Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2023ko martxoaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1385

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 8koa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak burutzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuentzako dirulaguntza-deialdia.

Elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak bultzatzeko laguntzak arautzen dituen apirilaren 24ko 57/2018 Dekretuak, 5. artikuluan, hau adierazten du: Biktimen eta Giza Eskubideen arloko titularraren urteko ebazpenaren bidez, laguntza horien deialdia egingo da. Deialdi hori bi ebazpenen bidez egingo da: bat, erakunde pribatuen proiektuei zuzendua, eta, bestea, udalen eta gainerako toki-entitateen proiektuei zuzendua.

Deialdiaren urteroko ebazpenak, hau guztia ezarriko du: deialdiaren helburua, dirulaguntzen diru-hornidura, balorazio-batzordeko kideen izendapena, eskabideak aurkezteko era eta, hala badagokio, diruz lagun daitezkeen programa edo jarduera bakoitzaren gehienezko zenbatekoa.

Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita. Berdintasunerako, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 20ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da.

Horrenbestez, eta bat etorriz Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuen proiektuak finantzatzeko dirulaguntza-deialdia egitea. Proiektu horiek gure gizartean bizikidetzaren kultura, giza eskubideen errespetua, eta enpatia eta elkartasuna bultzatu behar dituzte. Proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko irailaren 1era egin ahalko dira.

Laguntzak ondoren azaltzen diren jarduera-eremuetan sartzen diren programa eta jardueretarikoren bat egitera bideratu beharko dira:

a) Bizikidetza eta giza eskubideak:

1.– Partaidetzako, zabalkundeko edo heziketa sozialeko jarduerak, giza duintasunaren, giza eskubideen eta bizikidetza adiskidetuaren aldeko konpromisoa sustatzera bideratuak.

2.– Indarkeria-mota oro, terrorismoa edo giza eskubideen urraketarekiko kritiko agertzen den eta horiek guztiak deslegitimizatzen dituen kontzientzia kritikoa sustatzera bideratutako ekimenak.

3.– Iraganean izandako edozein indarkeria-formaren aurrean gogoeta kritikoa egiteko prozesuak babesten dituzten programak, bai eta gizarteratzeari buruzkoak ere, Europan dagoen justizia leheneratzailearen aldeko korrontearen ildoan.

4.– Partaidetza sozialeko eta desberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko esperientziak, pluralismoa eta topaketa soziala sustatzen duen bizikidetza normalizatuak dakartzan erronkei erantzunez.

b) Biktimak eta gizartea:

1.– Terrorismoaren biktimei laguntzeko ekintzak.

2.– Giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko jarduerak, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan.

3.– Biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzen duten programak, bai eta biktimek bizikidetzaren aldeko ekarpena laguntzen ere, haien aurrerapenen partaide bezala.

c) Dibertsitatea eta elkartasuna:

1.– Dibertsitatearen, arrazakeriaren prebentzioa, xenofobiaren edo gorroto-delituen kudeaketa positiboaren balioak sustatzen dituzten proiektuak.

2.– Desberdinkeriaren, diskriminazioaren, injustiziaren edo bazterketaren forma kritikoen aurrean elkartasunaren eta inplikazio sozialaren balioak sustatzen dituzten esperientziak.

3.– Indarkeriaren adierazpen berrien, gerraren eta nazioarteko terrorismoaren aurrean, elkartasun, inplikazio eta mobilizazio sozialeko ekintzak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Entitate hauek eskatu ahalko dituzte dirulaguntzak:

a) Pertsona juridiko pribatuak, irabazi-asmorik gabeak, legez eratuak, betiere haien helburuak bizikidetza eta giza eskubideak badira, haien estatutu sozialetan aurreikusitakoaren arabera, eta beren programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako biktimen elkarteak edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo helbideratuta daudenak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak badituzte beren elkartekideen artean.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0093710

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Hirugarren alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuaren bidez, egoitza elektronikoan ere eskuragarri baitago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Era berean, elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan eman ahal izango du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri.

2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako informazio honekin:

a) Proiektuaren edo programaren datuak, non hauek zehaztuko baitira: xedea, metodologia, lan-plana, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko ezarriko diren kontrol-bideak ere aipatuko dira.

b) Erakunde eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honako hauek ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Programan edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

c) Programa edo proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, halakorik egotekotan.

d) Dirulaguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zehaztu beharko da zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Horrelakorik ez badago, dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako ez dela beste inongo laguntzarik eskatu adierazten duen zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da.

e) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko biktima-elkarteen kasuan, egiaztatu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak dituztela beren elkartekideen artean.

3.– Nolanahi ere, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

6. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Dirulaguntzen programa honetara bederatziehun mila (900.000) euro bideratu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2023. urterako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko berrehun mila (200.000) euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela eragiten merkataritzari edo ez dutela lehiakortasuna faltsutzen ulertzen da, eta, horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

3.– Entitate onuradun bakoitzak, gehienez hogeita bost mila (25.000) euro jaso ahal izango ditu, eta deialdi honetan jaso ditzakeen laguntzen gehienezko zenbateko osoa ezingo da inolaz ere izan berrogeita hamar mila (50.000) euro baino handiagoa.

7. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

Veronica Domingo Marino andrea, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzako teknikari arduraduna.

Bokalak:

M. Eugenia Ugartondo Segura andrea, Zerbitzu Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren teknikari arduraduna.

Alaitz Vives Urbieta andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko (Gogora) teknikaria.

Marian Sánchez Amado andrea, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzako teknikaria, batzordearen idazkari-lanak ere egingo dituena.

8. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da, dirulaguntza espresuki onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamabost eguneko epean, uko-egite espresurik aurkezten ez bada.

b) Bigarren ordainketa 2024an egingo da. Orduan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzari justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

9. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen justifikazioa gehienez hilabeteko epean aurkeztu beharko da, jarduera egikaritzen den datatik aurrera, dirulaguntzen justifikazioa 2024ko urriaren 1a baino lehenago, betiere, eta, justifikazio-memoriarekin batera, datu eta agiri hauek jaso beharko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.

b) Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, nortasun agiri nazionala, ordainketaren kontzeptua, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea.

e) Proiektuaren onuradunak zeintzuk izan diren eta proiektua egiten zeintzuek parte hartu duten adierazteko datuak, sexuaren arabera bereizita.

f) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

2.– Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak hemen daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritza.

– Helburua: bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: beharrezko tratamendua interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea) egindako misio bat betetzeko.

– Hartzaileak: datu pertsonalak arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie.

– Eskubideak: datuak atzitu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/0093710

Honako hauek betetzeko:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honetan berariaz arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martzoaren 8a.

Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

ERANSKINA
I. ESKABIDEAN SARTU BEHARREKO DATUAK; DAGOKION FORMULARIO ELEKTRONIKOAREN BIDEZ EGIN BEHARKO DA

1.– Identifikatzea.

Honi zuzendua:

Erakundea: Eusko Jaurlaritza – Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak.

Organo instruktorea: Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritza.

Eskatzailea:

Honela dihardu: espedientearen pertsona/erakunde interesduna da, edo honen ordezkaria:

Identifikazio-agiria:

Zenbakia:

Erakundearen izena:

Jakinarazpenak eta komunikazioak helbide honetara bidaliko dira:

Hauek izango dira espediente hau izapidetzean administrazioak bidaltzen dituen jakinarazpenen hartzaileak: (elkartea/IFK).

Jakinarazpen- eta komunikazio-kanala.

Elektronikoa: «Nire karpeta» ataleko jakinarazpen- eta komunikazio-erretilura bidaltzen dira. Sartzeko, identifikazio elektronikorako bitarteko bat behar da.

Bide elektronikoari buruzko oharra: jakinarazpen elektronikora sartzen ez bazara, jakinarazitzat joko da «Nire karpeta» atalean eskuragarri jarri eta 10 egun naturaleko epean. Epe hori betetakoan, ulertuko da uko egiten diozula jakinarazpenari, eta hala jasoko da espedientean. Izapidea egintzat joko da, eta administrazioak aurrera jarraituko du prozedurarekin.

Abisuak jasotzeko datuak.

Ohar bat bidaliko dizugu posta elektronikora eta telefono mugikorrera, «Nire karpeta» atalean jakinarazpenen bat edo komunikazioren bat duzunean.

Posta elektronikoa:

Posta elektronikoaren berrespena:

Telefono mugikorra:

Komunikazio-hizkuntza.

Mezu elektronikoen eta abisu-mezuen bidez bidaliko zaizkizun jakinarazpenak eta komunikazioak zuk adierazitako hizkuntzan egongo dira.

Gaztelania/Euskara.

Datuak erabiltzeko baimena.

– Nire komunikazio- eta abisu-datuak, oro har, Eusko Jaurlaritzako sailekin eta erakundeekin ditudan harremanetan erabiltzea nahi dut.

– Nire komunikazio- eta abisu-datuak espediente hau kudeatzeko soilik erabiltzea nahi dut.

2.– Datuak betetzea.

Erakunde eskatzailearen datu fiskalak agertzen diren lurraldea/probintzia.

Lurraldea/Probintzia:

Proiektuaren izena:

Eskatutako kopurua:

Harremanetarako datuak.

Harremanetarako pertsona:

Harremanetarako telefonoa:

Beste finantzaketa-iturri batzuk: finantzaketa-iturria/kopurua.

Eskatutako laguntzak: adierazi beste erakunde batzuei eskatutako laguntzak.

«Minimis» laguntzak.

Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua, 2013ko abenduaren 13koa, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO L 352, 2013-12-24koa).

Honako hauek dira entitate publikoek edo aurrekontu publikoen kontura finantzatutako erakunde pribatuek aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta aurreko ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntza guztiak: erakundea/Kopurua.

Aurrekontuak: kontzeptua/gastuak/diru-sarrerak.

Erantzukizunpeko adierazpenak.

Bateragarritasun-adierazpenak.

Hau adierazten dut eskatzaileari dagokionez:

– Ez du administrazio publikoek edo erakunde pribatuek helburu bererako emandako laguntzarik edo dirulaguntzarik jasotzen.

– Helburu bererako laguntza edo dirulaguntzaren bat jasotzen du administrazio publikoetatik edo erakunde pribatuetatik (puntu honetako datuak zehaztu behar dira dagokion dokumentuan).

– Helburu bererako laguntza edo dirulaguntza eskatu dio administrazio publikoren bati edo erakunde pribaturen bati, eta ebazpenaren zain dago (dagokion dokumentuan zehaztu behar ditu puntu honetako datuak).

– Ez du dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik jaso.

– Ez du dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko legez ezarritako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak berariaz aipatuta.

– Erakunde eskatzailea ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozeduretan.

Minimis.

– Ez du «minimis» araubideari lotutako dirulaguntzarik jaso aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean.

– «Minimis» erregimenari lotutako laguntza edo dirulaguntza eskatu dio administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati, eta eman egin zaio (dagokion dokumentuan zehaztu behar dira puntu honetako datuak).

– «Minimis» erregimenari lotutako laguntza edo dirulaguntza eskatu dio administrazio publiko edo erakunde pribatu bati, eta ebazteko zain dago (puntu honetako datuak zehaztu behar ditu dagokion dokumentuan).

– Berdintasun-plan bat izatera behartuta badago, Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-plan bat dudala adierazten dut.

– Erakundeak 50 langile baino gehiago baditu, adierazten dut neurriak hartu direla sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

– 57/2018 Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu.

– Eskabide honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak dira, baita aurkezten dudan dokumentazio guztia ere, eta nire gain hartzen dut dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo administrazio eskudunari erantzukizunpeko adierazpena, deklaratutakoa bete dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa edo komunikazioa aurkezten ez bazaio, ezinezkoa izango da eragindako eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea egitate horien berri izaten den unetik aurrera, hargatik eragotzi gabe egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

3.– Dokumentuak eranstea.

Ofizioz egiaztatzea.

Aplikatzekoa den araudiaren arabera, honako datu hauek ofizioz egiaztatuko ditu prozedura honen instrukzio-organoak administrazio eskudunean:

– Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean egotea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia-Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia).

– Zerga-betebeharrak egunean izatea (Euskadiko eta Nafarroako Foru Ogasuna edo Zerga Administrazioko Estatu Agentzia).

Interesdun pertsona horren aurka ez badago, arrazoituta. Aurka egiteko eskubidea erabiltzea.

Eskatutako dokumentu motak.

Espedienteari eransten zaizkion dokumentu guztiak erantsiko dira.

4.– Sinatzea eta bidaltzea.

Egindako eskabidearen laburpena egiaztatu eta «sinatu eta bidali».

II. PROIEKTUAREN MEMORIA

1.– Programaren datuak.

Programaren/proiektuaren izena:

Programaren hartzaile potentzialak:

Programaren balizko hartzaile kopurua (sexuaren arabera bereizita): gizonak/emakumeak.

Lurralde-eremua:

Programaren xedea:

2.– Metodologia. Adierazi lan-zerrenda, erreferentzia egin helburuak bermatzeko kontrol-metodoei.

Garatu beharreko jardueren egutegia: jarduera/data/moda.

3.– Giza baliabideak.

Parte-hartzailea:

Prestaketa:

Esperientzia:

Parte-hartze maila:

Berdintasunari buruzko prestakuntza:

Boluntarioak/Elkartea:

Erakundearen izena:

4.– Baliabide materialak.

Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialak.

Data.

Titularraren edo ordezkariaren sinadura.

III. JUSTIFIKAZIO-TXOSTENA

1.– Programaren datuak.

Programaren izena:

Programa honen onuradunen kolektiboa:

Programa honen emakume onuradunen kopuru zenbatetsia:

Programa honen gizonen onuradunen kopuru zenbatetsia:

Egindako jardueren laburpena:

2.– Proiektua gauzatzen parte hartu duten langileak.

Parte-hartzailea:

Prestaketa:

Esperientzia:

Parte-hartze maila:

Berdintasunari buruzko prestakuntza:

Boluntarioa/Elkartea:

Zure erakundearen izena (erakunde eskatzaileaz kanpoko elkarteren bateko kide bazara bakarrik bete behar da).

Fakturak. Nominak. Proiektuari egotzitako aldi baterako lankidetzak:

Aldi baterako lankidetza egotzia: NAN/Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari/PFEZri dagokion atxikipenari dagokion kontzeptua.

Fakturak eta nominak: dokumentu mota/data/zenbatekoa/zenbakia/helmuga.

Gauzatzean erabilitako baliabide materialak:

Genero-ikuspegia nola txertatu den.

Proiektua gauzatzean egindako materiala:

Programak:

Kartel iragarleak:

Argazkiak:

Beste batzuk:

Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuaren 6. artikuluko baldintza formalak bete beharko dituzte fakturek eta ordainagiriak diruz lagundutako proiektuen arabera bereizita aurkeztuko dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta proiektu horien izenen zerrenda ere aurkeztu beharko da, aplikatu den gastuaren berri emanez.

Titularraren edo ordezkariaren sinadura.


Azterketa dokumentala