
53. zk., 2023ko martxoaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (105 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EUSKAL TRENBIDE SAREA
1346
EBAZPENA, 2023ko otsailaren 28koa, Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarena, «Zumaiako geltokia eraberritzeko eraikuntza-proiektua» onartzen duena.
Zumaiako geltokiak, gaur egun, zenbait elementu ditu (lurpeko sarbidea, makinen eremua, arrapalak eta eskailerak, etab.), eta elementu horiek aukera argia eta egokia ematen dute irisgarritasuna hobetzeko.
Zumaiako geltokiaren irisgarritasun-baldintzak hobetu nahi dira, egungo akaberak eta instalazioak berritu eta hobetzeko lanak barne, baita geltokiko ekipamenduak ere.
Proiektuak honako hauek hartzen ditu barnean: 14. atariaren parean Estazioa kalea lotzen duen egungo azpiko pasabidea ordeztea, nasetara sartzeko egungo arrapalak eta eskailerak dauden nasen beheko eremuraino, azpiko edo lurpeko pasabide berri bat eraikiz; barruko bi igogailu muntatzea eta instalatzea; hegoaldeko nasaren egungo eskaileraren zabalera handitzea; nasen eta eskaileren arteko azpiko pasabidearen zoladura eta alikatatua lehengoratzea; nasen eta eskaileren arteko azpiko pasabidearen argiak ordeztea, eta, azkenik, egungo eskudelak kentzea eta eskudel bikoitza jartzea bi nasetan.
Gauzatze Materialaren Aurrekontua milioi bat ehun eta berrogeita bi mila seiehun eta berrogeita hamalau euro eta laurogeita hamar zentimokoa (1.142.654,90) da.
Kontrata bidezko exekuzio-aurrekontua, industria-mozkinaren % 6 eta gastu orokorren % 13 gehituta, 217.104,43 eurokoa da.
«Zumaiako geltokia eraberritzeko eraikuntza-proiektuko» obren lizitaziorako oinarrizko aurrekontua, % 21eko BEZa erantsi ondoren, milioi bat seiehun eta berrogeita bost mila hirurehun eta zortzi euro eta hirurogeita hemeretzi zentimokoa (1.645.308,79) da.
Obrak egiteko aurreikusitako epea hamabi (12) hilabetekoa da.
Euskal Trenbide Sarearen (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dutenez, proiektuak bat egiten du proiektuaren xedearekin, zeinak barne hartzen baititu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 9ko 9/2017 Legearen 233. artikuluan eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorraren 126-132 artikuluetan (1098/2001 ED, urriaren 12koa) adierazitako dokumentuak, eta kontrata bidez egikaritzeko behar diren eta nahikoak diren alderdiak jasotzen baititu; beraz, aldeko txostena ematen dute.
Organo honek eskumena dauka Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren eskumeneko trenbide-azpiegituren eraikuntza-proiektu jakin batzuk onartzeko, organo horrek Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez eskuordetuta.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
«Zumaiako geltokia eraberritzeko eraikuntza-proiektua» onartzea. Proiektu horren bidez, Zumaiako geltokiaren irisgarritasun-baldintzak hobetu nahi dira, egungo akaberak eta instalazioak eta geltokiaren ekipamenduak eraberritzeko eta hobetzeko lanak barne. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, milioi bat seiehun eta berrogeita bost mila hirurehun eta zortzi euro eta hirurogeita hemeretzi zentimokoa (1.645.308,79) izango da, eta obrak egiteko epea, berriz, hamabi (12) hilabetekoa.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, 2 hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; nolanahi ere, aldez aurretik errekerimendua egin ahal izango dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Guztiek jakin dezaten ematen da argitara hau.
Bilbao, 2023ko otsailaren 28a.
Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia,
ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA JAUNA.
RSS