Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2023ko martxoaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1292

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Usurbilgo Aritzetako eremuan (Gipuzkoa) suhiltzaile-etxe berri bat jartzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Usurbilgo Udalak, 2022ko urriaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Aritzetako eremuan suhiltzaile-etxe berri bat jartzeko Plan Berezia. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Usurbilgo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar duela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Usurbilgo Aritzetako eremuan suhiltzaile-etxe berri bat jartzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da suhiltzaile-etxe berri baten ezarpena arautzea lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzati batean, Usurbilgo udalerrian. Ekimenaren sustatzailea Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuko Prebentzio, Suteen Itzalketa eta Sorospen Zerbitzua da.

Planean honako hauek eraikitzea aurreikusten da: ibilgailuentzako hangar bat, administrazio-eraikin bat, entrenamendu-gune bat eta heliportu bat. Eraikin nagusiak 1.600 m2-ko azalera hartzen du, eta 2.800 m2-ko eraikigarritasun fisikoa du.

Hangarra 20 x 5 metrokoa da, eta 10 suhiltzaile-ibilgailu hartzeko gaitasuna du. 6rentzako lekuak lehen fasean eraikiko dira, eta bigarren fasean beste 4rentzakoak eraiki ahal izango dituzte.

Administrazio-eraikinak, non suhiltzaileek entrenatu, atseden hartu eta logistika-zentro nagusia duten, beheko solairua eta bi solairu izango ditu, 20 x 30 metroko neurriekin. Sestra azpian, beste solairu bat jarri ahal izango da, sotoa, biltegi gisa erabiltzeko eta ibilgailuak gordetzeko.

Eraikinaz gain, azpiegiturak ariketa-gune bat izan behar du, dorre bat eta heliportu bat dituena.

Egin den hautarekin, egungo auzo-bidea aprobetxatuko dute suhiltzaileen ibilgailuek sartu-irtenetarako, Aritzetako gasolindegira norabidean, eta bide horretatik sartuko dira bide-sarera. Hala ere, beharrezkoa da auzo-bidearen 150 metroko tarte bat berritzea.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: plana garatzeko proposatu diren jarduketak aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere. Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialari dagokionez, Planaren eremua Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko kategoriaren barruan dago, Trantsizioko Landa Paisaiaren azpikategorian, eta, beraz, proposatutako erabilera onargarria da. Planaren garapenetik eratorritako jarduketek LPS horretako zehaztapenak hartu beharko dituzte kontuan.

c) Plana egokia den ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko eraikina bateragarria da baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizientea sustatzeko neurriak hartzearekin. Suhiltzaile-parkea jartzeko toki hori aukeratu da errepidera ateratzeko duen erraztasuna kontuan hartuta (zeina ezinbestekoa baita suhiltzaile-etxe batentzat), ahalik eta denbora gutxienean ahalik eta jende gehienari zerbitzua emateko asmotan; gainera, ur-, argi- eta saneamendu-zerbitzuak hurbil zeuzkan kokapen bat hautatu da.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Planaren irismena kontuan hartuta, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremuaren azalera 18.582,28 m2-koa da, eta Aritzetako zerbitzugunearen ondoan dago, AP-8 autobidearen eta GI-20 errepidearen artean. Jabetza publikoko lurzoruan dago.

Bere garaian, AP-8 autobidea eraikitzean sortutako lurren soberakinak gordetzeko erabili zen lurzati hura. Lurzatiaren hegoaldean, lurrazaleko urak biltzeko areka handiak eta malda handiko ezpondak daude, lurrak betetzeko lanak egitean sortuak.

Planaren xede den eremuan ez dago naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez eta interes geologikoko lekurik ere. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ez eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrendan ere). Ez dago ur-ibilgurik, ez eremu hezerik, eta kultura-ondareko elementurik ere ez dago.

Landarediari dagokionez, Planaren eremuan uzta-larreak dira nagusi, zeinak betelan zaharraren gainean dauden. Lurzatitik kanpo, ipar-mendebaldeko mugan, hostozabal autoktonoen multzo txiki bat dago, GI-20 errepidearen eta gasolindegitik errepidera ateratzeko bidearen pantaila gisakoa duena. Planak landaredi-orban hori babestea eta kontserbatzea aurreikusten du.

Halaber, zuhaitz mistoek osatutako errenkada bat dago; lizarrak dira nagusi, eta eremuaren iparraldeko mugan sasiakaziak daude. Planaren garapenak eragin egingo die. Kendutako landaredia konpentsatzeko, berriz ere landatuko da betelanetako aldaparen hegoaldeko aldean.

Azkenik, eremuaren hego-mendebaldeko mugan, haritz multzo txiki bat dago, zeinak, txikia izanagatik, balio ekologiko erlatiboa duen. Hasiera batean, Planak ez dio eragiten eremu horri, baina obrak egingo diren eremuaren mugan dagoenez, hura babestu eta prebentzio-neurriak aplikatu behar dira.

Planaren eremuan ez dago flora-espezie mehatxaturik.

Planaren xede den eremua hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) banaketa-eremuaren barruan dago. Espezie hori galtzeko arriskuan dauden espezieen kategoriakoa da, Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera, eta Gipuzkoan kudeaketa-plan bat du (Foru Agindua, 1999ko azaroaren 10ekoa, Hegoaldeko Zuhaitz Igela (Hyla meridionalis) Kudeatzeko Plana eta babesteko arau osagarriak onartzekoa).

Aipatutako Kudeaketa Planean, espezie horrentzat interesgarriak diren kokaguneak inbentariatuta daude (eta ugalketa-eremuen katalogoaren ondoz ondoko eguneratzeetan), eta, horien barruan, espeziea ugaltzeko egokiak diren ur-guneak biltzen dira. Planaren eremutik hurbilen dagoen urmaela Arpitakoa da, 1 km-ra. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, ez da posible espezie hori aztergai den eremuan egotea; izan ere, ez dago anfibio horiek egon daitezkeen ur-lasterrik edo hezegunerik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzatia ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan. Akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna oso txikia da, eta ez dago uholdeen arriskurik. Lurzatiaren zati bat AP-8 autobidearen 100 metroko eragin-zerrendaren barruan dago, eta salgai arriskutsuen garraioa dela medio, kalte-arrisku handia du.

Eragin nagusienak eraikin berria egiteko lurrak mugitzearen ondorioz sortutakoak izango dira. Ekintza horien ondorioz, landaredia kenduko da, emisio atmosferikoak egingo dira, hondakinak sortuko dira, makinen joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar izango dira, eta horrek eragina izan dezake lurrazaleko uretan (kasu honetan, zeharkako afekzioak gerta daitezke, euri-urak biltzeko sistemen bidez), nahiz lurpekoetan, eta lurzoruetan, isurketengatik. Beste inpaktu posible batzuk emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin lotutakoak dira.

Suhiltzaile-etxearen funtzionamendu-fasean, instalazioak egoteak ikus-eragina izango du, batez ere praktiken dorreak 32 m-ko altuera duelako.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak, II. eranskin gisa, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat hartzen du barne, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluaren araberako diagnostikoa egiten duen. Azterlan akustikoak gaur egungo eta hemendik 20 urtera bitarteko zarata-iturriak ebaluatzen ditu, trafiko-dentsitatea handituko dela eta suhiltzaile-etxearen jarduera bera kontuan hartuta.

Inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, lurzatian eragina duen zarata-mailak bete egiten ditu suhiltzaile-etxeko jarduera bat instalatzeko ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH). Suhiltzaile-parkearen funtzionamendu-fasean, inpaktu akustikorik handiena honako kasu hauetan sortuko da: entrenamenduen eraikina erabiltzerakoan, kolpeak, mahukak eta oihuak direla eta (jarduera egunez nahiz arratsaldez egingo da); eta, bestalde, kamioiek eta ibilgailuen sartu-irtenetan ateratzen duten zaratagatik. Aurreikuspenen arabera, heliportua noizbehinkako larrialdi-egoeretan bakarrik erabiliko da. Inpaktu akustikoari buruzko azterketak ez du aurreikusten hurbileko etxebizitzetan soinu-mailak nabarmen handituko direnik suhiltzaile-parkearen jardueraren ondorioz.

Faunari dagokionez, ez da aurreikusten Plana gauzatzearen ondorioz eginiko jarduketek hegoaldeko zuhaitz-igelari eragingo diotenik; izan ere, proposatutako jarduketak ez du barne hartzen espezie horren kudeaketa-planean agertzen den ugaltze-guneen katalogoan jasotako ur-gunerik.

Proposatzen diren jarduketak eta horien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Usurbilgo Aritzeta eremuko suhiltzaile-etxe berriak Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Ebazpen Estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

Zaratari buruzko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean eta errepideko zirkulazioan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Etorkizuneko instalazioei dagokienez, ohiko funtzionamendu-egoeretan, zarata-foku berriek urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko 2. atalean zehazten diren eta aplika daitezkeen muga-balioak errespetatu beharko dituzte.

Helikopteroak aireratzean eta lurreratzean, helikopteroaren zarata ahalik eta gehien murrizteko beharra hartuko da kontuan, eta, ahal den neurrian, ez da biziguneen eta zaratarekiko sentikorra den beste edozein ekipamenduen gainetik hegan egingo, baldin eta bermatzen bada operazioaren segurtasunak zarata murriztea baino lehentasun handiago duela, betiere.

Horrek ez du galarazten urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluan ezartzen dena.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hilabetetik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Intereseko landarediari eragitea ekidingo da, ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri zuzentzaileen arabera. Lanak hasi aurretik zehaztasunez balizatuko da babestu beharreko landaredia. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ez da landaredirik moztuko ez garbituko.

Obrak, bai eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurretik adierazitakoa ezertan galarazi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak eta airearen kalitatea babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie neurri horiek guztiak.

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Usurbilgo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan galarazi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obrek erasandako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira kendu den intereseko landaredia birjarrita, hala behar izanez gero. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Espezie autoktonoak erabiliko dira, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Usurbilgo Aritzetako eremuan suhiltzaile-etxe berri bat jartzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Usurbilgo Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Usurbilgo Aritzetako eremuan suhiltzaile-etxe berri bat jartzeko Plan Berezia onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 30a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala