
55. zk., 2023ko martxoaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 5 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1384
AGINDUA, 2023ko martxoaren 2koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Arrasate udalerriko 51 babes ofizialeko etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari, Zerrajera eremuan.
GERTAKARIAK
Lehenengoa.– Etxebizitza hauen esleipen-prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenari jarraituko dio, zeina etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa baita. Izan ere, horrela ezartzen du Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluak. Aipatutako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren III. kapitulua (alokairuko etxebizitzen esleipen prozedurari dagokiona) aldatu da 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda (210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa).
Bigarrena.– 2007ko abenduaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Arrasateko Udaleko alkate-udalburuak Zerrajerako sustapen honetan eragina duen hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horren bosgarren klausulan, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen Arrasate udalerri interesdun bakarra izendatzeko. Hortaz, udalerri horretan erroldatutako pertsonek bakarrik parte hartu ahal izango dute esleipen prozeduran.
Hirugarrena.– Gipuzkoako Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2018ko azaroaren 30eko Ebazpenaren bidez, behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen Arrasate udalerriko babes ofizialeko 51 etxebizitzako sustapenak, Euskadiko Etxebizitza eta Lurrak (VISESA) sustatua; hau da espediente-zenbakia: EB3-0757/18-LC-000.
Laugarrena.– 51 etxebizitza horietako 3 mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude, bi logelakoak dira, eta 75,00 m2-ko azalera dute; gainerako etxebizitzetatik 30 etxebizitza bi logelakoak dira, eta 55,81 m2 eta 69,23 m2 arteko azalera dute; gainerako 18 etxebizitzak hiru logelakoak dira, eta 81,27 m2 eta m2 89,34 arteko azalera dute. Etxebizitza hauek alokairuan emango dira, eta laugarren ebazpenean zehazten diren kupoetan banatuko dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak (etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa) 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Bigarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa), azken xedapenetako zazpigarren artikuluko 4. puntuan, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren (etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa) II. tituluko III. kapitulua aldatzen du. Aipatu dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduan 47 bis artikulua txertatzen du, eta, bertan esaten denez, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: elbarritasun fisikoa duten pertsonentzat, 36 urtetik beherako pertsonentzat (adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne), etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. 47 bis artikuluko 5. puntuan aipatzen diren ehunekoak errespetatu behar dituzte kupoek sustapen bakoitzeko.
Hirugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren egungo idazkeran esaten du etxebizitzen esleipena 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera egingo dela, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du, honako hauek kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna, eta etxebizitza-premia berezia.
Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta sustapeneko etxebizitzek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Gauzak horrela, logela bateko etxebizitzetarako: puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. 2 logelako etxebizitzetarako: 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta puntu 1 hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.
Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.
Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo bizitoki batean.
Seigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona.
Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Arrasateko udalerrian Zerrajera eremuan kokatzen diren 51 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko prozedurari hasiera ematea; hau da espediente-zenbakia: EB3-0757/18-LC-000.
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.
Hirugarrena.– Esleipen-prozedura honetan parte hartu ahal izango dute agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan altan daudenek, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Arrasateko udalerrian izena emanda daudenek edo Debagoieneko Eremu Funtzionaleko udalerriren batean altan daudenak (Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñati). Mugikortasun murriztua duten pertsonek, zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek parte hartu ahal izango dute, eskatzen duten udalerritik eskatzen dutela.
b) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko titularretako bat behintzat Arrasateko udalerrian erroldatuta egon beharko da agindu hau argitaratzen den egunean.
c) 2021. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro eta 39.000 euro artekoak direla egiaztatzea eskatzen da. Baldintza egiaztatzeko, izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileek ere.
d) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratu aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.
e) Gehienez 6 kideko bizikidetza unitatea izatea.
Laugarrena.– Esleitu beharreko 51 etxebizitza horietatik, honako kupo hauek gordeko dira:
a) 3 etxebizitza mugikortasun urri iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonei egokitutakoak. Etxebizitza horiek esleitzeko, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, hau da, lehenik eta behin, desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei esleituko zaizkie etxebizitzak; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.
b) 48 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira kupo hauek errespetatuta:
6 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 12,50) etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen artean esleituko dira.
19 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 39,58) 36 urtetik beherako pertsonei, adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne, esleituko zaizkie.
11 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 22,92) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean esleituko dira.
12 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 25,00) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra) esleituko dira.
Kupo hauetako batean etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, etxebizitza hauek handitu egingo lukete kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.
Era berean, kupo orokorreko etxebizitzarik esleitu gabe geratuko balira, soberako etxebizitza hauek, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda, eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean esleituko dira.
Bosgarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluan egungo idazkeran esaten duenari jarraituz, hainbat kolektibotako kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak, etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.
Seigarrena.– Agindu honek eta esleipen prozedura honi aplikagarria zaizkion arauek zehazten dituzten baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute 2023ko martxoaren 22a eta apirilaren 3a bitartean (biak barne), leku hauetan:
– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.
– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza, Andia kalea 13, 6. solairua, 20004 Donostia, Gipuzkoa.
– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Andia kalea 13, 20004 Donostia, Gipuzkoa.
Zazpigarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematze-irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz.
a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.
b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: Bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu bat 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Hiru edo lau logelako etxebizitzak: 7 puntu emango zaizkie 6 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateei, 5 puntu 5 kide dituzten bizikidetza-unitateei, 3 puntu 4 kide dituzten bizikidetza- unitateei eta puntu bat 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei.
c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: Puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; gehienez 7 puntu emango dira.
d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; gehienez 8 puntu emango dira.
Zortzigarrena.– Agindu hau publikatuko den eguneko baremazioa izango da kontuan. Berdinketa gertatuz gero, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da, eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.
Bederatzigarrena.– Sustapen honetako bi logelako etxebizitzak gehienez 4 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaie, eta, hiru logelako etxebizitzak, aldiz, gehienez 6 kide dituzten bizikidetza-unitateei.
Hamargarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren egungo idazkeran ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena hartuko dira kontuan, 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz, betiere.
Hamaikagarrena.– Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxarote-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak egongo direla barruan. Itxaron-zerrendak amaitu ondoren, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio esleipenak egiteko.
Hamabigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Hamahirugarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 2a.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
RSS