006; sailkapena: «hondakin geldoen zabortegi zaharra»). Alabaina, Planak ez du aurreikusten jarduketarik lurzati horietan.

Kokalekutik hurbilen dagoen ur-lasterra Untza erreka da, seminarioaren barrutiko mugetatik 20 metro ingurura dagoena. Planaren proposamenek ez dute eraginik Untza errekarekin lotutako uholdegunean, ezta eraikinak errekarekiko dituen distantzietan ere. Arloak ez du uholde-arazorik, eta akuiferoen kalteberatasuna baxua da.

Kultura-ondareari dagokionez, bai seminarioko gorputz nagusiko eraikinek, bai seminario nagusiko kaperak, lege-babesik ez duten arren Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen babesean, babes-maila ertaineko monumentu-deklarazioaren proposamena dute.

Sustatzaileak igorritako dokumentazioan, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat dago, 2022ko urrikoa. Azterketa akustiko horrek ondorioztatzen du eraikuntza berriko eraikinean betetzen direla indarrean dagoen araudian etorkizuneko hirigintza-garapenetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Aurkeztutako informazioaren arabera, Planak indarrean dagoen plangintzari dagokionez sartu duen aldaketa nagusia da eremuari esleitutako eraikigarritasuna (gauzatzeke dagoena) eraikin bakar batean kontzentratzea; ez dira aldatzen lurzoruaren erabilerak, ezta eremuari esleitutako eraikigarritasun osoa ere.

Beraz, Planaren proposamenak, ukitutako eremuaren ezaugarriak eta Plana garatzeko proiektuei aplika dakizkiekeen neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa ikusita, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean inpaktu esanguratsurik eragingo dutenik.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Derioko Seminario sektoreko kirol-erabilerako eraikinen antolamendua eta lerrokadurak aldatzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

Honako neurri hauek gehituko dira:

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Lur-hondeaketak edo lur-mugimenduak egiten direnean lurzorua kutsatuta dagoela adierazten duen zantzurik detektatzen bada, ekintza horien arduraduna behartuta egongo da horren berri berehala dagokion udalari eta ingurumen-organo autonomikoari ematera (Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza), Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Kultura-ondarea babestearekin lotutako neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak emandako txostenarekin bat, gomendatzen da kirol-instalazio berriek gutxienez 15 metroko tartea izatea seminarioko eraikuntza-multzoarekiko. Halaber, gomendatzen da eraikin berriaren eraikuntzaren eta estetika-konposizioaren ezaugarriek multzoaren hirigintza- eta arkitektura-harmonia kontuan hartzea eta material neutroak erabiltzea, seminarioaren jatorrizko arkitektura bereizten eta nabarmentzen laguntzeko.

Proiektuak betearaztearekin lotutako neurriak.

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-etxolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoak, aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira –112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Kudeaketa Arautzeko dena–.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuz izandako isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak aplikatuko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztien eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: Planaren eremuan antzematen diren flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/publicaciones) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Derioko (Bizkaia) Seminario sektoreko kirol-erabilerako eraikinen antolamendua eta lerrokadurak aldatzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Derioko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Derioko (Bizkaia) Seminario sektoreko kirol-erabilerako eraikinen antolamendua eta lerrokadurak aldatzeko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 9a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala