Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2023ko martxoaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1234

AGINDUA, 2023ko otsailaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2022ko ekainaren 16ko Agindua aldatzekoa, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetako aldi baterako irakasleen beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura.

Hezkuntzako sailburuaren 2022ko irailaren 22ko Aginduaren bidez, deialdia egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen, Maisu-maistren eta desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko prozesurako. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko irailaren 30ean.

Lehen paragrafoan aipatutako prozesuaren bidez, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak xedatutakoa betetzen da, zeinak seigarren xedapen gehigarrian ezartzen baititu iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdietan jarraitu beharreko irizpideak. Hala, ezartzen du administrazio publikoek, salbuespen gisa eta bat etorriz urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren (aurrerantzean, EPOETB) 61.6 eta 7. artikuluetan aurreikusitakoarekin, lehiaketa-sistemaren bidez deituko dituztela 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren plazak. Aurreikuspen horri lege beraren zortzigarren xedapen gehigarrian jasotakoa gehitzen zaio, eta, gainera, adierazten du seigarren xedapen gehigarrian jasotako egonkortze-prozesuek beren deialdietan sartuko dituztela izaera horretako harremana duten langileek aldi baterako okupatutako egiturazko plaza hutsak, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak.

Salbuespenezko egonkortze-prozesuan hautatutako langileak karrerako funtzionario izatera igaroko dira 2023-2024 ikasturtean. Hori dela eta, beharrezkoa da ikasturte-hasierako esleipenak arautzen dituen Aginduari xedapen gehigarri bat gehitzea, langile horiei lehentasunez plaza edo estaldura-premia bat esleitu ahal izateko, prozesuan parte hartzen duten aldi baterako beharrak betetzeko zerrendako izangaien aurretik.

Xedapen gehigarri hau 2023-2024 ikasturtean soilik egongo da indarrean, non, aurreikusitakoaren arabera, lehen aipatutako salbuespenezko merezimendu-lehiaketan hautatutako langileak karrerako funtzionario izendatuak izango diren. Baldin eta, arrazoiren batengatik, azkenean ezinezkoa bada salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonen zerrenda izatea 2023ko irailaren 1a baino lehen, aldaketa honetan xedatutakoa aplikatuko da hurrengo ikasturteko esleipenetan (2024-2025).

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 16ko Agindua aldatzen da, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetako aldi baterako irakasleen beharrak betetzeko zerrendako hautagaiei ikasturte-hasieran lanpostuak esleitzeko prozedura.

Honela idatzita geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetako aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko zerrendako izangaiei ikasturte-hasiera esleitzeko prozesua arautzen duen Agindua:

Hirugarren xedapen gehigarria gehitzen da, «Esleitzeko lehentasuna egonkortzeko salbuespenezko prozesuan (merezimendu-lehiaketa) hautatutako langileentzat», eta honela geratzen da idatzita:

«HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Salbuespenezko egonkortze-prozesuan (merezimendu-lehiaketa) hautatutako langileen esleipen-lehentasuna.

2022ko irailaren 22ko Aginduaren bidez deitutako egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonek lehentasuna izango dute 2023-2024 ikasturtearen hasierako esleipen prozesuan lanpostuak eta estaldura premiak esleitzerako orduan, prozesuan parte hartzen duten aldi baterako beharrak betetzeko zerrendako hautagaien aurretik, 2023-2024 ikasturterako lehentasunezko esleipen-eskubidea duten langileak barne. Egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatutako langileen plazak eta estaldura premiak karrerako funtzionarioak eta 2023-2024 ikasturtean praktikak egin behar dituzten langileak esleitu ondoren esleituko dira beti.

Salbuespenezko egonkortze-prozesuan hautatutako pertsonek ez dute parte hartuko agindu honen 13. artikuluan esleipen-lehentasunari buruz jasotako eskubidearekin. Salbuespenezko egonkortze-prozesuan hautatutako pertsonen esleipena praktiketako langileen prozeduraren antzera egingo da, eta espezialitate bakoitzean egonkortze-prozesu berezian lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera. Berdinketa gertatuz gero, eskubide handiagoa izango du argitaratutako behin betiko azken birbaremazio-zerrendetan puntuaziorik handiena lortu duenak.

Egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonek, ikasturte-hasierako esleipenetan parte hartzen duten egunean esleituta badute hurrengo ikasturterako zerbitzu-eginkizuna, bigarren lehentasun batekin hartuko dute parte, prozesu horretan hautatutako gainerako pertsonen atzetik, hau da, hurrengo ikasturterako zerbitzu-eginkizunik ez dutenen atzetik.

Egonkortzeko salbuespenezko prozesuan hautatutako pertsonek, ikasturte-hasierako esleipenetan parte hartzen duten egunean aitortuta badute hurrengo ikasturterako zerbitzu-eginkizuna, ez dute ikasturte-hasierako esleipen-prozesuan esleitutako plaza jabetzan hartu beharko, lortutako plazak ondorio formalak baino ez baititu izango, ikasturtean zehar karrerako funtzionario izendatu ahal izateko. Beraz, plaza horiek automatikoki esleituko dira ordezkapen-zerrendetarako hautagaiak esleitzerakoan.

Salbuespen gisa, eta 2023ko irailaren 1a baino lehen salbuespenezko egonkortze-prozesuan hautatutako pertsonen zerrenda argitaratu ez bada, hirugarren xedapen gehigarri honen lehenengo paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da 2024-2025 ikasturte hasierako esleipenetan.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala